EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2016081

AGINDUA, 2016ko apirilaren 8koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Prest Gara 2016-2017 Planaren barruan EAEko unibertsitateaz kanpoko irakasleek prestakuntza- eta hobekuntza-jardueretan parte hartzeko baldintzak ezartzen dituena.

Xedapenaren data: 2016-04-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201601812
Maila: Agindua
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagokio unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleen prestakuntza arautzea, eta bermatzea Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko 102. artikuluaren arabera irakasleek irakasle gisa jarduteko prestakuntza jasotzeko duten eskubidea eta betebeharra baldintza egokietan eta kalitatez egiten dela, haien behar profesionaletara egokituta, eta ikasleak izanik prestakuntza-prozesuen azken helburua. Izan ere, prestakuntzaren helburua da hezkuntza-sistemaren ekitatearen eta bikaintasunaren bidean aurrera egitea, eta bide horretan ikaslea da erreferentzia, hark ematen baitio zentzua hezkuntzaren alorreko prestakuntzari eta berrikuntzari.
Horregatik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako urteko prestakuntza-plana egin du Prest Gara 2014-2017 planaren barruan. Prestakuntza-plan horren helburua da prestakuntza-proposamenak egitea irakasleei, beren lanbide–gaitasuna hobe dezaten, eta, era berean, azpimarratzea zer eragin izan behar duen prestakuntza horrek ikastetxean eta hezkuntza-sistema osoan egiten den lana hobetzen, alde batera utzi gabe jardunean dauden irakasleek beraiek sentitutako eta egindako eskaerak. Alde horretatik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak konpromisoz eta arduraz jokatzeko eskatu nahi die prestakuntza egitea erabakitzen duten irakasleei, eskuratzen dituzten ezagutza horiek eragina izan dezaten ikasgelan egiten dituzten jardueretan, eta eragina izan dezaten, halaber, ikastetxean, hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetzen laguntzeko.
Prestakuntza-jarduerak egiteko, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, bere baliabideez gain, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko martxoaren 8ko Aginduaren bidez aukeratutako erakundeen lankidetza izango du (Agindu horren bidez, dei egiten zaie Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Prest Gara Plana garatzeko proiektuak aurkeztuz sail honekin batera lan egin nahi duten erakunde publiko eta pribatuei).
Hori dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Hauxe da deialdi honen xedea: ezartzea prestakuntza- eta hobekuntza-jarduerak egin nahi dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleek zer prozedura jarraitu behar duten eskaera egiteko, zer baldintza bete behar dituzten parte hartzeko eta zer prozedura erabiliko den parte–hartzaileak aukeratzeko, Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Prest Gara 2016-2017 Planaren barruan.
2. artikulua.– Prestakuntza-jarduerak.
2016-2017 ikasturterako prestakuntza-jardueren zerrenda Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean kontsulta dezakete irakasleek, 2016ko maiatzaren 9tik aurrera. Prestakuntza-jarduera bakoitzak deskribapen-fitxa bat dauka, eta fitxa bakoitzak informazio hau jasotzen du:
– Ikastaroaren titulua, kodea eta erakunde arduraduna; zeinek emango duen; ordu kopurua; plaza kopurua; ikastaroaren hasiera- eta amaiera-datak; non emango den; eta ordutegia.
– Hartzaileak eta prestakuntza-jarduera bakoitzaren berariazko betekizunak, onartzeko nahitaez bete behar direnak.
– Programa xehatua: helburuak, edukiak eta metodologia.
– Emateko modalitatea (aurrez aurrekoa edo online) eta jardueraren zereginak edo faseak (praktikak egitea, proiektua, txostena edo memoria egitea... aurreikusten da).
• D: Jarduera aurrez aurre eta irakastorduetatik kanpo ematea.
• B: Jarduera aurrez aurre ematea, zati batean edo guztiz irakastorduetan, liberaziorik gabe.
• H: Jarduera online ematea.
• G: Txosten eta/edo memoria bat egitea.
• F: Ikasgelan praktika bat egitea.
3. artikulua.– Hartzaileak.
