EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-04-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2016079

AGINDUA, 2016ko apirilaren 27koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2016-2017 eta 2021-2022 ikasturteetarako hezkuntza-itunak berritzeko eta berriak izenpetzeko, eta 2016-2017 ikasturtean itundu beharreko taldeak zehazteko dei egiten duena.

Xedapenaren data: 2016-04-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201601765
Maila: Agindua
Irailaren 8ko 293/1987 Dekretuaren bidez onartu zen hezkuntza-itunen araudia. Testu horrek hezkuntza-itunak izenpetzeko eta berritzeko prozedura ezartzen du II. eta VI. kapituluetan.
Bestalde, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko maiatzaren 16ko Aginduaren bidez –2014ko maiatzaren 21eko Aginduaren bidez aldatuak– 2012-2013, 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetarako hezkuntza-itunak izenpetzeko eta berritzeko deia egiten du.
Hezkuntza bereziko gelen finantzaketari dagokionez, hezkuntza indartzeko berariazko proiektuek eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programek honen paraleloa den deialdi bat eskatzen dutela uste da, kudeaketa argiagoa eta eraginkorragoa izan dadin.
Hezkuntza-itunen lau ikasturteko iraupena amaitu ondoren, hezkuntza-itunak berritzeko deialdia egin behar da, eta 2016-2017 eta 2021-2022 arteko ikasturteetarako itun berriak izenpetu.
Hori dela eta, hauxe
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea eta hartzaileak.
1.– Ikasturte honetan amaitzen diren hezkuntza-itunak berritzeko, 2016-2017 eta 2021-2022 arteko ikasturteetako itun berriak izenpetzeko, eta 2016-2017 ikasturtean itundu beharreko taldeak zehazteko deialdia egiten da.
2.– Hezkuntza-itunak izenpetzea edo berritzea eska dezakete irakaskuntza hauek emateko baimena duten EAEko ikastetxe pribatuek:
a) Haur Hezkuntza (2. zikloa).
b) Lehen Hezkuntza.
c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
d) Hezkuntza Berezia:
– Gela egonkorrak.
– Zereginen Ikaskuntzarako Gelak.
e) Batxilergoa.
f) Lanbide Heziketa:
– Oinarrizko Lanbide Heziketa
– Erdi-mailako heziketa-zikloak
– Goi-mailako heziketa-zikloak
2. artikulua.– Ikastetxeen betekizunak.
1.– Hezkuntza-itunen araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuko baldintzak bete behar dira.
2.– Egunean izan behar dira zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Laguntzak eskatzen dituzten ikastetxeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea automatikoki egiaztatuko du Organo kudeatzaileak, behar adina aldiz, baimen beharrik gabe.
3.– Haurrak eta nerabeak zaintzeko sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen bidez finkatutako adin txikikoen babes juridikoari buruzko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. atala betetzen dela bermatuko dute ikastetxeek.
4.– Lanbide Heziketako etapa duen ikastetxe bat ez da itunduko Lanbide Heziketako Sailburuordetzak onetsitako plangintzan ez dauden heziketa-zikloak irakasten baditu.
II. KAPITULUA
HEZKUNTZA-ITUNAK PLANIFIKATZEA, BERRITZEA ETA IZENPETZEA
3. artikulua.– Hezkuntza-itunak planifikatzea, berritzea eta izenpetzea.
1.– Agindu honi jarraituz izenpetu edo itunduko dira hezkuntza-itunak; horretarako, 2016-2017 eta 2021-2022 arteko ikasturteen planifikazioa onartuko da honako hauen arabera: 21/2009 Dekretua, otsailaren 3koa, Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz besteko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituena, eta hezkuntza-itunei buruzko araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuko 12. eta hurrengo artikuluetako lehentasun-irizpideak. Planifikazio horretan finkatuko dira gehienez itundu beharreko taldeak, etapa eta ikasturte bakoitzeko.
2.– Itunpeko ikastetxe pribatuek planifikazioa aldatzea eska dezakete, urtero.
3.– Halaber, itunpekoak ez diren ikastetxe pribatuek ituna izenpetzea eska dezakete, urtero.
