EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-04-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2016077

EBAZPENA, 2016ko apirilaren 12koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente kategorian sartzeko hautaketa-prozeduraren deialdia egiteko dena.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren data: 2016-04-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201601718
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)
Deialdia egiteko, honako hauetan xedatutakoa hartu da aintzat: Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legea; Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legea; eta Euskal Herriko Poliziaren hautaketa- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretua, eta horren gainean egindako aldaketak.
Halaber, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Kontseilu Errektoreak ere onartu du deialdia, eta, hartara, Segurtasun sailburuordeak egindako eskabideari erantzun zaio.
Horretan guztian oinarrituta, zuzendari honek erabaki du Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente Kategorian sartzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egitea.
DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– Deialdiaren helburua.
Hautaketa-prozesua oposizio bidez egingo da, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente plazak, C taldeko, C-2 azpitaldeko titulaziokoak (1. hizkuntza-eskakizuna) betetzeko. Prozeduraren osagarri, prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia egin beharko dira.
Deialdian, 250 lanpostu eskainiko dira: denek ere 1. hizkuntza-eskakizuna dute ezarria, eta 125ek, derrigortasun-data betea.
Deitutako plaza kopurua handi daiteke, betiere hautaketa-prozesu hau gauzatu bitartean Ertzaintzaren agente kategorian edozein arrazoi dela-bide sortzen diren plaza hutsen arabera. Hala gertatuz gero, Hogeigarren oinarrian ezarritako eran emango da horren berri, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez. Ebazpen horretan, zehaztu egingo da zenbat lanpostuk duten ezarria hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko derrigortasun-data, betiere Euskal Herriko Poliziaren hautaketa- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Lanpostu-gehikuntza hori ere oinarri hauen bidez arautuko da, eta Hamargarren oinarrian aurreikusitako izapidea gauzatu aurretik ezarri beharko da.
Bigarrena.– Parte hartzeko baldintzak.
1.– Prozeduran parte hartu nahi duten pertsonek baldintza hauek guztiak bete beharko dituzte, onartuak izango badira:
a) Aldez aurretik eskabidea egitea.
b) Espainiako nazionalitatea izatea.
c) 18 urte beteta eta 35 urte bete gabe izatea.
d) Gutxieneko altuera izatea: gizonezkoek, 1,65 m, eta emakumezkoek, 1,60 m.
e) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo baliokidea edo goragoko mailako graduatu titulua izatea.
f) Euskal Herriko Poliziaren hautaketa eta prestakuntza-araudia onartzen duen Dekretua bigarren aldiz aldatzen duen otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuan agertzen diren baztertzeko osasun-kasuen taulako kasuren batean ez egotea.
g) Dolozko delituagatik kondenatua ez izatea, Herri Administrazioaren zerbitzutik bereizia ez izatea eta funtzio publikoak egiteko ezgaituta ez egotea.
Dena dela, zigor- eta administrazio-arauekin bat, errehabilitatu izana onuratzat hartuko da, baldin eta hautagaiak hala frogatzen badu horren dokumentu erakusgarria aurkeztuta.
h) Hutsegite larria edo oso larria egin izanagatik Euskal Herriko Polizia Kidegoren batean sartzeko hautaketa-prozeduratik baztertua ez izatea, salbu eta baztertzea aitortu zen egunetik zenbatzen hasita preskripzio epearen baliokidea den denbora pasatu bada.
i) Ezintasuneko legezko motibo batean sartuta ez egotea, indarrean dagoen araudian ezarritakoa kontuan izanik.
j) Gidarien Araudi Orokorra onesten duen maiatzaren 8ko 818/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz, gidariaz gain gehienez 8 bidaiari garraiatzeko diseinatutako eta egindako 3.500 kilo baino gutxiagoko baimendutako lehentasunezko ibilgailuak edo baliokideak herri bideetatik gidatzeko administrazio-baimena izatea. Baimen horrek indarrean egon beharko du Hamabosgarren oinarrian aurreikusitako Prestakuntza-ikastaroa amaitzen denean eta praktikaldiak iraun bitartean.
k) Ordaindua izatea eskabidea jasotzeagatiko eta aztertzeagatiko tasa, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoei buruzko maiatzaren 29ko 13/1998 Legean adierazitakoaren arabera eta 3.2 oinarrian xedatutakoarekin bat.
2.– Prozeduran parte hartu nahi duten guztiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteak izan beharko dituzte eskatzen diren betekizun guztiak, j) idatzi-zatian ezarritako salbuespenak aintzat hartuta, eta Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente Kategoriako karrerako funtzionario izendatu bitartean indarrean atxiki beharko dituzte, baldintza horiek prozeduraren zer unetan egiaztatu behar dituzten gorabehera.
3.– Hautaketa-prozeduraren uneren batean, prestakuntza-ikastaroan eta praktikaldian delarik ere, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak jakiten badu parte-hartzaileetakoren batek ez dituela betetzen deialdian parte hartzeko baldintzak, berehala baztertuko dute prozesutik, aurretik hari entzunda.
Hirugarrena.– Eskabideak aurkeztea.
3.1.– Aurkezpena eta epea.
Hautaketa-prozedura honetan parte hartzeko eskabideak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean www.arkauteakademia.net eskura dagoen eredu ofizial eta normalizatuan aurkeztuko dira. Eskabidean adieraziko da zein hizkuntzatan (euskaraz edo gaztelaniaz) egin nahi diren oposizio-faseko ariketak.
Eskabideak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari zuzenduta bidaliko dira. Eskabideak aurkezteko epea, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita 30 egun baliodunekoa izango da.
