EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2016099

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 17koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Ulibarri programak itunpeko ikastetxeetarako 2016-2017ko ikasturtean izango diren gehieneko diru-baliabideak, programan sartzeko eta jarraitzeko baldintzak, eta ikastetxe bakoitzak programarako izango dituen dedikazio-orduak zehazten dituena.

Xedapenaren data: 2016-05-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201602243
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2003/12/31n argitaratutako 2003/12/23ko 200300323 DEKRETUA

Abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuan dago araututa (abenduaren 31ko EHAA) Hizkuntza Normalkuntzako Ulibarri programa. Eragile hauek bat egiten dute Ulibarri programan: hezkuntza-administrazioa, ikastetxeak eta EAEko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko zein itunpekoetako hizkuntza-normalkuntzako proiektuen garapenean diharduten eragileak.
Aipatutako dekretuaren 5.2.b) artikuluak dio Ulibarri programan dauden itunpeko ikastetxeek diru-laguntza jasoko dutela Hizkuntza Normalkuntzako ardura teknikoa hartzen duen irakaslearen dedikazioa estaltzeko.
Bestalde, dekretu horren 12. artikuluaren lehen pasarteak dio programan sartzeko eskabideak baloratzeko irizpideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren agindu baten bidez ezarriko direla.
Hortaz, Ulibarri programak eta 2016-2017ko ikasturtean bertan arituko diren ikastetxeek izango dituzten baliabideak finkatu behar dira, eta programan sarbidea eskatu nahi duten ikastetxeetarako prozedura eta baloratzeko irizpideak ezarri behar dira agindu bidez.
Horren guztiaren haritik, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Diru-baliabideak.
Ekitaldi ekonomiko honetan, ULIBARRI programan ari diren itunpeko ikastetxeei diru-laguntzak esleitzeko zenbateko hauek erabiliko ditu, gehienez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak:
a) Ikastetxe berriak sartzeko: 50.000,00 euro
b) Lehendik daudenen jarraipenerako: 950.000,00 euro
Artikulu honetan zehaztutako gehieneko zenbatekoa gehitu egin daiteke, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontuan hartuta, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren bestelako diru-laguntza programetan agortu gabe geratutako aurrekontu-baliabideen bidez; betiere, laguntzak ebatzi aurretik. Horrelakoetan, jendaurrean jarriko da Hezkuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
Itunpeko ikastetxe berrien sarrerarako jarritako diruetatik gelditzen den soberakina erabili ahal izango da lehendik programa barruan dauden itunpeko ikastetxeen beharrei erantzuteko.
2. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Itunpeko ikastetxeek modu elektronikoan egingo dituzte eskabidea eta eskabideari lotutako prozedura guztiak, laguntza emateko edo ukatzeko ebazpena eman eta justifikazioa egin arte.
2.– Prozedura elektronikoa araututa dago hauetan: Administrazio Elektronikoari buruzko 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, eta Informatika eta Telekomunikazioko zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Erabakia (E-Administraziorako plataforma teknologikoa –Platea– onartu zuena).
3.– Eskabideak egiteko, baloratzeko, nola bidali jakiteko eta gainerako xehetasunen berri izateko, ikastetxeek gune elektroniko hauetako batera jo behar du:
Ikastetxe berriak:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/ulibarri_berri/y22-izapide/eu
Dagoeneko programan dauden ikastetxeak:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/ulibarri_jarrai/y22-izapide/eu
4.– Eskabidea egin ondorengo jarraibidea gune honen bitartez egingo da: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
3. artikulua.– Eskabideak.
1.– Ulibarri programan sartu edo jarraitu nahi duten ikastetxeek eskabidea egin behar dute. Horretarako, hilabeteko epea izango dute, agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.
2.– Ikastetxe berriak: 2016-2017ko ikasturterako, Ulibarri programara bildu nahi duen ikastetxeak dokumentu hauek aurkeztu behar ditu eskabidearekin batera:
a) Ikastetxearen hizkuntza-normalkuntzako proiektua. Proiektua www.ulibarri.info gunean bete badu, bete izana adierazi besterik ez du egingo.
b) Proiektuak ikastetxearen ordezkotza-organo gorenaren onespena duela adierazten duen ziurtagiria.
c) Hizkuntza-normalkuntzako proiektua burutu artean, ikastetxeak egin duen ibilbidea zehazten duen memoria.
d) Proiektua burutzeko aholkularitza teknikoa izan duten ikastetxeek dagokien aholku-elkarteak sinatutako irizpen-txostena erantsi beharko dute. Aholkularitza hori gabe osatu diren proiektuak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren teknikariek aztertuko dituzte.
