EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-04-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2016073

ERABAKIA, 2016ko martxoaren 17koa, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluarena, ikasleek doktoregoko ikasketetan jarraitzeko arauak onartzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-03-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201601621
Maila: Akordioa

Aurreko erreferentziak:
  • 2015/05/29an argitaratutako 2015/03/25eko EBAZPENA garatzen du [201502366]

María Pilar Elorrieta Santosek, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluaren idazkari nagusia den aldetik, hau
EGIAZTATZEN DU:
Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurak, bi mila eta hamaseiko martxoaren hamazazpian egin zuen bere ehun eta laurogeita hamargarren bileran, jarraian ageri den erabakia onetsi du, aztergaien zerrendako bigarren gaiari buruzkoa. Doktoregoko Ikasketetako Ikasleen Jarraitzeko Arauak. Akademi eta Euskara Batzordeak Osoko Bilkurari aurkezten dion erabaki-proposamena.
AURREKARIAK
1993. urtean, Ikasleek UPV/EHUn Irauteko Arauak prestatu eta Gizarte Kontseiluak urte bereko uztailaren 8ko osoko bilkuran onartu zituen.
Aurrerago, 2005. urtean, Gizarte Kontseiluak, abenduaren 19an hartutako erabaki bidez, Ikasleek EHUn Irauteko Arauak onartu zituen (2006-01-17ko EHAA, 11. zk.).
Data horretara arte, onartutako testu guztiek erreferentzia zuten garai hartan ematen ziren unibertsitate ikasketa guztiak. 2007. urtean, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua onartu zen, unibertsitate ikasketa ofizialak antolatzen dituena. Hortaz, unibertsitate ikasketen arautze berri bat gertatu zen gure herrialdean, Europako Unibertsitate Eremura egokituta. Horren arabera (guztiz errazturik), ikasketak modu honetara sailkatu ziren: graduak, masterrak eta doktoregoak.
2010. urtean, Gizarte Kontseiluak, Gobernu Kontseiluak hala proposatuta, UPV/EHUn Jarraitzeko Arauak onartu zituen, beste arau batzuk alegia, lehendik zeudenak sistema berri honetara egokitzeko. Dena dela, azken arau horiek graduko ikasketei buruzkoak ziren, beste bi kategoria akademikoak kanpoan utzirik. Aipatutako arau horiek 2014. urtean erreforma bat izan zuten, baita Gizarte Kontseiluak onartu ere. Erreforma, logikoa denez, graduko ikasketetan bakarrik gertatu zen. Halaxe jakinarazi zuen Unibertsitateen Kontseiluko Batzorde Iraunkorrak 2014-02-26ko nahitaezko txostenean. Bertan jasotzen zenez, proposatutako erreforma onartuta ere, «lege hutsuneak bere horretan dirau masterreko ikasketei dagokienez, oraingo arauak graduko ikasketetan bakarrik jarraitzeko arauak baitira eta aldi baterako aplikagarriak direnak (2005. urtean onartutakoak) diplomatura eta lizentziaturako ikasketekin daude loturik.»
2015eko uztailaren 22an, UPV/EHUko Gizarte Kontseiluak, egindako bileran (187.a), unibertsitateko masterretako ikasleen jarraitzeko arauak onartu zituen (2015-08-31ko EHAA, zk.: 164); halaxe bete zen Batzorde Iraunkorrak aipatutako lege hutsunea.
Oraingo honetan Gobernu Kontseiluak onartu eta igorritako testua doktorego ikasketetan jarraitzeko arauekin dago loturik. Ildo horretatik, proposamenak itxi egiten du unibertsitate ikasketa ofizial guztietan jarraitzeko arauen antolamendu positiboa. Horrenbestez, ex novo arauak dira, lehengoak 2005ekoak baitira eta egungo goi mailako ikasketekin zerikusirik ez duen artikulazio bati aplikatzen zitzaizkion.
Espedientean dago jasorik Unibertsitateen Kontseiluko Batzorde Iraunkorraren txostena, 2016ko otsailaren 1eko bileran egindakoa. Txostenak jasotzen duenez, arautegiak 99/2011 Errege Dekretuaren aurreikuspenak biltzen ditu, eta arau horren hainbat alderdi garatzen ditu, aldi baterako baja eta behin betikoa esaterako, doktorego programako matrikula, besteak beste, modu koherentean.
Batzordeak ez die inolako oharrik egin proposatutako arauei.
