EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2016092

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 10ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Ikertzaile Doktoreentzako Hobekuntzarako doktoretza-ondoko Programarako laguntzak berritzea eta laguntza berriak ematea arautu eta horietarako dei egiten duena 2016-2017 ikasturterako.

Xedapenaren data: 2016-05-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201602057
Maila: Agindua
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak badaki aktiboki parte hartu behar duela Euskadin ikerkuntzan diharduten giza baliabideak ugaritzen eta haien kalitatea hobetzen lagunduko duten programen sustapenean. Horretarako, zenbait jarduera gauzatu ditu azken urteotan, eta horien artean daude ikertzaile doktoreen hobekuntzarako laguntzak.
Ikertzailearen Europako Gutunean (EEE/2005/251/CE), ikertzaileak definitzen dira jakintza, ezagutza, produktu, prozesu, metodo eta teknika berriak sortzen diharduten profesional multzo modura. Sailkapena gorabehera, definizio horretan biltzen dira karrerako edozein etapatan ikerkuntzan eta garapenean ari diren pertsona guztiak. Horrela, doktoretza-ondoko aldiaren aurreneko etapetan ikertzaile doktoreen prestakuntza eta espezializazio zientifikoa sustatu nahi hori Eusko Jaurlaritzak arlo horretan ematen duen bigarren urratsa da. Lehenengoa, ordea, doktoretzari lotutako konpetentziak eta trebetasunak eskuratzea da.
Ikerketako giza baliabideak sustatzeko politikan kokatzen da programa hau, 2015-2018 Unibertsitate Planaren eta Eusko Jaurlaritzaren Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren esparruan, eta horren helburua ikertzaile doktoreen prestakuntza eta espezializazio profesionala sustatzea da. Ekintza hori oso garrantzitsua da, Euskal Autonomia Erkidegoak ahalegin handiak egin behar baititu oraindik Europako beste herrialde batzuetan ikerketa zientifikoaren eta teknikoaren alorrean dituzten giza baliabideak berdintzeko, bai eta zientziaren eta teknologiaren alorrean belaunaldi berri bat sortzeko ere. Hori guztia Ikertzailearen Gutun Europarrari eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodeari (EEE/2005/251/CE) buruzko Europako Erkidegoko Batzordearen Gomendioaren eta 2011ko ekainaren 1eko Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Legearen arabera (aurrerantzean, ZTBL).
Deialdi honen bidez, ikerlarien hobekuntza-programa eskaintzen da doktoretza-ondoko lehen fasean; hiru urteko iraupenekoa izango da gehienez, eta doktoreak lan-kontratu bat sinatu beharko du ikerkuntzan diharduen euskal erakunderen batekin. Unibertsitatea, ikerketa-zentroa eta/edo osasun-ikerketako institutua izan beharko da erakunde hori, publikoa edo pribatua, baina irabazi asmorik gabekoa, eta I+Gn egiaztatutako gaitasuna eta jarduna duena, sozietatearen egoitza Euskadin, eta kontratatzeko gaitasuna duena. Hala, lehen bi urteetan, atzerriko ikerketa-zentro batera lekualdatutzat hartuko da.
Programa horrekin, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eredu bat proposatzen du, ikertzaileen prestakuntzaren kalitatea eta eraginkortasuna zaindu eta onuradunak lan-mundura hurbilduko dituena, lan-kontratu bat izango dutelako, urtero ebaluagarria izango dena.
Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak –EAEko Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak– Sail honi eskumenak eman dizkio zientzia-alorreko politikan eta funtsezko ikerketaren eta ikerketa aplikatuaren sustapenaren eta koordinazioaren arloan.
Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira herri-administrazioen diru-laguntzak emateko jarduera arautzen duten publizitate-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak, betiere EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginari jarraikiz (azaroaren 11ko arazoaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuen), eta kontuan hartuta diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (diru-laguntzen lege orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatu zuen lege hori) eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainontzeko xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.
Horrenbestez, eta 2016ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legea onetsi denez, honako hau
EBAZPEN DUT:
I. KAPITULUA
PROGRAMAREN XEDEA ETA BALDINTZAK
1. ATALA
XEDEA, ZENTROAK ETA FINANTZAKETA
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
1.– Agindu honen bidez, EAEko ezarpen-zentroetan hobekuntzarako programetan izango diren ikertzaile-doktoreentzako eta 2016-2017 ikasturtean atzerrira joango diren ikertzaile doktoreentzako laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia ezarri nahi dira. Deialdiaren bidez, laguntza berriak emango dira, eta 2015-2016 ikasturterako emandakoak berrituko.
2.– Programaren xedea ikertzaile doktoreen hobekuntza sustatzea da.
2. artikulua.– Ezarpen-zentroak eta atzerriko zentroak.
1.– Ezarpen-zentroak: ikertzaile doktoreak kontratu bidez jardungo diren zentroak unibertsitateak, ikerketa-zentroak eta/edo osasun-ikerketako institutuak izan beharko dira, publikoak edo pribatuak, baina irabazi asmorik gabekoak; era berean, I+Gn egiaztatutako jarduna eta kontratatzeko gaitasuna izan beharko dute, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) agente gisa akreditatuta egon beharko dute ekainaren 109/2015 Dekretuaren arabera. Laguntza hau indarrean den bitartean akreditazio hori galtzen bada, ezarpen-zentroa ZTBESen beste agente akreditatu batek ordeztuko du, laguntzaren onuradunak proposatuta.
Ikerbasque Fundazioak agente kontratatzaile gisa parte hartu ahalko du eskatzailearen eta ezarpen-zentroaren arteko kontratua zuzenean gauzatu ezin daitezkeen kasuetan. Horretarako, Ikerbasque fundazioak hitzarmenak sinatu beharko ditu EAEn egoitza duten unibertsitate publiko nahiz pribatuekin eta ikerketa-zentroekin eta/edo osasun ikerketako zentroekin, kontratuko hirugarren urtean dauden ikertzaile doktoreak hartzeko.
2.– Atzerriko zentroak: ikertzaile doktoreak bolada baterako ikerkuntzan jardutera doazen atzerriko zentroak irabazi-asmorik gabeko unibertsitateak edo ikerketa-zentro publiko eta pribatuak izango dira, eta ez dira izango doktoretza-ikasketak egin dituzten zentroak. Eskatzaileak atzerritarrak badira, atzerriko zentroa ez da egongo beren jaioterrian.
3. artikulua.– Jarduera lerroak eta ezagutza esparruak.
1.– Programan honako jarduteko ildo hauek biltzen dira:
a) Laguntza berrien lerroa, ikertzaile doktoreen kontratu berriak finantzatzeko.
b) Laguntza-berritzeen lerroa, 2015-2016ko deialdian emandako laguntzak berritzekoa.
2.– Agindu honetako I. eranskinean daude zerrendatuta laguntza Berriak eskatzeko aukera ematen duten ezagutzaren arloak.
Lehiakide bakoitzak arlo bakar batean aurkeztu beharko du eskabidea, eta arlo horretan aztertuko da eskabidea.
Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, interesdunari hala jakinarazi ondoren, aukeratutako arloa aldatu ahal izango du, betiere, hala komeni bada eskabidearen ezaugarriak direla-eta, edo kasuan kasuko berariazko aholku-batzordeak horrelakorik gomendatzen badu.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Programaren guztizko zenbatekoa, deialdi honi dagokionez, 2.816.500 eurokoa da, eta aurrekontu-ekitaldien eta jarduteko lerroen arabera banakatuta ageri da taula honetan:
2.– Laguntza Berrien lerroari esleitutako zenbatekoa handitu ahal izango da, betiere laguntzak berritzeko linea gauzatu ondoren gerta litezkeen aurrekontu agortu gabeen arabera; horretarako, hautapen-batzordeak eskatu egin beharko du.
2. ATALA
ONURADUNAK, EZAUGARRIAK, ZUZENDARITZA ETA TESI-PROIEKTUA
5. artikulua.– Onuradunak.
1.– Sozietatearen egoitza EAEn duen unibertsitate batekin, ikerketa-zentro batekin, osasun-ikerketako zentro batekin edo Ikerbasque fundazioarekin obra edo zerbitzu jakin bateko lan-kontratua sinatzen duen ikertzaile doktorea izango da laguntza hauen onuraduna.
2.– Ezingo dira agindu honek araututako diru-laguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2. eta 13. artikuluek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen 50. artikuluak ezarritako egoeretako batean daudenak.
6. artikulua.– Ezaugarriak.
1.– Kontratua: Laguntzak irauten duen artean, obra edo zerbitzu jakin bateko lan-kontratu baten ezaugarri berak izango ditu laguntzak berak, eta laguntzaren onuradunaren eta ezarpen-zentroaren artean izenpetu beharko da.
Aipatutako kontratua indarreko legedia aplikagarrian ezarritakoak arautuko du eta, zehazki, honako hauek: Langileen Estatutuaren 12. eta 15. artikuluek, irailaren 17ko 35/2010 Legeak aldatu zuen; BOE, irailak 18); uztailaren 9ko 12/2001 Legearen lehen artikuluak (BOE, uztailak 10); abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuak (BOE, urtarrilak 8); eta, hala dagokionean, abenduaren 12ko 45/2002 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriak eta seigarren xedapen iragankorrak (BOE, abenduak 13) eta abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 21. artikuluaren 3. paragrafoak (BOE, abenduak 29); 11/2013 Legearen 12. artikuluak; eta Gizarte Segurantzako Estatu-idazkariaren 2007ko abenduaren 12ko Ebazpenak, prestakuntza jasotzen ari diren ikertzaileak eta atzerrian ikerkuntzan jarduteko laguntza-programen onuradun diren doktoreak gizarte-segurantzako sisteman sartzeari buruzkoak.
Hala ere, ezarpen-zentroek edozein kontratu sinatu edo daudenak luzatu ahal izateko, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenetan ezarritakoari helduko zaio, horrek ebatziko dituelako laguntza berriak esleitzeko eta daudenak berritzeko prozedurak, 29. eta 34. artikuluetan ezarrita daudenak, hurrenez hurren.
2.– Iraupena: kontratuak urtebete iraungo du, 9. artikuluaren 1. atalean ezarritako laguntzaren hasiera-egunetik hasita, eta urtebeteka luzatu ahal izango da, laguntza agindu honetako 31. artikuluan ezarritakoaren arabera berrituz gero. Laguntza, gehienez ere, 36 hilabeterako eman ahal izango da.
Jarduera eten gabe, 36 hilabete horiek bi fasetan antolatuko dira: lehenengoa 24 hilabetekoa izango da gehienez, eta ikertzailea atzerriko ikerketa-zentro batera joango da, bere ezarpen-zentroa utzita, ikerketa-proiektu bat gauzatzeko. Bigarren fasea, berriz, 12 hilabetekoa izango da gehienez; fase horretan, ikertzailea EAEko ikerketa-talde batean sartuko da.
Ikertzaileen kontratuaren iraupena eten egingo da, egoera hauetakoren bat jazoz gero: aldi baterako ezintasuna, haurdunaldiko arriskua, amatasuna, adopzioa edo harrera, edoskitzaroko arriskua edota aitatasuna gertatzean. Horrelakoetan, etendako denbora berreskuratu ahal izango du interesdunak, emandako laguntzaren 36 hilabeteak amaitzean, baldin eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzak horretarako baimena eman eta onuradunak laguntzari uko egin ez badio edo eskaeran atzera egin ez badu; bestalde, berreskuratzeko aldiak 60 egunekoak izango dira, gutxienez, eta aurrekontuek horretarako aukera eman behar dute.
3.– Zuzkidura: ezarpen-zentroak izenpetzen diren kontratu guztiei emandako laguntzak erabili beharko ditu ikertzaileen ordainsari gordinak eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuotak ordaintzeko.
Enplegu-emaileek eta enplegatuek honako zuzkidura hauek jasoko dituzte 2016-2017 ikasturtean:
Ezarpen-zentroarekin izenpetutako doktoretza-ondoko kontratuak jasoko ditu kopuru horiek gutxieneko ordainsari gisa, erakunde kontratatzailearen kontura osatu daitezkeela baztertu gabe; hala bada, gehikuntza horri dagokion enpresa-kuotaren zati proportzionala ordaindu beharko du erakunde kontratatzaileak.
4.– Asegurua: laguntzen onuradunek, dagokien Gizarte Segurantzako estalduraz gain, erantzukizun zibileko, istripuen eta bidaia-laguntzako aseguru bat izango dute, interesdunarekin batera atzerrira joango diren ezkontideari eta 25 urte baino gutxiagoko seme-alabei ere luza dakiekeena interesdunak hala eskatzen badu. Aseguru hori antolamendu juridikoak onartzen dituen edozein frogagiriren bitartez egiaztatutako izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango da.
Aseguru horren estaldurak aldatu ezinekoak dira.
5.– Bidaia-gastuak: laguntza-aldiko lehen bi urteetan, osagarri bat ezarriko da lekualdatutako zentrora joan-etorriko bidaia bat finantzatzeko urtean. Bidaia horren zenbatekoa honako taula hau kontuan hartuko da ezarriko da:
Agindu honen ondorioetarako, eskatzailea EAEn erroldatuta dagoen probintziako hiriburua hartuko da jatorri-hiritzat.
Zenbatekoa ezarpen-zentroari ordainduko zaio. Ezarpen-zentroak ordainketa bakar batean ordainduko dio onuradunari zenbateko hori, bigarren hileko ordainsarian.
6.– Ordainbidea: ezarpen-zentroei zenbait zatitan ordainduko zaie laguntza: % 10 jasoko dute kontzesioa ebatzi, eta laguntza onartu ostean; % 30, 2017ko otsailean; % 30, 2017ko maiatzean; eta gainerako % 30, 2017ko irailean.
Bigarren ordainketa egiteko, kontratuaren kopia helarazi beharko da Zientzia Politikarako Zuzendaritzara edo, behar izanez gero, kontratu-luzapenaren kopia.
Ezarpen-zentroei aurretik emandako funtsekin sortu ahal izango liratekeen finantza-errendimenduek ez dute emandako laguntzaren zenbatekoa handiagotuko.
Ezarpen-zentroek, dagokionean, kasuan kasuko konturako atxikipenak eta diru-sarrerak gauzatuko dituzte prestatzen ari diren ikertzaile doktoreek egindako ordainketengatik.
7. artikulua.– Proiektuak.
Proiektuetan, diziplinei dagozkien funtsezko printzipio etikoak eta jardunbide etiko onartuak jaso beharko dira, bai eta kode deontologiko nazional, internazional, sektorial edo instituzionaletan jasotako arau etikoak ere.
