EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2016089

AGINDUA, 2016ko apirilaren 25ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Justizia Administrazioaren Prozesu eta Administrazio Kudeaketako eta Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko eta Laguntza Judizialeko Kidegoetako eta Eskaletako funtzionarioen artean lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten duena, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lanpostu hutsak betetzeko.

Xedapenaren data: 2016-04-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201601994
Maila: Agindua
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)
Justizia Administrazioaren Prozesu eta Administrazio Kudeaketako eta Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko eta Laguntza Judizialeko Kidego edo Eskaletako lanpostu generikoetan lanpostu hutsak daude Euskal Autonomia Erkidegoan, eta aurrekontuetan diruz hornituta daude, eta lanpostu horiek betetzea egokitzat jotzen denez gero, deialdia egingo da lekualdatze-lehiaketaren bitartez, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Legearen VIII. tituluan eta abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 43. artikuluan eta hurrengoetan eta xedapen indargabetzaile bakarrean ezarritakoaren arabera (1451/2005 Errege Dekretua, Justizia Administrazioaren zerbitzupeko funtzionario berriak hartzeari, funtzionario horien lanpostuak hornitzeari eta lanbide sustapenari buruzkoa).
Horregatik guztiagatik, sail honek erabaki du lekualdatze-lehiaketa deitzea I. eranskinean biltzen diren lanpostuak betetzeko, betiere honako oinarri hauen arabera:
Lehenengoa.– Eskatu daitezkeen lanpostuak.
1.– Lehiaketan parte hartzen duten funtzionarioek I. eranskinean bilduta dauden lanpostu hutsen artetik edozein eskatu ahal izango dute, betiere eskabideak aurkezteko amaiera-datan eskatzen diren baldintza orokorrak biltzen badituzte eta deialdiari buruzko behin betiko ebazpena ematen den arte guztiei eusten badiete, administratiboa barne, destinoko herriagatiko mugarik ezarri gabe.
2.– Plantilla organikoan hutsik dauden plazak organo judizialaren hurrenkera-zenbakiarekin identifikatuko dira. Organo judizial baten hurrenkera-zenbakia bakarrik eskatzen bada, ulertuko da organo horretan hurrenkera-zenbaki horretan argitaratu diren Kidegoko lanpostu huts guztiak eskatzen direla eta baita sor daitezkeen erresulta guztiak, argitaratu diren kasu horietan.
Bulego Judizial Berrian hutsik dauden plazak, ordea, lanpostu- eta dotazio-zenbakiarekin identifikatuko dira. Hori dela eta, eskarian adierazi beharko da zer plaza eskatu nahi diren.
3.– Lehiaketa honen ebazpenaren ondorioz hutsik geratzen diren plazak ere eskatu ahal izango dituzte. Lanpostu horiek erresulta-kontzeptupean gehituko zaizkie eskaintzen diren lanpostu hutsei, salbu eta behin-behinean atxikitako funtzionario titularrenak badira; amortizatu nahi badira, plantilla organikoa aldatzeko proiekturen bat dagoelako edo efektiboen birbanaketa edo berrantolaketa dagoelako; edo organo judizial bati atxikitako dotazioa funtzionario titular batez edo gehiagoz beteta badago, kasu horietan ez baita dena delako Kidegoaren plazei dagokien erresulta bakar bat ere sortuko. Plaza bati behin-behinean atxikita egonik, lehiaketa honetan parte hartu eta behin betiko lanpostua lortzen dutenek ere ez dute sortuko erresultarik. Tartekatuta eskatu ahal izango dira lanpostu hutsak eta erresultak.
Plantilla organikoaren plazen kasuan, erresulta izan daitezkeen bezala iragarriko diren lanpostuak bakarrik ere deialdiaren hurrenkera-zenbakiaren arabera identifikatuko dira. Organo judizial bateko lanpostu bat eskatze hutsarekin ulertuko da organo horretan dauden kidego bereko lanpostu huts guztiak eskatzen direla, baita sortu litezkeen erresultak ere, adierazitako lehentasun-hurrenkeraren arabera.
Bulego Judizial Berriko plazen kasuan, ordea, erresulta horiek lanpostu- eta dotazio-zenbakiarekin identifikatuko dira. Hori dela eta, eskarian adierazi beharko da zer plaza eskatu nahi diren.
Ez dira erresultatzat hartuko honekin batera egiten diren beste lehiaketa batzuetan parte-hartzaileek bete gabe uzten dituzten plazak.
Egon litezkeen eskatzaileek deialdiaren ebazpenaren ondorioz sortutako erresultak eskatzeko aitortzen zaien eskubidea gauzatu ahal izateko, Agindu hau argitaratzen denetik aurrera, eta eskabideak aurkezteko epeak irauten duen bitartean, web-orrian (www.justizia.net), Justiziako Langilearen Atarian eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako EATetako iragarki-tauletan jarriko da Justizia Administrazioko organo judizialen, fiskalen eta zerbitzuen –deitu diren organoen izaera bera dutenak eta eska daitezkeenak– zerrenda, organo horien hurrenkera-zenbakia adierazita.
Parte hartzen duten funtzionarioek ziurtatu beharko dute haien eskabideetan zehazten dituzten hurrenkera-zenbakiak bat datozela lehiaketa honetarakoa argitaratu direnekin –I. eranskinean jasotakoak zein lehiaketaren ondorioz sortzen direnak–, beste lehiaketa batzuetan erabili diren kodeak erabili ez daitezen.
