EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2016087

AGINDUA, 2016ko apirilaren 19koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide-irakaskuntzako ikastetxe baimenduei diru-laguntzak emateko deia egiten da.

Xedapenaren data: 2016-04-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201601965
Maila: Agindua
Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide-irakaskuntzako heziketa-zikloen helburua da ikasleei, etorkizuneko profesionalak diren aldetik, kalitatezko arte-irakaskuntza ematea, eta lanbide-heziketa bermatzea, irudi, produktu eta inguruen diseinuarekin zerikusia duten jarduerak behar bezala burutu ahal izan ditzaten.
Arte plastikoetako eta diseinuko erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloekin zerikusia duten ikasketa guztiak biltzen ditu Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide-irakaskuntzak.
Heziketa-zikloak antolatu dira Arte Plastikoarekin eta Diseinuarekin lotutako heziketa-munduaren eta lan-munduaren arteko zubi izan daitezen, eta, era berean, tresna baliagarriak izan daitezen arte- eta plastika-irakaskuntzaren eremuko heziketa hasi, eguneratu edo hobetu nahi duten guztientzat.
Esparru honetan, arte plastikoetako eta diseinuko heziketa-zikloen ohiko eskaintza publikoa EASD Vitoria-Gasteiz AGDE-n eman izan da, IES Ibarrekolanda BHIn (Bizkaian) eta IES Usandizaga-Peñaflorida-Amara BHIn (Gipuzkoan); era berean, ikastetxe pribatuek eskaintza osatzen dute. Ikastetxe horiek eskaerarik gehien duten espezialitateetan zentratzen dute eskaintza.
Ikastetxe horiek egiten duten lana dela eta, horien sostenguan laguntzeko asmoz, honen bidez diru-laguntzetarako deialdia egiten zaie arte plastikoetako eta diseinuko ikastetxe pribatuei, agindu honetan adierazten diren baldintzetan.
Horregatik guztiagatik, eta kontuan izanik Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 9/2015 Legean arte plastikoetako eta diseinuko lanbide-irakaskuntzako ikastetxeei laguntzeko aurrekontu-sailak izendatzen direla, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da Arte Plastikoetako eta Diseinuko titulartasun pribatuko lanbide-irakaskuntzako ikastetxe baimenduei diru-laguntzak emateko deialdia egitea, 2015-2016 ikasturteko – irailetik abuztura- langile-kostuak finantzatzeko.
Horretarako, deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxeetako irakasleen ordainsari gordinak finantzatu ahal izango dira.
2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.
Helburu horretarako, gehienez ere, 71.670,00 euro zuzenduko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste laguntza-programetarako erabilitako zenbatekotik dirua soberan gelditzen bada, eta eskatutako diru-laguntza kopurua kontuan hartuta, adierazitako kopurua gehitu daiteke, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez, betiere. Diru-zenbateko hori handitu ahal izango da. Horretarako kontuan hartuko da eskatzen diren laguntzen zenbateko osoa zein den eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste laguntza-programetarako erabilitako zenbatekotik dirua soberan gelditzen den; hala ere, deialdia ebatzi aurretik handitu beharko da diru-zenbateko hori. Horren berri Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez emango da.
3. artikulua.– Onuradunak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan daitezke Arte Plastikoetako eta Diseinuko titulartasun pribatuko lanbide-irakaskuntzako ikastetxe baimenduak, betiere 2015-2016 ikasturtean, helburu berberarekin, bestelako diru-laguntzarik jaso ez badute Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailetik.
4. artikulua.– Onuradunek bete beharreko baldintzak eta egiaztagiriak.
Diru laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluari jarraituz, diru-laguntza eskuratzeko, eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:
1.– Baldintzak:
a) 2015-2016ko ikasturtean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko beste diru-laguntzarik ez jasotzea helburu berberarekin.
b) Zigor edo administrazio-arloko zigorra jaso duten, eta horren ondorioz, diru-laguntza lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean dauden pertsonak zein erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dira agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdiko onuradun, zigorrak ezarritako aldian.
c) Ikastetxeak egunean izan beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
2.– Diru-laguntzak eskatzen dituzten ikastetxeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela ziurtatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak behar hainbat aldiz, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.
