EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2016095

AGINDUA, 2016ko apirilaren 26koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena; honen bidez, 2016-2017 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduek eskaintzen duten hezkuntza sistemaren baitako lanbide heziketako zikloetan izena emateko eskaerak aurkezteko epea, onartzeko epeak eta matrikularenak biltzen dituen egutegi komuna ezarri da eta zentro horietan onartua izateko eta matrikula egiteko jarraibideak onetsi dira, hezkuntza hori eskaintzen duten zentro guztietan eskaerak grabatzeko eta matrikula egiteko irizpideak onesteaz gain.

Xedapenaren data: 2016-04-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201602132
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2008/03/06an argitaratutako 2008/03/04ko 200800035 DEKRETUA

Martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuak ikasleen onarpena arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Erdi- eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan. Dekretu horren 9. artikuluak ezartzen du hezkuntza-etapa bakoitzean ikasleak onartzeko prozedura komuna izango dela dekretu horrek xede dituen ikastetxe guztietarako, eta urtero erregulatuko dela hezkuntza-arloan eskumena duen sailburuaren aginduen bidez.
Agindu horietan ezarriko dira eskaerak aurkezteko eta horiek ebazteko epeak. Halaber, agindu horietan zehaztuko da interesdun bakoitzak, dagokion kasuan, aurkeztu beharreko dokumentazioa, hala badagokio, eskaerarekin batera, onarpen prozeduran kontuan hartzea nahi duen irizpideak egiaztatzeko, dekretu horretan ezarritakoarekin bat etorrita.
14/2016 Dekretuak aldatzen duen 32/2008 Dekretuak, hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duenak, 28. artikuluan jasotzen du hezkuntza arloan eskumena duen sailaren titularrak egin behar duela ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan hezkuntza sistemako lanbide heziketa egin ahal izateko onarpen egutegia, aplika daitekeen araudian ezarritakoarekin bat etorrita. Gainera, ezartzen du hark ezarri behar dituela, beste elementu batzuen artean, onarpen datak, irizpideak ikastetxe batean eskaintzen diren plazak baino eskaera gehiago dagoenean eta sarbide desberdinetarako gorde behar diren plazen ehunekoa, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolakuntza orokorra ezartzen duenaren, 47. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorrita.
Hala ere, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 41. artikuluan egindako aldaketak arestian aipatutako 1147/2011 Errege Dekretuari eragin dio, lanbide heziketako erdi-mailako eta goi-mailako ikasketetara sartzeko bideei dagokienez. Momentu honetan ez dago bide horiek arautzen dituen araudirik; izan ere, aipatutako dekretua oinarrizkoa da eta ez da legegintzara egokitu. Dena den, bertan ageri diren manuak agindu honetan azaldutako prozesurako aplikatu behar dira.
Dekretu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen esparruan, Oinarrizko Lanbide Heziketaren araubidea arautu nahi da hezkuntza sistemako lanbide heziketaren barneko Oinarrizko Lanbide Heziketaren berariazko alderdiak arautu, hamalau oinarrizko lanbide titulu onartu, horien oinarrizko curriculumak finkatu eta hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzei dagozkien titulu akademikoak eta profesionalak emateari eta ezartzeari buruzko abenduaren 4ko 1850/2009 Errege Dekretua aldatzen duen otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren arabera.
Bestalde, ikasketa ofizialen izaera dela-eta, itunduak ez diren zentro pribatuetan informazioa emateko obligazio jakin batzuk ezarri dira xedapen gehigarri bakarrean.
Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Aplikazio eremua, zikloak eta ikastetxeetan dauden plazak.
1.– Agindu hau 2016-2017 ikasturterako ikasleak onartzeko prozeduran eta matrikulan aplikatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan, hurrengo atalean adierazitako hezkuntza sistemako lanbide heziketaren ziklo eta modalitateetan ikasteko.
Hezkuntza itunaren bitartez finantzatzen ez diren ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxe pribatuen kasuan, xedapen gehigarri bakarrean adierazitakoa aplikatuko da.
2.– Agindu honek xede dituen ikasketak oinarrizko lanbide heziketako zikloak dira: erdi-mailakoak eta goi-mailakoak, eskaintza osoko irakaskuntza presentzialaren modalitatean (ikasturte osorako matrikula), eta erdi-mailako eta goi-mailako zikloak, Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuaren (ULHI) eskaintza partzialeko urrutiko heziketa telematikoaren modalitatean (erdi-presentziala).