1.– Honako hauek dira prestakuntza-jardueretan parte har dezaketenak:
a) Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan, publikoetan edo itunpekoetan, lan egiten duten eta jardunean dauden irakasleak, heziketa-zikloetako irakasleak izan ezik. Lehenengo postuan egongo dira lehentasun–ordenan.
b) Prestakuntzan eta Hezkuntzaren Berrikuntzan Laguntzeko Zentroetako (Berritzeguneetako) langileak, Irakaskuntza Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko langileak, Ingurumenarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegietako langileak, Itsuen Baliabidetegietako langileak, Irale ikastegietako langileak eta hizkuntza-eskola ofizialetako langileak. Bigarren postuan egongo dira lehentasun–ordenan, non eta jarduera ez den berariaz zerbitzu horietako langileentzat, edota jardueran ez dauden plazak gordeta zerbitzu horietako langileentzat.
c) Lanbide Heziketako langileek prestakuntza-jardueretan parte hartu ahal izango dute. Hirugarren postuan egongo dira lehentasun-ordenan.
2.– Hezkuntza Bereziko lan–legepeko langileak. Hezkuntza-premia bereziei buruzko jardueretan har dezakete parte, jarduera horietarako jartzen diren baldintzetan.
3.– Ikastetxe publiko edo pribatu baimenduetan Haur Hezkuntzan (0-3 urteko zikloa) lan egiten duten irakasleak. Ziklo horretarako jardueretan hartuko dute parte, prestakuntza-jarduera horietan parte hartzeko zehazten diren baldintzen arabera.
4. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
Eskaera telematikoki egingo da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko aplikaziora jota (esteka), Irakaslegunea atarian. Ikastetxe publikoetako nahiz itunpeko ikastetxeetako langileak sar daitezke han.
Prestakuntza-jarduera batzuetan parte hartzeko beharrezkoa baldin bada titulu jakin bat lortu izana atzerriko hizkuntzaren batean, hori frogatzeko nahikoa izango da erantzukizunpeko aitorpen bat gehitzea eskaerara.
5. artikulua.– Eskaera egiteko epeak.
1.– Eskaerak aurkezteko bi epe irekiko dira. Epe bakoitzean, epe horri dagozkion prestakuntza-jardueretarako soilik aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
a) Lehen eskaera-epea:
– 2016ko uztailean, abuztuan, irailean eta urrian hasten diren jarduerak.
– Eskaera egiteko epea: maiatzaren 10etik 27ra, biak barne.
b) Bigarren eskaera-epea:
– 2016ko azarotik 2017ko ekainera bitartean egiten diren jarduerak.
– Eskaera egiteko epea: 2016ko irailaren 12tik 30era, biak barne.
2.– Epe bakoitzaren barruan, nahi adina prestakuntza-jardueretarako eskaera egin daiteke, eta eskaera-orrian haien lehentasun–ordena adieraziko da. Dena den, emate-garaiaren arabera multzo bat osatzen duten jardueren artetik bakar batean onartua izango da eskatzailea; artikulu honen 3. eta 4. paragrafoetan ezarritakoa izango da salbuespen bakarra.
3.– Aldi bateko prestakuntza-jarduera bat eskatu dutenen artean, bateraezintasun–arrazoiengatik kanpoan geratzen direnek (talde bereko beste jarduera batean onartuta egoteagatik), ikastaroan sartzea eskatu ahalko dute, baldin eta plaza hutsak geratzen badira deialdia ebatzi ondoren. Eskabidea onartzeko, justifikatu egin beharko da talde bereko jarduerak bateragarriak direla jardueren egunak eta ordutegiak bat ez datozelako. Eskabidea eskatzaile bakoitzaren lanlekuari dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan aurkeztu beharko da; hutsik geratu diren plazak hartzeko eskabideen artean, lehentasuna izango dute prestakuntza-jarduera baino gutxienez hilabete lehenago aurkezten diren eskabideek.
