EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2016097

30/2016 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren, Kantauriko eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Uraren Euskal Agentziarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea xedatzen duena. Hitzarmen horren bidez gomendioan ematen baitira Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldeko erkidegoarteko arroetan jabari publiko hidraulikoaren alorreko zenbait jarduera.

Xedapenaren zenbakia: 201600030
Xedapenaren data: 2016-05-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201602192
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren, Kantauriko eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Uraren Euskal Agentziarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea. Hitzarmen horren bidez gomendioan ematen baitira Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldeko erkidegoarteko arroetan jabari publiko hidraulikoaren alorreko zenbait jarduera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 6a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 6KO 30/2016 EBAZPENARENA
LANKIDETZA HITZARMENA, NEKAZARITZA, ELIKAD Ura ETA INGURUMEN MINISTERIOAREN, KANTAURIKO ETA EBROKO KONFEDERAZIO HIDROGRAFIKOEN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA UraREN EUSKAL AGENTZIAREN ARTEKOA, ZEINAREN BIDEZ GOMENDIOAN EMATEN BAITIRA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN LURRALDEKO ERKIDEGOARTEKO ARROETAN JABARI PUBLIKO HIDRAULIKOAREN ALORREKO ZENBAIT JARDUERA.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 23a.
HAUEK BILDU DIRA:
Alde batetik:
Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroa, apirilaren 28ko 303/2014 Errege Dekretuaz izendatua. Isabel García Tejerina andrea.
Kantauriko Konfederazio Hidrografikoko lehendakaria, saileko idazkariordearen 2012ko martxoaren 2ko Erabakiaz izendatua. Ramón Álvarez Maqueda jauna.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoko lehendakaria, saileko idazkariordearen 2015eko maiatzaren 5eko Erabakiaz izendatua. Raimundo Lafuente Dios jauna.
Bestetik:
Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua, Lehendakariaren 2015eko abenduaren 15eko 29/2012 Dekretuaz izendatua. Ana Isabel Oregi Bastarrika andrea.
Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia, Lehendakariaren urtarrilaren 29ko 135/2013 Dekretuaz izendatua. Iñigo Ansola Kareaga jauna.
Bi aldeek, nork bere erakundearen ordezkari gisa, hitzarmen hau sinatzeko behar den adinako gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta, horretarako, hau,
ADIERAZTEN DUTE:
Indarreko Uren Legearen testu bateginak –ekainaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onartua– jabari publiko hidraulikoaren alorrean estatuari eta autonomia-erkidegoei dagozkien eskumenak arautzen ditu, Konstituzioak ezarritako estatuaren lurralde-egitura aplikatuz baliabide hidraulikoen kudeaketan, betiere administrazioen eskumenen erabilera baliabidearen erabilera arrazionala eta babes egokia bermatzeko behar den lankidetza-eremuan gauza dadin.
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bitartez onartua– 10.11 artikuluan xedatzen duenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du ur-aprobetxamenduei, kanalei eta ureztaketei dagokienez, urak osoki Euskal Autonomia Erkidegoan barrena doazenean. Estatutu horren 10.33 artikuluan xedatzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lan publikoen gainean, betiere interes orokorraren legezko kalifikaziorik ez badute edo obra horiek egiteak beste lurralde batzuei eragiten ez badie. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak 10.11 artikuluan xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumenak ditu bere lurraldea eta kosta antolatzeko.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskumeneko jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzuzkoak gomendioan eman ahalko zaizkie administrazio bereko edo beste bateko organoei edo erakundeei, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago.
Uren Legearen testu bategineko 17.d) artikuluan xedatutakoaren arabera, Estatuko Administrazio Orokorrak eskumena izango du Euskal Autonomia Erkidegoan zehar soilik igarotzen ez diren arroetako ur-jabari publikoari dagozkien baimenak bideratzeko gomendioa egiteko autonomia-erkidegoei.
1994ko maiatzaren 31n, orduko Herri Lan, Garraio eta Ingurumen Ministerioak eta EAEko Herri-lan eta Garraio Sailak hitzarmen bat sinatu zuten. Hitzarmen horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoari gomendioan eman zitzaion Kantauriko eta Ebroko konfederazio hidrografikoetan jabari publiko hidraulikoari eta horko poliziari buruzko baimenen izapidetzea, eta Kantauriko arroetan plangintza hidrologikoa egiteko lankidetza-irizpideak zehaztu ziren. Hitzarmen hori, zati batean, egun ere indarrean dago.
Herri-administrazioen arteko lankidetza-printzipioaren arabera, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak uste dute interesgarria dela esparru orokor berri bat finkatzea, 1994ko maiatzean finkatutakoa ordezkatu, eta Kantauri itsasora eta Ebroko arrora urak isurtzen dituzten arro hidrografikoen lurralde-eremuan interesdun diren erakundeen jarduketa gauzatuko duena, betiere eraginkortasun- eta koordinazio-irizpideei jarraituz; hori guztia, estatu- zein autonomia-mailan, 1994tik izan diren lege-aldaketak orduan izenpetutako hitzarmenaren baldintzak berrikusi eta egokitzera, eta gomendioan emandako eginkizunen kudeaketan eraginkortasuna handitzera bideratutako administrazio-jarduera antolatzeko neurriak indartzera behartzen duten neurrian.
Alde horretatik, eta esperientzia eta orain arte gomendioan eman diren gaien bilakaera aintzat hartuta, beharrezko da hori indartuko duten gomendioan emateko arlo berriak aztertzea, esaterako autonomia-erkidegoaren berezko eskumenetan eragina duten hirigintzako edo beste izaera bateko txostenak ematea, edo araudiaren bilakaera dela-eta aldatu behar izan diren izapideak egitea.
Ingurumen eta Lurralde Politika Saila, Uraren Euskal Agentziaren bitartez, leihatila bakarra izango da gomendioan emandako jardueretarako.