4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– 2016-2022rako planifikazio-eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
2.– Planifikazioa aldatzeko eta itun berriak izenpetzeko eskabideak aurkeztu behar dira eragina izango duen ikasturtearen aurreko azaroan. Epearen irekiera publikoa egingo da Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearen Ebazpen bat argitaratuta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
5. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko hezkuntza-itunen aplikazio informatikoaren bidez.
Eskabideak aurkezteko argibideak eta deialdi honi buruzko gainontzeko tramiteei buruzko argibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/itunak/y22-izapide/es
Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoak eragindako ezintasun teknikorik edo materialik gertatuko balitz, eskabidea aurrez aurre aurkez daitekeela aurreikusten du Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak.
Halakoetan, II. Eranskinaren arabera bete behar dira eskabideak: 2016-2017 eta 2021-2022 ikasturteetarako plangintzaren eskabide-orria. Aipatu eranskina euskadi.net-en helbide elektroniko honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/itunak/y22-izapide/es
2.– Ikastetxeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute beren eskaerarekin:
2.1.– Eskaera egin duen ikastetxearen titularraren ordezkari ariko den pertsonaren ziurtapena, halakorik badago.
2.2.– Hezkuntza-itunen araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuko 12. eta hurrengo artikuluetako egoeretako bat betetzen dela ziurtatzen duen memoria, hala badagokio. Hau da:
– Eskolatze-beharrak betetzen dituzten ikastetxeak, edo egoera sozioekonomiko ahuleko herritarrei erantzuten dietenak.
– Aurreko atalean adierazitako baldintzetako bat bete eta esperientzia pedagogiko interesgarriak egiten dituzten ikastetxeak.
– Kooperatiba gisa antolatuta dauden eta aurreko helburuak betetzen dituzten ikastetxeak.
2.3.– Oinarrizko Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxeek honako hauek ziurtatu behar dituzte beren memorian:
– EAEko Oinarrizko Lanbide Heziketaren araubideari eta ezarpenari buruzko ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuko hirugarren xedapen gehigarrian aipatutako ikaskuntzako ibilbide integratuen kide izatea.
– Zikloak bat etortzea Eusko Jaurlaritzak onartutako Lanbide Heziketako planekin, ekonomia berrindartzeari eta enplegua sortzeari dagokionez.
2.4.– Erdi- eta goi-mailako Lanbide Heziketako irakaskuntzei dagokionez, honako hauek egiaztatzen dituen memoria:
– Zikloak bat etortzea enpresen benetako premiekin eta enpleguarekin.
– Zikloak bat etortzea Eusko Jaurlaritzak onartutako Lanbide Heziketako planekin, ekonomia berrindartzeari eta enplegua sortzeari dagokionez.
– Lanbide Heziketa euskaraz eskaintzea, B eta D ereduetan.
2.5.– Lanbide Heziketako irakaskuntzei dagokionez, hizkuntza-ereduen arabera aurreikusitako plangintzari buruzko memoria aurkeztuko da, kontuan hartuz baremo hauek:
6. artikulua.– Plangintza-eskabideen ebaluazioa.
1.– Plangintza-eskabideak ebaluatzeko orduan kontuan hartuko dira:
1.1.– 21/2009 Dekretua, otsailaren 3koa, Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz besteko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituena.
1.2.– Hezkuntza-itunen araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuko 12. eta hurrengo artikuluetako lehentasun-irizpideak, 5. artikuluko 2.2 atalean eskatutako memorian ziurtatuak.
1.3.– Lanbide Heziketaren kasuan, 2.4 ataleko 5. artikuluaz gain, kontuan hartuko dira sektore ekonomiko batzuen eta besteen premiak.
Edozein maila eta familiako heziketa-ziklo baten plangintza aldatzea ere eska daiteke, baldin eta horrekin ez badira gehitzen aurrez planifikatutako taldeak, EAEko produkzio-sektoreen jarduera- eta enplegu-datuetan oinarriturik.
LOGSEko zikloen ordezko LOEko heziketa-zikloak: plangintzaren aldaketa automatikoa izango da, eta eskabiderik egin gabe alda daiteke zikloa.
Ordezkapenik ez duten eta indargabetutako LOGSEko heziketa-zikloak: haien ordez LOEko zikloak jartzeko eskabidea egin daiteke eta Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzak egindako plangintzaren arabera aztertuko da, EAEko produkzio-sektoreen jarduera- eta enplegu-datuetan oinarriturik.