Hautaketa-prozesu honetan nork bere borondatez hartzen du parte, eta parte hartze hutsak berekin ekarriko du proba eta ariketa psikoteknikoak egiteko baimena ematea eta proba horien emaitza balorazio-irizpide izatea, oinarri hauetan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Hautagaiek eskabideetan emandako informazio guztia, hautaketa-prozedura honi dagozkion datu guztiekin batera, Herrizaingoko sailburuaren 2007ko apirilaren 2ko Aginduan (maiatzaren 7ko EHAA, 86. zk.) aurreikusten den eta arduradun Poliziaren eta Larrialdietako Euskal Akademiak duen fitxategira bilduko dira. Fitxategia erabili eta jardunean jartzeko, 15/1999 Lege Organikoak, abenduaren 13koak, Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzkoak, eta 2/2004 Legeak, otsailaren 25ekoak, Titulartasun publikoko datu pertsonalen fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzkoak, aurreikusitakoari erreparatuko zaio.
Eskatzaileak deialdian aurreikusitako baztertzeko osasun-kasuetan ez daudela egiaztatzeko, fitxategi hori legez aurreikusi bezala landu eta laga ahal izango da.
Interesdunek noiznahi gauzatu ahal izango dituzte datu horiek kontsultatzeko, berresteko eta ezeztatzeko, eta horien kontra egiteko eskubideak, eta, horretarako, helbide honetara jo beharko dute: Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia, N-104 errepidea, 356. kilometroa. 01192 Arkauti (Araba).
Prozedura amaitzen denean, hautatu gabe gelditu diren pertsonei dagozkien datuak ezabatu egingo dira, Hogeita batgarren oinarrian aurreikusitakoan salbu.
3.2.– Tasa ordaintzea.
Deialdi honen 2.1. L) oinarrian xedatutakoa betetze aldera, 10,99 euro ordaindu beharko dira eskaera jasotzeagatiko eta aztertzeagatiko tasa gisa, eskabideak aurkezteko epearen barruan. Erakunde hauetako edozein sukurtsaletan ordaindu ahalko da tasa: Kutxabank (BBK, Vital, Kutxa Gipuzkoa), Laboral Kutxa, La Caixa, Banco Santander, BBVA, Sabadell/Guipuzcoano, Bankia, Bankoa eta Ipar Kutxa.
Bi aukera daude tasa ordaintzeko:
a) Off-line: aurrean adierazitako finantza-erakunde laguntzaileetako baten bulego batera joanda ordaindu, eta sistemak sortutako hartu-agiria aurkeztu behar da, edo hartan agertzen diren datuak. Hartu-agiriek barra-kodea dutenez, irakurgailu optikoa duen kutxazain automatikoaren bidez edo datuak eskuz eskuratuta egin daiteke.
b) On-line: banka elektronikoko sistemen bidez ordainduta.
Tasa epe barruan ez ordaintzeak, edo okerreko zenbatekoa ordaintzeak, prozeduratik kanporatzea ekarriko du, deialdiaren 2.1. L) oinarrian ezarritako baldintza ez betetzeagatik. Tasa ordaintze hutsa eta ordainagiria aurkezte hutsa ez da nahikoa izango prozesuan parte hartzeko, eskabidea garaiz eta behar bezala aurkeztu behar baita, 3.1 oinarriak xedatu bezala.
Laugarrena.– Hautagaiak onartzea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartuko du, eta Hogeigarren oinarrian ezarritako eran jakinaraziko du.
2.– Bazter utzitako hautagai bakoitzari dagokionez, behin-behineko zerrendak adieraziko du horiek baztertzea eragin duten arrazoiak, eta 10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak egiteko eta eskabidean izan daitezkeen akatsak zuzentzeko.
3.– Onartutakoen eta bazter utzitakoen behin-behineko zerrenda behin betiko egiten duen ebazpenean onartu edo ezetsiko dira garaiz aurkeztutako erreklamazioak. Ebazpen hori, bestalde, Hogeigarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da.
4.– Aurreko zerrendetan, eta argitara emango diren gainerakoetan, parte-hartzaileak NAN zenbakiaren bidez identifikatuko dira.
Bosgarrena.– Hautaketa-sistema.
1.– Oposizioa izango da hautaketa-sistema: hainbat proba egingo dira, hautagai-zerrenda nortzuek osatuko duten eta haien lehentasun-hurrenkera zein izango den ezartzeko.
2.– Oposizioaren puntuazio totala izango da hura osatzen duten ariketetan lortutakoen batura, gehi, hala egokituz gero, euskara meritu gisa ebaluatzeko prozesuan lortutakoa. Puntuazio totalaren arabera ezarriko da hautagaien lehentasun-hurrenkera.
Seigarrena.– Epaimahai kalifikatzailea.
1.– Epaimahai Kalifikatzaile bat eratuko da, eta beraren helburua izango da oposizio-probak zehaztea, garatzea eta ebaluatzea eta izangaiak hautatzea, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen eta uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren aurreikuspenen arabera. Epaimahai horrek lehendakaria, sei epaimahaikide eta idazkari bat izango ditu.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, argitara emango da, Hogeigarren oinarrian ezarritako eran, zeinek osatzen duten Epaimahaia eta zein diren haien ordezkoak.
Otsailaren 28ko 4/2005 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, bere eraketan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko ordezkaritza orekatua izango da.
2.– Kide anitzeko organoen funtzionamenduari buruzko arautegiaren arabera arautuko da Epaimahai Kalifikatzailearen jarduna.
Epaimahai Kalifikatzailea osatuko duten kideei Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 28. eta 29. artikuluetan bildutako abstentzio- eta errefusatze-kausak ezarriko zaizkie.