Aurrekariak kontuan hartuta, Gizarte Kontseiluaren osoko bilkurak hau
ERABAKI DU:
Onartzea ikasleek doktorego ikasketetan jarraitzeko arauak, honi erantsi zaizkionak.
Eta horrela ager dadin, akta oraindik onetsi gabe dagoela ohartarazirik, ziurtagiri hau eman dut Kontseiluburuaren aginduz, eta berak ontzat eman du, Bilbon, bi mila eta hamaseiko martxoaren hamaseian.
Kontseiluburua,
JOSEBA AGUSTÍN EIZAGUIRRE AGOTE.
Idazkari nagusia,
MARIA PILAR ELORRIETA SANTOS.
DOKTOREGOKO IKASKETETAN JARRAITZEKO ARAUAK
Arautegi honek garatu egiten ditu uztailaren 12ko 534/2013 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuan zehaztutako irizpideak (2013-07-13ko BOE eta 2011-02-11ko BOE, hurrenez hurren), bai eta UPV/EHUko Doktorego Ikasketak Kudeatzeko Arautegian zehaztutakoak ere (Gobernu Kontseiluak 2015eko martxoaren 12an onartutako arautegia). Aipatutako testuek xedatzen dute doktoregoko ikasketak arduraldi osoan eta arduraldi partzialean egin ahal izango direla.
1. artikulua.– Doktoregoko ikasketak arduraldi osoan.
Doktoregoko ikasketek hiru urteko iraupena izango dute gehienera, doktoregaiak doktorego programako lehenengo matrikula egiten duenetik doktorego tesia aurkeztu arte. Hiru urte horiek kalkulatzeko ez dira hartuko kontuan gaixotasun, haurdunaldi edo indarreko legeriak xedatutako beste arrazoiren batengatik bajan emandako aldiak.
Hiru urteko epe hori amaituta doktoregaiak tesia gordailuan uzteko eskaria aurkeztu ez badu, doktorego programako batzorde akademikoak baimena eman ahal izango du epea urtebete luzatzeko, doktoregaiak hala eskatzen badu; eta, salbuespenez, urtebete gehiago luzatu ahal izango da, doktorego programan zehaztuta dauden baldintzetan.
2. artikulua.– Doktoregoko ikasketak arduraldi partzialean.
Kasu batzuetan doktorego programako batzorde akademikoak baimena eman dezake doktoregoko ikasketak arduraldi partzialean egiteko. Kasu horietan ikasketok bost urte iraun ahal izango dute gehienera, doktoregaiak doktorego programako lehenengo matrikula egiten duenetik doktorego tesia aurkeztu arte.
Arduraldi partzialeko ikasketen kasuan, doktorego programako batzorde akademikoak baimena eman ahal izango du epea bi urtez luzatzeko, doktoregaiak hala eskatzen badu; eta, salbuespenez, urtebete gehiago luzatu ahal izango da.
3. artikulua.– Arduraldia aldatzea.
Doktoregaiak edozein unetan eskatu ahal izango du arduraldia aldatzea. Erabakia doktorego programako batzorde akademikoak hartuko du, aztertuta eskatzaileak emandako arrazoiak eta aurkeztutako dokumentuak.
Batzorde akademikoak onartzen badu arduraldi aldaketa, berriro kalkulatuko da une horretatik aurrera doktoregaiari geratzen zaion denbora doktorego tesia aurkezteko. Ikasketen iraupena zenbatzerakoan kontuan hartuko da doktoregaiak arduraldi mota bakoitzean eman duen denbora, eta 99/2011 EDn mota bakoitzerako zehaztuta dagoen iraupena aplikatuko da.
Matrikula tasen aldaketari dagokionez, matrikularen hurrengo ordainketa egiterakoan gauzatuko da eta doktoregaiak matrikula berriarekin jarraituko du doktorego tesia defendatu arte.
4. artikulua.– Doktorego programa uztea aldi baterako.
Doktoregaiak programa aldi baterako uztea eskatu ahal izango du, urte batez gehien dela; eta urtebete gehiago luzatu ahal izango da. Eskaria doktorego programako batzorde akademikoari helaraziko zaio, arrazoiak justifikatuta.
