EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2016096

37/2016 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, programa-kontratua Euskal Irrati Telebista Herri Erakundearekin (EITB), 2016-2019 aldirako xedatzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201600037
Xedapenaren data: 2016-05-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201602157
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1982/06/02an argitaratutako 1982/05/20ko 198200005 LEGEA

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio programa kontratua sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea 2016-2019 aldirako Euskal Irrati Telebista Herri Erakundearekin (EITB) egindako programa-kontratuaren testua; eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 9a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 9KO 37/2016 EBAZPENARENA
PROGRAMA-KONTRATUA EUSKAL IRRATI TELEBISTA HERRI ERAKUNDEAREKIN (EITB) 2016-2019 ALDIRAKO
Bilbao, 2016ko otsailaren 24a.
BILDU DIRA:
Eusko Jaurlaritzaren izenean, Cristina Uriarte Toledo, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua.
Euskal Irrati Telebista Herri Erakundearen izenean, Maite Iturbe Mendialdua, Euskal Irrati Telebista Herri Erakundeko zuzendari nagusia.
ADIERAZI DUTE:
1.– Euskal Irrati Telebista Herri Erakundea (aurrerantzean EITB) sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen lehen artikuluak erakunde horri egokitzen dizkio Eusko Jaurlaritzari dagozkion irrati-difusio eta telebistako zerbitzu publikoen funtzioak eta baita zerbitzu horiek emititzea ere; zeregin hori EITB osatzen duten sozietate publikoen bidez betetzen du. Esleipen horri erantzunez, EITB sortzeko 5/1982 Legearen 45. artikuluak honako hau ezartzen du: «Euskal Irrati Telebista Erakundearen... dirubideak Euskal Herriko Autonomia-Elkartearen Orotariko Diruegitamuen pentzutan egingo dira...», eta «egiteratu ditzan ihardunetatikako dirueskuraketa eta irabaziez baliatzera» ahalduntzen du.
2.– Europan martxoaren 10eko 2010/13/EE Zuzentarauak (ikus-entzunezko zerbitzuen zuzentaraua deritzonak) arautzen du ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua. Zuzentarau horrek koordinatu egiten ditu ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak emateari buruz estatu kideek ezarritako legezko, arauzko eta administrazioko zenbait xedapen. Zuzentarau horretan, kultura-zerbitzutzat eta zerbitzu ekonomikotzat hartzen dira ikus-entzunezko zerbitzuak, «identitateak, balioak eta esanahiak transmititzen baitituzte eta, ondorioz, ezin dira tratatu soilik merkataritzako balioa izango balute bezala».
3.– Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorreko (IKLO) 40. artikuluan arautu egin da ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen eskaintzaile publikoen jarduna lege-testu horretan jasotakoaren arabera, «komunitatearentzat interes ekonomiko orokorra duen funtsezko zerbitzu bat ematean datza ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen jarduna, eta haien egitekoak dira: printzipio eta balio konstituzionalak sustatzeko edukiak zabaltzea, askotariko iritzi publiko bat sortzen laguntzea, Espainiako kultura- eta hizkuntza-aniztasuna ezagutzera ematea, eta jakintza nahiz arteak zabaltzea –ikus-entzunezko kultura sustatuz, bereziki–. Era berean, ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu publikoaren eskaintzaileek gehiengoaren programazioaren hartzaile ez diren herritar eta gizarteko taldeak zainduko dituzte».
4.– 7/2010 Legeko 40.1 artikuluan zehaztu egiten da ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu publiko horren edukia. Horrela bada, artikulu horretako bigarren paragrafoan honako hau jaso da: «Aurreko paragrafoan jasotako egitekoak betetze aldera, ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu publikoak irratiko eta telebistako zenbait kanal nahiz online informazio-zerbitzuak ekoitzi, editatu eta zabalduko ditu. Programazioek era askotakoak izan behar dute; orekatuak behar dute, era guztietako ikus-entzuleek ikus ditzaten; genero guztiak estali behar dituzte; gizartearen informazio-, kultura-, hezkuntza- nahiz entretenimendu-beharrak ase behar ditu; eta hedabideetan pluralismoa zaindu».
5.– Bestetik, Europako Batzordeak espezifikoki heldu dio estatu kideetako irrati-difusioko zerbitzu publikoen finantziazioari, estatu kideetako irrati-difusioko sistemak lotura zuzena baitu gizarte bakoitzaren behar demokratiko, sozial eta kulturalekin, eta hedabideetako pluralismoa zaintzeko beharrarekin. Alde horretatik, hauxe aurreikusi da estatu kideetako Irrati-difusio Publikoaren Sistemari buruzko 2004ko Protokoloan, Europarentzako Konstituzio bat ezartzen duen Tratatuari eranskin gisa gehitutakoan:
«Europako Erkidegoa eratzeko tratatuko xedapenak estatu kideek irrati-zabalkundearen zerbitzu publikoa finantzatzeko duten ahalmenari kalterik egin gabe izango dira, betiere, finantzaketa hori irratizabalkundeko erakundeei ematen bazaie estatu kide bakoitzak zerbitzu publiko horren eginkizunak izendatu, zehaztu eta antolatuta dauzkan moduan bete ditzan, eta, bestetik, finantzaketa horrek Batasuneko merkataritza-baldintzei eta lehiakortasunari interes komunaren kontrakoa litzatekeen neurri batean erasaten ez badie, betiere, zerbitzu publiko horren eginkizuna gauzatzen dela kontuan hartuta».
6.– Europako Batzordeak jakinarazpen bat argitaratu zuen estatuek irrati-difusioko zerbitzu publikoei ematen dizkieten laguntzak arautzeko (2009/C 257/01). Jakinarazpen horretan ezarri da, Europako Erkidegoaren Itunaren 107. artikuluan eta 106. artikuluaren 2. atalean jasotakoen arabera, irrati-telebista publiko bat azken aginduan jasotako salbuespenaz balia dadin, irrati-difusioko herri erakundeari agindutako zerbitzu publikoaren funtzioa zehaztu behar zaiola tresna ofizial baten bidez. Esaten du, baita ere, agintaritza eskudunak edo horretarako propio izendatutako erakunde batek kontrolatu beharko duela funtzio horren betearazpena.
7.– Arau horiek betetze aldera, 2002ko azaroaren 5ean, lehenengo programa-kontratua izenpetu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta «Radio Televisión Vasca/Euskal Irrati Telebista» (EITB) zuzenbide pribatuko herri-erakundearen artean. Hitzarmen horren arabera, EITBk bere sozietateen bitartez euskal irrati-difusioaren eremuan betetzen duen zerbitzu publikoko egitekoa argi eta garbi jasotzeaz gain, esleitutako zerbitzu publikoaren egitekoaren berariazko edukiak zehaztu ziren, eta zerbitzu hori emateko finantzazio-ildoak ezarri ziren egungo arau-esparruan ezarritako baldintzak betez.
8.– 2005eko urriaren 21ean Eusko Legebiltzarreko batzorde txostengilea eratu zen, beste eragile batzuekin batera hizpide dugun programaren eboluzioari eta emaitzei buruzko azterketa bat egiteko propio. Horrela bada, 2007ko abenduaren 21ean, hizpide dugun programa-kontratuaren indarraldia igarotzean (2006. urterako luzatu baitzen) eta lehen aipatutako eboluzioari nahiz emaitzei buruzko azterketa egiaztatu ondoren, 2007-2010 aldirako programa-kontratu berria izenpetu zen. 2012ko ekainaren 21ean Kontratu Programa berri bat izenpetu zen, 2013. urtetik 2015. urtera arteko aldietan luzatu zena.
9.– Une honetan, 2016-2019 ekitaldirako programa-kontratu berri bat izenpetu beharra dago, aurreko programa indarrean egon bitartean egindako ekarpenak, zehaztapenak eta sortutako berrikuntzak bilduko dituena.
10.– EITBk nahiz haren eskumendeko sozietateek ematen duten zerbitzu publikoa betetze aldera, finantza-jasangarritasunaren printzipioa eta aurrekontu-orekaren printzipioa betez gauzatuko da aipatu zerbitzuaren kudeaketa ekonomikoa eta finantzarioa; halaxe xedatu baita EITBko 5/1982 Legeko 43. artikuluan eta ikus-entzunezko komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorrean –abuztuaren 1eko 6/2012 Legeak ematen dion idazkeraren arabera–.
11.– Programa-kontratu honek finkatzen ditu:
– EITBren «zerbitzu publikoaren» deskribapena.
– Zerbitzu publikoa emateko EITBk hartutako konpromisoak.
– EITBk eta haren sozietateek gauzatu beharreko jarduerak eta bete beharreko helburu zehatzak.
– Eusko Jaurlaritzaren konpromisoak, EITBren finantzazioari dagokionez.
– Betearazpena kontrolatzeko mekanismoak.
Oinarri horiek aintzat hartuta eta EITBren funtzioak eta izaera kontuan izanik, esparru bat ezartzea beharrezkotzat jotzen da. Esparru horrek, irrati-difusioko zerbitzu publikoaren eskaintzak eta EITBren berezko helburuek oinarri izan behar dituzten printzipioetatik abiatuz, 2016-2019 aldirako ezarriko du Euskal Autonomia Erkidegoko ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu publikoa eskaintzaren eta hura diru publikoarekin finantzatzearen arteko korrelazioa; horrela, bere helburuak betetzeko behar duen egonkortasuna eta eraginkortasuna emango baitio EITBri.
Horri jarraituz, Gobernu Kontseiluak (2016-02-09)-n aldeko erabakia hartu ondoren, bi aldeek erabaki dute programa-kontratu hau sinatzea, klausula hauek izango dituena:
KLAUSULAK
1.– HELBURUA.
Programa-kontratu honek EITB sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen egozpenenean du jatorria. Lege horrek EITB herri-erakundeari egozten dizkio irrati eta telebistako zerbitzu publikoetan Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion funtzioak, eta helburutzat du bi aldeen arteko harremanak –esleipen horren ondorio diren harremanak, hain zuzen ere– 2016-2019 aldian zehaztea.
2.– XEDEA.
Programa-kontratu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta EITBren arteko harremanen esparru bateratzailea ezartzea kontratuaren indarraldirako. Gomendaturik daukan irrati-difusio eta telebistako zerbitzu publikoa azken horrek eskaintzearen ondorio dira harremanok. Horretarako, esleituriko zerbitzu publikoaren egitekoaren definizioa ezartzen da, zerbitzuak dakartzan edukiak zehaztuz, eta, hori ere modu bateratzailean, EITBri zerbitzu publiko hori ahalik eta kalitate-baldintza onenetan emititzea ahalbidetzen dion finantzaketa egonkorra zehazten da.
Esleituriko zerbitzu publikoa Taldea osatzen duten sozietate publikoen bidez eskainiko du EITBk, horietako sozietate bakoitzaren xede sozialaren arabera. Horretarako, formalki egotzirik dauzkan irrati eta telebistako emisio-kanalak erabiliko ditu (aurrerago azaltzen dira kanal horiek), bai eta Internet eta euskarri berriak ere. Programa-kontratu honetan egituratzen den zerbitzu publikoaren egitekoa lortzeko, teknologikoki egokiak diren beste bide batzuk ere erabil ditzake. Bide horiek, nolanahi ere, lan hori egikaritzeko esleituriko baliabide ekonomikoetara egokiturik egon beharko dira.