Epaimahaikideek kalte-ordainak jasoko dituzte beren zerbitzuagatik, bai eta bertaratzeagatik ere, arlo horretako arautegiarekin bat etorriz.
Halaber, probetan zaintze- eta kontrol-lanak egiten dituzten langileek bidezko kalte-ordainak jasoko dituzte, indarreko arautegiarekin bat etorriz.
3.– Epaimahai Kalifikatzaileak garatu eta ebaluatuko ditu hautaketa-sistema osatzen duten probak, eta, zeregin horretan, autonomia funtzional osoz jardungo du. Horrez gainera, prozeduraren objektibotasunaren erantzule izango da, eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.
4.– Epaimahai Kalifikatzaileak, hautaketa-sistemaren proba guztietarako edo batzuetarako, aholkulariak edo espezialistak erabil ditzake, haien espezialitateen barruan aholkuak eta laguntza teknikoa eman ditzaten eta ez beste ezertarako.
5.– Epaimahai Kalifikatzaileak, hautaketa-sistema garatzeko, oinarri hauetan aurreikusita ez dagoenaren gainean egoki iritzitako neurriak hartu ahal izango ditu. Halaber, oinarrioi buruzko interpretazio- eta aplikazio-arazoak ebatzi ditzake, eta bai bere funtzioak betetzeko sortzen diren arazoak ere.
6.– Epaimahaiak ezingo ditu hautagai gehiago hautatu, deialdiko lanpostu kopurua baino. Muga hori hausten duten proposamen guztiak erabat deusezak izango dira.
7.– Epaimahai Kalifikatzaileak probak edo ariketak egiteko egunei eta horien emaitzei buruz hartutako erabakiak Hogeigarren oinarrian ezarritako eran argitaratuko dira.
8.– Epaimahaiari idatziren bat igorri nahi izanez gero, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiara bidali beharko da.
Zazpigarrena.– Oposizioa.
Oposizioan, ondoz ondoko proba hauek egin beharko dira:
1.– Lehenengo proba, nahitaezkoa eta baztertzailea: jakintza proba bat izango da eta test erako galdetegia idatziz erantzun beharko da.
Probaren edukia ebazpen honen I. eranskinean zehaztuta dago.
Test erako galdetegiko galdera bakoitzean lau erantzun aukera izango dira. Lau aukera horietatik bat bakarrik izango da erantzun zuzena.
Proba honetan gaizki emandako erantzun bakoitza erantzun zuzen bakoitzari emandako baliotik % 0,333rekin zigortuko da. Erantzun gabeko galderak ez dira zigortuko.
Proba honetan, 0 puntutik 150era emango dira, eta kanpoan geratuko dira gutxienez 75 puntu lortzen ez dutenak.
Hautaketa sistemaren hurrenkera onari begira, Epaimahai kalifikatzaileak, eskatu beharreko gutxiengo maila kontuan izanik, proba honetan erakutsitako ezagutza-maila eta hautagaien identitatea jakin baino lehen, proba gainditzeko beharrezko gutxieneko puntuazioa non ezarri erabaki ahal izango du eta akordio hori argitaratuko du. Horrelakoan, proba honetako puntuazioa lortzeko, aurreko paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, Epaimahai kalifikatzaileak ondorengo formula aplikatuko du:
HAP = (APgeh / 2) x (1 + (PZ - m) / (PZgeh - m))
Hau da:
HAP = Hautagaiak lortutako azken puntuazioa
APgeh = Proban gehienez lor daitekeen azken puntuazioa (Deialdiaren oinarrien arabera, proban lor daitekeen puntuazio gehiena: 150 puntu)
PZ = Hautagaiak lortutako puntuazio zuzena:
PZ = Erantzun zuzenak – (errore kopurua x 0,333)
m = Epaimahaiak ezarritako proba gainditzeko gutxienez lortu beharreko puntuazioa.
PZgeh = Probaren gehieneko puntuazio zuzena (Proban gehienez lor daitekeen puntuazioa zuzena. Azterketa baten erantzun zuzenen kopurua, erantzun guztiak zuzen emanda).
2.– Bigarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea: proba psikoteknikoa izango da, eta hautagaien gaitasunak neurtzea izango du helburu. Proba horri 0 eta 120 puntu artean emango zaizkio. Bigarren proba horretan, lau ariketa egin beharko dira, denak ere nahitaezkoak eta baztertzaileak:
a) Arrazoitze-ariketa.
b) Pertzepzio gaitasunari buruzko ariketa (identifikazioa, diferentziazioa...)
c) Gaitasun espazialei buruzko ariketa.
d) Hitzezko gaitasunari buruzko ariketa.
Ariketa bakoitzean test erako galdetegi bat erantzun beharko da idatziz.
Test erako galdetegi bakoitzeko galdera bakoitzak lau erantzun aukera izango ditu eta bat bakarra izango da zuzena.
Proba honetan gaizki emandako erantzun bakoitza erantzun zuzen bakoitzari emandako baliotik % 0,333rekin zigortuko da. Erantzun gabeko galderak ez dira zigortuko.
Proba hori gainditzeko, beharrezkoa izango da ariketa bakoitzean gutxienez 15 puntu lortzea, eta gutxienez 60 puntu proba osatzen duten lau ariketetan.
