EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2016099

45/2016 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Nafarroako Foru Komunitatearekin sinatutako lankidetza-protokolo orokorra argitaratzea xedatzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201600045
Xedapenaren data: 2016-05-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201602238
Maila: Ebazpena
Eusko Jaurlaritzak protokolo orokor hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Nafarroako Foru Komunitatearekin sinatutako lankidetza-protokolo orokorraren testua; eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 11.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 11KO 45/2016 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ETA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAREN ARTEKO LANKIDETZARAKO PROTOKOLO OROKORRA
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 10a.
BILDURIK:
Alde batetik, Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 33. artikuluarekin bat.
Eta, beste aldetik, Uxue Barkos Berruezo, Nafarroako Gobernuko presidentea, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 30. artikuluarekin bat.
Alde bakoitzak bere autonomia-erkidegoaren izenean eta ordezkari gisa esku hartzen du, eta ekintza honetarako ahalmen eta gaitasun aski aitortzen dizkiote elkarri, hortaz, hau
AZALTZEN DUTE:
Autonomia-erkidegoek beren eskumenen esparruan dauzkaten orotariko ardurak direla bide, nork bere erantzukizunak ahalik eta eraginkortasunik handienaz betetze aldera, komeni da lankidetzan eta elkarlanean oinarrituriko harremanak edukitzea.
Erkidego baten ardurapekoa den gairen bat autonomia-erkidego horren lurraldetik harago doanean, beharrezkoa izaten daukitutako autonomia-erkidegoek batera jardutea gai horietan.
Elkarlanerako aukera hori, berez, Konstituzioak ezarritako Estatuaren lurralde-antolakuntzaren beraren funtsean dago, eta, hori dela bide, erkidegoen arteko elkarlanerako eta lankidetzarako harremanak autonomien estatuaren esparrua konstituzionalaren barruan daude.
Nafarroako Foru Komunitatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean harreman berezia dago, eta antzekotasun anitz dituzte arlo askotan, hala nola historian, kulturan, hizkuntzan, turismoan eta arlo soziokulturalean, eta urte luzetan elkarlanean aritu dira; horren erakusgarri dira kultur eta hizkuntz erakundeen sorreran batera parte hartu izana, bai eta zenbait arlotan hitzarmen sektorialak izenpetu izana ere.
Lehendik ezarria dagoen harreman horrek bide ematen du bi administrazioen jardunak hobeto koordinatzeko lokarriak ezartzeko, eta, horregatik, hitzarmen honen sinatzaileek berariaz jaso nahi dute bertan borondatea dutela, eta erabaki irmoa, eusteko bi erkidegoen arteko harremanetan nagusi izan den lankidetza- eta elkarlan-espirituari, eta hura areagotzeko. Hori horrela, lankidetzarako protokolo orokor honek ordeztu egingo du Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Komunitateak 2009ko uztailaren 3an izenpetu zutena.
Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 70.2 artikuluak eta Euskadiko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoko 22.2 artikuluak aukera ematen dute bi erkidegoek hitzarmenak egiteko, nork bere eskumeneko gaiei dagozkien zerbitzuak kudeatzeko eta emateko.
Bi aldeek, jakitun direlarik beharrezkoa dutela, beren eskumenak eraginkortasunez betetzearren, elkarri lagundu eta lankidetza estuan aritzea, eta erkidego bien arteko lankidetza hori bultzatzeko erabakia hartu ondoren, honako lankidetzarako protokolo orokor hau gauzatu dute, ondorengo klausulen arabera.
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Protokolo orokor honen helburua da: Nafarroako Foru Komunitatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko elkarlana bultzatzeko eta bi erkidegoen arteko harreman bide formalak zehazteko oinarriak ipintzea, bakoitzaren eskumen esparruetatik eratorritako interes komunak asetzen laguntzeko, gogoan harturik arrazionaltasuna, sinpletasuna, gardentasuna eta baliabide-ekonomia.
Bigarrena.– Lankidetza modalitateak.
Bi aldeek erkidegoen arteko lankidetza politika aktiboa bultzatuko dute beren eskumeneko gaiei dagozkien zerbitzuen kudeaketa eta ematea hobetzeko. Lankidetza hori ondoko ekinbideen bitartez gauzatuko da:
– Bi erkidegoen garapen ekonomiko, soziala eta kulturala lagunduko duten proiektu bateratuak sustatzea.
– Bi lurraldeetako herritarrentzako arreta hobetu, dauden baliabideak optimizatu eta lurralde horietan dauden bitarteko eta tresnen koordinazioa sustatzeko ekintza komunak gauzatzea.
– Bi alderdien arteko eta gainerako erkidegoekiko komunikabideak hobetzeko azpiegituren exekuzioa bultzatzea.