4.– Hainbat lanpostutan azaltzen diren EAI siglek esan nahi dute organo judizial horiek bateragarri egingo dituztela arlo penalari eta zibilari dagozkien eginkizunak eta indarkeriaren aurkako indarkeriari buruzko gaia, 2005eko ekainaren 22ko Kontseilu Orokorraren Osoko Bilkuraren –Botere Judizialarena– akordioaren arabera (2005-06-28ko BOE). Izena eta ATP zutabeetan agertzen diren gainerako siglek honako hau esan nahi dute: AV (biktimentzako laguntza); CP (presondegia); DE (dedikazio berezia); GU (zaintzak); HE (ordutegi berezia); ML (legezko medikuntza).
5.– Urtero eta erresulten arabera egiten den lehiaketa horretan, lanpostu hutsak eta erresultak batuta, eskatu ahal izango den organo judizialen gehienezko kopuruak ezin izango du hurrenkeraren araberako 200 zenbakia gainditu; nolanahi ere, ulertuko da hurrenkeraren zenbaki bakoitzak argitaratutako lanpostu hutsak eta erresultak (baldin badaude) biltzen dituela, plantilla organikoaren eta dotazio zehatz baten kasuan, Bulego Judizial Berriaren kasuan. Akordioaren muga hori ezarri da, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 42. artikuluak ahalbidetzen dion eskubideari jarraikiz, deialdia arintzeko; izan ere, funtzionario askok parte hartuko du, eta hiru Kidegori edo Eskalari eragiten dien deialdi orokorra da, betiere Justizia Ministerioak eta bitarteko pertsonalen eta materialen eskumenen lekualdatzea jaso duten Autonomia Erkidegoak sinatutako Esparru Akordioan ezarritakoaren arabera.
6.– Ez da onartuko inolako aldaketarik egindako destinoen eskaeran behin eta eskaerak aurkezteko epea igaro eta gero. Era berean, ez da onartuko, lehiaketa behin betiko ebatzi eta gero, lortutako destinoari uko egitea, arrazoia edozein dela ere, ezta ere lehiakideak eskaeran hurrenkera-ordena betetzerakoan akatsik eginez gero. Beraz, lehiaketan parte hartzen duten funtzionarioek ziurtatu beharko dute eskatzen dituzten deialdiko hurrenkera-zenbaki guztiak bat datozela zehazki eskaintzen diren organo judizialen izenekin.
7.– Lehiaketan parte hartzeari uko egitea onartu ahal izango da, behar bezala justifikatutako kasuetan; horretarako epea behin-behineko ebazpenari alegazioak egiteko azken egunera artekoa izango da.
8.– Salbuespen gisa, lanpostu huts edo erresulta gisa iragarritako lanpostu batzuk kendu ahal izango dira, hori egitera behartzen duen zirkunstantziaren bat gertatzen bada.
Bigarrena.– Parte hartzeko eskakizunak eta baldintzak.
Lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute, eta Justizia Administrazioaren Prozesu eta Administrazio Kudeaketako eta Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko Kidegoetako edo Eskaletako organo judizialetako lanpostu hutsak eskatu ahal izango dituzte Kidego edo Eskala horietako funtzionarioek (edozein izanik ere funtzionario horien administrazio-egoera), honako hauek izan ezik: aurreko lehiaketa batzuetan destinoa lortu zutenek, eta eman zitzaien destinoa oraindik hartu ez dutenek, irmo etenda daudenek (eteteak irauten duen bitartean) eta nahitaezko lekualdatzearekin zigortuek, zigorra ezarri zitzaien herri bereko destinoa lortzeko, hutsegitea larria edo oso larria izan den kontuan hartuta, hurrenez hurren urte bat edo hiru igaro arte; kasu horretan, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 43.2.c artikuluan aurreikusitakoaren arabera zenbatuko dira epeak.
Zerbitzu aktiboan diren funtzionarioek egoera horri eutsi beharko diote harik eta lehiaketa behin betiko ebatzi arte. Zerbitzu berezietan edo familiakoak zaintzeko borondatezko eszedentzian direnak, erreserbatutako lanpostura itzultzen badira, ez dira baztertuko lehiaketan parte hartzetik. Halaber, zerbitzu aktiboan dauden funtzionarioak, zerbitzu berezietara edo familiakoak zaintzeko borondatezko eszedentziara pasatzen direnak, ez dira baztertuko.
Lehiaketan parte hartzetik kanpo geratuko dira zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo familiakoak zaintzeko borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioak, baldin eta, lehiaketa ebazteko prozesuan zehar, honako egoeretara pasatzen badira: sektore publikoan zerbitzuak egiteagatiko borondatezko eszedentzia; interes partikularrengatiko eszedentzia; familia elkartzeagatiko borondatezko eszedentzia edo behin betiko eginkizun-gabetzea.
Ordezko letradu lanetan aritzeagatik borondatezko eszedentzian dagoen funtzionarioak lehiaketan parte hartzen badu berriro sartzeko eskatuz, eta lehiaketa-aldian, behin-behinean atxikitzen bazaio Kudeaketa Kidegoari, ez da ulertuko bere administrazio-egoera aldatzen denik lehenengo oinarriaren 1. puntuan aurreikusitako ondorioetarako. Administrazio-egoera aldatzeagatik ez litzateke salbuetsiko, orobat, behin-behinean Kudeaketa Kidegoari atxikitako funtzionarioa, ordezko letradu lanetan aritzeagatik borondatezko eszedentzian egon dena, baldin eta, eskariak aurkezteko epea bukaturik, berriro ordezko letradu izendatzen badute.
