EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-04-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2016073

31/2016 DEKRETUA, martxoaren 1ekoa, Gernika-Markinako eremu funtzionalaren lurralde-plan partziala behin betiko onartzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201600031
Xedapenaren data: 2016-03-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201601620
Maila: Dekretua
Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduaren gidalerroak –Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen babespean idatzi eta izapidetuak– behin betiko onartu ziren otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bidez (otsailaren 12ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua).
Gidalerro horietan, lurralde-plan partzialak idazteko esparruak zehazten dira, eta horien artean dago Gernika-Markinako eremu funtzionala.
Aipatutako legearen 2. eta 11. artikuluei jarraikiz, lurralde-plan partzialak nahitaez landu behar diren lurralde-antolamendurako tresnak dira. Ildo horretan, gidalerroen 22. kapituluko 7. zenbakian –aplikazio-arauei buruzkoan–, adierazten da oso garrantzitsua dela lurralde-plan partzialak ahalik eta arinen egitea, horrela, hirigintza- eta lurralde-irizpide osagarriak gehitzeko aipatutako gidalerroetakoei. Izan ere, horiei esker, udal-esparruko planen garapen doiagoa lor daiteke, eta lurralde-koherentzia handiagoa bermatzen da lurralde-plan sektorialak egiterakoan.
Lurralde-plan partzial hau Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 13. artikuluan jasotako lantze- eta izapidetze-prozesu luze baten emaitza da; fase guztiak dauzka: aurrerapena, hasierako onarpena, behin-behinekoa eta behin betikoa. Horretan, lurralde-administrazio publiko ezberdinek parte hartu dute (tokikoek, foralak eta autonomikoak), bai eta aipatutako eremu funtzionaleko gizartearen espektro zabal batek ere.
Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko 4/1990 Legearen 13.1 artikuluaren arabera, Gernika-Markinako eremu funtzionalaren lurralde-plan partziala formulatzeko ekimena Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari dagokie, maila berean; beraz, beharrezkoa da bi administrazioen arteko koordinazioa, ekintzak egitean disfuntzionaltasunak saihesteko.
Helburu horrekin, 2001ean, plan hori idazteko lanak hasi ziren, eta, lan horien jarraipena egiteko, koordinazio-mekanismoak ezarri ziren Bizkaiko Foru Aldundiko Hirigintza eta Udal Harremanen Sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren artean.
Lurralde-plan partzial honen hasierako eta behin-behineko onarpenak Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak egiletsi zituen 2011ko abenduaren 27an eta 2014ko uztailaren 1ean, hurrenez hurren.
Planaren edukiak erantzuna ematen dio Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 12. artikuluari, eta lurralde-plan partzialek jaso behar dituzten zehaztapenak jasotzen ditu. Planak zenbait neurri ezartzen ditu eta jarduera-proposamenak egiten ditu, helburu nagusi honekin: eremu funtzionalaren antolamendu integrala lortzea.
Gernika-Markinako eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialak udal-mugarte hauek hartzen ditu: Ajangiz, Amoroto, Arratzu, Aulesti, Bermeo, Berriatua, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Etxebarria, Forua, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Gizaburuaga, Ibarrangelu, Ispaster, Kortezubi, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendata, Mendexa, Morga, Mundaka, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, Murueta, Muxika, Nabarniz, Ondarroa, Sukarrieta eta Ziortza-Bolibar. Plan honen helburua da, hamasei urteko denbora-horizonte baterako, eremu funtzionaleko lurraldearen lurralde-antolamendu jasangarria ezartzea, eremu funtzional horren lurralde-egitura eta -eredua zehaztuta. Horrela, lurralde-antolamendu hori bete beharko dute udal-plangintzek, lurralde-plan sektorialek eta eremu funtzionalean eragina duten gainerako jarduerek.
Lurralde-eredua helburu hauen inguruan egituratzen da, zeinak oinarrizko baldintzatzat hartu behar baitira:
a) Eremu Funtzionaleko populazioa mantentzea.
b) Bizitokien gunea kontzentratzea.
c) Garapen ekonomikoa indartzea, horretarako euskarria izango den produkzio-espazioa sortuta eta artikulatuta.
d) Berezitasuna, natura- eta paisaia-balioak mantendu eta indartzea.
e) Garraioen arteko intermodalitate erosoa eta eraginkorra lortzea.
f) Bizikletaren erabilera eta oinezkoentzako ibilbideak sustatzea.
g) Energia berriztagarrien aprobetxamendua sustatzea.
h) Biztanleriak dituen ekipamendu-beharrak betetzea.
i) Hondatutako espazioak berroneratzea eta erabilera desegokiko espazioak edo aukera-espazioak birmoldatzea.
j) Landa-ondareko eraikuntza-elementuak babestea eta balio historikoa eta/edo kulturala duten espazioak birgaitzea.
k) Ondare historikoa, kulturala eta arkitektonikoa kontserbatzea, balio turistikoa den aldetik.
Planak bere zehaztapenak azaltzen ditu Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko 4/1990 Legearen 12.3 artikuluan ezarritako agirietan. Zehazki, besteak beste, antolamendu-arauak jasotzen ditu. Arau horietan ezarrita daude planak izaera arau-emailea ematen dien xedapen eta proposamen guztiak, eta dekretu honen I. eranskinean ageri dira, argitaratzeko.
Era berean, planarekin batera doa Ingurumen Inpaktuaren Baterako Ebaluazioko Azterlana ere. Ingurumen-araudian xedatutakoa betetzeko –2006ko apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioen ebaluazioaren gainekoa; 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duena, eta haren erregelamenduzko garapena den 2003ko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretua, ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazio-prozedura arautzen duena– ingurumen-alderdiak planean txertatzeaz hartutako erabakiaren gaineko aginduzko adierazpena gehitu zaio dekretu honi II. eranskin gisa.
Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren eskumena da plan honen behin betiko onarpena Gobernu Kontseilura eramatea, Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 13.9 artikuluan xedatutakoa dela bide.
Gobernu Kontseiluaren eskumena da Gernika-Markinako eremu funtzionalaren lurralde-plan partziala behin betiko onartzea, Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 13.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Beraz, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2016ko martxoaren 1ean egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Behin betiko onartzea Gernika-Markinako eremu funtzionalaren lurralde-plan partziala. Antolamendu-arauak dekretu honen I. eranskin gisa doaz, eta ingurumen-alderdiak planean txertatzeari buruz hartutako erabakiaren adierazpena II. eranskin gisa doa.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Lurralde-plan partzial hau idazterakoan, data zehatz horretan indarrean zegoen udal-plangintza jaso da, eta beti informazio-izaerarekin; ondorioz, ulertuko da indarrean sartzen den egunera arte egin diren eguneratzeak edo aldaketak jasota daudela.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Lurralde-plan partzial honen 24. artikuluaren arabera, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren antolamendua eta kudeaketa bere legeria sektorial espezifikoan jasota dauden tresnen arabera egiten da, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilpenerako eta Kudeaketarako Egitamu Gidarien (EKEG) bitartez arautzen dira lurzoru urbanizaezinaren kalifikazioa, erabileren eta jardueren araubidea eta eraikuntza-ekintzen araubidea.
Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren esparruan, ekipamendu- eta asentamendu-proposamenak lurralde-plan partzial honetan adierazitakoak izango dira, bai eta azpiegituren eskemak ere. Hala ere, proposamen horien kokalekua eta behin betiko trazadura Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilpenerako eta Kudeaketarako Egitamu Gidarien (EKEG) arabera ezarriko dira, horko lurzoru urbanizaezinerako garapen-tresnak erabilita.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Lurralde-plan partzial honen araudiaren eranskinek ere araudia osatzen dute, eta, beraz, gainerako artikuluen arau- eta betebehar-balio bera daukate.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA
Plan hau indarrean jartzeko unean hasieran onartu ez diren lurralde-plan sektorialak formulatu eta aldatzeko dokumentuak egokitu egin beharko dira plan honetan jasotako zehaztapenetara, Gernika-Markinako eremu funtzionalari eragiten dioten alderdi guztietan.
Edonola ere, lurralde-plan partzial hau indarrean jartzean indarrean dauden lurralde-plan sektorialak egokitu egin beharko dira plan honetan xedatutakora, Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen laugarren xedapen gehigarrian aurrez ikusitakoa salbuetsita.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Gernika-Markinako eremu funtzionalean dauden udalerrietako hirigintza-dokumentuak, baldin eta plan orokorrak eta arau subsidiarioak egiteko, berrikusteko edo aldatzeko prozesuetan badaude eta plan hau indarrean jartzeko unean hasieran onartu ez badira, plan honetan jasotako zehaztapenetara egokitu beharko dira.
Lurralde-plan partzial hau indarrean jartzeko datan plangintza orokorreko eta garapeneko tresnek dagoeneko hasierako onarpena lortu badute, hirigintza-kudeaketako tresnak izapidetzen ari badira eta behin betiko onarpena jaso baino lehen, udalek, ofizioz edo administratuek eskatuta, lurralde-plan partzial honetan jasotako preskripzioetara egokitu ahal izango dituzte plangintza orokorreko eta garapeneko zehaztapenak, kudeaketa-tresnen izapidetzea berriz hasita.
Edonola ere, indarrean dagoen udal-esparruko hirigintza-antolamendu orokorra plan honetan ezarritakoaren arabera egokitu beharko da, hura indarrean jarri eta bi urteko epean.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabeteko epean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko martxoaren 1ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.
I. ERANSKINA MARTXOAREN 1EKO 31/2016 DEKRETUARENA
ANTOLAMENDU-ARAUA
ATARIKO TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Helburua.
Gernika-Markinako Eskualde Egituraren Lurraldearen Plan Partzialaren helburua eremu honen lurralde-antolamendu iraunkorra ezartzea da, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legean (LAL) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Artezpideetan (LAA) –Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak otsailaren 11n emandako 28/1997 Dekretuak onetsitakoak– ezarritakoaren arabera; halaber, Eskualde Egituraren lurralde-eredua eta egitura ere ezarri behar ditu, eta Udalerriko Hirigintza Planek nahiz Arauek, Lurraldearen Arloko Planek eta Eskualde Egituran eragina duten gainerako jarduketek bete egin beharko dituzte lurralde-eredu eta egitura horiek.
2. artikulua.– Aplikazioko lurralde-eremua.
Gernika-Markinako Eskualde Egiturako Lurralde Planeko xedapenak Lurralde Antolamendurako Artezpideetako 20. kapituluko 4.2 arauak ezarritako lurralde-ereduan aplikatuko dira, eta eremu horren barruan honako udal-mugarte hauek sartzen dira: Ajangiz, Amoroto, Arratzu, Aulesti, Bermeo, Berriatua, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Etxebarria, Forua, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Gizaburuaga, Ibarrangelu, Ispaster, Kortezubi, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendata, Mendexa, Morga, Mundaka, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, Murueta, Muxika, Nabarniz, Ondarroa, Sukarrieta eta Ziortza-Bolibar.
3. artikulua.– Lurraldearen Plan Partzialaren eduki izenduna eta dokumentala.
1.– Gernika-Markinako Eskualde Egituraren Lurraldearen Plan Partzialeko xedapenak honako agiri hauetan zehazten dira:
– Hirigintza Informazioa eta Diagnostikoa.
– Antolamendu Memoria.
– Ekonomia eta Finantza Ikerketa, Betearazpen Programa eta Ekonomi Iraunkortasuneko Txostena.
– Antolamendu Arauak.
– Informazio Planoak.
– Antolamendu Planoak.
– Ingurumeneko Eraginaren Ebaluazio Bateratuaren Azterlana.
– Planeamenduaren gaineko Eraginen Agiria.
2.– Oro har, Gernika-Markinako Eskualde Egituraren Lurraldearen Plan Partzialaren arauzko edukia bera osatzen duten agiri guztietan jasotako xedapenen multzoak eratzen du.
3.– Izaera loteslea eta arauzkoa, dena den, «Antolamendu Planoak eta Arauak» izenekoetan jasotako xedapenek dute. Gainerako agiriak adierazleak, erreferentziakoak eta justifikaziokoak dira, batez ere; adibidez, oinarritzat erabiltzen den indarrean dagoen planeamendua. Beraz, Antolamendu Planoekin eta Arauekin kontraesanik egonez gero, horiek nagusituko dira.
4. artikulua.– Interpretazioa.
1.– Lurraldearen Plan Partzial honetako Antolamendu Arauak hitzez hitz eta testuinguruari lotuta interpretatuko dira, Memorian adierazitako helburuak eta xedeak aintzat hartuta.
2.– Araudi grafikoaren eta idatziaren artean kontraesanik egonez gero, dokumentazio idatzia nagusituko da.
3.– Agiri grafikoen artean kontraesanik badago, eskalarik edo xehetasunik handienekoa nagusitu egingo zaio txikienekoari. Hala ere, Antolamendu Planoak nagusitu egingo zaie gainerako guztiei.
4.– Gernika-Markinako Lurraldearen Plan Partzialaren eduki izenduna, udalerriz gaindiko interesa duten alderdiei buruzkoa, ondoren adierazitakoaren arabera egituratzen da:
1) Honako hauetan jasotakoak informazio-izaerarako xedapenak dira:
a) Lurraldearen oraingo egoeraren eta egoera sozioekonomikoaren diagnostikoa; horren barruan, baliabide naturalen erabilera, biztanleria eta indarrean dagoen hirigintza-plangintza sartzen dira.
b) Eremuen garapen ekonomikoaren aukerei buruzko ikerketa.
c) Aurreko diagnostikoak eta ikerketak aipaturiko edo adierazitako planoak eta gainerako adierazpen grafikoak.
Erabakiak hartzeko eta, beraz, xedapenak ezartzeko erabilitako iritzi-elementuak formulatzen dituztenez, bai zuzeneko aplikazioa badute edo bai Lurraldearen Arloko Planetetara edo hirigintza-planeamendura zuzenduta badaude, informazio-xedapenok, eraginkortasun xedagarrik ez badute ere, oinarrizko eta ezinbesteko elementuak dira xedapen zuzentzaileak interpretatu eta aplikatu ahal izateko.
2) Xedapen zuzentzaileak izango dira lurralde- edo hirigintza-antolamenduko beste tresna batzuek garatu nahiz zehaztu beharreko irizpide, printzipio eta arau orokorrak edo bigarren mailakoak ezartzen dituztenak; horiek herri-administrazio guztiek eta zuzenbide pribatuko subjektu guztiek bete behar dituzte, lurralde-eragineko jarduketak egiten dituztenean.
Xedapen horiek nagusitu egingo zaizkie lurralde-planeamendu sektorialeko eta hirigintza-planeamenduko xedapenei, eta azken horiek euren arabera interpretatu eta aplikatu beharko dira. Lotu egiten dute Gernika-Markinako Lurraldearen Plan Partziala indarrean sartu ondoren onesten den hirigintza-planeamendua, lehenengo formulaziotzat, aldaketatzat edo aurrekoren baten ikuskapentzat onesten dena. Xedapenok guztiz eraginkorrak izateko, Lurraldearen Arloko Planak eta hirigintza-antolamenduko planak (kasuan kasukoak) garatuta eta zehaztuta osatu behar dira.
Xedapen horiek Estatuko Administrazio Nagusiaren edo Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumenetan eragina dutenean, euren eraginkortasuna lurraldearen eta lurzoruaren erabilerari lotutako edukira mugatuko da, gainaldea eta lurpea kontuan hartuta.
3) Berehala, zuzenean eta erabat aplikatzeko xedapenak izango dira lurzoruaren erabilera baimenduak (gainaldea eta lurpea kontuan hartuta) zuzen-zuzen ezartzen dituztenak, eta baztertuta geldituko dira horiekin dibergenteak direnak edo kontrajarri egiten zaizkionak, bai legez Lurraldearen Plan Partzialaren mendeko lurralde-antolamendu tresnetan jasota daudenak, bai udalerrietako hirigintza-antolamenduko edozein planetan jasotakoak. Herri-administrazioek eta zuzenbide pribatuko subjektuek nahitaez bete beharko dituzte, legeria aplikagarrian ezarritakoaren arabera, lurzoruaren (gainaldea eta lurpea ere aintzat hartuz) aldaketa edo erabilera eragiten duten egintza guztietan.
5. artikulua.– Indarraldia eta eraginkortasuna.
1.– Lurraldearen Plan Partzialaren indarraldia mugagabea izango da, arau-izaera baitauka; hala ere, aldi baterako programazioa eta aldaketak nahiz aurreikuspenak egin daitezke, programatuak edo ez.
2.– Lau urteko aldietan zatituriko Betearazpen Programa jasotzearen kalterik gabe, LZP honetan jasotako aurreikuspenak hamasei urteko aldirako egin dira.
3.– Lurraldearen Plan Partzial honetan jasotako xedapenen baten baliogabetasunak, ezeztapenak edo aldaketak ez du eraginik izango gainerakoen baliozkotasunean, baldin eta horiek besteekin lotuta edo eurekiko mendekotasunean oinarrituz aplikagarriak ez badira.
6. artikulua.– Publizitatea.
1.– Lurraldearen Plan Partzialaren eduki osoa jendaurrean azalduko da, eta edozein pertsonak hori kontsultatzeko eskubidea izango du, horretarako adierazten diren egoitzetan; gainera, Planeko edozein agiriren kopiak lor daitezke, Bizkaiko Foru Aldundiak adierazitakoaren arabera.
2.– Herritar guztiek, baita horiek eraturiko erakundeek ere, Lurraldearen Plan Partziala lortzeko eta horren kopiak nahiz ziurtagiriak eskuratzeko eskubidea dute, interes jakinik egiaztatu gabe; gainera, ez da adieraziko herritar horiek nortzuk diren.
3.– Foru Aldundiak beharrezko neurri guztiak hartuko ditu, herritarrek aurreko zenbakian adierazitakoa bermatzeko; horretarako muga bakarrak prozedura judizialen edo administratiboen, datuen babesari buruzko legeriaren edo antolamendu juridikoak babesturiko eskubide subjektiboen ondoriozkoak izango dira.
4.– Informazio-eskubidea Lurraldearen Plan Partzialeko agiri guztietara hedatzen da (horien xedapenak informaziokoak edo xedagarriak izan arren), baita horien eduki osora ere.
7. artikulua.– Lurraldearen Plan Partzialeko aurreikuspenak betetzearen jarraipena.
1.– Lurraldearen Plan Partzialeko xedapenak eta aurreikuspenak zein mailatan betetzen diren egiaztatzeko, lau urterik behin Memoria bat egingo da.
2.– Memoria Lurralde Antolamenduaren arloan eskumena duen Bizkaiko Foru Aldundiko Sailak egingo du, eta, behar izanez gero, lankidetza eskatuko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Sail berari.
3.– Memoria horretan, xedapenak zein mailatan bete diren eta zer proposamen behar diren azalduko da, identifikatu diren ez-egokitzeak arintzeko edo zuzentzeko.
4.– Egin ondoren, Memoria Lurralde Antolamenduko Batzordera bidaliko da, hori jakitun gelditzeko.
8. artikulua.– Aldaketa eta ikuskapena.
1.– Lurraldearen Plan Partziala Ikuskatu edo Aldatu egin daiteke.
2.– Ikuskatzea Lurraldearen Plan Partzialean ezarritako antolamendu osoa edo hautaturiko lurralde-ereduaren funtsezko elementuak berrikustea da; honako honen ondoriozkoa izan daiteke:
a) Lurralde-egiturari edo lurralde-ereduari buruzko irizpide berriak hartzea.
b) Lurraldearen egituran edo ereduan eragina duten egoera berriak sortzea, baldin eta egoera horiek Lurraldearen Plan Partzialean erabilitako hipotesiak aldarazten badituzte, biztanleriaren oinarrizko magnitudeei, enplegu-dinamikari edo etxebizitza-merkatuari dagokienez, eta, horren ondorioz, aukeraturiko antolamendu-irizpide orokorrak aldatu egin behar badira.
c) Gaitasuna agortzea.
Ikuskapenak Lurraldearen Plan Partzial osoa ordeztea eragin dezake.
Lurraldearen Plan Partzialaren ikuskapena planeamenduko tresna hori formulatzeko eta onesteko prozeduraren arabera egingo da, eta prozedura hori, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko 4/1990 Legeko 13. artikuluan ezarritakoa da.
Nolanahi ere, indarraldiaren zortzi urteko lehenengo fasea amaitzen denean, Lurraldearen Plan Partziala ikuskatu egingo da.
3.– Ikuskapenak ez diren Lurraldearen Plan Partzialaren gainerako aldaketa-kasu guztiak Aldaketa kontzeptuaren barruan sartzen dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko 4/1990 Legeko 14. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege-testu horretako 10.10 artikuluan ezarritakoa kontuan hartuz, Lurraldearen Plan Partziala Eusko Jaurlaritzak horretarako ezarritako prozeduraren bidez aldatuko da. Funtsezkoak ez diren LPParen aldaketak abenduaren 9ko 206/2003 Dekretuan ezarritako prozeduraren bidez gauzatuko dira (185. zenbakiko EHAA).
Lurraldearen Plan Partziala edozein unetan aldatu ahal da. Hala eta guztiz ere, aldaketa guztiak interes orokorrean oinarrituko dira, eta horien edukia eta irismena zehatz azaldu beharko dira; gainera, aldaketak berariaz justifikatuta egongo dira. Horri dagokionez, aldaketek Lurraldearen Plan Partzialaren aurreikuspenetan izan ditzaketen ondorioak zehatz azalduko dira, biztanleriari, enpleguari, zuzkidurei eta azpiegiturei dagokienez.
Aldaketa guztiak eurak justifikatzen dituen zioari lotuta egongo dira, eta espedientean ezin izango da sartu zio horri lotuta ez dagoen Planeko aldaketarik, edo egindako azalpenetan edo justifikazioetan berariaz aipatuta ez dagoenik.
LEHENENGO TITULUA
GERNIKA-MARKINAKO ESKUALDE EGITURAREN LURRALDE EREDUAREN DEFINIZIORAKO OINARRIZKO ARAUAK
I. KAPITULUA
LURRALDE ANTOLAMENDUAREN HELBURU ETA PRINTZIPIO GIDARIAK
9. artikulua.– Lurralde Antolamenduaren izaera.
1.– Lurraldearen Plan Partzial honek ezarritako antolamenduak, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko 4/1990 Legeak eratxikitako funtzioa beteta, eremu horren lurraldearen antolamendu fisikoa egiten du, pertsonari komeni zaion ingurumenaren eta hirigintza-antolamenduko prozesua egituratzearen zerbitzuan, esparru estrategiko koherente batean.
2.– Lurralde-antolamenduaren helburua, izatez ere, banakako eta taldeko bizi-kalitaterik onena lortzeko behar diren baldintzak sortzea, mantentzea eta eratzea da, hiriko eta naturako ingurumena ahalik eta ondoen zainduta eta hobetuta.
3.– Lurralde-antolamendua, tresna juridiko egokietan eratzearen kalterik gabe, erabakiak hartzeko prozesu iraunkorra da, eta izaera orokorra eta integratua dauka; beraz, informazio garrantzitsu guztia aintzat hartu eta bidezko interes publiko zein pribatu guztiak haztatu behar dira.
4.– Aurreko paragrafoan aipaturiko prozesuan, Lurraldearen Plan Partziala:
a) Europako Lurralde Estrategiako (ELE) piezatzat egituratzen da; hori Europar Batasuneko Lurralde Antolamenduko ministro arduradunek erabaki zuten Potsdamen, 1999ko maiatzean; horren azken helburutik eratorritakotzat eta eskualde-helburutzat, estrategia horretan adierazitako Europako politikaren funtsezko hiru helburuak ezarri zituzten. Honako hauek dira:
1) Ekonomia- eta gizarte-kohesioa.
2) Baliabide naturalen eta kultura-ondarearen kontserbazioa eta kudeaketa.
3) Lehiakortasun orekatua Europako lurraldean.
b) Lurraldeko esparru estrategiko egokia zehaztuta, erreferentzia eta irizpide nagusia da lurraldean eta hiri-antolamenduan eragina duten erabaki sektorialak hartzeko orduan; gainera, lurralde-politika publiko egokiaren eta objektiboaren katalizatzailea da.
10. artikulua.– Lurralde Antolamenduaren Printzipio Gidariak.
Printzipio hauek aurreko artikuluan aipaturiko antolamendua informatzen dute, eta hori bertan oinarrituz formulatu, interpretatu eta aplikatu behar da. Honako hauek dira:
1.– Garapen iraunkorraren printzipio orokorra; horrek gizartea eta ekonomia garatzeko baldintzak hiriko eta naturako ingurumenaren eskakizunekin harmonizatzen ditu, batez ere ekosistemen oreken eskakizunekin, taldeko beharrizanak betetzea bermatzeko, etorkizuneko belaunaldien beharrizanak betetzea arriskuan jarri barik.
2.– Garapen iraunkorraren erreferentziako irizpidea (erabakiak hartzeko) Agenda 21 da, Lurraren Gailurrean sinatutakoa, eta hori mundu osoan gauzatu behar da, kasuan kasuko tokiko Agenda 21etan.
3.– Ekosistemen karga-gaitasuna kontuan hartzeko, haztatzeko eta errespetatzeko printzipioa, baliabide material hidriko eta energetiko berriztagarrien kontsumoak ekosistemek baliabideok ordezteko duten gaitasuna ez gainditzeko eta baliabide berriztaezinen kontsumo-erritmoak baliabide berriztagarri iraunkorrak ordezteko erritmoa ez gainditzeko; era berean, kutsagarrien isurpen-erritmoak ez du gainditu behar aireak, urak eta lurzoruak kutsagarriok xurgatzeko eta prozesatzeko duten gaitasuna.
4.– Lurzoruaren okupazio iraunkorraren printzipioa; horren barruan hauxe sartzen da: i) lurzorua berrerabiltzeari eta birgaitzeari lehentasuna ematea, hazkunde berriari dagokionez; eta ii) hiriko bereizketa eta barreiadura ekiditea, eta erabilerak eta funtzioak integratzen eta elkartzen saiatzea, mugikortasuna murrizteko.
5.– Mugikortasun iraunkorraren printzipioa; hain zuzen ere: i) derrigorrezko mugikortasuna eta motordun ibilgailuen alferreko erabilera murriztea, eta ii) ingurumena errespetatzen duten garraiobideei lehentasuna ematea, behar izanez gero horien erabilera konbinatua planifikatuz.
6.– Erabakiak hartzeko edozein prozesutan epe luzerako ondorioak, kontsumoaren benetako kostuak eta baliabide berriztaezinen narriadura aintzat hartzeko printzipioa.
7.– Berdintasun-printzipioa: hauxe eskatzen du: i) garapen iraunkorraren kostuak eta hobariak ondo banatzea, gizarteko taldeen, belaunaldien eta lurraldeen artean; eta ii) oinarrizko beharrizanak betetzea eta funtsezko eskubideak eskuratzea.
8.– Lurralde-gaien ikuspegi estrategikoaren printzipioa; horretarako, hauxe behar da: i) espazioan eraginik garrantzitsuena duten eta lurraldea berregituratzeko politikarako berritzaileenak diren prozesuak detektatzea eta arautzea; ii) aldaketa-ahalmen handieneko ekintzei denboran eta espazioan lehentasuna ematea.