1.4.– Hezkuntza Bereziaren kasuan, talde egonkorrak eta Zereginen Ikaskuntzarako Gelak soilik planifikatuko dira.
2.– 1. atalak dioenari jarraituz eta plangintza-eskabideak ebaluatze aldera, Haur Hezkuntzakoek (2. zikloa), Lehen Hezkuntzakoek, DBHkoek, Batxilergokoek eta Hezkuntza Berezikoek Hezkuntzako Sailburuordetzaren txostena beharko dute. Lanbide Heziketakoek Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren txostena beharko dute.
7. artikulua.– Lurralde Batzordeak.
Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzek egindako txostenetan oinarriturik, behin-behineko proposamena egin eta Lurralde Historiko bakoitzean eratuko den Batzordean aurkeztuko da, kide hauez osatua:
– Lehendakaria: Administrazio eta Dirubideen zuzendaria.
– Bokalak:
* Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko lurralde-ordezkaria, Administrazio eta Dirubideen zuzendariaren ordez, hura ez badago.
* Lurralde Historiko bakoitzeko Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketako arduraduna.
* Ikastetxeetako lurralde-arduraduna.
* Lurralde Historiko bakoitzeko Hezkuntza Berriztatzeko Programen arduraduna.
* Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoko lurralde-arduraduna.
* Lurralde Historiko bakoitzeko Lanbide Heziketako teknikari bat.
* Lurralde Historiko bakoitzeko Hezkuntza Bereziko Programen teknikari bat.
* Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Itunen eta Ordainketa Eskuordetuaren arduraduna.
* Ikastetxe pribatuetako ikasleen guraso-elkarteen federazioetako bi ordezkari.
* Irakasleen bi ordezkari, Lurralde Historikoko irakaskuntza pribatuaren alorrean ordezkaritza handiena duten bi sindikatuek izendatuak.
* Ikastetxe pribatuetako titularren elkarteen bi ordezkari.
* Hezkuntza-itunen xede den hezkuntzak hedapenik handiena duen udalerrietako udalen bi ordezkari.
– Idazkaria: Lurralde Historiko bakoitzeko aukera-berdintasunaren arduraduna den Administrazio Kudeaketako teknikaria.
8. artikulua.– Ebazpen-proposamena.
1.– Lurralde Batzordeak elkartu eta behin-behineko proposamena aurkeztu ondoren, lurralde-ordezkariek ikastetxeei jakinaraziko diete.
2.– Ikastetxeek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzakete proposamen horren aurka, jakinarazten den egunetik hasita hamar egun naturaleko epean.
3.– Alegazioak aztertzeko, ondoren aipatzen diren kideek osatuko duten Balorazio Batzorde Orokorra eratuko da:
– Lehendakaria: Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordea.
– Bokalak:
* Hezkuntzako sailburuordea.
* Lanbide Heziketako sailburuordea.
* Lurralde-ordezkariak.
* Administrazio eta Dirubideen zuzendaria.
– Idazkaria: Itunen eta Ordainketa Eskuordetuaren arduraduna.
4.– Ikastetxeek aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, Balorazio Batzorde Orokorrak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari.
9. artikulua.– Hezkuntza-itunak berritzeko, aldatzeko eta izenpetzeko ebazpena.
1.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak ebatziko du deialdia, eta horretarako emango duen Aginduan jasoko dira:
– Itunpeko ikastetxe pribatuak, eta zenbat talde planifikatu diren etapa, heziketa-ziklo eta ikasturte bakoitzeko.
– Ituna ukatu zaien ikastetxe pribatuak, ukapenerako arrazoiak adieraziz.
2.– Deialdia sei hilabeteko epean ebatziko da, Agindu honetako 4. artikuluan aipatzen diren eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
10. artikulua.– Plangintza ofizioz aldatzea.
Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak ofizioz proposa dezake plangintza aldatzea, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren Agindu bidez ebazteko, dagokion espedientea bideratuta, ikasleak eskolatzeko premiak sortzen badira eta aldaketa hori egitea beharrezkoa bada. Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzen plangintza-txostenak sartuko dira espedientean, hala badagokio, eta eragindako ikastetxeari entzunaldia egingo zaio.
11. artikulua.– Hezkuntza-itunak formalizatzea.