3.–Ez zaie agindu hau aplikatuko eskaintza partzialeko irakaskuntza presentzialei.
2. artikulua.– Egutegia.
1.– Irakaskuntza presentzialean, 3. artikuluak eskaera egiteko obligaziotik eta onarpen prozeduran parte hartzetik salbuesten dituen ikasleek ekainaren 13tik uztailaren 4ra bitartean eman beharko dute izena, biak barne, ikastetxeko idazkaritzaren ordutegian.
2.– Gainerako kasuetan, onarpen prozeduraren datak eta epeak eta izena ematekoak taula honetan modalitate bakoitzerako (presentziala eta erdi-presentziala) eta aldi bakoitzerako ezarritakoak dira:
3.– Urrutiko irakaskuntzaren kasuan, ohiko aldia amaitzen denean itxarote-zerrenda desagertu bada eta oraindik libre dauden plazak badaude, ezohiko aldia irekiko da.
Era berean, urrutiko irakaskuntzan onartutako ikasleek matrikula formalizatu beharko dute aurreko taulan adierazitako datetan. Prezio publikoa ordaindu beharko dute, I. eranskineko hamalaugarren jarraibidean ezarritakoari jarraituz.
4.– Aurreko taulan ageri diren onarpen epeak bukatutakoan plaza libreak geratzen badira, ikastetxeek matrikulatu nahi diren eta irakaskuntzara sarbidea izateko baldintzak betetzen dituzten pertsonak matrikulatu ahalko dituzte, 2016ko urriaren 15eko 24:00ak arte. Data horretatik aurrera, ikastetxeek ezingo dute inor matrikulatu.
5.– Onarpen epeetatik kanpo eta 5. atal honetan adierazitako dataren aurretik matrikulazioak egiten badituzte, ikastetxeek berehala sartu beharko dituzte ikasleen datuak eta matrikularen berrespena dagokion berariazko informatika-aplikazioan.
3. artikulua.– Aurreko ikasturtean ikastetxe, ziklo eta hizkuntza-eredu berean matrikulatuta zeuden ikasleak.
Irakaskuntza presentzialaren kasuan, hizkuntza-eredu eta heziketa-ziklo bereko maila desberdinetan zentro berean jarraitu nahi bada, ez da eskaerarik egin beharko eta ez da onarpen prozedurarik egongo. Dena den, 2.1. artikuluan adierazitako epean formalizatu beharko da matrikula.
Horretarako, ikastetxeek gehienezko deialdi kopurua eta gehienezko egonaldia gainditu ez dituzten eta ikastetxekoak bertakoak diren ikasleen matrikulazioa bermatzeko beharrezkotzat jotzen duten plaza kopurua erreserbatu beharko dute maila, hizkuntza-eredu eta heziketa-ziklo bakoitzean.
4. artikulua.– Hezkuntza-eskaintza.
1.– Hezkuntzaren arloan eskuduna den sailaren menpe dauden ikastetxe publikoetan eskaintzen diren heziketa-zikloak sail horrek agindu honetan adierazitako ikasturterako planifikatutakoak izango dira.
2.– Zentro pribatu itunduetan eta hezkuntzaren arloan eskuduna den sailaren mende ez dauden ikastetxe publikoetan eskaintzen diren heziketa-zikloak ikastetxeek beraiek zehaztutakoak izango dira, beti ere hezkuntzaren arloan eskuduna den sailak baimenduta badaude. Ikastetxe pribatu eta itundu batean zikloak eskaintzeak eta horietan ikasleak matrikulatzeak ez du esan nahi berez ziklo horiek hezkuntza-itunaren bitartez finantzatuko direnik.
5. artikulua.– Eskaintzen den plaza kopurua zehaztea eta ezintasunen bat duten pertsonentzat edo goi-mailako edo errendimendu handiko kirolarientzat erreserbatzea.
1.– Hezkuntza-administrazioaren organo eskudunak maila eta hizkuntza-eredu bakoitzean matrikulatu daitekeen talde kopuruaren berri emango dio hezkuntzaren arloan eskuduna den sailaren mende dagoen ikastetxe publiko bakoitzari.
Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuan (ULHI), gehienez ere 600 ikasle berri onartuko dira institutuan bertan edo ziklo batean, Sukaldaritza eta Gastronomia zikloan izan ezik. Ziklo horretan, 700 onartuko dira gehienez. Lehendik ikasleak direnak 990 ordutarako matrikulatu ahalko dira gehienez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko urriaren 11ko Aginduaren 3.2 artikuluak ezarritakoari jarraikiz. Agindu horrek urrutiko heziketa telematikoaren modalitatean lanbide heziketako irakaskuntzen ezarpena eta antolamendua arautzen ditu.
