EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2016082

EBAZPENA, 2016ko apirilaren 19koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, Bilboko metropoliko trenbidearen Kabiezeseko kotxetegiei buruzko informazio-azterlana behin betiko onartzen duena.

Xedapenaren data: 2016-04-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201601843
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2014/07/09an argitaratutako 2014/06/16ko EBAZPENA [201403114]

1978ko martxoaren 2an, Ministroen Kontseiluak Bilboko metropoliko trenbidearen 1. lineako eraikuntza-plana onartu zuen, eta haren barruan zegoen Santurtzi - Gurutzeta - Zorroza - Moyua - Azbarren - Basauri tartea.
Trenbideen arloko eginkizunak eta eskumenak eskuz aldatu ziren abuztuaren 25eko 2488/78 Errege Dekretuaren bidez, Autonomia Estatutuaren 10.32 artikuluari dagokienez; horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Gobernu Kontseiluak 19/1987 Dekretuaren bidez onartu zuen Bilboko metropoliko trenbide-sarearen eraikuntza-plana aldatzeko eta zabaltzeko plana. Aldaketa horietan, Ministroen Kontseiluak onartutako planean 1. lineako Santurtzi - Basauri tartea aldatu eta 2. linea izatera igaro zen; horrekin batera, 1. lineako Plentzia - Etxebarri tartea ere sartu zen.
Eraikuntza-plan horretako aurreikuspenak garatzeko, Bilboko metropoliko trenbidearen 2. lineako Urbinaga-Santurtzi sektorearen trazadura-proiektua idatzi, eta jendaurrean jarri zen 1998ko urtarrilaren 20ko Ebazpenaren bidez, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen Erregelamenduaren 228.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.
1998ko urriaren 13ko Ebazpenaren bidez, Bilboko metropoliko trenbidearen 2. lineako Urbinaga-Santurtzi tartearen trazadura-proiektua onartu zen, eta erabaki zen, Santurtziko Udalak eskatu bezala, populazioak gora egingo zuela kontuan izanik, metroa Kabiezes auzoraino eramatea.
2001eko azaroaren 7ko Ebazpenaren bidez, behin betiko onartu zen Bilboko metropoliko trenbidearen 2. lineako Urbinaga – Santurtzi tartearen trazadura-proiektua. Trazadura-proiektu horretan, Bilboko metropoliko trenbidearen 2. linearen amaiera Kabiezes auzoan zegoen. 2005ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Sektoreko Lurralde Plana aldatzean (otsailaren 22ko 34/2005 Dekretua), aurreikusi zen 2. linearen amaiera horretan kotxetegiak beharko zirela; beraz, urte horretan beran, hasierako trazadura-planaren aldaketa idatzi, eta trazadura Uriosteraino eraman zen, bertan Kabiezeseko kotxetegiak jartzeko.
Jendaurreko informazioaldian, Ortuellako Udalak alegazio bat aurkeztu zuen, eskatzeko proposatzen zituzten trazaduraren eta kotxetegien lerrokadurak alda zitzatela, Goyarzun baserrian inolako eraginik ez izateko. 2008ko apirialren 4ko Ebazpenaren bidez onartu zuten trazadura-proiektua aldatzea, eta berariaz adierazi zuten hau: «... Ortuellako Udalak eskatutakoarekin bat, kotxetegiak beste leku batean jarriko dira, eta aldaketa hori beste informazio-azterlan batean jasoko da».
Dokumentu honen helburua da, lehengo paragrafoan adierazitakoaren arabera eta informazio-azterlan horri loturik, Kabiezesko geroko kotxetegiak eta trenbide-zabaltza garatzea Ballontiko ibarbidearen eta A-8aren artean, eta horrekin batera haien arteko lotura-trazadura eta Santurtzi-Kabiezes tartearen amaiera (eraikitze bidean).
Horretaz gain, 2. linearako beste geraleku bat ezarri da Uriosten, eta haren ondoan disuasio-aparkaleku bat.
2011ko abuztuaren 1ean, Ingurumen-organoak jakitera eman zuen ez zirela ezarri behar arauetako ingurumen-inpaktuaren prozedurak.
Informazio-azterlana, Trenbideen Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 10.5 artikuluan ezarritakoari jarraituz, jendaurrean jarri da, Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2014ko ekainaren 16ko Ebazpenaren bidez. Ebazpen hori 2008ko maiatzaren 7ko EHAAn argitaratu zen 2014ko uztailaren 9an, egun berean Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta Berria, Deia eta El Correo egunkarietan ere argitaratu zen, eta adierazi zen hogeita hamar egun baliodunetan zehar ikusgai egon zela, Ortuellako, Portugaleteko eta Santurtziko udalen iragarki-oholetan.
Izapide-horietan zehar, hiru alegazio jaso dira, Ortuellako, Portugaleteko eta Santrutziko udalek egindakoak, hain zuzen. Alegazio horiek ez dira onartu, eta banakako erantzuna emango zaie.
Garraio Azpiegituren Zuzendaritzako zerbitzu teknikoen aldez aurretiko ikuskapena eta aldeko txostena zirelarik, data honetako ebazpenaz teknikoki eta behin-behinean onartu da dokumentua; txosten hartan honako hauek egiaztatu ziren: teknikoki egia zela, trenbideen arloko arauak betetzen dituela eta bai aplikagarria den gainontzeko legeria ere.
Organo honek eskumena du Gobernu Kontseilurako gordeta egon gabe Bilboko metropoliko trenbidearenak diren proiektuak idatzi eta onartzeko, betiere Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.1.d) artikuluan xedatutakoari jarraituz (dekretu hori abenduaren 30eko 248/2014 Dekretuaren bidez aldatu zen).
Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Behin betiko onartzea Bilboko metropoliko trenbidearen Kabiezeseko kotxetegiei buruzko informazio-azterlana, bai eta jendaurreko informazio- eta entzunaldi-espedientea ere.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; idazkia organo horri edo Garraioetako sailburuordeari bidali beharko zaio.
Eta horrela jakinarazten da denek jakin dezaten.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 19a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA ALMUDENA RUIZ DE ANGULO DEL CAMPO.