Hautaketa sistemaren hurrenkera onari begira, Epaimahai kalifikatzaileak, eskatu beharreko gutxiengo maila kontuan izanik, proba honetan erakutsitako ezagutza-maila eta hautagaien identitatea jakin baino lehen, ariketa bakoitza gainditzeko beharrezko gutxieneko puntuazioa non ezarri erabaki ahal izango du eta akordio hori argitaratuko du. Horrelakoan, ariketa bakoitzeko puntuazioa lortzeko, aurreko paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, Epaimahai kalifikatzaileak ondorengo formula aplikatuko du:
HAP = (APgeh / 2) x (1 + (PZ - m) / (PZgeh - m))
Hau da:
HAP = Hautagaiak lortutako azken puntuazioa
APgeh = Ariketan gehienez lor daitekeen azken puntuazioa (deialdiaren oinarrien arabera, ariketan lor daitekeen puntuazio gehiena: 30 puntu)
PZ = Hautagaiak lortutako puntuazio zuzena:
PZ = Erantzun zuzenak – (errore kopurua x 0,333)
m = Epaimahaiak ezarritako ariketa gainditzeko gutxienez lortu beharreko puntuazioa.
PZgeh = Probaren gehieneko puntuazio zuzena (Proban gehienez lor daitekeen puntuazioa zuzena. Azterketa baten erantzun zuzenen kopurua, erantzun guztiak zuzen emanda).
3.– Hirugarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea: proba psikoteknikoa. Proba honi 0 eta 150 puntu artean emango zaizkio. Hirugarren proba honetan, bi ariketa egin beharko dira, biak ere nahitaezkoak eta baztertzaileak:
a) Nortasun-testa: ariketa honen helburua da ebaluatzea hautaketa-prozesuan parte hartzen dutenen nortasun-ezaugarri nagusiak eta asaldura eta moldatu ezina neurtzeko adierazleak. Proba honetan, 0 puntutik 100era emango dira, eta kanpoan utziko dira gutxienez 50 puntu lortzen ez dutenak.
b) Nortasun-testa: lan-jarduerarekin lotutako jokabideak neurtzea du helburu. Proba honetan, 0 puntutik 50era emango dira, eta kanpoan utziko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dutenak.
Bi ariketa horiek lotuta egongo dira deitutako lanpostuaren profil profesionalarekin.
Hirugarren proba horretako bi ariketetan lortutako datuak ondorengo probetan ere erabili ahal izango dira, neurketa-tresna gisa.
4.– Laugarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea, gaitasun fisikoari buruzkoa. Proba honi 0 eta 80 puntu artean emango zaizkio. Deialdi honetako II. eranskinean deskribatzen diren lau ariketak egitean datza. Emaitzen balorazioa eranskin horretan bertan zehazten diren baremoen arabera egingo da.
Proba hori gainditzeko, beharrezkoa izango da ariketa bakoitzean gutxienez 10 puntu lortzea, eta gutxienez 40 puntu proba osatzen duten lau ariketetan.
Ariketa fisikoak egitearen gaineko erantzukizuna parte-hartzaileena bakarrik izango da. Ariketak egiteko, bestalde, kirola egiteko ekipamendu egokia ekarri beharko dute.
5.– Bosgarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea: aurrez aurreko elkarrizketa bat, helburu duena neurtzea hautagaiek jokabide eta gaitasun egokiak dituzten, deitutako lanpostuaren profil profesionaleko eginkizunak eta atazak betetzeko. Proba hori 0 puntutik 50era baloratuko da, eta gutxienez 25 puntu lortu beharko dira hori gainditzeko.
Elkarrizketaren ariketa egin aurretik, prozesuan parte hartzen dutenek curriculum vitae sinplifikatu bat bete beharko dute, eskuratuko zaien eredu normalizatuaren arabera. Curriculum hori ez da puntuagarria izango, eta elkarrizketa egiteko oinarri gisa baino ez da erabiliko.
Zortzigarrena.– Oposizio-aldiko proben garapena.
1.– Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik bi hilabete igaro arte ez dira hasiko probak.
2.– Lehenengo proba egiteko eguna, ordua eta tokia gutxienez zazpi egun natural lehenago iragarriko dira, Hogeigarren oinarrian ezarritako eran, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez iragarri ere. Gainerako probak aditzera emateko ondoz-ondoko iragarkiak ere Hogeigarren oinarrian ezarritako eran jakinaraziko dira, gutxienez 72 ordu lehenago, eta Epaimahai Kalifikatzailearen erabaki bidez.
3.– Kalifikazio Batzordeak bere esku izango du oposizioko probak eta gainerako ariketak egiteko hurrenkera –Zazpigarren oinarrian ezarritakoa– aldatzeko aukera, baita hainbat proba egun berean egitea erabakitzekoa ere. Horrelakoetan, proba eta/edo ariketen emaitzak argitara emango dira deialdiaren oinarrietan ezarritako ordenan. Bakar-bakarrik argitaratuko dira aurreko ariketak gainditu dituztenen proba eta/edo ariketen emaitzak, zazpigarren oinarrian ezarritako ordenari jarraituz.
4.– Epaimahaiaren deiaren arabera ezarritako ordu, egun eta lekuan derrigorrezko probak edota ariketak garatzeko agertzen ez direnak automatikoki hautaketa-prozeduratik kanpo geratuko dira, ez agertzeko arrazoi gaindiezinak izanda ere. Gauza bera gertatuko zaie derrigorrezko probetara eta/edo ariketetara horiek hasita daudela agertzen diren hautagaiei.
Derrigorrezko probaren batek ariketa bat baino gehiago balu, haietako batera berandu agertzea edo ez agertzea ez aurkeztutzat emango da.