9.– Aniztasunarekiko begirune-printzipioa; lurraldean bereizitako hiri- eta landa-pieza guztien nortasun bereizgarria aintzat hartu, balioztatu eta, behar izanez gero, babestu egin behar da, esparru estrategiko bakarrean, koherentean eta kohesionatuan egituratzearen kalterik gabe.
10.– Hitzartze-printzipioa; ezinbestekoa da erabakiak gardentasunez hartzea, herritarrek erabaki-hartze horretan parte hartzea, gizartean gehien onartzen diren soluzioak lehenestea, partaidetza publikoa gauzatzea eta ordezkaritza-organoen babes politikoa edukitzea.
11. artikulua.– Lurraldearen garapen iraunkorraren printzipioak.
Lurraldearen Plan Partzialaren printzipiotzat, Gernika-Markinako Eskualde Egituraren garapen iraunkorra bermatzeko, Europako Lurralde Estrategiaren barruko printzipio hauek hartzen dira:
1.– Hiriguneen arteko oreka-printzipioa, guneok hiri-sistema baten barruan egituratuta; horretarako, hauxe behar da:
a) Hirigune eta landagune handien eta txikien arteko osagarritasuna eta lankidetza garatzea.
b) Eskualde metropolitarren, hiri taldeen eta hiri-sareen sistema orekatuagoa eta polizentrikoagoa sustatzea eta finkatzea, egitura-politikaren eta Europaz gaindiko sareen politikaren lankidetza estuagoaren bitartez, baita Estatuko nahiz nazioarteko garraio-sareen eta eskualdeko zein tokiko sareen arteko loturak hobetzearen bidez ere.
c) Hiriguneen oinarri ekonomikoa, ingurumena eta zerbitzu-azpiegiturak hobetzea, horien inbertsio mugikorretarako erakargarriagoak izateko.
d) Jarduera-adar bakarrarekiko mendekotasun handiagoa duten hirien oinarri ekonomikoa dibertsifikatzea, eta eskualderik narriatuenetan hiri txikien eta ertainen garapen ekonomikoa sustatzea.
e) Hiri-garapeneko estrategia integratuak sustatzea, aniztasun funtzionalerako eta gizarte-aniztasunerako, batik bat gizarte-bazterkeriaren aurkako borrokari eta bertan behera utzitako edota gutxiegi erabilitako zonak suspertzeari dagokionez. Hiriko ekosistemaren kudeaketa adimentsua sustatzea.
f) Hirietan eta hiri-eskualdeetan irisgarritasun hobea sustatzea, kokatze-politika garatuta, baita hiri-funtzioen nahastea eta garraio publikoen erabilera sustatzen dituen lurzoru-erabilera planifikatuta ere.
g) Kontrolik gabeko hiri-hedapena geldiarazteko eta egoitza-zonen gehiegizko presioa murrizteko (batez ere, kostaldean) metodo eraginkorrak bultzatzea.
2.– Hiri- eta landa-eremuen arteko oreka- eta lankidetza-printzipioa; horren barruan hauxe sartzen da:
a) Garapen-estrategia dibertsifikatuak sustatzea, landa-eremuetako ahalmen espezifikoetara egokituta, garapen endogenoa ahalbidetzeko, nekazaritzaren funtzio-aniztasunaren sustapena ere barne.
b) Landa-inguruei hezkuntzaren eta heziketaren arloan laguntzea, eta nekazaritza-sektoretik kanpoko enpleguak sortzea.
c) Landa-inguruko hiri txikiak eta ertainak indartzea, eskualde-garapena gauzatzeko gunetzat, eta horien integrazioa (sareetan) sustatzea.
d) Landa- eta hiri-inguruen arteko esperientzia-trukea eta lankidetza sustatzea, kontuan hartuta tokiko eta eskualdeko baldintzak, hain zuzen ere, natura- eta kultura-ondarea.
e) Hiriaren eta landa-inguruaren arteko lankidetza sustatzea, eskualde funtzionalak indartzeko.
f) Zerbitzu eta garraio publikoen oinarrizko mailak mantentzea, landa-inguruko hiri txikietan eta ertainetan, batez ere gainbeheran dauden eremuetan.
g) Hiri handien landa-periferia hiri-eskualdeen lurralde-garapeneko estrategietan sartzea, lurzoruaren erabileraren planifikazio eraginkorragoa egiteko, hiri-periferiako bizi-kalitatearen hobekuntzari arreta berezia jarriz.
h) Nekazaritza iraunkorra bermatzea, ingurumen-neurriak aplikatzea eta lurzoruen nekazaritza-erabilera dibertsifikatzea.
i) Energia berriztagarrien ahalmena erabiltzea, landa- eta hiri-inguruetan, tokiko eta eskualdeko baldintzak aintzat hartuta, batik bat natura- eta kultura-ondarea.
j) Ingurumena errespetatzen duen turismoa garatzearen aukerak ustiatzea.
3.– Azpiegiturak berdintasun-baldintzetan eskuratzearen printzipioa; horren barruan hauxe sartzen da:
a) Azpiegituren erabilera eraginkorra eta iraunkorra.
b) Bigarren mailako garraio-sareak eta sare nagusiarekiko loturak indartzea, garraio publikoko eskualde-sistema eraginkorren garapena ere aintzat hartuta.
c) Telekomunikazio-azpiegituren lorpena eta erabilera hobetzea.
d) Lurralde-garapeneko eta lurzorua erabiltzeko politikak hobeto egituratzea, garraioaren eta telekomunikazioen planifikazioarekin.
e) Garraio publikoa hobetzea eta oinarrizko zerbitzu-eskaintza bermatzea, hirigune txikietan eta ertainetan.
f) Ondorio negatiboak murriztea, trafiko-itotzeak izaten dituzten zonetan, hain kutsagarriak ez diren garraio-moduak indartuz.
g) Merkantzien garraioko korapilo intermodalak sareetan sarraraztea, batez ere itsasoko nabigazioa kontuan hartuta.
h) Azpiegituren kudeaketa hitzartua eta integratua egitea, inbertsio erredundanteak murrizteko, oraingo garraio-azpiegituren erabilera eraginkorra bermatuz.
4.– Berrikuntza eta ezagupena berdintasun-baldintzetan lortzearen printzipioa; honen barruan hauxe sartzen da:
a) Ezagupenari lotutako politikak lurralde-garapeneko estrategietan sartzea, baita berrikuntzaren sustapenean, hezkuntzan, lanbide-heziketan nahiz heziketa iraunkorrean, ikerketan eta teknologia-garapenean ere.
b) Berrikuntza-zentroak sortzeko laguntza ematea, baita goi-irakaskuntzaren lankidetzarako, ikerketa aplikaturako eta sektore pribatuarekiko garapen teknologikorako ere.
c) Eskaintza eta eskaria sustatzeko neurriak garatzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak hobeto lortzeko eta erabiltzeko.
5.– Natura-ondarea kontserbatzearen, zentzuz kudeatzearen eta garatzearen printzipioa; honen barruan hauxe sartzen da:
a) Biodibertsitatearen mantentze integratua politika sektorialetan.
b) Lurralde-garapeneko estrategia integratuak lantzea, babesturiko zonetarako, ingurumen-zona sentikorretarako eta biodibertsitate handiko zonetarako (adibidez, kostaldeko eremuak, mendi-eskualdeak eta zona hezeak), kontuan hartuta babesaren eta garapenaren arteko oreka, eta ingurune- eta lurralde-eragineko ikerketetan oinarrituz (kide interesatuekin lankidetzan egindako ikerketak).
c) Babesturiko zonen eta ingurumen-zona sentikorren balio ekologikoa onartzeko tresna ekonomikoak sustatzea.
d) Energia gutxiago behar duten hiri-egiturak (trafiko urriagoa sortzen dutenak), baliabideen planifikazio integratua eta energia berriztagarrien erabilera handiagoa sustatzea, CO
e) Lurzorua babestea, gizakiaren, animalien eta landareen bizitzarako oinarritzat; horretarako, murriztu egin behar dira higadura, lurzoruaren suntsipena eta espazio irekien gehiegizko erabilera.
f) Arriskuak kudeatzeko estrategiak aplikatu behar dira, tokiko, eskualdeko eta nazioz gaindiko hondamen naturalen mehatxupean dauden zonetan.
6.– Baliabide hidrikoak arretaz kudeatzearen printzipioa; honen barruan hauxe sartzen da:
a) Uraren horniduraren eta eskariaren arteko oreka hobetzea.
b) Ura kudeatzeko tresna ekonomikoak garatzea eta aplikatzea, baliabideen erabilera urritzen duten ureztatze-teknologiak eta nekazaritza-ustiapeneko metodoak sustatuz.
c) Ur gehiegi erauztearen edo hirigintzaren ondorioz mehatxupean dauden zona hezeak kontserbatzea eta suspertzea.
7.– Kultura-paisaiak kontserbatzearen eta sormenez kudeatzearen printzipioa; honen barruan hauxe sartzen da:
a) Kultura-, historia-, estetika- eta ekologia-esangura berezia duten kultura-paisaiak kontserbatzea eta sormenez garatzea, paisaia horiek lurralde-garapeneko estrategia integratuen esparruan baloratuz.
b) Gizakiak esku hartzearen ondorioz kalteturiko pasaiak sormenez suspertzea, horiek berriro laboratzeko neurriak ere aintzat hartuta.
c) Babesa eta estrategia integratuen garapena merezi duten hiri multzoak kontserbatzea eta sormenez eraldatzea, narriaduraren edo bertan behera uztearen mehatxupean dagoen kultura-ondarea babesteko, arriskuak ebaluatzeko eta krisi-egoerak gainditzeko tresnen lanketa ere aintzat hartuta.
d) Lurralde- eta hiri-garapeneko politikaren pertzepzioa indartzea, etorkizuneko belaunaldien kultura-ondareari egindako ekarpentzat.
8.– Lehen aipaturiko Europako printzipioak Ingurumena Babesteari buruzko 3/1998 Lege Orokorrak eta EAEko Ingurumen Garapen Iraunkorreko Estrategiak (2002-2020) garatu ditu EAEn; bost ingurumen-xedetzat laburbiltzen dira:
a) 1. xedea: Aire, ur eta lurzoru garbiak eta osasungarriak bermatzea.
b) 2. xedea: Baliabide naturalak eta hondakinak arduraz kudeatzea.
c) 3. xedea: Natura eta biodibertsitatea babestea: sustatu beharreko balio paregabea.
d) 4. xedea: Lurralde-oreka eta mugikortasuna: ikuspegi bateratua.
e) 5. xedea: Aldaketa klimatikoaren eragina mugatzea.
II. KAPITULUA
LURRALDE EREDUAREN OINARRIAK
12. artikulua.– Lurralde Ereduaren edukia eta irismena.
1.– Kapitulu honetan jasotako arauek Lurraldearen Plan Partzialak aukeraturiko Lurralde Ereduaren oinarriak zehazten dituzte. Lurralde- nahiz hirigintza-antolamenduko edozein politikatarako eta eragin fisikoa duten politika sektorialetarako erreferentziako irizpidetzat zuzen-zuzen aplikatzearen kalterik gabe, Arauotako bigarren eta hurrengo tituluetako xedapen-edukia, Lurralde Ereduaren oinarriak garatzeari dagokionez, horren arabera interpretatu eta aplikatu behar da.
2.– Lurralde-eredu hori Lurralde Ereduaren Planoan (antolamenduko 6. planoa) dago grafikoki laburtuta; helburu estrategikoak aintzat hartuta ezarri dira, Lurraldearen Plan Partzialaren Memorian azaldutakoaren arabera; gainera, Eskualde Egituraren garapen-beharrizanak kontuan hartuta formulatu dira.
3.– Lurralde-eredu hau oinarrizko baldintzen izaera duten honako helburu hauen inguruan egituratzen da:
a) Eskualde Egiturako biztanle kopurua mantentzea.
b) Egoitza-espazioa metatzea.
c) Garapen ekonomikoa sustatzea, eusteko ekoizpen-esparrua garatuz eta artikulatuz.
d) Berezitasuna eta natura- nahiz paisaia-balioak mantentzea eta sustatzea.
e) Garraioen arteko intermodalitate erosoa eta eraginkorra lortzea.
f) Bizikletaren eta oinezkoen ibilbideen erabilera sustatzea.
g) Energia berriztagarrien ustiapena sustatzea.
h) Biztanleen ekipamendu-beharrizanak betetzea.
i) Narriaturiko espazioak suspertzea eta erabilera ezegokia edo aukerakoa duten espazioak birmoldatzea.
j) Landa-ondareko eraikuntza-elementuak zaintzea eta historia- edota kultura-balioa duten espazioak birgaitzea.
k) Ondare historiko, kultural eta arkitektonikoaren kontserbazioa sustatzea balore turistiko moduan.
4.– Lurraldearen Plan Partzialak, Planaren beraren helburuak eta Lurraldearen Antolamendurako Artezpideetako xedapenak aintzat hartuta, honako eremu hauetan zatituta zehazten du lurralde-egitura:
a) Ingurune Fisikoaren Lurralde Eredua.
b) Bizitegi-kokaleku eta Ekonomi Jardueren Eredua.
c) Garraioko Azpiegituren eta Zerbitzuen Lurralde Eredua.
d) Eskualde Ekipamenduen Lurralde Eredua.
e) Esku-hartze Estrategiak.
5.– Lehen azaldutako helburuen garapena eta helburu horien aplikazioa (aipaturiko eremuetan edo gaietan) formulatzeko, proposaturiko lurralde-ereduaren oinarriak hartzen dira euskarritzat, eta horiek Araudi honetako hurrengo artikuluetan azalduta daude.
13. artikulua.– Eskualde Egitura sendotzea, Bizkaiko eta EAEko lurralde-egituran.
1.– Gernika-Markinako Eskualde Egituraren oraingo kokaleku funtzionala onartzea lurralde-ereduaren barruan sartzen da; hain zuzen ere, Bizkaiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiri- eta industria-hazkundeko ardatzen arteko espazio etena da, eta, horrenbestez, Bizkaiko Lurralde Historikoko eta Euskal Autonomia Erkidegoko landa-testuinguruko pieza estrategikotzat duen eginkizuna sustatu nahi da, gizarte osoaren ingurumen-orekako eta bizi-kalitateko funtsezko faktorea baita, honako honetan oinarrituriko lurralde-garapen iraunkorra lortzeko:
a) Hiri- nahiz industria-hazkundeen eta azpiegituren, ekipamenduen zein zuzkiduren (jarduera ekonomikorako eta egoitza-espazio berrietarako, baliabide naturalen kontserbaziorako) garapenaren arteko oreka eta bateragarritasuna.
b) Industria-lurzoruen kualifikazio berria egitea, batik bat narriatuta dauden eta industria-eredu zaharkituaren jardueretarako erabiltzen diren lurzoruena; horiek, ahal den neurrian eta eskariaren arabera, ingurumen-integrazio hobea duten industriako eta hirugarren sektoreko jardueretarako erabili behar dira; hori, betiere, lagungarria izango da Eskualde Osoaren lehiakortasuna hobetzeko.
c) Haranen isurialdeetatik barreiaturiko etxebizitza-garapenak kontrolatzea; garapen horiek ezarritako landaguneetara mugatu eta beharrezko zerbitzuak zuzkituko dira; baina, aldi berean, ezabatu egingo da lehendik dauden guneen aldian behingo handitzean oinarritzen den eraikuntza-hazkundea egiteko aukera.
d) Lurzoruaren erabilera desberdinen eta oraingo paisaia- nahiz natura-egituren arteko orekak bermatzea eta zaintzea.
e) Ondare ekologikoa zorrotz babestea, ez mendi-inguruan bakarrik, baita haran hondoetan dauden landa- eta natura-inguru batzuetan ere.
f) Zenbait arrisku naturalen (batez ere, uholde-arriskua) eragina saihestea edo, behintzat, murriztea; arriskuok, sarritan, erabilera ez-egokien, lurzoru okupazioen eta urbazterren suntsipenaren eraginezkoak izaten dira.
14. artikulua.– Eskualde Egituraren bokazio bikoitza bateratzea: hirikoa eta landakoa.
1.– Gernika-Markinako Eskualde Egiturarako lurralde-ereduaren elementu nagusia da, aurreko artikuluan zehazturiko oinarria eraginkorra izateko, lurzoru- eta paisaia-erabileren arteko kontraste argiak zaintzea, hiri-espazioen eta baserriaren landa-munduaren artekoak; azken hori Oka eta Lea ibaiek mugaturiko landazabalen eta isurialdeen artean hedatzen da.
2.– Aurreko artikuluan ezarritakoa bete ahal izateko:
a) Lurralde- eta hirigintza-antolamenduak bermatu egin behar du eraikuntza-prozesuaren diziplina zorrotza, landa-paisaiaren osotasuna kontserbatu ahal izateko; prozesu horrek, ezein kasutan ere, ez du gaindituko landaguneen eta barreiaturiko baserri berrien (nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerari benetan lotuta daudenak) arauketaren esparrua.
b) Baserriak egituraturiko landa-munduaren berezko jardueran eragina izan dezaketen politika publiko guztiek saihestu egin behar dituzte bertan eragin kaltegarria izan dezaketen jarduera guztiak. Gainera, bidezkoa denean, halako jarduerak sustatu beharko dituzte, hain zuzen ere, nekazaritza- nahiz abeltzaintza-jarduerak eta baso-jarduerak, baita jarduera anitzeko familia-unitateen esparruan ere (unitate horietako lan- eta errenta-iturrietariko bat, baserritarraren lanaldi partzialarekin).
15. artikulua.– Natura-baliabideen eta baserriaren babes aktiboa, paisaiaren kalitatea bermatzen baitute.
Lurraldearen Antolamendurako Artezpideen esparruan, Lurraldearen Plan Partzialak garaturiko lurralde-eredua ingurune fisikoaren tratamenduan euskarritzen da, honako honen oinarrituz:
a) Gernikako Eskualde Egiturari dagokionez, guztiz lehentasunekoa den helburutzat eta beharrizantzat, ezinbestekoa da ingurumen-baliabideak kontserbatzea, batez ere, babesturiko eremu naturalak, hain zuzen ere, Urdaibai Biosfera Erreserba, halaber, narriaturiko espazioak ere suspertu egin behar dira, batik bat, beti koordinazio eta adostasunez Urdaibaiko EKEGarekin.
b) Gainditu egin behar da arazoa arintzera mugatzen den erantzuna, hau da, eragin negatiboak zuzentzera edo, askoz jota, ekiditera mugatzen dena; hain zuzen ere, politika positiboak, babes aktiboko estrategiak, hobekuntzakoak, susperraldikoak eta halakoak planteatu behar dira, modu integralean sortutakoak eta aplikaturikoak.
c) Lurraldea eta paisaia ez dira euskarri edo agertoki aldaezintzat soilik hartu behar, egitura jakinen arabera kudeatzen eta euskarritzen diren espaziotzat baizik; egitura horien artean, garrantzitsuena baserria da.
d) Landa-espazioa mantendu eta hobetu egin behar da; hain zuzen ere, baserria babestu behar da, horren funtzio ekonomikoa errespetuz sustatzea honako honen mende egotearen ideian oinarrituz: baliabideen aprobetxamendu integrala eta iraunkorra, ingurumenaren mantenamendua eta hobekuntza, eta eraikitako paisaiaren zaintza, hori Euskal Herriaren nortasunaren adierazleetarikoa baita.
16. artikulua.– Lurraldea hiri-garapenerako kontuz erabiltzea.
1.– Lurraldearen Plan Partzialaren lurralde-ereduak hazkundearen ondoriozko beharrizanak betetzearekin harmonizatu beharko du gune tradizionalen nortasunaren eta kultura-ondarearen zaintza; horretarako, lurzoruaren erabilera eta kudeaketa mota egokiak sustatu eta, gainera, ezabatu edo zuzendu egin behar ditu kalteak sortu dituztenak.
2.– Aurreko zenbakian ezarritakoaren ondoreetarako, hirigintza-antolamenduan toki-autonomia errespetatzen duten jarraibideak ezartzen dira, honako honetarako:
a) Kasuan kasuko udal-mugartearen egituratze-eginkizun espezifikoa finkatu behar da, landaguneei eta biztanleria barreiatuari ondasun eta zerbitzu publikoak hornitzeko eginkizuna sustatuz.
b) Gune tradizionaletan saihestu egin behar dira neurririk gabeko hazkunde guztiak, euren egitura tradizionala desitxuratzen dutenak; izan ere, hazkundea egokia izan behar da eskari endogenoari eta exogenoari erantzun ona emateko, baita landaguneak gehiegi ez hazteko eta lurzoruaren nahiz etxebizitzaren prezioa neurri barik ez garestitzeko ere.
c) Lehendik dauden guneetan ingurumen- eta gizarte-narriadura ekiditeko neurriak hartu behar dira, eta iraunkortasun-helburu orokorrak lortzeko neurriak ere bai; esate baterako:
i) Erdigunea suspertzearen barruan eremu publiko berezien hobekuntza ere sartzea, eraikitako espazioen eta hutsik daudenen arteko lotura orokorrean ulertuta.
ii) Hobekuntza-jarduketak finkaturiko gune osora hedatzea, horren barruan periferiaren hirigintza berria ere sartuta.
iii) Ibilgailu pribatuaren sarbidea mugatzea erdigunera; horretarako, neurri «bigunak» eta disuasiokoak hartuko dira, erdigune bakoitzaren egoeraren araberakoak, halaber, oinezkoen uharteak (mugatuak) edo egoiliarren nahiz zerbitzuen ibilgailuak bakarrik sartzeko eremuak sor daitezke.
iv) Ondarea babesteko neurriak formulatzea higiezinak mantentzeko eta hobetzeko benetako aukeretara egokituko da, eta ez da oztopatuko higiezinak egoiliarren beharrizanetara egokitzea, turismo-erabileraren mesedetan.
v) Erabilera ez-egokiak dituzten eta zaharkituta edo hutsik dauden higiezin eta instalazio publikoak zuzkidura publikoko erabileretarako suspertzea.
vi) Gernikako Ibarra bezala aspaldi antropizatuta dauden alde narriatuak lehengoratzea, horrela lurzoru berriak okupatu gabe jarduera ekonomikoa bultzatuz.
17. artikulua.– Ekipamenduen eta zerbitzuen birbanatze orekatua.
Gernika-Markina Alde Funtzionalerako ondokoa ezarri da:
a) Eskualde buruak: Gernika-Lumo eta Markina eta horien hiri alde integratua;
b) Eskualde azpiburuak: Bermeo, Lekeitio eta Ondarroa; autonomia funtzionaleko maila jakin batez zuzkituta daude eta eragin inklusiboko aldeak dituzte udalerri mugakideetan.
18. artikulua.– Eskualde Egitura egituratzen duten elementuak.
1.– Eskualde Egitura egituratzen duten elementuak bat datoz garraio-azpiegiturako sareekin (bide-sarea eta trenbide-sareak), baita ordezko garraio-moduak sustatzeko proposamenekin ere (garraio publikoei eta intermodalitateari lotutako moduak).
2.– Lurralde-eredua eta mugikortasun- nahiz garraio-eredua estu lotuta egon behar dira, bai hazkunde-prozesuetan eta bai hiri-birgaikuntzako prozesuetan.
3.– Gai honi dagokionez, LPPk mugikortasun iraunkorreko ereduaren aldeko apustua egiten du; horretarako, honako zehaztapen hauek ezarri ditu:
a) Automobil pribatuan egindako lekualdatzeak kontrolatzea; hain zuzen ere, kontrolatu egingo da automobil pribatuak zonarik arazotsuenetara eta itoenetara sartzea, trafikoa lasaitzeko; trafikoa biderik egokienetatik bideratu eta lurraldeko bide-sarea osatuko da (ardatz nagusiak, errondako gerrikoak, etab.).
b) Lekualdatze-modu desberdinak elkarrekin orekatzea, garraio publikoko sare eraginkorrak, garbiak eta, ingurumenaren aldetik, iraunkorrak sortuta, ibilgailu pribatuaren ordezkoak eta ikuspegi intermodalekoak.
c) Hiri trinkoaren eta erabileren integrazioaren printzipioak aplikatu behar da, hiri-garapenaren oraingo joera batzuk zuzenduta, horiek iraunkortasun iraunkorraren aurkakoak baitira.
d) Komenigarria da, zalantzarik gabe, trenbide-azpiegitura sustatzea, garraio publikoko sistematzat, dagoeneko finkatuta dagoenean (kostu handiak murriztu) eta horren zerbitzua jasotzen duten zonak eremu metropolitar batetik hurbil daudenean.
e) Aprobetxatu egin behar dira garraioen intermodalitatearen hobariak, trukagailuen ezarkuntza bultzatuz, eraginkortasun handikoak baitira; horretarako, Gernika-Lumoko bideak lurperatzea ez ezik, bazterreko espazio batzuk ere aprobetxatu behar dira (trenbide-azpiegituretan ohikoak izaten diren espazioak).
f) Aintzat hartu behar da Bermeo-Amorebieta-Etxano adarra bikoiztu egingo dela (trenbideko LAPk proposatuta) eta udalerri estrategiko horrek (Bermeo) jarduera logistikoetarako eta Portu Lehorrerako bokazioa duela.
g) Jarduera berriek beharko dituzten jarioetan, merkantzien protagonismo berezia izango dute; merkantzien garraiorako ere trenbide-sistemak hautatu beharko dira, horri dagokionez, azpiegiturak (ahal denean, behintzat) gauez erabiliko dira, eta, gainera, eguneko orduetan edukiera-lasaierak aplikatuko dira (merkantzietarako soilik diren bagoiak edo, batzuetan, konboi espezifikoak).
h) Lehenengo mailako sarea argitu eta, gainera, indartu egingo dira ekialde-mendebalde aukerak; halaber, bigarren mailako sarean, elementu desberdinen integrazioa (integrazio funtzionala, ibilgailuena eta oinezkoena) egiten duen sarea ezarriko da, udalerrien arteko eta udalerriko luzera ertaineko ibilbideen bidez.
i) Alde funtzionaleko bi azpialdeen, Gernika eta Lea-Artibai, arteko interkonexioa.
BIGARREN TITULUA
INGURUNE FISIKOAREN ANTOLAMENDUA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
19. artikulua.– Kontzeptua.
Titulu honetan ezarritakoaren ondoreetarako, Ingurune Fisikoaren barruan, udalerriko hirigintza-planeamenduak hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian, zein azpiegituren garapenerako erreserbetarako orain dauden eremuetan, zein sistema orokorretan sartzen ez dituen Eskualde Egiturako lurzoru-azalera guztiak sartzen dira.
20. artikulua.– Ingurune Fisikorako Lurralde Eredua.
1.– Ingurune fisikoaren antolaketarako proposamena memoriaren dokumentuan deskribatzen da eta titulu honen bidez arautzen da.
2.– Lurraldearen Plan Partzial (LPP) honek proposatzen duen lurralde ereduak natura eta landa ingurunea elementu hauen bidez antolatzea ezartzen du:
a) Antolaketa kategoriak.
b) Gainjarritako baldintzak.
c) Osagai nabarmenak.
d) Ingurumena hobetzeko jarduketak.
3.– Ingurune fisikorako lurralde ereduaren antolaketaren proposamen grafikoa ondoko antolaketa planoetan definitzen da:
1.1.– Ingurune fisikoa antolatzeko kategoriak eta ingurumena hobetzeko jarduketak.