– Informazio eta komunikazio teknologiak garatzea, informazio-trukeari laguntzeko.
– Bi erkidegoetako profesionalen prestakuntzaren alorrari dagokionez, esperientzien trukea eta elkarrekiko jarduerak bultzatzea.
– Erkidego bakoitzak bere lurralde-esparrutik kanpo eskaintzen dituen zerbitzuen segimendua ahalbidetzen duten mekanismoak garatzea.
– Bi erkidegoei dagozkien zerbitzuen kudeaketaren eta ematearen kalitatea hobetzeko helburua duten beste edozein ekinbide.
Hirugarrena.– Jardun esparruak.
Bi erkidegoek adierazten dute interesa dutela lankidetzarako tresna berariazkoak ezartzeko, bereziki esparru hauetan:
A) Gizarte zerbitzuak.
1.– Gizarteratzea eta gizarte-babesa. Gizarteratzea eta laneratzea laguntzeko, eta errenta bermatuaren egiazko edo balizko jasotzaileen bizi proiektuak errazteko, bi gobernuek berariazko hitzarmen bat izenpetzea sustatuko dute, elkarrekikotasunaren printzipioari jarraikiz, pertsona horiei erkidego batetik bestera mugitzeko aukera emateko, baina gutxieneko baliabide batzuk ziurtatuta izateko eskubidea galdu gabe.
Era berean, bien intereseko programak, proiektuak eta jardunbide egokiak batera gauzatzea eta elkarri horien berri ematea sustatuko da, esperientzien trukaketa erraztuz, eta bi erkidegoetako profesionalentzat prestakuntzako jarduerak batera egitea ere bultzatuz.
2.– Adineko pertsonak. Sinatzaileen iritziz, komeni da aisialdiko eta denbora libreko programetan, autonomia-erkidegoetan abian direnetan, integrazioa eta elkar trukea erraztea, bai eta adinekoentzako unibertsitate programetako ikasle trukea ere bultzatzea, erkidego bakoitzeko unibertsitateen laguntzarekin.
3.– Mendekotasuna eta haurrak. Mendekotasunari eta haurrei arreta emateko esparruetan, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan horiek gauzatzea foru-diputazioen eskumena izanik, Eusko Jaurlaritzak foru erakunde eskudunekin eta Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen berariazkoak izenpetzea bultzatu eta erraztuko du, gai hauetan lankidetza garatzeko, protokolo honen babesean betiere.
4.– Garapenerako lankidetza. Bi erkidegoek adierazten dute interesa dutela garapenerako lankidetzaren arloan komunikaziorako eta trukerako gune egokiena sortzeko, bertan bi erkidegoentzat baliagarriak izan daitezkeen esperientziak, harremanak, informazioa eta baliabideak konpartitzeko.
5.– Errealitate sozialari buruzko azterlanak eta adierazleak. Bi erkidegoek konpromisoa hartzen dute lankidetza areagotzen laguntzeko errealitate sozialaren ezagutzan aurrera egiteari dagokionez, azterlanen eta planen trukearekin eta erkidego bakoitzaren egoera soziala modu iraunkorrean ebaluatzeko aukera emango duten adierazle batzuk ezarrita.
Era berean, batera aztertuko da zein diren jardunbide egokienak herritarrei ematen zaizkien gizarte zerbitzuen kudeaketa hobetzen eta eraginkorrago egiten aurreratzeko.
6.– Etxebizitza. Bi erkidegoak funtsezko helburu hauetan bat datoz: pertsonek etxebizitza duina izaten laguntzea, etxebizitza irisgarriak eta alderdi energetikotik efizienteak eraikitzea eta etxebizitzak irizpide horiek beraiekin zaharberritzea; horregatik, adierazten dute interesa dutela esparru horietan esperientziak eta jardunbide egokiak konpartitzeko, eta harremanak, komunikazioa, ikerketa eta garapena bultzatzeko.
7.– Enplegua. Bi erkidegoek enpleguari dagozkion lankidetza-tresnak ezartzea bultzatuko dute, esparru hauetan:
a) Oro har, enpleguko politika aktiboak betetzearen eremuan: prospektiba, informazioa, orientazioa, prestakuntza, ekintzailetza, bitartekaritza, eta, lehentasunez, laneratzeko zailtasun bereziak edo bazterturik gelditzeko arriskua duten kolektiboen enplegu aukerak hobetzen laguntzen duten zerbitzu guztiak.
b) Bereziki, bi erkidegoetako eskualde mugakideetako enplegu politika aktiboak gauzatzearen esparruan.
c) Era berean, bien intereseko programak, proiektuak eta jardunbide egokiak batera gauzatzea eta haien berri elkarri ematea sustatuko da, esperientzien trukaketa erraztuz, eta bi erkidegoetako profesionalentzat prestakuntzako jarduerak batera egitea ere bultzatuz.