Hautaketa prozesuen garapenean aukera eta tratu berdintasuna bermatzeko, Epaimahai kalifikatzaileak probak egiteko datak eta/edo tokiak egokitu ahal izango ditu; esaterako, emakumeen kasuan, hala eskatzen duten haurdunaldiagatiko arriskuagatik edo erditzeagatik edo berehalako erditzea izateagatik edo oraintsu erdituta izateagatik; betiere, inguruabar horien berri eman behar izango zaio Epaimahai kalifikatzaileari proba edo ariketa egin baino lehen eta medikuaren agiri bitartez ziurtatu beharko zaio.
5.– Proba eta ariketetara agertzeko, nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena ekarri beharko da, eta Epaimahai Kalifikatzaileak agiri horietako bat erakusteko eska dezake uneoro.
6.– Proba baztertzaile bakoitza bukatu ondoren, Epaimahai Kalifikatzailearen erabaki bidez, hautaketa-prozesuan parte hartzen dutenen emaitzak argitaratuko dira, Hogeigarren oinarrian ezarritako eran, eta lortutako puntuazioa zehaztuta. Proba eta/edo ariketen emaitzak bi dezimal emanda argitaratuko dira.
7.– Hautagaiek Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan egin ahal izango dituzte oposizioaren ariketak.
Bederatzigarrena.– Euskararen jakite-maila baloratzea.
1.– Ondoren zehaztutako baremoaren arabera baloratuko da euskararen jakite-maila, eta gehienez 55 puntu emango dira:
– Europako Kontseiluak onetsitako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 maila, edo goragokoa: 55 puntu.
– Europako Kontseiluak onetsitako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-1 maila: 20 puntu.
2.– Euskararen jakite-maila egiaztatzeko, borondatezko proba bat edo batzuk egingo dira, eta haien zailtasun-maila bat etorriko da Europako Kontseiluak onetsitako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-1 eta B-2 mailekin.
3.– Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 mailaren edo B-1 mailaren titulazio baliokideak dituzten hautagaiei, dagozkien puntuak emango dizkie Euskararen Epaimahai Kalifikatzaileak, eta ez dute aurreko paragrafoan aurreikusitako probak egin beharrik izango.
Maila horien titulu baliokideak honako biotan agertzen dira: Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzen den azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan eta Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko den apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak argibideak eskatu ahal izango ditu hautaketa-prozesu honetan parte hartzen dutenek euskararen jakite-maila egiaztatzeko lortutako egiaztagiriei buruz. Prozesu honetan parte hartzeak berekin dakar Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari argi eta garbi baimena ematea halako datuak egiazta ditzan Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB), eta egiazta dezan, halaber, hautaketa-prozesuan parte hartzen dutenen tituluak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko zein mailarekin parekatzen diren.
Bestalde, euskara-maila egiaztatzeko proba egin baino bi egun lehenago bukatuko da hautaketa-prozesu honetan parte hartzen dutenek euskara-maila egiaztatzeko agiriak aurkezteko epea.
4.– Proba horien edukia, garapena eta ebaluazioa zehaztea epaimahai kalifikatzaile baten egitekoak izango dira. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak izendatuko du epaimahai hori, maiatzaren 22ko 76/2012 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Izendapena Hogeigarren oinarrian ezarritako eran jakinaraziko da.
Edonola ere, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ordezkaritza izango du Epaimahai horretan.
Otsailaren 28ko 4/2005 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, bere eraketan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko ordezkaritza orekatua izango da.
5.– Borondatezko probak edo horiek osatzen dituzten ariketak egitera ez agertzea edo berandu agertzea probei uko egiten zaiela iritziko da.
6.– Oinarri honetan aurreikusitako Epaimahai kalifikatzaileak autonomia funtzional osoz jardungo du, eta aplikagarri izango zaizkio Seigarren oinarriko 2., 4., 5., 7. eta 9. paragrafoetan bildutako arauak.
7.– Euskararen jakite-maila baloratzeko proben emaitzak onartzen dituen erabakia Seigarren oinarrian araututako Epaimahai Kalifikatzaileari helaraziko zaio.
8.– Hautaketa-prozesu honen ondorioz, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 mailari dagokion euskara-maila egiaztatu dutenei, edo maila hori aitortu zaienei, Ertzaintzaren hizkuntza-eskakizuna ere aitortuko zaie, Ertzaintzan euskararen normalkuntza prozesua arautzen duen Dekretua aldatzen duen maiatzaren 22ko 76/2012 Dekretuarekin bat etorriz, eta egiaztatze edo aitortza hori Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian eratu den Hizkuntza Eskakizunen Erregistroan inskribatuko da.
Hamargarrena.– Oposizioaren azken puntuazioa.
1.– Oposizioaren puntuazio totala izango da hura osatzen duten ariketetan lortutako puntuen batura, gehi, hala egokituz gero, euskara merezimendu gisa baloratzeko prozesutik eratorritakoa. Puntuazio totalaren arabera lehenetsiko dira hautagaiak. Sailkapeneko ordenan gertatutako puntuazio berdinketak Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean jasotako irizpidearen arabera ebatziko dira. Hala ere, berdinketak bere horretan iraunez gero, oposizio-aldiko lehenengo proban puntu gehien lortu duenaren alde ebatziko da, eta, era subsidiarioan, euskararen jakintza baloratzeko proban puntu gehien lortu duenaren alde.
Epaimahai Kalifikatzaileak, Seigarren oinarriko zazpigarren paragrafoan ezarritakoarekin bat, prozesua gainditu dutenen behin-behineko zerrenda onartu eta argitaratuko du, lortutako kalifikazioak aintzat hartuta, puntuazio-ordenari jarraituz, eta hizkuntza-eskakizuna zeinek egiaztatu duen zehaztuta.
2.– Behin-behineko zerrenda horren aurka, interesdunek egoki iritzitako erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte, eta, horretarako, 10 egun balioduneko epea izango dute, zerrenda hori argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Behin betiko zerrenda onartu aurretik ebatziko dira erreklamazio horiek.