Agindu honen babespean itundu edo berritutako hezkuntza-itunak formalizatu egingo dira hezkuntza-itunen araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuko 29., 30. eta 31. artikuluetako prozeduraren eta epeen arabera, eta Agindu honen IV. eranskineko administrazio-agiriaren arabera.
III. KAPITULUA
ITUNDU BEHARREKO TALDE-KOPURUA ZEHAZTEA
12. artikulua.– Itundu beharreko talde-kopurua zehaztea.
Itunpeko ikastetxe pribatuek urtero eskatuko dituzte ikasturte bakoitzean itundu beharreko taldeak. Hezkuntza-itunen araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuko 79., 80. eta 81. artikuluen arabera, itundu beharreko talde-kopurua zehazteko orduan kontuan hartuko da ituntzeko baldintzak eta obligazioak betetzen diren, eskola-plazen eskaera eta aurrekontu-esleipenak.
Itunen araubiderako funts publikoen zenbateko maximoa agertuko da EAEko Aurrekontu Orokorren Legean.
13. artikulua.– Itundu beharreko taldeen eskabideak aurkezteko epea.
1.– 2016-2017 ikasturtean itundu beharreko taldeen eskabideak aurkezteko epea izango da Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete.
2.– Hurrengo ikasturteetako eskabideak aurkeztuko dira eragina izango duen ikasturtearen aurreko martxoan. Horretarako, deialdiaren berri emanez argitaratuko da Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearen Ebazpen bat Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
14. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Itundu beharreko taldeak zehazteko eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko hezkuntza-itunen aplikazio informatikoaren bidez.
Eskabideak aurkezteko argibideak eta deialdi honi buruzko gainontzeko tramiteei buruzko argibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/itunak/y22-izapide/es
Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren ezintasun teknikoa edo materiala gertatuko balitz, eskabidea aurrez aurre aurkez daitekeela aurreikusten du Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak.
Kasu horretan, III. eranskinaren arabera bete behar dira eskabideak: Itundu beharreko taldeen eskabide-inprimakia. Aipatutako eranskina euskadi.net-en helbide elektroniko honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/itunak/y22-izapide/es
2.– Ikastetxeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute beren eskaerarekin:
2.1.– Eskaera egin duen ikastetxearen titularraren ordezkari ariko den pertsonaren ziurtapena, halakorik badago.
2.2.– 5. eta 15.4 artikuluetan aurreikusitako egoeretako bat gertatzen dela ziurtatzen duen memoria, eta, hala badagokio, I. eranskineko 7. atalean aurreikusitako salbuespen-arrazoiak.
15. artikulua.– Eskakizunak.
1.– Itundu beharreko talde guztiek itundu aurretik baimenduta egon behar dute, indarreko legeriaren arabera.
2.– Etapa eta ikasturte bakoitzean itunduko den talde-kopuruak inola ere ezin du gainditu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak planifikatutako talde-kopurua.
3.– Talde-kopuruak kontuan izango ditu I. eranskineko irizpideak, eta Agindu honetako 14. artikuluko 2.2 atalean eskatutako memorian ziurtatutako arrazoiak.
4.– Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxeek gutxienez zikloen zati bat eskaini behar dute euskaraz (D eredua) edo ele bietan (B eredua), baremo hauen arabera:
16. artikulua.– Ebazpen-proposamena.
1.– Lurralde Batzordeak elkartu eta behin-behineko proposamena aurkeztu ondoren, lurralde-ordezkariek ikastetxeei jakinaraziko diete.
2.– Ikastetxeek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzakete proposamen horren aurka, jakinarazten den egunetik hasita hamar egun naturaleko epean.
3.– Alegazioak aztertzeko, ondoren aipatzen diren kideek osatuko duten Balorazio Batzorde Orokorra eratuko da:
– Lehendakaria: Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordea.
– Bokalak:
* Hezkuntzako sailburuordea.
* Lanbide Heziketako sailburuordea.
* Lurralde-ordezkariak.
* Administrazio eta Dirubideen zuzendaria.
– Idazkaria: Itunen eta Ordainketa Eskuordetuaren arduraduna.
4.– Ikastetxeek aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, Balorazio Batzorde Orokorrak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari.
17. artikulua.– Itundu beharreko taldeei buruzko ebazpena.