B) Berdintasuna eta emakumeen kontrako indarkeria.
Genero indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateari dagokionez, bi gobernuen iritziz beharrezkoa da jarduketa protokolo bat lantzea bi autonomia-erkidegoetako harrera zentroetara bideratzeko prozedurak koordinatzeko, kasuaren ezaugarriek hala eskatzen dutenean, eta konpromisoa hartzen dute genero indarkeriaren kontrako bi erkidegoetan egiten diren sentsibilizazio kanpainetan eta programetan lankidetza bultzatzeko, bai eta kanpaina horien zabalkunderako publizitatea edo euskarriak elkarri lagatzeko, komenigarritzat joz gero.
Bi autonomia-erkidegoek, horrekin batera, esperientzia profesionalen trukaketaren arloan ekintzak garatzeko lankidetza sustatuko dute, erakunde profesionalen hizlarien parte-hartzearen bidez.
Horrez gain, bi erkidegoetako profesionalentzako prestakuntzako jarduera bateratuak egiteko aukera aztertuko da.
C) Osasuna eta kontsumoa.
Osasun arloa bi autonomia-erkidegoetako herritarren kezka nagusietako bat da. Osasun sistema publikoaren funtsezko oinarriak elkartasuna, berdintasuna, unibertsaltasuna, ekitatea, kalitatea, koordinazioa eta lankidetza dira, osasun arloko berdintasun eza gainditzeko; kalitatezko osasun zerbitzu publikoa lortzea da helburua, zein den ere bizitokia edo osasun laguntzaren prestazioak eskatzen diren tokia. Hortaz, bi aldeek adierazten dute xede hori duten ekintza bateratuak egiteko borondatea dutela.
Kontsumoaren arloan, Euskadiko eta Nafarroako gobernuek ekintza bateratuak bultzatuko dituzte heziketaren, eta ikuskapenen informazioaren truke esperientzien arloan sektore estrategikoetan, hala nola telefonia zerbitzuetan edo Internet bidezko salmentetan.
D) Gazteria eta kirola.
Gazteriaren arloan, bi administrazioek gazteentzako auzolantegietan tokiak trukatzea sustatuko dute, bai eta gazteen trukea ere autonomia-erkidego bakoitzak bere lurraldean antolatzen dituen jardueretan.
Era berean, autonomia-erkidego bakoitzaren gazteriaren behatokien arteko esperientziak trukatzen lankidetzan aritzeko ahalegina egingo da.
Eta, horrekin batera, gazteen emantzipazioa eta gazteek gizartean parte-hartze aktiboa izatea sustatzeko beste esperientzia batzuen trukean elkarlanean ariko dira bi erkidegoak.
Kirolari dagokionez, prestakuntza, ikerketa eta azterlan eta lan teknikoen arloan trukeak bultzatuko dira, kirolaren eta ariketa fisikoaren esparruan; halaber, jarduera fisikoen eta kiroletakoen programak egiteko eta gizartean jarduera fisikoa sustatzekoak batera gauzatzeko aukera aztertuko da. Dopatzearen kontra ere lankidetzan arituko dira bi erkidegoak.
Lankidetza horren barrenean sartu ahalko dira kirol ekitaldiak batera antolatu eta horietan parte hartzea, baliabideak arrazionalizatuz eta sinergiak sortuz. Atal honetan arreta berezia emango zaie bertako kirolei (esku pilota eta herri kirolak, besteak beste).
E) Hezkuntza eta kultura.
Nafarroako eta Euskadiko gobernuak bat datoz hezkuntza publikoaren zerbitzua etengabe hobetzeko ardurari dagokionez. Horrez gain, badira bien interesekoak diren zenbait gai; esate baterako, hauek:
1.– Mugako herrietan bizi diren ikasleei dagokienez, beste autonomia-erkidegoan dauden ikastetxeetan eskolatzen diren kasuan, edo irakaskuntza mota batzuetako ikasleen mugikortasunari dagokionez, araubide berezikoen kasuan, adibidez.
2.– Unibertsitate arloan, Goi mailako Irakaskuntzarako Europako Esparrua garatzeko batera lan egitea, eta unibertsitateen arteko lankidetza akordioak (NFK-EAE) egiteko aukera aztertzea, ikasketetan, ikerketan, irakasleen lanean, nazioartekotzean eta unibertsitateko jardunarekin lotutako beste arlo batzuetan.
3.– Lanbide heziketaren arloan ere batera lan egitea eskaintza egokia eta lehiakorra garatzen.
4.– Zientzia eta teknologiaren arloko ikerketan, esperientzien trukea eta elkarlana sustatzea, bereziki Ikerketarako Europako Esparrua garatzen.