Kudeatzeko gomendioa administrazio desberdinen artekoa denez, Kudeaketarako gomendio-hitzarmen hau baliabide juridiko gisa hartu behar da hura formalizatzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluan xedatutakoaren arabera. Hori horrela izanik, hitzarmena izenpetzen duten administrazioek honako hau.
ERABAKI DUTE:
Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, atxikita dituen Kantauriko eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari atxikita dagoen Uraren Euskal Agentziari agindua ematen diote Lehen xedapenean jabari publiko hidraulikoari dagokionez ezarrita dauden jarduerak gauzatzeko.
Jarduera horien errealizazioa, honako xedapen hauek arautuko dute:
a) Uren Legearen testu bategina, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak onartua, bereziki 17.d) artikulua, zeinaren bitartez, Estatuko Administrazio Orokorrak eskumena izango baitu ur-jabari publikoari dagozkien baimenak bideratzeko gomendioa egiteko autonomia-erkidegoei.
b) Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuak onartua, eta hari egindako aldaketak.
c) Kantauri Mendebaldeko, Kantauri Ekialdeko eta Ebroko Demarkazio Hidrografikoetan indarrean dauden Plan Hidrologikoetan ezarrita diren xedapenak.
d) Uren eta ingurumenaren alorrean emandako Estatuko gainerako xedapen orokorrak.
e) Autonomia-erkidegoko lege hauek: ekainaren 23ko 1/2006 Legea, Urarena, eta Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra.
f) EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala (azaroaren 19ko 449/2014 Dekretua).
g) Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Antolatu eta Babesteko Lurraldearen Arloko Plana (martxoaren 13ko 43/2007 Dekretua), eta Hezeguneen Lurralde Plan Sektoriala (uztailaren 27ko 160/2004).
h) Hitzarmen honetako zehaztapenak.
Aipatu helburuak betetzeko, xede hauek ezarri dira:
XEDAPENAK
Lehenengoa.– Gomendioan emandako jarduerak.
Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, eremu horretan osorik kokaturik ez dauden arroetan, non urak Kantauri itsasora isurtzen diren –Bidasoa ibaiaren arroa izan ezik–, eta Ebro ibaiaren arroan –beste autonomia-erkidego batzuekin muga egiten duten ibilguak izan ezik– Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari gomendioan ematen zaizkio ondoren aipatzen diren jarduketen burutzapena, non, lurraldea dela-eta partikularrengan eraginik ez izateko, arroaren kudeaketa-batasunaren eta kudeaketaren uniformetasunaren printzipioa bete dadin zainduko baita. Hitzarmena garatzeko gidalerroen eranskinean jasotako baldintzetan egiten da kudeatzeko gomendioa. Eranskin hori dokumentu honi batuta dago eta dokumentuaren zati bereizezina da.
a) Jabari publiko hidraulikoari eta zortasun-eremuei eta ibilgu-poliziari buruzko baimenen izapidetzea –ebazpen-proposamena egin artekoa– emakida-tituluei lotutako baimenena izan ezik. Proposamenak Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari edo Ebroko Konfederazio Hidrografikoari zuzenduko zaizkio, kasuan kasu, eskumena duen organoak ebatz dezan, hitzarmena garatzeko gidalerroetan ezarritakoaren arabera.
b) Uren Legearen testu bateginaren 51. artikuluan jasota dauden erantzukizunpeko adierazpenen izapidetzea, Zerbitzu-jardueretara oztoporik gabe iristeari eta zerbitzuetan oztoporik gabe jarduteari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legearen 3.9 artikuluan xedatutakoari jarraituz. Uren Legearen testu bategina uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onartu zen.
c) Jabari publiko hidraulikoaren polizia-, zaintza- eta kontrol-lanak. Eginkizun horiek gidalerroen eranskinean zehazten dira, eta bidea emango dute Uraren Euskal Agentziak kasuan-kasuan eman beharreko ebazpen-proposamenak egin ditzan.
d) Zehapen-espedienteak izapidetzea ebazpen-proposamena egiten den arte, zeina Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari edo Ebroko Konfederazio Hidrografikoari zuzenduko baitzaizkio, kasuan kasu, eskumena duen organoak ebatzi dezan. Uraren Euskal Agentziak proposatuko ditu instrukzio-egileak, horretarako gaitasun nahikoa duten teknikarien artetik, eta dagokion konfederazio hidrografikoaren lehendakariak izendatuko. Espedienteak arinago izapidetzeko, urtero emango den ebazpen bakar baten bitartez egingo dira izendapenak.
e) Uren Legearen testu bateginaren 25.4 artikuluan aurreikusitako txostenaren proposamena egitea Kantauriko eta Ebroko konfederazio hidrografikoei.
f) Poluzioaren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko 16/2002 Legearen 19. artikuluan aipatzen den txosten loteslearen proposamena egitea Kantauriko eta Ebroko konfederazio hidrografikoei. Ingurumeneko baimen bateratua eskatzen zaien jarduerak baimentzeko espedienteetan eman behar da txosten hori.
Bigarrena.– Gomendioa eta administrazioen arteko harremanak gidatzen dituzten printzipioak.
1.– Gomendioan emandako jarduera guztietan, Uraren Euskal Agentzia izango da herritarrentzako leihatila bakarra. Horretarako, dagokion hitzarmena izapidetu behar da Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioarekin. Edozein administrazio izenpetzaileren aurrean interesdunek aurkeztutako dokumentuak Uraren Euskal Agentziara bidaliko dira, hitzarmen honetan aurreikusitako kudeaketa-gomendioa gauza dadin.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dagoen jabari publiko hidraulikoaren kudeaketa homogeneoa bermatzeko moduan garatuko da gomendioa, zein arro hidrografikoko den kontuan hartu gabe.
3.– Gomendioan emandako jardueretan, Uraren Euskal Agentziak bermatuko du jabari publiko hidraulikoaren babesa eta kudeaketa arautzen duten estatuko arauak betetzen direla.
