EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2016099

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 24koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpe dauden maisu-maistren kidegoko irakasle funtzionarioak lekuz aldatzeko lehiaketan esleitutako behin betiko destinoak.

Xedapenaren data: 2016-05-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201602233
Maila: Agindua
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Izendapenak, egoerak eta gorabeherak)

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/12/02an argitaratutako 2015/11/25eko AGINDUA [201505140]

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren 2016ko apirilaren 15eko Ebazpenaren bidez, argitara eman zen 2015-2016ko lekualdatze-lehiaketako destinoen behin-behineko esleipena, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko maisu-maistren kidegoko irakasle funtzionarioei dagokiena.
Ebazpen horren aurkako erreklamazioak aztertu dira, eta onartutako uko-egiteak sartu. Halaber, behin-behineko esleipen-prozeduraren ondoren, dagozkion aldaketak sartu dira behin betiko merezimenduen baremoan, aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoak baiestearen ondorioz.
Horrenbestez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko azaroaren 25eko Aginduaren hogeita zortzigarren oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz (agindu horren bidez, Autonomia-erkidegoko lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoetako funtzionarioen artean; 2015eko abenduaren 2ko EHAA), hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Behin betiko destinoen esleipena onartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko maisu-maistren kidegoko irakasle funtzionarioak lekuz aldatzeko lehiaketan, honako zerrenda hauetan agertzen den bezala:
I. eranskinean: destinoa esleitu zaien maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioen zerrenda.
II. eranskina: Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoan sartzeko hautaketa-prozesuetan aukeratutakoak izan eta aurtengo ikasturtean praktikaldia egiten ari diren parte-hartzaileen artean, destinoa esleitu zaienen zerrenda. Bigarren eranskinean esleitutako destinoak emateko, praktikaldia gainditu eta karrerako funtzionario izendatu beharra dago.
Bigarrena.– Agindua ematea aurreko eranskinak erakusgai jartzeko www.irakasle.eus web orrian, agindu hau EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera. Halaber, web orri horretan bertan, erakusgai jarriko da uko-egiteen eta baietsitako, ezetsitako eta partez baietsitako erreklamazioen zerrenda alfabetikoa, arrazoia zehaztuta.
Hirugarrena.– Izendapenek 2016ko irailaren 1etik hasita izango dituzte ondorio ekonomiko eta administratiboak; jatorrizko ikastegietako kargugabetzeek, berriz, 2016ko abuztuaren 31tik aurrera izango dituzte ondorioak.
Laugarrena.– Indargabeturik geratuko dira lekualdatze-lehiaketaren deialdi honetan parte hartzeko eskakizunak betetzen ez dituzten maisu-maistrei akats baten ondorioz esleitutako destinoak. Agindu honen eranskinetan agertu arren eta are lanpostuez jabetu arren, ez da aurretiaz pentsatu behar deialdiaren eskakizunak betetzen direnik.
Bosgarrena.– Agindu honetan lortutako plazei ezin zaie uko egin. Aitzitik, irakasle kidego batean baino gehiagotan parte hartu eta destino bat baino gehiago lortu badira, 2016/-2017 ikasturtean jardun nahi den destinoa hautatu beharko da, hamar egun naturaleko epean, behin betiko destinoen esleipenaren agindua EHAAn argitaratzen denetik hasita. Hala egin ezean, jardun aktiboan egonda parte hartu den kidegoari dagokion lanpostua hartu beharko da jabetzan. Eskaerarik izan ez duten lanpostuak plaza hustzat joko dira, eta hezkuntza administrazioek erabakitako araudiari jarraituz beteko dira.
Seigarrena.– Lekualdatze-lehiaketa horretan parte hartutako maisu-maistrek, alegatutako merezimenduak egiaztatzeko jatorrizko dokumentazioa aurkeztu badute, lehiatu diren Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzan berreskuratu ahal izango dute dokumentazio hori, bai bertara joanda, bai baimendutako pertsona bat hara bidalita. Horretarako, agindu honen aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko bi hilabeteko epea bukaturik egon beharko da.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzin Salan, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 24a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.