EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2016088

AGINDUA, 2016ko apirilaren 27koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena; horren bidez, Bilboko Gardeazabal-Iturrigorrin 38 etxebizitza sozial esleipen prozedura orokorretik kanpo utziko dira.

Xedapenaren data: 2016-04-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201601984
Maila: Agindua
GERTAKARIAK
Lehenengoa.– 2013ko uztailaren 23an, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Bilboko Udalak lankidetza-hitzarmena izenpetu zuten Bilboko Udal Mugartean babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak sustatzeko. Hitzarmenean adostutakoa gauzatzeko, besteak beste 38 etxebizitza sozialeko sustapena (EB2-0297/10-EE-000 espedientea) eraiki zen Iturrigorri-Gardeazabal eremuan.
Bigarrena.– Bilboko Udalak planeamenduan doikuntzak gauzatu zituen, besteak beste, Plan Orokorraren aldaketa 734 banaketa-arean; aldaketa horrek Iturrigorri eta Gardeazabal auzoetan izan du eragina eta bi eraikin eraikitzea ahalbidetu zuen, horietako bat 38 etxebizitzetakoa.
Horretarako, hainbat etxebizitza, mendiaren alde maldatsuan eginak, hustu eta eraitsi beharra zegoen, irisgarritasun, egonkortasun eta osasungarritasun arazo larriak zituztelako.Hori dela eta, hainbat etxebizitzetan legez bizi zirenei beste etxebizitza bat ematearen beharra aurreikusi zen.
Hirugarrena.– Bilboko Lardeazabal-Iturrigorri auzoko EB2-0297/10-EE-000 espedienteari dagozkion 38 etxebizitza sozialak, arestian aipatutako hitzarmenak jasotako jarduerek eragindakoak birkokatzeko erabiliko dira; izan ere, eragindako etxebizitzen legezko okupatzaileak beste etxebizitza bat hartzeko eskubidea dute, Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea garatzeko neurriei buruzko 195/2008 Dekretuak 23. artikuluan ezarritakoaren arabera.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Organo honi dagokio honako zehaztasunak finkatzeko eskumena, hala xedatzen baita esleitzeko prozedurari buruz Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuak 4. artikuluan.
Bigarrena.– Babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuak 36. artikuluan eta ondorengoetan xedatzen ditu Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Toki Administrazioen hirigintza-jardueren ondorioz beste bizileku bat eman behar den kasuetan jarraitu beharreko irizpideak eta prozedura.
Hirugarrena.– Aipatutako martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 39. artikuluak 6. paragrafoan zehazten duenez, aipatutako eskubidea bermatzera bideratutako etxebizitzak ez dira prozedura orokorraren bidez esleituko.
Ondorioz,
EBAZTEN DUT:
Esleipen prozedura orokorretik kanpo uztea Bilboko Gardeazabal-Iturrigorri auzoko EB2-0297/10-EE-000 espedientea duten sustapen publikoko 38 etxebizitza sozialak. Etxebizitza horiek, Agindu honetan aipatzen den Bilbon gauzatutako hirigintza jardueraren ondoriozko birkokapenak egiteko erabiliko dira.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 27a.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.