EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-16 Aldizkari honetan argitaratua: 2016091

EBAZPENA, 2016ko maiatzaren 4koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, 2016. urterako euskal lankideentzako laguntzen deialdia egiten duena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2016-05-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201602033
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2005/06/03an argitaratutako 2005/05/31ko 200500124 DEKRETUA

Ebazpen honen bidez, bete egiten dira, 2016. urterako, Garapenean Lankide izateko eta Laguntzeko Fondoaren pentzutan borondatezko euskal lankideei laguntzak ematea arautzen duen maiatzaren 31ko 124/2005 Dekretuan jasota dauden aurreikuspenak (ekainaren 3ko EHAA, 104. zk.), gaur egungo idazketa aintzat hartuta, dekretu hauen bidez eginiko aldaketen ostean: 2/2006 Dekretua, urtarrilaren 10ekoa (urtarrilaren 17ko EHAA, 11. zk.) eta 264/2006 Dekretua, abenduaren 26koa (urtarrilaren 9ko EHAA, 6. zk.). Oro har, ebazpen honetan ez dira errepikatuko dekretu horren edukiak, zeina diru-laguntza hauen deialdira aurkeztu nahi duten erakundeek nahitaez kontsultatu behar baitute.
Aipatu dekretuak arautu egiten ditu pobreziaren aurka lan egiten duten tokiko erakundeak eta entitateak sendotzeko xedearekin parte hartzen duten euskal lankideentzako laguntzak, ezarritako betekizunak betetzen dituzten Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeei edo bestelako erakundeei diru-laguntzak emanez. Deialdiaren ebazpenean adierazi beharko dira deialdiaren xedea, zuzkiduraren zenbateko osoa eta laguntzen gehienezko kopurua, bai eta eskabideak aurkezteko lekua, epea eta eskabide-eredua ere.
Beste aldetik, aurreikusten da erakunde interesdunek laguntzen programa honetarako izapide guztiak egiteko bitarteko telematikoak erabiltzeko aukera dutela, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren arabera hori ahalbidetuko duen prozedura bat txertatuz, eta aukera horretan aurrera egin da.
Deialdia egiteko eskumenari dagokionez, eta kontuan izanik zer dioten, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, eta bestetik, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 187/2013 Dekretuak, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak egin behar du diru-laguntzen deialdi hau.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak du laguntza horiek eta emango diren ebazpenak kudeatzeko eskumena, hala xedatuta baitago, batetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 11.2 artikuluan, eta, bestetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 11.1 artikuluan.
Azkenik, adierazi behar da deialdi honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektorearen oniritzia jaso zuela, 2016ko otsailaren 8an egindako bilkuran.
Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da euskal lankideentzako laguntzen deialdia egitea 2016. urterako.
2. artikulua.– Diru-zuzkidura.
Euskal lankideentzako laguntzetarako diru-zuzkiduraren zenbateko osoa 150.000 eurokoa izango da.
3. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Diru-laguntzaren urteko zenbateko maximoa 18.000 eurokoa izango da, hautagai bakoitzeko, gutxienez urtebetez, eta gehienez bi urtez.
4. artikulua.– Laguntzak baliabide elektronikoz izapidetzea.
1.– Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, erakunde interesdunek bide elektronikoak erabil ditzakete.
2.– Izapidetze elektronikoa Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez eta Informatika eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez arautzen da.
3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoki nola izapidetu behar diren jakiteko xehetasunak eta eranskinak hemen eskura daitezke: https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus webgunean.
4.– Eskaera egin osteko izapideak, bide elektronikoa erabiliz egitekoak, http://www.euskadi.eus edo www.elankidetza.euskadi.eus helbideen bidez egingo dira.
5. artikulua: Eskariak aurkeztea.
1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabete izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Laguntza-eskaerak aurrez aurre aurkez daitezke Herritarrei Laguntzeko Bulegoetan eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bulegoetan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, eskabide normalizatu baten bidez, atal guztiak behar bezala beteta.
Halaber, bitarteko elektronikoak erabiliz ere aurkezteko ahalko dira eskaerak, https://www.euskadi.eus/y22-home/es/ egoitza elektronikoan: izapideak, diru-laguntzak eta bekak atalean, edo bestela http://www.elankidetza.euskadi.eus webgunean, deialdien atalean. Era berean, kanal presentziala aukeratzen duenak, bi helbide elektroniko horien bitartez egin ahal izango ditu geroko kontsulta eta izapideak.
3.– Halaber, bitarteko elektronikoak erabiliz ere aurkezteko ahalko dira eskaerak, https://www.euskadi.eus/y22-home/es/ egoitza elektronikoan: izapideak, diru-laguntzak eta bekak atalean, edo bestela http://www.elankidetza.euskadi.eus webgunean, deialdien atalean.
4.– Eskaera presentziala, 6. kapituluan azaldu diren agiriekin batera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara igorri beharko da (Nafarroa kalea, 2, 01007 Vitoria-Gasteiz).
5.– Diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko ditu erakunde kudeatzaileak, behar beste aldiz, eskatzaileen baimenik eskatu beharrik gabe, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz. Dekretu horren bidez onartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.
6.– Ezingo dira laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 eta 3 artikuluan aurreikusitako inguruabarretako batean dauden erakunde eskatzaileak.
6. artikulua.– Agiriak
Diru-laguntzaren eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Proposamen teknikoa eta aurrekontua. Bi horiek egoki bete beharko dira. Eta eskura dira https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus web-orri honetan.
b) Legezko ordezkaritzaren egiaztapena, eskaera presentziala sinatzen duen pertsona Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatuta ez badago, eta egiaztapen hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian agertzen ez bada.
c) Laguntzak arautzeko maiatzaren 31ko 124/2005 Dekretuko 4. artikuluan aurreikusi betekizunak egiaztatzea. Urtarrilaren 10eko 2/2006 Dekretuaz eta abenduaren 26ko 264/2006 Dekretuaz aldatu zen dekretu hura.
7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio diru-laguntza lerro honen kudeaketa-lanak egitea. Hartarako, laguntza-eskabideen gaineko balorazioa eta azterketa teknikoa egingo ditu Koordinazio Teknikorako Zerbitzuak, eta, bestalde, proposamena helaraziko dio hurrengo artikuluak aipatzen duen Balorazio Batzordeari. Eta hartarako batzarturik, batzorde horrek proposamena egingo dio organo eskudunari, hain zuzen ere laguntzak esleitzeari buruzko proposamena.
8. artikulua.– Balorazio Batzordea.
Honako pertsona hauek osatzen dute Balorazio Batzordea, aurreko artikuluan aipatzen dena:
– Lehendakaria: Pilar Diez Arregui andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna.
– Kidea: Nicolás Basarrate Hormaechea jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna.
– Kidea: Euken Barreña Caloca jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Koordinazio Estrategikoko arduraduna.
– Idazkaria: Ana Rojo González andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako aholkulari juridikoa.
9. artikulua.– Esleitzeko eskumena duen organoa.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria da iragarritako laguntzak esleitzeko eskumena duen organoa.
AZKEN XEDAPENetatik lehenengoa
Ebazpen honetan berariaz aurreikusita ez dagoen orotarako, honako arau hauetan jasotako aurreikuspenak aplikatuko dira: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko Legea; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua; eta garapenerako lankidetzaren kargura ekintza humanitarioetarako ematen diren laguntzak arautzen dituen otsailaren 19ko 31/2008 Dekretua.
AZKEN XEDAPENetatik bigarrena
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 4a.
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,
MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.