EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2016099

36/2016 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, honako akordio hau argitaratzea xedatzen duena: «Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (erakunde emailea) eta Garapenerako Nazio Batuen Programaren (GNBP) arteko Akordioa, hirugarrenek gastuen finantzaketan parte hartzekoa».

Xedapenaren zenbakia: 201600036
Xedapenaren data: 2016-05-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201602236
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (erakunde emailea) eta Garapenerako Nazio Batuen Programaren (GNBP) artean, hirugarrenek gastuen finantzaketan parte hartzeko, izenpetutako akordioaren testua, zeina ebazpen honen eranskinean jasota baitago.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 9a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 9KO 36/2016 EBAZPENARENA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN (ERAKUNDE EMAILEA) ETA GARAPENERAKO NAZIO BATUEN PROGRAMAREN (GNBP) ARTEKO AKORDIOA, HIRUGARRENEK GASTUEN FINANTZAKETAN PARTE HARTZEKO
Emaileak akordio honen bidez GNBPri funtsak (aurrerantzean «Ekarpena») emango dizkio gastuen finantzaketan parte hartzeko sisteman oinarrituta, Programa de Acompañamiento a la Justicia de Transición (PAJUST) programa – Bigarren Fasea (aurrerantzean «programa») Guatemalan egikaritzeko, betiere, GNBPren kasuan, proiektuaren 87881 – Apoyo del Gobierno del País Vasco al Programa de Acompañamiento a la Justicia de Transición – Bigarren Fasea dokumentuan deskribatzen denaren arabera eta Emailearen kasuan ZUZ-2015BA/0003 erreferentziaren arabera.
Bai GNBPk, bai Emaileak ekimen horretan laguntzeko interes bateratua dute; ekimenaren xedea da Guatemalako Estatuak trantsizioko justiziako mekanismo integralak aplikatzea barne-gatazka armatuaren biktimentzat, gizarte zibilarekin koordinatuta eta giza eskubideen nazioarteko esparruei jarraiki.
Emaileari dagokionez, programaren honako produktu hauek bereziki bultzatu nahi ditu: a) Erdialdeko Amerikako Artxibo Orokorraren eta Polizia Nazionalaren Artxibo Historikoaren instituzionaltasuna eta jasangarritasuna indartzea; b) Gizarte zibila indartzea Estatuarekin aliantzak egin ditzan egiarako, justiziarako, erreparazioa jasotzeko eta ez errepikatzeko eskubideak sustatzearren barne-gatazka armatuaren biktimei dagokienez; eta c) Quiché-ko Ixil eremuan barne-gatazka armatuaren biktimak ahalduntzea egiarako, justiziako, erreparazioa jasotzeko eta garapen-prozesuetan herritarrek parte hartzeko eskubideak baliatzearren.
GNBPri dagokionez, prest dago Ekarpena jaso eta administratzeko programa hori egikaritzearen helburuak betetzearren,
Guatemalako Gobernuari dagokionez, Emaileak programari egin dion Ekarpenaren berri eman zaio,
GNBPri dagokionez, programa egikaritzeko kide bat (aurrerantzean, «Egikaritzapen Kidea») izendatuko du,
GNBPri dagokionez, Igor Garafulic da ordezkaria, Herrialdeko zuzendari den aldetik,
EMAILEAri dagokionez, Paul Ortega Etcheverry jauna da ordezkaria, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (GLEA) zuzendari den aldetik,
Horrenbestez, GNBPk eta Emaileak honako hauek erabaki dituzte:
I. artikulua.– Ekarpena.
1.– a) Emaileak laurehun mila (400.000,00) euroko ekarpena egingo dio GNBPri ondoren aurkezten den ordainketa-egutegiaren arabera. Ekarpena honako banku-kontu honetan sartuko da:
Kontuaren titularra: UNDP Representative in Guatemala CO USD Account
Bankuaren izena: Bank of America
Bankuaren helbidea: 1401 Elm St., Dallas TX 75202
Kontu-zenbakia: 375-222-0698
IBAN: ez dago
Swift (BIC) kodea: BOFAUS3N
Wire Routing Number: 026009593
Ordainketa-egutegia: Zenbatekoa.
Hitzarmena sinatzean: 90.000 euro.
2016ko uztailean: 110.000 euro.