1.2.– Ingurune fisikoaren gainjarritako baldintzak: Akuiferoen zaurgarritasuna, higagarritasuna eta uholde arriskua.
1.3.– Ingurune fisikoaren gainjarritako baldintzak: Onura publikoko mendiak eta korridore ekologikoak.
1.4.– Ingurune fisikoaren osagai nabarmenak.
II. KAPITULUA
ANTOLAMENDU KATEGORIAK
1. ATALA
XEDAPEN OROKORRAK
21. artikulua.– Kontzeptua.
LPP honen ondorioetarako, antolaketa kategoriak euren ingurumeneko ezaugarrien arabera homogeneoak diren eremuak dira, zeintzuei beraien baliabideen iraunkortasunarekin bat datozen erabileren zerrenda bat esleitzen zaien.
Kategorizazio hori gorabehera, beste erabilera batzuk egon daitezke, gehiago edo gutxiago finkatutakoak; erabilerak LPPren erabileren matrizeari egokitu beharko zaizkio, edo, bestela, udal plangintzen berrikusketan erregularizatuko dira.
22. artikulua.– Erabileren eta antolaketen arauketa.
1.– Sektoreko legeria propioa duten eremuak erregulatzeko legeria hori erabiliko da.
Alde funtzionalean sartutako Naturagune Babestuen eremuetan, bakoitzaren baliabide naturalak antolatzeko planak (BNAP) edo erabilera eta kudeaketa arautzeko planak (EKAP) erabiliko dira. Gaztelugatxeko Biotopoa, aldiz, bere Dekretuaren bidez arautzen da.
2.– Gainontzeko lurzoru urbaniza ezineko erabileren eta jardueren arauketa matrize egokiaren bidez ezartzen da.
3.– II. eranskinean Inguru Fisiko Antolamenduaren matrizea eransten da, matrize horretan araututako erabilera eta jardueren definizioarekin batera.
4.– Lurraldearen Plan Partzial honen zehaztapen eta arauak zuzenean aplikatzea gorabehera, xehetasun baldintzen antolaketa (II. eranskinean dauden antolaketa matrizeko erabilerak ñabartuko dituena) Planteamendu Orokorretan ezarriko da.
5.– LPP honetan jasotzen den esku hartze araubidea udal plangintzetan errespetatu behar da. Udal plangintzek, halere, araubidea modu xeheagoan garatu ahalko dute.
2. ATALA
APLIKAZIO ARAUBIDEA
23. artikulua.– Kategorizazio proposamena.
1.– LPPak ingurune fisikoa antolatzeko kategoria hauek ezartzen eta definitzen ditu:
– Babes figura bereziak dituzten espazio naturalak eta elementu bereziak.
a) Urdaibaiko Biosferaren erreserba.
b) Babestutako espazio naturalak eta elementu bereziak.
– Babes berezia.
a) Natur intereseko eremuak.
b) Bertako landaretza eremuak eta Batasunaren lehentasunezko intereseko habitatak.
c) Kostaldea babesteko eremuak.
– Azaleko uren babesa.
i) Ibilguak eta erriberak.
ii) Hezeguneak.
– Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako baliabideak babesteko zoruak
a) Nekazaritza eta abeltzaintza, eta landazabala:
i) Balio estrategiko handiko landazabalak.
ii) Trantsizioko landa paisaia.
b) Basoa.
2.– Udaleko plangintza orokorrak LPP honetako kategorizazio proposamenak errespetatuko ditu eta ingurune fisikoan garatuko du 1.1 antolamendu planoan, Ingurune fisikoaren kategoriak eta ingurumena hobetzeko jarduerak, mugatutako zonakatzea, azpikategoriak definitzeko aukera gorabehera, edo mugaketak udal eskalari egokitzeko aukera gorabehera. Ekintza horiek guztiak ondo justifikatuta egon behar dira.
24. artikulua.– Babes figura bereziak dituzten espazio naturalak eta elementu bereziak
1.– Hemen sartzen dira izendatutako eta babestutako espazio guztiak, berariazko legeriarekin eta beren antolaketa tresnekin bat etorriz.
2.– Gernika-Markina eremu funtzionalean ondoko eremu hauek sartzen dira, 1.1 antolamendu planoan, Ingurune Fisikoaren Kategoriak eta Ingurumen Hobekuntzarako Jarduerak, grafiatutakoak:
a) Urdaibaiko Biosferaren erreserba.
b) Babestutako espazio naturalak:
i) Gaztelugatxeko San Joan.
ii) Urdaibaiko ibai sarea.
iii) Urdaibaiko kostaldea eta padurak.
iv) Urdaibaiko Kantauriko artadiak.
v) Lea ibaia.
vi) Artibai ibaia.
vii) Urdaibaiko itsasadarreko hegaztien babes bereziko eremua
c) Babesturiko Elementu Bereziak.
i) Zuhaitz Berezia izendatutako Muxikako Artea.
3.– Urdaibaiko Erreserbaren eremuko erabileren eta jardueren araubide aplikagarria, Abuztuan 3ko 242/1993 Dekretuak onartutako Urdaibai Biosfera Erreserba Erabili eta Kudeatzeari buruzko Egitamu Gidarian (EKEG) ezarritakoa da; egitamu hori Erreserba Babestu eta Antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 5/1989 Legearen babesean idatzita dago. LPPk, informazio-ondoreetarako, EKEGen ezarritako zonifikazioa adierazten du, zehaztapen grafikoetan.
4.– Alde Funtzionaleko esparru babestu guztiak Natura 2000 Sarearen barruan daude. Horietariko sei Kontserbazio Bereziko Aldeak (KBA) dira eta bat Hegaztiak Babesteko Alde Berezia (HBAB).
5.– Lea eta Artibai ibaien kasuan behin betiko 2012ko urriaren 16an onetsi ziren Kontserbazio Helburuak eta Neurriak eta Hezeguneen ALPren erregulazioa aplikatuko dira.
6.– Urdaibaiko Natura Sarean sartuta dauden esparruei eta Gaztelugatxeko San Joanei behin betiko 2013ko ekainaren 4an onetsi ziren kontserbazio helburuak eta neurriak eta EKEGen barruan sartutako zehaztapenak aplikatuko zaizkie.
7.– Aldi berean, Gaztelugatxeko San Joan Biotopo Babestua da, Eusko Jaurlaritzaren irailaren 15eko 229/1998 Dekretuaren bidez adierazi zena; dekretu hori EHAAn argitaratu zen, 1998ko urriaren 19koan.
8.– Urdaibaiko Padura nazioarte mailako garrantziko hezegunea da Ramsar Hitzarmenaren arabera; ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legearen aplikazioaren ondoreetarako babes araubidea bidezko Ramsar Hitzarmenean ezarrita dagoena izango da, hau da, Natura 2000 Sarean eta Biosferaren Urdaibaiko Erreserban sartuta egotearen emaitzako babes, antolamendu eta kudeaketa araubideen indarraldia gorabehera.
9.– Muxikako aparteko zuhaitzaren (Urkietako artea) eta bera babesteko alde periferikoaren berariazko araubidea (Urkietako artea) Eusko Jaurlaritzaren maiatzaren 16ko 265/1995 Dekretuak ezarri duena da.
25. artikulua.– Babes berezia.
1.– Babes bereziko lurzoruak dira babesteko figura propiorik ez duten eta kontserbaziorako balore altuak dituzten inguru naturaleko esparruak, horregatik hirigintza eta lurraldearen ikuspegietatik babes berezia behar dutenak.
2.– Babes bereziko lurzoruetan antolamenduko hiru kategoria bereizten dira:
a) Interes naturaleko aldeak.
b) Landaretza autoktonoko aldeak eta lehentasunezko interes komunitarioko habitatak.
c) Itsas ertza babesteko aldeak.
3.– Antolamenduko irizpide orokorra esparru guztietan dauden eta kategoria horietan sartzea eragin duten balore naturalistiko eta ekologiko partikularrak bermatzea da, beti ere horien berariazko berezitasunei egokituta.
26. artikulua.– Interes naturaleko aldeak.
1.– Interes naturaleko aldeetan ezaugarri horien artapena lortu nahi da, hain zuzen ere esku hartze antropikoa mugatuz eta, hala denean, bere aprobetxamendu jasangarria sustatuz, beti ere erabiltzen den bitartekoaren berrikuntza bermatuz.
2.– Ondoko esparru natural hauek sartzen dira:
a) Otoio mendiak eta itsaslabarrak.
b) Mendexa eta Berriatuko itsas ertzeko ibarrak.
c) Sollube-Garbolako trokak.
d) Oizko mendigunea.
3.– Oizko mendigunearen babesa bere gailurreko errepikagailuen, antenen eta parke eolikoaren presentziarekin bateragarria izango da.
4.– Interes Naturaleko Aldeetan eragina duten itsas ertzeko ALPko babes bereziko aldeak, ingurumena hobetzeko aldeak eta hiri hondartzak ALP horretan ezarri diren zehaztapenen bidez eraenduko dira.
5.– Alde horien antolamenduari dagokionez esparruaren antolamendu xehakatua egingo duen antolamendurako plan berezia behar da (BNAP edo Plan Berezia).
6.– Era iragankorrean, harik-eta berariazko plan horiek burutu arte Interes Naturaleko Aldeen esparruko erabileren eta jardueren araubidea, eta udal plangintzan jasoko dena, ondoko arauen eta Arau hauen eranskinean agertzen den matrizearen emaitzakoa izango da eta, baldin eta kontraesanik badago, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendu Irizpideetako, LAI, Babes Bereziaren Kategoriaren erabileren erregulazioak izango du lehentasuna.
a) Landaredia naturalean esku-hartze garrantzitsuak eragiten dituzten jarduketak salbuespenez eta ondo justifikaturiko zioak daudenean soilik egin ahal izango dira; jarduketa horien artean, aipagarriak dira makineria astuna erabiltzea, baso-soilketak edo erabilera-aldaketak. Jarduketa horiek ondo justifikatu beharko dira, honako irizpide hauek aintzat hartuta: pertsonak nahiz ondasunak babestea, basoa mantentzea edo onarturiko beste zio batzuk.
b) Mantendu egingo dira oraingo zuhaitz-masa autoktonoak. Masa horien tratamendua basotxoetako mozketen edo baso-soilketen bidezkoa izango da, horiek suspertu ahal izateko metodorik egokienaren arabera.
c) Finantziazio-ildo espezifikoak sortzen saiatu behar da, masa naturalak zaintzeko baso-lanak egiteko.
d) Basoko bideak irekitzean, zorrotz errespetatuko da ingurua; lehenengo eta behin, beste aukera batzuk aztertuko dira, eta, gainera, ezinbestekoa izango da hasi baino lehen ingurumen-eraginaren ebaluazio sinplifikatua egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteari buruzko 3/1998 Legeak ezarritakoaren arabera.
e) Aisialdiko zonak, antolamendu xehatuaren bitartez, lehendik dauden bideetatik edo komunikabideetatik hurbil baino ezin izango dira ezarri; horretarako, beharrezkoa izango da halako zonak landa-garapenerako edo kasuan kasuko ingurua sustatzeko beharrezkoak direla justifikatzea.
27. artikulua.– Bertako landaretza guneak eta erkidegoko lehentasunezko intereseko habitatak.
1.– Antolamenduaren kategoria horren barruan sartzen dira biodibertsitaterako interes handiko habitatak eratzen dituzten landare elkarteak sorrarazteagatik ekologia alderdian garrantzitsuak diren esparruak.
2.– Horren barruan sartzen dira Europako 92/43/CEE (Habitat Zuzentaraua) Zuzentarauko erkidegoko lehentasunezko intereseko habitatak eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legeak aintzatesten dituenak, hain zuzen ere Eremu Funtzionalean ageri direnak.
3.– Bertako landaretza guneak landaretza daukaten eta erkidegoko lehentasunezko intereseko habitat gisa identifikatzen ez diren esparruak dira. Halaber, ez dira sartzen babes bereziko beste lurzoru batzuetan, ezta babes figura propioak dauzkaten natur guneetan ere. Ondoko elementuek osatzen dituzte:
a) Bertako basoek.
b) Sastrakek.
c) Belar-landareek.
4.– Horien muga grafikoak antolamenduaren 1.1 planoan ageri dira: Ingurune Fisikoaren Kategoriak eta Ingurumen Hobekuntzarako Jarduerak.
5.– Irizpide nagusia horiek kontserbatzea izango da. Beraz, horien gainean jardutea eskatzen duten garapenetarako mugaketa- eta antolamendu-alternatiben azterlan bat egin beharko da. Azterlan horretan lehentasuna emango zaio horrelakoak jarduketa-eremutik baztertzeari, eta halakorik egitea ezinezkoa bada, esparruko gune askeen sistemaren erreserba eratuko dute.
6.– Antolamenduko gidalerroak honako hauek dira:
a) Bertako landaretza guneen eta erkidegoko lehentasunezko intereseko habitaten erabileren eta jardueren araubidea arau hauen II. eranskineko Ingurune Fisikoko Erabilerak arautzeko Matrizean ezarrita dagoena izango da. Halaber, aplika daitekeen legedi eta araudi sektorialak azaltzen duena ere aplikatuko da (Euskal Herriko basoko espeziei buruzko Araubide Zehatzari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Araua). Udalak arau horren 10. artikulua aplikatzeari buruz egiten duen gogoeta gorabehera, arrazoi justifikaturik egon ezean, espezie horiek kontserba daitezela eskatu behar da hirigintzako aurreikuspenak dauzkaten esparruetan.
b) LPP honek Eusko Jaurlaritzako Landaretza eta Habitaten Mapa ontzat ematen du, baina eremu horien mugaketa zehatza eskumena daukan garapeneko plangintzak definitzen duena izango da. Plangintza horrek eremu horiek aztertuko ditu, zein egoeratan dauden eta zenbaterainoko naturaltasuna daukaten zehaztuko du, eta horren aurka beren mugak proposatuko ditu.
c) Bertako landaretza guneak eta erkidegoko lehentasunezko intereseko habitatak udal plangintzarentzat erreferentzia izan behar dira, Babes Bereziko kategoria mugatzeko.
d) Erkidegoko lehentasunezko intereseko habitatak kontserbaziorako konpromiso baten mendean daude, Europako Habitat Zuzentarauan ezarrita dagoenaren arabera, habitat horiek eremuan daukaten hedaduraren eta kontserbazio-egoera zehatzaren arabera.
e) LPP honen esparruaren barruan Natura 2000 Saretik kanpo dauden Bertako landaretza guneek eta erkidegoko lehentasunezko intereseko habitatek babes-maila berezia izango dute hirigintzako plangintza honetan, eta ahal dela, horietan ez da inolako eraikinik jarriko.
f) Okupazioaren mugako eremuetan eta azpiegituren obretan, bertako landaretza guneak eta erkidegoko lehentasunezko intereseko habitatak zaindu beharko dira; dena dela, tokiko sistemetan eta sistema orokorretan integratu ahal izango dira.
28. artikulua.– Itsasertzeko babes-eremuak.
1.– EAEko Itsasertza Babesteko eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialeko Babes Berezi Zorrotzeko, Babes Berezi Bateragarriko eta Hiri Hondartzetako antolamendu-kategorietan dauden esparruak dira.
2.– Aplikazio arautegia eta Itsasertza Babesteko aldeen esku hartze araubidea Itsasertza Babesteko eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean ezarrita dagoena izango da, baita aplika daitekeen sektoreko legedia ere, LPPn ezarritako zehaztapenetatik erator daitezkeen murrizketa handiagoak errespetatuz.
3.– EAEko Itsasertza Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialeko kategoria horien mugaketaren aldaketak LPP honek bere barnean hartuko ditu, unean uneko aldaketa baten tramitea egin behar izan gabe.
4.– Aurreko hori gorabehera, kontuan hartu beharko da: maiatzaren 29ko 2/2013 Legeak aldatzen duen Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 2/1988 Legearen eraginpean dauden lurzoruetan, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa eta horren mugakide diren lurzoruak Lege horrek ezartzen dituen muga eta zortasunen mendean egongo dira:
a) Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa arautzeko, 2/2013 Legearen lehenengo artikuluko batetik hogeita laura bitarteko zenbakiek aldatutako Kostaldeei buruzko 22/1988 Legearen III. tituluak zehazten duenari jarraituko zaio.
b) Babes-zortasunak ukitzen duen aldean, Kostaldeei buruzko Legearen 24 eta 25. artikuluetan ezarritako erabilerak soilik onartuko dira. Baimenduriko erabilera horiek burutzeko, beste alde batetik, Autonomia Erkidegoaren organo eskudunak emaniko baimena beharko da, Kostaldeei buruzko Erregelamendu Orokorraren 49. artikuluan zehaztu denaren arabera.
c) Errespetatu beharko dira igarotzeko eta itsasora heltzeko zortasunak, Kostaldeei buruzko Legearen 27. eta 28. artikuluetan hurrenez hurren ezarrita daudenak; halaber, 30. artikuluan eragin-eremuari buruz ezartzen diren baldintzak bete beharko dira.
d) Kostaldeei buruzko Legea indarrean jartzean zeuden obrak eta instalazioak (jabari publikoko edo zortasuneko aldean kokaturik daudenak) 2/2013 Legearen lehenengo artikuluko berrogei zenbakiak aldatutako Kostaldeei buruzko Legearen Laugarren Xedapen Iragankorrean ezarritakoaren arabera arautuko dira.
e) Saneamendu sareko instalazioek 2/2013 Legearen lehenengo artikuluko hamabost zenbakiak aldatutako Kostaldeei buruzko Legearen 44.6 artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (lege horren Erregelamenduaren araberako baldintzak).
f) Nolanahi ere, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan planteatzen diren jarduketek horretarako gaitasuna ematen duten titulua eduki beharko dute.
5.– LPPren Ereduaren barruan egonik itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren eraginpean edo babes eta igarotze zortasunen mendean egon ahal diren jarduketak garatzen dituzten plangintzako tresnetan, kontuan hartu beharko dira Kostaldeei buruzko 22/1988 Legearen II. eta III. tituluek hurrenez hurren ezartzen dituzten mugak, bai eta Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legea aldatzen duen Itsasbazterraren babes eta erabilera jasangarriari buruzko maiatzaren 29ko 2/2013 Legearen barruan dauden aldaketak ere.
6.– Ondorio horietarako, LPPk itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren zedarritzearen marra eta babes zortasuna bere zehaztapen grafikoetan sartzen ditu 8. informazio planoan (Uholde arriskua eta kostaldeko mugaketa) eta 6. antolamendu planoan (Lurralde eredua).
7.– Lerro horien irudikapenean desdoikuntzarik gertatuz gero, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Itsas Lehorreko Jabari Publikoaren Zuzendariordetza Nagusiak emandako datuak lehenetsi beharko dira beti.
29. artikulua.– Gainazaleko uren babesa.
1.– Gainazaleko Uren Babeseko kategorian bi azpikategoria sartzen dira:
a) Ubideak eta ibaiertzak.
b) Hezeguneak.
2.– Ubide, hezegune eta ibaiertzen babesa lortu nahi da, uren kalitatea ziurtatzeko eta ibaiertzetako landaretza eta fauna kontserbatzeko, ibaiertzak ekologiaren ikuspuntutik oso gune sentikorrak direlako eta interes handia daukatelako biodibertsitatea iraunarazteko, eta uholde-gertakizunen ondorioak prebenitzeko.
3.– Helburu hau planteatzen da: azaleko eta lurpeko uren kalitatea mantentzea eta lehengoratzea. Gainera, orotara kontuan hartu behar da baliabide natural gisa eta ingurumen bektore gisa duen dimentsioa.
4.– Estrategia eta jarduketa-ildo hauek planteatzen dira:
– Ibai eta errekastoen bazterrak kontserbatzea.
– Andeatutako natur guneak hobetu eta lehengoratzea: ibaiertzak birlandatzea, lehengoratu behar diren ertzak lehengoratu eta hobetzea, hiri guneetako ibaiertzak lehengoratu eta hobetzea.
– Gutxieneko ur-emari ekologikoak zehaztea eta mantentzea, eta kutsaduraren gune eta sorburu nagusiak identifikatzea eta zehazki ebaluatzea.
– Arazo gehien dauzkaten guneen saneamendu eta arazte azpiegiturak lehentasunez garatzea, bai eta baserri bakartuetan ere.
– Nekazaritzako kutsadura murriztea, bereziki nekazaritza eta abeltzaintza jardueratik datozen konposatu nitrogenatuen eta lixibiatuen ondoriozkoa.
– Sistema bat ezartzea akuiferoak eta, bereziki, putzu ugariak eta nekazaritza eta abeltzaintza ustiategien hartune txikiak zaintzeko.
30. artikulua.– Ubideak eta ibaiertzak.
1.– Kategoria horretan sartzen dira ur-ibilgu guztiak, bai eta EAEko Ertzen eta Erreken Antolamendurako LPSko tarteek eta zonifikazioak ezarritako gutxieneko erretiroak aplikatzetik eratorritako babes esparruak ere.
2.– Aplikazio arautegia eta Azaleko Uren esku hartze araubidea EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean ezarrita dagoena izango da, baita aplika daitekeen sektoreko legedia ere, LPPn ezarritako zehaztapenetatik erator daitezkeen murrizketa handiagoak errespetatuz.
3.– Horri kasu guztietan hala hirigintzako garapenek nola lurzoru urbanizaezinen gainean udal plangintzak baimentzen dituen hirikoak ez diren erabilerek bete behar dituzten uren mugatze, kautela edo zaintzari buruzko legeriaren berezko zehaztapenak batu behar zaizkio.
4.– EAEko Ibai eta Erreken Antolamendurako LAPn, babes-eremua ez da uniformea edo homogeneoa, eta, hortaz, esku hartzeko araubidea agiri horretan ezarritakoa izango da, kontuan hartuta tarte jakin bakoitzerako ezarritako araudi espezifikoak, bertan jasotako osagaien eta gainjarritako baldintzatzaileen arabera.
5.– LPPk, bere zehaztapen grafikoetan, babesturiko ibilguak jasotzen ditu, eta horiei aurreko puntuan ezarritakoa aplikatzen zaie.
6.– Azaleko uren kalitatea bermatzearen ondoreetarako ALPren Memorian burutu behar diren edo, hala denean, hirigintzako plangintzak eta honako Lurralde Plan Partzialean integratu behar diren lurraldea antolatzeko bitarteko guztiek bideratu edo egokitu behar dituzten artezpideak sartu dira.
31. artikulua.– Hezeguneak.
1.– Hezeguneak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Hezeguneen Arlokako Lurralde Planean horrela definituta agertzen diren alde heze guztiak.
2.– Hezeguneen sailkapena aplikagarria den arlokako legeriak ezarriko duena eta ondoko puntu hauetan azaldu dena izango da:
a) EAEko Hezeguneen Arlokako Lurralde Planak definitutako I. taldeko hezegunea, Urdaibaiko itsasadarra, Biosferaren Urdaibaiko Erreserbako mugen barruan dago kokatuta eta, horren ondorioz, Erreserba horretako berariazko figura den EKPAren arautegiak ezarri duenarekin bat erregulatzen da.
b) EAEko Hezeguneen Arlokako Lurralde Planak definitutako II. taldeko hezeguneak, Lea eta Artibai itsasadarrak, aipatu den ALPn erregulatzen dira.
c) EAEko Hezeguneen Arlokako Lurralde Planak definitutako III. taldeko hezeguneak, hau da, Gernika-Markina Alde Funtzionalaren barruan daudenak (Iluntzarko baltsa, Euengo baltsak, Laugaingo putzua, Bermeoko Gas Plantako urtegia, Aulestiko urtegia, San Andreseko urtegia eta Oizko Mendiguneko zingirak), udal planeamenduaren barruan erregulatzen dira eta bertan, herri jabaritza hidraulikoari buruzko zehaztapenak betez, ezarriko da horien erregulazioa.
3.– Gernika-Markina Alde Funtzionalaren LPPren antolamenduko kategoria horien aplikazioaren esparru geografikoaren barruan LPP honek onetsi egingo ditu EAEko Hezeguneen Arlokako Lurralde Planeko kategoria horien mugaketaren aldarazpenak eta onespen horrek ez du beharko unean uneko aldarazpenaren tramiterik.
32. artikulua.– Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako bitartekoak babesteko lurzorua.
1.– Lurraldearen Plan Partzial honen ondoreetarako, kategoria hauetan atxikitako lurzoruak gehienbat basoko eta nekazaritzako nahiz abeltzaintzako erabilera duten eremuei dagozkienak dira, eta ez daude aurreko artikuluetan zehazturiko kategorietan jasota.
2.– Gaur egungo nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako ezaugarriak mantentzea eta hobetzea bilatzen da; hori nahi da kasuan kasuko aldeetan errepikatu egiten den erabilera horren ahalmenagatik eta bere interesagatik, lurralde ereduarekin bateragarria delako eta, hori ez ezik, ekosistema eta nekazaritza eta abeltzaintzako paisaien aldekoa delako.
3.– Babesteko lurzoruak eratzen dituzten kategoriak eta azpikategoriak hauek dira:
a) Nekazaritza eta abeltzaintza eta landazabalak:
i) Balio estrategiko altuko landazabalak.
ii) Trantsizioko landa paisaia.
b) Basogintzakoa.
4.– LPPren barruan azaltzen diren kategoriak eta azpikategoriak egokitu egin daitezke udal planeamenduan; egokitzapen horiek errealitate fisikoari moldatzeko inguruabar objektiboengatik eta azaldu dien helburu orokorrekiko begiruneagatik izango dira.
5.– Onartu egingo da EAEko nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako Arlokako Lurralde Planak kategoria horien mugaketak aldatzea eta onespen horrek ez du beharko unean uneko aldarazpenaren tramiterik.
6.– Basoko eta nekazaritzako nahiz abeltzaintzako eta landazabaleko kategorietan, LPPk proposaturiko bide- eta trenbide-azpiegituren oinarrizko eskemaren trazatuak egokitzapenak eta moldaerak izan ditzake, baldin eta horiek funtzionamendua eta zerbitzua hobetzeko beharrezkoak badira.
7.– LPPk nekazaritza eta abeltzaintza eta landazabalen aldeak, bi azpikategoriak bereiztuz, eta basogintza identifikatu ditu antolamenduaren 1.1 planoan. Ingurune Fisikoaren Kategoriak eta Ingurumen Hobekuntzarako Jarduerak.
33. artikulua.– Nekazaritza, abeltzaintza eta landazabalak.
1.– Ahalmen agrologiko desberdinetako lurzoruak mugatzen ditu eta, beraz, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako potentzialtasun handienak dituztenak.
2.– Helburu moduan nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako jardueren mantenua eta sustapena planteatu da, hala landa esparruaren bideragarritasunerako funtsezko sektore ekonomiko moduan, nola bitarteko naturalen maneiuaren arloan paisaia artatzen eta kudeatzen eta lurraldearen identitatea zaintzen burutzen dituen funtzioengatik.
3.– LPPren Memorian hirigintzako planeamenduak eta honako Lurraldearen Plan Partzialaren barruan integratu behar diren lurraldea antolatzeko bitarteko guztiek hartu behar dituzten bidezko artezpideak sartzen dira.