Kudeaketako eta Izapidetzako Kidegoetako edo Eskaletako funtzionarioek honako kasu hauetan bakarrik hartu ahal izango dute parte lanean ari diren Kide edo Eskalan: eskariak aurkezteko epea amaitzen denean bi urteko epea igaro bada funtzionarioak behin betiko azken destinoa (parte hartzen duen Kidegoan edo Eskalan) lortu zuen lekualdatze-lehiaketarako deialdia egin zuen ebazpena eman zenetik, edo funtzionario berrien kasuan, behin betiko destinoa eman zion ebazpenetik zenbatzen hasita. Urteen zenbaketarako dagokion ebazpenak eman ziren urte naturala hartuko da lehen urtetzat, edozein izanik ere ebazpenak eman ziren data, eta bigarren urtea hurrengo urte naturala izango da (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 46.1 artikulua).
Behin-behineko atxikipenaren bidez zerbitzu aktibora berriro itzuli diren funtzionarioak (abenduaren 7ko 145/2005 Errege Dekretuaren 68.c artikulua), indarreko araudiaren arabera lehiaketetan nahitaez parte hartu behar dutenek, ez dute bete beharko oinarri honetako 2. idatzi-zatian aurreikusitako denbora-muga. Funtzionario horiek atxikita dauden probintziako kidegoari edo eskalari dagozkion plaza guztiak, lanpostu hutsak zein lehiaketaren ondorioz sortu litezkeenak, eskatu beharko dituzte. Behin-behineko atxikipenaren ondoren deitutako lehenengo lehiaketan parte hartzen ez badute, interes partikularragatiko borondatezko eszedentzia-egoerara igaroko dira. Atxikitako probintzian lanpostuak izanik, lanpostu guztiak ez baditu eskatzen edo beste probintzia bateko lanpostuak eskatzen baditu, eta destinorik lortzen ez badu, transferitutako autonomia erkidegoko organo eskudunak edo atxikita dagoen esparruko ministerioaren organo eskudunak behin betiko esleituko dio plaza bat, behin-behinean atxikita dagoen probintzian eta, halakorik ezean, Autonomia Erkidegoaren esparruan.
Behin betiko destinoa lortzen ez badute eta behin-behinean betetzen duten lanpostua betetzen bada, probintzia horretan edo lehiaketarako lanpostu hutsak elkartu diren lurralde-eremu berean dagoen edozein bulego judizialetan edo destinoko lantokian dagoen lanpostu huts bati atxikiko zaizkie behin-behinean. Hurrengo lehiaketan behin betiko destinoa lortzen ez badute, lehiaketa horretan edozein lurralde esparrutan hutsik geratzen diren lanpostuetako edozein atxikiko zaie behin-behinean (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 69. artikulua). Beren eskaerarekin batera aurkeztuko beharko dute une horretan beren funtzioak egiten ari diren lanpostuan behin-behinean atxikitzen zituen dokumentuaren fotokopia.
Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa (sektore publikoan jarduteagatik emandako eszedentzia) eta hura aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren 506.d artikuluan ezarritako nahitaezko eszedentzia-egoeretan dauden funtzionarioek lehiaketan parte hartu ahal izango dute, inolako denbora-mugarik gabe, egoera horretan dauden kidegoan berriz lanean jarduteko.
Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa (familia biltzeko eta interes partikularragatiko eszedentzia) aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren 506. artikuluaren e eta f hizkietan ezarritako nahitaezko eszedentzia-egoeretan dauden funtzionarioek lehiaketan parte hartu ahal izateko, eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan gutxienez bi urte igarota izan beharko dira adierazitako egoerarako baimena eman ziotenetik.
Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 509. artikuluan ezarritakoaren babesean (lege hori abenduaren 23ko 19/2003 Legeak aldatu zuen) senitartekoak zaintzeko eszedentzia-egoeran dauden funtzionarioek abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 46.1 artikuluan ezarritako bi urteak igaro badira soilik parte hartu ahal izango dute lehiaketan.
Behin-behinean atxikita dauden behin betiko gabetuek (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 68.e artikulua) lehiaketa honetan parte hartu beharko dute behin betiko lanpostua eskuratzeko. Lehiaketa horretan parte hartzen ez badute, edo eskatutako lanpostua lortzen ez badute, gainerako lehiakideei eman ez zaizkien lanpostuetako bat emango zaie, hala badagokio, betiere langile horiek atxikita dauden lurralde-eremuan.
Behin-behinean atxikita dauden Prozesu eta Administrazio Kudeaketa Kidegoko funtzionarioek –nahiz eta eskariak aurkezteko epean egin atxikipena–, ordezko letradu kargua utzita lehentasun-eskubidea izango dute atxikita dauden udalerrian lanpostu orokorrak betetzeko orduan, hala ezarrita baitago abenduaren 7ko 1451/2005 EDaren 70.3 artikuluan. Lehentasun hori ez dute galduko, berriro ordezko letradu izendatzen badute ere, eskariak aurkezteko epea bukatu ondoren. Ezin badituzte lanpostu horiek bete, beste funtzionario batzuek ere lanpostu horiek lehentasunezko eskabidez betetzeko aukera dutelako, behin-behineko atxikipen-egoeran jarraituko dute, harik eta ondorengo lehiaketetan parte hartu izanaren ondorioz, eta atxiki beharreko herrian dauden lanpostu huts guztien eskaera egitearen ondorioz, behin betiko lanpostu bat eman ahal zaien arte.
Adierazitako lehentasuna eskatu ezean edo lehiaketan parte hartu ezean edo atxikita dauden herriko I. eranskineko plaza hutsak eskatu ezean –nahiz eta behin-behinean atxikita dauden plaza ez iragarri–, eta hortik ondorioztatzen bada lanposturik ez lortzea, esleitu gabeko lanpostuetarik edozeinetara destinatuko da behin betiko.