4.– Ikastaroren bat eskatu ez dutenek, ikastaro horretan hutsik geratu diren plazak bete nahi izanez gero, beren lanlekuari dagokion Hezkuntzako lurralde ordezkaritzan aurkeztu beharko dute eskabidea. Eskabideak aurkezpen–hurrenkeraren arabera onartuko dira, hutsik dauden plazak bete arte, aurreko atalean ezarritako lehentasuna errespetatuz, eta, betiere, onartu zaizkien beste prestakuntza-jarduera batzuen egun eta orduekin bateragarria dela egiaztatzen bada.
6. artikulua.– Parte–hartzaileen aukeraketa.
1.– Ikastaroan sartzeko betekizun guztiak betetzen dituzten eskabideek eta artikulu honen 3. paragrafoko kanporatze-arrazoi batean ere ez daudenak I. eranskinean ezarritako baremoen arabera baloratuko dira. Atzerriko hizkuntzen jakintza-mailaren egiaztagiria eskatzen duten hizkuntzen prestakuntza-jarduerei dagokienez, titulazio hori kontuan hartzeko eta eskatzaileak jardueran parte hartu ahal izateko, egiaztagiri hori interesdunaren espedientean egon beharko da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren langileen erregistroan.
2.– Puntuazio–berdinketa badago, 3. artikuluko lehentasun–ordena aplikatu ondoren, eskaera egiteko unean haien lantoki den ikastetxean bekadun–ehunekorik handiena duten eskatzaileei emango zaie lehentasuna. HHEko irakasleei ez zaie aplikatuko irizpide hori. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, ebazteko, eskatzaileak zerbitzuan eman duen denborari erreparatuko zaio.
3.– Prestakuntza-jardueraren batean onartuak izan eta gero arrazoirik gabe huts egiteagatik Garaturen 2014-2015eko eta 2015-2016ko deialdietan zigortuak izan diren eskatzaileek deialdi honetan parte hartzeko eskaera egin dezakete, baina 0 punturekin sartuko dira aukeraketa-prozeduran.
4.– Prestakuntza-jardueretan parte hartzeko eskaerak aukeraketa-prozeduratik baztertuta geratuko dira honako kasu hauetan:
– eskaerak ez baditu betetzen jardueran parte hartzeko beharrezko den baldintzaren bat edo batzuk, barnean hartuta prestakuntza-jarduera batzuetan eskatzen diren hizkuntza-ziurtagiriak edo tituluak izatea, dagokion prestakuntza-jardueraren deskribapen-fitxan parte hartzeko adierazten diren baldintzei jarraituz.
– eskatzaileak eskatu duen ikastaroan adierazitakoa baino handiagoa den ziurtagiri bat edo maila handiagoa badu atzerriko hizkuntzan, baldin eta ikastaroaren fitxan adierazten bada hori baztertua izateko arrazoi bat dela.
– eskatzaileak galdu egin badu diru–laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera, zigor penal edo administratibo baten ondorioz, edo horretarako ezgaitzen duen lege–debekuren batean sartuta badago, barnean hartuta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik gertatutakoak.
7. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.
1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak eskaera-epe bakoitzerako ebazpen-proposamena egingo du, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuko dena. Ebazpen-proposamenak hau jasoko du:
– Egingo den prestakuntza-jarduera bakoitzaren behin-behineko zerrenda, eskaera bakoitzaren egoera adieraziko duena (onartuta, erreserban eta baztertuta, ukatzeko arrazoia emanda).
– Plaza libreak dituzten prestakuntza-jardueren behin-behineko zerrenda.
Ikastaroetara onartutako pertsonen behin-behineko zerrendak 2016ko ekainaren 3an argitaratuko dira, lehen matrikulazio-eperako, eta, urriaren 11n, berriz, bigarren matrikulazio-eperako.
2.– Interesdunek hamar egun naturaleko epea izango dute, ebazpen-proposamena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, alegazioak egiteko eta jardueran parte hartzeari uko egiteko.
