EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2016092

ERABAKIA, 2016ko apirilaren 25ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, zeinen bidez baiesten baita Ente Publikoaren 2016ko ekitaldirako lan-eskaintza publikoa.

Xedapenaren data: 2016-04-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201602055
Maila: Akordioa
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/03/03an argitaratutako 2015/02/23ko AKORDIOA [201501019]

Osakidetzaren 2013-2016 aldirako lerro estrategikoen jarduera-planen barruan taxutu zen Osakidetzaren 2014. eta 2015. urteetarako lan-eskaintza publikoa, hautaketa- eta betetze-prozesuen etengabeko hobekuntzako neurri gisa.
Prozesuaren esperientzia ikusirik, eta horren jarraipen gisa, 2016. urterako lan-eskaintza publikoaren deialdia iragartzen da, zeinak, 2017. urterako hurrengo deialdiari loturik, egonkortasun handiagoa emango baitio 2014. urtean hasitako lanpostuen egonkortze-prozesuari.
Osakidetzaren 2016. urterako lan-eskaintza publikoa egiteko, 2016. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko urriaren 29ko 48/2015 Legeak ekitaldi horretarako lan-eskaintza publikoaren arloan oinarrizko arau gisa ezarritako langileen berritze-tasaren % 100eko muga aplikatu behar da.
Osakidetzaren Administrazio Kontseiluak Ente Publikoan enplegua sendotzeko duen konpromisoa berretsi zuen, nahiz eta adierazi zuen eskaini beharreko plazen kopurua aipatutako berritze-tasari egokituko zitzaiola, legezko esparruan, betiere.
Gauzak horrela, eta hautaketa-prozesuen kudeaketan aintzat hartu beharreko arrazoi ekonomikoak eta eraginkortasunarekin lotutakoak direla medio, Administrazio Kontseiluak uste du 2016ko lan-eskaintza publikoa prozesu zabalago baten barruan sartu behar dela, hots, 2017. urteko lan-eskaintza publikoa barruan hartzen duena; betiere, ezartzen den berritze-tasari men eginez.
Lanbide-kategoria ezberdinetan lehentasunezkotzat jotako beharrizanei erantzungo diete pilatutako eskaintzan sartzen diren lanpostuek.
Osasuneko sektore-mahaian negoziatu beharko dira lanpostuen lanbide-kategorien araberako banaketa eta deialdien oinarriak, eta, Administrazio Kontseilu honek onartu ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
Orobat, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko 2014-2016 aldirako Giza Baliabideen Antolamendu Planarekin bat etorrita, barne-sustapeneko prozesuen bidez hornitu beharreko lanpostu batzuk edukiko ditu lan-eskaintza publikoak, langile berriekin hornitu beharreko lanpostuekin batera.
Deialdi bat zein bestea, hots, txanda librekoa eta barne-sustapenekoa, batera gauzatuko dira.
Adierazitakoarekin bat etorrita, eta Enplegu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 37.1 artikuluan ezarritako xedapenei jarraikiz, Osasuneko sektore-mahaiak, 2016ko lan-eskaintza publikoa mintzagai hartuta, bilerak egin ditu 2016ko otsailaren 21ean, martxoaren 21ean eta apirilaren 19an, negoziatu eta irizpide orokorrak finkatzeko akordioak lortze aldera. Bilera horietan, Osakidetzak adierazi du, 2016ko ekitaldirako lan-eskaintza publikoa negoziatzeko orduan, indarreko legezko esparruari lotzeko asmoa duela, 2016ko ekitaldirako baimendutako berritze-tasari dagokionez, bereziki. Horrez gain, adierazi du barne-sustapeneko prozesuen bidez betetzeko lanpostuak sartu nahi dituela eskaintza horretan.
Adierazitako horren guztiaren ondorioz, Zuzendaritza Nagusiak hala proposatuta, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ente Publikoaren estatutuak xedatzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 8.5.f) artikuluan xedatutakoaren arabera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2016ko apirilaren 25eko bileran, erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko estatutupeko langile finko izateko lan-eskaintza publikorako 2016. urterako deialdia egitea onartzen da.
2016ko lan-eskaintza publiko horretan, 929 lanpostu eskainiko dira, guztira, txanda irekian.
Bigarrena.– Osakidetzaren Giza Baliabideen Antolamendurako Plana garatzeko, 271 lanpostu betetzeko barne-sustapeneko hautaketa-prozesuak egiteko deialdia onartzen da.
Hirugarrena.– Aurreko ataletan aurreikusitako estatutupeko langile finko izateko eta barne-sustapeneko prozesuak batera egingo dira, lehiaketa-oposizioaren hautaketa-sistemaren bidez.
Prozesu horien ondoriozko jarduera guztietan, publizitate, berdintasun, merezimendu eta gaitasunaren printzipio orokorrak aplikatuko dira, eta gardentasunik handienarekin egikarituko dira.
Laugarrena.– Dagozkien deialdiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz erabakiko dira deialdiaren xede diren lanbide-kategoriak.
Bosgarrena.– 2016ko lan-eskaintza publikoa 2017. urterako lan-eskaintza publikoari erantsiko zaio; azken hori, urte horretako lehen hiruhilekoan onartu beharko du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluak.
Seigarrena.– Nolanahi ere, barne-sustapenean nahiz txanda irekian, % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duen jendeak betetzeko gordeko da deialdira ateratako lanpostuen % 7, baldin eta hautaprobak gainditzen badituzte eta adierazitako desgaitasun-maila eta dagozkien lan eta zereginak egiteko bateraezintasunik ez izatea egiaztatzen badute, betiere.
Gordetako ehuneko zazpiko gutxieneko horren barruan, desgaitasun intelektuala duten pertsonek betetzeko izango da eskainitako lanpostuen ehuneko bi, eta, gainerakoa, beste edozein desgaitasun-mota duten pertsonek betetzeko.
Zazpigarrena.– Oinarri orokorren eta dagozkien deialdiek ezarritako oinarri berezien arabera kudeatuko dira hautaketa-prozesuak garatzeko jarduerak.
Zortzigarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren ardura izango da deitzen diren hautaketa-prozesuak oinarri orokor eta berezien arabera kudeatzea, eta ahalmena ematen zaio deialdi hori egikaritzeko behar adina ebazpen emateko, hala nola, deitu beharreko lanpostu zehatzei, epaimahaien izendapenari, deialdien ebazpenari eta lanpostuen esleipenari buruzkoak.
Bederatzigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina erabaki honek. Haren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera bi hileko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 25a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
JON DARPÓN SIERRA.