Berariazko lehiaketa bidez eskuratutako lanpostu bati uko egin dion funtzionarioak (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 68.a) artikulua), behin-behinean jarduteko lanpostu bat esleitu arren, lehentasunezko eskubidea izango du, lehiaketara ateratzen den lehenengo aldian, lanpostu-uztea gertatu zenean lanean ari zen udalerrian dagoen lanpostu bat eskuratzeko, eta udalerri horretan deitzen diren lanpostu guztiak eskatu beharko ditu, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 54. artikuluan xedatutakoa betez. Lehiaketa honetan parte hartu ezean, behin betiko esleituko zaio esleitu gabeko edozein lanpostu.
Izendapen askeko sistemaren bidez eskuratutako lanpostu bati uko egin dion edo lanpostu horretatik kendu egin duten funtzionarioak (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 62. eta 68.a) artikuluak), behin-behinean jarduteko lanpostu bat esleitu arren, lehentasunezko eskubidea izango du, lehiaketara ateratzen den lehenengo aldian, lanpostutik kentzea gertatu zenean lanean ari zen udalerrian dagoen lanpostu bat eskuratzeko, eta udalerri horretan deitzen diren lanpostu guztiak eskatu beharko ditu. Lehiaketa honetan parte hartu ezean, edo eskatutako destinorik lortu ezean, behin betiko esleituko zaio esleitu gabeko edozein lanpostu.
Lehentasun-eskubidea arautzea oinarri honetako 7. eta 8. puntuetan adierazitako udalerrirako.
9.1.– Lehentasunaren ondorioak herri jakin batean dauden hurrenkera-zenbaki guztietara hedatzen dira. Horrek ez du esan nahi interesdunak eskaeran eskatutako lehen hurrenkera-ordena esleitutako zaionik, arauak ezartzen baitu eskubide hori duen lehiakideak herri jakin batean dauden edozein hurrenkera-zenbakian lortuko duela destinoa, hurrengo puntuetan agertzen diren baldintzekin. Beraz, eskubide hori baliatzeko nahitaezkoa izango da lehentasuneko herrian eskaintzen diren deialdiko hurrenkera zenbaki guztiak –I. eranskinean agertzen direnak– eskatzea, eta eskatutako horiek eskabideko lehentasun-hurrenkerako lehen zenbakietan biltzea. Deialdiko gainerako zenbakiak, lehentasunik gabe eskatutakoak, jarraian ordenatuko dira, eta horien artean ere lehentasunez eskatzen den udalerrian lehiaketaren ondorioz sortutako gainerako hurrenkera-zenbakiak ere horien artean eskatu ahal izango dira, eskatzailearen borondatez. Era berean, dagokien eskarian eskatu beharko dute, eta atxikita dauden destinoaren herria zehaztu beharko dute P-1 atalean, eta lehentasun hori egiaztatzen duten dokumentuen fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dituzte (behin-behineko atxikipena, jabetze-akta).
9.2.– Lehentasunez aukeratu den udalerrian eskatutako deialdiko hurrenkera zenbakietako batean destinorik lortu ezean, eta udalerri bererako lehentasuna baliatu duen eta puntuazio handiagoa lortu duen beste funtzionariorik ez badago, puntuazio txikiena duen lehiakideak lortu duen I. eranskineko udalerri horretako hurrenkera zenbakia esleituko da, eta lehiakide bat baino gehiagoren arteko berdinketa badago mailaren zenbakiak erabakiko du. Orduan, hurrenkera zenbaki horretan destinoa lortzeko eskubidea galduko du horrek, baina parte hartzeko eskabideak agertzen diren hurrengoetarako aukera izango du.
9.3.– Lehentasuna ez da kontuan hartuko honako baldintza hauek betetzen ez badira: I. eranskineko dagokion udalerriko deialdiko hurrenkera zenbaki huts guztiak eskatzea eskabidearen lehentasuneko lehenengo postuetan; eskariaren P-1 atalean esanbidez jasotzea zein udalerrirako lehentasuna eskatu nahi duen; eta 9.1 puntuan adierazitako dokumentuen fotokopia konpultsatuak aurkeztea.
Abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 68.f artikuluaren eta 72. artikuluaren 2. paragrafoan aipatzen den funtzionarioak –birgaitua, eta behin-behingoz atxikia– deitzen den lehenengo lekualdatze-lehiaketan parte hartu beharko du lanpostu bat lortzeko. Lehiaketa horretan parte hartzen ez badu, edo eskatutako lanpostua lortzen ez badu, gainerako lehiakideei eman ez zaizkien lanpostuetako bat emango zaio, edozein lurralde-eremutan.
Otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuak onartu zuen Justizia Administrazioko Ofizial, Laguntzaile eta Agenteen Kidegoetako Arautegi Organikoaren 52. artikuluan aurreikusten den langileen berrantolamendua dela-eta, lanpostua nahitaez eman zaion funtzionarioak parte hartu ahal izango du lekualdatze-lehiaketan, nahiz eta legez ezarritako epea igaro ez. Horretaz gain, behin bakarrik bada ere, lehentasunezko eskubidea izango du bere lantokiko beste lanpostu bat lortzeko (otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuaren 51. artikulua), baldin eta lehiaketa arruntera ateratzen bada eta lehiaketa horretan parte hartzen badu.
Eskubide hori baliatzeko ondoren azaldutakoak bete beharko ditu:
Lehenetsi nahi duen lantokiko lanpostuak eskatzea, eskabidearen lehentasun-hurrenkeraren aurreneko postuetan.
V-3 marka duen eskari-ereduaren P-2 atalean adieraztea lehentasuna zein lantokitan eta herritan gauzatu nahi duen.
