EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2016086

AGINDUA, 2016ko martxoaren 31koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, «Fundación Loyolanet Fundazioa»ren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-03-31
Hurrenkenaren zenbakia: 201601940
Maila: Agindua
«Fundación Loyolanet Fundazioa»ren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da. Hona hemen
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2015eko irailaren 15ean, Herri Administrazio eta Justizia Sailean sartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan «Fundación Loyolanet Fundazioa» inskribatzeko eskaria; fundazio hori eratu zuten Paúl San Sebastián Belausteguigoitiak, Oier Marigil Zaldúak Elizaren Deustuko Unibertsitateak. Eskaerari espedienteko agiriak erantsi zaizkio.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak bilkura egin du, fundazioaren helburuak zilegi eta interes orokorrekoak direla eta fundazioa ekonomikoki bideragarria dela egiaztatzeko, eta 2015eko urriaren 28an fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman du.
Bestalde, aho batez erabaki da Fundazioari bidaltzea akatsak zuzentzeko errekerimendu bat, honako hau berma dezan: urteko diru-sarrera aski izatea; lehen ekitaldian gertatu bezala, diru-bide gisa ez jotzeko hasierako eraketa-zuzkidura, izan ere, osterantzean, epe luzera arriskuan jar daiteke Fundazioaren bideragarritasun ekonomikoa. Fundazioa Erregistroan inskribatzea akatsa hori zuzentzearen pentzutan dago.
Hirugarrena.– 2016ko urriaren 29ko idazkiaren bidez, bidalitako dokumentazioan atzemandako hutsak zuzentzeko eskatu zien Fundazioen Erregistroak interesdunei, eta, horrela, 2015eko abenduaren 15ean eta 2016ko otsailaren 24an jaso zen eskatutako dokumentazioa, Herri Administrazio eta Justizia Sailean.
Laugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, haren estatutuen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera:
Fundazioaren xedea hauxe da: transformazio pertsonala bizkortu eta bultzatzea, unibertsitate aurreko hezkuntzan inplikaturik diren pertsonengan jokabide berritzaileago eta ekintzaileagoa bideratzeko.
Ildo horretan, Fundazioaren helburu partikularrak honako hauek dira:
Lehenengoa.– Ikastetxeetan, berrikuntza-ekimenak garatzea bultzatzea eta prestakuntza-aukerak eskaintzea; betiere, Fundazioarekin kolaboratzen duten profesionalen eskutik; eta hartarako, behar diren tresna, metodologia eta laguntzarekin hornituko dira aipatu ikastetxeak.
Bigarrena.– Ikastetxe bakoitzean, eraketa-baldintza onenak eta buruzagitza estilo egokiena sortzen eta sendotzen laguntzea, berrikuntza ez dadin izan jazoera bat, ezpada prozesu bat eta ikastetxeen antolaketaren ezaugarri bihur dadin.
Hirugarrena.– Ikastetxeetako profesionalen arteko lana bultzatu eta dinamizatzea, sortutako sareak euskarri gisa funtziona dezan eta ikastetxe bakoitzean garatzen diren ekintza berritzaileei eustea bultzatu eta bateratze-lana erraztu dezan, eta, orobat, haien arteko kolaborazioa sustatzea.
Laugarrena.– Fundazioaren Gobernu-organoak erabakitzen duen beste edozein, aipatutakoen antzekoa bada.
Bostgarrena.– Estatutuen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera, fundazioaren helbidea hau da: Mundaiz kalea 9, 50 Deustuko Unibertsitatea (Gipuzkoako Kanpusa), Donostia (Gipuzkoa), eta batik bat Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere jarduerak.
Seigarrena.– Hasierako zuzkidura honenbestekoa da: laurogeita hamar mila bostehun eta hogeita hamasei euro eta berrogeita hamazazpi zentimo (90.536,57 euro). Kopuru hori ordaindu dela agiri bidez jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 37.1.c) artikuluak. Erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak onartu du.
Zazpigarrena.– Patronatuari dagozkio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, hala baitago aurreikusita fundazioaren estatutuetan.
Zortzigarrena.– Patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hasieran hauek izango dira (iraupen mugagabea izango dute karguok):
Izendatutako guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko bat erabiliz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioa eratzeko espedientea hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan, eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.
Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa betez. Lege eta erregelamenduzko manuen arabera egin da Fundazioaren eraketa.
Ikusirik aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea –egun honetan eta F-406 erregistro-zenbakiarekin–: Donostiako (Gipuzkoa) «Fundación Loyolanet Fundazioa»ren eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horren kideak zortzigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok espresuki onartu dituzte euren karguak, Fermín Lizarazu Aramayo notarioaren aurrean, 2015eko ekainaren 3an egiletsitako eskritura publikoan xedatu bezala (protokolo-zenbakia: 1694). Eskritura hori zuzendu egin zen Donostiako aipatu notario horren aurrean, 2015eko abenduaren 1ean egiletsitako eskrituraren bitartez –protokolo-zenbakia: 3.693–, eta bai notario berberaren aurrean, 2016ko otsailaren 18an egiletsitako beste eskritura baten bitartez (protokolo-zenbakia: 546).
Bigarrena.– Fundazio hori, bere helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 1. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 31.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.