2017ko uztailean: 200.000 euro.
b) Ekarpenari dagokion ordainketa bakoitza gauzatzen denean Emaileak eragiketa horri buruzko informazioa helaraziko dio GNBPri contributions@undp.org helbide elektronikora e-mail bat bidaliz honako datu hauekin: emailearen izena, GNBPren herrialdeko bulegoa, proiektuaren zenbakia eta izenburua, emailearen erreferentziak (baldin badaude). GNBPri funtsak transferitzen zaizkionean, banku-bidalketaren abisuan ere jasoko da aipatutako informazio hori.
2.– Ordainketa Estatu Batuetako dolarraz bestelako moneta batean egiten denean, haren balioa ordainketaren datan indarrean dagoen Nazio Batuen kanbio-tasa aplikatuz zehaztuko da. GNBPk ordaindutako zenbateko guztia erabili aurretik Nazio Batuen kanbio-tasan aldaketarik gertatzen bada, erabili gabeko funtsen saldoaren balioa aldaketaren arabera egokituko da. Kasu horretan, saldoak balioa galduko balu, GNBPk Emaileari jakinaraziko dio, Emaileak finantzaketa handitzeko aukerarik baduen zehaztu ahal izateko.
3.– Goiko ordainketa-egutegian kontuan hartzen da ordainketak aurreikusitako jarduerak egikaritu aurretik eta aurreko aldiko txostena onartu ondoren gauzatzea. Egutegi hori alda daiteke programaren lanen aurrerapen-mailari egokitzeko.
4.– GNBPk ordainketak jaso eta administratuko ditu GNBPren arau, erregelamendu, politika eta prozeduren arabera.
5.– Kontu-egoera eta finantza-egoera guztiak Estatu Batuetako dolarretan adieraziko dira.
II. artikulua.– Ekarpenaren erabilera.
1.– GNBPren ardura-eginkizunak Akordio honen eta proiektuaren dokumentuaren arabera egikaritzeko GNBPk Ekarpena jaso beharko du, betiere goiko I. artikuluaren 1. paragrafoan adierazten den ordainketa-egutegiari jarraiki. GNBP ez da jarduerak egikaritzen hasiko Ekarpena jaso arte edo ekarpenaren lehen kuota jaso arte, dagokionaren arabera.
2.– Gastuei edo konpromisoei dagozkien igoerak aurreikusten badira edo espero ez diren igoerak gertatzen badira (inflazio-faktoreak, kanbio-tasen gorabeherak edo ustekabeak direla-eta), GNBPk gertaera horren arrazoiei buruzko informazioa eta behar den finantzaketa gehigarriaren kalkulu osagarria helaraziko dio Emaileari dagokionean. Finantzaketa hori eman aurretik Emaileak ez du ezein betebeharrik izango.
3.– Goiko I. artikuluaren 1. paragrafoan aipatutako ordainketak ez badira ordainketa-egutegiaren arabera jasotzen edo Emaileak edo bestelako iturriek ez badute goiko 2. paragrafoan eskatzen den finantzaketa ematen, GNBPk, programari eman beharreko laguntza murriztu, eten edo deusezta dezake Akordio honi jarraiki. Emaileari kontsulta egingo zaio murriztu eta/edo eten egingo diren jarduerei dagokienez, baita laguntza deuseztatuz gero ere. Bi alderdiek zera erabaki eta onartzen dute, GNBP erakundeak ez duela ezein jarduera finantzatuko bere baliabide propioekin Akordio honen eraginpean.
4.– Emailearen Ekarpenak sortutako interes guztiak GNBPren kontuan abonatuko dira eta GNBPk ezarritako prozeduren arabera erabiliko dira.
III. artikulua.– Administratzea eta txostenak aurkeztea.
1.– Programaren kudeaketa eta gastuak GNBPn ezarritako arauen, erregelamenduen, politiken eta prozeduren arabera arautuko dira, baita Egikaritzapen Kideak ezarritako arauen, erregelamenduen, politiken eta prozeduren arabera ere, aplikagarria denean.