3. ATALA
ESKUBIDE-BETEBEHARRAK
8. artikulua.– Ikertzaile onuradunen eskubideak.
1.– Lankidetza eta beharrezko laguntza jasotzea ezarpen-zentroarengandik, horrek ahal duen neurrian, bere hobekuntza-programa gauzatu ahal izateko.
2.– Sailetan eta erakundeetan integratuta egotea eta horietan parte hartzea, bere ezarpen-zentroko estatutuak onartzen duen neurrian.
3.– Ikerketa-proiektua egiten ari den zentroko estatutuak laguntza-fase bakoitzerako zehazten dituen opor-erregimena, lizentziak eta baimenak hartzea.
4.– Dagokion laguntza ekonomikoa jasotzea deialdi honetan adierazitako moduan.
5.– Erakunde batzuentzat diharduela kontuan hartuta, zientzia-jarduera gauzatzeko orduan, erakunde horien izenak erabiltzea.
6.– Norberaren ekarpenarekin bat etorriz, ikerketako jardueratik eratorritako jabetza intelektualaren eskubideak baliatzea, Jabetza Intelektualaren Legearen Testu Bateginak –apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak onartutakoak– ezarritakoari jarraikiz. Eskubide horiek ez dute menpekotasunik izango egindako ikerketak sorrarazi ditzakeen beste eskubide batzuekiko, eta horiekin osagarri eta metagarri izango dira. Horrek ez du eraginik izango lan kolektibotik eratorritako baldintzatzaileetan, ikertzaile doktorea ikerketa-proiektu kolektibo batean parte hartzen ari denean edo horri lotuta dagoenean.
7.– Industria-jabetzaren gaineko eskubideei dagokionez, patenteei buruzko martxoaren 20ko 11/1986 Legearen esparruan xedatutakoa hartuko da kontuan. Horrez gain, urtarrilaren 18ko 55/2002 Errege Dekretuak –ikerkuntza-erakunde publikoetan egindako asmaketak ustiatzeari eta lagatzeari buruzkoak– xedatutakoa ere hartuko da kontuan, hala dagokionean. Aipatutako eskubide horiek ez dute, inola ere, soldata-izaera izango.
8.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legeak bere 14. artikuluan aitortzen dizkien beste guztiak.
9.– Beren ezarpen-zentroak onartzen dizkien beste eskubide guztiak, betiere bateragarriak badira deialdi honetako xedapenekin.
9. artikulua.– Ikertzaile onuradunen betebeharrak.
1.– Kontratu berriak formalizatzea ezarpen-zentroarekin 2017ko urtarrilean; eta baita horien luzapenak ere, une horretan indarrean den kontratua bukatu ondoren. Kontratua ez bada egun horietan formalizatzen, ezetsi egingo da emandako diru-laguntza, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak lanean hastea atzeratzeko baimen-eskabideari baietza ematen dion kasuetan izan ezik.
2.– Zentroan jarduten hasteko data hauek betetzea:
a) Laguntza berri baten onuraduna 2017ko urtarrileko lehenengo hamabostaldian hasiko da lanean atzerriko zentroan. Onuraduna ez bada lanean hasi 2017ko otsailaren 1ean baino lehen, ezetsi egingo da emandako diru-laguntza, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak lanean hastea atzeratzeko baimen-eskabideari baietza ematen dion kasuetan izan ezik.
Onuraduna lanean hasi dela egiaztatu beharko da atzerriko zuzendariak izenpetutako idazki bidez. Bertan, zein egunetan hasi den jaso beharko da. Idazki hori Zientzia Politikarako Zuzendaritzara bidaliko da 2017ko otsailean.
b) Lehen laguntza-berritzeen onuradunek atzerriko zentroan jarraitzen dutela egiaztatu beharko dute atzerriko zuzendariak izenpetutako idazki baten bidez. Idazki hori Zientzia Politikarako Zuzendaritzara bidaliko da 2017ko otsailean.
c) Bigarren laguntza-berritzeen onuradunek ezarpen-zentroan lanean hasi direla egiaztatu beharko dute ikertzaile-buruak izenpetutako idazki baten bidez. Bertan, zein egunetan hasi diren adierazi beharko da. Idazki hori Zientzia Politikarako Zuzendaritzara bidaliko da 2017ko otsailean.
3.– Ikerketa-jarduera dedikazio esklusiboko erregimenean gauzatu beharko dute, Agindu honetako 13.3. artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe.
4.– Laguntza-aldia amaitu eta ondorengo hilabetean aurkeztu beharko dituzte curriculum vitae eguneratua eta amaierako txostena, 10 orrialdekoa gehienez, eta barne hartuko dituena egindako jarduera akademikoak eta lanak eta beka-aldiko lorpenak, ezarpen-zentroko ikerketa-arloko lege-ordezkariak sinatuta.
5.– Laguntzari uko eginez gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari eta ezarpen-zentroari jakinarazi beharko diete, 12. artikuluan zehaztutako baldintzen arabera.
6.– Laguntza ematea ekarri zuten hasierako baldintzetan izandako edozein aldaketa (proiektua, proiektuaren zuzendaritza, hartzailea, etab.) jakinarazi beharko diete Zientzia Politikarako Zuzendaritzari eta ezarpen-zentroari.
Baldintzetan aldaketaren bat egiteko Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren baimena beharko da. Aldaketa egiteko eskaera idazki arrazoitu bidez egingo da, eskatzaileak sinatu beharko du eta proiektuaren ikertzaile nagusiaren oniritzia izan beharko du.
Dena dela, baimentzen diren aldaketek bermatu beharko dute kalitatea izango dela laguntza ematea eragin zuen eta orduko sasoiko kalifikazioak lortzea eragin zuen kalitatearen antzekoa.
7.– Hobekuntza-programan aurreikusitako jarduerei probetxu ateratzea, bere lanak gizarteari onura ekar diezaion.
8.– Zientzia-alorreko prestakuntza eta esperientzia-trukea sustatzeko politikaren esparruan Zientzia Politikarako Zuzendaritzak antolatutako jardueretan parte hartzea.
9.– Zientzia hedatzeko kanpainetan parte hartzea, ezarpen-zentroko zein atzerriko zentroko komunikazio-politikaren esparruan.
10.– Erakunde batzuentzat diharduela kontuan hartuta, ikerketa-jarduera gauzatzeko orduan erakunde horien izenak erabiltzea, barne-araudien eta erakundeek sinatutako akordio eta hitzarmenen arabera.
11.– Laguntza-aldian argitaratutako lan guztietan adieraztea Eusko Jaurlaritzak doktoreei eskainitako doktoretza-ondoko hobekuntza-programari atxikitako ikertzailea dela.
12.– Diharduen diziplinako arau eta printzipio etikoak onartu, ezagutu eta betetzea, hala nola ezarpen-zentroetan eta atzerriko zentroetan aplikagarri zaizkion laneko osasun eta segurtasuneko arauak eta funtzionamendu-arauak.
13.– Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak diru-laguntzen destinoa fiskalizatzeko lanetan eskatzen dieten informazio guztia aurkeztu beharko dute.
14.– Edonola ere, diru-zenbatekoak jasotzeko eta laguntza berritzeko, artikulu honetan jasotako betebeharrak bete beharko dira.