5.– Esperientzien trukea eta baterako programak egitea sustatzea gai hauetan: irakasleen prestakuntza, prestakuntza programak, bizikidetza eta hezkidetzakoak, kalitatea, ebaluazioa eta hezkuntza berrikuntza.
6.– Hezkuntza zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzea eta bi erkidegoetan dauden baliabideak optimizatzea.
7.– Esperientzien eta prestakuntzaren trukea sustatzea arlo hauetan: aniztasunaren arreta, eskola inklusiboen proiektuak eta arau garapena.
Era berean, bi aldeek konpromisoa hartzen dute elkarren ezagutza eta lurraldez gaindiko lankidetza areagotzeko, kontuan hartuta bi autonomia-erkidegoetako kultur eragileek eta erakundeek harreman estua dutela oso aspaldidanik, batez ere euskarazko sorkuntzari dagokionez. Zehazki, bi aldeek adierazten dute helburu hauetarako interesa dutela:
a) Bi erkidegoetako kultur eragileen eta erakundeen arteko lankidetzarako bideak sendotzea, ekintzen eta ekitaldien bitartez (erakusketak, kontzertuak, argitalpenak, kultur programazioak, eta abar), arreta berezia emanez euskarazko sorkuntzari eta banaketari.
b) Bi gobernuen artean lan esperientzien eta metodologiaren trukea bultzatzea, batetik, kultura sustatu, nabarmenarazi eta nazioartekotzeari begira, eta, bestetik, kultur ondarearen arloan, haren kontserbazio, gizarteratze, digitalizazio eta eskuragarritasunari dagokienez.
F) Hizkuntza politika.
Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuak eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuak egokitzat jotzen dute hizkuntza politikaren arloan elkarren arteko laguntzarako ildoak ezartzea, oinarrian direla betiere begirune instituzionala, bi erkidegoetako errealitate soziolinguistikoa eta bien eskumenak, euskararen babesa eta erabilera sustatzeko neurriak arautzen dituzten arauetan bakoitzari emandakoak.
Bi gobernuek adosten dute beharrezkoa dela harremanak ezartzearen alde egitea, bien adostasunez elkarlanean aritzeko arlo hauetan: helduentzako euskalduntzea; euskarazko hizkuntza gaitasunen ebaluazioa eta egiaztapena; euskararen errealitate soziolinguistikoaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko ikerketak eta azterlanak; euskara-gaztelania eta alderantzizko itzulpengintzaren arloan esperientziak partekatzea, baita terminologian ere; informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskara sustatzen elkarrekin aritzea; euskararen nazioarteko zabalkunderako programak sustatzea; euskararen kultur eta gizarte mailako plangintza eta sustapenean elkarrekin lan egitea eta esperientziak partekatzea.
G) Bakea, bizikidetza eta giza eskubideak.
Nafarroako Foru Komunitateko eta Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuen iritziz, egokia da bien artean lankidetza ildoak ezartzea bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan.
Bi gobernuek argi dute beharrezkoa dela batak besteari elkarri laguntzeko bideak irekitzea, elkarrenganako errespetuz betiere, bakea eta gure gizarteen bizikidetza sendotzeko baldintzak sortzeko dituzten programa eta ekinbideak bultzatzearren betiere. Lankidetza hori esparru hauetan garatuko da: pertsonaren duintasunaren eta giza eskubideen errespetua eta sustapena; indarkeria gaitzestea eta hari zilegitasuna kentzea edozein ideia edo proiekturen alde egiteko bide gisa; biktima guztiek egiarako, justiziarako eta erreparaziotako duten eskubidearen defentsa; bizikidetza sortzerakoan memoria kritikoak duen garrantzia, gure artean gertatu diren giza eskubideen urraketa guztiak argitzea; bake kulturaren eta errespetuaren, demokraziaren eta bizikidetzaren balioen sustapena.
H) Babes zibila eta segurtasun publikoa.
Sinatzaileek adierazten dute berariaz lankidetza aktiboan aritzeko borondatea dutela, pertsonen, ingurumenaren edo ondasunen segurtasunerako mehatxu izan daitezkeen arriskuak ekidin, gutxitu edo zuzentzeko helburuarekin, arrisku horien jatorria zein den ere, nahita izandako portaerak, elementu naturalak edo nahi gabeko gertaerak izan.
Bi erkidegoetako segurtasun publikoaren arloko prebentzio eta erantzunerako tresnak hobetzeko helburua duten politikak bateratzeko, lehentasunezkoa da gai hauetan lankidetzarako tresnak garatzen ahalegintzea:
– Poliziaren lankidetza eta elkarlanerako bideak ezartzea, batetik, aholkularitzan eta informazio eta balorazio estrategikoen trukean, eta bestetik elkarri laguntza ematen erkidego bakoitzaren polizia kidegoen beraien eremuetan; horretarako, beharrezkoak diren bitartekariak eta solaskideak zein diren zehaztuko da.
– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietako Eskolaren arteko harremanetarako protokoloa egitea, gai hauetan: informazio eta esperientzia trukea; elkarren laguntza prestakuntza programetan, planetan, estrategietan, materialetan eta teknologian edo prestakuntzak ekintzak elkarri aitortzea.
– Bi erkidegoetako lurralde esparru osorako larrialdietako deiei erantzuteko protokoloa egitea, larrialdietarako 112 telefono zenbaki bakarraren bidez.
– Arrisku egoeretan asistentzia ematea elkarri, batez ere bi erkidegoetako mugaldeko eremuetan eragina izan dezaketenean, esate baterako baso-suteak gertatzen direnean.
– Babes zibilaren eta salbamenduaren arloan ariketak eta simulakroak egitea elkarrekin.
– Bi erkidegoen arteko komunikazioa antolatzen duten errepideen sarean mugikortasuna, ibilgailuen zirkulazio arinagoa eta bide segurtasuna hobetzeko ekintzak, trafikoaren kudeaketarako zentroen artean informazio trukea eta jarduketa protokoloak egin eta baliatuz, batez ere neguko bidezaintza bermatzeko edo zenbait egoerak trafikoari eragiten diotenean: eguraldiak, kirol probak, istripuak edo bi erkidegoetan eragina duten aparteko beste gorabehera batzuk.
– Jardun eremu honi dagozkion gaiei buruzko ikastaroak, jardunaldiak eta mintegiak egitea.
– Segurtasun Publikoaren arloko profesionalen prestakuntzan elkarlanean aritzea, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietako Eskolaren arteko lankidetza esparrua ezarrita.
– Metodologiari eta planei buruzko esperientziak trukatzea.
– Bi erkidegoetako eskualde mugakideek segurtasun publikoaren arloan dituzten arazoen aztertzen elkarri laguntzea.
– Bi erkidegoetako lurralde esparru osoari eragiten dioten segurtasun publikoaren arloko politikak ezartzeko koordinazio administratiboa, mugak eragindako nahi gabeko ondorioak saihesteko segurtasun publikoaren sistemaren funtzionamenduan eta herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak optimizatzeko.
I) Ingurumena, klima aldaketa eta lurraldearen antolamendua.
Bi autonomia-erkidegoek, geografiaren ikuspuntutik auzoak direla kontuan harturik, eta baso-suteen arrisku larriaz jabeturik, elkarren arteko lankidetzarako tresnak ezartzea bien interesekoa dela uste dute, eta, horrela, modu koordinatuan lan egin ahal delako horrelako ezbeharren prebentzioan, batik bat mugaldeko tokietan, eta bi administrazioek hobeki baliatuko dituztelako beraien baliabideak.
Ildo horretan berean, bi erkidegoetako gobernuek lankidetza eta elkarlanerako tresna egokienak abian jartzea sustatuko dute, bien natur baliabideen kudeaketa hobea izatea bermatzeko. Lankidetza horren oinarriak hauek izango dira: natur baliabideei buruzko informazioa eta ezagutzak trukatzea, bai eta esperientziak, jardunbide administratiboak eta kudeaketako konponbideak ere; gehienbat gai hauekin lotutako alderdietara bideratuko da: naturagune babestuen kudeaketa eta garapen iraunkorrerako ereduak, biodibertsitatea kudeatzeko esperientziak, eta zehazki espezie mehatxatuena, eta ehizaren eta ibaietako arrantzaren kudeaketa, batez ere arlo sanitarioari dagokionez.
Bi erkidegoetako eskualde mugakideetan egin beharreko proiektuen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorako administrazio prozeduretan, zehazki ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa eta horri dagokion proiektua aurkeztu aurretik egin behar den aurretiazko kontsulten fasean, aurretiazko kontsulta horiek bi erkidegoetako ingurumen arloko organoetan egitea sustatuko da, erkidego bakoitzak egindako iradokizunak eta oharrak ezagutu eta txertatzeko.
Bi gobernuek konpromisoa hartzen dute lankidetza, elkarlana eta informazio trukea sustatzeko, ur eta ibaiei dagokienez, Uraren Esparru Zuzentarauaren eta Uholdeen Zuzentarauaren aplikazioan, Ebro ibaiaren eta ekialdeko Kantaurialdeko arro hidrografikoetan, batez ere bi erkidegoetan barna doazen ibaien kasuan.
Bi erkidegoetako gobernuek Uraren Esparru Zuzentarauan ezarritako helburuak lortzeko elkarlana bultzatuko dute, Ebro ibaiaren mugape hidrografikoan uren kalitatea hobetzeari dagokionez, eta ingurumen-hezkuntzaren arloko esperientzien trukea, Uraren eta ingurumenaren Nazioarteko Zentroaren bitartez.