Eskabideak nola bete behar diren jakin nahi izanez gero, honako helbide honetara jo daiteke: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/ulibarri_berri/y22-izapide/eu
3.– Ulibarri programan dauden ikastetxeak: 2016-2017ko ikasturtean Ulibarri programan jarraitu nahi duten ikastetxeek horretarako eskabidea egin beharko dute helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/ulibarri_jarrai/y22-izapide/eu
4. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Diru-laguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez badago, edo atxiki beharreko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean osatzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da.
Akatsak zuzentzeko jakinarazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango du eragina.
Aurrekoa galarazi gabe, organo kudeatzaileak oharrak bidali ahal izango dizkiete interesdunei, SMS edo posta elektronikoaren bitartez, egindako jakinarazpenen berri emateko. Mezuok eskabidean adierazitako eskuko telefonoaren eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.
5. artikulua.– Eskatzaileek bete beharreko eskakizunak.
1.– Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Laguntzen eskatzaileek betebehar horiek egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eskatzaileen baimenik behar izan gabe horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera.
Aipatutako azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketak ezarritakoa betetzeko, ikastetxeak, eskabidean bertan, erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez, ondoko hauek egiaztatuko ditu:
Beste edozein administraziori, erakunde publikori edo pribaturi helburu bererako eskatutako edo haietatik jasotako diru-laguntzen, laguntzen, sarreren edo baliabideen berri eman duela.
Ez duela legezko debekurik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez dagoela horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean.
Eskabidean agertzen diren datuak eta gainerako dokumentazioa egiazkoak direla, eta laguntza hauek eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituela.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek onuradunari antzeko beste diru-laguntzaren bat eman badiote eta diru-laguntza hori itzultzeko edo zehatzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, nahitaezkoa izango da prozesu hori amaitzea erakunde onuradunari diru-laguntza eman eta ordaindu ahal izateko.
3.– Erakunde eskatzaileak ezin du diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen duen zigor administratibo edo penalik izan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritako zehapenak barne.
6. artikulua.– Eskatzaileek egin beharrekoak.
1.– Ulibarri programan dauden ikastetxeek, sartu berriek zein lehendik daudenek, 2016ko irailaren 1etik 30era bitartean, 2016-2017ko ikasturteko plana eskegi behar izango dute egoitza elektronikoko «nire kudeaketak» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
2.– Era berean, 2017ko ekainaren 1etik 30era bitartean, 2016-2017ko ikasturteko bukaerako memoria eskegi behar izango dute egoitza elektronikoko «nire kudeaketak» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
7. artikulua.– Sarbide berrietarako balorazio-irizpideak.
Abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuaren 12.1 artikuluan ezarritakoaren ildotik, aholku-emaileek irizpena eman beharko dute proiektu berrien gainean. Horren ondoren, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatutako balorazio-batzordeak irizpen horiek aztertu eta bateratuko ditu, eta dagokion taula helaraziko dio jarraipen-batzordeari. Taula honek irizpide hauen arabera sailkatuko ditu izangaiak:
1.– Normalkuntza-proiektua bera. Gehienez 0,60 puntu.
a) Ikastetxearen errealitatera egokitutako proiektua da. Diagnostiko sakon batean dago oinarrituta. Eragin-esparru garrantzitsuenak hartu ditu aintzakotzat, eta, osatzeko, behar besteko adostasuna bermatzen duten erabakiak hartzeko prozesu bat erabili da.
b) Ez da bete-betean ikastetxearen errealitatera egokitzen. Diagnostikoa ez da hain sakona. Eragin-esparru gehienak aintzakotzat hartzen baditu ere, gabeziak atzeman dira, eta erabakiak hartzeko jarraitu den prozedurak adostasun-arazoak ekar ditzake epe luzera (0,40).
c) Aurkeztutako proiektuak zuzendu beharreko gabezia larriak ditu. Ez da ikastetxearen errealitatera egokitzen. Diagnostikoa eskasa da, eta elaborazioak berak hutsune nabarmenak ditu (0,20).
2.– Proiektuaren garapenaren egoera. Gehienez 0,3 puntu.
a) Behin diagnostikoa burututa eta proiektua egin eta adostuta, urteko normalkuntza-plana ezarria du ikastetxeak dagoeneko. Normalkuntza-batzordea eta teknikaria izendatuta ditu, eta euren funtzioak erabat operatiboak dira. Diseinatutako jarduera normaltasunez ari da gauzatzen (0,30).
b) Ikastetxeak diagnostikoa egiteko fasea, proiektua elaboratzekoa eta adostasunak biltzekoa egoki burutu baditu ere, proiektuaren ezarpena hasierako fasean dago. Plana garapenerako abiapuntuan dago (0,20).
c) Ikastetxeak diagnostikoa egiteko fasea, proiektua elaboratzekoa eta adostasunak biltzekoa egin baditu ere, fase hori ezin da amaitutzat eman; dokumentu horiei osatu, berrikusi eta konpondu beharra sumatzen zaie oraindik (0,10).