3.– Behin erreklamazioen epea amaitutakoan, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak prozedura amaitzeko ebazpena egingo du. Ebazpen hori Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, honako eduki honekin:
Eskatzaileen jarduerakako zerrenda alfabetikoa. Zerrenda horretan, eskatzaileek eskatutako jarduera bakoitzean duten egoera azalduko da:
a) Onartua: ikastaroan plaza duten eskatzaileak.
b) Gordeta: ikastaroan parte hartzeko baldintzak bete arren, esleitutako azken plazak baino puntuazio baxuagoa izateagatik plaza lortu ez duten eskatzaileak.
c) Baztertua: deialdiko edo ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituzten eskatzaileak, edo aldi horretan bertan beste ikastaro baterako onartuak izateagatik bateraezintasun–egoeran daudenak. Honako hauek dira baztertzeko arrazoien kodeak:
– C: Langilea ez dago jardunean.
– I: Ikastaro–mota bateraezina da (garai berean emango den beste jarduera baterako onartua izateagatik).
– K: Ez da betetzen prestakuntza-jardueran parte hartzeko baldintza espezifikoren bat.
– L: Ikastaroa bertan behera geratu da.
– H: Eskatzaileak uko egin dio.
– T: Ez da betetzen atzerriko hizkuntzarako eskatzen den maila egiaztatzeari buruzko betekizun espezifikoa.
Prestakuntza-jardueren behin betiko zerrenda, hutsik geratu diren plazekin.
Onartutako eskaeren gutxieneko ratioa ez betetzeagatik bertan behera geratu diren prestakuntza-jardueren behin betiko zerrenda.
4.– Behin betiko ebazpenaren kontra, interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango dute Hezkuntzako sailburuordearen aurrean, ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratu eta hilabeteko epearen buruan.
5.– Deialdi honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko, hiru hilabeteko epea dago, gehienez ere, eskabideak aurkeztutako egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro ondoren ez bada ebazpenik jakinarazi, interesdunek ulertu beharko dute eskaera ezetsi egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarenak eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 44.1 artikuluan arautzen dituen eraginetarako, alde batera utzi gabe Lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko ezartzen dio betebeharra.
8. artikulua.– Parte hartzeko baldintzak.
1.– Eskatzaileek prestakuntza-jardueran parte hartzean eskuratutako ezagutzak praktikan jartzeko eta ikastetxean eta ikasgelan egiten duten eguneroko lanean aplikatzeko konpromisoa eta ardura hartzen dute. Alde horretatik, atzerriko hizkuntzetan espezialistak ez diren irakasleek atzerriko hizkuntzetako prestakuntza jasotzeari dagokionez, parte hartzen duten irakasleen asmoa izan beharko da arloko edukiak hirugarren hizkuntza batean emateko behar den gaitasuna lortzea.
2.– Eskatzaileak behartuta daude onartuak izan diren prestakuntza-jardueran programatutako fase eta zeregin guztiak gauzatzera, bai eta adierazitako datetan honako dokumentazio hau aurkeztera ere:
a) Inprimakia. Prestakuntza-jardueraren hasieran aurkeztuko da, eta bertan adierazi behar da zer motibazio dituen eskatzaileak eskatutako banakako prestakuntza-jarduera egiteko, eta zer itxaropen dituen eskuratutako ezagutzak ikasgelaren edo ikastetxearen errealitatean aplikatu ahal izateari buruz. Galdetegia Irakaslegunean dago.
b) Ikastetxeko zuzendaritzaren txostena. Prestakuntza-jardueraren hasieran aurkeztuko da, eta bertan adieraziko da zer neurritan egokitzen den eskatutako banakako prestakuntza ikastetxearen behar, helburu eta proiektuetara. Ikastetxeak eskura izango du galdetegia, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren kudeaketa-aplikazioen atarian.
c) Prestakuntza-jarduera baloratzeko fitxa: aplikazio informatikoan erantzun beharko da, hilabeteko epean, prestakuntza-jarduera amaitzen den egunetik aurrera.
3.– Behin betiko zerrendak argitaratutakoan, arrazoi justifikatuak badaude soilik onartuko da prestakuntza-jardueran parte hartzeari uko egitea; adibidez, gaixotasunen kasuan edo ustekabeko lan–egoeraren baten kasuan. Uko egiteko jakinarazpena dagokion lurralde-ordezkaritzako hezkuntza berriztatzeko lurralde-arduradunari bidali beharko zaio, uko egitea justifikatzen duen gertaera jazo eta berehala, eta, hala badagokio, dagokion dokumentu-euskarria erantsi beharko zaio.