3.– ZERBITZU HAU ESKAINTZEKO PRINTZIPIOAK ETA JARDUERA-OINARRIAK.
3.1.– Kontratu honek aipatzen dituen gizarte-hedabideen zerbitzu publikoa eskainiko du EITBk, uneoro aintzat hartuz aplikagarri zaizkion xedapen orokorrak eta, bereziki, EITB sortzeko 5/1982 Legean jasotako printzipioak:
a) Informazioen objektibotasuna, egiazkotasuna eta inpartzialtasuna.
b) Informazioa eta iritzia desberdindu eta bereiztea; iritzia ematen dutenen nortasuna adierazi beharko da. Publizitate komertziala ere desberdindu eta bereizi egin beharko da.
c) Berdintasun-printzipioa eta aniztasun politikoa, erlijiosoa, soziala, kulturala eta linguistikoa errespetatzea.
d) Konstituzioan eta Autonomia Estatutuan aitortutako elkarbizitzarako balio zibikoak babestu eta sustatzea, interes orokorraren alde.
e) Konstituzioak eta Autonomia Estatutuak aitortutako eskubide oro errespetatzea.
f) Pertsonen ohorea eta ospea errespetatzea, eta, bereziki, intimitaterako eta norbere irudia babesteko eskubidea.
g) Gazteak eta haurrak babestu eta bultzatzea.
h) Euskara sustatzea, euskararen erabilerari begira programazioko oinarrizko printzipioak ezarriz, kontuan hartuz Euskal Autonomia Erkidegoan euskarazko irrati- eta telebista-emanaldien eskaintza bermatu behar dela.
i) Hizkuntza ofizialetako edozeinetan landutako euskal kultura, orotariko agerpen, euskarri, baliabide eta adierazpidetan, sustatu eta hedatzea.
3.2.– Era berean, EITBk Europako arauak erreferentziatzat hartuko ditu zerbitzu publikoaren funtzioa betetzeko orduan, bai eta zerbitzu publikoa modu aurreratuan ematean ere, helburu hauek betetzera bideratuz bere jarduna:
a)
b) Euskal herritarrak, euskara eta euskal kultura nahiz Euskadiko errealitate politiko, sozial, kultural eta ekonomikoa agertuko dituzten
c)
d)
e) Euskal gizarteari
f)
g) Euskal autogobernuaren errealitate historiko eta instituzionala ezagutarazten laguntzea.
h)
i)
3.3.– EITBko telebista-, irrati- eta Internet-kanalek ezaugarri hauek izango dituzte:
i) kanalen eskaintza nahikoa, orekatua eta segmentatua;
ii) Euskal Autonomia Erkidegoan eta gainerako euskal lurraldeetan estaldura bermatzeko banaketa-sistema egokiak;
iii) kable, satelite, Internet bidezko edota lurreko plataformen bitartez kanpora hedatzea, kanpoan dauden euskal taldeetara iristeko eta Euskadirekin lotura duten edukien gain interesa edo jakin-mina duen ororengana iristeko;
iv) puntako enpresa lehiakideen pareko ekoizpen- eta banaketa-teknologiak erabiltzea;
v) Hori guztia modu eraginkor eta efizientean kudeatuta, zerbitzu publikoaren xedea betetzeko egoki diren baliabideak eskainiz eta kudeaketa gardena eginez.
3.4.– Produktuetan identitate-ikur jakin batzuk edo berezko estiloa erabiltzeagatik antzeman dakiokeen kudeaketa-eredu batean oinarrituko da EITBren jarduna:
i) kalitatezko programazioa, profesionaltasun-irizpideei jarraituz eta zerbitzu publikoaren helburuekin bat datorren estiloari eutsiz garatutakoa;
ii) informazio-zerbitzu independenteak, haien sinesgarritasun eta onargarritasunagatik ikus-entzuleek balioetsiko dituztenak;
iii) edukien eskaintzan oreka izatea ikus-entzuleen eta irudiaren artean, zerbitzu publikoaren gizarte-errentagarritasunaren printzipioarekin bat etorriz;
iv) generoen arteko oreka eta berezko eskaintza nabarmena, bai kalitateari bai kantitateari dagokionez;
v) gizartea euskararen erabilera sustatzearen inguruan sentikor bihurtzen laguntzea;
vi) multimedia edukiak ekoiztea eta prest egotea ideia nahiz formatu berriak hartzeko, eduki horien ospea handitze nahiz komunikazio-ekoizpeneko taldearen irudi are modernoagoa sortze aldera.
3.5.– EITB gobernantza egokiaren eta kudeaketa arduratsuaren printzipioei jarraituz kudeatuko da, bereziki helburuen araberako kudeaketa-sistema bat aplikatuz. Era berean, barne- eta kanpo-ebaluazioko sistemak ezarriko ditu, kudeaketa hobetzeko xedeaz. Antolaketa-sistemek taldeen arteko sinergiak sustatuko dituzte emaitzen eraginkortasuna hobetzeko, gastuan efizientzia- eta herstura-parametroak ezarriz.
3.6.– EITBk erakundean garatu eta bere prozesu zein edukietan aplikatuko ditu herri-erakundeek alor hauetan ezarritako politikak: giza eskubideak, euskararen normalizazioa, I+G+B, genero-berdintasuna, gazteen enplegua, kontsumitzailearen eskubideak, ingurumena, kode etikoa, gardentasuna, gizarte-erantzukizuna, eta ezarritako beste politika batzuk.
3.7.– EITBk jarduerak egin ahal izango ditu irrati, telebista eta interneteko komunikazio-esparruetan ikus-entzunezko zerbitzua hobeto eskaintzen laguntzeko, ekoizpena eta ikus-entzunezkoen Euskadiko sektorea sustatu eta garatzeko eta ikus-entzunezkoen multimedia-ekoizpenaren balio-kateko elementuetan egon edo parte hartzeko, beharrezkoa denean. Horretarako, jarduera horiek guztiek bermatu beharko dute, eta zuzenean lagundu, EITBk kontratu honen bidez hartzen dituen konpromisoak hobeto beteko direla.
4.– ZERBITZU PUBLIKOAREN DESKRIBAPENA ETA EDUKIAK.
Europako arauetan eta Estatuko nahiz autonomia erkidegoko legeetan xedatutakoari jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio irrati-difusioko zerbitzu publikoaren eredua eta haren finantzazioa finkatzea; betiere, printzipio hauek betez:
i) zerbitzu publikoaren definizioa eta atribuzioa ezartzea;
ii) zerbitzua nola ematen ari den kontrola dezala zerbitzua ematen duen enpresaren menpe ez dagoen beste erakunde batek;
iii) zerbitzu publikoaren xedea betetzeko kostura mugatzea herri-finantzazioa (proportzionaltasuna);
iv) zerbitzu publikoko jarduerak eta merkataritzako diru-sarrerak bereiziko dituzten kontabilitateko prozedurak ezartzea (gardentasuna); eta
v) zerbitzu digital berriak ebaluatzea, gizartearen behar sozialak, kulturalak eta demokratikoak asetzen dituztela egiaztatzeko;
Horri jarraikiz, EITBk euskal gizarteari eskaini behar dion zerbitzua finkatzen du kontratu honek, indarrean dagoen aldirako, telebista, irrati eta Interneteko eskaintzen bitartez zerbitzu publikoaren misioa garatzen duen irrati-telebistako eredu batez, ezaugarri hauek izango dituena:
4.1.– Gehiengoarentzat: biztanleria osorako eta herritar digitalei zuzendutako edukiez, genero anitzeko kanalez, hala orotatikoak nola espezifikoak, euskaraz eta gaztelaniaz.
4.2.– Orotarikoa: orotariko eduki eta generoak eskura jarriz, informazio, kultura, hezkuntza eta entretenimenduko beharrizanak aseko dituzten programazio anitz eta orekatuez.
4.3.– Iraunkorra: finantzaketa publikoaz eta diru-sarrera propio osagarriez; finantzaketa enpresa-kostua ordaintzeko behar bestekoa eta denboran zehar iraunkorra izango da, eta gardentasunaren printzipioan oinarrituko da.
4.4.– Arduratsua: kudeaketa eredugarri eta aurreratuaz, gobernu-organoen eta gizartearen aurrean gardentasuna agertuz eta egindako baliabide publikoen inbertsioak merezi duela ziurtatzeko balio ekonomiko eta zerbitzuzkoa eskaintzeko helburuaz.
Horretarako, zerbitzu publikoko 10 misio zehaztu dira, aro digitalera zuzenduak eta egokituak horiek ere, alderdi hauek babesteko:
1) Kalitatezko informazioa bermatzea, errealitatea zintzo islatuko duten edukiez, erreferentziazko informazio-iturrietan egiaztatuak eta gaitasun handiko profesional-talde batek landuak, zeintzuen jardun profesionalak egia, askatasuna, aniztasuna eta giza eskubideak babestea izango baitu jomuga.
Informazio-programen sorta batean eskainiko da informazioa. Programa horien bidez herritarren beharrizanei egoki erantzungo zaie, leku zabala eskainiz euskal esparru publikoari, bertako erakundeei, eragile politiko, ekonomiko eta sozialei nahiz gizarte zibileko entitate esanguratsuei.
Informazio-zerbitzuek zuzendaritza editorialeko eta profesionalen parte-hartzerako sistema bat izango dute, behar bezala arrazoitutako azalpen- eta zuzenketa-eskeak aintzat hartuko dituena.
2) Euskara eta gero eta elebidunagoa izan behar duen gizarte bat sustatzea, hedabide publiko gisa hizkuntza normalizatzeko, prestigioa emateko eta bizitza publikoan presente egoteko zutabe nagusietako bat baita, eta euskararen erabilera erraztu eta hedatzeko ezinbesteko tresna.
Euskararen normalizaziorako politiken bidaide izan behar du EITBk aro digitalean, eta euskararen eta euskal hiztunen neurrira egindako unibertso digital bat eraikitzeko gaitasuna eta behar adina baliabide izango ditu. Bereziki bultzatu behar dira haur eta gazte elebidunen belaunaldi berriei zuzendutako edukiak, eta balio demokratikoak eta elkarbizitzakoak transmititu behar dira horietan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren planteamenduen osagarri.
Euskal gizarteak erabiltzen dituen hizkuntzen arteko berdintasuna zainduko duen gizarte-pedagogia garatzen lagundu beharra dago. Alde horretatik, estrategia publikoaren tresna aktibo bat izan behar du hizpide dugun zerbitzu publikoak, eta xede hori betetze aldera Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituen ekintzak gauzatu beharko ditu.
Indarra egin beharra dago euskal gizartean euskaraz hitz egiten ez duten sektoreek euskal gizartean sortutako era askotako bizipenak eta euskaraz sortutakoak ezagutu nahiz goza ditzaten. Xede hori betetze aldera, euskaraz gauzatutako ekintza kulturalak eta sozialak zabaltzen ahaleginduko da gaztelaniazko programazioa.
