EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-04-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2016080

15/2016 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinen bidez erabakitzen baita argitaratzea Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia. Erabaki horren bidez, baimena ematen da Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietatearen gomendio uzteko kudeatzen dituen kirol-portuetako portu-tasen bilketaren kudeaketa.

Xedapenaren zenbakia: 201600015
Xedapenaren data: 2016-03-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201601782
Maila: Ebazpena
Gobernu Kontseiluak, 2016ko martxoaren 22an egindako bilkuran, erabaki zuen baimena ematea Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietatearen gomendio uzteko kirol-portuetako portu-tasen bilketaren kudeaketa, eta erabaki horri behar den zabalkundea emateko, honako hau.
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematea kudeatzen dituen kirol-portuetako portu-tasen bilketaren kudeaketa Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietatearen gomendio uzteko baimena ematen dion erabakia. Ebazpen honen eranskinean dago erabaki hori.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 22a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 22KO 15/2016 EBAZPENARENA
ERABAKIA, ZEINEN BIDEZ BAIMENA EMATEN BAITA EUSKADIKO KIROL PORTUA, S.A. SOZIETATEAREN GOMENDIO UZTEKO KUDEATZEN DITUEN KIROL-PORTUETAKO PORTU-TASEN BILKETAREN KUDEAKETA
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuko 10.32 artikuluan xedatuarekin bat etorriz (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartu zen Estatutua), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumen esklusiboa dauka portuen arloan, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan xedatua.
Maiatzaren 14ko 2380/1982 Errege Dekretuaren bidez, Estatuak EAEri eskualdatu zion Euskal Autonomia Erkidegoan dauden portuen kudeaketa, Pasaiako eta Bilboko portuena izan ezik, interes orokorrekotzat hartzen baitira.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuko 10. artikuluan ezartzen denez, turismoa eta kirola eta aisia eta olgeta EAEren eskumen esklusiboak dira.
Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumen esklusiboa du Euskadiko kirol-portuen alorrean.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren uztailaren 16ko 20/2012 Dekretuaren 13. artikuluaren arabera, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari dagozkio, besteak beste, portuen eta itsas-gaien inguruko eginkizunak eta jarduera-esparruak, eta, halaber, sail horri atxikitzen zaio Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietate publikoa.
Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari aitortzen zaio indarreko araudian aurreikusitako portu zerbitzuak emateko eginkizuna, antolamendu juridikoan araututako kudeaketaren bitartez.
Bestalde, Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietatea sortu zen Euskadiko kirol-portuetan zerbitzu publikoa modu tekniko deszentralizatuan eskaintzeko asmoz. Sozietatea sortzeko ekainaren 6ko 105/2000 Dekretuan azaltzen denez, «kirol portuak eta atxikitako instalazioak planifikatu, sustatu, garatu eta ustiatzeko» sortu zen sozietatea.
Halaber, Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietatea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren berezko baliabide edo zerbitzu teknikoa da azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, zeinen bidez onartzen baita Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina, eta haren helburu nagusia da kirol-portuak eta horiei atxikitako instalazio-eremuak kudeatu eta ustiatzea, portu-azpiegiturak mantentzea barne, eta bestelako zerbitzu eta jarduera osagarriak edo kirol-itsasontziak amarratzeari atxikitako zerbitzu eta jarduera osagarriak ematea.
Bestalde, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari dagokio borondatezko aldian tasen bilketa kudeatzea, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 40.2 artikuluaren eta irailaren 11ko 1/207 Legegintzako Dekretuak onartutako Tasen eta Prezio Publikoen Testu Bateginaren 18. artikuluaren arabera.
Hala ere, erakunde publikoei zein pribatuei esleitu ahal izango zaie tasen bilketaren kudeaketa, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 40.4 artikuluan aurreikusitako araubideari jarraikiz. Artikulu horren arabera, kudeaketa hori esleitzeko, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, eta EHAAn argitaratu beharko da.
Horiek oinarri hartuta, Gobernu Kontseiluren 2014ko ekainaren 17ko eta 2015eko uztailaren 27ko Erabakien bidez, baimena eman zen Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietatearen gomendio uzteko Hondarribia, Orio, Donostia, Getaria, Bermeo, Mutriku eta Debako kirol-portuetako portu-tasen bilketa kudeatzea. Tarifa hauen borondatezko aldiko bilketaren honako kudeaketara mugatu zen gomendio hori: T-5 («kirol eta aisialdirako ontzien zerbitzua»); T-8 («energia-produktuen hornidura»), eta T-9 («askotariko zerbitzuak»).
