EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2016095

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 11koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko guneak garatzeko eta bultzatzeko laguntzak arautzen dituen otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuko II. eta III. kapituluetan aurreikusitako laguntzetarako 2016. urterako deialdia egiteko dena (Itsaspen programa).

Xedapenaren data: 2016-05-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201602131
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2012/03/06an argitaratutako 2012/02/21eko 201200022 DEKRETUA

Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremuak garatzeko eta bultzatzeko laguntzei buruzko otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremuak garatzeko eta bultzatzeko laguntzak emateko araubidea ezartzea eta arautzea, eremuotako oinarrizko zerbitzuak eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta kostaldeko herriak biziberritzen, berritzen eta garatzen lagunduko duten jarduera ekonomiko berriak sortzen laguntzeko (Itsaspen Programa).
7. artikuluak ezartzen duenez, urtero egingo da dekretu honek arautzen dituen laguntzetarako deialdia, eta artikulu horretan jasotzen diren baldintzak finkatuko dira, esaterako: Eskabideak aurkezteko epea, laguntzak banatzeko guztizko gehieneko zenbatekoa, kapituluetan banatuta, Diruz lagunduko diren laguntza-lerroak, laguntzen zenbatekoak zehazteko hautatutako irizpide objektiboak, diruz laguntzen den ekintza mota bakoitzerako laguntzak eskatzeko aurkeztu behar diren agiriak zehaztea, deialdi bakoitzean hautatutako irizpide objektiboen arabera, inbertsioak eta gastuak egiteko epea, inbertsioak eta gastuak justifikatzeko epea, eta soberakin ekonomikoen banaketa kapitulu bakoitzean.
EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.5 artikuluak ezartzen duenez, ekitaldi ekonomiko bakoitzean EAEko Aurrekontu Orokorrak indarrean jartzen direnean, programen diru-laguntzak emateko arauak eguneratu, berrikusi, edo, hala badagokio, ezarriko dira, eta kasuan kasuko deialdia egingo da bere garaian izaera mugagabez arautu zirenentzat.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legea onarturik, beharrezko da deialdia egitea.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Xedea.
Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko guneak garatzeko eta bultzatzeko laguntzak arautzen dituen otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuko II. eta III. kapituluetan aurreikusitako laguntzetarako 2016. urterako deialdia egitea (Itsaspen programa).
Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuak ezarritako laguntza-deialdian sartzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da 2016. ekitaldian, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko guneak garatzeko eta bultzatzeko laguntzak arautzen dituen otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuan aurreikusitako laguntzak eskatzeko eskabide-orria onartzen da, zeina Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bulegoetan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) eta web-orri honetan eskuragarri egongo baita: www.nasdap.ejgv.euskadi.net
Hirugarrena.– Gehieneko diru-zuzkidura.
1.– Agindu honen bidez deitutako laguntzak emateko gehieneko diru-zuzkidura 1.000.000 eurokoa izango da 2016. ekitaldirako; horietatik, 800.000 euro II. kapituluari dagozkio –300.000 euro 2016ko ordainketa-kredituetarako, eta 500.000 euro 2017ko konpromiso-kredituetarako– eta 200.000 euro III. kapituluari –100.000 euro 2016ko ordainketa-kredituetarako, eta 100.000 euro 2017ko konpromiso-kredituetarako.
2.– Soberakin ekonomikorik badago kapitulu horietako batean, beste kapitulurako erabiliko da.
Laugarrena.– Diruz lagunduko diren laguntza-lerroak.
Otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuaren babesean 2016. urtean diruz lagunduko diren jarduerak II. eta III. kapituluan aurreikusitakoak dira.
Bosgarrena.– Laguntzak baloratzeko eta laguntzak kuantifikatzeko irizpide objektiboak.
Proiektuak baloratzeko, otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuaren 8. artikuluan aurreikusitako irizpide objektibo guztiak hartuko dira aintzat.
Seigarrena.– Aurkeztu beharreko agiriak.
Laguntzak eskatzen dituztenek otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuko 6. artikuluan aurreikusitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera.
Zazpigarrena.– Inbertsioak eta gastuak gauzatzeko epeak.
1.– II. eta III. kapituluetan aurreikusitako ekintzei dagozkien inbertsioak eta gastuak urtekoak edo urte anitzekoak izan daitezke. Urteko proiektuak gauzatzeko epea 2016ko abenduaren 31 artekoa izango da, eta, urte anitzeko proiektuak gauzatzekoa 2017ko abenduaren 31 artekoa, betiere otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuko 13. artikuluan eta 16. artikuluko 3. paragrafoan ezarritakoari kalterik egin gabe.
2.– Otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuko 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, proiektu bakoitzeko inbertsioak eta gastuak gauzatzeko epea Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen bidez egingo da.
Zortzigarrena.– Inbertsioak justifikatzeko epea.
Urteko zein urte anitzeko proiektuetan, laguntzen onuradunek bi hilabete dituzte gehienez ere aurreikusitako inbertsioak eta gastuak egin dituztela egiaztatzeko agiriak aurkezteko, laguntza emateko ebazpenak edo laguntza luzatzeko azken ebazpenak inbertsio edo gastua amaitzeko finkatzen duen azken egunetik hasita, betiere otsailaren 21eko 22/2010 Dekretuko 14. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritakoaren arabera.
Bederatzigarrena.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik hasita; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik hasita.
Hamargarrena.– Ondorioak.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 11.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.