Euskal kultura zabaltzea, adierazpen artistiko eta kulturalei babesa emanez; eta egungo sorkuntza-lanak nahiz Euskal Herriko ondare artistikoa zein kulturala zabaltzea. Zeregin horretan, kultura eta, bereziki, euskal kultura atsegin izango duten ikus-entzuleen taldeak sortzen eta finkatzen lagunduko du, EITBk berariazko esparruak sortuz edo, batez ere, horiek kateko fluxu orokorrean txertatuz.
Horretarako, herrialdeko kultura-eragileak izango ditu kontuan, eta horien laguntza nahiz adostasuna bilatuko ditu. Ahal den neurrian, laguntza emango die, baita ere, Euskadiko kultura- nahiz sormen-industriei, horretara bideratutako politika publikoekin bat etorriz. Era berean, kultura kanpora zabaltzen lagunduko du, batez ere, Basque Country estrategiaren bitartez Kanpo Harremanetarako sailak eta Etxepare Euskal Institutuak garatutako jardueretan.
Horretarako, behar bezala hornitutako zerbitzu publiko bat behar da, euskal kultura eta kirola arrakastaz zabaltzeko euskal lurraldeetara nahiz euskal taldeak bizi diren toki eta herrialdeetara. Basque Country estrategiarekin batera hel dakioke xede horri.
Kirola sustatzearen eta zabaltzearen aldeko jarrera argi eta sendoa izango du EITBk, kirolak garatu baititzake egungo edozer gizarte eta, bereziki, euskal gizartea egituratzeko ardatzak.
Euskadik baditu zaindu behar diren zenbait berezitasun: bertako kirolaren hainbat modalitateri eutsi die, euskal kultura-ondarearen adierazgarri; euskal gizartearen aniztasuna eta indarra nabarmentzen da maila profesionalean aritzen diren zenbait talde eta modalitatetan; nabari da, baita ere, gero eta herritar gehiagok kirola egiten duela nork bere ongizatea lortzeko.
Interes orokorraren ikuspuntutik, gizartea egituratzeko hainbat ardatz indartzen ditu kirolak. Kirolaren bitartez, eguneroko bizitzan funtsezkoak diren zenbait balio barnera ditzakete haur eta gazteek: ahalegina, diziplina eta laguntasuna. Horrez gain, gizarte-inguru osasungarritan ibili ohi dira kirolariak. Bestetik, kirolak gero eta garrantzi handiagoa du pertsona immigranteak gizarteratzeko eta integratzeko, kirola egitean bizikidetza bizia izaten baita; are, emozionala ere izan daiteke, eta mesedegarria da oso bestelako kulturetako pertsonak harremanean egon daitezen. Bizi-kalitatean eragin zuzena du, izan ere, bizitzako hainbat etapatan suerta daitezkeen osasun-arazoak prebenitzeko bizimoduak sustatzen baitituzte kirolak eta ariketa fisikoak. Alderdi hori kontuan hartzekoa da baita osasun publikoaren ikuspuntutik ere.
Azkenik, herriaren kohesioa lortzeko bidea ematen du. Kirol-lehiaketak eta eskakizun-maila handiko kirol-xedeak herrialdearen nahiz herritarren nortasunaren funtsezko alderdien adierazgarri dira. Euskal selekzioek talde bateko kide izatearen sentimendua garatzen dute eta aukera ematen dute, kirolaren bitartez, herriaren harrotasuna eta seriotasuna agertzeko.
5) Ikus-entzunezkoen industria sustatzea, ikus-entzunezkoen industriaren bidez gizartearentzat aberastasuna eta onura ekonomiko eta kulturalak sortuz. Euskal Herrian, EITB da industria horren erreferentzia nagusia eta sektoreko enpresa bultzatzaile behinena. Xede horrekin, ekoizpen propioak, barrukoak zein atxikiak, garrantzi handia izango du, eskura ditugun ondasun eta baliabideei ahalik eta etekin handiena ateraz.
EITBk Euskadiko ikus-entzunezkoen sektorea bultzatuko du bertako industria kulturala, sortzailea eta artistikoa garatze aldera, eta EIKENekin (Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterra) elkarlanean ariko da, Eusko Jaurlaritzak ikus-entzunezkoen politika industrialean taxutu duen estrategian parte hartuz.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak telekomunikazioen eta informazioaren bitartez gizarte-ekimenak garatzeko duen estrategia publikoaren tresna eta eragile izan behar du EITBk. Estrategia horrek bat egingo du, ezinbestean, kultura, euskararen normalizazioa, turismoa, hezkuntza, administrazioa eta osasungintza bezalako sektoreekin, besteak beste.
EITBk, bere kabuz edo beste erakunde espezializatu batzuekin –bereziki Euskadiko Filmategiarekin– adostasuna lortuta, sortzen ari den eta sortu duen ikus-entzunezkoen euskal ondarea gorde behar du etorkizunerako.
6) Gizarte-kohesiorako plataforma eskaintzea, edukietan, publizitatean eta hizkuntzaren erabilera orokorrean txertatuz berdintasunarekin eta dibertsitatea zaintzearekin lotutako printzipioak eta politikak, eta oro har giza eskubideak sustatuz. Era berean, herritarrentzat gero eta arrunt eta libreki partekatuagoa izango den kultur adierazpenen ingurune bat sortu behar du plataformak.
Bestalde, plataforma eta eduki digitalak baliatzen dituztenen eta oraindik ezin dutenen edo baliatzen ez dituztenen arteko eten digitala deitutakoa murrizten lagunduko du.
7) Informazioaren gizartea herritar guztientzat sustatzea; hau da, hedabidearen eta sareko pertsona aktibo guztien arteko lotura ezartzea; gizarte-sareen bitartez parte-hartzea kudeatzea eta Internet bidez kontsumitzeko edukiak eskaintzea.
Aukerako edukien sorta zabala eskainiko du, eta gailu finko zein mugikor gehienetatik eskura egongo da, edonondik, berehala eta kalitate tekniko egokiaz.
Misio hau betetzeko, gizarteak zalantzan jartzen dituen gaiei eta kezka-iturri izateagatik sarean erregulartasunez azaldu ohi diren gaiei adi egon beharko du EITBk edukiak proposatzeko orduan. Era berean, sortzen ari diren fenomeno berrien zentzua eta ondorioak aztertzeko eta horiei buruz hausnarketa egiteko gai izan behar du, eduki guztiek kontratu honen printzipioak eta jarduera-oinarriak errespetatu behar baitituzte. Bestalde, aipatu teknologiak baliagarriak izan behar dira Euskadiren irudia kanpoan zabaltzeko, herritarren eta euskal erakundeen interesak elkarlotzeko eta gure herria munduko euskal kolektibitateekin konektatzeko. Euskal enpresak nazioartekotzen ari diren garaiotan, bereziki garrantzitsua da Euskal Herriaren errealitate modernoa eta gizarte-, enpresa- eta erakunde-sarearen irudia hobetuko duten ezaugarri bereizgarriak ezagutzera ematea.
8) Euskal erakundeek onartutako Bake eta Bizikidetza Plana betez jardutea. Zenbait legegintzalditan onartutako bizikidetza-planetan modu aktiboan aritu da elkarlanean EITB, bai eduki-proiektu zehatzetan, baita argitaratzeari dagokionez ere. Onartutako planei helduz, Bake eta Bizikidetza Planari helduz bereziki, EITBk errefusatzen du eta legitimitatea kentzen dio ETAren terrorismoari bai eta edozer eratako indarkeria edo eskubide-urraketari ere. Era berean, eutsi egiten dio demokraziaren, pluralismoaren eta bakearen balioekin hartutako konpromisoari.
9) Aurrerakuntzako eta normalkuntzarako plan eta jarduera instituzionalak garatzen laguntzea. Aurreko atalean garrantzi eta esangura handia izateagatik puntu bakar bat bezala garatutako Bake eta Bizikidetza Planaz gain, EITBk bere gain hartzen du partaidetza aktiboko eta erreferentzialeko jarduerak garatzeko konpromisoa bai programa-kontratu honen esparruan bai eta urtero programa hau indarrean egon bitartean onartutako eranskinetan ere. Zehazki, gai hatuetako jarduera erreferentzialak gauzatuko dira:
a) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana garatzea enpresan, eta gizartea sentikortzearen ikuspegitik, genero-gaiei heltzea telebistarako, irratirako eta Interneterako egiten dituen edukietan.
b) Euskara plana enpresan eta, gizartea sentikortzearen ikuspegitik eta euskara babesten duten politika instituzionalak kontuan hartuz betiere, euskararen ikusgarritasuna zaintzea telebistarako, irratirako eta Interneterako egiten dituen edukietan.
c) Euskadiko autogobernuaren eta haren erakundeen errealitateari buruzko jakintza sustatzea eta zabaltzea xede duten ekimen nahiz programa instituzionalak garatzea; autogobernuaren dimentsio historikoaren, gaur egungo egoeraren eta etorkizuneko ikuspegiaren berri emateko, ikus-entzunezko ekoizpen erreferentzial eta bikainak eginez.
d) Ingurumenaren alorreko politika enpresan, zuzentarau instituzionalekin eta sentikortzearekin bat datorrena; eta gizartea sentikortzeari dagokionez, klima-aldaketari eta jasangarritasunari heltzea telebistarako, irratirako eta Interneterako egiten dituen edukietan.
e) Ekonomia berraktibatzeko eta ekintzailetza sustatzeko estrategia instituzionala, enplegua normalizatzen laguntzeko eta XXI. mendearen testuinguru ekonomikoan ongizate-gizarte bati eusteko aberastasuna sortzen laguntzeko.
f) Kultura- eta sormen-industriak garatzeko estrategia instituzionala, Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak identifikatutako aukera-hobiaren esparruan, EITB trakzio-eragiletzat hartuz.
10) Gobernu arduratsuaren eta enpresa-gardentasunaren printzipioak aplikatzea eta gizarte zibilaren parte-hartzerako esparruak eskaintzea. Gizarte Erantzukizuneko Gobernu Korporatiboaren kodeak aplikatzean datza, enpresa gobernatzean zintzotasuna eta gardentasuna eta interes-taldeekin elkar entzuteko harremanak bultzatzeko, enpresa-, ingurumen- eta gizarte-iraunkortasuna garatze aldera. Euskal enpresa-sare publikoko parte den neurrian EITBn aplikatu behar diren bi ikuspegi horiek uztartzen ditu Gobernu Arduratsuaren kontzeptuak.
5.– ZERBITZU PUBLIKOA ESKAINTZEKO EITB-K BERE GAIN HARTU DITUEN KONPROMISOAK.
5.1.– 1. konpromisoa: Telebista, irrati eta Interneteko kateak sortzea eta horien profilak nahiz esparrua zehaztea.
Multimedia zerbitzu publikoa eskaintzea eskatzen zaio EITBri, mendebaldeko sozietate demokratikoetako komunikazio talde publiko aurreratuen ereduen antzera. Telebista-kateak, irrati-kateak eta Interneteko edukien eskaintza bilduko dira eskaera horretara.
