EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2016099

AGINDUA, 2016ko apirilaren 20koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita «Fundación Tubacex» fundazioaren eraketa.

Xedapenaren data: 2016-04-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201602235
Maila: Agindua
«Fundación Tubacex» fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da. Hona hemen
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2016ko urtarrilaren 29an, Herri Administrazio eta Justizia Sailean eskabide bat jaso zen, zeinaren bidez zera eskatzen baitzen: «Fundacion Tubacex» fundazioaren eraketa inskribatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan (Tubacex S.A. sozietateak sortu zuen fundazio hori). Espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion eskariari.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak bilkura egin du, fundazioaren helburuak zilegi eta interes orokorrekoak direla eta fundazioa ekonomikoki bideragarria dela egiaztatzeko, eta 2016ko apirilaren 14an fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman du.
Hirugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera:
«Aktiboki eragitea giza garapen jasangarrian, eta baita ere fundatzailearen gizarte-taldeak presentzia edo eragina duen komunitateen sostenguan eta garapenean bereziki».
Laugarrena.– Estatutuetako 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, fundazioaren egoitza Leioan dago (Landabarri pasealekua 2-2.), eta fundazioak gehienbat Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere jarduerak.
Seigarrena.– Hasierako dotazioa bostehun mila (500.000) eurokoa da. Kopuru hori ordaindu dela agiri bidez jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 37.1.c) artikuluak. Erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak onartu du.
Zazpigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, hala baitago aurreikusita fundazioaren estatutuetan.
Zortzigarrena.– Patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hasieran hauek izango dira (2019ko uztailaren 23ra arteko iraupena izango dute karguok):
– Lehendakaria: Alvaro Videgain Muro jauna
– Bokala: Jesús Esmorís Esmorís jauna
– Bokala: Juan Antonio Garteizgogeascoa Iguain jauna
– Bokala: Consuelo Crespo Bofill andrea
– Bokala: Juan Ramón Guevara Saleta jauna
– Bokala: Marta Areízaga Ezcurdia andrea
– Bokala: Pedro Luis Uriarte Santamarina andrea
– Bokala: Alejandro Echevarría Busquet andrea
Izendatutako guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko bat erabiliz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioa eratzeko espedientea hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan, eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.
Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa betez. Lege eta erregelamenduzko manuen arabera egin da Fundazioaren eraketa.
Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea –egun honetan eta F-387 erregistro-zenbakiarekin– bai Leioako «Fundación Tubacex» fundazioaren eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horren kideak zazpigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok espresuki onartu dituzte karguak, María Gomeza Villa notarioaren aurrean 2016ko urtarrilaren 29an emandako eskritura publikoan xedatu bezala (119 protokolo-zenbakia).
Bigarrena.– Fundazio hori, helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 4. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 20.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.