15.– Era berean, agindu honetako laguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik emango, ezta emandakoa ordainduko ere, baldin eta EAEko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat bukatu gabe eta izapidetzen badute.
16.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.
10. artikulua.– Ezarpen-zentroaren betebeharrak.
1.– Ezarpen-zentroak honako betebehar hauek izango ditu, kontratu-aldian ikertzailearekiko kontratu-harremanetik sortzen direnez gainera:
a) Ikertzaile onuradunari lan-kontratua egitea, indarreko laneko legediaren arabera, agindu honetan zehaztutako iraupenarekin, ordainsariekin eta gainerako betekizunekin.
b) Onuradunekin sinatutako kontratuen kopia igortzea Zientzia Politikarako Zuzendaritzara sinatzen den egunetik zenbatzen hasita egutegiko 21 eguneko gehieneko epean.
c) Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinaraztea, baldin eta laguntza emateko hasierako egoera aldatzen bada, egoera hori eten edo aldatzen bada, edo bateraezintasuna dakarren beste edozein kausa sortuz gero; laguntzaren xedea normaltasunez betetzea eragoz dezaketen gainerako gorabeheren berri ere eman beharko da. Gehienez ere, egutegiko 21 eguneko epean eman beharko da gorabehera horien berri, gertatzen diren egunetik aurrera.
d) Onuradunei behar duten laguntza ematea, eta beren jarduera ongi gauzatzeko behar dituzten bitartekoak, tresnak edo ekipoak erabiltzeko aukera ematea.
e) Programa behar bezala garatzen dela zaintzea; onuradunari ezin zaio eskatu bere ikerketaren garapenarekin lotuta ez dagoen beste jarduerarik egitea.
f) Prestakuntza-aldian den ikertzaileari aukera ematea, ikertzen ari den departamentuetan, institutuetan eta erakunde publiko edo pribatuetan integratzeko.
g) Laguntza-programa honen barruan ezarpen-zentroaren eta ikertzailearen artean egindako kontratuek adierazi beharko dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko finantza-laguntza dutela ikertzaileentzako doktoretza-ondoko hobekuntza-programaren bitartez.
h) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xedearen fiskalizazio-eginkizunak betetze aldera.
i) Ezarpen-zentroak 2018ko lehen hiruhilekoan justifikatu beharko du zertan erabili dituen agindu honetan araututako laguntzengatik jasotako funtsak. Helburua da zentro horiei ikertzaileen ordainsari gordinetarako ordaindutako zenbatekoen eta, agindu honetan jasotako egoera guztiak aplikatuta, azkenean ematen direnen arteko aldea erregularizatzea.
Horretarako, ezarpen-zentroak ziurtagiri bat helarazi beharko du Zientzia Politikarako Zuzendaritzara, eta ziurtagiri horretan adieraziko da zeintzuk diren erakunde horrek laguntzaren onuradun bakoitzari emandako urteko soldata gordina eta Gizarte Segurantzari emandako zenbatekoak. Zenbateko horien artean alderik badago, hori Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez ebatziko da.
Hala ere, onuradunak bere kontratua amaitu baino lehenago amaitzen badu laguntzaren aldia, aldi hori amaitzen duenean justifikatuko du ezarpen-zentroak, aurreko paragrafoan aipatzen den moduan.
j) Diru-laguntza jasotako egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea; era berean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari laguntzea jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.
2.– Ezarpen-zentroak nahitaez bete beharko du EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. titulua –EAEko herri-administrazioen laguntzen eta diru-laguntzen araubideari buruzkoa–, erakunde kolaboratzaile den aldetik, bai eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoa ere.
4. ATALA
LAGUNTZA ONARTZEA, HARI UKO EGITEA ETA BATERAEZINTASUNAK
11. artikulua.– Laguntza onartzea.
1.– Programa honetan araututako laguntzen onuradun den doktore ikertzaileak egutegiko 10 eguneko epea izango du laguntzari berariaz eta idazki bidez uko egiteko, kontzesio-ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan jakinarazten denetik aurrera, hala egin ezean, onartutzat joko da.
2.– Ikertzaile doktoreek diru-laguntza onartzen badute, 8. eta 9. artikuluetan jasotzen diren eskubideak onartzen dituztela eta betebeharrak betetzeko konpromisoa hartzen dutela ulertuko da, hurrenez hurren.
12. artikulua.– Laguntzari uko egitea.
1.– Uko-egiteen berri idatziz jakinarazi beharko da, ikertzaileak eta ezarpen-zentroko legezko ordezkariak izenpetutako idazki baten bidez. Bertan adieraziko da zein diren uko-egitearen arrazoiak, eta zein izango den horren eraginetarako data. Uko egin izana modu telematikoan bakarrik jakinarazi beharko da, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren bidez; hona hemen helbidea: https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2016/posdoc/y22-izapide/eu/. Uko egitearen ondorioak hasteko eguna baino egutegiko 10 egun lehenago egingo da jakinarazpen hori, beranduenik ere.
2.– Uko-egiteak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez onartuko dira.
3.– Doktore ikertzaileak uko egiten badu, ezarpen-zentroak itzuli egin beharko ditu kontratua finantzatzeko erabili gabeko zenbatekoak. Uko egitearen ondorio ekonomikoak hasiko dira uko egite hori gauzatzen den egun berean, bidegabeko ordainketak gauzatu badira egin beharko diren itzultzeak eragotzi gabe.
13. artikulua.– Bateraezintasun-araubidea.
1.– Programa honetako laguntza jasoz gero, oro har, ezingo da funts publikoekin edo pribatuekin finantzatutako beste laguntzarik jaso, ez eta soldatarik ere, artikulu honetako 3. zenbakian eta 6.3 artikuluan xedatutakoa eragotzi gabe.
2.– Aurreko atalean ezarritakoa gorabehera, programa honetako laguntza jasoz gero, ezingo da doktoreen hobekuntzarako programetako laguntzarik jaso edo jasota egon agindu hau argitaratzen den eguna baino lehenago.
3.– Salbuespen gisa, eta laguntzako 12 hilabeteko hirugarren aldian soilik, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak baimena eman ahal izango die laguntzaren onuradunei aldi baterako lanaldi partzialeko kontratu bat sina dezaten, gehienez ere 60 ordukoa, bere ikerketa-jarduerari loturiko irakaskuntzan jarduteko. Laguntzaren eskaera egiteko erabili den aplikazio informatikoaren bidez eskatuko da baimena. Kontratua hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago eskatu beharko da baimena gutxienez, eta ikerketako errektoreordearen onarpena izateaz gainera, atxikipen-saileko zuzendariak eta ikertzaileak sinatu beharko dute eskaera.
14. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatu badira, edo, hala dagokionean, administrazio honek edo beste Administrazio Publiko batzuek emandako beste laguntza batzuk aldi berean lortzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen baldin badira. Ondorio horietarako, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako zenbatekoak berriz doituko dira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko. Hartzaileek, beraz, sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte. Baldintzak aldatzeak emandako diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 18. artikuluan araututako itzultze-espedientea hasiko da.
15. artikulua.– Jarraipena.
Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio ikertzaile doktoreek egin duten lanaren jarraipen zientifiko-teknologikoa egitea; horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, eta egoki irizten dituen organo, batzorde edo adituak izendatu ahal izango ditu, laguntzaren aplikazioaren beharrezko jarraipen- eta egiaztapen-jarduerak gauzatzeko, eta beharrezkoa dela pentsatzen duen informazio osagarria aurkez dadila eskatzeko, agindu honetan kasu bakoitzerako berariaz ezartzen den informazioaz gainera.
6. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak beharrezko ikuskatze- eta kontrol-lanak egin ahal izango ditu agindu honen helburuak betetzen direla bermatzeko, betiere Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eginkizunen kalterik gabe.
17. artikulua.– Ez betetzea.
Laguntza itzultzeko prozedurari ekingo zaio laguntzaren onuradunak eta/edo ezarpen-zentroak edo erakunde kontratugileak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53.1 artikuluan adierazitako kasuetako batean sartzen badira, edo Agindu honetan eta bete beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badituzte, edo diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez badituzte –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera– eta laguntzak emateko ebazpenean arautzen diren baldintza edo betebeharrak betetzen ez badituzte.
18. artikulua.– Laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratzeko eta, beharrezkoa bada, laguntza itzultzeko prozedura.
Agindu honetan xedatutakoa betetzen ez den kasuetan, hau izango da prozedura:
a) Prozedurari Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak emango dio hasiera, eta Zientzia Politikarako zuzendariak jakinaraziko du. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.
b) Prozedura hasteko ebazpenak prozedura bera hastearen arrazoiak jasoko ditu eta 15 eguneko epean emango du egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.
c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, amaiera emango zaio prozedurari, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez.
Hamabi hilabetekoa izango da, gehienez ere, itzultze-prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea.
Ebazpenak ulertzen badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, gehi laguntza ordaindu zenetik dagozkion legezko interesak; horretarako epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
d) Borondatezko epean laguntza itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ogasun eta Finantza Saileko Ogasuneko eta Finantza Politikako Sailburuordetzari, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoa kontuan hartuta jarduteko.
19.– artikulua.– Datu pertsonalak.
Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan –Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoan– eta otsailaren 25eko 2/2004 Legean –Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzkoan– ezarritakoari jarraikiz, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko. Datuok Hezkuntza, Unibertsitate eta Kulturako sailburuak 2010eko urriaren 4an emandako Aginduan jasotzen den «Bekadunentzako laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira (Zientzia Politikarako Zuzendaritzako 3. fitxategia da); agindu horren bidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dira.
Zientzia Politikarako Zuzendaritzan erabili ahal izango dira eskuratzeko, zuzentzeko, baliogabetzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, idazki bat bidali beharko da agindu honetako 21.3 artikuluan adierazitako egoitzetarik edozeinetara.
Era berean, deialdi honetara aurkezten diren pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari, aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren egiaztatzeko, beste erakunde publiko batzuetan.
II. KAPITULUA
LAGUNTZEN IZAPIDEAK ETA EBAZPENA ETA LAGUNTZAK ARGITARATZEA
20. artikulua.– Organo kudeatzailea.
Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagozkio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak.
21. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epeak.
1.– Eskabidea Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2016/posdoc/y22-izapide/eu/) modu telematikoan eskuragarri egongo den inprimakiaren bitartez baizik ezingo da egin. Helbide horretatik, izangaia Zientzia Politikako aplikazio informatikoan sartuko da, eta bertan alta hartu beharko du erabiltzaile moduan, eta aplikazioan zehaztutako jarraibideak bete. Eskatzailearen identitatea egiaztatu egingo da, pertsona horren esanbidezko baimenarekin, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez. Zerbitzu hori Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasota dago.
Eskabidearekin batera aurkeztu beharko den dokumentazioa bide elektronikoa erabiliz soilik aurkeztuko da, eta laguntza Berrietarako Agindu honetako 25. artikuluan eta Berritzeetarako 33. artikuluan azaltzen den dokumentazioa izango da.
2.– Eskabide telematikoa guztiz betetakoan, eta 7. artikuluko dokumentuan aplikazioaren bidez bidaliz gero, eskatzaileak, Egoitza Elektronikoak onartutako sinadura elektronikoaren edozein sistema erabiliz, eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu ahal izango du.
3.– Eskatzailea ezin bada sinadura elektroniko bidez identifikatu, eskabide telematikoa bete eta amaitu ostean eta eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa aurkeztu ondoren, eskabidearen inprimaki ofiziala lortuko da papereko euskarrian dokumentu hori soilik aurkezteko. Dokumentu hori honako bulego hauetako edozeinetan sinatuko da:
a) «Zuzenean» herritarren zerbitzuko bulegoetan:
– Bizkaia (Kale Nagusia, 85, 48011 Bilbao).
– Gipuzkoa (Andia, 13, 20003 Donostia).
– Araba (Ramiro de Maeztu 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz).
b) Euskal Herriko Unibertsitatearen Erregistro Bulegoetan, baldin eta Unibertsitate hori ezarpen-zentroa bada:
– Arabako 01 erregistro-bulegoa (Arabako Campuseko Errektoreordetza, Izardui komandantea 2, 01005 Vitoria-Gasteiz).
– Gipuzkoako 02 erregistro-bulegoa (Ignacio M.ª Barriola gelategia, Elhuyar plaza 1, 20018 Donostia)
– Bizkaiko 03 erregistro-bulegoa (Errektoretza, Sarriena z.g., 48940 Leioa).
– Bizkaiko 04 erregistro-bulegoa (Larrako Etxea, Agirre Lehendakariaren etorbidea 83, 48015 Bilbao).
c) Posta-zerbitzua. Kasu horietan gutun-azal irekian aurkeztuko da, igorri nahi den dokumentuaren lehen orriaren goiburuan argi eta garbi azaltzeko igorpen-data.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan zehaztutako edozein lekutan.
e) Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatutako edozein lekutan.
Inprimaki ofizialak eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du. Inprimaki ofiziala eskuz edo elektronikoki eraldatuko balitz, eskabidea automatikoki baztertuko da.
4.– Honako hauek dira dokumentazioa aurkezteko epeak:
– Laguntza Berriak: hilabeteko epea Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
– Berritzeak: 2016ko uztailaren 1etik 15era, biak barne.
5.– Izangai bakoitzak eskabide bakar batekin parte hartu ahal izango du deialdi honetan.
6.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, ezingo da eskabiderik aldatu, aginduan zehazten diren salbuespenetan izan ezik.
7.– Agindu honetako II. eta III. eranskinetan azaltzen dira eskabide-ereduak.
22. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Laguntzen eskabideak oso-osorik beteta etorri ezean, edo manuzko agiri guztiekin batera aurkezten ez badira, interesdunari eskatuko zaio akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak modu telematikoan aurkezteko hamar laneguneko epe luzaezinean, 21. artikuluaren 2. eta 3. paragrafoetan ezarritako prozeduraren arabera. Hala egiten ez bada, eskatzaileak eskaera egiteari uko egin diola ulertuko da; hala ere, Administrazioak uko edo atzera egite hori adierazten duen berariazko ebazpena eman beharko du. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan arautzen den moduan jakinarazi beharko da ebazpen hori.
Zuzenketak egiteko errekerimenduak 30. artikuluko 30. artikuluko 4. paragrafoan ezarritako prozedurari jarraikiz jakinaraziko dira.
III. KAPITULUA
LAGUNTZA BERRIAK
1. ATALA
ESKAKIZUNAK ETA DOKUMENTAZIOA
23. artikulua.– Eskatzaileen betekizunak.