4.– Estrategia eta jarduteko ildo moduan ondoko hauek planteatu dira:
– Landa herrien bizi-kalitatea hobetzea, batez ere zuzkiduren eta azpiegitura eta ekipamenduen arloetako irizpideei kasu eginda.
– Ustiategien ekoizteko egitura hobetzea eta jardueren askotarikotasuna bultzatzea.
– Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako ustiategien ingurumenarekiko konpromisoa eta kudeaketa laguntzea.
– Ustiategien arduradunen prestakuntza eta gaitasuna, hala teknikoa nola ingurumenekoa.
5.– Bi azpikategoria bereizi dira, Balio Estrategiko Handiko Landazabalak (kalitate edafikorik handiena dutenak) eta Trantsizioko Landa Paisaiak.
6.– Balio estrategiko altuko landazabaletan asmoa Alde Funtzionalaren barruan nekazaritza eta abeltzaintza interes handiena duten lurrik onenak bereiztea eta horiek babesteko lehentasun handiena ezartzea da. Landazabal arrunta bat dator gaur egun Alde Funtzionaleko gainerako nekazaritza eta abeltzaintzako landazabalak diren gainerako lurrekin.
7.– Bi azpikategoria horien helburua oraingo nekazaritzako eta abeltzaintzako erabilerak eta ustiapenak mantentzea da, baita horiekin bateragarriak izan eta landazabaletako nahiz horiei loturiko ekosistemetako nekazaritza-paisaien kontserbazioa bermatzen duten erabilerak eta ustiapenak mantentzea ere.
8.– Horiek mugatzeko erreferentzia moduan nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako ALP hartu da.
9.– Nekazaritzako nahiz Abeltzaintzako eta Landazabaleko eremuan, hain zuzen ere, Balio Estrategiko Handiko Landazabalak eta Trantsizioko Landa Paisaia azpikategorietan, erabileren zein jardueren araubidea eta udal-planeamenduak jasotzen duena honako arau hauen III. eranskinean jasotako erabileren matrizearen ondoriozkoa izango da.
34. artikulua.– Basogintza.
1.– Basoko eremuak, izatez ere, euren oraingo erabileraren eta erabilera-bokazioko arrazoien (malda, arriskuak, arroen babesa,...) ondorioz baso-erabilera emankorrerako bokazio argia dutenak dira. Oraingo baso-masak ez dira kalifikazio honen barruan sartzen, hau da, beheko edo landazabaleko zonan kokatuta egon eta bertako elementuak direnak; azken horietan, beraz, basoko erabilerak nekazaritzako nahiz abeltzaintzako erabilerekin konbinatu edo txandakatu ahal dira.
2.– Helburu moduan ekoizteko basogintzaren arrazionalizatzea eta hobetzea planteatu da, hain zuzen ere landa esparruko ekonomiaren eta lurraren erabileren osagai nagusienetakoa delako, eta xedea basogintzako azalera mantentzea eta, hori ez ezik, areagotzea da, beti ere basoko baliabideak, termino ekonomiko eta ingurumenekoetan, era jasangarrian ustiatuz eta berariaz zainduz higadura arrisku handiena duten lurrak, esparru babestuen barruan dauden lurrak eta, oro har, esparru horiek berez duten biodibertsitatea.
3.– Basogintza kategoriaren barruko erabilera eta jardueren araubideak eta udal plangintzan jasoko denak kontuan hartuko dituzte 3/1994 Foru Araua, ekainaren 2koa, Mendi eta Naturgune Babestuen Administrazioari buruzkoa eta 3/2007 Foru Araua, martxoaren 20koa, hau ere Mendi eta Naturgune Babestuen Administrazioari buruzkoa eta aurreko Foru Araua aldatzen duena, eta araubide hori Arau horien III. eranskinean ematen diren erabileren matrizearen emaitzakoa izango da.
4.– LPPren Memorian hirigintzako planeamenduak eta honako Lurraldearen Plan Partzialaren barruan integratu behar diren lurraldea antolatzeko bitarteko guztiek hartu behar dituzten bidezko artezpideak sartzen dira.
5.– Estrategia eta jarduteko ildo moduan ondoko hauek planteatu dira: basogintzan eta egurraren lehen transformazioan lan egiten duten enpresen basogintzako kudeaketa jasangarrirako sistemak zabaltzea eta finkatzea eta basogintzako teknika eta praktika onen garapen eta ezarpen eragingarria.
III. KAPITULUA
KATEGORIZAZIOARI GAINJARRITAKO BALDINTZATZAILEAK
35. artikulua.– Kontzeptua eta definizioa.
1.– Baldintza gainjarriak antolamenduko kategoriei gainjartzen zaizkie kategorizazio horrekin guztiz bat ez datozen eremuetan, arriskurik biziena dagoen lekuetan, eta mugatu egiten dute zenbait jarduera egiteko modua, kasu bakoitzean dagoen arrisku motaren arabera eta berariazko babes-irizpideak kontuan hartuta.
2.– Faktore jakin baten arabera erabilera mugatzen duten baldintzak direnez, arriskuak saihesteko edo behar diren babesak ezartzeko beharrezkoak diren muga osagarriak baino ez dira ezartzen.
3.– Hauek dira antolamenduari gainjarritako baldintzak:
a) Akuiferoak kutsatzeko arriskua dagoen eremuak.
b) Eremu higagarriak eta higadura-arriskua dutenak.
c) Urak har ditzakeen eremuak.
d) Herri onurako mendiak.
e) Pasabide ekologikoak.
4.– Baldintza gainjarriak antolamenduko 1.2 eta 1.3 planoetan («Baldintza gainjarriak») irudikatuta daude.
36. artikulua.– Akuiferoen kutsadurarekiko eremu zaurgarriak.
1.– Gernika-Markinako Lurraldearen Plan Partzialaren ondoreetarako, akuiferoen kutsadurarekiko eremu zaurgarriak izango dira lurpeko akuiferoak kargatzeko eginkizuna izan eta baliabide horren kutsadurarekiko zaurgarritasun handia dutenak.
2.– Grafikoetan ageri diren mugak Euskal Autonomia Erkidegoko akuiferoak kutsatzeko arriskuaren mapatik hartu dira. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen Sailak egin du mapa hori. Hala ere, udal planeamendu orokorreko tresnetan eta, egonez gero, garapen tresnetan ezarriko dira eremu horietako muga zehatzak, antolamendua eta esku-hartze eta erabileren araubidea.
3.– Irizpide orokor gisa, lurzorua okupatzeko eta erabiltzeko moduen kontrola indartu egingo da. Horrela, arrisku-eremuetan eragotzi egingo da lurzorua eta lixibiazioz azpiko akuiferoa kutsa ditzaketen erabilerak eta jarduerak kokatzea.
4.– Esparru horietan garatuko diren jarduketek kontuan izan beharko dituzte arau hauek:
a) Debekatuta dago hiri hondakin solidoak eta gai arriskutsuak biltegiratzeko eta tratatzeko ekipamenduak kokatzea.
b) Debekatuta dago abeltzaintzako azpiegiturak (pixor-zuloak, simaurtegiak, lurperatzeko zuloak edo beste batzuk), akuiferoak kutsa ditzaketenak, eraikitzea edo kokatzea akuiferoak kutsatzeko arrisku handia duten eremuetan.
c) Landaretza eta lurzoruaren egitura aldatu eta lurraren iragazkortasun naturalari eragiten dioten jarduketen kontrola bermatuko da.
d) Nekazaritza eta basogintzako jardueretan kontuan hartu beharko dira Nekazaritza Lanetan Egoki Jarduteko Kodetik (abenduaren 22ko 390/1998 Dekretua, Eusko Jaurlaritzarena, eta hura sakontzeko 2008ko apirilaren 8ko Agindua) ondorioztatzen diren irizpideak, herbiziden, landare-osasuneko tratamenduen edo ongarrien erabilerari dagokionez.
e) Zuzkidurak eta azpiegiturak egokitzeko lehentasunezko eremuak izango dira Akuiferoen Zaurgarritasuna deritzon gainjarritako baldintzatzailearen eragineko eremuetan dauden hiriguneak nahiz landaguneak eta baserri isolatuak.
f) Akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasun handiko eremuetan instalaturiko hondakindegiak beste leku batean kokatu eta horien ingurumena hobetu beharra ezartzen da.
5.– Hornidurarako ura hartzeari dagokionez, Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoaren 2010-2021 bitarteko Plan Hidrologikoak (EAE barruko arroen eremua) proposatzen du arro nagusien inguruan babes perimetroak ezar daitezela eta horien barruan baldintzak edo mugak ezar daitezela uraren kalitatean eragina izan dezaketen jardueretarako.
6.– Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan babes perimetro bakarra dago, Gernikako akuiferokoa. Horren mugak eta arauak Uren zuzendariaren 2004ko azaroaren 21eko Ebazpenean ezarri dira (2005eko apirilaren 8ko EHAA). Lurraldearen Plan Partzialak bere egiten du agiri arauemaile horretan ezarritakoa, eta bertan aldaketaren bat egiten bada, LPP honek bere egingo du, aldaketa puntualik izapidetu beharrik izan gabe.
7.– Eremu horien kontserbazioa eta lurpeko ur baliabideen kudeaketa egokia helburu hartuta, LPPko Memorian hainbat neurri eta gidalerro jaso dira, aintzat hartu beharrekoak hirigintzako planeamenduan eta legez LPP honetan sartu behar diren lurralde-antolamenduko tresna guztietan.
37. artikulua.– Eremu higagarriak eta higadura-arriskua dutenak.
1.– Baldintza honek mugatzen dituen eremuek, euren ezaugarri geomorfologikoak direla eta (malda handiak, substratu ezegonkorrak etab.), arrisku handia dute higadura sortu eta garatzeko, substratuaren izaerak berak eraginda, edo gizakiak lurrean egiten dituen jardueren ondorioz.
2.– Helburua da landare estaldura egokia mantendu edo sortzea eta hedatzea, lurra higaduratik babestuko duen funtsezko elementu gisa, eta, horrekin batera, lurzoruaren egonkortasunean eragina izan dezakeen jarduerarik ez egitea.
3.– Grafikoetan ageri diren mugak USLEren Benetako Higaduraren kartografiatik atera da. 2005. urteko kartografia da, eta bertan ageri dira higadura prozesu muturrekoak, oso larriak edo larriak dituzten eremuak. Hala ere, udal planeamendu orokorreko tresnetan eta, egonez gero, garapen tresnetan ezarriko dira eremu horietako muga zehatzak, antolamendua eta esku-hartzeen eta erabileren araubidea.
4.– Aplikatu beharrekoak dira Nekazaritza eta Basogintzako Lurralde Plan Sektorialean higadura-arriskuarengatik zaurgarriak diren eremuetarako jaso diren gidalerro orokorrak, batez ere nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako erabileretarako direnak.
5.– Dena dela, Esparru horietan garatuko diren jarduketek kontuan izan beharko dituzte jarraibide hauek:
a) Baso baliabideak antolatzeko planek (BBAP), Mendiei buruzko Estatuko 43/2003 Legean ezarritakoek, arrisku hori aurreikusi beharko dute eta beren-beregi jaso beharko dute euren agiri teknikoan.
b) Basogintzako jarduerek lurzoruko baliabideen eta ur baliabideen kontserbazioa bermatuko dute.
c) Higadura arriskua duten eremuetan, baso administrazio eskudunak zehaztuko du zer irizpide eta betekizun eskatuko diren lur mugimenduak edo landarediaren aldaketak berekin dakartzan edozein jarduera egiteko.
d) Basoberritzeko jarduera publikoak, lehentasunez, arriskurik handieneko eta nekazaritzarako baliorik txikieneko aldeetan egingo dira.
e) Arrisku eremuen barruan egon eta nekazaritzako produktibitatea duten lurretan, lurzoru galerarik eragiten ez duten laborantza teknikak zehaztuko dira.
f) Lurralde ekintza guztietan landaredia babestuko da, eta, oso bereziki, baso autoktonoak kontserbatuko dira.
38. artikulua.– Urak har ditzakeen eremuak.
1.– Gernika-Markinako Lurraldearen Plan Partzialaren ondoreetarako, eremu urperagarriak izango dira euren kokalekuaren, erliebearen eta ezaugarri topografikoen eraginez ohiko uhandirik handienetan uholde-arriskuak dituztenak.
2.– Hiru birgertatze-aldietan (10, 100 eta 500 urte) urpean geratzeko arriskua duten lurzorutzat jotzen dira Uraren Euskal Agentziaren webgunean horrela mugatuta daudenak.
Aurrerantzean muga horien edozein aldaketa agiri honi erantsiko litzaioke, eta egungo mugak ordeztuko lituzke, eta hirigintzako garapena eragotziko litzateke okupazioaren mugakide diren lekuetan, leku horiek uholde-eremu berrietan sartuz gero.
3.– Esparru horietan garatuko diren jarduketek arau hauek bete beharko dituzte:
a) Lurraldearen Plan Partzialak hirigintzako garapena debekatzen du 10, 100 eta 500 urteko birgertatze-aldietako uholde-eremuen barruan, eremu horiek duten balio edafologiko handiagatik.
b) Betiere, LPP honetan ezarritako murrizketak errespetatuz, eremu horietako esku-hartzeen araubidea EAEko Ibai-erreken Antolamendurako LPParen aldaketan araututakoaren bidez osatuko da.
c) Uholde arriskua duten eremuetan gaur egun kalifikazioa baduten lurzoruetan, aplikagarriak izango dira urpean gera daitezkeen eremuen gaineko baldintzak, II. eranskinean jasotakoak.
4.– Egun uholdeak izateko arriskuak kaltetutako eremuetan kalifikatutako lurzoruetan Kantauri Ekialdeko Mugapearen Plan Hidrologikoko arauak aplikatuko dira, itsasoko eta lehorreko jabari publikoari atxikitako itsasadarren ertzen esparruan aurreikusitako jarduketak barne.
5.– Oka, Lea eta Artibai ibaietako uholdeak izateko arrisku esanguratsua duten eremuetan (UAEE), uholdeak izateko arriskua kudeatzeko planak egiteko fasean zehatz-mehatz aztertuko da zer defentsa-jarduketa egin daitezkeen gune finkatuetan uholdeen aurka. Horien mugaketa jaso da Lurraldearen Plan Partzialeko kartografian.
6.– Ur jabari hidraulikoari eragiten dioten LPP honetako jarduketek, bertako zortasun-eremuetan edo polizia-eremuetan kokatuta daudenek, eta uholdeak izateko arriskuak dituztenek, lehenik URA Uraren Euskal Agentziaren administrazio-baimena beharko dute.
7.– Uholde arriskua gutxitzeko eta uholdeen eragina leuntzeko, LPPko memorian, gainera, hainbat neurri eta gidalerro jaso dira, eta horiek bete beharko dituzte bai hirigintzako planeamenduak baita Lurralde Plan Partzial honetan sartu beharreko lurralde-antolamenduko tresna guztiek ere.
39. artikulua.– Herri onurako mendiak.
1.– Baldintza honen eraginpean daude Bizkaiko Lurralde Historikoko Herri Onurako Mendien katalogoan sartutako jabariko mendiak (jabari publikokoak).
2.– Basoen egonkortasun ahalik eta handiena lortzeko moduan kudeatu behar dira herri onurako mendiak. Basogintzako metodoen bitartez, lehentasunez, egokiro kontrolatu behar dira higadura, sute-arriskua, elurte, haizete, uholde eta ibaialdien kalteak eta mendiaren ezaugarri babesleak galtzeko bestelako arriskuak. Era berean, bermatu egin behar da kontserbazio egoera ona mantenduko dela, edo, hala behar denean, sailkapenaren zio izan ziren balioak lehengoratuko direla.
3.– Mendi horietan aplikagarriak dira Mendiei buruzko Foru Arauaren II. kapituluan (1. eta 2. atalak) jasotako arauak:
– 3/1994 Foru Araua, ekainaren 2koa, mendiei eta babestutako espazio naturalak administratzeari buruzkoa, ekainaren 28an argitaratua.
– 3/2007 Foru Araua, martxoaren 20koa, ekainaren 2ko 3/1994 Foru Araua aldatzen duena (2007ko martxoaren 28ko BAO).
4.– Herri onurako mendien arau-izaera eta mugaketa udal planeamenduan jaso beharko dira. Mendi horietan edozein erabilera-aldaketa egin aurretik beharrezkoa izango da Baso Administrazioak aldeko txostena ematea.
5.– Herri onurako mendiak erreferentzia gisa hartu behar dira udal planeamenduan babes bereziko kategoria mugatzeko.
40. artikulua.– Pasabide ekologikoak.
1.– Espazio naturalak lotzen dituen igarobide-sarea ezarri da, zehaztapen grafikoetan mugaturikoa, EAEko Igarobide Ekologikoen Sarean oinarrituz.
2.– EAEko Pasabide Ekologikoen Sarea eratu da beharrezkoa delako espezieen eremu naturalen arteko lotura funtzionala zaindu eta lehengoratzea, populazioak isolatu ez daitezen. Europar Batasunaren intereseko habitaten arteko lotura eta koherentzia ekologikoa sustatzea da helburua.
3.– Igarobide horietarako ezarritako helburu nagusiak EAEko Igarobide Ekologikoen Sarerako ezarritakoak dira:
– Eragin kaltegarrien prebentzioa egitea.
– Landaredi naturaleko elementuak kontserbatzea eta, behar izanez gero, suspertzea.
– Nekazaritzako, basoko, abeltzaintzako eta ehizako aprobetxamenduen ustiapen iraunkorra egitea.
4.– Pasabide ekologiko izendatutako eremuetan aplikatu beharrekoak izango dira Nekazaritza eta Basogintzako Lurralde Plan Sektorialean markatu eta Lurraldearen Plan Partzialeko Memorian jaso diren gidalerro orokorrak.
5.– Pasabide ekologikoak erreferentzia gisa hartu behar dira udal planeamenduan babes bereziko kategoria mugatzeko.
IV. KAPITULUA
INGURUNE FISIKOKO OSAGAI GARRANTZITSUAK
41. artikulua.– Kontzeptua eta definizioa.
1.– Lurraldearen Plan Partzial honen ondoreetarako, ingurune fisikoko osagai garrantzitsuek modu irekian mugatzen edo adierazten dituzte ingumenaren, naturaren eta ekologiaren aldetik balio handikoak diren guneak, edo gaikako garrantzi espezifikoa dutenak eta, euren berezitasunaren eraginez, Eskualde Egiturako natura-ondarea osatzen dutenak.
2.– Azterketa egingo duen azterlan xehakatua beharko dute eta, hala denean, esparru baten eta bera babesteko inguruaren mugaketa egitearen ardura planeamendu orokorra edo garapenekoa izango da, eta baita bere behin betiko antolakuntza ere. Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan sartuta dauden flora- eta fauna-espezietarako interes berezia duten aldeak salbuetsita daude kudeaketa plan bat badute.
3.– Inguru fisikoaren ondoko osagai aipagarri edo garrantzitsuak hartu dira aintzat:
a) Fauna mehatxatua.
b) Landaretza mehatxatua.
c) Interes geologikoko aldeak.
d) Zuhaitz interesgarriak.
4.– Horien mugaketa grafikoa antolamenduaren 1.4 planoan. Osagai Aipagarriak deritzonean ematen da.
42. artikulua.– Fauna mehatxatua.
1.– Mehatxatutako fauna-espezietarako interes berezia duten aldeak sartzen dira, besteak beste kudeaketa plana onartuta duten alde funtzionalean daudenak; ekaitz-txoria (
2.– Horien erregulazioa 1/2014 Lege Dekretuan, apirilaren 15ekoan, Euskal Autonomia Erkidegoko natura babesten duenean, zehaztuta dago, eta baita Ondare Naturalari eta Biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legean ere; halaber, EAEko fauna mehatxatuko espezien katalogoetako eta berariazko kudeaketa eta kontserbazio planetako zehaztapenak beteko dira.
3.– Alde funtzionalean dauden mehatxatutako gainerako fauna-espezietarako interes berezia duten aldeak ere sartzen dira. Hauek dira espezieak: Schreibers saguzarra (
4.– Espezie mehatxatu moduan katalogatuta dauden animalien taldeak dituzten aldeak erreferentzia izango dira udal planeamenduan Babes Bereziko kategoria mugatzerakoan.
43. artikulua.– Landaretza mehatxatua.
1.– Atal honen barruan kontserbazioari dagokionez interes berezia duten espezie jakin batzuk kokatuta dauden esparruak sartzen dira.
2.– Horien erregulazioa, fauna mehatxatuaren kasuan gertatzen den bezala, 1/2014 Lege Dekretuan, apirilaren 15ekoan, Euskal Autonomia Erkidegoko natura babesten duenean, zehaztuta dago, eta baita Ondare Naturalari eta Biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legean ere; halaber, EAEko landaretza mehatxatuko espezien katalogoetako eta berariazko kudeaketa eta kontserbazio planetako zehaztapenak beteko dira.
3.– 1.4. Antolamendu Planean biltzen diren landaretza mehatxatuaren presentziako laukiekin bat datozen esparruetan inguruaren aldarazpena eragingo duen edozein jarduketa egiteko derrigorrezkoa izango da espezie mehatxatu horien aleen identifikazioari buruzko berariazko azterlana egitea.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko natura babesteari buruzko apirilaren 15eko 1/2014 Lege Dekretuaren zehaztapenak betetzearen ondoreetarako debekatuta egongo dira espezie horien habitatak hautsi, mutilatu, moztu edo errotik kentzeko moduko baimendu gabeko jarduketak; gauza bera gertatuko da «galtzeko arriskuan» edo «zaurgarriak» bezala katalogatuta dauden espezien kasuan. Halaber, debekatuta dago ale biziak edo hilak edukitzea, naturalizatzea, garraiatzea, saltzea, erakustea, inportatzea edo esportatzea, eta gauza bera landareen propagulu edo atalekin; debeku da haziak, polena edo esporak biltzea, arauz ezarrita egongo diren kasuetan izan ezik.
44. artikulua.– Interes geologikoa.
1.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak EAEko Interes Geologikoko Inbentario bat egin du, 150 toki dituena erregistratuta; horrekin batera Geodibertsitateko Estrategia egin du, hain zuzen ere estatuko plan estrategikotik ezarri diren ekintza zehatzak biltzen dituena eta gaur egun jendearen parte hartzerako irekita dagoena.
2.– Gaur egun eztabaida fasean dagoen proposamenari dagokion kartografia GeoEuskadiko FTP deskarga zerbitzuan argitaratuta dago.
3.– Era iragankorrean, harik-eta behin betiko kartografia onetsi arte eta EAEko Geodibertsitateko Estrategiako ekintzetako batek ezarri duenarekin bat, LPP honek Alde Funtzionalean 19 IGT inbentariatuta daudela esaten du; horien mugaketa grafikoa 1.4 planoan. Inguru fisikoaren osagai aipagarriak deritzonean bildu da. Horiek azterketa egingo duen azterlan xehakatua beharko dute eta, hala denean, esparru baten eta bera babesteko inguruaren mugaketa egitearen ardura planeamendu orokorra edo garapenekoa izango da, eta baita bere behin betiko antolakuntza ere.
4.– Esku hartzeko araubideak, hau guztia gorabehera, gutxieneko esku hartzearen printzipioak beteko ditu.
5.– Urdaibairen kasu zehatzean, EAE osorako ereduzko esperientzia moduan, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren Geodibertsitatea Kudeatzeko Estrategia 2011-2018 egin da. Horren barruan 2014. urtean berrikusi zen Interes Geologikoko Tokien Inbentario bat sartu da, EAEn erabili den analisi-eskala baino zehatzagoa duena eta 43 toki ematen dituena. Etorkizunean gaur egun berrikuspen fasean dagoen Urdaibaiko EKPAren barruan sartuko da eta bertatik erregulatuko da.
45. artikulua.– Zuhaitz interesgarriak.
1.– Zuhaitz interesgarriak, Eusko Jaurlaritzaren 265/1995 Dekretuan izendatuta egon ez arren, ondare-balio handia dutenak dira, edo kultura-, historia- edo zientzia-esangura berezia eta garrantzitsua dutenak.
2.– Lurraldearen Plan Partzial honek halako aleak daudela adierazten du, eta horiek ikerketa xehatua beharko dute, ondo aztertzen dituena; ikerketa hori planeamendu orokorrak edo garapeneko planeamenduak egingo du, aleok galtzeko arriskua saihesteko; ale horiek katalogo espezifikoan sartu eta babestu egingo ditu, eta debekaturik egongo da horiek suntsitzea, markatzea edo eurei kalte egitea, seinaleztatzea edo edozein helburutarako euskarri fisikotzat erabiltzea, Ingurumen Sailburuordetzaren baimenik gabe, harik eta eurok kudeatzeko eta kontserbatzeko adierazpen eta araubide espezifikoa behin betiko tramitatu arte.
3.– 1.4 planoa. Inguru fisikoaren osagai aipagarriak deritzonekoak dira eta honako LPPren Antolakuntzaren Memorian jasota daude.
V. KAPITULUA
INGURUMENA HOBETZEKO JARDUKETAK
46. artikulua.– Ingurumena hobetzeko jarduketen kontzeptua eta definizioa.
1.– Ingurumeneko Hobekuntzaren barruan jarduketa jakin batzuk sartzen dira eta Alde Funtzionalaren barruan hiru esparru fisiko desberdin ukitzen ditu:
a) Lehengoratzeko beharrizana duten ibaien ertzak.
b) Ekosistemak hobetzeko aldeak.
c) Narriatuta dauden eta lehengoratu behar diren aldeak (hondakindegiak, eskonbrotegiak, aurri industrialak, harrobi inaktiboak, ustez kutsatuta egon daitezkeen lurrak, etab.); horietan nahitaezkoa da jarduketa zehatzak egitea euren ingurumeneko lehengoratzea lortzearen ondoreetarako.
2.– Ingurumeneko hobekuntzako jarduketekin bat datozen aldeak 1.1 antolamendu planoan, Ingurune fisikoaren kategoriak eta ingurumen hobekuntzarako jarduerak deritzon planoan grafiatuta daude.
3.– Xedea inguru naturalaren ezaugarrien hobekuntza lortzea da, zertarako-eta lurzoru horietan egon dauden balore ekologikoak, kulturalak eta ekonomikoak egoera aurreratuagoetara bilakatzea lortzeko; hori esku hartze antropikoa mugatuta eta horien aprobetxamendu jasangarria sustatuta egingo da, beti ere erabili den bitartekoaren berrikuntza bermatuz.
4.– Irizpide orokor moduan, Plan Orokorrek ingurumeneko hobekuntzen jarduketetan sartzen diren aldeen antolamendua burutuko dute, esparru horietan baimenduta dauden erabilerak koordinatuz proposatu den lehengoratze helburu horretara iristeko.
47. artikulua.– Lehengoratze beharrizana duten ibaien ertzak.
1.– LPPk EAEko Ibai eta Errekastoen Antolamendurako ALPetik jaso ditu lehengoratze beharrizana duten ibaien ertzak.