EITBko eskaintza nagusia euskal herritar ororen eskura egongo da; haien interesekoak diren edukiak eskura izan ditzaten, bai euskaraz baita gaztelaniaz ere; hori guztia dagozkion legeak betez, testuinguru soziolinguistikoaren barruan eta euskal gizartearen hizkuntza-erabilerak zainduz.
EITBk zaindu eta erraztuko du Euskal Herriko herritar orok eskura izan ditzala telebista zein irratiko edukiak. Hortaz, oso garrantzitsua da telebista eta irratiko seinaleak behar bezala zabaltzeko beharrezkoak diren hitzarmen instituzionalak egitea eta horiek zaintzea. Ahal den neurrian, EITBk bere seinaleak hartzen lagunduko du euskaldunak bizi diren zonaldeetan edo herrietan, difusio-modalitate guztietatik egoki den hura erabiliz.
EITBk saiatu behar du, ahal duen neurrian baita ere, bere edukiak euskal diasporaren eskura, munduan barrena dauden euskal herritarren eskura eta euskal edukien gainean interesa izan dezakeen edonongo edonoren eskura izan daitezen. EITBko edukiek balio behar dute euskal errealitatea ezagutzeko eta Euskadiren irudia munduan zabaltzeko. Horretarako, bada, kanpo-difusiorako baliabide egokiak erabiliko ditu: satelitea, kablea eta Internet.
5.1.1.– Telebista-kateak sortzeko konpromisoa.
ETB1: euskarazko orotariko katea da. Gaurkotasuneko albistegi beteak eskainiko ditu, berezko ikuspuntutik eta euskal herritarrentzat interes informatiboa duten gertakarien berri ematea ahalbidetzen duen berezko ikuspuntu batetik. Kirol-edukiak eta, bereziki, kirol-emanaldiak euskaraz emango dira, baita horien gaineko azterketa-programak ere. Azterketarako, sakontzeko eta eztabaidarako berezko espazioetan egingo da gaurkotasunaren jarraipena. Zenbait gonbidatuk eta analistak parte hartuko dute, askotariko euskal gizartea modu egokian islatzeko. Jendarteratzeko edukiak eskainiko ditu, zientziaren, artearen, ekonomiaren, kulturaren, historiaren, hizkuntzaren eta gizartearen errealitateak berezko duen beste edozer alderdiren ezagutzan sakontzeko bidea emango dutenak; bai ETBrentzat sortutako edukiak, bai eta ETBk hirugarrenei erositako edukiak ere. Entretenimenduari dagokionez, orotariko ereduari jarraituko dio eta, horrenbestez, ikus-entzuleen talde jakin batzuei zuzendutako askotariko formatuak eskainiko ditu: magazinak, fikzioa, serieak, zinema, realityak, lehiaketak, umorea, sukaldaritza eta abar.
ETB2: gaztelaniazko orotariko katea da. Egunero programazio berria day time eta prime time ordutegietan. Gaurkotasuna izango da kate horren ardatz nagusia. Berezko ikuspegia izango duten eguneroko albistegiak eskainiko ditu, eta euskal herritarrei interesa dakiekeen informazioa oinarri hartuta, produktu betea eskainiko du. Izango dira, baita ere, gaurkotasuna aztertzeko eta hari buruz iritzia emateko berezko zenbait esparru; jendeak eztabaidatu eta parte har dezan. Era horretako programetan, askotariko gizartearen isla izango dira hautatutako gonbidatu eta analistak; eta gaian adituak diren pertsonak ere izango dira tartean. Gaurkotasun-programetan, erreportaje-kazetaritzan oinarritutako edukiak ere izango dira. Jendarteratzeko edukiak eskainiko ditu, zientziaren, artearen, ekonomiaren, kulturaren, historiaren, hizkuntzaren eta gizartearen errealitateak berezko duen beste edozer alderdiren ezagutzan sakontzeko erabilgarriak izango direnak; bai ETBrentzat sortutako edukiak, bai eta ETBk hirugarrenei erositako edukiak ere. Entretenimenduzko programak ere eskainiko ditu, ikus-entzuleen talde jakin batzuei zuzendutako askotariko edukiak jorratuz: lehiaketak, realityak, umorea, sukaldaritza eta abar. Zinemari, fikziozko serieei eta miniserieei eskainitako ordutegiak izango ditu, sistema elebidunean.
ETB3: euskarazko haur eta gazteentzako katea da, gazteenentzako berariazko edukiak dituena. Kate tematiko gisa egituratuta, nazioarteko merkatuan erositako animaziozko edukiak eta serieak emango ditu sistema elebidunean. Euskaraz bikoiztutako edukiak emango ditu eta, ahal den neurrian, bertan ekoitzitako edukiak izan ditzake, nortasun berezi eta berezkoa izan dezan kateak. Kontsumo-irizpideei jarraituz, eduki zehatz batzuk eman ditzake ordu jakin batzuetan; hau da, haurrentzako edukiak eman ditzake ordu batzuetan, eta gazteentzako edukiak beste batzuetan.
ETB4: ekoizpen propioko edukien eta kanpoan ekoitzitako edukiak emango dituen katea da. ETB1 eta ETB2ko edukiak emango dira, jatorrizko kateez bestelako ordutegi eta egunetan, edukien eskaintza zabaltzeko eta, ondorioz, eduki horien difusioak efizientzia-indize nahikoak lor ditzan.
Programa-kontratu hau sinatutako egunean LTDko multiplex autonomikoan ematen diren kate konbentzionalez gain, ETBk beste eskaintza gehigarri bat egiteko konpromisoa hartu du:CANAL VASCO (ETBSat Europan): euskarazko eta gaztelaniazko edukiak ematen dituen katea da; euskal diaspora eta Espainian zein nazioartean izan litezkeen ikus-entzuleak ditu jomuga. Ekoizpen propioko edukiak eman ohi ditu, nazioarteko difusioko hainbat ordutegiren arabera antolatutako emankizunen zerrenda batean. Emankizunen zerrendaren egituraren ardatza albistegiak eta dibulgazioko nahiz entretenimenduko programak dira. Horietako batzuk ETB1erako eta ETB2rako egindakoak dira, eta beste batzuk, kateak hirugarrenekin elkarlanean ekoitzitakoak. Banatzeko interesa duten kable-operadoreen bitartez eman daiteke kanalerako sarbidea (Espainia, Europa, Amerika) edo, bestela ere, satelite bidez (Amerika) eta Internet bidez (Internetera konektatutako edozer puntutara irekita).Telebista digitaletarako erabilgarri dauden frekuentzien bigarren multzoa ezartzeko aldi iragankorrean, telebistako kanalen egokitzapen teknologikoa egiteko konpromisoa gauzatuko da, horretarako eskumena duen arautzaileak zehaztutako epean. Aipatu egokitzapen teknologikoa egin ondotik, honela emango ditu lau kateak multiplex autonomikoak: ETB1 eta ETB2, HD eta SD Simulcast modalitatean; ETB3 eta ETB4, SD formatuan. Eskaintza-eredu hori martxan jartzean, amaitu egingo da soilik kable bidez banatzen den ETBHD kanalaren aldi iragankorra.
ETBHD: bereizmen handiko katea, euskaraz eta gaztelaniaz. ETBk ekoitzitako emanaldi handiak eskaintzen ditu, bai zuzenean bai eta aurretiaz grabatuta ere. Gizarte- eta kirol-ekitaldiak eta liburutegiko edukiak HD formatuetara egokituta eskaintzen ditu bereziki.
5.1.2.– Irratiko kateak sortzeko konpromisoa.
EUSKADI IRRATIA: euskarazko orotariko katea da; albistegiak, iritzi-programak, dibulgaziokoak eta entretenimendukoak ematen dituena. Interes orokorreko nahiz tokian tokiko interesa sortzen duten gaiak jorratzen ditu, eta bere edukien artean, euskal komunitatearen kezkak, sormen-lanak eta produkzioak daude. Gehiengoari zuzendutako orotariko irrati baten estandarrak betetzen ditu.
RADIO EUSKADI: Gaztelaniazko orotariko katea da, albiste-gaurkotasunarekin konpromiso sendoa hartua duena eta euskal herritarrei interesatzen zaizkien alderdi guztiak jorratzen dituena. Entretenimenduko eta dibulgazioko edukiak ditu, eta magazinen eta programa espezializatuen eskaintza zabala ere. Hainbat ahots ematen ditu aditzera, bai eta aldarte positiboa nahiz umorea transmititzen ditu. Horrez gain, etengabe dago entzuleek parte hartzeko eta haiekin hartu-emanean egoteko prest.
RADIO VITORIA: Gaztelaniazko tokian tokiko katea; bereziki eta modu zabalean Arabako gaurkotasunari heltzen diona. Berezko programazio zabala du albistegietan eta gaurkotasun-, kirol-, entretenimendu- eta dibulgazio-programetan. Radio Euskadirekin konektatzen du orduroko albistegietan, informazio orokorra emateko ordutegietan eta beste tarte batzuetan.
GAZTEA: Euskarazko irrati-formulako katea da, gazteei zuzendutakoa eta eskaintza orekatua duena; nazioarteko arrakastak ematen ditu baita euskal musikako berritasunak ere. Multimedia-edukien ereduari jarraitzen dio. Haren programazioaren ardatzak puri-puriko musika, umorea eta entretenimendua dira.
EITB MUSIKA: Sona handiko kanten aukeraketa zabala eskaintzen duen katea da, musika ona entzun nahi duten entzule helduei lagun egiteko. Kostu txikiko irrati-eredua da. Zenbait egunetan, kulturari edo prestakuntzari buruzko programak ematen ditu, taldeko orotariko beste kateen osagarri. Interneteko edukiak aparteko beste atal batean zehaztu dira; 2. konpromisoa atalean, hain zuzen.
5.2.– 2. konpromisoa: Zerbitzu publikoa aro digitalera zabaltzea (Internet). Lotutako konpromisoak.
ETB sortzeko legean EITBri agindutako zerbitzu publikoko komunikazio-eremuaren barruan dago Interneteko esparrua.
5.2.1.– EITB.EUS: EITBko edukien ataria da, EITB taldeko euskarrietan sortutako edukiak oinarri hartuz albisteak eta entretenimendu-programak eskaintzen dituena, euskaraz zein gaztelaniaz. Gailu finko zein eramangarrietatik atzi daiteke webgune horren bitartez eskuragarri dagoen eskaintza osoa, edozein direla ere gailu horien sistema-eragileak.
5.2.2.– EITB NAHIERAN edukien gordailu bat da. Haren bitartez, ikus-entzuleek nahi bezala atzi ditzakete telebistako zein irratiko programa eta emanaldi bereziak, Internetera konektatutako edozein gailutatik. Gailu mugikorretatik zein finkoetatik atzitzeko estandarrak betetzen ditu; horien artean, konektatutako telebista-hargailuetatik atzitzeko.
5.2.3.– Era berean, atariak telebista-kateen (bai CANAL VASCO/ETBSat kanalaren bai eta soilik Internet bidez banatzen diren beste telebista-programa eta emanaldi batzuen) zein irrati-kateen datu-korrontea erraztu beharko du, munduko edozein tokitatik atzi daitezen; salbu eta edukiok emateko eskubideak mugatuak izanagatik eremu geografiko jakin batean baino ezin eman badaitezke.