Programa aldi baterako uzteko arrazoiak hauek izango dira: baja luzeak doktoregaiaren gaixotasunagatik; baimenak ama edo aita izateagatik; lehenengo mailako senideen gaixotasun larriak edo luzeak, eta ordenamendu juridikoaren arabera horien parekoak diren senideenak; arrazoi ekonomiko eta laboral sendoak; ikaslearen bizitza akademikoari eragiten dioten egoera kaltegarri larriak; eta batzorde akademikoak onartutako bestelako ustegabeko egoerak.
Doktorego tesia defendatu aurreko epea zenbatzerakoan, aurreko puntuetan adierazitakoa, ez da hartuko kontuan programatik kanpo emandako denbora; ez ikasketak arduraldi osoan egiten ari diren ikasleen kasuan ez ikasketak arduraldi partzialean egiten ari direnen kasuan.
Programa aldi baterako uzten duten ikasleei ez zaizkie itzuliko ikasturte horretan ordaindutako matrikula tasak. Hala ere, behar bezala justifikatutako aparteko kasuetan, tasak itzultzeko eskaria egin ahal izango dio doktoregaiak Graduondoko Batzordeari, baldin eta doktorego programako batzorde akademikoak baimena eman badio aldez aurretik.
5. artikulua.– Doktorego programa uztea behin betiko.
Doktoregaiak berak eskatu ahal izango du doktorego programa uztea behin betiko. Eskaria doktorego programako batzorde akademikoari helaraziko zaio, arrazoiak justifikatuta, eta batzorde horrek jarriko du jakinaren gainean Graduondoko Batzordea. Doktoregaiak bere borondatez egindako eskarien kasuan ez dira itzuliko urte horretako matrikulako tasak, baldin eta programa behin betiko uzteko eskariaren arrazoia ez bada ez diotela eman bekarik.
Ondoren aipatzen diren kasuetan ere doktoregaiak behin betiko utzi beharko du doktorego programa:
– Doktoregaiak doktorego tesia aurkezteko epea agortu badu, luzapenak barne, tesia aurkezteke.
– Doktoregaiak ez badu burutu epeen barruan matrikula egiteko eta tutoretza akademikoa ordaintzeko prozesua, arrazoiren bat justifikatzeke eta bidalitako mezuei kasurik egiteke. Halakoetan zorduna izango da eta, ez baditu tasak ordaintzen, ikasturtearen amaieran ez du izango matrikularik hurrengo ikasturterako; hortaz, ez dute ebaluatuko eta doktorego programa utzi beharko du behin betiko.
– Doktoregaiak doktorego programa utzi behar badu behin betiko doktorego programako batzorde akademikoaren urteko ebaluazioa negatiboa izan delako (lehenengo ebaluaziotik sei hilabetera egiten den bigarren ebaluazioa barne), UPV/EHUko Doktorego Ikasketak Kudeatzeko Arautegiko 12. artikuluan adierazitakoaz bat.
Ikasle batek behin betiko utzi behar izan badu doktorego programa eta doktoregoko ikasketak egiten jarraitu nahi badu, beste programa batean onartua izateko tramiteak egin ahal izango ditu, edota hiru urte itxoin programa berean onartua izateko eskaria egiteko, beste edozein ikasle berrik bezala, baldin eta ez badauka zorrik unibertsitatearekin.
Salbuespen moduan, ikasleak programa uztea eskatzen duenean bekarik eman ez diotelako, ez da aplikatuko aurreko paragrafoa eta ikasleak edozein programatan onartua izateko tramiteak egin ahal izango ditu, egiten ari zen programa barne, baldin eta matrikula baliogabetzeko eskaria egin bada bekaren ezetza jaso eta hurrengo hilabetearen barruan.
6. artikulua.– Matrikula.
Doktorego programa batean onartutako doktoregaiek, izan arduraldi partzialean izan arduraldi osoan, matrikula egin beharko dute ikasturtero, doktorego tesia defendatu arte, Graduondoko Batzordeak zehaztuko duen epearen barruan.
– Matrikula ordaintzen ez duen doktoregairik egonez gero, arrazoi justifikaturen bat izateke, zorduna dela agertuko da unibertsitateko bere espedientean. Zorra ez bada kitatzen ikasturte amaierarako, egoera administratibo horren berri emango zaio Graduondoko Batzordeari eta doktoregaiak ez du izango matrikularik hurrengo ikasturterako; hortaz, ez dute ebaluatuko eta, aurreko artikuluan esan den moduan, doktorego programatik kanpo geldituko da behin betiko.