3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 eta 51.1 bis artikuluei eta Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluari jarraituz, eskabidearekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:
● 2015-2016ko ikasturtean ez duela jaso Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko beste diru-laguntzarik helburu berberarekin.
● Ebazpenean kontuan hartutako zirkunstantzien edozein aldaketa jakinarazteko konpromisoa hartzen dutela.
● Erakunde eskatzailea diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor edo administrazio-arloko zigorrik ez daukala, eta ez dagoela laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duen lege-debekuen eraginpean, beren beregi Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuen eraginpean.
● Erakunde eskatzaileak egunean dituela indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, arauz zehaztu den bezala.
● Eskabide honetan bildutako eta eskabideari erantsitako dokumentazioan bildutako datuak egiazkoak direla, eta
● Laguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen legediak ezarritako baldintzak betetzen dituela.
5. artikulua.– Eskaerak aurkezteko izapideak.
1.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, Administrazio Elektronikoari buruzkoak, eta Informatika eta Teknologiako zuzendariak 2006ko urteko otsailaren 9an emandako Ebazpenak; ebazpen horren bidez, PLATEA E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa arautzen da. Helbide elektroniko honetan azaltzen dira eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztasunak:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/arte_diseinu/y22-izapide/eu
2.– Ikastetxe interesdunek bide elektronikoak erabiliko dituzte eskaerak egiteko eta prozedura honetako izapideak kontsultatzeko eta bideratzeko.
Honela, eskaerak modu elektronikoan aurkeztuko dira euskadi.net-en egoitza elektronikoan:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/arte_diseinu/y22-izapide/eu
3.– Eskaera bide elektronikoaren bitartez egin osteko izapideak –dokumentazioa zuzentzea eta espedientearen egoera begiratzea– helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.net/misgestiones.
4.– Eskaerekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira derrigorrez, 2015-2016 ikasturteko datuekin:
a) Irakasleen zerrenda (I. eranskina).
b) Ikasleen zerrenda (II. eranskina).
c) Azken proiektuan matrikulatuta dauden ikasleak (III. eranskina).
d) Kostu ekonomikoa (IV. eranskina).
e) Urteko batez besteko kostua (V. eranskina).
6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
7. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Diru-laguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez badago edo atxiki beharreko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun baliodunen epean osatzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da.
Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren ‘Nire Kudeaketak’ atalean kontsultatu beharko dira.
Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.
Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkie, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen-baliorik.
8. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Ikastetxeen Zuzendaritzak egingo ditu deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak.
9. artikulua.– Emateko prozedura.
1.– Eskabideak onartzeko, horiek bete egin beharko dituzte onuradunei eta diruz lagun daitekeen jarduerari eskatutako baldintza guztiak.
2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, berriz, kontuan hartuko da zenbat ordu finantza daitezkeen, 18. artikuluan ezarritakoaren arabera. Horretarako hainbanatu egingo da, onuradun bakoitzak finantzatzeko moduan, guztira, dituen ordu kopuruaren proportzio berean.
3.– Nolanahi ere, laguntzak ez du inoiz gaindituko 1. artikuluan diruz laguntzeko aurreikusten den gastuaren % 100.
10. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Ikastetxeen Zuzendaritzak egindako proposamena ikusita, Hezkuntzako sailburuordeak emango du diru-laguntzen gaineko ebazpena. Ebazpen hori emateko epea sei hilabetekoa da, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Ebazpenaren jakinarazpena banaka egingo zaie interesdunei, bide elektronikoz. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren ‘Nire Kudeaketak’ atalean ikusi ahal izango dira.
Jakinarazpena egintzat joko da interesdunak jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duen unean. Jakinarazpena bidali eta hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.
Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkie, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen-baliorik.