2.– GNBPk Emaileari helaraziko dizkio ondoren adierazten diren txostenak, GNBPk kontabilitateari eta txostenak aurkezteari dagokienez ezarrita dituen prozedurei jarraiki prestatutakoak hain zuzen.
a) Guatemalako bulegoaren urteko txostena (Akordioa indarrean dagoen bitartean), programaren lanen martxari buruzkoa, baita onartutako aurrekontu berriena ere.
b) GNBPren Kudeaketa Zuzendaritza/Finantza eta Administrazio Bulegoaren urteko finantza-egoera, urte bakoitzeko abenduaren 31n egiaztatua (hurrengo urteko ekainaren 30ean aurkeztu beharko da beranduenez).
c) Guatemalako bulegoaren azken txosten bat (Akordio hau amaitzen edo deuseztatzen den dataren ondorengo sei hilabeteen barruan), programaren jardueren, jarduera horien eraginen eta behin-behineko finantza-datuen laburpena bilduz.
d) GNBPren Kudeaketa Zuzendaritza/Finantza eta Administrazio Bulegoaren urteko finantza-egoera egiaztatua, proiektua amaitutakoan (proiektuaren finantza-itxiera egiten den urtearen hurrengo urteko ekainaren 30ean aurkeztu beharko da beranduenez).
3.– Inguruabar bereziek justifikatzen badute, GNBPk maizago egin ditzake txostenak (Emaileak ordainduko ditu). Txosten horien izaera eta maiztasuna Akordio honen eranskin batean zehaztuta daude.
IV. artikulua.– Administrazio- eta laguntza-zerbitzuak.
1.– GNBPren Batzorde Betearazlearen erabakiei, politikei eta prozedurei jarraiki (GBNPren Bestelako Baliabideen kargurako Gastuak Berreskuratzeko Politikan islatzen dira), Ekarpena GBNPren egoitzaren eta herrialdeko bulegoaren egiturek kudeaketako laguntza-zerbitzu orokorrak ematerakoan izan dituzten zeharkako gastuak berreskuratzeari lotuta egongo da. Laguntza-gastu horiei aurre egiteko Ekarpenari % 8ko kargu bat esleituko zaio. Era berean, egikaritzapen-gastu zuzen guztiak (baita Egikaritzapen Kidearen gastuak ere) argi eta garbi programari dagozkionean, programaren aurrekontuan bilduko dira dagokion aurrekontu-partidaren kargura, eta, beraz, programari egotziko zaizkio.
2.– Programaren aurrekontuan sartutako zenbatekoen eta lotutako laguntza-zerbitzuak ordaintzeko kontzeptuagatik kalkulatutako gastuen batuketak ez ditu Akordio honen arabera programarako eskuragarri dauden baliabideak gainditu behar (programaren gastuak eta laguntza-gastuak ordaintzera bideratutako bestelako finantzaketa-iturriak barnean hartuta).
V. artikulua.– Ebaluazioa.
GNBPren programa eta proiektu guztiak GNBPren Ebaluazio Politikaren arabera ebaluatzen dira. GNBPk eta programa egikaritzen den herrialdeko gobernuak, beste alderdi interesdun batzuekin kontsultatuta, programaren ebaluazioari dagozkion hainbat alderdi (helburua, erabilera, egokitasuna, finantzaketa-mekanismoak eta eskudantziak) adostuko dituzte, baita Ebaluazio Planean jasotzen den emaitzarako Ekarpena ere. GNBPk aginduko du ebaluazioa eta kanpo-ebaluatzaile independenteek egingo dute.
VI. artikulua.– Ekipamendua.
GNBP izango da ekipamenduaren, horniduren eta Ekarpenaren kargura finantzatutako bestelako ondasunen jabetzaren titularra. GNBPk jabetza transferitzeari dagozkion alderdiak GNBPn ezarritako politiken eta prozeduren arabera zehaztuko dira.
VII. artikulua.– Auditoria.
Ekarpenari dagokionez, soilik GNBPn ezarritako finantza-erregelamenduetan, arauetan, politiketan eta prozeduretan aurreikusitako barne- eta kanpo-auditoriako prozedurak hartuko dira kontuan. Nazio Batuen Auditore Batzordeak GNBPren artezkaritza-organoari aurkezten dion urteko Auditoria Txostenean Ekarpenari dagokion oharrik bilduko balu, herrialdeko bulegoak informazio hori Emaileari helaraziko dio.
VIII. artikulua.– Egikaritzeko aldia.
Jarduerak egikaritzeko aldia akordio hau sinatzen den egunean hasiko da eta 2018ko abenduaren 31n amaitu.
