EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2016097

EBAZPENA, 2016ko maiatzaren 9koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez jakitera ematen baita Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren 2016ko apirilaren 5eko Ebazpenean aurreikusitako 2016ko ekitaldiko diru laguntzen kreditua zabaldu dela. 2016ko apirilaren 5eko Ebazpenean, 2016. urtean elektrizitatea ekoizteko energia berriztagarrien instalazioen aldeko inbertsioak sustatzeko diru laguntzen deialdia argitaratzen da.

Organo emailea: ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
Xedapenaren data: 2016-05-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201602197
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/04/15ean argitaratutako 2016/04/04ko EBAZPENA [201601575]

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren 2016ko apirilaren 4ko Ebazpenaren bidez, 2016. urtean elektrizitatea ekoizteko energia berriztagarrien instalazioen aldeko inbertsioak sustatzeko deialdia argitaratu zen.
Aipatutako deialdiari dagozkion Oinarrien 3. atalean, programaren aurrekontua eta eskabideak aurkezteko epea izenekoan (2016ko apirilaren 15eko EHAA, 71. zk.), azaltzen da programa horri esleitutako gehieneko diru-saila edo aurrekontua berrehun mila (200.000) eurokoa dela; betiere, horretarako Energiaren Euskal Erakundearen (aurrerantzean «EEE») aurrekontuetan ezarritako kredituaren arabera.
Eskuragarri dagoen aurrekontua amaituz gero, betiere programaren indarraldia bukatu ez bada, eta aldez aurretik Zuzendaritza Kontseiluaren akordio bidez onartua, programaren aurrekontua zabaldu edo gehitu ahal izango da, eta eskuragarri egongo den aurrekontu berriaren berri emango da EEEren webgunearen (www.eve.eus) bidez eta Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratutako ebazpen baten bitartez.
Programa abian jarri eta lehen asteetan, eskaera kopuru handia aurkeztu da, aurreikusitakoa alde handiz gainditu dutenak, hain zuzen ere. Hori horrela, eskari handia dagoenez eta diruz laguntzen diren jardueren interesa kontuan hartuz, EEEko Zuzendaritza Kontseiluak aurrekontu gehigarri bat onartu zuen 2016ko maiatzaren 2an egindako bileran, aipatutako diru laguntza programari begira, 2016ko ekitaldirako ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euroko aurrekontu gehigarria dena.
Era horretan, aipatutako Zuzendaritza Kontseiluak aurrekontu gehigarri hori onartu duenez gero, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren 2016ko apirilaren 4ko Ebazpenaren 3. atalean aurreikusten diren 2016ko ekitaldirako diru-laguntzen finantzaketa zabaltzea. Aipatu ebazpen horren bidez, 2016. urtean elektrizitatea ekoizteko energia berriztagarrien instalazioen aldeko inbertsioak sustatzeko deialdia argitaratzen da. Zabaltze edo gehitze horren zenbatekoa ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) eurokoa da. Beraz, programaren gehieneko aurrekontu berria hirurehun eta berrogeita hamar mila (350.000) eurokoa da.
Bigarrena.– Ebazpen honen testu osoa EEEren webgunean (www.eve.eus) argitaratzeko agindua ematea.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke EEEko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluekin bat etorriz.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Bilbao, 2016ko maiatzaren 9a.
Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
PILAR URRUTICOECHEA URIARTE.