Gainera, ebazpen hori egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da, guztion ezagutzarako.
2.– Epe hori igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, eskabidea ukatutzat joko da.
3.– Ebazpen honen kontra, gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
11. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
a) Laguntza justifikatu eta gero, ordainketa bakarrean ordainduko zaie diru-laguntza ikastetxeei, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi, eta hurrengo bi hilabeteen buruan.
b) Edonola ere, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren inguruan, horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen are bazaio eskatzaileari, prozesu hori amaitu arte itxoin beharko du eskatzaileak diru-laguntza edo laguntza hauek lortu eta eskuratu ahal izateko.
12. artikulua.– Diru-laguntza zertarako erabili den eta jasotako funtsak nola aplikatu diren justifikatzea.
1.– Laguntzaren justifikazioa bide elektronikoz aurkeztuko da: https://www.euskadi.net/misgestiones; langileen izenen zerrenda aurkeztuko da, eta banan-banan adierazita zenbat kostatzen den guztira. Adierazitako langileek Gizarte Segurantzan duten alta-kontratua edo -ziurtagiria erantsiko zaio; bestela, TC-a edo horren agiri baliokideak erantsiko dira, langile horien lan-egoera normalizatuaren egiaztagiri moduan.
2.– Frogagiriak 2015-2016 ikasturtean egindako gastuenak izango dira, eta dagokion gobernu-organoek berretsita aurkeztuko dira (VI. eranskina).
3.– Justifikazioa hilabeteko epean aurkeztu beharko da, diru-laguntzak jakinarazi, eta hurrengo egunetik aurrera.
13. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2. artikuluak orokorrean jasotzen dituen betebeharrak gorabehera, agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, ebazpena jakinarazi eta hamabost egunen buruan interesdunek beren beregi eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.
b) Diru-laguntza zertarako eman, horretarako erabiltzea, ez beste ezertarako.
c) Deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia bidaltzea.
d) Helburu bererako beste diru-laguntza edo laguntzarik lortuz gero, diru-laguntza ematen duen Administrazioari jakinaraztea.
14. artikulua.– Beste laguntza batzuk jasotzeko aukera.
1.– Agindu honen bidez deitutako diru-laguntzak bateragarriak dira beste batzuekin, baldin eta beste erakunde publiko edo pribatu batek ematen baditu helburu bererako.
2.– Alabaina, xede bererako lortu diren diru-laguntzen zenbatekoa, guztira, kostu osotik gorakoa bada, diru-laguntzaren zenbatekotik gorako soberakina kenduko zaio deialdi honen bidez emandako laguntzari.
15. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzarik aldatuz gero, eta diru-laguntzaren helburua bete bada, betiere, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke.
2.– Horretarako, Ikastetxeen zuzendaritzak kitapen-ebazpena emango du; ebazpen horretan, doitu egingo da emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.
16. artikulua.– Diru-laguntza eskuratzeko eskubidea galtzea eta diru-laguntza itzultzea.
Diru-laguntza emateko baldintzak betetzen ez direla egiaztatuz gero, emandako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta jasotako diru kopuru osoa eta horren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere kontuan hartuta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorra.
17. artikulua.– Datu pertsonalak.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko. Datuok «Musika-eskolentzako diru-laguntzak» izeneko fitxategi batean sartuko dira, deialdi hau kudeatzeko eta deialdiaren berri emateko bertan parte hartzen dutenei. Ikastetxeen Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Ikastetxeen Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Ikastetxeen Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko aurkeztutako dokumentuak benetakoak direla.
18. artikulua.– Baremoak.
I. BAREMOA.– Parametro orokorrak.
Diruz laguntzeko orduak izango dira:
1.– Arte Plastikoetako eta Diseinuko zikloei, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta kultura Sailak lehentasunezkotzat jotzen dituenei (Arte-argazkigintzari eta Lorategiko elementuei) 150 ordu diruz lagunduko zaie, baldin eta ikastetxe eskatzailean martxan ari badira.