2.– Irakaskuntza presentzialaren kasuan, zentro publikoen zuzendaritzek edo zentro pribatu eta itunduen tituludunak diren pertsona fisiko eta juridikoek zehaztuko dute eskaintzen den plaza kopurua, baimendutako gehienezko plaza kopuruari ikasturtea gainditu ez duten ikasleentzat erreserbatutako plaza kopurua kenduz.
3.– Heziketa-ziklo bakoitzean eskaintzen den guztizko plaza kopuruaren % 5 eskaera egiten den datan % 33 edo gehiagoko ezintasuna duten pertsonentzat erreserbatu beharko da eta beste % 5 eskaera egiten den datan goi-mailako edo errendimendu handiko kirolarientzat, 971/2007 Errege Dekretuan eta 203/2010 Dekretuan adierazitakoari jarraituz.
6. artikulua.– Onartze-prozesuari buruzko informazioa.
Onarpen eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen, ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek informazio hau emango diete argibideak eskatzen dituzten ikasleen guraso edo legezko tutoreei eta ikasleei eurei, eta ikastetxeko iragarki-taulan ere honako informazio hau ikusi ahal izango da:
● Ikasleak ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan onartzeko araudia.
● Eskabideak egiteko epeak.
● Prozesuaren egutegia, eta horren baitan, besteak beste, onartutako eta baztertutako ikasleen zerrendak argitaratzeko egunak, erreklamazioak jartzeko epeak eta eskabideari uko egiteko epea.
● Eskabideak aurkezteko epean ikastetxeko idazkaritzak jendeari erantzuteko dituen egutegia eta ordutegia.
7. artikulua.– Euskara edo gaztelania erabiltzeko eskubidea.
1.– Agindu honetan ezarritakoaren ondorioz, ikasleek, gurasoek eta tutoreek administrazio publikoarekin dituzten harremanetan euskara eta gaztelania erabiltzeko duten eskubidea bermatuko da, eta erabiltzen duten hizkuntza berean erantzungo zaie.
2.– Onarpen Bermeen Batzordeko kideek haien funtzioen jardunean euskara eta gaztelania erabili ahal izango dute. Era berean bermatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak erabili ahal izatea aztergaien zerrendan, aktetan, ziurtagirietan eta oro har, testu idatzietan.
8. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.
Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, ikasleak onartzeko prozedura honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileen erabilera- eta argitaratze-baimena izango dutenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren izena «Lanbide heziketako ikasleen kudeaketa gradu, modalitate eta erregimen desberdinetan» izango da, eta haren helburua prozedura hau kudeatzea izango da, eta baita prozeduraren garapenari buruz informatzea ere.
Fitxategi horren arduraduna Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Ikastetxeen Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, eskatzaileek baimena ematen diote Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.
9. artikulua.– Jarraibideak onartzea.
I. eranskinean ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko bildu diren jarraibideak onartu dira, eta baita II. eranskinean ikastetxeek hezkuntzaren arloan eskuduna den sailaren aplikazio informatikoa erabiltzeko bildutako jarraibideak ere.
XEDAPEN GEHIGARRI.– Itundu gabeko ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxe pribatuen obligazioak.
Hezkuntza-itunetik kanpo hezkuntza sistemako lanbide heziketa eskaintzen duten zentro pribatuen kasuan, II. eranskineko II.2 jarraibidean adierazitakoa betetzeko eta baimendutako irakaskuntzen eskolatzea kontrolatzeko, eskainitako zikloei eta plazei buruzko datuak eta egindako matrikulei buruzkoak agindu honetako II. eranskinean aipatutako aplikazio informatikoan sartu beharko dira, eranskin horretako II.1etik II.6ra bitarteko eta II.20 jarraibideetan adierazitakoari jarraituz, horietan adierazitako epeetan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Indarraldia.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen kontra aukerako berraztertze-errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari zuzenduta; horretarako, hilabeteko epea egongo da. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, errekurtsoak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 26a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
IKASLEAK ONARTZEKO ETA MATRIKULATZEKO PROZEDURARI BURUZKO JARRAIBIDE OROKORRAK.
II. ERANSKINA
IKASTETXEEK HEZKUNTZAREN ARLOAN ESKUDUNA DEN SAILAREN APLIKAZIO INFORMATIKOA ERABILTZEKO JARRAIBIDEAK.
III. ERANSKINA
AURKIBIDEA