Matrikula urtero egin behar da, eta ikasketak amaitzeko ematen den epea ez da etengo doktoregaiak matrikularik ez egin arren. Doktoregaiak ez badu egin lehenengo matrikula, doktorego tesia defendatzeko duen egun kopurua zenbatuko da hasiera datatzat hartuta lehenengo matrikula egiteko epeko azken eguna.
Esandakoa ez zaie aplikatuko doktorego programa aldi baterako utzi duten doktoregaiei, egoera horretan dauden bitartean. Programatik kanpo egoteko arrazoia desagertzean, doktoregaiek matrikula egin beharko dute eta tesiari berrekin.
7. artikulua.– Doktorego programa batean jarraitzea.
99/2011 Errege Dekretuko 11.7 artikuluak dioenaren arabera, honako hauek ezinbesteko baldintzak dira programan jarraitu ahal izateko: doktorego programako batzorde akademikoaren ebaluazio positiboa, hala ikerketa planarena nola jardueren dokumentuarena; eta doktorego tesiaren zuzendariak eta tutoreak GAUR aplikazioaren barruan horretarako egin behar dituzten txostenak.
Batzorde akademikoek ebaluaziorako izango duten epea behin amaituta, eta matrikula egiteko Graduondoko Batzordeak onartuko duen egutegiari jarraituta, ebaluatutako ikasle guztien bigarren matrikula gestionatuko da.
Ebaluazioa negatiboa izanez gero (behar bezala arrazoitu beharko da), doktoregaia berriz ere ebaluatua izango da sei hilabeteko epean. Horretarako, ikerketa planaren beste txosten bat egin beharko da. Berriz ere ebaluazio negatiboa jasoz gero, doktoregaiak behin betiko utzi beharko du programa.
Ikasle batek doktorego programa batean jarraitu dezan bete egin behar da, baita, 99/2011 Errege Dekretuko 11.4 artikulua, hau da, batzorde akademikoak tesi zuzendaria izendatu behar duela matrikula egin eta hurrengo sei hilabeteen barruan. Sei hilabeteak igaro eta kasuan kasuko batzorde akademikoak ez badu izendatu tesi zuzendaririk, eta batzordea bera zein ikaslea jakinaren gainean jarri arren arazoa ez bada konpondu, matrikula baliogabetuko da eta ordaindutako dirua itzuli. Halakoetan ez da egongo inola eragozpenik pertsona kaltetuak izena eman dezan hurrengo deialdian edo ondorengoetan programa doktorego berean edo beste batean.
8. artikulua.– Tesiaren irakurketa tramitatzeko betebeharrak.
UPV/EHUko doktorego programa batean onartutako doktoregaiak ezingo dio ekin doktorego tesia gordailuan utzi eta defendatzeko tramiteei harik eta bi urte igaro arte, gutxienez, doktorego programan lehenengo matrikula egin zuenetik. Epea luzatzeko eskaria egin ahal izango zaio Graduondoko Batzordeari, behar bezala arrazoituta, baldin eta zuzendariak, tutoreak eta doktorego programako batzorde akademikoak onespena eman badute.
Doktoregaiak, doktorego tesia gordailuan uzteko tramiteei ekitean, ordainduta izan beharko ditu urteroko matrikula tasak, doktorego programa egiten hasi zenetik, betiere errespetatuta programatik kanpo egon den aldiak, halakorik egon bada.
Matrikula akademikoa inoiz ordaindu ez duten doktoregaiek, tesia gordailuan utzi eta defendatzeko tramiteei ekin ahal izateko, doktorego programa batean onartuak izatea eskatu behar dute lehenik eta behin; eta, onartuak izan ondoren, programa egiten hasten diren ikasturteko tasak ordaindu behar dituzte, horretarako dagoen prozedurari jarraituta. Matrikula hori lehenengo matrikula izango da eta, beraz, ezingo diete ekin tesia gordailuan utzi eta defendatzeko tramiteei bi urte igaro arte.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Doktorego tesia defendatu aurretik UPV/EHUko doktorego programa batean gutxienez bi urte egon behar izatea (arautegi honetako 8. artikulua) ez da aplikatuko doktoregaiak espedientea lekuz aldatzen duenean, desagertzear dagoen UPV/EHUko doktorego programa batetik 99/2011 Errege Dekretuak araututako beste batera.
AZKEN XEDAPENA
Doktoregoko ikasketetan jarraitzeko arautegi hau aplikatuko zaie 99/2011 Errege Dekretuak araututako doktorego programetako ikasleei.