4.– Gomendioaren erabilera errazteko, hitzarmen hau izenpetzen duten administrazioek ezarriko dituzte, Batzorde Mistoan, informazioa etengabe trukatzeko bideak, bereziki, gomendioaren administrazio-espedienteen edukiari buruzko informazioa. Hitzarmen honen 5. xedapenak ezarritakoaren arabera, Batzorde Mistoari egokituko zaio, baita ere, gomendioa aplikatzeko irizpide teknikoak finkatzea, indarrean dagoen legediaren esparruan.
5.– Estatuaren administrazioak esleitutako aprobetxamenduen gaineko informazio eguneratua emango du, jabari publiko hidraulikoaren polizia-lanetan babesa ematea eta lankidetza errazteko.
6.– Gomendioan emandako espedienteak izapidetzean, baldin eta dagokion konfederazio hidrografikoak uste badu bidezkoa dela Uraren Euskal Agentziak egindako proposamena aldatzea, aldaketak zein baldintzetan egingo diren argitzeko eta zehazteko behar diren harremanak izan eta gero, Uraren Euskal Agentziak proposamen berri bat egingo du, 30 eguneko epean, eta proposamen hori bidezkotzat hartzen bada, ebazteko aurkeztuko da; bestela, konfederazio hidrografikoak bidezko ebazpena emango du.
Hirugarrena.– Errekurtsoak.
Gomendioaren esparruan izapidetutako prozeduretan emandako ebazpenen aurka jarritako aurkaratzeak eta errekurtsoak Uraren Euskal Agentziara bidaliko dira txostena egiteko, horretarako eskumena duen organoak ebazpena eman aurretik.
Laugarrena.– Gomendioan emandako jardueretatik sortutako konpentsazio ekonomikoa.
Gomendio honen xede diren jarduerak burutzeko kostu ekonomikoa konpentsatzeko, Uraren Euskal Agentziak 750.000 euro jasoko ditu urtean.
Zenbateko hori ekitaldia amaitu ondoren ordainduko du Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, bederatzigarren xedapenean ezarritako hitzarmenaren indarraldian, ondoren zehazten den banaketaren arabera:
Uraren Zuzendaritza Nagusiak 350.000 euro ordainduko ditu urtean, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren 23 aurrekontu-aplikazioaren kargura, 05 Zerbitzua – Uraren Zuzendaritza Nagusia, 456A, programa, 6. kapitulua, 64. artikulua, 640 kontzeptua.
Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak 200.000 euro ordainduko ditu urtean, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren 23 aurrekontu-aplikazioaren kargura, 102 Erakundea – Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, 456A Programa, 6. kapitulua, 64. artikulua, 640 kontzeptua.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoak 200.000 euro ordainduko ditu urtean, honako aurrekontu-aplikazio hauen kargura:
– 100.000 euro urtean: Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren 23 aurrekontu-aplikazioa, 104 Erakundea – Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, 452A Programa, 6. kapitulua, 64. artikulua, 640 kontzeptua.
– 100.000 euro urtean: Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren 23 aurrekontu-aplikazioa, 104 Erakundea – Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, 456A Programa, 6. kapitulua, 64. artikulua, 640 kontzeptua.
Bosgarrena.– Jarraipen eta kontrol batzorde mistoa.
Hitzarmen hau ondo betetzeko, Jarraipen eta Kontrol Batzorde Mistoa sortzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko hiru ordezkarik eta Estatuko administrazio orokorreko honako hiru ordezkari hauek osatua: Jabari Publiko Hidraulikoko Kudeaketa Integratuko zuzendariorde nagusia, edo, hala badagokio, haren eskumenak bereganatzen dituena, eta Kantauriko eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoetako uren komisarioak. Batzordeko kideak ezin badira joan deitutako bileretara, beraiek izendatutako enplegatu publikoak bidali ahalko dituzte euren ordez. Ordezkoek arloburuaren kualifikazio teknikoa eta maila administratiboa izan beharko dute.
Batzorde Mistoak oinarrizko eginkizun hauek izango ditu:
– Hitzarmen hau interpretatzean eta betetzean sor daitezkeen zalantzak argitzea, eta alderdiei proposatzea behar diren diren erabakiak har ditzaten.
– Gomendioa aplikatzeko irizpide teknikoak finkatzea, indarrean dagoen legediaren barruan.
– Beharrezko bada, kudeatzeko gomendioaren kostuen bilakaera aztertuko duen txosten ekonomiko bat egitea, eta konpentsazio ekonomiko egoki bat proposatzea alderdiei.
– Hitzarmena berrikusteko proposatzea.
– Txosten bat egitea urtean behin, gomendio-hitzarmena zenbateraino bete den eta hitzarmena hobeto betetzeko gauzatu daitezkeen neurriak jasoko dituena.
Batzorde Mistoa gutxienez urtean behin bilduko da, eta baita alderdietako batek eskatzen duen bakoitzean ere, bereziki hitzarmena arau-aldaketetara egokitu behar denean.
Batzorde Mistoak, bere jarduketari eta funtzionamenduari dagokienez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan kide anitzeko organoentzat xedatutakoa bete beharko du.
Seigarrena.– Epeak.
Gomendioan emandako izapideak ebazteko eta legez ezarritako epeetan interesdunei jakinarazpena egiteko moduan egin behar dira, eta, betiere, gidalerroen eranskinean ezarritako epeen arabera.
Zazpigarrena.– Hitzarmena aldatzea eta salatzea.
Hitzarmen hau izenpetzeko aintzat hartutako indarreko araudian aldaketaren bat gertatzen bada, alderdi izenpetzaileek berrikusi egin beharko dute hitzarmena araudi berrira egokitzeko, aldaketa horiek ezarritako epean, betiere baldin eta lege-aldaketa horiek eraginik badute hitzarmeneko xedapenen edukian.