P-2 atalean adierazten diren lantokirako eta herrirako egin zen nahitaezko izendapenaren fotokopia konpultsatua aurkeztea.
Aurreko hiru paragrafoetan zehaztu diren jarraibideak betetzen ez badira, lehiaketa honi dagokionez, galdu egingo du arestian adierazitako 52.c artikuluak aitortzen dion lehentasunezko eskubidea.
Funtzionario bati lanpostua nahitaezko izendapen prozesuaren bidez esleitu bazaio –abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 67. artikuluan xedatua–, lekualdatze-lehiaketetan parte hartu ahal izango du, erregelamendu bereko 46.1 artikuluan legez ezarritako epea igaro ez bada ere. Era berean, lehentasunezko eskubidea izango du lanpostua bere jatorrizko lantokian eskuratzeko, zentro horretako plazak eskaintzen diren lanpostu generikoen lehenengo lehiaketan.
Eskubide hori baliatzeko ondoren azaldutakoak bete beharko ditu:
Lehenetsi nahi duen lantokiko lanpostuak eskatzea, eskabidearen lehentasun-hurrenkeraren aurreneko postuetan.
V-3 marka duen eskari-ereduaren P-2 atalean adieraztea lehentasuna zein lantokitan eta herritan gauzatu nahi duen.
P-2 atalean adierazten diren lantokirako eta herrirako egin zen nahitaezko izendapenaren fotokopia konpultsatua aurkeztea.
Aurreko hiru paragrafoetan zehaztutakoak betetzen ez badira, lehiaketa honetarako, 67. artikuluak aitortzen dion lehentasunezko eskubidea galduko du.
13.– Berariazko lehiaketa bidez edo izendapen askez bereziturik dagoen lanpostua betetzen ari diren funtzionarioek lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute, lanpostua jabetzan hartu zutenetik urtebetez gutxienez bete badute betiere (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 54. edo 62. artikulua).
14.– Funtzionarioak eskatuta lortutako destinoei uko egin ezin zaienez gero, lanera itzuli den langileak destino bat lortzen badu lekualdatze-lehiaketaren bitartez, jardunean ari zen kidegoan eszedentzia-egoeran geratuko da automatikoki. Nolanahi ere, berariazko lehiaketa bidez lanpostu bat lortu duten funtzionarioek uko egin ahal izango diote, baldin eta, lanpostuaz jabetzeko epea bukatu baino lehen, lehiaketa honetan behin betiko destino bat lortu badute; hala gertatuz gero, interesdunak horren berri jakinarazi beharko dio erakunde deitzaileari. Jakinarazi ezean, esleitutako lehenengo destinoaz jabetu beharko da, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 53. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Berariazko lehiaketa ebazten baldin bada lehiaketa arruntaren behin betiko ebazpena baino lehen –betiere berariazko lehiaketaren destinoaz jabetzeko epea ere kontuan hartuta–, eragindako funtzionarioak berariazko lehiaketan lortutako destinoaz jabetu beharko dira, eta galdu egingo dute lehiaketa arrunterako aukera. Baina, berariazko lehiaketa geroago ebazten bada lehiaketa arrunta baino, eta azken horretan destinoez jabetzeko epea igarota badago, eragindako funtzionarioek berariazko lehiaketarako aukera galduko dute.
Hirugarrena.– Baremoak.
Lanpostuak emateko merezimenduak balioesteko, honako hauek kontuan hartuta egingo da: batetik, antzinatasuna balioesteko ezarritako baremoa (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 48.1.a artikulua) eta, bestetik, Autonomia Erkidegotako berezko hizkuntza ofizialaren ezaguera (adierazitako artikuluaren b idatzi-zatian ezarritakoaren arabera).
1.– Antzinatasuna.– Parte hartzen duen Kidegoan edo Eskalan karrerako funtzionario gisa gauzatutako egiazko zerbitzuengatik bi puntu emango dira zerbitzuak gauzatutako urte oso bakoitzeko; epe laburragoak, berriz, proportzioz zenbatuko dira (0,00555556 eguneko). Horretarako, hilabeteak hogeita hamar egunekoak izango dira, eta 60 puntu emango dira gehienez.
2.– Autonomia Erkidegoetako hizkuntza ofizialak jakitea, ahoz eta idatziz.– Hizkuntza ofizial propioa duten Autonomia Erkidegoetan dauden plazetarako, bertako hizkuntza jakin beharko da, ahoz zein idatziz; eta, jakintza hori behar bezala egiaztatu beharko da Autonomia Erkidegoaren ziurtagiri ofizialaren bidez, edo aurkeztutako tituluaren eta titulu horri dagokion mailaren edo homologazioaren bitartez. Hamabi puntu emango dira gehienez.
Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen ekainaren 29ko 86/1997 Dekretuan eta Autonomia Erkidego horren eremuan gauzatu ahal izango diren euskararen normalizazio-planetatik eratorritako gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
1) B2 mailaren egiaztagiria edo 2. hizkuntza-eskakizuna edo titulu homologatuak: lau puntu.
2) C1 mailaren egiaztagiria edo 3. hizkuntza-eskakizuna edo titulu homologatuak: zortzi puntu.
3) C2 mailaren egiaztagiria edo 4. hizkuntza-eskakizuna edo titulu homologatuak: hamabi puntu.
Aurkezten diren dokumentuak –hizkuntzaren jakintza hori egiaztatzen dutenak– fotokopia konpultsatuak izango dira, eta baldintza hori betetzen ez dutenak ez dira balioetsiko.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean balioetsiko dira merezimenduak. Ziurtagiri horiek ez dira metatuko eta, beraz, lehiakideak maila bat baino gehiagoko tituluak baditu, gorenekoa bakarrik balioetsiko da.