2.– Helburua EAEko Ibai eta Errekastoen Antolamendurako ALPren Aldarazpenaren terminoetan gizakien esku hartzeen ondorioz narriatuta dauden ertzak lehengoratzea da, baina ondoko esku hartze hauek sustatuz:
a) Plan horretan xehakatu diren higadura, lur-jauzi edo akuiferoen zaurgarritasun arriskua duten aldeak.
b) Ondo kontserbatu diren landaretza-errenkaden tarteak, ondoko grafiko hauetan xehakatuta daudenak.
c) Hirien inguruak, non ubideen inguruen birlandaketek interes sozio-ingurumeneko esparru bihurtzeko aukerak dituzten aldeen kualifikazio berria eta hobekuntzan lagun ditzaketen; kasu guztietan zortasun publikoko errenkadak aprobetxatuko dira landaretza-korridoreen tamaina handitzeko eta, interesik handiena duten ibaiertzen ondoetan, oinezkoentzako pasealekuak gaitzeko.
48. artikulua.– Ekosistemak hobetzeko aldeak.
1.– Ekosistemak hobetzeko aldetzat jotzen dira balore ekologiko, ingurumeneko edo/eta paisajistiko garrantzitsuak eduki arren era eta gradu askotako aldarazpen antropikoak jasan dituztenak, baina itzulgarriak direnak.
2.– LPPk EAEko Ibai eta Errekastoen Antolamendurako ALPko ekosistemak hobetzeko aldeak aintzatesten ditu; alde horietan ALP horretan zehaztu diren irizpideak aplikatuko dira.
3.– Jarduteko irizpide orokorra aldeek kalitate gradu handiagoko bilakaerak lortzeko ekintzak egitea da, horretarako interesa duten ekosistema funtzionalak lehengoratzeko lanak garatuz. Gaur egun era tradizionalean ezarritako nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako jarduerei lotuta dauden maneiatzeak dituzten aldeetan, ingurumeneko balorearekin bateraezinak direnean, antolamenduari ekiteko irizpidea jarduera horien eta ingurumena lehengoratzeko jardueren arteko bateragarritasuna izango da.
49. artikulua.– Lehengoratu behar diren alde narriatuak.
1.– Lur gutxi duten aldeak edo gaur egun higadura handia dutenak dira; alde horietan ahalik eta arinen egin behar dira ekosistemak hobetzeko eta lehengoratzeko lanak, zertarako-eta bitartekoen galera horrek aurrera jarraitzea saihesteko.
2.– Alde hauen barruan sartzen dira ondoko hauek:
a) EAEko nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako ALPn sartu diren ingurumeneko hobekuntza aldeetako batzuk (harrobi inaktiboak eta hondakindegiak).
b) EAEko itsas ertza antolatzeko ALPk ezarri dituen lehengoratu beharreko alde narriatuak, ALP horretan zehaztutako irizpideak ezartzeko izango dira.
c) Lurzorua kutsatzeko jarduerak edo instalazioak jasaten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuko kokapen eta hondakindegi inaktiboak.
3.– Lehengoratze lanen garapenak derrigorrez eskatzen du kasu bakoitzerako berariazko proiektua egitea; proiektu horretan besteak beste ondoko hauek bezalako alderdiak erabili eta bermatuko dira: espezie autoktonoen erabilera; hazien jatorriaren bermea eta genetika; espezie horiek lurraren arabera hautatzea; etab. Alde horien kudeaketa era integralean burutuko da, baimenduta dauden erabilerak koordinatuz proposatu den lehengoratze helburura iristeko.
4.– Lur kutsatuetarako lehengoratze neurriek lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa zuzentzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarri dena beteko dute.
5.– Hirigintzako udal plangintzak harrobi inaktiboen kudeaketari ekingo dio proposatu den lehengoratze helburua lortzeko baimenduta dauden erabilerak koordinatuz; ataza horiek ateratze jarduerek ukitutako esparru naturalak lehengoratzeari buruzko ekainaren 20ko 115/2000 Dekretuak ezarri dituen irizpideak betez burutuko dira.
6.– Hondakindegiak eska daitekeen legerian ezarritako xedapenei lotuta daude: Eusko Jaurlaritzaren azaroaren 2ko 423/1994 Dekretua (EHAA, 1994ko abenduak 19) eta Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumeneko sailburuaren 1995eko otsailaren 15eko Agindua (EHAA, 1995eko martxoak 20).
7.– LPPko kartografian azaltzen den harrobi eta hondakindegi inaktiboetan ingurumena hobetzeko baldintzaren kokapena ez da zehatza. LPPren dokumentazio grafikoan identifikatu gabeko mota horretako esparruen presentzia badago, esparru horietan arestian aipatu diren baldintza berberak aplikatuko dira.
VI. KAPITULUA
BESTELAKO JARDUERAK LURZORU URBANIZAEZINEAN
50. artikulua.– Ateratze jardueren erregulazioa.
1.– Alde Funtzionalaren barruan aktiboan dauden harrobien kasuan erregulatu egingo da horien jarduera. Erregulazio hori arlokako legeria aplikagarriaren edo, horren ezean, hura ordeztuko duenaren bidez egingo da: meategiei buruzko uztailaren 21eko 22/1973 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, ingurumen eraginaren ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, eta ateratze jarduerek ukitutako esparru naturalak lehengoratzeari buruzko ekainaren 20ko 115/2000 Dekretua.
2.– Ateratze jarduerak egitearen ondorioz ukitutako aldeen mugaketa, eta baita erabilera horretara dedika daitezkeenena ere, udal planeamenduak ezarriko duena izango da, hots, LAAetan ezarri denarekin bat.
3.– Kontuan hartuta ateratze jarduerak ezartzeak ingurumenaren eraginari buruzko aurretiazko ebaluazio indibidualizatua behar duela, lurzorua eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak ezarri dituen beharkizunak bete behar dira, eta baita hori garatzen duen presazko neurriei buruzko 105/2008 Dekretuko (EHAA, 2008ko ekainak 23), 4.3 artikuluak ezarri dituenak ere. Beraz, aipatu berri den lurzorua eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legeko 59.2.c.7) artikuluak ezarri duenarekin bat, plan berezi baten idazkuntza eta onespena behar da.
4.– Plan Bereziek, beste zehaztapen batzuen artean, ustiategi horien behin betiko mugaketa ezarri beharko dute. Mugaketa hori EAELABren aldeko txostenari lotuta egongo da.
5.– Gaur egun indarrean dagoen legeriarekin bat eta, zehatzago esanda, Euskal Autonomia Erkidegoko lurzorua eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legearekin bat, aridoak ateratzeko eta harrobiak ustiatzeko kasuan kasu egokiak izango diren arlokako baimenak eta ingurumeneko eraginen ebaluazioak ez ezik, derrigorrezkoa izango da udal lizentzia ateratzea (Lege horretako 207.1.j) artikulua).
51. artikulua.– Uretako jardueren erregulazioa. Ingurumen eta lurralde baldintzak.
1.– Uretako jarduera edo akuikulturatzat jotzen dira ekoizteko edo ikertzeko helburuekin itsasoko uretako organismoen hazkuntza prozesuak, eta jarduera horien barruan sartzen dira hala itsasoan bertan nola lehorrean jardueraren osagarri moduan egiten diren transformazio eta merkaturatze faseak.
2.– Uretako instalazioaren definizio xehakatuaren eta itsas ertzeko beste erabilera batzuekiko bateragarritasunaren erantzukizuna udal planeamenduena izango da, beti ere ondoko gomendio hauek betez:
a) Ahalegina egingo da uretako jarduerak edo itsasoko jarduerarako edo jarduera mistorako beharrezkoak diren elementuak lehorrean instalatzeko, hau da, alde industrialetan edo portuetan, beti ere instalazioa eta ekoizpena jarduera horiek garatzeko itsasoko uraren gehieneko kalitatea eskuratzearekin bateragarria denean.
b) Instalazioak, bere kokapenaren edo berari lotuta dauden instalazioen ondorioz, esparru babestuak edo balio natural edo kulturaleko elementuak ukitzen baditu, eskumenak dituen administrazioak instalazio obra guztiak gainikusi beharko ditu eta, horrela, esparru horietan haizu daitezkeen obretara mugatuko dira.
c) Ahalegina egingo da instalazioek euren zerbitzurako izango diren bide azpiegitura berrien betearazpenik eragin ez dezaten eta beti burutuko dira egon dauden bide azpiegituren ardatzen gainean.
d) Instalazioaren dimentsioak eta betearazpenak bermatu egingo du kokatuta egongo den inguru naturalarekiko erabateko integrazioa; horretarako beharrezkoa izango da paisaiaren integrazio ikuspegiak betez burutzea.
e) Lurraldearen gaineko eraginak arinduko dira, besteak beste lur berdinketak, ezpondak edo hustuketak; aldi berean, ura hartzeko, iragazteko, biltegiratzeko eta berriz isurtzeko eta abarrerako instalazioek begirunez zainduko dute itsasoa eta bere ingurua, eta gauza bera egingo dute jarduera zuzen garatzeko beharrezkoak izango diren elementu guztiek.
VII. KAPITULUA
PAISAIAN SARTZEA
52. artikulua.– Lurralde-unitateak eta lurzoruaren erabilerak.
Gernika-Markinako Eskualde Egituraren paisaiaren lurralde aniztasuna, azterlana egin ondoren, honela zehaztu zen: paisaiaren 10 eremu edo lurralde-unitate identifikatu eta ezaugarritu ziren orotara.
1.– Sollube, Truende eta Burgoa mendiak eta isurialdeak.
2.– Mundakako erreka eta horren bazterrak.
3.– Ibarrangelu, Ereño, Nabarniz eta Aulestiko mendiak.
4.– Landazabal atlantikoak eta itsasertzeko ibarrak.
5.– Lea ibaiko beheko harana eta haran ertaina.
6.– Urdaibaiko hegoko landazabalak.
7.– Oka, Berrekondo eta Golakoko goi haranak.
8.– Lea ibaiko goi harana.
9.– Artibai ibaiko harana.
10.– Oiz mendiko gailurra eta isurialdeak.
53. artikulua.– Helburuak eta jarduketa-ildoak.
1.– LPPren xedea natur eta landa eremuetarako sarrera publikoa sustatzea da, haien balioek eta funtzioek behar dituzten kasuan kasuko murrizpenak izanik, naturarekin eta kalitatezko landa-eremuekin harremanetan izateak dakartzan gizarte interesgatik eta, hala denean, interes ekonomikoagatik, betiere ukipen negatiboak gutxituz.
2.– Hona hemen xede hori lortzeko jarduketa-ildo nagusiak:
a) Beharrezko harrera-azpiegitura sustatzea eta sortzea: ibilbideak, landa-ostatuak, etab.
b) Nekazaritza-turismorako eta landa-turismorako pizgarriak ematea, nekazaritza-ustiategien errentaren jarduera osagarri gisa.
c) Itsasertzeko guneekin loturiko aisialdi jarduerak antolatzea eta erregulatzea, bereziki azpiegituren eta zuzkiduren kokapena, eta eskariaren zati bat harrera-ahalmena duten beste natur eta landa gune batzuetara bideratzea.
3.– LPPren paisaiaren antolamendua sei alderditan zehazten da espezifikoki; izan ere, paisaiaren kalitaterako helburu handitzat har litezke eta, edozelan ere, gizartea sentsibilizatzeko prozesua gauzatu beharra dago.
a) Paisaia Interes Bereziko Eremuak babestea.
b) Paisaiara hurbiltzea eta berau gozatzea errespetuz jokatuta.
c) Lea, Oka eta Artibai ibaien paisaia-baliabideak balioestea.
d) Paisaia hobetzea eta birgaitzea.
e) Eraikuntzak, azpiegiturak eta jarduerak paisaian integratzea.
f) Baserriak mantentzea eta haien inguruaren kontserbazioa.
54. artikulua.– Paisaia Interes Bereziko Eremuak babestea.
1.– Paisaia Interes Bereziko Eremuak lurralde zatiak dira, non, haiei datxezkien paisaia balioak eta kontserbazio egoera ona edo topografiaren aldetik gune nabarmenak eta agerikoak direla-eta, babes berezia eman nahi den.
2.– Eremuok identifikatzeko, baserriaren landa-irudia nagusi deneko zenbait guneren garbitasun, harmonia, nagusitasuna eta agerikotasun handia hartu dira aintzat, baita lurraldeko hainbat guneren interes geomorfologikoa eta ikusizko interesa ere. Oro har, lurraldeko toki nabarmenei eta kostaldeko zenbait elementuri dagokie.
3.– Helburu hauek lortu nahi dira:
a) Landako, nekazaritzako, basoko, larreko eta baserriko paisaia osatzen duten elementuak babestea eta jagotea.
b) Ingurunea zaintzeko jarduerak eta jardunak sustatzea diru-laguntza publikoen bidez eta nekazariekin eta beste interesatu batzuekin kontratuak eginez.
c) Inguruneari erreparatzea eta jendeak paisaia errespetuz erabiltzea sustatzea: aldi berean lurralde ondaretzat eta baliabide ekonomikotzat hartu behar da, eta nekazaritzako ustiategiak eurak izan daitezken interesdun nagusiak, jardueren askotariko funtzioak dituen planteamendu irekian. Jardueron artean, landa-turismokoak sartzen dira.
4.– Ondoren, Eskualde Egiturako ingurunea zaintzeko eta hobetzeko egokien jotako irizpideak azalduko dira, eta arreta berezia jarri behar da paisaia interes bereziko eremuetan:
a) Tradiziozko eraikuntza-ildoei eustea, betiere baserri berrien itxurei eta bolumenei, egungoak hobetu edo handitzeari eta nekazaritza-ustiategiari erantsitako beste instalazio batzuei dagokienez.
b) Tradiziozko materialekin eta koloreekin bat datozen eraikuntza-elementuak erabiltzea (hormak, itxiturak, gainaldeak, etab.), baserri berrietarako eta nekazaritza-abeltzaintzako jarduerarako erantsitako beste instalazio batzuetarako, nahiz egon daudenak handitzeko edo hobetzeko.
c) Landa-bideen sistemaren ezaugarriei eustea sarearen, landareen eta ertzetako tradiziozko beste eraikuntza-elementuen aldetik, baita zoruaren eta seinaleztapenaren eta, hala denean, beharrezkotzat jotzen diren altzarien aldetik ere. Horren bidez, bideek ingurunea eta inguruneari begiratzeko sarbideak egituratzeko elementu gisa duten eginkizun garrantzitsuari eutsi diezaioten gura da.
d) Negutegien kokapena mugatzea agerien dauden eremuetan eta paisaiaren aldetik kalitate handiena duten eremuetan. Gainerakoetan, integrazioa erraztuko da hesiak eta beste elementu batzuk jarriz eta horien ezaugarrietarako egokia den eskala erabiliz.
5.– Memoriaren 5.10.3 atalean, LPPk paisaia interes bereziko eremu gisa proposaturiko eremuen zerrenda irekia ageri da.
55. artikulua.– Ingurunera hurbiltzea eta berau gozatzea errespetuz jokatuta:
1.– LPPk Paisaia Intereseko Ibilbideen Sarea sortzea bultzatzen du, ingurunera hurbiltzeko eta ingurunea errespetatuz gozatzeko aukera ematen duena; izan ere, neurri handi batean, egungo bideetan oinarrituriko ibilbideak dira, lur-zatiak errespetatu eta ez dute nekazaritza-abeltzaintzako jarduera eragozten.
2.– Eskualde Egituran, paisaia intereseko ibilbide hauek azpimarratu behar dira:
a) Done Jakue Bidea.
b) Ibilbide Nagusia.
c) GR 123 edo Bizkaiko Itzulia.
d) GR 98 edo Urdaibaiko Itzulia.
e) GR 38 edo Ardoaren eta arrainaren bidea.
f) Lea, Artibai eta Oka ibaien paisaia-ibilbideak.
3.– Paisaia intereseko ibilbideetan, ahal den neurrian, paisaia interes bereziko zenbait elementu sartuko dira. Horien artean, hauexek bereiz daitezke:
a) Paisaia mugarriak, talaiekin eta begiratokiekin osatuak, erliebearen elementu nabarmenak eta gizartean garrantzitsuak diren aldetik.
b) Paisaia intereseko kultur elementuak edo multzoak, euren balioagatik (baselizak, zenbait landa-gune, bakarturik dauden baserriak, historiaurreko monumentuak eta inguruak), paisaia intereseko eremuetan edota ibilbideetan integratuta egoteagatik edo intereseko ikuspegiak eskaintzeagatik.
4.– Ingurunearen ikuspegia hobetzeko, komenigarria izango litzateke egungo begiratokiak hobetzeko programa bat egitea eta paisaia-ibilbideen eta begiratoki berrien definizioa eta instituzionalizazioa.
5.– Memoriaren 5.10.2 atalean, Eskualde Egituran hautaturiko paisaia interes bereziko mugarrien eta kultur elementuen zerrenda irekia ageri da.
56. artikulua.– Lea, Oka eta Artibai ibaietako paisaia-baliabideak balioestea.
1.– LPPk ekintzak proposatzea gomendatzen du udal plangintzetan, hain zuzen ere gutxieneko jarduketa izanik ibaietako paisaia-ibilbideak balioesteko ingurunean sartzeko elementuak diren aldetik, eta aldi berean, haien balio ekologikoa eta naturala zainduz.
2.– Besteak beste, ibilbide horiek dauden tokietan, haiei buruzko informazio-oinarriak ezartzea gomendatzen da, non bisitariek ibilbidea egiteko zenbait zerbitzu koordinatuko diren (aparkalekuak, garraio kolektiboko geltokiak, etab.).
3.– Bereziki balioetsi nahi dira Oka ibaiko arroaren eta Lea eta Artibai ibaien eta inguruneen berezko paisaia balioak, eta azken horien Ingurumen eta Paisaia Balioko Landazabalak eta balio estrategiko handiko lurrak identifikatuko dira, gehienak urak har ditzakeenak.
4.– Irizpide hauek errespetatuko dira ibaietako paisaia ibilbidetan:
a) Ahal dela, egungo landa bideak eta errepideak izango dituzte oinarri.
b) Egungo lur-zatiak ez haustea, halako moldez non ez baitituzte eragotziko egungo nekazaritza eta baso ustiategiak.
c) Ibaiko habitat naturalean eta bertan bizi diren espezietan eraginik ez izatea.
57. artikulua.– Paisaia hobetzea eta birgaitzea.
1.– LPPk ingurunea lehengoratzearen eta mantentzearen arloan proposatzen dituen neurrien ardatza egoera txarrean dauden eremuak lehengoratzea eta paisaia antropizatuaren eta landa ingurunearen arteko trantsizioko eta ertzeko elementuak zaintzea dira.
2.– Hona hemen garatu beharreko neurri nagusiak:
a) Egoera txarrenean dauden guneak lehengoratzea eta birsortzea (bereziki harrobiak eta horien inguruak).
b) Kostaldeko bazterrak lehengoratzea eta egokitzea, birlandatzea eta garbiketa lanak barne.
c) Komunikabide nagusien inguruen tratamendua, lurraldean duten eragina leuntzeko xedearekin.
d) Hiriko biztanle-gune nagusietako fatxaden tratamendua, bereziki landa inguruekiko mugetan. Bertan, gainera, ertzeko elementuak zainduko dira, hala nola bideak edo lur-zatien hesi perimetralak.
e) Itsas fatxaden tratamendua, itsasertzeko ikusizko iragazgaiztasun funtzionala sustatuz, aisialdirako elementuak sortzen dituzten itsasoko aurrealdeko gune publikoak indartuz, Planak proposaturiko ibilbideei eta igarobideei jarraipena emanda betiere.
f) Landa-guneen inguruaren tratamendua, ikuspegi morfologikoa emanez asentamenduen eta landa-lurraren arteko mugari.
g) Itsasertzeko ondare eta ingurune elementuak balioestea, horien kontserbazioa bermatuz.
h) Paisaiaren irisgarritasuna eta ikuspena indartzea, eremuen eta ibilbideen jarraipena bermatuz eta ahalik eta gutxien esku hartzeko eta eremuak lehengoratu eta zaintzeko printzipiok errespetatuz eta Plan Bereziek edo Ingurunearen Ordenantzek haientzat ezarritakoa betez.
58. artikulua.– Eraikuntzak, azpiegiturak eta jarduerak paisaian integratzea.
1.– Eraikuntzak, azpiegiturak eta jarduerak paisaian integratzearen xedea da proiektua eta inguruko paisaia osatzen duten elementuen arteko harremanak indartzea, halako moldez non, ezinbesteko eraldaketa gorabehera, lehenbizikoak bigarrena bildu eta osagarria izango baita.
2.– Paisaiaren irisgarritasuna modu integratuan antolatu beharko dute inplikaturiko udalek, jarraitasuna bermatuz. Lehentasuna emango zaio proposamenen antolamendu xehatua inplikaturiko udal guztiek batera egiteari.
3.– Oro har, paisaiaren irisgarritasunaren sistema integratuan, esku-hartze araubidea gutxieneko esku-hartze, berrikuntza eta kontserbazio-irizpideei erantzungo die, eta Plan Bereziek edo Paisaiaren Ordenantzek horretarako ezarritakora egokituko da; besteak beste, honako printzipio hauek errespetatu beharko dira:
a) Paisaia-kontzeptua eta Paisaiaren Europako Hitzarmenean (Europako Kontseilua, 2000) nahiz Europako Lurralde Estrategian ezarritako ekintzak garatzea, baita EAEko Paisaia Berezien Katalogoaren Aurreproiektuan ezarritakoak ere.
b) Paisaiaren eragina eta ekipamenduen zein azpiegituren integrazioa ahalik eta gutxien murriztea, batez ere mugarriei eta talaiei dagokienez, errepideetako ikusmen-arroen eta guneen inguruan.
c) Lehendik dauden telekomunikazio-azpiegituren eta azpiegitura elektrikoen tratamendu berezia eta antolamendua egitea, eta horiek paisaia-balioetara egokitzea.
d) Sareko azpiegitura linealak orokorrean lurperatzea, baldin eta aireko instalazioak lurpekoak baino eragin kaltegarri urriagoa duela justifikatzen bada, ingurumen-ebaluazio egokiaren bitartez.
e) Tentsio altuko energia elektrikoaren garraioko lineen trazatua ekiditea.
f) Paisaian eragina duten gainerako jarduera, azpiegitura eta ekipamendu guztiak arautzea, hesirik, ikusmen-kutsadurarik eta paisaiaren hutsaltzerik ez egoteko.
g) Hiri-aurrealdeak eta horien inguruak antolatzeko neurri bereziak ezartzea, ikuspegi eta mugarri garrantzitsuenen paisaia-balioak ez aldatzeko, narriatzeko edo pobretzeko, ikuslerik eta adierazgarritasunik handieneko ikuspegiei arreta berezia jarrita.
h) Elementuak edo jarduketak guneen inguruan integratzea ahalbidetzen duten jarduketetako irizpideak eta arauak garatzea.
i) Guneen hiri-inguruko egiturako paisaia tratatzea, espazio horien birkualifikazio formalerako.
j) Antolamendu-neurri bereziak ezartzea, landa-inguruan isolaturiko eraikuntzetarako eta lehendik daudenen kontserbaziorako, paisaia-integrazioko irizpideen arabera eta eraikuntza-tipologia tradizionala mantenduz.
k) Landa-paisaia tradizionaleko elementuak kontserbatzea eta baloratzea, paisaia-interes berezikotzat hartzen diren eremu guztietan; horretarako, lurraren jabe eta ustiapenarekiko hitzarmenaren amaiera eta akordioa sustatuko dira.
l) Landa-ondare arkitektonikoa eta paisaia-intereseko landa-bideak balioztatzeko ekimenak sustatuko dira.
m) Paisaiaren irisgarritasunaren eta interpretazioaren sustapen orokorra egingo da, beharrezko murriztapen guztiak eginez.
n) Paisaia-intereseko ibilbideen diseinuan landako bide-sarea suspertzeko ekimenak sartuko dira.
59. artikulua.– Baserriak mantentzea eta haien inguruaren kontserbazioa.
1.– Gehienbat oinarrizko jarduerarekin eta lurraldeko berezko ingurunea osatzearekin lotutako familia bateko edo biko etxebizitza erabilera duten baserrien mantentzearen alde agertzen da LPP.
2.– Alabaina, beste jarduera ekonomiko bati lotutako erabilera onartzen da hala nola turismokoa edo hornidurakoa, betiere baserria bere tipologia eta eraikuntza printzipioekin bat etorriz mantentzen bada eta nahitaez bete beharreko araudi autonomikoa errespetatzen bada, zehazki landa-eremuko turismo ostatuak arautzen dituen apirilaren 16ko 199/2013 Dekretua.
3.– LPPn urbanizazioek eta etxebizitzek lurzoru urbanizaezinean duten presioa mugatu nahi da, eta asmo horri eutsiz baina bere erabilerarekin bateragarria den ondare arkitektonikoaren kontserbazioa sustatzeko asmoz, baserria gehienez lau etxebizitzatan banatzeko baimena emango litzateke, betiere baldintza hauek betetzen baldin badira:
a) Eutsi egingo zaie baserriarekin lotutako lur-zatiaren batasunari eta banaezintasunari, hesiak jarri barik.
b) Jatorrizko eraikinaren morfologia, izaera eta bolumena errespetatuko dira.
c) Ez da onartuko etxebizitza kolektiboko tipologiarik.
d) Landa-gunean edo nekazaritza-abeltzaintza eta landazabala babesteko lurzoru urbanizaezinean kokatuta egongo da.
e) Egoiliarrei eman beharreko zerbitzuaren kalitatearen baldintza beretan mantentzeko nahikoa azpiegitura egingo dira, berriak sortu behar izan barik, uraren zikloko zerbitzuko azpiegitura-sareak (hornidura, saneamendua eta arazketa) nahiz komunikabideak eta garraioak.
4.– Udal Plangintzak ondoko muga hauek edukiko ditu:
a) Aparkaleku aldeak erabiltzeko baldintza izango da landaretza eta zoladura iragazkorrak bateratzea.
b) Ez du onartuko ibilgailuak gordetzeko eraikinik egitea.
c) Ez du lur mugimendurik baimenduko lurzati hartzaile osoan.
d) Mugatu egingo du fatxadetan bao berriak zabaltzea.
e) Etxebizitzaren gutxieneko zabalera definituko du.
5.– Ondare kulturalaren babesaren arloko figuraren baten barruan sartzen diren eraikinen kasuan ustezko zatiketak, aldi berean, babes horren emaitzako bidezko erregulazioa bete beharko du eraikinaren ondare balioen mantenuaren ondoreetarako.
6.– Era berean, LPPn beharrezkotzat jotzen da lurzoru urbanizaezinean kokaturiko baserrien udal inbentarioa egitea aurretik, non baserri bakoitza zatitzeko posibilitatea aztertuko den, betiere emandako baldintzak betez.
7.– Lurzoru urbanizaezinean dauden beste eraikuntzen antolamendua, baldin eta baserriekin edo funtzionalki horien menpeko diren elementu salbuetsiekin bat ez badatoz, 2/2006 Legeak edo horren ordezkoak eta udal plangintzak ezarritakoaren araberako izango da.
VIII. KAPITULUA
LANDAGUNEAK
60. artikulua.– Helburuak.
LPPren helburu zehatzak eremu funtzionaleko landa-nukleoei dagokienez honakoak dira:
1.– Nekazarientzako lurzoru urbanizaezinetako finkapen berriak lehenestea, bereziki bizitegirako xedatutako finkapen berrien aurrean.