Alderdi izenpetzaileetako edozeinek salatu ahalko du hitzarmena, idatziz. Honako hauek izango dira salatzeko arrazoiak:
a) Alderdientzako, gomendio-hitzarmeneko baldintzak behin eta berriz ez betetzea. Kasu horretan, audientzia eman beharko zaio beste alderdiari.
b) Alderdietako batek aipatu gomendioa baliorik gabe uzteko nahia izatea, gutxienez sei hilabete lehenago idatziz adierazita beste alderdiari.
c) Alderdi izenpetzaileek adostasunez hala erabakitzea.
d) Hitzarmena iraungitzea dakarten legezko xedapenak indarrean sartzea.
Kasu guztietan, iraungitzeko arrazoi zehatzaren arabera eta bideratzen ari diren jarduketen egoera partikularra aintzat hartuta ezarriko da horiek amaitzeko modua.
Bereziki, dagokion gomendioaren likidazio ekonomikoa egingo da hitzarmen honen laugarren xedapenean aurreikusitakoaren arabera.
Zortzigarrena.– Informazio eguneratua izateko sistemak.
Gomendio-hitzarmenaren esparruan, administrazio izenpetzaileek izaera teknikoko lantalde bat sortzea erabaki dute, administrazio bakoitzeko langileez osatua, bi administrazioek informazio eguneratua aldi berean izateko aukera emango dieten komunikazio- eta prozedura-sistema egokiak ezartzeko, egun dauden bitarteko telematikoetan oinarrituta.
Helburu hori lortzeko egin behar diren lan teknikoak amaituta egon beharko dute 2017ko uztailaren 31rako.
Lantaldea osatzeaz gain, eta, administrazio izenpetzaileek espedienteen datuak eta egoera hobeto ezagutu ditzaten kudeaketa eraginkor bat burutu ahal izateko, administrazio horiek erabaki dute hitzarmen hau izenpetu eta hiru hilabeteko epean Kantauriko eta Ebroko konfederazio hidrografikoek Uraren Euskal Agentziari eskura dituzten zerrendak helaraziko dizkiotela; zerrenda horiek jabari publiko hidraulikoaren erabilera-kanonak likidatzeko eta isurketak kontrolatzeko oinarritzat hartzen dira, Uren Legearen testu bateginaren 112. eta 113. artikuluetan, hurrenez hurren, aurreikusitakoaren arabera.
Bederatzigarrena.– Eraginkortasun juridikoa eta iraupena.
Hitzarmen honek 1994ko maiatzaren 31n izenpetutakoa ordezten du, ondorio guztietarako.
Hitzarmen honek ondorio juridikoak izango ditu izenpetzen den egunetik aurrera, eta lau urteko iraunaldia izango du, alderdi interesdunetako batek berariaz salatzen ez badu behintzat, zazpigarren xedapenari jarraituz.
Hasierako lau urteko epea, berariaz luzatuko da lau urteko segidako aldizka, hitzarmen honetako alderdi izenpetzaileetatik edozeinek berariaz salatzen ez badu behintzat.
Hurrengo luzapenetarako beharrezko izango da kontuan hartzea administrazio bakoitzak aurrekontu-arrazoiak direla-eta egin behar dituen barne-izapideak, laugarren xedapenean aurreikusitako prestazio ekonomikoa betetzeko hartu beharreko konpromiso finantzarioak hartzeko.
Eta horrela jasota gera dadin, aurreko guztiarekin ados daudela adierazteko, alderdi interesdunek agiri hau sinatu dute, adierazitako lekuan eta egunean.
ERANSKINA, KUDEATZEKO GOMENDIOA GARATZEKO GIDALERROEI BURUZKOA.
Gidalerro-dokumentu honen xedea da gomendioan emandako jarduera nagusiak eta horien prozedurak biltzea, administrazio- edo prozedura-xehetasunak barne hartuta. Izan ere, ulertzen den arren gomendioan sartuta daudela, ez dira berariaz aipatzen ezin delako xehetasun horietan sartu.
Gomendioa betetzeko, alderdi gomendatzaileak eta eginkizuna gomendioan jaso duen alderdiak ahalik eta arreta gehien jarri beharko dute prozedurak izapidetzean. Horretarako, proposamenak aurrerapenez egingo dira, ebazpen-epea bete baino hilabete eta erdi aurretik gutxienez, administrazio gomendatzaileak arauz ezarritako epeetan ebatzi ahal dezan. Era berean, administrazio gomendatzaileak arreta jarriko du ebazpen-proposamenak jaso eta hilabeteko epean emateko ebazpenak.
Eranskin honetan zehazten diren jarduerak berrikusi eta egokitu egin beharko dira, ahalik eta efizientzia gehien lortzeko jarduerok burutzean, eta administrazio-espedienteen izapidetze elektronikorako teknologia berriak ezartzeko.
I.– Baimenen izapidetzea.
1.– Obra-baimenak.
2.– Isurketa-baimenak.
II.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
III.– Jabari publiko hidraulikoaren zaintza, kontrola eta polizia.
IV.– Zehapen-espedienteen izapidetzea.
V.– Uren legearen testu bateginaren 25.4 artikuluan aurreikusitako txostenaren proposamena lantzea hirigintza-txostenak.
VI.– 16/2002 legearen 19. artikuluko txosten loteslearen proposamena lantzea. ingurumeneko baimen bateraturako txostenak.
I.– Baimenen izapidetzea.
I.1.– Obrak egiteko baimenak.
Urak egin beharrekoa:
– Eskabidea eta dokumentazioa jaso eta erregistratzea. Horiek konfederazioetako edozeinetan aurkezten badira, erregistratu eta Urara bidaliko dira.
– Espedientea irekitzea. Espedientea irekiko da, hala badagokio, hilabete bete baino lehenago, eskabidea sarrera-erregistroan sartzen den egunetik kontatzen hasita.