5.2.4.– Aipatutakoez gainera, EITBko edukien atarian beste hauek daude eskura: GAZTEA, multimedia produktuetara erraz moldatzen diren gazteei zuzendutako aukera zabala eskaintzen duena eta irrati-markarekin bat egiten duena; HIRU3, haurrei zuzendutako edukiak dituena, ETB3k eta HIRU3 haurren fidelizazio-taldeak partekatutako estrategia baten baitan.
5.2.5.– EITBk bere plangintzari eta Social Media ereduari eutsi behar die haren edukiez eta informazioez balia daitezen bai komunikazio taldea bera bai eta taldeko profesionalak ere, feed backa sortuz. Plangintza horretan finkatu beharra dago zein diren apustu nagusiak eta lehentasunak, elkarreragiteari, intereseko komunikazio-ardatzei eta baliabideei dagokienez.
5.2.6.– EITB taldeak multimedia-ekoizpenak egiteko sistema bat lortu behar du, non edukiek hainbat banaketa-leiho izango dituzten. Horrela, edukien profesionalek hainbat narrazio-eredurekin lan egingo dute, sare sozialetan jardungo dute, eta multimedia-talde aurreratu baten berezko komunikazio-eredu bat eskainiko dute.
5.3.– 3. konpromisoa: Kalitate oneko informazioa bermatzea. Lotutako konpromisoak.
EITB sortzeko legearen sarreran, euskal herritarren parte-hartze politikorako eta informaziorako tresna nagusitzat hartzen da EITB. Lege horretako 2. artikuluan jasotakoaren arabera, Autonomia Erkidegoko herri-agintaritzak eta Herri Erakundearen organoek adierazpen-askatasuna eta argibideak hartzeko eta emateko eskubidea babestuko dituzte, hedabideek bere egitekoa demokraziaren arauzko gizarte batek eskatzen duen bezala egin dezaten.
Erakundea sortzeko legean ezarri da, baita ere, zer printzipiotan oinarritu behar den EITBren informazio-jarduera. Printzipio horiek programa-kontratu honetako 3.1 klausulan jaso dira. Arestian aipatutakoaren harira, EITBk honako konpromiso hauek hartzen ditu bere gain:
5.3.1.– Albistegi-aitzindaritzarekiko konpromisoa, kazetaritza profesional eta zuzenaren oinarrizko printzipioei helduz: egiazkotasuna, berri-emankizun orekatua, alderdikeriarik eza, neutraltasuna, independentzia eta sinesgarritasuna.
5.3.2.– Egunero berri-emankizun osoa eta kalitatezkoa egiteko konpromisoa, euskaraz zein gaztelaniaz, telebistako, irratiko eta Interneteko euskarrietan. Horretarako, beharrezkoak diren azpiegiturak izango ditu EITBk, bai eta zabaldutako erredakzio profesional bat ere, kalitatezko albiste-estaldura emateko.
5.3.3.– Gaurkotasuna aztergai izango duten eztabaida-programak, elkarrizketak, erreportajeak eta albistegi bereziak egiteko konpromisoa. Programa horiek telebistaz zein irratiz emango dira, eta horietan, era askotako gonbidatuek, adituek, esatariek eta gizarte-eragileek hartuko dute parte, euskal gizartea osatzen duten gizarte-sentsibilitate eta sentsibilitate politiko desberdinen erakusgarri.
5.3.4.– Egunero kirol-informazioa jorratzea, euskal taldeen, euskal kirolaren eta kirol autoktonoaren jarraipena eginez. Horrez gain, euskal kirolarien jarraipena egingo da nazioarteko proba zein lehiaketetan; eta beste kirol batzuetako modalitateen jarraipena ere egingo da, berdin dio gehiengoak edo gutxiengoak egiten dituen.
5.3.5.– Informazioari, kirolari eta gaurkotasunari buruzko programa nagusiak diasporako zein euskal gaurkotasunarekiko interesa duten edonongo ikus-entzuleentzat emateko konpromisoa, kanpoan Euskal Herriaren irudi ona eta berria sustatzeko.
5.4.– 4. konpromisoa: Euskara sustatzea eta euskal gizarte elebidun baten normaltasuna sustatzea. Lotutako konpromisoak.
Euskal Irrati Telebista sortzeko Legearen sarreran nahiz haren 3. artikuluan, euskara sustatzeko funtzioa esleitu zitzaion erakundeari. Funtzio hori betez, gizartearen alor guztietan euskaraz egin eta garatutako edukien, sorkuntza-lanen eta jardueren zabalkuntza sustatuko du EITBk. Horretaz gainera, bere emanaldietan saiatu egingo da gizarte-errealitate elebiduna islatzen gure herriko errealitate orokorraren parte den aldetik; eta elebitasunari garrantzia eman dakiola sustatuko du, zuzentasuna, kohesioa nahiz modernitatea bultzatzeko gizarte-elementua den aldetik. Horretarako, EITBk laguntza emango du Eusko Jaurlaritzak nahiz euskara sustatzeko gaietan eskumena duten erakundeek zehaztutako eta bultzatutako euskara normalizatzeko politikan. Alde horretatik, jarduera-ildo hauek garatuko ditu:
5.4.1.– Euskaldunen eskarien araberako programazio erakargarria eskainiko du EITBk euskarazko kateetan, eta biztanle horientzat hedabide erreferente eta integral bihurtzen saiatuko da.
5.4.2.– Euskarazko bere kanaletan eta, betiere, herritar guztien gustuak eta informazio- nahiz entretenimendu-eskaerak asetzeko helburua betez, EITBk arreta estrategiko berezia eskainiko die haurrei zein gazteei, eta ahaleginduko da haurrek eta gazteek ikus-entzunezko, irratiko eta Internet bidezko edukiak euskaraz hartzeko ohitura indar eta finka dezaten.
5.4.3.– Euskarazko albistegiei balio erantsia ematen saiatuko da; edukien unibertsaltasuna osatuz, gertutasun- eta berehalakotasun-ikuspegia zainduko du, eta ikuspegi hori gazteen intereseko edukiez indartuko du.
5.4.4.– Informazio- eta dibulgazio-programetan, euskal hiztunen errealitate berriari egokitutako hizkera erabiliko da; kontuan izanik bi eratako euskal hiztunak daudela –gazteen artean, bereziki–: euskaldun berriak, hau da, euskara bigarren hizkuntza bezala ikasi duten pertsonak; eta euskaldun zaharrak. Talde batean zein bestean, oso bestelako hizkuntza-gaitasunak dituzten pertsonak daude. Xede horri helduz, hizkera komunikatibo, zuzena eta sinplea erabiltzeari emango zaio lehentasuna, albistearen gaiari nahiz haren hartzaileei egokitutako erregistroak erabiliz, hizkuntza-zuzentasunaren irizpide hutsetatik harago.
5.4.5.– Gazte eta haurrak bereziki kontuan hartuta, jatorrizko zinema- eta fikzio-emanaldietan euskarazko azpitituluak erabiltzea eta produktuok euskarara bikoiztea bultzatuko da haurrentzat espezifikoki egindako emanaldietan. Alde horretatik, aztertu egingo da ea bideragarria den estreinatzen diren edo oso arrakastatsuak izan diren filmak nahiz serieak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin ematea erregulartasunez ETB1n, ikus-entzule ororentzako zein gazteentzako. Horrez gain, munduan arrakasta izan duten haurrentzako programa eta serie gehiago emango dira euskarara bikoiztuta.
5.4.6.– Gaur egun Internet ezinbesteko bitarteko bihurtu denez eta sare sozialak gazteengana iristeko funtsezko bidetzat hartuta, sare horietan euskararen erabilera aurreratua eta lehentasunezkoa izatea bultzatuko du EITBk, kontuan izanik belaunaldi gazteenetan oso handia dela euskararen ezagutza-maila.
5.4.7.– Alde horretatik, EITB.EUS ataria informazioa euskaraz ematen duten bitartekoetan eta agentziatan erreferente bihur dadila ahaleginduko da EITB.
5.4.8.– Aztertu egingo da euskara ikasten laguntzeko telebistako programa edo irratsaio bat ekoizteko aukerarik dagoen edo hura ekoiztea egoki den.
5.4.9.– Euskararen presentzia gaztelaniazko kateetan. Euskara normalizatzen laguntzeko ekintzen barruan, eta kontuan izanik gero eta jende gehiagok dakiela euskaraz, gaztelaniazko kanaletako zenbait programa euskararen erabilera naturaltasunez agertzen joango dira, azpidatziak jarriz edo euskaraz ari direnak edota euskarazko tarteak bikoiztuz, Euskadiko gizartea eleaniztuna eta, funtsean, elebiduna dela erakusteko.
5.4.10.– EITB euskal hezkuntza-sistemarekin eta gizarte- eta kultura-erakundeekin lankidetzan arituko da euskara eta euskal kultura sustatu eta zabaltzeko. Era berean, gizartearen kultura-aniztasuna faktore aberasgarritzat hartuko da. Ande horretatik, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearekin elkarlanean arituko da EITB, modu aktiboan aritu ere. Azkenik, bokazio zientifikoa eta teknologikoa sustatzen lagunduko du.
5.4.11.– EITBk Eusko Jaurlaritzarekin eta herri-erakundeekin aliatu modura jardungo du elkarlanean, herritarrak euskararen jakintza eta erabilerari buruz sentsibilizatzea xedetzat duten ekimenetan.
Euskara sustatzeko eta euskal gizarte elebidunaren normaltasuna bultzatzearen baitan, berdin erakundeen ekimenez zein hedabideen ekimenez izan, zenbait programa proposatu daitezke elkarlanean arituz bi aldeen interesekoak diren proiektuak garatzeko asmoz, baldin eta munta handikoak izanagatik edo planteatuta dauden moduagatik ohiko aurrekontu-bitartekoekin ezin badaitezke gauzatu. Kasu horietan, programa-kontratu honetako 8.4 klausula bete beharko da.
5.5.– 5. konpromisoa: Euskal kultura zabaltzea. Lotutako konpromisoak.
5.5.1.– Euskal kulturaren adierazpenak eta euskal kirolak sustatzea, eta jakintzaren dibulgazioari laguntzea gizarte-garapenaren eta garapen zientifiko eta teknikoaren diziplina nagusietan, bai eta letren eta arteen garapenean eta ondare historiko eta artistikoaren garapenean ere.
5.5.2.– Irrati eta telebistako programazio estandarrean zein Interneteko edukietan kultura-dibulgazioko informazioaren eta edukien eskaintza handia.
5.5.3.– Euskal sustatzaileen, argitaletxeen eta sortzaileen lanak eta produktuak sustatzeko eta zabaltzeko ohiko produktuak egitea: a) Kultura flash, publizitate-iragarkien hizkerari lotutako produktua, astean edo hamabostean behingoa; b) Euskal Sortzaileak, lan edo egile jakin baten inguruko mikrogunea.
5.5.4.– Euskal kultura eta gizartea era guztietako agerraldietan zabaltzeko obra dokumentala ematea.