2.– Biztanleguneen landa-izaera berreskuratzea.
3.– Haien mugapena berriro aztertu.
61. artikulua.– Landaguneen eredua.
1.– LPP honetako landaguneei buruzko eredua kapitulu honetako zehaztapenen bidez eta 1.6. Landaguneak antolamendu-planoaren bidez osatzen da.
2.– Kapitulu honetan dauden proposamenak lotesleak dira udal-plangintzarako.
62. artikulua.– Definizioa.
1.– Kapitulu honetan landaguneak arautuko dira. Ekainaren 30eko 2/2006 Legeak –Lurzoruari eta hirigintzari buruzkoak– emandako definizioarekin bat etorriz, seitik hogeita bostera arteko baserri-multzoak dira, izaera ematen dien espazio publiko baten inguruan bilduak. Baserritzat jotzen dira 105/2008 Dekretuak –lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legea garatzen duten premiazko neurriei buruzkoak– 9. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eraikinak.
2.– Foru-aldundiek beren lurralde historikoko landaguneen inbentarioa egingo dute, 105/2008 Dekretuak –lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legea garatzen duten premiazko neurriei buruzkoak– 7. artikuluan ezarritako prozedurari jarraiki.
3.– Udalaren hirigintza-plangintzak ezin izango ditu landagune izendatu atal honetan adierazitako arauketetan jasota dauden baldintzak betetzen ez dituztenak edo inbentarioa onartutakoan izaera horrekin jasota ez daudenak.
63. artikulua.– Arauketa.
Landaguneak ekainaren 30eko 2/2006 Legeak –lurzoruari eta hirigintzari buruzkoak– eta ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuak –2/2006 Legea garatzen duten premiazko neurriei buruzkoak– edo horiek ordezten dituzten arauek horri dagokionez xedatutakoaren arabera arautuko dira, LPPk arau horietan espezifikoki jasotzen duenari kalterik egin gabe.
64. artikulua.– Landaguneak berrikusteko irizpide orokorrak.
1.– Bizkaiko landaguneen inbentarioa onartutakoan, LPP honetan jasotako landaguneen zerrendaren aurrean nagusituko da.
2.– Landaguneen inbentarioa onartzen ez den bitartean, LPP honek xedapen iragankor hauek ezartzen ditu:
a) Indarrean dagoen legeak ezartzen dituen baldintzak era argian betetzen dituzten landaguneek landagune-kalifikazioari eutsi ahal izango diote.
b) Landagunearen behin betiko mugapenak gehienez bizitegi-erabilerako 25 eraikin egikaritzea ahalbidetuko du. Udal-plangintzak berriro mugatu beharko ditu indarrean dagoen legerian landagune izateko ezarritako mugak betetzen dituzten baina haien hazkunde-aurreikuspenak sendotzearen ondorioz eraikuntzen gehienezko kopurua gainditzen dituztenak.
c) Sei eta hogeita bost baserri bitartean dituzten baina landagune-izaera ematen dien eta biltzen dituen ageriko espazio publikorik ez daukaten guneen kasuan, udal-plangintzak aztertu beharko du existitzen diren ala ez.
d) Gutxienez 6 baserri barne hartzeko baldintza betetzen ez duten guneek ezin izango diote landagune-kalifikazioari eutsi. Beraz, udal-plangintzek deskalifikatu beharko dituzte, baserri horiek eduki badauzkatela frogatu ezean. LPPtik, aldi baterako, deskalifikatu arte, eraikin berriak egikaritzeko aukera deuseztatuko da.
3.– Udalek landaguneak dituztenean, ondoren adierazitako irizpideetan jarriko dute arreta:
a) Landagune izateko legezko betekizunak betetzen direnean, mugapena berrikusi beharko da eta haren azalera eta eraikigarritasuna landaguneen berezkoak direnetara egokitu beharko dira, haien inguruneko berezkoa den abeltzaintza- eta nekazaritza-gaitasuna daukaten lurzoruen babesaren alde egiteko.
b) Landagune gisa sailkatutako azalera txikitzen bada, askatutako lurzoruari dagokion ingurune fisikoaren kategorizazio berria ingurunearekin koherentea izango da.
c) Landaguneen mugapenak berezkoak zaizkien izaera historikoa, trazadura tradizionalak, lurzatiaren antzeko dimentsioak eta izaera produktiboa, nekazaritzari zein abeltzaintzari dagokienez, babesteko eta zaintzeko neurriei jaramon egingo die.
d) 5/1998 Legearen xedapenekin bat etorriz beren garapena osatu duten landaguneen kasuan, egiaztatu beharko da, baserri kopurua 25 baino handiagoa denean ere bai, haien mugapenak landagunetzat jotzeko baldintzak betetzen dituela, hau da, haien etxebizitzak espazio publiko baten inguruan bilduta daudela edo, aitzitik, eraikin sakabanatuak direla; kasu horretan, landagunearen mugaketa baldintza horiek betetzen dituenera murriztu beharko da.
e) Beraz, landagunearen garapena 5/1998 Legearen xedapenei jarraiki garatutakoan, LPPek okupaziorako mugen barruan sartu dituzten landaguneetan bakarrik egin ahalko dira hirigintza-garapenak, hazkunde horiek dagozkien udal-ereduetan justifikatuta daudenean.
f) LPP honetan ez dago gaur egungo landaguneetan hirigintza-hazkundeak egiteko proposamenik.
g) Landaguneen udal-arauketak berezkoak zaizkien nekazaritza- eta abeltzaintza-erabilera produktiboek bizirik irauten dutela bermatu beharko du.
h) Eraikuntza-tipologia oraingoaren antzekoa izango da: landagune bakoitzaren ezaugarriak mantenduko dira eta multzoak eratzeko gai izango dira.
65. artikulua.– Antolamendu-irizpideak eta udal-plangintzek eta/edo plangintza bereziek jaso behar dituzten zehaztapenak.
1.– Eremu funtzionaleko landaguneen berrikuspena plangintza orokorraren edo plan berezi baten bidez egingo da.
2.– Landaguneen hazkunde kontrolgabe eta eutsiezina kontrolatze aldera, plangintza orokorrek eta/edo bereziek V. eranskinean sartu diren neurriak eta irizpideak hartu beharko dituzte barne.
3.– Horretarako, plangintza orokor eta/edo berezi horiek VI. eranskinean aipatutako informazioa eman beharko dute.
HIRUGARREN TITULUA
BIZITEGI-KOKAGUNEEN ETA EKONOMIA-JARDUEREN KOKALEKUEN SISTEMA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
66. artikulua.– Kokaguneen lurralde-eredua.
1.– Lurraldearen Plan Partzialak, bere bizitegi-kokaguneei eta ekonomia-jarduerei buruzko proposamenak emanez, espazio- eta sektore-oreka lortu nahi du, eremu funtzional osoak nahikoa bizileku- eta enplegu-eskaintza izan dezan, garapen jasangarriko irizpideei jarraiki.
2.– Kokaguneen lurralde-eredua titulu honetan eta dagokion ereduko antolamendu-planoan ezarritako zehaztapenen bidez zehazten da.
3.– Titulu honetan ezarritako oinarriko zehaztapenak lotesleak dira udal-plangintzak idazteko, Lurraldearen Plan Partzialean ezarritako malgutasun-marjinen baitan.
67. artikulua.– Kokagune-ereduaren irizpide orokorrak.
1.– Kokagune-ereduaren definizioan, LPPk proposatutakoan, funtsezkotzat jotzen dira honako irizpide orokor hauek:
a) Lurzoruaren kontsumoa murriztea, bizitegi-plangintzan eta ekonomia-jardueren plangintzan.
Ereduko etxebizitza-beharrak eta ekonomia-jardueren beharrak asetzeko (eskaintza tresna bat da, ez xede bat), Lurraldearen Plan Partzialak hauei lehentasuna ematen die: eraikitako ondarea optimizatzeari, etxebizitza hutsa mobilizatzearen eta dauden eraikinak birgaitzearen bidez; industria-lurzoru zaharkituak lehengoratzeari; indarreko plangintzaren gaitasunari; eta berriz trinkotzeko aukerei, 2/2006 Legean ezarritako gutxieneko eraikigarritasun-irizpideak agortuz, lehentasunezko esku-hartze mota gisa lurzoru berrien okupazioaren aurretik.
b) Espazioan uztartutako ekonomia-jardueraren eta bizitegiaren eredu mistoa sustatzea.
Lurraldearen Plan Partzialak ezartzen du udalerri buruetako edo azpiburuetako bizitegi-erabilera globaleko lurzoru berriek eremuko eraikitako bizitegi-azaleraren % 10eko gutxieneko erreserba bat izatea, ekonomia-jarduerak kokatzeko, hala nola: Industria-erabilera bateragarria, hirugarren sektoreko merkataritza, bulegoak eta zuzkidura pribatuko zerbitzuak (hezkuntza, osasuna, gizarte-zerbitzuak, kirol- eta kultura-zerbitzuak eta beste antzeko batzuk).
c) Biztanleriaren eta lurralde-orekaren mantentzea.
Eremu funtzionaleko udalerrietako bakoitzean etxebizitzetarako eta ekonomia-jardueretarako lurzorua prestatzen saiatzen da LPP, biztanleria mantendu ahal izateko, dauden herriguneetako biztanleria beste kokagune batzuetara joan ez dadin, planaren indarraldian.
d) Natura- eta landa-ingurunea zaintzea eta hobetzea.
Lurraldearen Plan Partzialak okupaziorako muga-esparru batzuk ezartzen ditu, Lurraldearen Plan Partzialaren indarraldian beharrezkoak izan daitezkeen hirigintza-garapen berri batzuk barne hartzeko, (a) atalean deskribatutako lehentasunezko esku hartzeko moduak erabili ondoren, eraikitako eta urbanizatutako ondarea eta gaitasuna optimizatuz.
Muga-esparruak ingurumen-balio txikieneko lurzoruen artean hautatzen dira, eta gainerako lurzoru urbanizaezina babesten dute eta datorren artikuluan zehaztutako baldintza multzo bat bete behar dituzte.
Udalerriek proposatu ahalko dute lurzoru berri horien sailkapena plangintzaren berrikusketetan edo aldaketetan, beren beharra justifikatuz. Esparruen mugatzeak ezarritako eskaintzaren muga gainditzen du, lasaieraz, udal-plangintzari beste aukera batzuk emateko eta lan-eskala zehatzago batean egokitzeko.
Udal-planek garapen berriko lurzoruetan egiten duten behin betiko mugatzeak aintzat hartu beharko du nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiak martxan daudela, haiek mantentzeko eta hobetzeko.
e) Mugikortasun jasangarria: Garraio publikoarekin eta mugikortasun mota alternatiboekin lotutako irisgarritasuna.
LPPk hiri trinkoaren eta erabileren nahasketaren printzipioei jarraitzen die, jarduerak eta kokaguneak sakabanatzeko egungo joerak (hiri sakabanatua) zuzentzen saiatzeko, eta egungo joera horiek mugikortasun jasangarriaren aurkakoak dira.
LPPk garraio publikoa eta oinezkoen eta txirrindularien trafikoa sustatzeko beharrezko azpiegiturak garatzearen alde egiten du, ibilgailu pribatuaren kalterako, hiriguneetan eta ondoko industrialdeetan joan-etorrietarako beharrezkoa ez baita.
f) Turismoa sustatzea eta bigarren egoitza arautzea.
LPPk proposatzen du lehentasuna ematea turismo-azpiegituraren garapenari (hotela eta zerbitzuak), bigarren egoitzaren aurretik. Zentzu horretan, bizitegi-kokaguneen ereduaren kuantifikazioak ez du aintzat hartzen bigarren egoitzaren berariazko osagai bat.
68. artikulua.– Okupaziorako muga-esparruak.
1.– Okupaziorako muga-esparrutzat hartzen dira lurralde-ereduaren planoan adierazitako lurralde-esparruak, udal-plangintzako dokumentuek arrazoitutako proposatutako hazkundeak barne har ditzaketenak datozen 16 urteetan. Okupaziorako muga-esparru horietatik kanpo ez dauden baimenduta hirigintza-garapenak 70. artikuluan (Okupaziorako muga-esparruetatik kanpoko garapen berriak) planteatutako salbuespenarekin.
2.– Okupaziorako muga-esparruek ezaugarri hauek dituzte:
a) Ez dira egokitzen ezarritako eskaintzaren gehieneko mugetara, baizik eta, oro har, udalei beren barruan okupazio alternatiboak egiten uzten diete, hau da, mugatutako azaleran zabaltasuna dago, garapen berriak xedatzeko. Horrenbestez, hasiera batean, ezin dira osorik okupatu.
b) Esparruak ezarrita, eraikitako edota urbanizatutako ondarea eta hutsik dagoen lurzoru kalifikatua optimizatzeko jarduketengatik lurzoru gutxiago kontsumitzearen ondorioz, gerta daiteke lurzoru berriak okupatu behar ez izatea.
c) Baldin eta ez bada eremua okupatzen edo eremuaren zati bat soilik okupatzen bada, geratzen den eremuaren zatian ingurune fisikoa antolatzeko planoan ezarritako kategoriak mantenduko dira.
d) Esparru horietako lurzoruak, ahal bada, eremu finkatuen edo udal-plangintzak garatzea aurreikusita dituen eremuen jarraian hautatzen dira, urbanizazio bakartuak eta egungo hiri-ereduarekin loturarik ez dutenak saihestuz.
e) Sistema orokorretako sarearen zuzkidura publikoak sartzeko gaitasuna dute, zehazki, espazio libreek eta ekipamendu kolektiboek, beharrezkoak balira edo, hala badagokio, babestutako bizitegi-zuzkidura.
3.– Ondoren garatzeko, hauek kontuan hartu beharko dira:
a) Foru-araudian eta Errepideen Legean aurreikusitako babes- eta irisgarritasun-eremuetan xedapenak betetzen direla bermatu behar dute.
b) Zaratari buruzko legedian jasotako alderdiak betetzea ahalbideratu behar du: zonifikazio akustikoa, kalitate-helburuak eta emisio akustikoen helburuak, zortasun akustikoak...
c) Bere irisgarritasunak aintzat hartu beharko du garraio publikoaren eta motorizatu gabeko mugikortasunaren uztartzea. Bere kudeaketak bere gain hartu beharko ditu lotura-azpiegiturak eta aurretik daudenak handitzea.
4.– Lurralde-ereduaren planoetan mugatutako esparruak berriz egoki ditzake udal-plangintzak, eskala aldatzean, lerrokadurei, dauden eraikuntzei, lurraren topografiari, natura-intereseko elementuen edo eraikitako elementuen zainketari, bide-sareei eta abarri egokitzeko definizio zehatzago baten bidez.
69. artikulua.– Okupaziorako muga-esparruak eratzeko lurzoruen egokitasun-irizpideak.
1.– LPPk lurzoruak hautatzen ditu, okupa daitezkeen lurzoruak definitzeko irizpideak ezarriz eta gainerakoak kokagune berrien proposamenetatik baztertuz jasangarritasun-irizpideen bidez. Hauek dira egokitasun-irizpide horiek:
a) % 15ekoak baino malda txikiagoak dituzten lurzoruak, esparru handiagoetan batez bestean malda txikiagoa duten gainazal txikiagoak direnean izan ezik.
b) Uraren Euskal Agentziaren web-orrian identifikatutako 10, 100 eta 500 urteko itzultze-aldietan uholdeak izateko arriskua duten eremuek eragiten ez dieten lurzoruak URA. Etorkizunean edozein aldaketa egingo balitzaie, aintzat hartu dela iritziko litzake eta egungoak ordezkatuko lituzke eta, hala badagokio, uholdeak izateko arriskua duten eremu berriek kaltetutako okupaziorako muga-esparruetan hirigintza-garapenak egitea debekatuta egongo litzateke.
c) Naturagune Babestuetan sartu gabeko lurzoruak, ez eta babes bereziko lurzoruen eta gainazaleko uren babesaren kategoria bakar batean ere sartu gabeko lurzoruak ere.
70. artikulua.– Okupaziorako muga-esparruetatik kanpoko garapen berriak.
1.– 68. artikuluan azaldutakoaren salbuespen gisa, udal-plangintzek hirigintza-garapenerako eremu berriak proposatu ahal izango dituzte, LPP honetan mugatutako okupaziorako muga-esparruetatik kanpo. Eremu berri horiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Proposatutako garapen-eremu berriak bere interes publikoaren eta gizarte-interesaren justifikazio sakon bat beharko du. LPP honetan ezarritako Lurralde Ereduarekin zer lotura duen argudiatu beharko du, eta lurraldearen gaineko eraginen eta neurri zuzentzaileen azterketa bat ere jaso beharko du, sektore horiek gauzatzeko hirigintza-zama gisa garatzea berekin ekar dezakeena.
b) Proposatutako mugatzea finkatutako eremuen jarraian egingo da, eta aurretik dauden guneak soilik izango ditu oinarri. Gune horien bidez konponduko da jarraitutasuna eta espazioaren integrazioa, bai eta azpiegituren integrazioa ere.
c) Lurzoru berri horiek ez dute berekin ekarriko LPP honetan ezarritako bizitegi-kuantifikazioa eta ekonomia-jardueren gehieneko azalera handitzea.
d) Lurzoru berriek egokitasun-irizpideak bete beharko dituzte, aurreko artikuluan ezarritako okupaziorako muga-esparruetarako.
2.– Zentzu horretan, bizitegi-kokaguneen kasuan, LPPk erabaki du okupaziorako muga-esparruak ez mugatzea garapen berriak egiteko 1 Ha baino gutxiago behar duten udalerrietan, eta udal-plangintzaren esku utzi du nondik hazi behar duen erabakitzeko zeregina, baldin eta hiri-bilbearekin jarraitzeko eta aipatu lurzoruen egokitasuneko irizpideak errespetatzen baditu.
II. KAPITULUA
ETXEBIZITZA-KOKALEKUEN EREDUA
1. ATALA
ETXEBIZITZA-KOKALEKUEN LURRALDE-EREDUAREN KUANTIFIKAZIOA
71. artikulua.– Ereduaren beharrak eta eskaintza-esparrua.
1.– Lurraldearen Zatizko Planak bizitegi-lurzoruaren beharrak zenbatzen ditu, kapitulu honetan ezarritako irizpideen arabera.
2.– 16 urterako kalkulatzen dira Ereduko etxebizitzaren behar horiek, eta honako faktore hauek kontuan izanik aplikatuko dira:
a) Epealdi hori egokitu egin beharko da udal plangintzako baliabideen aurreikuspenen erreferentzia izateko; 8 urteko epea izan ohi dute.
b) Zenbatetsitako beharrak bider harrotze-koefizienteak egiten dira, epealdia betetzea bermatuko duen eskaintza-esparrua lortzeko, merkatuaren balizko murrizpenak aurreikusiz. Hala ere, ereduaren beharrak zorrozki betetzea da LPPren helburua, eta eskaintzaren kalkulu hori lortzeko baliabidea besterik ez da; hori guztia argitu beharra dago.
3.– LPPk emandako kuantifikazioa egokitzeko modukoa izango da udalerrientzat Plangintza aurreikusteko unean.
72. artikulua.– LPPren Ereduaren beharrak 16 urterako.
1.– LPPei datxekien 16 urteko aurreikuspen-eperako kalkulatzen da LPPren beharren zenbatespena.
2.– Osagai hauen batura da kalkulatzeko metodoaren oinarria:
a) Ereduaren hazkunde selektiboa (A), zehatza eta loteslea.
b) Barne oreka berria (B), zehatza eta loteslea.
c) Behar endogenoak (C), populazioaren eta 2011ko Familien Batez Besteko Tamainaren (FBBT) arabera kalkulatua; loteslea da FBBTren 0.03ko urteko gutxipena.
d) Bigarren etxebizitza (D), zehatza eta loteslea.
73. artikulua.– Ereduaren hazkunde selektiboa. A osagaia.
1.– Ez da zenbatetsi Hazkunde Selektiboaren osagaia Eskualde Egitura honetan eta, beraz, zero da.
74. artikulua.– Barne oreka berria. B osagaia.
1.– Barne oreka berrian aurreikusten denez, lur eskasia leuntzeko nahikoa harrera-ahalbidea duten udalerriak egongo dira, euren udal-mugartean bertan etxebizitzen gaineko eskari zenbatetsia estaltzeko nahikoa ahalbide ez dutenena leuntzeko.
75. artikulua.– Behar endogenoak. C osagaia.
1.– Datozen urteetarako aurreikusitako familien batez besteko tamainaren (FBBT) pixkanakako jaitsierarako joeraren ondoriozko etxebizitzen beharraren igoerak zehazten du C osagaia.
2.– Honako formula hau aplikatuz lortu dira 16 urterako behar endogenoak: C = P/ (FBBT-0.48) – P/FBBT (non P eta FBBT udalerrietako populazioa eta familien batez besteko tamaina diren kontsideraturiko epearen azken eta lehen urtean eta, 0,48, 16 urterako aurreikusitako FBBTren gutxipena).
3.– Hazkunde endogenoaren osagaia soilik metodologian da loteslea. Kalkulu zehatza egiteko, Plangintza berrikusten deneko urteari dagokion populazioaren eta familien batez besteko tamainaren datu eguneratuak erabiliko ditu udal plangintzan, eta loteslea da familien batez besteko tamainaren gutxipena 0,03 izatearen gaineko hipotesia.
76. artikulua.– Bigarren etxebizitza. D osagaia.
1.– LPPk 0 hazkundea ezarri du bigarren bizilekuan Eskualde Egiturako udalerri guztietan.
2.– D osagaia loteslea da LPPk dakarrenez.
77. artikulua.– Ereduak 16 urterako dituen beharren kuantifikazioa.
1.– Azaldutako osagaien batura, A, B, C eta D hain zuzen, LPPren Ereduak 16 urterako beharrizan gisa aurreikusitako etxebizitza garbien kopurua da. Nahiz eta A, B eta D osagaiak lotesleak izan, emaitzako zenbatekoa ez da hala, zeren eta C osagaia berriz kalkulatu behar baita horretarako ezarritako metodologia loteslearekin.
2.– «Ereduak 16 urterako etxebizitzen inguruan dituen beharren kuantifikazioa» izeneko VII. eranskinean bildutako taulan ageri da LPPren indarraldian aurreikusitako etxebizitzen eskariaren kopurua.
2. ATALA
URTERAKO EREDUA.
78. artikulua.– LPPren Ereduaren beharrak 8 urterako.
1.– Bere ereduak plangintzan ezarritako epealdirako ezarritako etxebizitzen beharrak kalkulatu beharko ditu bere plangintza orokorra berrikusten duen udalerri bakoitzak, LPPn ezarritakoarekin bat etorriz. 8 urterako egungo datuekin eginiko kalkulua sartu da, erakusgarri; izan ere, ohiko epea izaten da.
2.– Zenbatetsitako A, B, C eta D lau osagaien baturaren emaitza izango da 8 urterako Ereduaren etxebizitzen kuantifikazioa, era berean 8 urtera.
a) Hazkunde selektiboko A osagaia zero da, 16 urteko eperakoa bezalakoa.
b) 8 urteko epealdirako barne oreka berriko B osagaia, kopuru zehatzekoa eta loteslea, LPPren 16 urteko epealdiaren erdia da.
c) Bere plangintza berrikusten duen udalerri bakoitzak formula hau aplikatuz kalkulatuko du hazkunde endogenoko C osagaia:
C = P / (FBBT 0.03xn) P/FBBT (non P eta FBBT udalerrietako populazioa eta familien batez besteko tamaina diren eta n Udal Plangintzaren berrikuspen-aldiko urteen kopurua).
d) Bigarren bizilekuaren D osagaia zero da, Eskualde Egitura osorako lurralde ereduaren arabera.
3.– A, B eta D osagaiak balio zehatzak eta lotesleak dira. Hala ere, guztizko zenbatekoa berriz kalkulatu beharko da udalerri bakoitzaren plangintza orokorra berrikustean, dagoeneko zehaztu diren irizpideen arabera C osagaiaren aldaketaren ondorioz.
4.– Etxebizitza beharrak betetzeko, 4. atalean deskribaturiko ondare eraikiaren eta urbanizatuaren gaineko jarduketak lehenetsiko dira.
5.– Udal Plangintzak lehentasunen oinarrizko ordena zehaztu eta egokitzat hartutako eremuetarako programazio beharkizunak ezarri beharko ditu, halako moldez non ereduko etxebizitzen kopurua edukitzeko helburua beteko baita Udal Plangintza berrikusteko epearen barruan.
6.– Denboraren plangintza horretan, plangintzetan hutsik dauden eremuan garapena lehenetsiko da, baita dentsitatearen berrikuspena ere 2/2006 Legean ezarritako gutxieneko eraikigarritasun irizpideak oinarri hartuta.
7.– «Ereduak 16 urterako etxebizitzen inguruan dituen beharren kuantifikazioa» izeneko VIII. eranskinean bildutako taulan ageri da LPPren indarraldian aurreikusitako etxebizitzen eskariaren kopurua.
3. ATALA
ESKAINTZAREN MUGAK
79. artikulua.– Eskaintzaren mugak 16 urterako.
1.– LPPk zenbait harrotze-koefiziente ezarri ditu eta, koefiziente horiek bider Ereduan behar gisa zenbatetsitako etxebizitzen kopurua eginda, eskaintza-esparrua dugu emaitza, gehieneko eta gutxieneko mugen artekoa. Kontua ez da eraiki beharreko etxebizitza kopurua igotzea, baizik eta nahikoa lurzoru aurreikuspen egitea, beharrezko etxebizitzak izateko modukoa, eta aldi berean hiri garapeneko prozesuek duten balizko zurruntasuna ekidingo da.
2.– 16 urterako eskaintzaren mugak kalkulatzeko, honako harrotze-koefiziente hauek aplikatzen ditu LPPk:
a) 16 urterako eskaintzaren gehieneko muga kalkulatzeko, Ereduko etxebizitza garbien kopurua bider 2ren berdina den koefizientea egin behar da. Udalerri buruetan eta azpiburuetan (Gernika-Lumo, Markina-Xemein, Bermeo, Lekeitio eta Ondarroa), 1,5eko koefizientea da.
b) 16 urterako eskaintzaren gutxieneko muga bat dator ereduak aurreikusitako etxebizitza garbien kopuruarekin. Hots, gutxieneko koefizienteak 1 balioa hartzen du.
3.– Udalek, garapen ereduaren arabera, muga horien barruko kopuru handiagoa edo txikiagoa aukeratu behar dute, udal plangintzaren aurreikuspenak zehazteko ezarritako epearen barruan.
4.– «Etxebizitza eskaintzaren mugak 16 urterako» izeneko IX. eranskinean ageri da Eskualde Egiturako etxebizitza eskaintza kalkulatzearen emaitzako taula.
80. artikulua.– Eskaintzaren mugak aplikatzea 8 urtera.
1.– Eskaintzaren mugak udal plangintzan aplikatu ahal izateko, kontuan izan behar da haren aurreikuspen epea; 8 urtekoa izan ohi da. Ezarritako irizpideen arabera zenbatuko du plangintzak bere eskaintza, seguru asko X. eranskineko taulan agertzen diren mugen barruan.