3.– Epe hori bukatu ondoren, Epaimahaiak, Hogeigarren oinarrian ezarritakoarekin bat, jarraian aipatzen diren zerrendak onartu eta argitara emango ditu, eta Poliziaren eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritzaren esku utziko:
A) Behin betiko zerrenda, kalifikazioen araberakoa, puntuazio-ordenari jarraituz, eta hizkuntza-eskakizuna zeinek egiaztatu duten zehaztuta.
B) Hautatutako pertsonen zerrenda, hautaketa-prozedura gainditu duten eta deialdiko lanpostu kopuruan sartzen diren hautagaiek osatuta, eta honako hauek zehaztuta:
a) Hizkuntza-eskakizuna ezarria duen lanposturen bat lortu dutenen zerrenda, puntu gehien lortu dutenengandik hasita, eta betiere deialdian eskakizun hori duten lanpostu guztiak bete arte.
b) Hizkuntza-eskakizuna ezarria ez duen lanposturen bat lortu dutenen zerrenda, puntu gehien lortu dutenengandik hasita, eta betiere deialdiko lanpostu guztiak bete arte.
Hamaikagarrena.– Baldintzak betetzen direla egiaztatzea.
Hautatutako pertsonek Poliziaren eta Larrialdietako Euskal Akademian aurkeztu beharko dituzte deialdian parte hartzeko baldintzak egiaztatzeko jatorrizko agiriak edo horien kopia konpultsatuak, eta, horretarako, 15 egun balioduneko epea izango dute, Hamargarren oinarriaren hirugarren paragrafoan aurreikusitako zerrendei buruz Epaimahai Kalifikatzaileak hartzen duen erabakia argitaratzen den egunetik aurrera. Interesdunak eskatuta, eta ezinbesteko arrazoiak tarteko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritzak epe hori luzatu lezake, gehienez ere 10 egun baliodunetan.
Hautagaiek, halaber, armak eramateko konpromiso-idazki bat aurkeztu beharko dute, eskatzaileak egindako adierazpen baten bidez.
Hamabigarrena.– Baldintzak ez betetzea edo betetzen direla ez egiaztatzea.
Deialdian parte hartzeko baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko dokumentazioa Hamaikagarren oinarrian ezarritako epean edo, hala badagokio, horren luzapenean, aurkezten ez duten hautagaiak ez dira praktikaldiko funtzionario izendatuko. Ez zaie, orobat, izendapen hori emango, baldin eta dokumentazioaren azterketatik edo azterketa medikotik ondorioztatzen bada ez dutela baldintza edo betekizunen bat betetzen. Gainera, egindako jarduketa guztiak eta izendapena lortzeko eskuratutako eskubide guztiak indarrik gabe geratuko dira, hargatik eragotzi gabe eskaeran datu faltsuak adierazteagatik izan lezaketen erantzukizuna eskatzea. Horrelakoetan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak erabakiko du halako hautagaiak hautaketa-prozeduratik kanpo uztea eta sailkapen-ordenaren lehentasun-hurrenkerari jarraituz ordeztea. Zehazki, aipatu bazterketaren ondorioz deialdiko lanpostu kopuruaren barruan sartzen direnek ordezkatuko dituzte baztertutakoak, baldin eta aurretik egiaztatzen badute eskatutako baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela.
Hamahirugarrena.– Praktikaldiko funtzionario izendatzea.
1.– Hautatutako pertsonak, deialdiko baldintzak betetzen dituztela behar bezala egiaztatu badute, praktikaldiko funtzionario izendatuko dira, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, eta izendapena Hogeigarren oinarrian ezarritako eran jakinaraziko da. Izendapen-ebazpen horretan, izendatutakoen NAN zenbakia eta izen-abizenak adieraziko dira, bai eta esleitzen zaien lanbide identifikazio zenbakia ere.
Era horretan praktikaldiko funtzionario izendatutako pertsonak egoera horretan egongo dira prestakuntza-ikastaroa hasten denetik karrerako funtzionario izendatu arte, edo hautaketa-prozeduratik kanporatu arte.
Bestalde, hautatutako pertsonak praktikaldiko funtzionario izendatu ondoren prestakuntza-ikastaroa errepikatzeko eskubidea aitortzeak berekin ekarriko du izendapen hori bertan behera uztea, harik eta, errepikatzeko eskubidea aitortzea eragin zuten arrazoiak desagertuta, pertsona horiek praktikaldiko funtzionario berriz izendatu arte.
2.– Hautagaiak praktikaldiko funtzionario izendatzeko ebazpenean adieraziko da noiz hasiko den prestakuntza-ikastaroa.
Hamalaugarrena.– Prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia.
1.– Prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia, bakoitza bere aldetik, nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira, eta, horiek gainditu ezean, hautagaia hautaketa-prozesutik kanpo geratuko da, eta deialdi honi dagokion Oinarrizko Eskalako agente kategorian sartzeko eskubideak galduko ditu.
2.– Prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia ezin izango dira batera egin, eta ez horietako bakoitza, ez biak batera, ez dira izango 30 hiletik gorakoak.
3.– Prestakuntza-ikastaroa.
a) Ikastaro akademiko bat izango da prestakuntza-ikastaroa, nahitaezkoa eta baztertzailea, eta edukia, ebaluatzeko eta gainditzeko moduak, eta iraupena Ikasketa Planean eta arau aplikagarrietan zehaztuko dira.
b) Prestakuntza-ikastaroaren kalifikazioak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak jakinaraziko ditu, Hogeigarren oinarrian ezarritako eran.
c) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ebatziko du prestakuntza ikastaroa gainditzen ez dutenak baztertzea.