5.5.5.– Emanaldi artistikoak ekoiztea eta Oholtzan edo gisa horretako beste telebista-saio batzuetan ematea; adibidez, musika-lan baten interpretazio bat, antzezpen bat, herri-ekitaldi kulturalak eta beste batzuk.
5.5.6.– Euskal kultura zabaltzeko xedea duten euskal sustatzaileen, argitaletxeen edo sortzaileen lanak eta produktuak sustatzeko publizitate-proposamen bat egitea, zenbait euskarritan deskontu handiak aurreikusiko dituena eta modu espezifikoan araututa egongo dena.
5.5.7.– Euskal kantak zabaltzea eta sortzaile berriak sustatzea, Gaztearen bitartez.
5.5.8.– Irakurketa eta kultura-ohiturak sustatzea (irakurtzea, antzokira joatea, dantza-ikuskizunak, musika, zinema eta beste batzuk), telebistako nahiz irratiko saioetako aurkezleek eta esatariek naturaltasunez aipamenak egiteko planaren bitartez, eta euskal lanak nahiz euskaraz egindakoak aipatuko direla bermatuz.
Euskal kultura zabaltzearen baitan, berdin erakundeen ekimenez zein hedabideen ekimenez izan, zenbait programa proposatu daitezke bi aldeen interesekoak diren proiektuak elkarlanean garatzeko, baldin eta munta handikoak izanagatik edo planeatuta dauden moduagatik ohiko aurrekontu-bitartekoekin ezin badaitezke gauzatu. Kasu horietan, programa-kontratu honetako 8.4 klausula bete beharko da.
5.6.– 6. konpromisoa: Euskal kirola sustatzea.
5.6.1.– Euskal pilota, arrauna, herri-kirolak eta bertako beste kirol batzuen emanaldien eskaintza zabala egitea. Horretaz gainera, erremintako pilota-modalitateen emankizun gehiago egon daitezela sustatzea.
5.6.2.– Aztertzea ea posible den hainbat kirol-modalitatetako goi-mailako kategorietan jokatzen duten euskal taldeen partiduen kopuru jakin bat eskaintzea; betiere, ikus-entzunezko eskubiderik dagoen edo ez kontuan izanik.
5.6.3.– Kategoria gorenetan dauden eta bakarka aritzen diren eliteko kirolariei buruzko albisteak ematea, batez ere, konpetizio-maila goreneko nazioarteko probatan aritu badira. Estaldura maila zein den, hitzarmen bat egin liteke Basque Team fundazioarekin.
5.6.4.– Emakumeen kirolari tarte bat eskaintzea hedabideetan, bai banaka aritzen diren kirolariei bai eta taldean aritzen direnei ere.
5.6.5.– Euskadiko Selekzioaren partiduak edo lehiaketak ematea, bai eta horiei buruzko informazioa ere; horrela, hazi egingo da kirol-modalitate gehiagotan Euskadiko Selekzioa ezagutzera ematearen aldeko interes orokorra. Atzerrian jokatutako partiduen emankizunei dagokienez, emanaldiak herrialde haietako telebistekin elkarrekikotasunez ekoizten eta horien estaldura ematen saiatuko da EITB.
5.6.6.– Taldeko edukietan kirolaren eta ariketa fisikoaren aldeko jarrera sustatu eta zabalduko da, bizimodu osasungarria bermatzeko biderik onena diren aldetik.
5.6.7.– EITBko kanalek euskal gizartean ororen interesekoak diren kirol-emanaldiak zuzenean emango dituzte; betiere, aurrekontu-gaitasunaren irizpidea kontuan izanik eta eskubideak eskuratzeko prezioa arrazoizkoa bada.
Euskal kirola sustatzearen baitan, berdin erakundeen ekimenez edo hedabidearen beraren ekimenez izan, zenbait programa, babes eta kanpaina berezi proposatu ahal izango dira, baldin eta munta handikoak izanagatik edo planeatuta dauden moduagatik ezin badaitezke ohiko aurrekontu-bitartekoekin gauzatu. Kasu horietan, programa-kontratu honetako 8.4 klausula bete beharko da.
5.7.– 7. konpromisoa: Ekonomia berrindartzeari, enpleguari, ikerkuntzari, autogobernuari, gizarte-kohesioari eta printzipioen nahiz balioen zabalkundeari buruzko ekimen instituzionalak sustatzea. Lotutako konpromisoak.
5.7.1.– Ekonomia berrindartzearekin, enpleguarekin eta, batez ere, gazteen enpleguarekin lotura duten informazio-ardatzak estaltzea, egoera ahulean dauden pertsonei laguntza ematen jarraitzeko eta funtsezko zerbitzu publikoei ekonomikoki eusteko gai den gizarte bat sustatze aldera, eta ondorioz, gizarte-kohesioa eta ongizate-estatua bermatzeko.
5.7.2.– Ingurumena errespetatzearekin lotura duten informazio-ardatzak estaltzea, eta hori egitean, klima-aldaketaren arriskuei nahiz ondorioei buruz sentikortzea, eta belaunaldi berriek ingurumenaz goza dezaten, ingurumenaren iraunkortasuna zaintzeko ezarri behar diren planen eta politiken berri ematea.
5.7.3.– Gizonen eta emakumeen berdintasunaren arloan zein elkartasunaren eta gizarte-kohesioaren arloan erdietsitako konpromiso instituzional eta sozialei estaldura ematea. Genero-indarkeriari egoki den informazio-trataera ematea.
5.7.4.– Lehen Eusko Jaurlaritza eratu zeneko 80. urteurrena ospatzeko ekitaldi espezifikoen jakinarazpen-jarduera eta -ekitaldiak sustatzea eta horiei estaldura ematea.
5.7.5.– Euskal gizartearentzat garrantzi handia izan duten gertakariak ospatzeko ekitaldi espezifikoen jakinarazpen-jarduera eta -ekitaldiak sustatzea eta horiei estaldura ematea.
5.7.6.– Zientzia eta teknologia zabaltzea eta bokazio zientifikoak sustatzea, hezkuntza-politikekin koordinazioan.
Ekimen instituzionalei lotutako herri-politikak sustatzearen baitan, berdin erakundeen ekimenez zein hedabideen ekimenez sortutakoak izan, zenbait programa proposatu daitezke bi aldeen interesekoak diren proiektuak elkarlanean garatzeko, baldin eta munta handikoak izanagatik edo planeatuta dauden moduagatik ohiko aurrekontu-bitartekoekin ezin badaitezke gauzatu. Kasu horietan, programa-kontratu honetako 8.4 klausula bete beharko da.
5.8.– 8. konpromisoa: Euskal erakundeek onartutako Bake eta Bizikidetza Planeko ekimen instituzionalak bere egitea eta sustatzea.
5.8.1.– Informazio-ardatzak euskal gizartearen adostasun sozial eta politiko handienak lortzen dituzten aspirazio etiko eta demokratikoetara lerrokatuta estaldura emateko konpromisoa, betiere hiru ardatz hauek helburu edukita: ETAren terrorismoaren bidegabekeriaren eta jasandako beste edozein indarkeria motaren aurrean indarkeriarik ezarekin konprometitutako kontzientzia kolektiboa laguntzea, giza eskubideak defendatzen eta horien urraketen biktimei elkartasuna agertzen laguntzea, eta bizikidetza integratzailea sustatzen eta gizarte-topaketarako prozesua gauzatzen laguntzea.
5.8.2.– Bake eta Bizikidetza Planaren indarreko akordio instituzionalean hartutako konpromisoak.
5.8.2.1.– Euskal gizartearen akordio sozial eta politikorik garrantzitsuenek bultzatutako xede etikoekin eta demokratikoekin konpromisoa hartua duen ildo editoriala garatzen jarraituko du EITBk. Xede horiek guztiak hiru ardatz handi hauetan labur daitezke: indarkeriarik eza, giza eskubideak eta bizikidetza.
5.8.2.2.– Zerbitzu publikoko programak egingo ditu EITBk, betiere, zintzotasunez, zorroztasunez eta objektibotasunez informatzeko eta dokumentatzeko konpromisoa hartuta, gardentasunez jokatuz eta hainbat ikuspuntu emanez. Oinarri horren gainean jarraituko du hauen guztien jarraipena egiten eta hauek guztiak zabaltzen: ETAren terrorismoari legitimitatea kentzearekin, giza eskubideekin, biktimentzako laguntzarekin, bakearen aldeko kulturarekin, memoriarekin eta horien guztien testigantzekin lotura duten gertakariak, berriak eta gertaerak; bai eta hezkuntzaren, parte-hartzearen eta bizikidetzaren alorreko proiektuak eta gizarte-ekimenak zabaltzen ere. Horretarako, komunikazio-formaturik egokienak erabiliko ditu EITBk kasuan-kasuan (berriak, erreportajeak, elkarrizketak, eztabaidarako guneak, eta abar), baita taldearen hedabide-euskarri guztietan erabili ere: telebistan, irratian eta interneten.
5.8.2.3.– EITBk serie dokumental bat egingo du X. legegintzaldiaren barruan, «Hedabide publikoetan Bake eta Bizikidetza Planaren jarduera-ardatzak partekatzeko, diseinatzeko eta garatzeko asmoz elkarlanean aritzeko esparru-hitzarmenarekin» bat etorriz**. EITBko zuzendari nagusi Maite Iturbek eta Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernandezek izenpetu zuten aipatu hitzarmena 2014ko urriaren 31n. Hizpide dugun serie dokumental horren bitartez iraganeko memoria kritikoa egin nahi da, terrorismoari, indarkeriari eta giza eskubideen urraketei buruz. Hamarkadaka antolatuta egongo da seriea; 1960. urtetik hasi eta gaur egunera arte. Serieko edukiari dagokionez, gertakarien eta testuinguru historikoaren berri emateko historiografia modu berezian zaindu beharko da. Historiografia horrek teknikoki oso ondo garatua behar du egon, eta zintzotasunez, zorroztasunez, objektibotasunez nahiz aniztasunarekiko errespetuz emana. Alde horretatik, argitalpenerako zuzendaritza-taldea izango du proiektuak. Talde hori kaudimenduna eta plurala izango da, eta hura finantzatzeko bidea ematen da formalizatu eta sinatutako hitzarmenaren esparruan.
** Hitzarmen horren bidez Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Irrati Telebistaren arteko elkarlana ezarri nahi da, iraganari buruzko gogoeta kritikoa egiteko bidea emango duen serie dokumental bat ekoizteko. Serie dokumental horretan terrorismoari, indarkeriari eta giza eskubideen urraketei helduko zaie, eta hamarkadaka antolatuta egongo da; 1960. urtean hasi eta gaur egunera arte.
5.8.2.4.– Memoriaren Egunaren eta Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren artean, hots, azaroaren 10etik abenduaren 10era, saio bereziak eskainiko ditu EITBk euskarri guztietan. Bi egun horien arteko epean modu berezian jorratuko dira aipatutako gai horiek.
5.8.2.5.– Bake- eta bizikidetza-prozesuetan komunikazio taldeen egitekoa aztertzeko jardunaldi tekniko eta akademikoa egingo du EITBk X. legegintzaldian; Euskal Autonomia Erkidegoko komunikazio-talde publikoa den aldetik horren ardura baitu. Jardunaldi horretan, goi-mailako profesionalek hartuko dute parte. Aurretiazko konpromisoak aztertu eta eguneratu egin daitezke, EITBk eta Eusko Jaurlaritzak XI. legegintzaldirako ezartzen duten konpromisoen hitzarmen instituzionalera egokitzeko.