1.– a) Eskabidea aurkezterakoan EAEko udalerri batean erroldatuta egotea, 2011ko urtarrilaren 1az geroztiko antzinatasunarekin, gutxienez.
b) Hala ere, onartu egingo dira, aurretik EAEn erroldatuta egonda, doktoretza-tesia doktoretza-programa batean egiteagatik baldintza hori betetzen ez duten eskatzaileak, bai eta, egoera horretan egonda, doktoretza-titulua eskuratu ostean beren ikerketa eten ez dutenak ere.
2.– Erkidegotik kanpoko atzerritarren kasuan, egoitza-baimena eduki behar dute.
3.– Doktoretza-titulua edukitzea, 2013ko urtarrilaren 1ean edo geroago lortutakoa, honako salbuespen hauekin:
a) Salbuespen gisa, eskatzailea doktorea ez bada, baina titulu hori 2016ko urrirako lortzekotan badago, onartu egingo zaio eskabidea, eta behin-behinean ebaluatu ahal izango da, baldin eta gainerako agiriekin batera aurkezten badu tesia deposituan erregistratu delako ziurtagiria, edo proiektuaren zuzendariaren gutuna, eskatzailea doktore-titulua 2016ko urrirako ateratzeko moduan egongo dela ziurtatzen duena. Aipatutako titulua lortu delako ziurtagiria aurkezteko epea 2016ko azaroaren 2an amaituko da, mugaeguna barne. Laguntza jasotzea eskatzaileak aipatutako titulua lortu duelako egiaztagiria aurkeztearen mende dago. Horretarako, doktoretza-tituluaren eskubideen ordainagiriaren kopia aurkeztu beharko da bide telematikoen bitartez Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2016/posdoc/y22-izapide/eu/).
b) Doktoretza 2012. urtean zehar ere eskuratu ahalko da, betiere, honako hauei zor zaizkien etenaldiak egiaztatzen badira:
– Amatasun edo aitatasun-atsedenaldiagatik; Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean jasotako babespeko egoeren arabera.
– Eskatzailearen gaixotasun edota istripu larriagatik; hiru hilabete edo gehiagoko baja medikoarekin.
– Mendeko pertsonak 3 hilabetean edo luzaroagoan zaindu izanagatik, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean adierazitakoarekin bat etorriz.
Etenaldiak oso-osorik 2012ko urtarrilaren 1etik eta 2015eko abenduaren 31ra bitartean gertatutakoak izan beharko dira. Era horretako etenaldirik gertatu bada, eskabidea aurkezteko unean hura jakinarazi eta egiaztatu beharra dago. Eskatzaileak doktoretza eskuratu zuenetik igarotako epearen zenbaketa soilik behin eta urtebetez atzera daiteke hizpide dugun etenaldiagatik.
4.– Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen dion zehapen penal edo administratiborik, edo horretarako gaitasuna kentzen dion debeku legalaren pean erori ez izana, sexu-bereizkeriagatikoak barne hartuta, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak –emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzkoak– azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoari jarraikiz.
24. artikulua.– Baldintzak betetzea.
1.– Onuradunek laguntza-eskaera aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute baldintzak betetzen dituztela, berariaz aipatutako salbuespenetan izan ezik.
2.– Hautapen-prozesutik kanpo geldituko dira eskatutako eskakizunak betetzen ez dituzten edo betetzen dituztela garaiz eta forma egokian frogatzen ez duten pertsonak. Horrek ekarriko du prozesuan parte-hartzeagatik sor daitezkeen eskubide guztiak galtzea.
25. artikulua.– Derrigorrezko agiriak.
Ondoren adieraziko den dokumentazioa aplikazio informatiko bidez aurkeztu beharko da eskabide-orriarekin batera, 21. artikuluaren 2. eta 3. paragrafoetan adierazitakoaren arabera.
1.– a) Eskatzailea egun eta, gutxienez, 2011ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik EAEn erroldatuta dagoelako egiaztagiria.
b) Doktoretza lortzeagatik edo doktoretza-ondoko ikerketaren bat egiteagatik baldintza hori beteko ez balu, ikasketa horien matrikula edo doktoretzako edo doktoretza-ondoko jardueren ikertzaile arduradunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko ditu, hala nola aurrez EAEn erroldatuta egon delako agiria, eta, justifikatu beharreko denbora horretan guztian beste autonomia-erkidego batean erroldatuta egon delako agiria, edo, atzerrian bizi bada, enbaxadako erregistroa.
2.– Egoitza-baimena. Europar Batasunetik kanpoko pertsonek bakarrik aurkeztu beharreko agiria.
3.– Doktoretza-titulua edo horren eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria, doktoretza eskuratu zeneko data adierazita.
4.– 23.3.b. artikuluan zerrendatutako baldintzak direla medio, doktoretza 2012an eskuratu delako ziurtagiria.
5.– Ezarpen-zentroaren konpromisoa, bertako lege-ordezkariak sinatua (ikerketako errektoreordeak edo haren baliokideak, unibertsitateen kasuan), doktore ikertzailearekin lan-kontratua formalizatzeko.
6.– Atzerrian garatutako proiektuaren zuzendariak emandako ziurtagiria, espresuki, honako hauek barne hartuko dituena: a) atzerriko zentroak eskatzailea onartuko duela 2017.eta 2018. urteetan, programa honen laguntza jasoz gero; eta, b) aldi horri dagokion hobekuntza-programa baliozkotu dezala.
7.– Atzerriko ikerketa-proiektuaren zuzendariaren curriculum vitae laburtua (azken 6 urteak).
8.– Proposatutako hobekuntza-programa, eskatzailea hirugarren urtetik aurrera sartuko den ikerketa-taldeko ikertzaile-buruak sinatua, eta eskatzaileak ikerketa-prestakuntza osatu eta espezializazioan sakontzeko xedez laguntza-aldiko 36 hilabeteetan gauzatu beharreko jarduerak jasotzen dituena (6 orrialdekoa izango da gehienez). Honako hauek barne hartu beharko ditu:
a) Titulua eta laguntza-aldian gauzatu beharreko ikerketa-proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa (gehienez, 3 orrialdekoa). Bertan adierazi beharko ditu atzerriko egonaldian eta hiru urteren buruan ezarpen-zentrora itzultzen denean bete nahi dituen helburuak, gauzatuko dituen lanak eta espero dituen lorpenak, hala nola sortzea espero dituen ekarpen zientifikoak.
b) Lortu nahi diren helburuen eta garatu nahi diren konpetentzien zerrenda.
c) Hobekuntza-programaren interes zientifikoaren eta /edo sozialaren laburpena.
d) Hiru urte horietan aurreikusitako jardueren kronograma edo egutegia.
e) Ezarpen-zentroko eta EAEko beste ikerketa-zentro batzuetako eta atzerriko zentroetako ikertzaileen artean hasi eta/edo sendotu nahi diren lankidetzen proposamenak, hala nola laguntzaren eskatzaileak zein hirugarren urtean kidetuko den ikerketa-taldeak eskuratzea espero ditzaketen etekinak.
9.– Memoria (gehienez ere, orrialde batekoa), eskatzailea hirugarren urtean sartuko den ikerketa-taldeari buruzkoa, haren zientzia-kalitatea eta prestakuntza-ahalmena adierazita.
10.– Ikerketa-proiektuko ikertzaile nagusiaren curriculum vitae laburtua (azken 6 urteak).