2.– Honako hauek izango dira 8 urterako eskaintzaren gutxieneko eta gehieneko mugak, zertarako-eta udalerri bakoitzak, marjina horien barruan, bere hazkunde eredua erabakitzeko:
a) Zortzi urterako eskaintzaren gehieneko muga kalkulatzeko, Ereduko etxebizitza garbien kopurua bider 3ren berdina den harrotze-koefizientea egin behar da. Udalerri buruetan eta azpiburuetan (Gernika-Lumo, Markina-Xemein, Bermeo, Lekeitio eta Ondarroa), 2,25eko koefizientea da.
b) Udalerri bakoitzaren eskaintzaren gutxieneko muga lortzeko, zortzi urterako etxebizitza garbien kopurua bider 1,25en berdina den koefizientea egin behar da.
3.– Gehieneko eskaintza ezin gaindi daiteke, baina Plangintzan hutsik dagoen ahalbidea, dentsitate berriak ezartzeko posibilitateak eta mugako eremuak agortu ondoren nahikoa harrera-ahalbide gelditzen ez bada, txikiagoa izan liteke gutxieneko eskaintza.
4.– «Etxebizitza eskaintzaren mugak 8 urterako» izeneko X. eranskinean ageri da Eskualde Egiturako etxebizitza eskaintza kalkulatzearen emaitzako taula.
4. ATALA
ETXEBIZITZA-BIZILEKUEN LURRALDE-EREDUAREN KUDEAKETA
81. artikulua.– Eskaintzaren aukeraketa.
1.– Udalek ezarri behar dituzte etxebizitzak egiteko lurzorua garatu eta programazioa gauzatzeko plangintza idazteko eta onesteko epeak. Ereduan behar gisa ezarritakoak izango dira egin beharreko etxebizitzak, ez eskaintza-esparruko kopuru harrotuak; izan ere, lurzoruaren merkatuko balizko murrizpenak ekiditeko bitartekoa besterik ez da esparru hori.
2.– Behar horiek betetzeko, plangintzako bizitoki-ondare eraikia eta hutsik dagoen lurra hobetzeko jarduketen estrategiak erabiliko dira, dentsitateak berriz ezartzeko balizko aukera barne 2/2006 Legean xedaturiko gutxieneko eraikigarritasun irizpideak oinarri hartuta. Hartara, beharrezkoak izanez gero okupaziorako mugako eremuetan kokatu beharreko garapen berriak lehenetsiko dira, 70. artikuluan planteaturiko salbuespenarekin.
82. artikulua.– Bizitoki-ondare eraikia hobetzea.
1.– Ondare eraikiaren gaineko jarduketaren alde egiten du LPPk indarreko legeriaren itzalpean, etxebizitzaren eskaintza erreala eta zenbakarria eratzeko xedearekin.
2.– Jarduteko modu hori lehenetsiko da, bi helburu lortze aldera: batetik, nekazaritzakoak izan litezkeen lur berrien kontsumoa murriztea, eta bestetik, etxebizitzaren merkatuaren eskaintza handitzea, egoitza gisa okupatzeko modukoak diren eraikuntzak sartuta.
3.– Jarduketa-ildo hauetan zehaztuko litzateke, gehienbat, ondare eraikia eta urbanizatzeko hobetzeko modua:
a) Hutsik dagoen etxebizitzan eta alokairuko etxebizitzan jarduteko moduak bideratzea.
b) Etxebizitza birgaitzea eta egungoa artatzea eta hobetzea.
c) Tipologiak aldatzea eta egungo eskariarekin bat datozen moduluetara egokitzea.
d) Plangintzan hutsik dagoen ahalbidea hobetzea.
83. artikulua.– Hutsik dagoen etxebizitzan eta alokairuko etxebizitzan jarduteko moduak bideratzea.
1.– Alokairua sustatzeko eta etxebizitza publikoaren ondarea bera kudeatzeko irizpideari dagokionez, udal plangintzak aztertuko ditu populazioak jabetza moten inguruan (jabetzan edo alokairuan) dituen beharrak eta horren arabera jardungo du.
2.– Hutsik dauden etxebizitzei dagokienez, indarreko araudia izan behar da kontuan, baita Eusko Jaurlaritzak alokairuen merkaturako duen etxebizitza hutsaren programa eta birgaikuntzari eta laguntzei buruzkoa ere, web orriaren bidez eskuragarri dagoena.
84. artikulua.– Etxebizitza birgaitzea. Eraikuntza artatzea eta hobetzea.
1.– Hiriko egitura guztiak, monumentuak, eraikinak eta eskualdean dagon kultur ondare eraikia eta arkeologikoa osatzen duten gainerako elementuak balioetsi, babestu, antolatu eta eguneratzeko beharrezko obra guztiak egiteko jarduketak aztertuko ditu udal plangintzak, ondare historiko eta arkitektonikoari dagozkionak.
2.– Egungo bizitoki-eraikuntzaren gaineko jarduketa sustatu beharko da, egungo parke eraikina egokitzeko.
85. artikulua.– Tipologien aldaketa.
1.– Etxebizitzan azalera familien batez besteko tamainara egokitzeko aukera aztertu beharko da; izan ere, goranzko joera du tamaina horrek.
2.– Lurzoru urbanizaezinean kokaturiko eraikuntzak salbuetsita daude, zeren etxebizitza kolektiboaren tipologia ez baitator bat lurzoru mota horrekin.
3.– Etxabeak ez dira etxebizitzatzat erabiliko, berekin kale nagusietan eta hirigune finkatuen barruko aldeetan dauden eraikuntzetan.
86. artikulua.– Plangintzan hutsik dago ahalbidea hobetzea.
1.– Udal plangintzak mugaturiko lurzoru hutsen parametroak aldatzeko LPPk ezarritako jarduketa modua da, eta legezko beharkizunetakoa baino erabilera intentsitate txikiagoa dauka.
2.– Eremu horiek lehenetsi beharko dituzte udal plangintzek lur berriak hartu aurretik.
3.– 2/2006 Legearen Bigarren Xedapen Iragankorra aplikatuz, behin betiko onetsitako udal planak direnean eta bertan ezarritako hirigintza eraikigarritasunak legeak ezarritako gutxieneko eta gehieneko mugekin bat ez datozenean, muga horietara egokituko dira berehala, betiere antolamendua behin betiko onetsi ez bada.
4.– Eremu horietan, Legeak ezarritako gutxieneko eraikigarritasuna aplikatuko da. Era berean, LPPn ezarritako tarteei egokitu beharko zaie etxebizitzaren dentsitatea.
5.– Eraikigarritasunak aplikatzeko, berauek kokaturik dauden ingurunerako bolumenaren aldetik egokiak diren tipologiak erabiliko dira, gura ez diren eraginak saihestuta.
5. ATALA
ETXEBIZITZA-ESKAINTZAREN EZAUGARRIAK
87. artikulua.– Etxebizitza-eskaintza edukitzeko moduak.
1.– Hiru modutan ezarriko litzateke Gernika-Markinako Eskualde Egiturarako etxebizitza-eskaintza:
a) Indarreko plangintzetan bildutako eremuak.
b) Plangintzako eremu hutsak, dentsitate berria ezarri behar zaiena.
c) Okupaziorako mugako eremuak.
88. artikulua.– Indarreko plangintzetako eremu bilduak.
1.– Dentsitateak berriz ezartzeko irizpideak aplikatzen ez zaizkien eta egun kalifikaturik eta hutsik dauden eremuei dagozkie, bai haien dentsitatea bat datorrelako LPPk proposaturikoekin, bai antolamendu xehatua garatuta edo garatzeko bidean dutelako.
2.– LPPk eremu horiek biltzen ditu, egungo hirigintza parametroekin. Hala ere, garapeneko plangintzak LPP honetan proposaturiko dentsitateei egokitzea gomendatzen da, haien garapen mailak horretarako bidea ematen duen heinean.
89. artikulua.– Dentsitatea berrikusita duten eremuak.
1.– Indarreko plangintzetako eremu kalifikatuei eta hutsei dagozkie: horien eraikigarritasuna legez ezarritakoa baino txikiagoa da eta antolamendu-plangintza xehatua ez da garatua izan.
2.– 30 etxebizitza hektareako gutxieneko dentsitatea proposatzen du LPPk horientzat, eta udal plangintzak berak zehaztuko du azkenean aplikatu beharreko dentsitatea.
90. artikulua.– Okupaziorako mugako eremuak.
1.– Dentsitate-tarte bat ezarri du LPPk okupaziorako mugako eremu bakoitzean (A edo B), gehieneko eta gutxieneko batek mugatua, eta horien artean, mugako balioen arteko egokiena aukeratuko du Plangintzak, ondoren ezarriko diren irizpideen arabera:
a) Udal plangintzan proposaturiko eraikigarritasunak inguruarekin bat etorri beharko du, egungoen antzeko eraikigarritasunekin.
b) Lurraren kontsumoa murrizteko xedearekin, eraikigarritasun handiagoarekin batera dentsitate handiagoa etorri behar da, hektareako etxebizitzen kopuruaren aldetik. Osterantzean, harrera-ahalbidea agortuko litzateke, etxebizitzen behar errealari erantzunik eman gabe.
2.– 30 eta 50 etxebizitza hektareako dentsitate ertain-baxuko tartea hartuko da oro har Eskualde Egiturako udalerrientzat, udalerri buruetan eta azpiburuetan izan ezik (Gernika-Lumo, Bermeo, Ondarroa, Lekeitio eta Markina-Xemein) non dentsitate ertain-altua (50-75 etxebizitza hektareakoa) aukeratuko den.
3.– Etxebizitzen gaineko hartutako batez besteko azalera dentsitate horiek aplikatzearen emaitza izango dira eremu bakoitzari dagozkion eraikigarritasunak, eta LPPren irizpidea da eraikigarritasun horiek berehalako ingurunearekin lotuta egotea, halako moldez non bateragarriak izango baitira udalerri bakoitzaren berezko fisonomia mantentzearekin eta egungo biztanle-guneetako proposamen berriak integratzearekin.
4.– Tipologiarekin egokiena izan behar da aplikaturiko dentsitatearen arabera, honako bi irizpide hauei jarraituz: lehenik eta behin, zonaldeko tradiziozko eraikuntza-ildoak errespetatzea; bigarrenik, urbanizazio eredu trinkoa sustatzea, lur gutxi kontsumitzen duena.
5.– Edonola ere, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 77. Artikuluan ezarritako hirigintza eraikigarritasunaren mugak bete behar ditu eremu bakoitzak.
6. ATALA
BABES PUBLIKOREN BATEN MENPEKO ETXEBIZITZETARAKO ERRESERBA
91. artikulua.– Babes publikoren baten menpeko etxebizitzetarako erreserba.
1.– Hirigintza plangintzetan nahitaez ezarri behar da babes publikoren baten menpeko etxebizitzetarako erreserba, populazio-atalaseen arabera, 2/2006 Legeak ezartzen duenez: oro har, 3.000 biztanletik gorako udalerrietan eta hiri lurreko etenik gabeko biztanle-guneak dituzten 2.000 biztanletik gorako populazioko udalerrietan. Lege berean ezarritako zenbatekoekin gutxienez gauzatuko da erreserba.
2.– Erreserba egiteko betebehar horrek ukituta ez dauden udalerrietan, etxebizitza-erabilera nagusi deneko antolamendu eremuetan, haztaturiko hirigintza eraikigarritasunaren % 15 laga beharko da babes publikoko etxebizitzarako, urbanizazio kargarik gabe, lur-zati eraikigarrian gauzatua, edo orubea edo lur-zati eraikigarria eman ezean, hauxe emango da ordainean: eskudirutako ordainketa. Lurraren udal ondareari atxikita geldituko da, hirigintza estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuaren 12. artikuluaren arabera.
3.– Babes publikoren baten menpeko etxebizitzetarako erreserba egiteko behar horrek ukituta ez dauden udalerrietan komenigarria izango litzateke alokairuko etxebizitzen parkea edukitzea. Helburu horretarako lurraren udal ondarea sortu nahi da, baita sustapen publikoko etxebizitzen parkea egonkor mantentzea ere.
4.– Zenbait udalerritan, bigarren etxebizitzak etxebizitza nagusiarekiko duen portzentajea ikusita, jarduketa-programa bat garatu beharko lukete udalek, udalerriko populazioa bertan mantentzea bermatzeko. Horretarako, babes publikoren bateko etxebizitzen plangintza ezarriko da, udalerriko gizartearen errealitateari egokituta, legez exijitzekoa ez den kasuetan ere.
5.– Horrez gainera, lurzoru-erreserben arloko betebeharrik duen udalerririk ez badago ere, 2/2006 Legearen 17. artikuluan deskribatutako zuzkidurazko bizitokien sustapenen bat jasotzeko proposamena egiten da, alde funtzionalak dituen beharrizanak betetzeko. Antolamendu xehatuak kokapen zehatza ezarri beharko du.
7. ATALA
ZEHAZTAPENAK ETA IRIZPIDEAK
92. artikulua.– Etxebizitza-kokalekuetarako lurraren gaineko aplikazioaren zehaztapenak.
1.– Udal plangintzan aurreikusitako hirigintza garapen berriak LPPren Lurralde Ereduaren planoan islaturiko okupaziorako mugako eremuetan kokatu behar dira (70. artikuluan planteaturiko salbuespena izan ezik) proposaturiko gutxieneko dentsitatea errespetatuz.
2.– Etxebizitza-sektorearen azalerari dagokio hektareako etxebizitzetan adierazitako dentsitatea, garapen eremu bakoitzean, eta ulertu behar da okupaziorako mugako eremuek ahalbidea dutela Sistema Orokorrak sartzeko. Hala denean, lurraren azaleraren aplikatzen zaio dentsitatea, sistema orokorra deskontatu ondoren.
3.– Udalerri buruetan eta azpiburuetan proposaturiko etxebizitza-okupaziorako mugako eremu guztietan, jarduera ekonomikoak kokatzeko gordeko da eremuaren egoitza eraikigarritasunaren % 10 hala nola etxebizitzarekin bateragarria den industri erabilera, tertziarioak (komertziala, bulegoak...), zuzkidura pribatuak (hezkuntza, osasuna, kirola, kultura, gizarte zerbitzuak...) eta antzeko beste batzuk.
4.– Gutxieneko erreserba gisa ezarri da LPP honetan, baina handitu egin daiteke udal plangintzak hala ezarrita. Pentsa daiteke kopuru horren barruan sartuta dagoela Lurzoruaren Legearen 79.2.b artikuluan ezarritako tokiko sisteman sareko ekipamendu pribatuetarako erreserba.
5.– Irizpide bera har daiteke, hala nahi izanez gero, Eskualde Egiturako beste udalerri batzuetan.
III. KAPITULUA
JARDUERA EKONOMIKOEN EREDUA
1. ATALA
JARDUERA EKONOMIKOEN EREDUAREN OINARRIAK
93. artikulua.– Jarduera ekonomikoen ereduaren helburu nagusia.
Kokalekuen lurralde-ereduak duen helburu nagusia Arlo Funtzionalaren garapen sozio-ekonomikoa sustatzea da. Jarduera ekonomikoen finkapenei buruzko proposamenen bidez, LPPak ingurumenaren eta sektoreen oreka lortu nahi du, Arlo Funtzional osoak enplegu-eskaintza nahikoa izan dezan, 67. artikuluan adierazitako iraunkortasun-irizpide nagusien arabera.
94. artikulua.– Ekintza-ildoak jarduera ekonomikoko sektore desberdinetan.
Informazioaren eta Diagnostikoaren agirian egindako azterketa kontuan hartuta, hainbat irizpide atera dira eta LPPak sektore desberdinetarako proposatu dituen jarduera ekonomikoen finkapen-ereduaren berri ematen dute:
1.– Lehenengo sektorea:
a) Lehenengo sektorea funtzio anitzeko sektore ekonomiko gisa ulertu eta tratatzea, batetik bere funtzio ekonomikoei eta bestetik lurralde, ingurumen, gizarte eta paisaia aldeko funtzioei dagokien konplexutasuna kontuan hartuta.
b) Europa mailan, nazioan eta autonomia-erkidegoan landako sektorearen gaineko estrategiekin bat eginik, nekazaritza-jardueren garapen iraunkorreko eredua sustatzea, ingurumen aldetik jarduerak integratzeko eta ingurumenaren gaineko eraginak murrizteko, nekazaritza-jardunbide onak sustatzeko, ustiategien erabileran harrera-gaitasuna kudeaketa-irizpide gisa sartzen dela bermatzeko eta labore-sistemekin, ondasunen kontsumoarekin, lurzoru eta uren ekarpen organikoekin eta hondakinekin lotutako alderdi guztiak jorratzeko. Horretarako:
i) Lurzoruko erabileren kudeaketa sartzea, honako irizpideak kontuan hartuta: biodibertsitatearen eta aniztasunaren kontserbazioa, paisaien nortasuna eta kalitatea, eta, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako erabileren antolakuntzaren iraunkortasuna. Hala, ingurumenarekiko harremana funtsekoa izango da aniztasun biologikoa eta paisajistikoa zaintzeko eta euskal nekazaritzaren nortasuna datozen belaunaldietara igortzeko.
ii) Nekazaritza-ustiategiak abandonatzeko eta landa-paisaia sinplifikatu eta arbolaztatzeko prozesuei eustea, EAEko nekazaritza-espazioetan halakoak antzematen ari direla kontuan hartuta.
c) Nekazaritza-jarduerak sustatzea, landa-guneen sare sozioekonomikoaren parte gisa, landa-guneen garapenean beren zeregina duten ekonomia bat osatzen baitute bi norabide hauetan:
i) Ustiapen profesionalizatuen lehiakortasuna areagotu behar dute, honela: 1) merkatuaren eskarietarako egokitzapena hobetu behar da, kalitatea hobetzeko eta ekoizpenak bereizteko neurrien bidez, honakoak identifikatu ahal dituzten tresnak erabilita: I) guneko produktuen jatorria eta izaera eta II) nekazaritza ekologikoa eta integratua; 2) gazteak nekazaritza-ustiategietara sartzeko politikak lehenetsi behar dira, belaunaldi arteko erreleboa egon dadin, nekazarien prestakuntza hobetzeko jardueren bidez, merkatuen sarean egongo diren aldaketarako prestatuz, eta 3) txakolinaren ekoizpena eta negutegietako ekoizpenak sustatu behar dira, errentagarriagoak direlako eta etorkizunerako gaitasun handiagoa dutelako.
ii) Arreta berezia eta lehentasunezkoa jarriko zaie arduraldi partzialeko nekazariek kudeaturiko baserriei, nekazaritza jarduera kontserbatzeko; hain zuzen ere, honako hau sustatuko da: i) nekazaritza-ekoizpenen eta merkatuen arteko lotura; ii) azienda txikien kontserbazioa, landa-paisaia eta landa-ustiapenetako jardueren nolabaiteko aniztasuna segurtatzeko; iii) arduraldi partzialeko ekoizleen arteko lankidetza, arduraldia murrizteko eta gutxieneko irabaziak bermatzeko, eta iv) tokiko merkatuak eta azokak, profesionalizatuta ez dauden baserrietako ekoizpen txikiak merkaturatzeko.
d) Baso-sektorean lankidetza sustatzea, baso-ustiapenaren ingurumen- eta ikus-eraginak arintzeko, honako honen bidez: I) baso-jarduera iraunkorrak eta lurraldearen ingurumeneko aniztasuna nahiz kalitatea hobetzen dituzten hostozabal-landaketak sustatu; eta II) basoko lanak elkarrekin egin, bai inausketak eta basozaintzako gainerako tratamenduak, bai mozketak.
e) Kanpoko enpresen eta teknikarien sarrera sustatzea, landaketen produktibitatea handitzeko eta horien erabilera ona bultzatzeko.
2.– Bigarren Sektorea:
a) I+G politika: produktuak, ekoizpen-prozesuak, materialak, instalazioak eta ingurumena etengabe berritzearen aldeko apustua egitea.
b) Produktuak nazioartera ateratzea, tokiko enpresekin itunak eginez, beste eremu geografiko batzuetan negozioguneak eratuz eta atzerriko merkatu espezifikoetan lehiatzeko ekimenak sustatuz.
c) Lankidetza: enpresen arteko lankidetza sustatzea, zenbait arlotan; esaterako, merkaturatzean, teknologian, ikerketan, makroproiektuen garapenean, etab.
d) Heziketa: enpresa-kudeaketako eskolak, eskola teknikoak eta lanbide-heziketakoak sustatzea.
e) Industrialdeak birgaitzea eta finkatzea, zerbitzuak eta azpiegiturak hobetuta.
f) Produktuak sustatzea: kalitateari, espezializazioari, neurrirako edo serie laburreko fabrikazioari eta diseinuari lehentasuna ematen dion ekoizpen-sistema sustatzea, kontsumo-ohitura berrietara egokitzen dena.
3.– Hirugarren Sektorea eta Merkataritza:
a) Inbertsio publikoa handitzea, merkataritza-jarduerari suspertzen laguntzeko, hiri-azpiegiturak eta sare logistikoa egokituz, eta espezializazio sektoriala eta enpresen arteko lankidetza sustatuz, enpresa-eraginkortasuna bultzatzeko.
b) Berrikuntza sustatzea, merkataritzari aktiboak eta metodologiak hartzeko aukera emateko, eta, horrela, sektorea modernatzeko eta merkataritza-banaketaren I+G deritzoneko zentro bat sortzeko.
c) Lehiakortasuna handitzea, inbertsio pribatuaren bidez, merkataritza-enpresen eraldaketa eta informazioaren teknologia berrien garapena sustatzeko.
d) Merkataritza-teknika babeslea, banaketako multinazionalen hedapena kontrolatzeko; izan ere, horiek formatu guztietan lehiatzen dira establezimendu ertainekin eta txikiekin.
e) Merkataritzaren eta turismoaren arteko lotura sustatzea, eta azoka-barrutia beste produktu batzuk merkaturatzeko aprobetxatzea; produktu horietan Eskualde Egiturak lehiarako abantaila izango du.
95. artikulua.– Jarduera ekonomikoen ereduaren oinarriak.
1.– LPPak defendatzen duen Jarduera Ekonomikoen Ereduak bereizi egiten ditu, batetik, erdiguneetatik banatuta dauden industria-erabilerako lurzoruen garapena, erabilera horiek ez direlako bateragarriak egoitza-erabilerekin, eta, bestetik hirugarren sektoreko erabilera mistoen garapena, erdiguneetan dauden egoitza-erabilerekin bateragarria dena.
2.– Jarduera ekonomikoen okupazioaren mugako eremuak, egoitza-eremuetatik banandutako eremuetan, industria-jarduera edo logistikoak egiten dira, trafiko astunari eta merkantzien trafikoari lotutakoak, eta horien helburua udal-planeamenduak aukeratzen du. Halako esku-hartzeek Eskualde Egitura osoko beharrizanei erantzuten diete.
3.– Hiri-eremuetan edo horien ondoan egindako esku-hartzeek Jarduera Ekonomikoaren Eredu honetan hirugarren sektoreko, merkataritzako eta enpresa-parkeetako erabilerak jasoko dituzte, egoitza-eremuetan integratuak, guneen araberako espezializazio funtzional desegokiak saihesteko (logela-guneak eta erdiguneetatik isolatutako jarduera ekonomikoko guneak). Izan ere, erabilera horiek inplikazioak dituzte ingurumenenen eta funtzionalki ez dira iraunkorrak.
2. ATALA
JARDUERA EKONOMIKOEN EREDUAREN KALKULUA
96. artikulua.– Jarduera ekonomikoen ereduaren kalkulu-oinarriak.
1.– LPPk jarduera ekonomikoetarako lurzoruaren zenbatespen bat izan nahi du, koherentea dena Arlo Funtzional osorako eta Gernika eta Lea-Artibaiko bi azpi-guneetarako orokorrean aurreikusitako ereduarekin. Era berean, zenbatespen hori Jarduera Ekonomikoen SLPko zehaztapenen erreferentziarekin alderatu nahi du.
2.– Jarduera ekonomikoetarako lurzoru-beharrizanera hurbiltze aldera, LPPk Jarduera Ekonomikoen lurzoru kalifikatuaren kontsumoa aztertzen du aurreko urteetan, Arlo Funtzionalean. Lurraldearen zati handi batek harrera-gaitasun urria duela ikusita, kopuru hori egokitu egin beharko litzatekeela uste da. Izan ere, industrialdeetan bateragarriak diren hirugarren sektoreko jarduerak ezartzeko joera antzeman da. Dinamika hori zuzendu nahi da, beraz, eta, horretarako, proposamenean erabilera mistoak sartuko dira, hirugarren sektorea eta egoitzakoak bateragarriak izan daitezen.
97. artikulua.– Jarduera Ekonomikoen Eredua 16 urtera.
1.– Gernika-Markina Arlo Funtzionalean jarduera ekonomikoetarako lurzorua zenbatesteko beharrizanen aurreikuspena urtean 4,85 hektareakoa da. Datu horren erreferentzia Arlo Funtzionalean 1990etik 2002ra egondako lurzoruaren kontsumoa izan da, Jarduera ekonomikoen SLP abiapuntutzat hartuta (55 hektarea, 40 Gernikako azpi-arloan eta 15 Lea-Artibaiko azpi-arloan) eta beharrizanak adierazitako datu eta joeren arabera haziko direla suposatuta.
2.– Beharrizan horiek apaldu egingo lirateke ekoizpen-eredua hirugarren sektorera eraldatzearen efektuarekin, halaxe aurreikusten baita Arlo Funtzionalerako ereduan, industriaren sektorearen bilakaera naturala ikusita.
3.– XIII. eranskinean (Jarduera ekonomikoetarako lurzorua: 16 urterako eredua) LPParen 16 urterako ereduan aurreikusitako lurzoru-beharrizanak jasotzen dira, adierazle gisa: bai jarduera ekonomikoko erabilerak dituzten lurzoruak, bai udalerri bakoitzeko lurzoru hutsak.
3. ATALA
JARDUEREN LURZORU-ESKAINTZAREN MUGAK
98. artikulua.– Jarduera Ekonomikoen Eskaintza 16 urtera.
1.– Memoriako 6.3.3 atalean, jarduera ekonomikoen ereduaren zenbatespenari buruzkoan, hainbat hipotesi ezartzen dira 16 urterako lurzoru-eskaintzaren esparrua zehazteko, lurralde-finkapenetan harrotze-koefizienteak erabiliz (gutxienez 1 eta gehienez 2).
2.– LPP honen irizpideak Jarduera Ekonomikoetarako eta Merkataritza Ekipamenduetarako Lurzoruaren Sorkuntza Publikoaren Lurraldearen Arloko Planan ezarritakoetara hurbiltzen dira; azken hori Eusko Jaurlaritzak onetsi zuen, 2004ko abenduaren 21ean.
3.– XIV. eranskinean (Jarduera ekonomikoetarako lurzorua. 16 urterako eskaintza) berariaz jasotzen da LPPak 16 urteko epean aurreikusitako gehieneko eskaintza-muga jarduera ekonomikoko lurzoruetarako, SLP betez. Halaber, okupatuta eta hutsik dauden lurzoru kalifikatuak eta udalerri bakoitzeko garapen berrien proposamenak adierazi dira.
99. artikulua.– Jarduera ekonomikoen ereduaren udal-aplikazioa.