Laugarrena.– Eskariak aurkezteko ereduak eta epeak.
1.– II. eranskina. V-1 puntua: Kudeaketa, Izapidetzea eta Laguntzako kidego edo eskaletako funtzionarioek funtzionarioek eta familiakoren bat zaintzeko eszedentzia-egoeran daudenek ere (lanpostua Euskal Autonomia Erkidegoan gorderik dutenek) agindu honetako II. eranskineko V-1 puntua seinalatuz aurkeztu beharko dute euren eskabidea, eta arreta berezia jarriz beteko dituzte eskatzen zaizkien atal guztiak, hori guztia 10 egun naturaleko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita, edo Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita deialdi hau ez bada aldi berean argitaratzen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean, Justizia Administrazioko zuzendariari zuzenduta, Vitoria-Gasteizko, Donostiako eta Bilboko EATko sarrera-erregistroetan eta Eusko Jaurlaritzaren Herri Administrazio eta Justizia Sailaren Erregistro Orokorrean (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
2.– II. eranskina. V-2 puntua: Destinoa Justizia Administrazioaren edo beste Administrazio batzuen kidegoetako eta eskaletako lanpostuetan duten funtzionarioek, Kudeaketa, Izapidetzea edo Laguntzako kidego edo eskaletan, baldin eta Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren 506.d artikuluan azaltzen den eszedentzia-egoeran badaude, lehiaketa honetan eskaintzen diren lanpostu hutsak eskatu ahal izango dituzte; horretarako, agindu honetako II. eranskineko V-2 puntua seinalatuz aurkeztu beharko dute euren eskabidea, eskatzen zaizkien atal guztiak beteta, hori guztia 10 egun naturaleko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita, edo Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, deialdi hau ez bada aldi berean argitaratzen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean, Justizia Administrazioko zuzendariari zuzenduta, Vitoria-Gasteizko, Donostiako eta Bilboko EATko sarrera-erregistroan eta Eusko Jaurlaritzaren Herri Administrazio eta Justizia Sailaren Erregistro Orokorrean (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
3.– II. eranskina. V-3 puntua: Honako egoeretako batean dauden eskatzaileak:
– Familia elkartzeko edo interes partikularragatiko borondatezko eszedentzia-egoeran daudenak.
– Behin-behinean atxikita daudenak, behin betiko eginkizun gabetze egoeratik berriro itzuli direlako.
– Behin-behinean atxikita daudenak, birgaituta berriro itzuli direlako.
– Behin-behineko atxikipena duten parte-hartzaileak, lanpostua gordeta izan gabe zerbitzu aktibora itzuli direlako.
– Izendapen askearen bidez lortutako lanpostua utzarazi edo lanpostu horri uko egiteagatik edo berariazko lehiaketaren bidez lortutako lanpostuari uko egiteagatik behin-behinean atxikita daudenak.
– Behin-behinean atxikita daudenak, ordezko letradu kargua utzita berriro itzuli direlako.
– Otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuaren 52.c artikuluko efektiboen birrordenazioan daudenak edo 1451/2012 Errege Dekretuaren 67. artikuluko nahitaezko izendapenean daudenak, 7-12.
Agindu honetako II. eranskineko V-2 puntua seinalatuz aurkeztu beharko dute euren eskabidea, eskatzen zaizkien atal guztiak beteta, hori guztia 10 egun naturaleko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita, edo Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, deialdi hau ez bada aldi berean argitaratzen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean, Justizia Administrazioko zuzendariari zuzenduta, Gasteizko, Donostiako eta Bilboko EATko sarrera-erregistroan eta Eusko Jaurlaritzaren Herri Administrazio eta Justizia Sailaren Erregistro Orokorrean (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
4.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluan ezarritako eran ere bidal daitezke eskabideak. Informazioa emate aldera, adierazten da Estatuko Administrazio Orokorraren erregistro-bulegoen zerrenda eguneratu bat dagoela, orrialde honetan: www.administracion.gob.es/Encuentra tu oficina/Oficinas de Registro. Orrialde hori kontsulta daiteke, lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezteko.
Posta bidez bidaltzeko modu bi daude:
a) Posta arruntaren bitartez; kasu horretan, eskariak aurkezteko epea amaitu aurretik sartu beharko dute Vitoria-Gasteizko, Donostiako edo Bilboko EATetako erregistrora edo Eusko Jaurlaritzaren Herri Administrazio eta Justizia Sailaren erregistro orokorrera.
b) Posta ziurtatuz. Eskabideak gutun-azal irekien barruan aurkeztu beharko dira postetxean, postako langileak, bidali baino lehen, eguna eta zigilua jar diezaien. Lehiaketako parte-hartzaileek postetxeko zigilua duen eskabidea bidali beharko dute; eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, ez da baldintza hori betetzen ez duen eskabiderik onartuko, nahiz eta eskabidea postaz bidali eta gero egiaztatu ahal izan.
5.– Interes partikularragatiko borondatezko eszedentzian daudenek, eskariarekin batera, herri-administrazioetatik bereizi ez izanaren adierazpena aurkeztu beharko dute.
Botere Judizialaren Lege Organikoko 506.d artikuluan xedatutakoaren arabera, sektore publikoan zerbitzuak emateagatik borondatezko eszedentzia hartzen dutenek eginkizun-gabetze irmoaren egoeran ez daudela adierazten duen adierazpena aurkeztu beharko dute lehiaketan parte hartzeko eskabidearekin batera.
