EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-04-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2016080

62/2016 DEKRETUA, apirilaren 19koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasunak okupatzea: Gabiriako saneamenduaren proiektua (1-SC-45/11) burutzeko beharrezko ondasun eta eskubideak.

Xedapenaren zenbakia: 201600062
Xedapenaren data: 2016-04-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201601781
Maila: Dekretua
Gipuzkoako Foru Aldundiak, «Gabiriako saneamenduaren proiektua (1-SC-45/11)» espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.
2015eko martxoaren 5ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak nahitaezko desjabetze espedientea hastea zein ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, hilabete bateko epez prentsan eta 2015eko martxoaren 16ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (50 zk.). Geroago, 2015eko azaroaren 3an egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proiektuak eragiten dituen eskubide eta ondasunak okupatzeko premiazkotasunaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Hasieran egindako ondasunen eta eskubideen zerrendan akatsa antzeman ondoren, ondasunen eta eskubideen zerrenda osagarria jendaurrean jartzea ebatzi zen, hilabete bateko epez prentsan eta 2015eko azaroaren 19ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (222 zk.). Geroago 2016ko otsailaren 2an egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proiektuak eragiten dituen eskubide eta ondasunak okupatzeko premiazkotasunaren adierazpena eskarian zerrenda osagarri hori eranstea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak banakatuta eta zehazturik agertzen dira dosierrean jasotako zerrendetan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda horiek jendaurrean jarri ziren egoki zenean, eta sei alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.
Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luza ezinezkotzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:
Oria garaiko saneamendua osatzea eta Oria eta Eztanda ibaietara isuri desegokiak saihestea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde antolamenduaren eskumenak dituen Sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.
Hori dela bide, Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailburuak proposaturik, Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2016ko apirilaren 19n egindako bilkuran, aztertu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. ean xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Gabiriako saneamenduaren proiektua (1-SC-45/11)» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Administrazio-bidea amaitzen duen dekretu honen aurka, lehenik, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzaren Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hara zenbatuko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko apirilaren 19a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.