– Eskatzaileari jakinaraztea espedienteari hasiera eman zaiola, adieraziz berez KHaren eskumena dela hori baina, izenpetutako kudeatzeko gomendioaren arabera, ebazpen-proposamena egin arteko izapideak Ura ur agentziak egingo dituela. Hilero, jakinarazpen horien kopiak dagokion konfederazio hidrografikoari bidaliko zaizkio.
– Beharrezko bada, ebazpen-proposamena egiteko dokumentazio osagarria bidal dezan eskatuko zaio eskatzaileari, berariaz adieraziz zenbateko epea duen erantzuteko, eta jakinaraziz ebazteko epea eten egiten dela eskatutako dokumentazioa jasotzen den arte. Epea igarota, eskatzaileak ez baditu bete izapideak, konfederazio hidrografikora bidaliko da espedientea, artxibatzeko proposamenarekin batera, dagokiona egin dezan.
– Ingurumen-izapidetzea, beharrezko bada. Sustatzaileari jakinaraztea ingurumen-izapideak bete behar dituela, eta ingurumen-dokumentua eskatzea.
– Bidezkoa bada, jendaurreko informazioa emateko testua idatzi eta dagozkion lurralde historikoko aldizkari ofizialera eta udalera bidaltzea, iragarki-oholean argitara dezaten.
– Kasu bakoitzean bidezko diren txostenak eskatzea, kasuan kasu, Eusko Jaurlaritzako beste erakunde batzuei, foru-aldundiei eta udalei.
– Jendaurreko informazioa eman izanaren ziurtagiria.
– Bidezkoa bada, lekuan bertan ikustea ibai-zaintzarik edo zaintza teknikorik behar den.
– Txosten teknikoa eta betekizun partikularren proposamena. Ingurumen-izapidetzerik egin bada, horren baldintzak sartu behar dira.
– Entzunaldiaren izapidea, beharrezkoa bada.
– Ebazpen-proposamena –gaztelaniaz edo euskaraz eta gaztelaniaz idatzita–, zein konfederazio hidrografikora bidali beharko baita hark aintzat har dezan, eta jatorrizko espediente osoa. Espediente hori euskaraz idatzia izan ahalko da, honako dokumentuak izan ezik: a) eskatzailearen eskabidea, b) txosten teknikoa eta proiektu teknikoaren ondorioak.
KHak egin beharrekoa:
– Ebazpen-proposamena eta jatorrizko espediente osoa jasotzea.
– Ebazpen-proposamenaren azterketa teknikoa eta administratiboa.
– Uste bada bidezkoa dela Urak egindako proposamena aldatzea –aldaketak argitzeko eta aldaketen baldintzak zehazteko behar diren hartu-emanak izan ondoren– Urak beste proposamen zuzendu berri bat egingo du, 30 eguneko epean, zeina, bidezkotzat hartzen bada, ebazteko aurkeztuko baita. Bestela, KHak ebatziko du.
– Ebazpena izenpetu eta Urara bidaltzea, eskatzaileari helaraz diezaion.
Urak egin beharrekoa:
– Ebazpena jasotzea.
– Ebazpena eskatzaileari, erakunde eta espedienteko interesdunei. Bidalketa hori euskaraz egin ahalko da, espedientea ireki dela jakinarazteko idazkirako adierazitako baldintzetan, Uraren logotipoa jarriko da eta adierazi KHa dela organo eskuduna.
– KHra bidaltzea eskatzaileari ebazpena jakinarazi izanaren agiria.
– obrak egiteko epea amaitu ondoren, Urako zerbitzu teknikoek ebazpenean ezarritakoa bete dela egiaztatu eta KHra bidaliko dute dagokion txostena, kasuan-kasuan egin beharrekoa egin dezaten.
KHak, aginduzko izapideak bete direla egiaztatu ondoren, espedientea eta jatorrizko dokumentazioa artxibatuko ditu bulegoan.
Uneren batean, beharrezko bada izapide osagarriren bat egitea emandako baimenari dagokionez –titulartasun-aldaketak, luzapena, eta abar–, lehenago deskribatutako prozedurari jarraituko zaio.
I.2.– Isurketa-baimenak.
Urak egin beharrekoa:
– Eskabidea eta dokumentazioa jaso eta erregistratzea. Horiek konfederazioren batean aurkezten badira, erregistratu eta kopiak Urara bidaliko dira.
– Espedientea irekitzea. Espedientea irekiko da, hala badagokio, hilabete bete baino lehenago, eskabidea sarrera-erregistroan sartzen den egunetik kontatzen hasita.
– Eskatzaileari jakinaraztea espedienteari hasiera eman zaiola, adieraziz berez KHaren eskumena dela hori baina, izenpetutako kudeatzeko gomendioaren arabera, ebazpen-proposamena egin arteko izapideak Ura ur agentziak egingo dituela. Berariaz adieraziko da izapidetzeko legezko epea. Hilero, jakinarazpen horien kopiak dagokion KHra bidaliko dira.
– Beharrezko bada, dokumentazioa eskatuko zaio, adieraziz zenbateko epea duen errekerimendua betetzeko; epea igarota, eskatzaileak ez baditu bete izapideak, KHari bidaliko zaio espedientea, artxibatzeko proposamenarekin batera, dagokiona egin dezan.
– Dokumentazioa aztertzea eta, hala badagokio, bertatik bertarako bisitaldia.
– Jendaurreko erakustaldiaren izapidea egin aurreko txostena.
– Isurketa ez bada bidezkoa, ukapen-proposamena bidaltzea eta jatorrizko espediente osoa KHari helaraztea.
– Bidezkoa bada, jendaurreko informazioa emateko testua idatzi eta dagozkion lurralde historikoko aldizkari ofizialera eta udalera bidaltzea, iragarki-oholean argitara dezaten.
– Kasu bakoitzean bidezko diren txostenak eskatzea, kasuan kasu, Eusko Jaurlaritzako beste erakunde batzuei, foru-aldundiei eta udalei.