6.– Lehiaketa honetan parte hartzen duen funtzionario bakoitzak eskabide bakarra egingo du, nahiz eta transferitutako eskumenak dituzten autonomia-erkidegoetako lurraldean dauden lanpostuak eskatu, eta transferitze horren ondorioz, gobernu autonomoek egindako deialdietan ere azaldu lanpostu horiek eta dagozkien autonomia-erkidegoetako aldizkari ofizialetan argitaratu.
Era berean, eskaera bakarra aurkeztuta aukeratu beharko dute jardunean dauden kidegotik parte hartu nahi duten, ala eszedentzian dauden beste kidego batean jarduneko zerbitzura itzuli nahi duten. Bi kidegotan eta eskalatan destinoa eskatzeko eskariak aurkezten badituzte, bi eskabideak baliogabetu egingo dira eta, hortaz, funtzionarioak ezin izango du lehiaketan parte hartu.
7.– Eskariak aurkezteko epea igarotakoan, egindako eskaera loteslea izango da eskatzailearentzat, hau da, eskaria ezin izango da aldatu. Eskabidea zuzentzeko, beste eskabide bat aurkeztu ahal izango da, eskabideak aurkezteko epean, parte hartzen zuen kidego/eskala bererako, eta azken eskabideak aurrekoa ezeztatuko du automatikoki.
Behin-behineko ebazpenari alegazioak egiteko epea amaitu aurretik soilik egin ahal izango zaio uko lehiaketan parte hartzeari.
8.– Eskabideak laguntzailearen bidez telematikoki prestatzea.
Kudeaketa, Izapidetzea eta Laguntza kidegoetako funtzionarioen arteko lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzen duten funtzionarioentzat, Espainia mailan, Justizia Ministerioko Intraneteko bide telematikoen bidez bete daiteke eskabidea (https://ainoa.justicia.es).
Horrela, kodeak transkribatzean egin litezkeen akatsak saihestea lortuko da, izan ere, lehiakideak grabatutako datuak automatikoki biltegiratuko dira sistema informatikoan.
Modalitate hau aukeratzen duten lehiakideek informatika-laguntzaileak sortutako behin betiko inprimakiko eskabide-eredua aurkeztu beharko dute, ez zirriborroa, izan ere, ez bailuke baliorik izango. Ohiko sistematik aurkeztuko da, oinarri honen 1. puntutik 7. puntura zehaztutakoekin bat.
Berretsitako eskabidea aldatu nahi badu eskatzaileetarikoren batek, eskabideak aurkezteko epearen barruan, informatika-laguntzailearen bidez beste eskabide bat sortu eta berretsi ahal izango du.
Baliozkotzat hartuko da sarrera-erregistroaren ondorengo datako zigilua duen eskabidea, epearen barruan; ondorioz, sarrera-erregistroaren aurreko datako zigilua duen eskabidea ezeztatua geldituko da.
Bosgarrena.– Eskabide baldintzatuak.
Bi funtzionariok udalerri, barruti judizial edo probintzia baterako iragartzen diren lanpostu hutsak lortu nahi badituzte, aukera izango dute euren eskaera baldintzapean jartzeko, hau da, biek destinoa udalerri berean lortzeko eskaera egin dezakete, eta horrela gertatu ezean, baldintzapeko eskaerak baliogabetu egingo dira. Horretaz baliatzen diren funtzionarioek euren eskabideko C atalean adierazi egin beharko dute, baldintzatzen duen pertsonaren izen-abizenak eta IFZ aipatuz, eta beste funtzionarioaren eskabidearen fotokopia aurkeztu beharko dute. Lehiakideetako batek C idatzi-zatian ezer adierazten ez badu, bi eskabideak ezeztatu egingo dira.
Eskabideko C idatzi-zatia betetzen bada, Funtzionarioen sarrerari eta lanpostuak betetzeari buruzko Arautegiaren 48.2 artikuluan aurreikusitako eskabide baldintzatua egiten dela ulertuko da, eskatutako hurrenkera-zenbaki guztietan.
Seigarrena.– Izapidetzea.
Eskabideetan azaltzen diren datuen arabera egingo du Justizia Administrazioko Zuzendaritzak baremazioa.
Zazpigarrena.– Esleipenak.
1.– Lanpostuak emateko lehentasun-hurrenkera deialdi honetako hirugarren oinarrian ezarritako baremoen arabera lortzen den guztizko puntuazioak emango du.
2.– Guztizko puntuazioa batuta (hizkuntza barne) berdinketa gertatuz gero, lanpostua nori eman behar zaion erabakitzeko, kasuan kasuko kidegoan antzinatasun handiena nork duen hartuko da aintzat, eta hala eta guztiz ere, berdinketa badago, kidego horretan sartzeko hautatze-prozesuan lortutako hurrenkera hartuko da kontuan.
Zortzigarrena.– Behin-behineko ebazpena.
1.– Deialdi hau behin-behinean ebatziko da, transferitutako eskumenak dituzten Autonomia Erkidegoetako organo eskudunekin koordinatuta; era horretan, ebazpenak batera argitaratuko dira Justizia Ministerioaren web-orrian eta Justiziaren lurralde kudeatzailetzetako eta adierazitako autonomia-erkidegoetako iragarki-tauletan. Parte-hartzaile guztiei behin-behinean emandako baremazioa eta destinoa jasotzen dituzten III. eranskinak Justizia Ministerioaren web-orrian argitaratuko dira. Euskal Autonomia Erkidegoan, honako hauetan argitaratuko dira: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako EATetako iragarki-tauletan, web-orrialdean (www.justizia.net) eta Justiziako Langilearen Atarian.