11.– Eskatzailearen curriculum vitae normalizatua.
12.– Bi ikertzaileren aipamen-gutun, eskatzailearen ibilbide zientifikoaren berme gisa.
13.– Laguntza jasoz gero, eskatzailea hirugarren urtean sartuko den ikerketa-taldeko ikertzaile-buruak sinatutako egiaztagiria, eskatzailea 2019. urtean onartuko duela espresuki adierazita dagoena.
14.– Eskabidean azaltzen den erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoak egiaztatzen dituen dokumentazioa, halakorik behar izanez gero.
EAEko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko dira memoriak, edo ingelesez. Era berean, dokumentazioa normalizatu gabeko formatuetan aurkeztuz gero edo agindu honetan zehaztutakoak baino orrialde gehiago izanez gero, eskabidearen zuzendu beharreko hutsunetzat joko dira.
2. ATALA
HAUTAPEN- ETA ESLEIPEN-PROZESUA
26. artikulua.– Hautapen-prozesuko onarpen-prozedura.
1.– Eskabideak zuzentzeko epea igaro eta eskabideok ebatzi ostean, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpena emango du, hautapen-prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen gainekoa. Era berean, ebazpen horretan adieraziko da noiz egingo dituzten elkarrizketa pertsonalak, arlo bakoitzeko aholku-batzorde bereziek balioetsi beharrekoak.
Ebazpena jakinarazteko, 30. artikuluaren 4. paragrafoan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
2.– Elkarrizketa pertsonaletara joan ahal izango dira, badaezpada, aurreko paragrafoan adierazitako ebazpenean baztertutako pertsonak, arlo bakoitzeko berariazko aholku-batzordeek balioetsi ditzaten; horretarako, egiaztatu beharko dute errekurtsoa jarri nahi dutela baztertzearen kontra. Errekurtso hori ezesten bada, elkarrizketa pertsonalak ez du baliorik izango, eta berariazko aholku-batzordeak ematen duen balorazioak ere ez.
27. artikulua.– Berariazko aholku-batzordeak, ebaluazio-irizpideak eta baremoa.
1.– Hautapen-prozesurako onartutako pertsonak I. eranskinean definitutako arlo bakoitzari dagokion berariazko aholku-batzordeak balioetsiko ditu.
2.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak izendatuko ditu berariazko aholku-batzordeetako kideak; kideok, berriz, entzute handiko pertsonak izango dira ikasketa- eta ikerketa-eremuan.
3.– Berariazko aholku-batzordeek honako irizpide hauen arabera ebaluatuko dituzte onartutako eskabideak:
– Eskatzailearen curriculum vitaea. 25 puntu, gehienez ere.
– Hobekuntza-programa.– Laguntza-aldiko 36 hilabeteetarako aurreikusitako hobekuntza-programaren kalitatea, interesa, koherentzia eta bideragarritasuna eta ikertzaile eskatzailearen hobekuntza, espezializazioan eta nazioartekotzean izango duen eragina, hala nola hirugarren urtean sartuko den ikerketa-taldean izango duena, eta EAEko ikerketa-sistemak horretaz guztiaz espero ditzakeen etekinak. 25 puntu, gehienez ere.
– Atzerriko zentroa eta atzerrian gauzatzekoa den proiektuaren zuzendaria.– Zentro hartzaileak proiektuaren arloan duen prestigioa eta proiektu-buruaren zientzia-historia. 20 puntu, gehienez ere.
– Ezarpen-zentroa eta ikerketa-taldea EAEn.– Ezarpen-zentroak proiektuaren arloan duen prestigioa eta proiektuko ikertzaile nagusiaren historial zientifikoa. 10 puntu, gehienez ere.
– Elkarrizketa pertsonala.– Aurrez aurrekoa izango da elkarrizketa, eta eskatzailearen prestakuntzari eta curriculumari, hobekuntza-programari eta ikerketa-proiektuari edo egoki irizten den beste edozein alderdiri buruz hitz egingo da bertan. 20 puntu, gehienez ere.
4.– Esleipen-prozesutik kanpo uzteko arrazoi izango da hautagaia elkarrizketara ez azaltzea, edo 75 puntu baino gutxiago edo emaitza negatiboa lortzea; aktetan azaldu beharko dira emaitza negatiboen zioak, berariazko aholku-batzordeek ebaluatu beharreko alderdi batzuenak edo guztienak izan.
28. artikulua.– Nola jokatu elkarrizketetan.
1.– Berariazko aholku-batzordeetako kideak ez badira ondo moldatzen ebaluatu behar duten pertsonak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean –EAEko hizkuntza ofizialean–, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak bermatu beharko du, batetik, intereseko dokumentazioa itzultzeko zerbitzua, eta, bestetik, aldibereko itzulpen-zerbitzua, elkarrizketa pertsonalerako.
2.– Zientzia Politikarako Zuzendaritzak giza baliabide eta baliabide material osagarriak emango dizkie desgaitasuna duten pertsonei, egingo dituzten elkarrizketetan aukera berak izango dituztela bermatuko dizkieten baliabideak, hain zuzen ere.
3.– Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, hautaketa-probetan aukera- eta tratu-berdintasuna bermatzeko xedez, deialdiaren baldintzak egokitu ahal izango ditu, proba egingo den lekura iristeko ezintasuna duten pertsonak daudenean (osasun-eragozpen larriak dituztenean, epaimahaiak askatasunez balioetsiak). Epaimahaiari egoera horren berri eman ahal izango zaio proba egin baino lehen, eta mediku-ziurtagiri bidez egiaztatu. Elkarrizketara joan ezina dakarren eragozpena aurreikusteko modukoa denean, astebete lehenago jakinarazi eta egiaztatu beharko da.
29. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.
1.– Agindu honetan araututako laguntza Berriak emateko prozedura lehiaketarena egingo da.
Horretarako, 27. artikuluan aipatutako ebaluazio-irizpideei jarraikiz, arlo bakoitzeko aholkularitza-batzorde espezifikoek hautagaien arloz arloko proposamen bat aurkeztuko diote hautapen-batzordeari. Esleipenaren xede izan ahal izateko, 75 puntu edo gehiago izan beharko dituzte hautagaiek, eta balioespen positiboa eduki.
2.– Zientzia Politikarako zuzendariak, Unibertsitateen zuzendariak eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikari batek osatuko dute hautapen-batzordea. Teknikari hori Zientzia Politikarako zuzendariak hautatuko du, eta batzordeko idazkari izango da.
3.– Hautapen-batzordeak gaitasuna izango du, horretarako arrazoiak adierazita, laguntza berrien lerroari dagokion kopurua arloen artean banatzeko, agindu honen 27.3. artikuluan jasotako ebaluazio-irizpideen, aukerako eskabide-kopuruaren eta aurrekontu-mugapenen arabera, arlo guztietan gutxienik onuradun bat egon dadin eta emandako laguntza-kopurua orekatuta egon dadin arloen artean, aukerako eskabide-kopuruak horretarako aukera badu. Banaketa hori Laguntzak Esleitzeko Proposamenaren aktan jasoko da.