Euskal erakundeek onartutako Bake eta Bizikidetza Planeko ekimen instituzionalak bere egitearen eta sustatzearen baitan, berdin erakundeen ekimenez zein hedabideen ekimenez sortutakoak izan, zenbait programa proposatu daitezke bi aldeen interesekoak diren proiektuak elkarlanean garatzeko, baldin eta munta handikoak izanagatik edo planeatuta dauden moduagatik ohiko aurrekontu-bitartekoekin ezin badaitezke gauzatu. Kasu horietan, programa-kontratu honetako 8.4 klausula bete beharko da.
5.9.– 9. konpromisoa: Ikus-entzunezkoen euskal industria sustatzea eta kultura- nahiz sormen- industrien bultzatzaile izatea. Lotutako konpromisoak.
5.9.1.– Telebistarako berezko zenbait eduki sortzea, bai barne-ekoizpen propioko edukiak baita elkarlanean, eta modu mistoan edo enkargu bidez egindako ekoizpen propiokoak ere. Eduki horiek guztiak sortzeko balio-kateak euskal ikus-entzunezkoen industria bilduko du, funtsean.
5.9.2.– ETBren zuzendaritzako kideak eta euskal ikus-entzunezkoen industriako eragileak urtean behin biltzea, programazio-estrategia aurkezteko eta ETBko programaren zerrendara zer eratako proiektuak edo zer formatutako programak bildu nahi diren azaltzeko.
5.9.3.– Euskal ikus-entzunezkoen sektoreko programak kontratatzea, horrela ziurtatuko baita jarduera ekonomikoa sortzeko baliabide ekonomikoen transferentzia izango dela telebistari lotutako sormen- eta kultura-industrietan.
5.9.4.– Europako zinema finantzatzea, euskal zinemagintzaren sektorearekin egindako hitzarmenak betez, horrela ziurtatuko baita zinemari lotutako sormen- eta kultura-industrietara transferituko direla jarduera ekonomikoa sortzea xede duten baliabide ekonomikoak.
5.9.5.– Euskal ikus-entzunezkoen sektoreko bikoizketak kontratatzea, horrela ziurtatuko baita bikoizketari lotutako sormen- eta kultura-industrietara transferituko direla jarduera ekonomikoa sortzea xede duten baliabide ekonomikoak.
5.9.6.– Euskal ikus-entzunezkoen sektoreko publizitatea eta promozioa kontratatzea, horrela ziurtatuko baita komunikazioari lotutako sormen- eta kultura-industrietara transferituko direla jarduera ekonomikoa sortzea xede duten baliabide ekonomikoak.
5.9.7.– Unibertsitateekin eta lanbide-heziketako ikastetxeekin hitzarmenak egitea, jakintzaren transferentzia gauzatuko dela bermatu ahal izateko ikasleak sormen-, kultura- eta komunikazio-industrien berezko lanbide-gaitasunetan trebatzeko orduan.
5.9.8.– Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokorrean aipatutako Europako lanen emisioaren barruan ikus-entzunezkoen euskal sektorearen esparruan sortutako film luzeen, dokumentalen eta film laburren zati esanguratsu bat jasotzea.
5.9.9.– Ikus-entzunezkoen euskal sektorearekin elkarlanean aritzea, bai EIKEN klusterraren bitartez baita sektoreko industria finkatzeko asmoz garatutako beste edozer ekimenen bitartez ere.
5.9.10.– Estrategia instituzionalarekin bat etorriz, eta Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean identifikatutako aukera-hobiaren esparruan, kultura- eta sormen-industrien bultzatzaile izango da EITB. Horrela bada, kultura- eta sormen-industriei buruzko berriak eman eta zabalduko ditu, eta zenbait hitzarmen egingo ditu sortutako formatu berritzaileak zabaltzeko eta hizpide ditugun gaiekin lotura duten ekimenetan EIKEN klusterrarekin eta zinemaren sektorearekin elkarlanean aritzeko.
Ikus-entzunezkoen euskal industria sustatzearen eta kultura- nahiz sormen-industrien bultzatzaile izatearen baitan, berdin erakundeen ekimenez zein hedabideen ekimenez sortutakoak izan, zenbait programa proposatu daitezke bi aldeen interesekoak diren proiektuak elkarlanean garatzeko, baldin eta munta handikoak izanagatik edo planeatuta dauden moduagatik ohiko aurrekontu-bitartekoekin ezin badaitezke gauzatu. Kasu horietan, programa-kontratu honetako 8.4. klausula bete beharko da.
5.10.– 10. konpromisoa: Teknologia berritzeko inbertsioak egitea ekoizpen-sistemetan ekoizpenaren kalitatea eta ahalmena areagotu ahal izateko eta banaketa-estandar aurreratuak edukitzeko. Instalazioen mantentze-lanak egitea.
5.10.1.– EITBk berriketa teknologiko handia egin behar du multiplex autonomikoa optimizatuz transmisioaren kalitatea hobetzeko eta, aldi berean, ETB1 eta ETB2ko seinaleak HD formatuan ematen hasi. Inbertsio horiek barnean hartu behar dute telebista digitaletarako erabilgarri dauden frekuentzien bigarren multzoa ezartzeko prozesua, berealdiko garrantzia eta gizarte-oihartzuna izango baitu telebista-kontsumoaren gainean. Telebistako ekoizpen propioko produktuen ekoizpen-kate osoan egin beharko dira inbertsioak; zenbait ekipamendu jarri beharko dira berriz, eta HD sistemetarako migrazioa egin; argitaratze-sistemak berritu beharko dira; eta inbertsioak egin beharko dira telebista-jarraitutasunean eta difusio-buruan.
5.10.2.– Ikus-entzunezko produktuak kontsumitzeko modu berrietara egokitzeko, goitik behera berritu beharko da Internet bidez eskaintzen diren edukietarako hardwarea; edukiak argitaratzeko erabiltzen den softwarearen eta aplikazio pertsonalizatuen (APP) bertsio berriak egin beharko dira. Horrez gain, berriz diseinatu beharko dira EITB.EUS eta EITB Nahieran, horiek gailu mugikorretan zein finkoetan behar bezala ikus daitezen (Internetera konektatutako ordenagailuetan eta telebistetan, HBBTVn, eta abar).
5.10.3.– IT teknologia berria oinarri duten irratiko ekoizpen-sistemetan inbertitu beharra dago lehen digitalizazioaren garaiko ekipoak pixkanaka berritzeko. Bigarren digitalizazioan erronka berriei aurre egin beharko zaie: online-irratia, irrati hibridoa, sakelakoetako app-ak eta streaminga.
5.10.4.– Egoitzen mantentze-lanetarako inbertsioei dagokienez, honako hauek egingo dira nagusiki: egoitzak suteetatik babesteko indarreko arautegira egokitzea; zaharkituta geratu diren airea girotzeko ekipamenduak berritzea, indarreko ingurumen-arauekin bat etorriz (HCFC gasak); eta instalazio elektrikoak berritzea energia gehiago aurrezteko.
5.10.5.– Sistemen alorrean, aipagarrienak dira inguru-babesa berritzea; PCen kopurua egokitzea, sistema eragile eguneratuak dituzten ordenagailuak jarriz; eta backbone konexioak nahiz zerbitzariak berritzea. EJIErekin zenbait itun estrategiko egitea aurreikusi da, kudeaketa-prozesuetara aplikatutako sistemen arloarekin lotura duten zenbait gaitan.
5.11.– 11. konpromisoa: Kudeaketa aurreratuko eta gobernu arduratsuko printzipioak aplikatzea. Lotutako konpromisoak.
5.11.1.– Zerbitzu publikoaren ezaugarriak eta finantzazio-esparru egonkorra ezartzen dituen programa-kontratu honetan oinarritutako eredu estrategikoa izango du EITBk. Eredu horrek jarraitu egingo die edukien funtsezko alderdiak finkatzen dituzten Administrazio Batzordeak onartutako programazio orokorraren ildoei eta lehentasunezko jarduera-ildoak finkatzen dituen Plan Estrategikoari.
5.11.2.– EITBK Aurrekontu Legean legez ezarritako aurrekontu- zein langile-helburuak beteko ditu, eta kudeaketa aurreratua duen enpresa publiko baten berezko kontrol- eta ikuskaritza-tresnak garatuko ditu. Horrela bada, kudeaketa-ikuskaritzak egingo ditu (ISO9000, OHSAS18000 eta ISO14000), baita legez ezarritako urteko kontu-ikuskaritzak eta Eusko Legebiltzarraren edo Eusko Jaurlaritzaren aginduz ezarritako beste edozein ikuskaritza ere; berdin HKEEren bitartez edo Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren bitartez izan.
5.11.3.– Sozietateen kudeaketa-planak garatuko ditu urtero. Plan horiek adierazle-sistema bat izango dute zuzendaritzak emaitzen jarraipena eta ebaluazioa egin ditzan.
5.11.4.– Antolakuntza-sistemetan, talde profesionaletan eta talde-sinergien garapenean oinarritutako eredu bat sustatuko du, sozietateen integrazioa alde batera utzi gabe. Eskaintzak eta kontsumitzeko moduak etenik gabe aldatzen ari direnez, eta lineala ez den eskaintzaren hazkundeari aurrea hartu ahal izateko, prozesu malguagoak eta efizienteagoak behar dira, lanbidea garatzeko eredu berri batean oinarritutakoak.
5.11.5.– Gizarte Erantzukizuneko eta Gobernu Korporatiboaren kodeak aplikatuko ditu EITBk, enpresa gobernatzean zintzotasuna eta gardentasuna eta interes-taldeekin elkar entzuteko harremanak bultzatzeko (Gizarte Erantzukizun Korporatiboa), hori guztia Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoak mendeko sozietate publikoentzat finkatutako enpresa-, ingurumen- eta gizarte-iraunkortasunaren printzipioak garatze aldera.
5.11.6.– EITB taldearen berezko edukiez gain, gardentasun-atari baterako sarbidea izango da EITB.EUS webguneko leku nabarmen batean. Atari horretan informazio korporatiboa emango da, euskal herritarren interesekotzat jotzen diren alderdi guztien arabera egituratuta, open-data printzipioei jarraituz eta enpresa publiko orok bete beharreko legezko baldintzak betez (kontratazioa, gardentasuna, atzitze-eskubidea).
6.– KONPROMISO BERRIAK.
EITBk programa-kontratu honetan propio jasota ez dagoen eta programazio-obligazio edo gastu- edo inbertsio-obligazioetan eragina izan dezakeen beste konpromisoren bat hartzeko, honako programa-kontratu hau aldatzeko prozedurari jarraitu beharko zaio 12. klausulan jasotako moduan.
7.– KONPROMISOEN BETETZE-MAILA.