Bi gobernuek lankidetza eta esperientzien eta tresnen trukea sustatuko dute klima aldaketaren eta lurraldearen antolamenduaren gaietan.
Era berean, oro har, bi aldeek konpromisoa hartzen dute lankidetzarako dinamika iraunkorra ezartzeko, ingurumenarekin zerikusia duten beste gai batzuetan, protokolo honen indarraldian sortze direnetan.
J) Toki administrazioa.
Bi gobernuek, zein bere eskumenen esparruan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru-diputazioekin elkarlanean, konpromisoa hartzen dute lankidetza sustatzeko, esperientzia profesionala eta jardunbide egokiak trukatzen lagunduko duten ekintzen bidez, profesionalen eta udal hautetsien prestakuntzarako jarduerak elkarrekin eginez, bai eta bien arteko proiektuak gauzatuz toki entitateekin laguntza eta elkarlan ekonomiko eta finantzarioaren arloan, batez ere aurrekontuei, kontuei, kontabilitate publikoari, kontabilitate analitikoari, aurrekontu egonkortasunari eta zorpetzeari dagokienez.
Bi gobernuek elkarlanean jardun ahalko dute toki administrazioarekin lotutako eskumen-sektoreen errealitateari buruzko azterlanak egiten, bi erkidegoetarako adierazleak planteatzen, bilakaera demografikoan, garapenean eta beste gai batzuetan.
K) Turismoa.
Erreferentziako baliabide turistikoen merkaturatzea eta sustapena areagotzeko eta haien ezagutza eta garapena sustatzea helburu, erkidego sinatzaileek adierazten dute interesa dutela ekinbide paraleloak ezartzeko; atzerrian sustapenerako ekitaldietan elkarrekin parte hartzea, adibidez.
Produktu turistikoak indartzeko lankidetza ildoak sustatuko dira, bai eta koiunturak sortutako arazoen aurrean planteamendu bateratuak zehaztea ere, bi erkidegoen kultura eta natura ondarearen antolaketa hobetzeko eta haren balioa nabarmentzeko.
Ildo horretan, bi autonomia-erkidegoek baliabide turistiko eta kultural hauek sustatu eta sendotzeko lankidetzaren alde egingo dute: Done Jakue Bidea, Inaziotar Bidea, mendi eta haranak, turismo aktiboa, bide berdeak, kostaldeak eta hondartzak, natura-parkeak, museoak, artea eta kultura, mahastizaintzari loturiko eskualdeak, hiri eta herri xarmadunak, jaiak eta folklorea, gastronomia eta enoturismoa, euskal kirolak.
L) Nekazaritza eta landa garapena.
Bi gobernuek konpromisoa hartzen dute gai hauetarako lankidetza bideak bilatzeko:
– Nekazaritzan, nekazaritzako elikagaietan eta elikagaiez kanpoko nekazaritza industrian I+G+B proiektuetako ikertzaileen trukea.
– Jatorri-deiturek babestutako produktuen sustapena.
– Elikagaien azoken edo antzeko ekitaldien bidez produktuak sustatzearekin lotutako jardueren koordinazioa.
– Abereen osasunaren arloko jarduketekin lotuta, koordinazioa eta informazioa, sortzen edo berragertzen diren eritasunen aurrean.
– Landare osasuna sustatzea.
– Bi erkidegoen esparru geografikoan ezarrita dauden ustiategietan, sektoreko laguntzen kudeaketarako beharrezkoa den lankidetza.
– Lurraldeen arteko lankidetza landa garapeneko proiektuetan.
– Bi erkidegoek batera dituzten jatorri-deituretan –Idiazabal gaztarena eta Errioxa jatorri-deitura kalifikatua– koordinazioa sustatzea.
– Gastronomiaren arloan garapen bateraturako gunea sortzea.
Bi gobernuek konpromisoa hartzen dute lankidetza eta elkarlana sustatzeko, ekoizpen iraunkorrerako ereduak indartzeko, nekazaritzaren sektoreak gai erabakigarrietan izan behar duen izaera multifuntzionala edukiz bete dadin, gizartearen eskariari erantzunez: lurralde oreka, ingurumenaren errespetua eta kalitateko ekoizpena.
M) Komunikazio eta garraio azpiegiturak.
1.– Komunikazio azpiegiturak: bi erkidegoek bide eta trenbide azpiegituren arloko jarduketak koordinatuko dituzte.
2.– Garraio azpiegiturak: lankidetzarako sistemak antolatuko dira, garraioaren eta logistikaren sektorearekin lotura duten enpresa jardueren finkapena, garapena eta sustapena ekar ditzaketen ekintza mota guztiak sustatzeko, eta, horretarako, elkarlanerako tresnak eta bien arteko lankidetza eta laguntzarako dinamika ezarriko dira.