4.– Praktikaldia.
a) Prestakuntza-ikastaroa gainditzen dutenek praktikaldia egingo dute. Nolako jardun-arloan aritzen diren kontuan hartuta aukeratuko da praktikaldia egiteko zentro edo bulego egokiena, eta han hautagaiek prestakuntza integrala eskuratu, eta Ertzaintzaren zerbitzu polizialen egitura eta jarduna ikasiko dute.
b) Praktikaldia hasi baino lehen, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du, honako hauek ezarriko dituena: praktikaldiaren iraupena, hura baloratzeko eta gainditzeko sistemak eta prozedurak, eta praktikarako destinoak eta horietan hasteko data. Ebazpen hori Hogeigarren oinarrian ezarritako eran argitaratuko da.
c) Praktikaldian, hautagaiek Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente kategoriari dagozkion egitekoak betetzean erakusten duten eraginkortasun profesionala ebaluatuko da. Ebaluazioan, praktikaldiak iraun bitartean gertatutako egitateak baino ez dira aintzat hartuko.
d) Segurtasun Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren Giza Baliabideen Zuzendaritzak izango du praktikaldiko destinoak aldatzeko eskumena, aurretik Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari horren berri jakinarazita, eta hargatik eragotzi gabe Ikasketa Planean eta araudi aplikagarrian praktikaldia ebaluatzeko ezarritakoa betetzea.
e) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak jakinaraziko ditu praktikaldiko kalifikazioak, Hogeigarren oinarrian ezarritako eran.
f) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ebatziko du, halaber, praktikaldia gainditzen ez dutenak baztertzea.
Hamabosgarrena.– Hautaketa-prozeduraren behin betiko sailkapena, eta karrerako funtzionarioen izendapena.
1.– Hautaketa-prozedurako sailkapen-ordena ezartzeko, batu egingo dira hautaketa-prozesuan, prestakuntza-ikastaroan eta praktikaldian lortutako kalifikazioak. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez jakinaraziko da sailkapen hori, Hogeigarren oinarrian ezarritako eran.
2.– Praktikaldia bukatu ondoko bi hilabeteko epean, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren proposamenez, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak, edo Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen Dekretuarekin bat eskumen hori duen organoak, funtzionario izendatuko ditu oinarri hauen arabera hautaketa-prozedura gainditu duten hautagaiak. Zehazki, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente izendatuko dituzte.
3.– Izendapena Hogeigarren oinarrian ezarritako eran argitaratuko da. Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearen ebazpen bidez iragarki bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, izendapen hori Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-oholean noiz jarriko den adieraziko duena. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen deneko eguna erabakigarria izango da, aurkaratze edo errekurtsoak aurkezteko epea zehazteko orduan.
Hamaseigarrena.– Praktikaldiko funtzionarioen araubide juridikoa.
1.– Praktikaldiko funtzionario direnez, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/92 Legearen 54.2 artikuluan zehazturiko lansariak jasoko dituzte.
2.– Praktikaldiko funtzionarioei, prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia egiten duten bitartean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren barne-araudia aplikatuko zaie. Halaber, diziplina-araubidearen arabera irakaskuntza arloko diziplina-hutsegite hutsak ez diren egoeretan, Euskal Herriko Polizia Kidegoen diziplina-araubidearen arauak aplikatuko dira.
3.– Prestakuntza-ikastaroa edo praktikaldia ez gainditzea, edo horietan ez gai kalifikazioa izatea, eta oinarri honetako aurreko paragrafoaren arabera larritzat edo oso larritzat jotzen den arau-hauste bat egiteagatik zigor bat jasotzea arrazoi espezifikoak izango dira hautaketa-prozeduratik kanpo geratzeko eta Oinarrizko Eskalako agente kategorian sartzeko eskubideak, prozesu horretatik eratorritakoak, galtzeko.
Era berean, prestakuntza-ikastaroan aplikagarri diren ebaluazio-irizpideekin bat etorriz, Ikasketa Planean bildutako ikasgaien ebaluazio partzialetik ondorioztatzen bada hautagairen batek prestakuntza-ikastaroa gainditzeko ezintasun materiala duela, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak prozesutik kanpo utzi dezake, betiere kasuan kasuko praktikaldiko funtzionarioari entzun ondoren.
4.– Hautagai batek, prestakuntza-ikastarora askotan azaldu ez eta, Ikasketa Planean ezarritako huts egiteko gehienezko denbora gainditzen badu, hautaketa-prozeduratik kanpo geratuko da berehala, barne-araudian ezarritakoarekin bat etorriz, non eta tartean ezinbesteko arrazoirik ez dagoen.
5.– Hautagai batek, praktikaldira askotan azaldu ez eta, Hamaseigarren oinarriaren 2. paragrafoan aipatzen den ebazpenean ezarritako huts egiteko epea gainditzen badu, hautaketa-prozesutik kanpo geratuko da berehala, non eta tartean ezinbesteko arrazoirik ez dagoen.
6.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ezinbesteko arrazoiak egon badaudela ikusten badu, hautagaiak osorik errepikatu ahal izango du ikastaroa horretarako egiten diren hurrengo deialdietan, edo praktikaldia osorik errepikatu edo osatu ahal izango du, hala egitea eragotzi zioten arrazoiak desagertzen direnean, eta berak hala eskatzen badu.
7.– Baztertzeko arrazoiren bat agertzen bada, prestakuntza-ikastaroan edo praktikaldian ez da kalifikaziorik emango, harik eta irekitako kanporatze-espedientea ebatzi arte.