EITBk programa-kontratu honen bidez bere gain hartzen dituen zerbitzu publikoko helburu eta egitekoak betetzeari buruzko segimendua eta kontrola 10. klausulan aipatzen diren kontrol eta jarraipen-organoen bidez begiztatuko da. Horretarako, klausula horretan aurreikusten den Jarraipen Batzordeak 5. klausulan eta horren ondokoetan jaso diren konpromiso-talde bakoitzaren helburuak egoki betetzeko mailak zein diren zehaztuko ditu.
8.– EUSKO JAURLARITZAREN KONPROMISOAK.
8.1.– Ustiapeneko gastuak konpentsatzeko ekarpenak.
Diru-sarrera propioen (publizitatea saltzetik eta kudeaketa-sarreretatik egindakoak) eta EITBri gomendatzen zaion zerbitzu publikoko lanak ekitaldi bakoitzeko eragiten dituen guztirako gastuen arteko aldea orekatzeko, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen du Aurrekontuen Legean EITBrentzat eta haren kudeaketako sozietateentzat honako gastu-ekarpen hauek egiteko konpromisoa (uneko eurotan):
Kontuan hartu beharra dago 2017., 2018. eta 2019. ekitaldietako ekarpenen barruan ez direla sartu soldata-igoerei eta 2012. urteko aparteko ordainsaria itzultzeari buruz aurrekontu-ekitaldi bakoitzean legez aplikatzekoak diren Eusko Jaurlaritzako zuzentarauak betez ezarriko diren soldata-igoerak. Ekitaldi bakoitzeko ustiapenerako diru-laguntzarako ekarpenei gehitu beharko zaizkie Euskadiko Aurrekontu Orokorretan aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako jasotako soldata-kontzeptu horiengatik ezarritako kopuruak.
8.2.– Ibilgetuaren inbertsioak finantzatzeko ekarpenak. Ibilgetu materialaren edo immaterialaren inbertsio berriak zein birjarpenekoak finantzatzeko, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen du Aurrekontuen Legearen proiektuetan EITBrako eta haren kudeaketako sozietateetarako inbertsioetarako ekarpen hauek (euro arruntetan) egiteko konpromisoa:
EITBk inbertsio-proiektuen urtez urteko zehaztapena aurkeztuko dio Jarraipen Batzordeari.
8.3.– Europako zinematografia-lanak nahitaez finantzatzeko ekarpenak. Zinema-inbertsioak arau aplikagarrietan xedatutakoa betez finantzatzeko, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen du Aurrekontuen Legearen proiektuetan ETBrako inbertsioetarako honako ekarpen hauek (euro arruntak) egiteko konpromisoa:
EITBk zinemako inbertsio-proiektuen urtez urteko zehaztapena aurkeztuko dio Jarraipen Batzordeari.
8.4.– Jarduera espezifiko gehigarriak.
Aurreko idatz-zatian adierazitakoa alde batera utzi gabe, 8.1, 8.2 eta 8.3 idatz-zatietan adierazitako jarduera espezifiko gehigarriak zehaztu ahal izango dira ekitaldi bakoitzean; kasuan kasuko xedeak betetze aldera eta programa-kontratuaren helburuen eta xedeen esparruan betiere.
Ildo horretatik, programa-kontratu honen helburuak betetzeko elkarlanari mesede egiten dioten formulak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa bere gain hartzen du Eusko Jaurlaritzak, bai eta kanpaina, komunikazio-ekintza edo babes-ekintza instituzionalak garatzekoa ere.
Horrela bada, zerbitzu publikoaren funtzioa garatzeko jarduera espezifiko gehigarrien zerrenda egingo da ekitaldi bakoitzean, eta zehaztu egingo da zer ekarpen ekonomiko bideratuko den xede hori betetzera. Jarduera horiek eranskin gisa gehituko zaizkio programa-kontratuari, gizarte hedabideen gaietan eskumena duen saileko buruak onartuta, jarraipen-batzordearen proposamenez.
Eusko Jaurlaritzak, filialak eta EITBk parte harturiko sozietateak sortu eta mantentzeko proiektuak finantzatzea egoki iritziz gero, behar diren zuzkidurak egin ahal izango ditu Aurrekontuen Legean horrelako inbertsioak finantzatzeko.
Eusko Jaurlaritzak EITBren zorpetze-eragiketak baimendu ahal izango ditu, betiere, eragiketa horiek ikus-entzunezkoen euskal sektorea garatzeko diren proiektuetan parte hartzeagatik egin beharreko jarduerak finantzatzeko direnean edo eragiketok irrati eta telebistako programazioarekin zerikusi zuzena ez duen jardueraren bat duten filialentzat direnean; baina, horretarako, proiektuek egindako inbertsioa berreskuratzeko tasak karga finantzarioaren ordainketarekiko bateragarria izan beharko du. Atal honetan jasotakoaren ondorioetarako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan jaso egingo da dagokion zorpetze-baimena.
9.– INDARRALDIA.
Finantzazio-esparru egonkor hau 2016ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra izango da indarrean. Hala ere, egun hori iristean, luzatutzat joko den 2020rako ezarritako baldintzetan (Jarraipen Batzordeak luzapenari buruz hartzen dituen erabakiak kontuan hartuta) hurrengo programa-kontratu indarrean jarri arte, baina luzapenak indarrean egoteko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan behar da.
10.– KONTROLA ETA JARRAIPENA.
10.1.– Zerbitzu publikoaren funtzioaren kontrola.
EITB sortzeko Legearen 20. artikuluak Jarraipen Batzordeari esleitzen dion zerbitzu publikoaren funtzioaren kontrola errazteko, eta estatuek irrati-difusioko zerbitzu publikoei ematen dizkieten laguntzen gaineko arauak ezartzeari buruz Europako Batzordeak emandako Komunikazioak ezartzen duen kontrola egiteko beharra betetzeko, esleitutako zerbitzu publikoaren funtzioa betetzearen gaineko txostena helaraziko die urtero EITBk Eusko Jaurlaritzari eta EITBren Kontrolerako Legebiltzarreko Batzordeari, eta bertan jasoko du bere jardueraren, programazioaren, zerbitzuen eta emisioen gaineko informazioa. Era berean, EITBk aipatutako Legebiltzarreko Batzorde horrek zerbitzu publikoaren funtzioa egoki betetzen ari den balioesteko eskatu ahal izango dion informazioa aurkeztuko dio.
10.2.– Film labur eta film luze zinematografikoak eta telebistarako filmak aurrez finantzatzeko emisio- eta inbertsio-betebeharrak betetzearen gaineko kontrola.
EITBk, aipatutako obligazio horiek betetzeaz gain, horiek betetzeari buruzko txostenak ere igorri beharko ditu, azaroaren 27ko 215/2007 Dekretuan –telebista-operadoreen emisio-betebeharrak eta film luze eta film labur zinematografikoak eta telebistarako filmak aurrez finantzatzeko inbertsio-betebeharrak ezartzekoan– zehaztutako moduan eta epeen barruan.
10.3.– Programa-kontraturen kontrola eta jarraipena.
1) Programa-kontratu hau sinatu eta hilabete igaro aurretik Jarraipen Batzordea eratuko da, hitzarmenean ezarritako guztia behar bezala egingo dela ziurtatzeko eta lanak koordinatzeko.
2) Hauek izango dira Jarraipen Batzordeko kideak:
– Eusko Jaurlaritzak izendatutako lau ordezkari, Kultura eta Hizkuntza Politika (gizarte-hedabideak), Aurrekontuak eta Lehendakaritza alorretan eskumenak dituzten pertsonen artean hautatuak.
– EITBk izendatutako lau ordezkari.
3) Jarraipen Batzordea behar bezala eratzeko, kideen gehiengoaren quoruma behar da.
4) Jarraipen Batzordean, kideen gehiengoaren botoez erabaki behar dira gaiak.
5) Jarraipen Batzordearen bileretan kideen gehiengoak onartzen dituen pertsonak egon daitezke gai zehatzak aztertzeko; pertsona horiek hizpidea izango dute baina botorik ez.
6) Jarraipen Batzordeko lehendakaria Eusko Jaurlaritzaren ordezkari izendatutako kideetako bat izango da beti. Jarraipen Batzordeko lehendakariak kalitatezko botoa izango du erabakiak hartzeko orduan, eta betebehar hauek izango ditu:
– Programaren koordinatzailearekin etengabe harremanetan izan behar da programa-kontratu hau kudeatzeko.
– Kudeaketaren nondik norako guztien eta lortzen diren emaitza guztien berri eman behar dio Administrazioari.
– Informazio-truke oro koordinatzea.
7) Era berean, Batzordeak zeregin hauek izango ditu:
– Aldian behin bilduko da, EITBren jardunaren jarraipena egiteko, programa-kontratuaren esparruan xedatutakoa betez.
– Programa-kontratu honetan jasotako helburuen gainean EITBk bere gain hartzen dituen konpromisoen maila zehazteko, Jarraipen Batzordeak 5. eta hurrengo klausuletan jaso diren konpromiso talde bakoitzaren helburuak egoki betetzeko mailak zein diren zehaztuko du, eta ekintza horiei lotutako adierazleak zehaztu, egokitu eta eguneratuko ditu.
– Batzordeari dagokio, berak onartutako prozedurari jarraikiz, finantzaketa-esparru egonkor honetan erabakitako konpromisoak zenbateraino bete diren ebaluatzea.
– Batzordeak, hala badagokio, izan daitezkeen desbideratzeak zuzentzeko dagozkion neurriak proposatuko ditu.
– Halaber, Batzordeak programa-kontratuaren doikuntzak erabaki ahal izango ditu, betiere doikuntzok aldaketa esanguratsurik eragiten ez badute edo oinarrietan eragiten ez badute eta, ondorioz, programa-kontratua aldatzerik eskatzen ez badute 12. klausulan jaso den arabera.
– Jarduera espezifikoak garatze aldera, ekitaldi bakoitzean programa-kontratuari gehitu beharreko eranskina proposatuko du, 8.4 klausulan xedatutakoa betez; hala badagokio, betiere.
– Jarraipen Batzordeari dagozkio, orobat, programa-kontratu honetan esleitzen zaizkion gainerako funtzioak betetzea.
11.– AURREKONTU-IZAPIDEA.
Finantzaketa-esparru egonkor honetan ustiapen- eta kapital-aurrekontuei dagozkien kopuruak aurrekontu-ekitaldi bakoitzean onartuko dira, legez ezarrita dauden prozedurei jarraituz.
12.– PROGRAMA-KONTRATUAREN ALDAKETAK.
Programa-kontratu hau aldatu egin ahal izango da indarrean dirauen bitartean hura sinatuko dutenek ados jarriz gero eta Jarraipen Batzordeak hala proposatzen badu. Aldaketa gehigarri gisa txertatuko da kontratuaren agirian.
13.– IZAERA.
Esparru egonkor honek administrazio-izaera du, eta, ondorioz, Administrazioari dagokio programa-kontratua gauzatzean sor daitezkeen zalantzak interpretatzea eta ebaztea.
Goian jasotakoarekin ados daudela erakusteko, hitzarmen honen hiru alde sinatu dituzte aldeek, adierazitako lekuan eta egunean.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
Euskal Irrati Telebista Herri Erakundeko zuzendari orokorra,
MAITE ITURBE MENDIALDUA.