4.– Onartutako pertsonen artetik justifikaziorik gabe uko egiten dutenak edo prestakuntza-jardueraren saioetara agertzen ez direnak zigortu egingo dira, eta ez zaie utziko parte hartzen Prest Gara planaren babesean hurrengo bi edizioetan (2017-2018 eta 2018-2019) egingo diren prestakuntza-jardueretan. Justifikatu gabeko uko-egitetzat hartuko da aurrez jakinarazi gabe eta inolako arrazoirik frogatu gabe saioetara ez agertzea.
5.– Eskatzaileek uko egin dutelako edo saioetara agertu ez direlako hutsik geratzen diren plazak betetzeko, erreserba-zerrendako pertsonei deituko zaie, zerrendan duten postuaren ordenari jarraituz. Oro har, ez dira hutsik dauden plazak beteko, behin prestakuntza-jardueraren bigarren saioa eman ondoren. Nolanahi ere, salbuespenak egin daitezke, baldin eta jarduerak iraupen luzea badu, ez bada aurrez aurreko prestakuntza edo salbuespena egiteko beste baldintza batzuk betetzen badira.
6.– Atzerriko hizkuntzen ikastaroetan onartutako pertsonek, ikastaroa hasi baino lehen, hasierako ebaluazio–proba bat egingo dute, erakunde antolatzaileak prestatua. Eskatzailearen maila ez badator bat ikastaroaren hasierako diseinuarekin, erakundeak Irakasleen Hobekuntza Zerbitzuari jakinarazi beharko dio. Eskatzaileari entzunaldi-izapidea egin ondoren, plaza hori erreserban dagoen beste eskatzaile batek betetzea ezarri ahal izango da.
7.– Parte-hartzaileei ez zaie inolako diru-kantitaterik ordainduko lekualdatze-gastuengatik edo Prest Gara planeko prestakuntza-jardueretan parte hartzearekin lotutako inolako kontzepturengatik.
8.– Gai izateko, prestakuntza-jardueretan parte hartzen dutenek jarduera-orduen % 80ra joan behar dira, gutxienez; zeregin guztiak egin beharko dituzte, eta proiektu, txosten edo memoria bat entregatu beharko dute, hala ezarrita baldin badago ikastaroa gainditu ahal izateko. Prestakuntza-jardueretan parte hartu duenak hura gaindituz gero, hala jasoko da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko irakasleak berritzeko eta prestatzeko jardueren datu-basean; Interesdunek datu-base hori kontsultatu ahal izango dute, indarrean den legediaren arabera, eta Berritu eta Prestatzeko Jardueren Ziurtagiria inprimatu ahal izango dute datu-base horretatik. «Gai» gisa ebaluatzen ez diren parte-hartzaileek ez dute inolako ziurtagiririk lortuko onartuak izan diren prestakuntza-jarduerarekin lotuta.
9. artikulua.– Prestakuntza-jardueren jarraipena.
Zuzendaritzari dagokio jardueren segimendua eta ebaluazioa egitea. Horretarako, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak behar diren jarraibideak eman ditzake, eta laguntza-zerbitzuen edo Berritzeguneen laguntza eska dezake.
10. artikulua.– Datu pertsonalak.
Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Ziurtagiriak» 5. fitxategia izeneko fitxategi batean sartuko dira, (diru-laguntzen) deialdi hau kudeatzeko eta deialdi honetan parte hartzen dutenei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren ardura Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzarena da, eta Zuzendaritza horretara (Donostia kalea 1; 01010 Vitoria-Gasteiz) jo beharko da datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko edo datuen aurka egiteko eskubideez baliatzeko.
Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren frogatzeko beste erakunde publiko batzuetan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honetan prozedurari buruz aurreikusi den guztirako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea aplikatuko da, ordezko modura.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari baimena ematen zaio agindu hau garatu eta aplikatzeko beharrezko jarraibideak emateko.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango du eragina.
AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beraz, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute beraren kontra, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi–errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 8a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.