– Jendaurreko informazioa eman izanaren ziurtagiria.
– Txosten tekniko-administratiboa.
– Baldintzen aurreko proposamena –gaztelaniaz edo euskaraz eta gaztelaniaz idatzita– KHra bidaltzea, hark aintzat har dezan, jatorrizko espediente osoarekin batera. Espediente hori euskaraz idatzia izan ahalko da, honako dokumentuak izan ezik: a) eskatzailearen eskabidea, b) txosten teknikoa eta proiektu teknikoaren ondorioak.
KHak egin beharrekoa:
– Baldintzen aurreko proposamena eta jatorrizko dokumentazioa jasotzea.
– Espedientearen azterketa teknikoa eta administratiboa.
– Baldintzen aurreko proposamenarekin bat datorren edo bat ez datorren txosten tekniko bat idaztea, adierazita, hala badagokio, egin beharreko aldaketak.
– KHaren adostasuna baldintzen proposamenarekin, eta Urara bidaltzea.
– Uste bada bidezkoa dela Urak egindako proposamena aldatzea –aldaketak argitzeko eta aldaketen baldintzak zehazteko behar diren hartu-emanak izan ondoren– Urak beste proposamen zuzendu berri bat egingo du, 30 eguneko epean, zeina, bidezkotzat hartzen bada, ebazteko aurkeztuko baita. Bestela, KHak ebatziko du.
Urak egin beharrekoa:
– Onespena jasotzea eta eskatzaileari jakinaraztea.
– Alegazio-txostena, hala badagokio.
– KHra bidaltzea baldintzen ebazpen-proposamena eta, hala badagokio, alegazioak eta dagokion txostena.
– Uste bada bidezkoa dela Urak egindako proposamena aldatzea –aldaketak argitzeko eta aldaketen baldintzak zehazteko behar diren hartu-emanak izan ondoren– Urak beste proposamen zuzendu berri bat egingo du, 30 eguneko epean, zeina, bidezkotzat hartzen bada, ebazteko aurkeztuko baita. Bestela, KHak ebatziko du.
KHak egin beharrekoa:
– Dokumentazioa eskuratzea.
– Espedientearen azterketa teknikoa eta administratiboa.
– Isurketa-baldintzak onartzeko ebazpena, eta Urara bidaltzea.
Urak egin beharrekoa:
– Ebazpena eskatzaileari, erakunde eta espedienteko interesdunei helaraztea. Bidalketa hori euskaraz egin ahalko da, espedientea ireki dela jakinarazteko idazkirako adierazitako baldintzetan; bertan, Uraren logotipoa jarriko da eta adierazi KHa dela organo eskuduna.
– KHra bidaltzea eskatzaileari egindako jakinarazpenaren egiaztagiria.
Arazketa-instalazioen azken ikuskapena.
Urak egin beharrekoa:
Urak izapidetuko du prozedura, honako hauetatik dagokiona sartuz:
– Dokumentazioa jasotzea: eskatzailearen jakinarazpena edo txostena eta administrazio hidraulikoaren erakunde laguntzailearen analisiak.
– Dokumentazio osagarria eskatzea, bidezkoa bada.
– Egiaztatzea arazketa-instalazioak KHak aurretik onartutako baldintzen arabera eraiki direla.
– Azken ikuskapenaren eta isurketa-baimenaren ebazpen-proposamena.
– Azken ikuskapenaren eta isurketa-baimenaren ebazpen-proposamena KHra bidaltzea.
KHak egin beharrekoa:
– Proposamena eta jatorrizko dokumentazioa jasotzea.
– Espedientearen azterketa tekniko-administratiboa eta txostena egitea.
– Uste bada bidezkoa dela Urak egindako proposamena aldatzea –aldaketak argitzeko eta aldaketen baldintzak zehazteko behar diren hartu-emanak izan ondoren– Urak beste proposamen zuzendu berri bat egingo du, 30 eguneko epean, zeina, bidezkotzat hartzen bada, ebazteko aurkeztuko baita. Bestela, KHak ebatziko du.
– Isurketa-baimena emateko prozeduraren ebazpena, eta Urara bidaltzea.
Urak egin beharrekoa:
– Ebazpena jasotzea.
– Ebazpena eskatzaileari eta erakunde interesdunei helaraztea. Bidalketa hori euskaraz egin ahalko da, espedientea ireki dela jakinarazteko idazkirako adierazitako baldintzetan; bertan, Uraren logotipoa jarriko da eta adierazi KHa dela organo eskuduna.
– KHra bidaltzea eskatzaileari egindako jakinarazpenaren egiaztagiria.
KHak, aginduzko izapideak bete direla egiaztatu ondoren, espedientea eta jatorrizko dokumentazioa artxibatuko ditu bulegoan.
Beste izapidetze-prozedura batzuk.
– isurketa-espedienteei buruzko gainerako prozeduretarako –titulartasun-aldaketak, aldaketak, errekurtsoak, iraungitzeak edo isurketa ez baimenduak esaterako– dagokion izapidean adierazitako moduan jokatuko da, betiere uren-araudian ezarritakoa aintzat hartuta.
II.– Erantzukizunpeko Adierazpena.
Urak sarrera emango die Uraren edozein bulegotan, jasotzen diren erantzukizunpeko adierazpenei.
Erantzukizunpeko adierazpena aztertu ondoren, ikusten bada datu, adierazpen edo dokumenturen bat zehatz ez dela eman edo faltsutu egin dela, edo egiaztatzen bada aplikagarria den legedian ezarritako eskakizunen bat ez dela betetzen, erantzukizunpeko adierazpen hori KHra bidaliko da, eskatutakoa ukatzea proposatuko den idazki batekin batera.
Erantzukizunpeko adierazpena aztertu, eta egiaztatzen bada indarreko legedian ezarritako eskakizunak betetzen direla, KHra bidaliko da erantzukizunpeko adierazpen hori, jarduketa eskatutako baldintzetan gauzatzea bidezkoa dela proposatzen duen idazki batekin batera.