Behin-behineko ebazpena ematearekin batera, baztertuen zerrenda onartu eta adierazitako tokietan erakutsiko da, baztertzeko kausak azalduta.
2.– Behin-behineko ebazpenean honako datu hauek azalduko dira: destinoa eman zaien interesdunen jatorriko lanpostua eta herria, baita funtzionario horien egoera administratiboa, baldin eta funtzionarioa jardunean ari ez bada, eta eman zaion lanpostua ere.
3.– Behin-behineko ebazpen honen, III. eranskinaren eta baztertuen zerrendaren aurka alegazioak egin ahal izango dira, hamar egun naturaleko epean, zerrenda hori web orrian eta adierazitako iragarki-tauletan argitaratzen denetik zenbatzen hasita; horretarako, epe horretan berariazko dokumentu-froga eta zegokion egunean aurkeztu zuten fotokopia zigilatua aurkeztu beharko dute –hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 76 artikuluan ezarritakoaren arabera– Justizia Ministerioren Erregistro nagusian (Bolsa kalea 21, 8 – 28012 Madril), eta horretarako deialdi honi gehitu zaion IV. eranskineko eredua erabiliko da:
Ministerio de Justicia – Subdirección General de medios personales al servicio de la Administración de Justicia – Sección Concursos – C/ San Bernardo, 21 (28015 Madrid).
Adierazitako epean erreklamaziorik egiten ez bada, ulertuko da eskatzailea ados dagoela eta bildutako datuak, baremazioa eta behin-behinean emandako destinoa onartzen dituela.
Alegazioak egiaztatu egingo dira, zuzenbidearen arabera ebatzi, eta emaitza jaso egingo da lehiaketaren behin betiko ebazpenean; hori dela-eta, ez zaie banan-banan jakinaraziko interesdunei.
Erresulten araberako lehiaketa denez gero, behin-behinean emandako destinoak aldatu ahal izango dira behin betiko ebazpenean, eskabideen kudeaketan egin litezkeen akatsen ondorioz. Nolanahi ere, behin-behinean emandako destinoek ez dute eskubiderik ematen, lehiaketaren behin betiko ebazpenari dagokionez.
Bederatzigarrena.– Behin betiko ebazpena eta lanpostuaz jabetzeko epea.
1.– Alegazioak ebatzitakoan, deialdi honi buruzko behin betiko ebazpena emango du Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak, agindu bidez, Justizia Ministerioarekin eta lekualdatze-lehiaketa honetarako deialdia egin duten gainerako autonomia-erkidegoetako organo eskudunekin koordinatuta.
2.– Lehiaketaren ebazpenak kidegoen arabera bereizi ahal izango dira, funtzionario parte-hartzaileen lanpostu-uzteak pixkanaka-pixkanaka egin ahal izateko, baldin eta Administrazioaren iritziz lanpostu-uzte horien metatzea kaltegarria izan badaiteke zerbitzu publikorako.
3.– Ez bada lortzen ebazpena aldi berean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratzea, epeak ebazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira.
4.– Lanpostuaz jabetzeko epea hiru egun naturalekoa izango da, funtzionarioak herriz aldatu behar ez badu; zortzi egun naturalekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen beste herri batera aldatu behar badu; eta hogei egun naturalekoa, Autonomia Erkidegoz aldatu behar badu, honako kasu hauetan izan ezik: Kanarietako Komunitate Erkidegoa, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa, Ceutako Hiri Autonomoa eta Melillako Hiri Autonomoa; kasu horietan epea hilabetekoa izango da, bai irletako nahiz hirietako lanpostua jatorrikoa bada, bai destinoko bada.
Lanpostuaz jabetzeko epe hori lanpostua utzi eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da. Hain zuzen ere, lehiaketaren behin betiko ebazpenean adierazten den egunetan egin beharko da.
5.– Funtzionarioak baliatzen ari diren oporrak, baimenak edo lizentziak amaitzen direnean hasiko dira zenbatzen lanpostuaz jabetzeko epeak, salbu eta lizentziak edo baimenak eteteko edo baliogabetzeko adinako salbuespenezko zirkunstantziak –behar bezala justifikatuta– badaude.
Hamargarrena.– Emandako destinoen nondik norakoa.
1.– Lehiaketa honen ebazpenaren ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira Zerbitzuagatiko Kalte Ordainei buruzko maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako.
2.– Behin betiko ebazpenean esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin.
Hamaikagarrena.– Lehiaketan parte hartu ahal izateko muga.
Lehiaketa honetan behin betiko destinoa lortzen duten funtzionarioek ezin izango dute kidego edo eskala bererako beste lekualdatze-lehiaketa batean parte hartu, harik eta abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren 529.3 artikuluan eta abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 46.1 artikuluan ezarritako epeak igaro arte (19/2003 Lege Organikoaren bidez, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen da).
Hamabigarrena.– Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, hala baitiote Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluek. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, agindua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 9. artikuluan.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 25a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
I. ERANSKINA
Kidegoa: Prozesu eta Administrazio Kudeaketa
Erkidegoa: Euskal Autonomia Erkidegoa
Kidegoa: Prozesu eta Administrazio Izapidetza
Erkidegoa: Euskal Autonomia Erkidegoa
Kidegoa: Laguntza Judiziala
Erkidegoa: Euskal Autonomia Erkidegoa
II. ERANSKINA
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIAKO SAILBURUAREN 2016EKO APIRILAREN 25EKO AGINDUAREN BIDEZ DEITUTAKO LEHIAKETA
IV. ERANSKINA
ALEGAZIOEN EREDUA
Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren 2016ko apirilaren 25eko Aginduaren bidez deitutako lehiaketa