2.– Bestelako Arte Plastikoetako eta Diseinukoa den eta lehentasunik ez duen ziklo bakoitzeko 100 ordu.
3.– Euskaraz ematen den Arte Plastikoetako eta Diseinuko ziklo bakoitzeko: 50 ordu.
4.– Arte Plastikoetako eta Diseinuko zikloetan matrikulaturiko ikasle bakoitzeko (azken proiektuan matrikulaturiko ikasleak kenduta) diruz lagunduko dena:
● Lehentasunezko zikloetako ikasleengatik: 1,5 ordu.
● Gainerako zikloetako ikasleengatik: ordu 1.
1., 2., 3. eta 4. puntuetako datuak egiaztatzeko, «Ikasleen zerrenda» beteko da.
5.– Azken proiektuan matrikulaturiko ikasle bakoitzeko: 4 ordu.
5 puntuko datuak egiaztatzeko, «Azken proiektuko ikasleak» agiria beteko da.
II. BAREMOA.– Irakaskuntzaren kostua.
Orduko batez besteko kostua ateratzeko, ondoko eragiketa egingo da: ekonomia-ekitaldiko guztizko kostua, APD zikloei buruzkoa, zati Arte Plastikoetako eta Diseinuko zikloetako asteko irakastorduak. I. baremoa aplikatzetik ateratako irakastordu diruz lagungarri bakoitzeko, ehuneko (%) bat aplikatuko da, kostuaren arabera, eta ondoko taula aintzat hartuta:
Orduko kostuak, aplikatu beharreko portzentajea:
4.284 eurotik gora asteko irakastorduko, % 30
3.130 eta 4.283 euro bitartean asteko irakastorduko, % 28
2.143 eta 312 euro bitartean asteko irakastorduko, % 24
Gehienez ere, 2.142 euro asteko irakastorduko, % 18
II. baremo honetako datuak egiaztatzeko, «Irakasleen zerrenda» eta «Kostu ekonomikoa» agiriak beteko dira.
III. BAREMOA.– Ikasleen kostuaren araberakoa.
Kalkulatzeko, kontuan hartuko dira, matrikula eta hilekoak direla-eta, 1. eta 2. mailako ikasleek duten batez besteko kostua; dena den, hortik kanpo geratuko dira amaierako proiektuaren matrikulak eta ikasturte urterako matrikulatuta ez daudenak.
Guztirako batez bestekoa kalkulatzeko, dituzten batez besteko kostuak guztira dauden zikloen artean banatuko dira. Azkenean, matrikulak eta hilekoak guztira dituzten prezioak gehitu, eta koefiziente bat aplikatuko zaie I. eta II. baremoak aplikatuta guztira diruz lagun daitezkeen orduei, betiere taula honen arabera:
Ikasleentzako kostu-moduluak (matrikula gehi hilekoak). Aplikatu beharreko portzentajea.
Gehienez ere 2.678 euro I. eta II. baremoetatik batutako orduen % 30.
2.679tik 3.214ra I. eta II. baremoetatik batutako orduen % 20.
3.215 eurotik gora I. eta II. baremoetatik batutako orduen % 10.
III. baremo honetako datuak egiaztatzeko, «Urteko batez besteko kostua» agiria beteko da.
IV. BAREMOA.– Diruz lagundu beharreko orduak kalkulatzea.
Finantza daitekeen ordu bakoitzeko diru-laguntza kalkulatzeko, eragiketa hau egingo da: eskueran dagoen partidaren guztizkoa (2. artikulua) zati erakunde eskatzaile guztien ordu finantzagarrien guztizkoa.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen kontra aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria argitaratzen denetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Prozedura-gaietan agindu honek aurreikusten ez duen guztirako, osagarri moduan aplikatuko dira laguntza eta diru-laguntza publikoen gaineko legeak, hain zuzen ere Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorra eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, azaroaren 17ko Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorreko araudia onartzen duena, eta azaroaren 26ko 30/1992 Legea, hau da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 19a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.