Baldin eta KHak jarduketa gehigarriren bat egiten badu –nabigaziorako matrikula-plakak eta abar– komunikazio bat bidaliko du Urara, horren berri emateko.
III.– Jabari publiko hidraulikoaren zaintza, kontrola eta polizia.
Urak bere ikuskatzaileen bitartez egingo ditu bere laguntza-lanak jabari publiko hidraulikoaren eta haren zortasun-eremuen eta ibilguetako polizia-eremuen zaintzan.
Zaintzako ohiko lanak.
Zaintzan laguntzea ibilguak, horien ertzak eta eragin-eremuak bisualki ikuskatzean datza, horietan garatzen diren jarduera guztiak uren-araudian ezarritakoa betetzen dutela kontrolatzeko.
Ikuskapenaren helburua da antzematea zeintzuk diren arroko erakundearen baimena behar duten jarduerak –obrak edo hondakin-uren isurketak, esaterako– edo erantzukizunpeko adierazpena –nabigaziorako, adibidez– eta uren-araudiari buruzko informazioa ematea herritarrei eremuan bertan.
Obrak egiteko baimenekin eta erantzukizunpeko adierazpenekin lotutako ustezko arau-hausteak antzematea.
Urak egin beharrekoa:
– Arau-hauste bat detektatzen bada, edo salaketa bat jasotzen, eremura bisita bat egingo da eta dagokion txostena idatzi, gertakariak deskribatuz, arau-hausle posiblearen datuak, argazkiak eta koordenadak emanez, bai eta interesgarri izan daitekeen bestelako informaziorik ere.
– Dokumentazioa arloburuari helaraztea, kalte-balorazioa egin dezan jasotako informazioaren arabera, eta txosten teknikoa idaztea, zehapen-prozedura hastea, edo ez, proposatuz; kasu horretan, gidalerro hauen IV. atalean ezarritakoaren arabera jokatuko da.
Jabari publiko hidraulikora egindako isurketen inguruan egin daitezkeen arau-hausteak detektatzea.
Urak egin beharrekoa:
– Baimenik gabeko isurketa bat detektatzen bada, eremuan bertan biltzea gertakari guztien eta arau-hausle posiblearen datuak, argazkiak eta koordenadak, bai eta interesgarri gerta daitekeen bestelako edozein informazio ere.
– Laginak hartu eta laborategira bidaltzea, analizatzeko.
– Uran jasotzea analisiaren emaitzak.
– Dokumentazioa arloburuari bidaltzea, analisiaren emaitzen arabera kalteak baloratzeko eta txosten teknikoa idazteko, zehapen-prozedura hastea, edo ez, proposatuz.
– Proposamena KHra bidaltzea, gidalerro hauetako IV. atalean deskribatzen diren faseei jarraituz.
Aprobetxamendu araugabeen inguruan gerta daitezkeen arau-hausteak detektatzea.
Urak egin beharrekoa:
– Aprobetxamendu araugabe bat detektatzen bada, eremuan bertan biltzea gertakari guztien eta arau-hausle posiblearen datuak, argazkiak eta koordenadak, bai eta interesgarri gerta daitekeen bestelako edozein informazio ere.
– Dokumentazioa arloburuari bidaltzea, jasotako informazioaren arabera kalteak baloratzeko eta txosten teknikoa idazteko, zehapen-prozedura hastea, edo ez, proposatuz.
Aprobetxamenduak ikuskatzea:
KHak egin beharrekoa:
Esleitutako emakidak jasotzen dituzten zerrendak Urara bidaltzea.
Urak egin beharrekoa:
– emakida-eskubideen erabilera desegokia detektatzen bada, eremuan bertan gertakari guztien eta arau-hausle posiblearen datuak biltzea, argazkiak eta koordenadak, bai eta interesgarri gerta daitekeen bestelako edozein informazio ere.
– dokumentazioa KHra bidaltzea.
Hertsapen-isunak ezartzeko bisitak.
Urak egin beharrekoa:
– agoenekoz ebatzita dauden zehapen-espedienteetan, eremuan bertan begiratzea gertakariak salatu zireneko egoera berean ote dauden.
– txostena idaztea eta KHra bidaltzea.
Espedienteak artxibatzea.
KHak, aginduzko izapideak bete direla egiaztatu ondoren, espedientea eta jatorrizko dokumentazioa artxibatuko ditu bulegoan.
IV.– Zehapen-Espedienteak Izapidetzea.
Urak egin beharrekoa:
– Salaketa, ofizioz edo hirugarren batek egina, jasotzea eta erregistratzea. Salaketa konfederazioetako edozeinetan aurkezten bada, horren kopia Urara bidaliko da.
– Txosten teknikoa, zehapen-prozedura hastea, edo ez, proposatzen duena. Prozedura hasteko arrazoirik ez badago, KHari proposatuko zaio zehapen-prozedura ez hastea. Kautelazko neurriak hartzea ere proposa daiteke.
– Prozedura hasteko edo ez hasteko erabakia hartzea, eta, bidezkoa bada, kautelazko neurriak hartzekoa.
– KHari helaraztea –erabakitzen den aldizkakotasunez– izapidetu diren prozedura hasteko edo ez hasteko erabakiei buruzko informazioa.
– Kargu-orria egin eta interesdunari helaraztea.
– Kargu-orriari egindako alegazioak aztertzea, halakorik baldin badago.
– Entzunaldiaren izapidea, bidezkoa bada.
– Frogak egitea, bidezkoa bada.
– Ebazpen-proposamena, instrukzio-egileak egina.
– Espedientea KHra bidaltzea. Espediente osoa bidaliko da, instrukzio-egilearen proposamenari egindako alegazioekin eta Urak egindako ebazpen-proposamenarekin batera.
– Urtero, instrukzio-egileen proposamena hasten diren zehapen-espedienteetarako.