3.– Proiektuak eraginpean dituen ikasleak. Gehienez 0,10 puntu.
Horretarako, ikastetxearen gela-kopurua 0,001 zenbakiaz biderkatuko da. 100 gela edo gehiago dituzten ikastetxeak gehieneko puntuazioarekin sailkatuko dira hortaz.
4.– Aurreko hiru irizpideetan izandako puntuazioaren baturak gutxienez 0,41 puntukoa izan beharko du ikastetxea Ulibarri programan onartua izateko.
5.– Puntuazioan bat datozen ikastetxeen kasuan, ikasle-kopuruak finduko du hirugarren balorazio-irizpidea. Laugarren dezimal moduan ezarriko da hori, ikastetxeen hurrenkera txikienetik handienera. Gela- eta ikasle-kopurua jartzeko, sailaren estatistika ofizialean erabaki-proposamena egiteko unean dauden azken matrikula-datuak hartuko dira kontuan.
Balorazio-batzordeak igorritako datuetan oinarrituta, dagokion puntuazioa esleituko dio jarraipen-batzordeak eskabide bakoitzari eta, lortutako puntuazioaren arabera eta beheranzko hurrenkeran, izangaien zerrendak osatu eta onarpen-proposamenak egingo ditu. Horretarako, desberdindu egingo dira publikoak diren ikastetxeak eta ez direnak.
Aurrekontuak jarritako bitartekoak kontuan izanik, Hezkuntzako sailburuordeak ebatziko ditu eskabideak, abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuaren arabera.
8. artikulua.– Dedikazio-orduak finkatzeko baremazioa.
323/2003 Dekretuaren V. eta VI. kapituluetan ezarritakoaren arabera finkatuko da ikastetxe bakoitzari dagokion ordu-dedikazioa. Horretarako, bi izaera desberdin aztertuko dira:
– Dagoeneko Ulibarri programan dauden ikastetxeak.
– Agindu honetara bilduz, Ulibarrin sartzen diren ikastetxeak.
Programan dauden ikastetxeen kasuan, ordu-esleipenerako, lau irizpide hauek eta zehazten diren ponderazioak hartuko dira kontuan:
a) Gela-kopurua. Tarteak: 1-9 = 10 p., 10-19 = 20 p., 20 edo gehiago = 30 p.
b) Etapa-kopurua. Tarteak: 1 = 5 p., 2 = 10 p., 3 = 15 p., 4 = 20 p.
c) Gune soziolinguistikoa. Tarteak: 1 = 10 p., 2 = 8 p., 3 = 6 p., 4 = 4 p., 5 = 2 p.
d) Presentzia edota erabilera, alde erlatiboa (BRANKA). 40 punturen gainetik, hona hemen erabiliko diren tramoak:1 = 0; 2 = 11; 3 = 21; 4 = 31.
– Tartearen balioa (0, 11, 21 edo 31) + (Euskararen agerpena eta ezagutza / 10)
Eta lortutako puntuazioaren arabera egingo da ordu-esleipena:
3 orduko liberazioa, 0-29,99 puntu duten ikastetxeetarako
6 orduko liberazioa, 30-59,99 puntu duten ikastetxeetarako
9 orduko liberazioa, 60-100 puntu duten ikastetxeetarako
Agindu honetara bilduz, dagokion ebazpenaren bidez, Ulibarrin sartzen diren ikastetxeei ikastetxearen neurrian oinarritutako ordu-dedikazioa esleituko zaie. Horretarako tarte hauek erabiliko dira:
3 orduko liberazioa, 1-8 gela arteko ikastetxeetarako
6 orduko liberazioa, 9-19 gela arteko ikastetxeetarako
9 orduko liberazioa, 20 gelatik gorako ikastetxeetarako
9. artikulua.– Ebazpena.
323/2003 Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari datak egokitzeko ematen zaion ahalmena erabiliz, agindu honi dagokion ebazpena hartu eta EHAAn jakinaraziko da, sei hileko epean, agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera.
Aipaturiko epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabidea ezetsia dela ulertuko da.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari; beraz, beronen aurka berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, esandako egunetik hasi eta bi hileko epean.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 17a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
Cristina Uriarte Toledo.