Nafarroa, erkidego industriala eta esportatzailea, Euskadiko itsas portuetako Hinterlandaren funtsezko osagaia izan daiteke.
3.– Ikus-entzunezko Komunikazioa. EITBren zerbitzuen hedapena Nafarroan.
ETBren zerbitzua Nafarroara zabaltzeko aukera Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Legearen 40.4 artikuluan ezarritako dago, hauxe adierazten baitu: «Autonomia Erkidego edo Hiri baten ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu publikoaren emisioa, uhin hertziarren bidezkoa, hizkuntz eta kultur kidetasunak dituen autonomia-erkidego edo hiri mugakide batean ere egin ahalko da, baldin eta hitzarmen bidez hala adosten badute bi aldeek».
Nafarroako Foru Komunitateko Parlamentuak 2008ko martxoaren 13an onartutako erabaki baten bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua premiatu zuen «autonomia-erkidego mugakideekin hitzarmenak sinatzeko aukera azter eta kudea dezan, Nafarroako lurreko telebista digitaleko kateak autonomia-erkidego horietan ikusi ahal izateko, baita alderantziz ere, betiere Nafarroako errealitate instituzionala errespetatzen bada».
Era berean, 2013ko urriaren 25ean Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak erabaki hau onartu zuen:
«1. Nafarroako Parlamentuak EITBri eskatzen dio egungo sare analogikoa digitaliza dezan aldi baterako, behin betiko konponbidea ematen den arte.
2.– Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du, Legebiltzar honek sarritan eskatutakoa kontuan hartuta, aukera berrietarako erraztasunak eman ditzan ETB lurreko telebista digitalaren bidez hartze aldera».
Nafarroako hainbat udalek ere horren alde egin dute, eta udalerri horietan ETBren emisio digitala ikusteko eskaera jasotzen duten mozioak onartu dituzte.
Ondorio horietarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuak eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuak konpromisoa hartzen dute EITBko programak Nafarroako Foru Komunitatean ere zabaltzeko behar diren kudeaketak betetzeko.
N) Funtzio publikoa.
Bi erkidegoek konpromisoa hartzen dute ezagutzak eta esperientziak trukatzen laguntzeko, honakoak sustatuz: bi administrazioetako langileentzako prestakuntza ekintza bateratuak egitea, hautapen prozesuen kudeaketaren arloko ezagutza, informazioa eta esperientziak trukatzea eta administrazio publikoen arloko ikerketa.
O) Administrazio Elektronikoa Eta Zerbitzu Publikoen Funtzionamendua Hobetzea.
Bi administrazioek adierazten dute gai hauetan elkarlanean aritzeko asmoa dutela:
1.– Esperientzien trukerako sare birtualak antolatzea, herritarrei zerbitzu hobeak ematea xede.
2.– Bi erkidegoetako herritarrek zerbitzuez duten iritzia jaso eta neurtzeko sistemen emaitzei buruzko informazioa trukatzea.
3.– Aplikazio informatikoak trukatzea, administrazio elektronikoaren zerbitzuak hobeki garatzeko.
4.– Zerbitzuak emateko prozesuak, bi erkidegoei eragiten dietenak, aztertzea, aldi bereko kudeaketak herritarrak inora joan beharrik gabe egiteko bide ematen duten sistemak definitzeko helburuarekin.
5.– Herritarren parte-hartzea areagotzearen arloan jardunbide egokiak trukatzea, bereziki informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz.
6.– Informazioa trukatzea gai hauetan: zama administratiboak gutxitzeari eta administrazioaren sinplifikazioari buruzko programak eta zerbitzu elektronikoak administrazioen artean baliatzeko baldintzak sustatzea.
P) Espezializazio inteligentearen estrategia eta garapen ekonomikoaren faktoreak.
Espezializazio inteligentearen estrategien eta garapen ekonomikorako faktoreen arloan, esperientzien trukerako eta bien intereseko proiektuen garapenerako sareak bultzatuko dira, gure erkidegoen espezializazio adimentsuaren estrategia zehaztu, ezarri, eta haren jarraipena eta ebaluazioa egiteko, gai hauetan: I+G+B politikak, nazioartekotzea, klusterrak, ekintzailetza, digitalizazioa, 4.0 industria, inbertsioari laguntzeko politika eta finantzabidea lortzeko lanabesak.
Enpresa eta ikerketa nazioartekotzearen esparruan, bi erkidegoek aztertuko dute jarduketak batera egiteko eta esperientziak trukatzeko aukera, Akitaniarekin batera, batez ere Europako programak aurkezteari, Europako erakunde erregulatuen artean bion interesak defendatzeari eta enpresen arteko lankidetzari dagokienez.