KHak egin beharrekoa:
– Urtero, hasten diren zehapen-espedienteetako instrukzio-egileek egindako proposamena ebatziko du.
– Espedientea jasotzea. Arroko erakundeak espedientea jaso beharko du prozedura iraungitzeko epea bete baino hilabete lehenago gutxienez. Aurreko epea lau hilabetekoa izango da arau-hauste astunentzako eta oso astunentzako.
– Espedientea aztertzea.
– Ebazpena, organo eskudunak emana.
– Zehapen-ebazpena interesdunei jakinaraztea.
– Ebazpenaren kopia eta jakinarazpenarena Urara bidaltzea.
Urak egin beharrekoa:
– KHari jakinaraziko dio zehatuak ebazpenean ezarritako betebeharrak bete ote dituen.
KHak, aginduzko izapideak bete direla egiaztatu ondoren, espedientea eta jatorrizko dokumentazioa artxibatuko ditu bulegoan.
V.– Uren legearen testu bateginaren 25.4 artikuluan aurreikusitako txostenaren proposamena lantzea hirigintza-txostenak.
Uren inguruko sektore-txostenaren eskabideak –autonomia-erkidegokoak zein toki-erakundeetakoak– Uren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 25.4 artikuluan edo Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legeko 7.k) artikuluan xedatutakoa betetzeko eskakizunean oinarrituko dira.
Urak egin beharrekoa:
– Eskabidea eta dokumentazioa jaso eta erregistratzea. Horiek konfederazioren batean aurkezten badira, erregistratu eta kopiak Urara bidaliko dira.
– Eskabidea eta jatorrizko dokumentazioa KHra bidaltzea.
– Eskatzaileari jakinaraztea bere eskabidea KHra bidali dela, administrazioarteko lankidetza dela-eta ohiko denez, eta Uraren bitartez jasoko duela arroko erakundearen sektore-txostena, Uren Legearen testu bateginaren 25.4 artikuluan ezarritakoaren arabera. Eskatzaileari egiten zaion jakinarazpenean adieraziko da txostena kontrakoa dela ulertu beharko dela jarritako epean ez bada egiten.
– KHra bidaltzea eskatzaileari egindako jakinarazpena.
– Beharrezko bada, txosten-proposamena egiteko dokumentazio osagarria bidal dezan eskatuko zaio eskatzaileari, berariaz adieraziz zenbateko epea duen erantzuteko, eta jakinaraziz sektore-txostena egiteko epea eten egiten dela eskatutako dokumentazioa jasotzen den arte.
– KHra bidaltzea eskatzaileari egindako errekerimendua.
– Txosten-proposamena egiteko behar den dokumentazio osagarria jaso eta erregistratzea.
– Txosten-proposamena egiteko behar den dokumentazio osagarria KHra bidaltzea.
– Txosten-proposamena, zein KHra bidali beharko baita hark aintzat har dezan, ahal bada eraginen azterketa kartografikoarekin batera –formato digitalean– sektore-txostena emateko ezarritako epea amaitu baino gutxienez hilabete lehenago.
KHak egin beharrekoa:
– Txosten-proposamena jasotzea.
– Proposamena aztertu eta txostena ematea.
– Txostena Urara bidaltzea, eskatzaileari helaraz diezaion.
Urak egin beharrekoa:
– Txostena jaso eta eskatzaileari bidaltzea.
– KHra bidaltzea eskatzaileari egindako jakinarazpenaren egiaztagiria.
KHak, aginduzko izapideak bete direla egiaztatu ondoren, espedientea eta jatorrizko dokumentazioa artxibatuko ditu bulegoan.
VI.– 16/2002 Legearen 19. artikuluko txosten loteslearen proposamena lantzea ingurumeneko baimen baterat Urako txostenak.
Urak egin beharrekoa:
– Eskabidea eta dokumentazioa jaso eta erregistratzea. Horiek konfederazioren batean aurkezten badira, erregistratu eta kopiak Urara bidaliko dira.
– Eskabidea eta jatorrizko dokumentazioa KHra bidaltzea.
– Beharrezkoa bada, txosten-proposamena egiteko dokumentazio osagarria bidal dezan eskatuko zaio ingurumeneko baimen bateratua emateko eskumena duen organoari, berariaz adieraziz zenbateko epea duen erantzuteko, eta jakinaraziz sektore-txostena egiteko epea eten egingo dela eskatutako dokumentazioa jasotzen den arte.
– Eskatutako dokumentazio osagarria jaso eta erregistratzea.
– KHra bidaltzea ingurumeneko baimen bateratua emateko eskumena duen organoari egindako errekerimendua eta jasotako dokumentazio osagarria.
– Txosten-proposamena, zein KHra bidali beharko baita dagoeneko bidali ez den jatorrizko dokumentazioarekin batera, hark aintzat har dezan, sektore-txostena emateko ezarritako epea amaitu baino gutxienez bi hilabete lehenago.
– KHak egindako txostena bidaltzea ingurumeneko baimen bateratua emateko eskumena duen organoari, Konfederazio Hidrografikoarentzako jakinarazpenaren egiaztagiriarekin batera.
KHk egin beharrekoa.
– Txosten-proposamena eta dagoeneko bidalita ez dagoen jatorrizko dokumentazioa jasotzea.
– Proposamena aztertu eta sektore-txostena ematea.
– Hori Urara bidaltzea, hark eskumena duen organora bidal dezan.
KHak, aginduzko izapideak bete direla egiaztatu ondoren, espedientea eta jatorrizko dokumentazioa artxibatuko ditu bulegoan.
Ingurumeneko baimen bateratuari lotutako beste prozedura batzuetarako –aldaketak, errekurtsoak edo iraungitzeak, esaterako– lehen deskribatutako prozeduraren arabera jokatuko da, Poluzioaren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legean eta hura garatzeko araudian ezarritakotik ondorioztatutako berezitasunei kalterik egin gabe.