8.– Prestakuntza-ikastaroan edo praktikaldian, hautaketa-prozeduratik kanpo geratzen direnek armak, dokumentazioa eta jasotako ekipamendua itzuli beharko dituzte.
Hamazazpigarrena.– Baztertzeko osasun-kasuen taula.
1.– Euskal Herriko Poliziaren hautaketa- eta prestakuntza-araudia onartzen duen Dekretua bigarren aldiz aldatzen duen otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuan, baztertzeko osasun-kasuen taula jasotzen da. Bada, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak hautaketa-prozedurako edozein momentutan egiaztatu ahal izango du hautagaiak ez daudela taula horretako kasuetan sartuta (2.1.f) oinarria).
2.– Horrekin batera, prestakuntza-ikastaroan eta praktikaldian, edo horiek bukatu ondoren, praktikaldiko funtzionario izendatutakoei beharrezko jotzen diren proba medikoak egin ahal izango zaizkie, betiere otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuan aurreikusitako baztertzeko osasun-kasuetan ez daudela egiaztatze aldera (36/2004 Dekretua, Euskal Herriko Poliziaren hautaketa- eta prestakuntza-araudia onartzen duen Dekretua bigarren aldiz aldatzen duena). Horretarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak epaimahai mediko bat izendatuko du. Epaimahai horren osaeraren berri Hogeigarren oinarrian ezarritako eran jakinaraziko da.
3.– Epaimahai hori mahaiburu batek, bi bokalek eta idazkari batek osatuko dute. Otsailaren 28ko 4/2005 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, bere eraketan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko ordezkaritza orekatua izango da.
4.– Hautaketa-prozesutik baztertzeko motiboren bat aurkitu bada, epaimahai medikoak ematen dituen txostenak arrazoituak izango dira, eta jarraitzen den prozeduran betiere bermatuko da eragindako pertsonak entzuna izateko duen eskubidea.
Epaimahai medikoak atzeratu ahal izango ditu proba medikoak, horiek egin behar zaizkion pertsonaren egoera aintzat hartuta, baldin eta pertsona hori desgaitasun iragankorreko egoeran badago probak egin behar dizkioten momentuan.
5.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari dagokio baztertzeko osasun-kasuen taulako kasuren bat dela-eta hautagai bat kanporatzeko agintzeko eskumena.
6.– Oinarri honetan aurreikusitako Epaimahai Medikoari aplikagarri zaizkio seigarren oinarriko 2. eta 9. paragrafoetan bildutako arauak.
Hemezortzigarrena.– 2.1.g) Oinarriaren betekizuna.
Hautaketa-prozedura honetan parte hartzen duten pertsonak dolozko delituagatik kondenatuak izan ez direla, Herri Administrazioaren zerbitzutik bereiziak izan ez direla eta funtzio publikoak egiteko ezgaituak izan ez direla frogatzen duten ziurtapenak ofizioz eskatuko dizkio Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Nagusiari.
Hautaketa-prozedura honetan parte hartzeak berekin dakar baimena ematea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari, noiznahi –eta bereziki praktikaldiko funtzionario eta karrerako funtzionario izendatu aurretiko unean– eska diezaion ziurtapen hori Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Nagusiari.
Hemeretzigarrena.– Zigor- edo administrazio-prozedura.
1.– Hautaketa-prozedura honetan parte hartzen duen hautagairen bat zigor- edo administrazio-prozedura batean sartuta badago, edo aurrerago sartzen bada, eta, horren ondorioz, litekeena bada dolozko delitu batengatik kondenatua izatea, herri-administrazioen kidegoren bateko zerbitzutik kentzea edo eginkizun publikoetan jarduteko gaitasunik gabe uztea, hautagai horrek hautaketa-prozesuan parte hartzea, horretan jarraitzea eta dagokion kategorian sartzea izango du, baldin eta aipatutako prozeduretan kondenatzen ez badute edo zerbitzutik bereizten ez badute.
2.– Aurreko oinarrian aipatutako alderdiak edo bereziki intereseko jo litezkeen beste batzuk egiaztatze aldera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritzak edo Segurtasun Sailak zinpeko adierazpen bat aurkezteko eskatu ahal izango die halako hautagaiei, hautaketa-prozesuan sartuta dauden bitartean.
Adierazpen horretan hautaketa-prozedura gainditzeko esanguratsuak izan daitezkeen datuak ezkutatu edo datu faltsuak emanez gero, barne-araudian aurreikusitako erantzukizuna izango dute hautagaiek.
Hogeigarrena.– Argitalpenak.
Kontrakorik adierazi ezean, jakinarazpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-oholean argitaratuko dira, hargatik eragotzi gabe erakunde autonomo horren web orrian ere argitaratzea. Iragarkiak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-oholean argitaratzen direneko egunak baldintzatu egingo ditu ondorengo epeak.
Hogeita batgarrena.– Errekurtsoak.
Deialdi honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkaratu dezakete.
Aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkezten bada, ezin izango da jurisdikzioaren bidetik errekurritu, harik eta errekurtsoa berariaz ebatzi arte edo isilbidez presuntziozko ezespena eman arte.
Interesdunak jurisdikzioaren bidetik aurkaratzen badu, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita.
Deialdi honetatik, Epaimahaien jardueratik edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoetatik ondorioztatzen diren egintza administratibo guztiak aurkaratu ahal izango dituzte interesdunek, administrazio-prozedura erkideari buruzko araudian ezarritako modu eta kasuetan.
Arkauti, 2016ko apirilaren 12a.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,
MALENTXO ARRUABARRENA JULIÁN.