Era berean, kontuan hartuta bi erkidegoen artean energia ekoizpen/kontsumoaren balantzean dauden desberdintasunak, ahalegina egingo da osatzeko, elkarlanerako eta koordinazio ekintzak ezartzeko plangintza energetikoari eta bi erkidegoek dituzten interes komunetako proiektuei dagokienez, hala nola energia arloko auditoriak, industriako energia efizientzia, eta, halaber, CENER arteko ikerketa proiektu osagarriak eta itsasoko energia eolikoaren arloko proiektuak offshore merkatuan.
Q) Justizia administrazioa.
Bi erkidegoek konpromisoa hartzen dute esperientzien trukea sustatzeko eta, kasua denean, jarduketak batera egiteko Justizia Administrazioaren arloko baliabide materialei eta langileei dagokienez.
R) Ogasuna eta finantza politika.
Nafarroak eta Euskal Autonomia Erkidegoak berezitasun bat dute arlo honetan Estatuko gainerako erkidegoen aldean, beraien araubide ekonomiko eta finantzarioak dituztelako. Horrexegatik, bi gobernuek kezka bera dute Hitzarmenaren eta Itun Ekonomikoaren defentsari dagokionez. Horrekin batera, komenigarria iruditzen zaie bi gobernuei administrazioen arteko komunikazio bideak erraztea, gai hauen balioa nabarmentzeko: Estatuarekiko bi aldeko harremanena, foru ereduen elkartasunarena eta Estatuarekiko harremanen itun bidezko tratamendua.
Nafarroako Gobernuari eta Euskal Autonomia Erkidegokoari interesgarria iruditzen zaie Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru-diputazioekin informazio trukerako sistema egonkorra izatea, zein bere eskumenez baliatuta, bai eta lankidetzarako bideak edo hitzarmenak ezartzea ere, Ogasunaren arloan dagoeneko izenpetuta daudenen antzera.
Laugarrena.– Lankidetzarako Protokolo Orokorraren garapena. Tresna berariazkoak.
Lankidetza honetatik eratortzen diren ekintza jakinak finantzatu, antolatu eta egikaritzeko behar diren baldintza bereziak kasu bakoitzari dagokion tresna berariazko batean ezarri beharko dira, eta bertan zehaztuko dira betiere horiei begira aldeetako bakoitzak bere gain hartzen dituen betebeharrekoak.
Kontuan hartuta Euskadiko Autonomia Erkidegoaren egitura juridiko instituzionala hiru mailatan antolatua dagoela –orokorra, forukoa eta tokikoa– zenbait elkarlan gauzatzeko beste erakunde edo entitate eskudun batzuek gaia dela-eta parte hartzea beharrezkoa edo komenigarria denean, Eusko Jaurlaritzak erraztu eta sustatu egingo du haien parte-hartzea kasu horretan erabili beharreko tresna juridikoen tramitazioan.
Tresna horiek behin formalizatuta, protokolo orokor honi gehituko zaizkio eranskin gisa, eta haren zati bereizezin bihurtuko dira.
Bosgarrena.– Protokolo Orokorraren segimendua.
Protokolo honetan aurreikusitakoari jarraipena egiteko, bai eta honen babesean etorkizunean egiten diren hitzarmen berariazkoei jarraipena egiteko ere, informazioa trukatuko da aldeen artean eta ebaluazio eta emaitzen balorazio txostenak egingo dira.
Seigarrena.– Zuzenbide aplikagarria.
Protokolo hau garatzeko hartzen diren erabaki itunduak bi aldeek gauzatuko dituzte zeinek bere lurralde eremuan, beren barne zuzenbidearen arabera.
Protokolo honen interpretazioari buruzko gaiak bi aldeen artean konpondu beharko dira.
Zazpigarrena.– indarraldia.
Protokolo orokor honek izenpetzen den datatik hasita izango ditu ondorioak eta urtebeteko indarraldia izango du; epe hori isilbidez luzatutzat joko da denbora-epe bererako, aldeetako batek berariaz denuntziatzen ez badu; kasu horretan, erabaki hori beste aldeari jakinarazten zaion egunetik hasita sei hileko epean utziko dio indarrean egoteari.
Aldeetako batek protokoloa denuntziatu nahi balu, horren berri jakinarazi beharko dio beste aldeari, baina horrek ez du inolako eraginik izango betetzeko edo betetze bidean dauden ekintzetan, bi erakundeek horiek espresuki indargabetzea erabakitzen ez badute.
Alderdiek hala eskatzen dutenean, eta biek adosturik, protokolo orokor hau aldatu egin daiteke, eta behar den eranskina formalizatu.
Eta adostasunaren frogagarri, protokolo orokor honen bi ale sinatu dira, idazpuruan aipatutako tokian eta egunean.
Nafarroako Gobernuko presidentea,
UXUE BARKOS BERRUEZO.
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.