IX. artikulua.– Akordioaren amaiera.
1.– Programaren dokumentuaren arabera programari dagozkion jarduera guztiak burutzen direnean GNBPk emaileari jakinaraziko dio.
2.– Programa amaitu ondoren ere, GNBPk gordeko ditu Ekarpenaren erabili gabeko zenbatekoak, hain zuzen ere programaren egikaritzapenean hartutako konpromiso eta betebehar guztiak kitatu arte eta programaren jarduera guztiak modu ordenatuan burutu arte.
3.– Erabili gabeko zenbatekoen saldoa aipatutako konpromiso eta betebeharrak betetzeko nahikoa ez bada, GNBPk horrela jakinaraziko dio Emaileari eta harekin kontsultatuz ezarriko du haiek betetzeko modua.
4.– Proiektuaren dokumentuaren arabera proiektua amaitzen denean eta dagozkion konpromiso eta betebehar guztiak burutu ondoren, GNBPk berriz esleituko du ordaindu gabeko saldo oro, Emailearekin kontsultatu ondoren.
X. artikulua.– Akordioa suntsiaraztea.
1.– GNBPk edo Emaileak suntsiarazi dezake Akordio hau, Emailearen, GNBPren eta programa gauzatzen den herrialdeko Gobernuaren artean kontsulta egin ondoren eta betiere jadanik jasotako Ekarpenaren funtsak programarako eskuragarri dauden beste funts batzuekin batera programaren egikaritzapenean hartutako konpromiso eta betebeharrak kitatzeko nahikoak badira. Akordio hau edozein alderdik beste alderdiari Akordioa suntsiarazteko erabakia idazki bidez jakinarazten dionetik zenbatzen hasita 30 (hogeita hamar) egun igarotzen direnean azkenduko da.
2.– Akordio hau osorik edo zati batean suntsiarazten bada ere, GNBPk 5.000 dolar (AEBetako bost mila dolar) baino gutxiagoko erabili gabeko zenbatekoak gordetzen jarraituko du, programa osorik edo zati batean egikaritzerakoan hartutako konpromiso eta betebehar guztiak bete arte eta programaren jarduera guztiak modu ordenatuan burutu arte.
3.– Akordioa GNBPren proiektua amaitu baino lehen suntsiarazten bada, GNBPk Emailearekin kontsultatuta, berriz esleituko ditu ordaindu gabeko saldo guztiak konpromiso eta betebehar guztiak burutu ondoren.
XI. artikulua.– Jakinarazpena.
GNBPren eta Emailearen arteko jakinarazpen edo posta-truke oro honako modu honetan egingo da:
(a) Emaileari:
Helbidea: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia
Nafarroa 2
01007 Vitoria-Gasteiz
– GNBPk funtsak jasotzen dituenean, Emaileari hartu-agiri elektroniko bat bidaliko dio beherago adierazitako helbidera transferitutako funtsak jaso dituela egiaztatzeko.
Emailearen helbide elektronikoa: m-garmendiaeguinoa@elankidetza.eus
Norentzat: Maite Garmendia Eguinoa
(c) GNBPri: Igor Garafulic, Herrialdeko zuzendaria
Helbidea: Garapenerako Nazio Batuen Programa
5.ª avenida 5-55 Zona 14
Edificio Europlaza Torre IV – Nivel 10
01014 - Ciudad de Guatemala
XII. artikulua.– Akordioaren zuzenketa.
Akordio hau Emailearen eta GNBPren arteko gutun-trukearen bidez zuzendu daiteke. Gutunak Akordio honetan bilduko dira.
XIII. artikulua.– Indarrean jartzea.
Akordio hau alderdi interesdunek sinatzen dutenean jarriko da indarrean, azken sinaduraren datan hain zuzen.
Eta Horren lekukotasuna emanez, beheko sinatzaileek, behar bezala baimenduta, akordio honen euskarazko bi ale (eduki berekoak hitzez hitz ) sinatu dituzte, biak ondorio berberarekin.
Emailearen aldetik: Paul Ortega Etcheverry, zuzendaria, 2015-11-18.
Garapenerako Nazio Batuen Programaren aldetik, Igor Garafulic. Herrialdeko zuzendaria, 2015-11-18.