1.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak ebatziko du deialdia, eta haren Agindu baten bidez zehaztuko da zenbat talde itunduko diren ikastetxe, etapa eta heziketa-ziklo bakoitzeko, hizkuntza-eredua, aplikatzeko modulua (osoa/partziala) eta zenbatekoa.
2.– Deialdi honen ebazpena sei hilabeteko epean egingo da, Agindu honetako 13. artikuluan aipatzen diren eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik zenbatzen hasita, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da.
3.– Aipatutako Aginduaren bidez itundutako taldeek I. eranskinean aipatutako ikasle-ratioak bete behar dituzte matrikulazio-aldia amaitzean, eta ofiziozko aldaketa baten mende egongo dira.
18. artikulua.– Itundutako taldeak ofizioz aldatzea.
1.– Itundutako talde-kopurua aldatu egin daiteke 10. eta 17.3 artikuluetan aurreikusitako kasuetan.
2.– Ohiko matrikulazio-epea amaitu eta matrikula-kopurua ez bada iristen I. eranskineko ratioetara, ofizioz ekingo zaio itundutako taldeak aldatzeari.
3.– Halaber, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak ofizioz proposa dezake plangintza aldatzea, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak Agindu bidez ebatz dezan, dagokion espedientea bideratuta, gerora ikasleak eskolatzeko premiak sortzen badira eta aldaketa hori egitea beharrezkoa bada. Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzen plangintza-txostenak sartuko dira espedientean, hala badagokio, eta eragindako ikastetxeari entzunaldia egingo zaio.
19. artikulua.– Aurrekontu-kreditua.
1.– Bi aurrekontu-ekitaldiren bizkar finantzatuko da ikasturtea, eta hezkuntza-itunak finantzatzeko aurrekontu-kredituen arabera baimenduko da gastua.
2.– Ikasturte bakoitzean itundu beharreko gelen kopurua zehazteari ekin aurretik, iraila eta abendua arteko gastua baimendu behar da: deialdiaren urte berean EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako bideratutako aurrekontuaren bizkar joango da, eta EAEko Aurrekontu Orokorren Legean agertzen diren itunpeko ikastetxeei eusteko modulu ekonomikoen arabera kalkulatuko da.
3.– Era berean, urtarrila eta abuztua arteko gastua aurrez tramitatuko da deialdiaren hurrengo urteko EAEko Aurrekontu Orokorren bizkar, 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren arabera, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuarena, gastu-espedientearen aurreratutako tramitazioa arautzen duena. Zenbateko hori bat etorriko da hura onartzean Aurrekontu Legeak deialdiaren hurrengo ekitaldirako finkatutako modulu ekonomikoekin.
20. artikulua.– Hezkuntza-itunak ordaintzea.
1.– Agindu honen bitartez araututako hezkuntza-itunak aurrez ordainduko dira, lau hilez behin, ordainketa eskuordetua arautzen duen urriaren 15eko 289/1993 Dekretuaren arabera, ordainketa horrek eragina duen etapetan.
2.– Hezkuntza-itunak ordaindu ahal izateko, ikastetxeek egunean eduki behar dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.
3.– Laguntzak jasotzen dituzten ikastetxeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituzten egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar adina aldiz, baimen beharrik gabe.
21. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.
Onuradunak diru-laguntzaren baldintzak betetzen ez baditu, itzuli egin beharko du jasotakoa gehi horri legez dagozkion interesak, EAEko Diruzaintza Nagusian sarrera eginda.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Interesdunek administrazio-bidea agortzen duen Agindu honen aurkako aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal dute Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa EAEko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 26a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
2016-2022 ARTEKO IKASTURTEAK ITUNTZEKO IRIZPIDEAK ETA RATIOAK
II. ERANSKINA
PLANIFIKAZIOAREN ESKAERA-ORRIA
III. ERANSKINA
ITUNAREN ESKAERA-ORRIA
IV. ERANSKINA
HEZKUNTZA-ITUNEN ADMINISTRAZIO-AGIRIA
IV-A ERANSKINA
PLANIFIKATUTAKO TALDEAK
IV.B ERANSKINA
GASTUEN BALANTZE EKONOMIKO
IV.B ERANSKINA
DIRU-SARREREN BALANTZE EKONOMIKOA