Aldi horretako esperientzia positiboa izan da, eta alor tekniko eta materialeko arrazoiak egokiak izan izana frogatu da, zeinek aholkatu baitzuten bere garaian Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietatearen gomendio uzteko portu-tasen bilketaren kudeaketa. Hala ere, esperientzia horrek berak agerian utzi du gomendioa kirol-portuko zerbitzu publikoari atxikitako portu-tasa guztiei zabaltzeko egokitasuna, eta, oro har, sozietateak kudeatzen dituen kirol-portu guztientzat egitea.
Horren arabera, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta beharrezko gogoeta egin ondoren, Gobernu Kontseiluak honako erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Baimena ematea, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 40.4 artikuluan xedatuaren arabera, Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietatearen gomendio uzteko berak kudeatzen dituen kirol-portuetako portu-tasen bilketaren kudeaketa; sozietateak era autonomoan antolatu beharko ditu zerbitzua ematean kudeaketa egokia bermatzeko baliabide material eta pertsonalak.
Bigarrena.– Honako xedapen hauen arabera arautuko dira Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietate publikoari agindutako diru-bilketako jarduerak:
a) Irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen Testu Bategina.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaz onartua) 50. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzea.
c) 58/2003 Lege Orokorra, abenduaren 17koa, Zergei buruzkoa.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendua, abuztuaren 31ko 212/1998 Dekretuaren bidez onartua.
e) 1998ko uztailaren 23ko Agindua, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako tasak likidatzeko oinarrizko ereduak eta prezio publikoen ordainagiriak onartzen dituena.
f) Eta, orokorrean, diru-bilketaren kudeaketaren alorrean aplikatzekoa den indarreko araudia.
Hirugarrena.– Tasen bilketaren kudeaketaren esparruan, nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak izan zenbait egintza juridiko emateko eskumena, Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietateari dagokio hauek egitea:
a) Baimenak eta emateak prestatzea, zeinek eragiten baitute portu-tasak ezartzea kirol-portuetan.
b) Portu-tasei dagozkien likidazioak prestatzea, baita, hala badagokio, igoerak, hobariak, murrizteak eta salbuespenak aplikatzea ere, eta, horretarako, zerga-kuota zehazteko behar diren zerga-kudeaketarako jarduketa guztiak egitea.
c) Emandako fakturen erregistro-liburua betetzea, indarreko araudiaren arabera.
d) Portu-tasen eta, hala badagokio, sortutako interesen bilketa egitea, portuen arloan eskumena duen sailaren izenean.
e) Tasen subjektu pasiboek, agindutako jarduerekin lotuta, aurkeztutako dokumentazioa hartzea eta izapidetzea (esate baterako, zatikatzeko eta geroratzeko eskabideak, erreklamazioak eta errekurtsoak), bai eta ebazpen-proposamenak portuen arloan eskumena duen sailera bidaltzea ere.
f) Tasen subjektu pasiboei administrazio-organo eskudunen egintza eta erabakien berri ematea, aurreko puntuetan adierazitako zergen arloko jarduketei buruz.
g) Baldin eta, ordaintzeko epeak eta borondatezko aldia amaituta, ez bada zerga-zorra ordaindu, Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietate publikoak horren berri emango dio portuen arloan eskumena duen sailari, diru-bilketako prozedurarekin jarraitu ahal izateko datuekin batera, horrela betearazpen bidea has dadin.
Laugarrena.– Gomendioa betetzean, zehatz atxiki beharko zaio Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatuari. Ildo horretatik, Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietateak behar diren neurri teknikoak eta antolaketa-neurriak hartuko ditu datu pertsonalen segurtasuna bermatzeko eta datuok aldatzea, galtzea, tratatzea edo horietan baimenik gabe sartzea galarazteko.
Bosgarrena.– Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietateak, hilero, tasetatik bildutako zenbatekoen likidazioa egingo du, eta, horrekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren eskubideetarako ezarritako kontabilizazioa tramitatzeko prozeduraren arabera dagokion dokumentazioa aurkeztuko du, tarifa horiek eta geroratze edo zatikatzeen interesek jasanarazitako balio erantsiaren gaineko zergaren kuoten zenbatekoa barne, inolako zenbatekorik deskontatu gabe, behar ez diren sarreren itzulketak izan ezik, hala dagokionean. Hurrengo hileko lehen hamabost egun naturaletan emango da dokumentazio hori.
Seigarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzak aginduko du erabaki hau eta eranskina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 40. artikuluan adierazitako moduan.
Zazpigarrena.– Erabakia onartu arteko indarraldia eta 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera sortutako zerga-egitateentzako eragina izango du gomendioak, eta indarrik gabe geratuko dira Gobernu Kontseiluaren 2014ko ekainaren 17ko eta 2015eko uztailaren 27ko Erabakien bidez baimendutako gomendioak.
Epe hori bukatzean berez luzatutzat joko da urtebeteko ondoz ondoko aldietarako, salbu eta arauetan oinarriekin bat ez datorren aldaketarik balego.