4.– Hautapen-batzordeak, berariazko aholku-batzordeen proposamena aztertu ostean, dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeari. Proposamenean honako hauek jasoko dira: onuradunen zerrenda, arloka, eta dagokien zenbateko ekonomiko xehatua, eskuragarri dagoen kreditu-mugara arte. Era berean, ordezkoen zerrenda bat jasoko da, eskuragarri dagoen aurrekontuagatik eman ez diren eskabideei dagokiena; eta, halaber, ukatu diren eskabideen zerrenda (ukatzeko arrazoiarekin) eta baztertu diren eskabideen zerrenda ere (baztertzeko arrazoiarekin) jasoko dira.
30. artikulua.– Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.
1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esanbidezko ebazpen bakarraren bidez emango edo ukatuko dira laguntza berriak, hautapen-batzordeak emandako ebazpen-proposamena aintzat hartuta.
2.– Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta pertsona onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak jasoko ditu. Halaber, ordezkoen zerrenda emango da, eta zerrenda horretan adieraziko dira 75 puntu edo gehiago jaso duten eskabideak, erabilgarri dagoen aurrekontuaren ondorioz beka-proposamenean sartu ez direnak. Horrez gain, ukatutako eskabideen zerrenda ere emango da, ukatzeko arrazoiak adierazita, baita baztertutako eskabideen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.
3.– Ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, gehienez ere, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Adierazitako epe horretan ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak ez direla onartu ulertuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
4.– Aipatutako ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz egingo da jakinarazpena.
5.– Aurreko 4. atalean ezarritakoaz gain, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak interesdunei egindako argitalpenen abisuak bidali ahal izango dizkie, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
6.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko dute interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Egoitza Elektronikoaren bidez (https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2016/posdoc/y22-izapide/eu/). Horretarako, hilabeteko epea izango du, ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratzen egunaren biharamunetik hasita.
7.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez, laguntzak emango zaizkie ordezkoen zerrendetan azaltzen diren eskatzaileei honako kasu hauetan: laguntzak emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan uko egiten den kasuetan, eta eskatutako dokumentazioa ez aurkeztearren laguntza eman gabe geratzen denean (23.3 artikuluan adierazitako kasuetan).
Laguntza horiek hutsik geratutako plazari dagokion arloan emandako azken laguntzaren ondorengo lekuan dauden pertsonei emango zaizkie. Arlo horretan erreserbarik ez badago beste arlo batzuetako eskatzaileei eman ahal izango zaizkie, lortutako balioespenaren eta EAErentzat duen interes zientifikoaren arabera.
Ondorio horietarako, laguntzak emango dituen Organoak laguntzak emateko proposamena jakinaraziko die interesdunei, 10 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Behin proposamena onartutakoan, laguntza emateko ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko.
IV. KAPITULUA
LAGUNTZAK BERRITZEA
1. ATALA
ESKAKIZUNAK ETA DOKUMENTAZIOA
31. artikulua.– Eskakizunak.
1.– 2015-2016 ikasturtean emandako doktoretza-ondoko laguntza baliatzen aritzea, Hezkuntza eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren arabera, Agindu honek ondorioak dituen egunean.
2.– Ikerketa-proiektuko lanerako planean aurreikusitako jardueren aprobetxamendua egiaztatzea, aldeko txosten baten bidez, modalitatearen arabera dagokion egiaztagiriaren bitartez.
3.– Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen dion zehapen penal edo administratiborik, edo horretarako gaitasuna kentzen dion debeku legalaren pean erori ez izana, sexu-bereizkeriagatikoak barne hartuta, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak –emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzkoak– azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoari jarraikiz.
32. artikulua.– Eskakizunak betetzea.
1.– Onuradunek eskaera aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute baldintzak betetzen dituztela, berariaz aipatutako salbuespenetan izan ezik.
2.– Hautapen-prozesutik kanpo geldituko dira eskatutako eskakizunak betetzen ez dituzten edo betetzen dituztela garaiz eta forma egokian frogatzen ez duten pertsonak. Horrek ekarriko du prozesuan parte-hartzeagatik sor daitezkeen eskubide guztiak galtzea.
33. artikulua.– Derrigorrezko agiriak.
Ondoren adieraziko den dokumentazioa aplikazio bidez aurkeztu beharko da eskabide-orriarekin batera, 21. artikuluaren 2. eta 3. paragrafoetan adierazitakoaren arabera.
1.– Laguntza jaso zuenez geroztik ikerketa-hobekuntzaren alorrean gauzatutako jardueren txostena (hiru orrialde gehienez). Ingelesez idatzitako txostenak onartuko dira.
2.– Txostena, atzerriko proiektuaren zuzendariak izenpetua, berritzea eskatu duenaren ikerketa- eta prestakuntza-jarduerei, errendimenduari eta hurrengo ikasturterako aukerei buruzkoa (lehenengo berritzea eskatzen dutenen kasuan bakarrik azken hori).
3.– Ezarpen-zentroaren konpromisoa, bertako lege-ordezkariak sinatua (Ikerketako errektoreordeak, unibertsitateen kasuan), indarreko lan-kontratua luzatzeko.
4.– Eguneratze-memoria (gehienez, orrialde 1ekoa), ikerkuntza-hobekuntzako programari buruz, eskatzaileak 2017an gauzatu beharreko jarduerak jasota dituena (bakarrik bigarren luzapenaren eskatzaileek aurkeztekoa). Memorian adierazita egon behar da ezarpen-zentroarekin, eta hala badagokio, EAEko beste ikerketa-zentro batzuekin zein atzerriko zentroarekin izandako lankidetza-modalitatea.
5.– Ezarpen-zentroak obra edo zerbitzu jakin bateko lan-kontratua luzatze-konpromisoa emateko, eskatzaileak 2017an sail edo ikerketa-talde batek onartzen duela egiaztatu beharko du (bakarrik bigarren luzapenaren eskatzaileek aurkeztekoa).
EAEko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko dira memoriak, edo ingelesez. Era berean, dokumentazioa normalizatu gabeko formatuetan aurkeztuz gero edo agindu honetan zehaztutakoak baino orrialde gehiago izanez gero, eskabidearen zuzendu beharreko hutsunetzat joko dira.
2. ATALA
ESLEIPEN-PROZEDURA ETA EBAZPENA
34. artikulua.– Esleitzeko prozedura.
Laguntzak berritzeko ez da lehiaketa-prozedura bidez gauzatuko. Horrenbestez, aurrekontu-aukerak kontuan izanik, berritzea onartuko da eskaera garaiz eta forma egokian aurkezten denean, betiere 31. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badira.
35. artikulua.– Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.
1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esanbidezko ebazpen bakarraren bidez eman edo ukatuko dira Berritzeak, hautapen-batzordeak emandako ebazpen-proposamena aintzat hartuta.
2.– Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak jasoko ditu; halaber, eskabidea ukatu eta baztertuen zerrenda bana jasoko du, eta ukatzeko eta baztertzeko arrazoiak azalduko.
3.– Ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, gehienez ere, Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Adierazitako epe horretan ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak ez direla onartu ulertuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
4.– Aipatutako ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz egingo da jakinarazpena.
5.– Aurreko 4. atalean ezarritakoaz gain, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak interesdunei egindako argitalpenen abisuak bidali ahal izango dizkie, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
6.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko dute interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Egoitza Elektronikoaren bidez (https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2016/posdoc/y22-izapide/eu/). Horretarako, hilabeteko epea izango du, ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratzen egunaren biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.
Agindu honetan aurreikusi ez denerako, honako hauek hartuko dira kontuan: EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutakoa, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, horretarako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. artikuluan eta ondorengoetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautu duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 10a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.