1.– LPPan aurreikusitako gehieneko eskaintza udalerrietan berrikusten ari diren plangintza orokorretara egokitzeko orduan, kontuan hartu behar da epeen aldea, udal-plangintzetan epea zortzi urtekoa izaten baita, eta LPPren kasuan, aldiz, 16 urtekoa.
2.– Argitu behar da, era berean, eskaintza hori beharrizanak asetzeko erreferentzia-tresna bat baino ez dela. Garrantzitsuena ondare eraikia eta urbanizatua eta hutsik dagoen lurzoru kalifikatua optimizatzea da. Halaber, Udalak ez daude behartuta beren plangintzan garapen berrietarako lurzoruak sailkatzera, baldin eta beharrezkoa ez bada.
3.– Beharrezko gisa justifikatuko diren garapen berriak horretarako xedatutako okupazioaren muga-eremuetan ezarri beharko dira, 70. artikuluan planteatutako salbuespenarekin.
4.– Jarduera Ekonomikoen Lurralde Plan Sektorialak, 13. eta 14. artikuluetan, muga batzuk ezartzen ditu merkataritzako ekipamenduen neurriei dagokienez, eta udal plangintzek bete egin behar dituzte muga horiek. Plangintza horietan mugak aplikatu behar zaizkien jarduera ekonomikoen poligonoak definitu behar dira. 22. artikuluaren arabera, alde funtzional honetan, Gernika-Lumo eta Ajangiz B kategoriakoak dira (eskualde-zentraltasuneko udalerriak) eta gainerakoak, berriz, C kategoriakoak (gainerako udalerriak).
4. ATALA
SUSTAPENEKO JARDUERA EKONOMIKOETARAKO LURZORUA
100. artikulua.– Sustapen publikoko jarduera ekonomikoetarako lurzorua.
1.– Jarduera Ekonomikoen SLParen arabera, LPP honek sustapen aktiboko politika defendatzen du Urdaibain. Horri jarraiki, ekimen publikoko eskualde-eremuak sortu behar dira, inbertsioak erakarriko dituen poloa eratu eta A-8 autobidearen eta eskualdearen arteko bitartekaria izan daitezen, egunero eskualdetik kanpoko lantokietara joan behar dutenen mugikortasun nabarmena konpentsatze aldera.
2.– Gernikako ibarrean esku-hartze estrategiko bat aurreikusten da, erakunde eta organismo desberdinen partaidetzarekin, Birsorkuntza Plan Bereziaren bidez. Planak: 1) hutsik eta zaharkituta dagoen lurzoru guztia jaso beharko du, 2) hirian integratuta eta ondo komunikatuta dauden jarduera-lurzoru berriak baliozkotu beharko ditu, 3) uholde-arriskuaren eta lurzoru-kutsaduraren arazoak konpondu beharko ditu, 4) egungo trenbide-trazaduraren hirigintza-oztopoak ezabatu eta mugikortasun-modu desberdinen trukea sustatu beharko du, disuasio-aparkalekuak prebenituz eta abar. Era berean, Gernika-Lumoren eta BI-635 errepidearen ondoan, Ajangiz udalerrian, okupazioaren mugan dagoen eremu bat aurreikusi da, hirugarren sektorearen eta egoitzaren izaera mistoa izango duena.
3.– Bestalde, lurzoru huts gisa kalifikatuta azaltzen den 58,7 hektareako azalera bat dago Muxikan (SAPU Miango-Agerre-Untzeka, Plan Partziala behin betiko onartzeke), ekimen publikokoa (Busturialdeko Industrialdea), bai eta 6,35 hektarea Malluki industrialdean, Errigoitin, udal-ekimenekoa.
4.– Sustapen publiko horiek guztiek 85 hektareako azalera barne hartzen dute eta 16 urterako esparru-ereduan ezarritako beharrizanak aseko dituzte Gernikako azpi-eremurako (Urdabai SLPan), XIII. eranskinaren arabera.
5.– Eskaintza hori XIV. eranskineko taulan zenbatzean, kontuan hartu behar da, sustapen publikoko industria-lurzorua izanik, eskainitako lurzoru hutsa ezin dela % 50era murriztu bideragarritzat jotzeko, SLPak gainerako lurzoru hutsekin egiten duen bezala. Izan ere, kudeaketa publikoak aurrez planifikatutako lurzoru-eskaintza bermatzen du.
101. artikulua.– Erreserba estrategikoa.
1.– EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txosten loteslearen arabera, 60 hektareako erreserba estrategikoa aurreikusten da Ajangiz-Mendatako etorkizuneko industria-finkapenetarako, baldin eta plana indarrean dagoen bitartean Muxikako poligonoaren azaleraren % 75 finkatuko balitz (SAPU Miango-Agerre-Untzeka).
2.– LPPko antolamendu-planetan azalera hori gutxi gorabehera kokatzen da, behin behiko zehaztapena erreserba hori ezarri behar den unean zehaztuko baita, aurreko puntuko baldintza bete ondoren. Hala, LPPko azterlaneko eskalan baino zehaztasun gehiago emango du behin betiko kokapen horrek eta egungo azpiegiturekiko sarbideak eta loturak konponduko dira. Halaber, PRUGeko P4 kategoriako lurzoruen gaineko eragina eta akuiferoak izateko arrisku altuko lursailen gaineko eragina murriztu egingo dira, lurralde-antolamenduko tresna baten bidez, ukitutako udal-plangintzen egitura-antolakuntza koordinatu ahala. Ondoren, berau garatzen denean, kontuan hartu beharko da paisaiaren integrazioa sustatzeko eta ingurumen-eraginak murrizteko neurri zuzentzaileak ezarri behar direla Urdaibaiko Biosferaren Erreserba bezalako gune sentikorrean.
5. ATALA
EREDU EKONOMIKOAREN KUDEAKETA
102. artikulua.– Xedapen orokorrak.
1.– LPPak lurzoru berriaren kontsumoa mugatzeko proposatzen du, azken urteetako joera alderantzikatuz. Horretarako, aurreikusitako beharrizanak ahal dela jarduera ekonomikoko eremuak birsortuz eta lurzoru hutsa optimizatuz estali beharko lirateke, eta, beharrezkoa den neurrian soilik, lurzoru berriak garatuko lirateke okupazioko muga-eremuen barruan, XIV. eranskineko taulan jasotako eskaintzako muga-balioen esparruan.
103. artikulua.– Jarduera ekonomikoen eremuak suspertzea.
1.– Jarduera ekonomikoen eremuetako eraikitako eta urbanizaturiko ondarea optimizatzearen helburua hori suspertzea da, irudia hobetzeko eta industria-paisaia egokitzeko, EAEko industrializazio masiboaren garaian sortu ziren hiri-eremuetan.
2.– Jarduera ekonomikoetara atxikitako lurzoruak (gehienetan, industria-izaerakoak) suspertzeko jardueretan, honako irizpide hauek hartu beharko dira kontuan:
a) Barruko egitura-ardatz jarraituak sortzea, hiri-egitura koordinatua eta autonomoa sortzeko, barruko komunikazioetan.
b) Zaharkituriko industrialdeak suspertzea.
c) Ingurumen-neurri zuzentzaileak ezartzea, beharrezkoa izanez gero.
3.– LPPren ustez, funtsezkoa da oraingo industrialdeetan esku-hartzeak egitea, horien funtzioak, egitura edo bizigarritasuna egokitzeko, horietarikoren batean neurri zuzentzaileak ezartzeko aukera egotearen edo hirigintza-akatsen eraginez. Horri dagokionez, 4/1990 Legean ezarritakoaren arabera, Gernika-Lumon Suspertzeko Eremu oso garrantzitsua proposatzen da Eskualde Egiturarako (dokumentazio grafikoan jasota); dena den, udal Planeamenduak suspertu behar diren beste eremu batzuk ere zehaztu ahal izango ditu. Gainera, zenbait eremuk, hiriguneen erdialdeetan kokaturik daudenez, neurri zuzentzaileak hartu beharko dituzte ingurumen-eragina murrizteko.
104. artikulua.– Jarduera ekonomikoetarako lurzoruan aplikatzeko irizpideak.
Lurralde-eredua ezartzeko, jarduera ekonomikoetarako lurzoruan, oro har, honako irizpide hauek aplikatzen dira:
a) Hiriguneetatik kanpo dauden eremuetan, batez ere, ekoizpeneko eta logistikako jarduerak kokatuko dira, horiek bateragarritasun urria baitute hiri-egiturarekin; halaber, horiek merkataritza-zentro handiekin eta bulego-eraikinekin osatzea ekidingo da, halakoak (ahal dela behintzat) hiriguneen barruan egon behar baitira, esku-hartze eskala txikiagoekin eta hirigintza-ingururako egokitasun handiagoarekin.
b) Saihestu egingo da hiri-lurzoruen kanpoaldeko hirugarren sektoreko eremuak ezartzea; izan ere, espazio-plataforma horiek instalazio industrialagoak hartzeko erreserbatzea komeni da; izan ere, azken horiek bateragarritasun urriagoa dute egoitza-egiturarekin, eta lotura funtzional handiagoa, berriz, merkantzien trafiko astunarekin; nolanahi ere, garraio publikoaren bidezko irisgarritasuna bermatu behar da.
c) Jarduera ekonomikoen eremu berrietan, hondakinen bilketa hautakorrerako espazioen ezarkuntza sustatuko da; horietan, hiri-hondakinetara asimilatzeko moduko hondakinen edukiontzien instalaziorako eremuak erreserbatuko dira.
d) Jarduera ekonomikoko eremu berrietan, Udal Planeamenduak energia sortzeko zentro txikien instalazioa ahalbidetuko du; energia sortzeko, hondakinen tratamendua edo energia berriztagarrien aplikazioa erabiliko da. Horretarako behar diren lurzoru-erreserba guztiak egingo ditu, baldin eta jarduera nagusiarekiko bigarren mailako jarduera bada.
e) Jarduera ekonomikoen eremuetan, garraio publikoaren erabilera ahalbidetuko da, eta garraio publikoa sustatuko da, ibilgailu pribatuen joan-etorriak gutxituz.
f) Indarrean dagoen planeamenduak jarduera ekonomikoetarako lurzorutzat kalifikatzen dituen lurzoruak, baldin eta, teknika, ekonomia edo hirigintza mailako ezintasunaren ondorioz, lurzoruok erabilera horretarako garatu ezin badira, erabilera mistorako birkalifikatu ahal izango dira; hau da, jarduera ekonomikoak dituen egoitza-erabilerarako, enpleguaren eta produkzio-egituraren galera orekatzeko.
g) Oro har, ingurumeneko neurri zuzentzaileak zorrotz bete eta hirigintzaren kalitatea ondo zainduko da.
6. ATALA
EREDU EKONOMIKOAREN EZAUGARRIAK
105. artikulua.– Jarduera ekonomikoaren erabilerarekin lotutako tipologiak
1.– LPPak orokorrean kontuan hartzen ditu beren jarduera ekonomikoak garatzeko euskarri fisiko gisa hirigintza-aldetik prestatutako lurzorua behar duten agente ekonomikoek egindako lurzoru-eskari posibleak, jarduera horiek zuzenean ekoizpenekoak izan nahiz hirugarren sektorekoak izan.
2.– Ondorioz, LPPak, proposatutako Jarduera Ekonomikoaren Eredua lortzeko, jarduera ekonomikoko erabilera hauen ezaugarriak ezartzen ditu, udal-plangintzak xede honetarako sailkatzen dituen lurzoru berrietan onartzen diren erabilerak izanik.
3.– Industriakoak diren lurzoruetan, garraio pisudunarentzako sarbidearekin eta egoitza-lurzorutik bereizia:
a) Industria: ondasunak ekoizteko jarduera, industriako produktuak lortu, konpondu, egin, eraldatu eta berrerabiltzeko, baita hondakin edo azpi-produktuak aprobetxatu, berreskuratu edo ezabatzeko, eta ekoitzitako ondasunen nahiz ekoizpen-prozesua gauzatzeko beharrezko lehengaien gordailua, zaintza eta banaketa handizkakoa. Erabilera logistikoarekin bateragarria da. Hurrengo motak bereizten dira:
i) Ekoizpen-industria: Ondasunak ekoizteko edota gordetzeko jarduerak, kokatzeko espazio espezifikoak behar dituztenak, egoitza-erabileretatik urrun, etxebizitzei molestatu egiten baitie.
ii) Maila teknologiko altuko ekoizpen-industria: ondasunak ekoizteko jarduera, I+Gn oinarrituta, erdiguneetatik hurbil egon daitekeena, eta, jardueraren kaltegarritasun ezaren arabera egoitza-erabilerekin bateragarria izan daitekeena.
b) Logistika: ekoitzitako ondasunen eta ekoizpen-prozesua gauzatzeko beharrezko lehengaien txikizkako/handizkako zaintza, zatikatzea eta banaketa, salgaien garraioarekin bereziki lotua. Ekoizpen-industriarekin bateragarria da.
Trafikoarekiko mendetasun handia dutenez eta salgaiak gordetzen dituztenez, azalera oso handiak izan ohi dira eta lotura zuzenak izaten dituzte berauek osatzen dituzten garraio-azpiegiturekin, trenbidearekin edo gaitasun altuko bide-sarearekin.
4.– Erabilera mistoko lurzoruetan edo egoitza-erabileren ondoan edo egoitza-erabilerako lurzoruetan bertan:
c) Enpresa-parkea: funtsean teknologia berrietan oinarritutako jarduerak, ekoizpenaren helburuak informazioa erabili, kalkuluak egin eta datuak prozesatzea, softwarea eta sistema informatikoak garatzea eta, orokorrean, ikerketa eta garapeneko jarduerak egitea direlarik. Egoitza-lurzoruen ondoan edo erabilera mistoko lurzoruetan kokatu ohi da. Hauek bereizten dira:
i) Parke teknologikoak: normalean teknologia aurreratuekin lotutako jarduerak izaten dituzte, I+Gren sorrera eta hazkuntza eta balio erantsi altuko zerbitzuak sustatuz.
ii) Enpresa-parkeak: industriako zerbitzu teknikoak eta beste enpresa batzuentzako zerbitzuen enpresa-jarduerak barne hartzen dituzte.
d) Erakusleiho-industria (hirugarren sektorea-erakusketa): arlo hauetan ustiapen eta salmentako azalera handiekin lotutako merkataritza-erabilerak behar dituzten ekoizpen-jarduerak kokatzen dira, normalean bateragarriak direnak egoitza-erabilerekin, eta beraz, horietan integratu beharko liratekeenak.
e) Zerbitzuak: zerbitzu administratiboak, teknikoak, finantzarioak, komertzialak, higieniko pertsonalak, sanitarioak eta abar ematen dituzten espazioak, egoitza-erabilerekin bateragarriak eta horietan kokatuak.
f) Merkataritza: jendearentzako salgaien hornidura zuzenarekin lotutako jarduerak egiteko zerbitzuak izaten dituzten arloak. Normalean erdiguneetan kokatzen dira, horiek biziberritzen laguntzeko.
g) Mistoa: Jarduera ekonomikoko lurzoru hauetan, etxebizitzarekin bateragarriak diren industria-erabilerez gain, enpresa-parkearena eta zerbitzuen bestelakoak ere sartzen dira, adibidez, txikizkako merkataritza, bulegoak eta hornidura pribatuko beste batzuk, esaterako laguntzarako, osasunerako, aisialdirako, sozio-kulturarako edo antzekoetarako hornidurak.
LAUGARREN TUTULUA
MUGIKORTASUNA LURRALDE-EREDUAN
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
106. artikulua.– Azpiegituren sistemaren xedea eta definizioa, lurralde-eredua egituratzeko oinarrizko baldintza den aldetik.
LPPk mugikortasunaren arloan duen oinarrizko helburua Eskualde Egitura egoki egituratzea da, ezarritako lurralde-eredua zehazten duten irizpideen arabera.
II. KAPITULUA
MUGIKORTASUN ALTERNATIBOA
1. ATALA
MOTORRIK GABEKO MUGIKORTASUNA
107. artikulua.– Bizikleten/oinezkoen eredua. Helburuak eta jarduketa-ildoak.
1.– Lurralde Zatizko Planaren ereduak motorrik gabeko mugikortasunerako sare alternatiboak ezartzea sustatzen du, bizileku, jarduera eta aisialdiaren eremuetan sartzea ahalbidetzeko, oinez eta bizikletaz mugituz erosotasun eta segurtasun egoera egokietan betiere.
2.– Sare horien garapenaren barnean, LPPk ezarritako garapen berrietarako zerbitzuaz gain, dagoeneko finkaturik dauden eremuetan berehala kokatzea ere ezarri beharra dago, bereziki mugikortasun handiena dakartenak eta egun soilik motordun ibilgailuen bidezko irisgarritasuna dutenak.
3.– Lurralde Zatizko Plan honen ondorioetarako, Motorrik Gabeko Mugikortasun Sarea da beren beregi oinezkoen edota bizikleten zirkulaziorakoa dena urbanizaturiko eremuen artean (bizileku-guneak, industri jarduerako edo ekipamenduko eremuak), udalaz gaindiko ikuspegitik eta hierarkian lerrun txikiagoa duten sareen arteko jarraipena erraztuz.
4.– Sare horrek, garapen mailan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizikleten Plan Zuzentzailean ezarritako ardatz nagusiak biltzen ditu ustez, eta Lurralde Zatizko Planak beren beregi proposaturiko tarteak dakartza.
5.– Sare hori, funtzionaltasun mailan, hauexek dago osatuta: batetik, bide-sareetako tarteak eta oinezkoen edota bizikleten moduak ahalbidetzen direneko lurraldean sartzeko ibilbideak, mugitzeko beste modu batzuekin batera; bestetik, tokiko eta soilik udalaren eskumenekoak diren ibilbideak, egungoak edo egiteke daudenak.
6.– Lurralde Zatizko Planak arlo horretan dituen helburuak Memoriaren 7.3. atalean ezarri dira, administrazio eskudunek gauzatu beharreko ekintzetarako erreferentziako zenbait irizpiderekin batera. Gainera, honako jarduketa-ildo hauek ezarri dira.
a) Motorrik gabeko mugikortasunaren sarea egituratua ezartzea, mugitzeko moduen artean nahi ez diren interferentziak saihestuta.
b) Eremu espezifikoak erreserbatzea, zertarako-eta sarea zeharbideak eraldatu, hiria birsortu eta garapen berria izateko proiektuetan ezartzeko, baita bide-azpiegitura berrietan ere.
c) Bizikleta-garraio publikoaren intermodalitatea sustatzea.
d) Udalerriek barne ibilbideak gauzatzeko neurriak abiaraztea, hala denean LPPk proposaturiko sareari jarraipena ematea errazteko.
e) Oinezkoen eta bizikleten irisgarritasuna hiriguneen inguruetan kokaturiko jarduera eremuetarako, hondartzetan eta inguruetan sartzeko.
f) Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizikleten Plan Zuzentzailea diseinatzeko arauetan ezarritakoa betez egitea bideak.
108. artikulua.– Eskema eta trazatua zehaztea.
Eskualde Egituran dauden bizilekuen eta jarduera, lan edo aisialdi gune nagusien arteko lotura irizpideen ezarpenari deritzo Motorrik Gabeko Mugikortasun Sarearen azpiegituraren eskema. Trazatua, berriz, azpiegituraren kokapen zehatzari dagokio, betiere garapen plangintzak zehazturiko definizioari lotuta.
109. artikulua.– Motorrik gabeko Mugikortasun Sareko ekintzak. Proposamenak.
1.– Honako ekintza hauek finkatu dira Motorrik Gabeko Mugikortasun Sarea ezartzeari begira:
a) Sare egituratua ezartzea, honako hauetan kokaturiko bizileku, aisialdi eta jarduera eremuetan sartzea ahalbidetzen duena:
– Gernika - Bermeo ardatza.
– Gernika - Muxika ardatza.
– Gernika – hondartzak – Ibarrangelu - Ea ardatza (Oma haranarekiko loturarekin).
– Markina - Ondarroa ardatza.
– Lekeitio - Munitibar ardatza.
– Gernikatik Ajangiz eta Arratzurako loturak.
– Markinatik Bolibar eta Etxebarria - Barinagarako loturak.
b) Motorrik gabeko irisgarritasuna ebaztea Gernika-Lumo eta Muxikatik (tren geltokia eta Ugarteko biztanle-gunea) Muxikan proposaturiko industri lurzoru berrietara.
c) Oinezkoak eta bizikletak ibiltzeko gai diren zonaldeak sartzea hiriko zeharbideen eraldaketetan eta garapen berriak egituratzen dituzten ardatzetan.
d) Bizikletak mailegatzeko zerbitzurako proiektu osoa; Motorrik Gabeko Mugikortasun Sarean lotu egingo ditu bizileku-guneak, garraio publikoko truke-guneak, Eskualde Egiturako hondartza ekipamenduak eta zonaldeak, baita LPP honetan ibilgailuentzat ezarritako aparkalekuak ere.
e) Bizikletentzako egokiak diren aparkalekuak egokitzea, bizikletak beste garraiobide modu batzuen osagarri izateko, dela metropoliko eremuarekiko loturan, dela hondartzarekikoan.
2.– Sare honen barruan hiriguneetan nahiz landa-guneetan sartu gabe dauden oinezkoen eta bizikleten ibilbideen plangintza udalerriei dagokie, hiri eremuetan nahiz landa-eremuetan.
3.– Memoriako 7.3 atalean eginiko zehaztapenekin eta gogoetekin bat etorriz, Motorrik Gabeko Mugikortasun Sarearen oinarrizko eskema eta konfigurazioa, «Mugikortasun Alternatiboa» deritzon Antolamendu Planoan marraztuak, lotesleak dira sektore eta udal plangintzako tresnekiko, betiere eremuen arteko loturari eta sarea osatzen duten bideen jarraipenari dagokienez.
2. ATALA
GARRAIO KOLEKTIBOA. INTERMODALITATEA
110. artikulua.– Garraio publikoaren eredua. Helburuak eta jarduketa-ildoak.
1.– Lurralde Zatizko Planaren ereduak garraio kolektiboen hobekuntza sustatzen du, baita horietarako sarbide handiagoak eta hobeak ere Eskualde Egiturako eremu guztietan.
2.– Lurralde Zatizko Planak arlo horretan dituen helburuak Memoriaren 7.4.2 atalean ezarri dira, administrazio eskudunek gauzatu beharreko ekintzetarako erreferentziako zenbait irizpiderekin batera. Gainera, honako jarduketa-ildo hauek ezarri dira.
a) Trena aukeratzea, hura ezarrita dagoen Urdaibaiko eremuan, bidaiari asko garraiatzeko modutzat.
b) Lea-Artibaiko zonaldean, inguruko eremuekiko lotura autobus zerbitzuaren bidez; zerbitzu horiek trenarekiko trukea ahalbidetu beharko lukete Abadiño inguruan, Durangoko Eskualde Egituran.
c) Intermodalitate-puntuak ezartzea Garraio Kolektiboko Oinarrizko Igarobideetan.
d) Ezkutuko eskaria erakartzea estaldura estentsibo mailan, administrazio eskudunak azterlan espezifikoaren xedetzat, eta egungoak ez beste garraio kolektiboko zerbitzuen posibilitatea ezarri da erreferentziako eremuen zentroen inguruan.
111. artikulua.– Sarearen eskema zehaztea:
1.– Lurralde Zatizko Plan honetan planteaturiko garraio kolektiboko ereduan, bi sare maila bereizten dira Memoriako 7.4.1 atalean bildutako xehetasunaren arabera:
a) Garraio kolektiboko oinarrizko ardatzak. Zuzeneko loturako zerbitzuen oinarriak direnak, betiere Eskualde Egituratik kanpoko eremuekiko maiztasun egokiekin.
b) Garraio kolektiboko estaldura estentsiboa. Eskualde Egiturako gainerako eremuetarako zerbitzuak.
2.– Sareko elementu fokalak dira honako hauek:
a) Garraio kolektiboko erreferentzia zentroak, erreferentzia gune gisa, bai oinarrizko ardatzen definizioan, bai inguruko udalerrien arteko garraio modalitate alternatiboen zerbitzua izan dezaketen eremuetakoan, Memoriako 7.4.3 atalean azterturikoen arabera.
b) Intermodalitate-puntuak, mugitzeko moduen arteko truke-gune gisa.
112. artikulua.– Intermodalitate-puntuak zehaztea.
1.– «Intermodalitate-puntua» da, Lurralde Zatizko Plan honen ondorioetarako, garraio kolektiboko oinarrizko ardatzekin loturiko garraioen, ibilgailu partikularren bidezko garraioaren, garraio kolektiboaren estaldura estentsiboaren eta gainerako garraiobideen arteko lotura eta koordinazioa.
2.– Plangintza orokorreko tresnetan ezarritakoak izango dira «intermodalitate-puntua»ren mugaketa, antolamendua eta jarduteko araubidea, edo udal edo udalaz gaindiko eremuko kasu berezian, eta ondorengo oinarrizko irizpideei lotuko zaizkie:
a) Oinezkoen irisgarritasuna erraztea eta zirkulaziorako eta itxaroteko altzari elementu eta gune egokiak izatea.
b) Motorrik Gabeko Mugikortasun Sarea eta «intermodalitate-puntua» lotzea, ziklistarentzako trukea emateko beharrezko baliabideak izanik.
c) Intermodalitate-puntuak ibilgailu pribatuarekin lotzea, trukea errazteko disuasio-aparkalekuen bidez.
3.– «Inermodalitate-puntua» bera alde batera utzita, garraio publikoko puntuetan, oinezkoentzako irisgarritasun baldintzak berrikusi beharko dira, eta hala denean, bizikletarekiko intermodalitatea errazteko beharrezko elementuak ezarriko dira, haien ezaugarrien arabera.
113. artikulua.– Garraio publikoari buruzko ekintzak. Proposamenak.
1.– Hona hemen garraio kolektiboaren eta intermodalitatearen gainean proposaturiko ekintzak, sektoreko aurreikuspenetan integratzeko:
a) Euskotrenen zerbitzuen maiztasunak hobetzea, trenbideetan aurreikusitako bikoizketak egindakoan eta autobus bidezko garraioarekiko bikoiztasunak konponduta.
b) Autobus geltokia Gernika-Lumoko ospitale berrian, bertarako sarbidea errazteko Eskualde Egitura osotik.
c) Muxikako industri lurzoru berrien autobus edo garraio kolektibo alternatiboko zerbitzuak bizileku-guneetatik bertatik, tren geltokitik eta Gernika-Lumotik.
d) Garraio kolektiboen modalitate alternatiboen balizko garapenari buruzko azterlana, Bermeo, Gernika-Lumo, Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroako biztanle-guneetan eta udan Ibarrangelun.
e) Zeharkako lotura ezartzeari buruzko azterlana, Eskualde Egiturako udalerri buruen artean (Gernika-Lumo, eta Markina-Xemein).
f) Alboko herrietako eremuekiko lotura ezartzeari edo indartzeari buruzko azterlana (Markina-Xemenin - Elgoibar - Mendaro, Ondarroa-Deba-Mendaro).
g) Truke modala tren geltokiekin lotuta Zugastietan, Muxikan eta Institutuan (trena-busa-autoa), eta Gernika-Lumon (trena-busa) eta, udan, San Kristobalen, Axpen, Itsasbegin eta Mundakan (trena-itsasontzia).
h) Truke modala bus-express zerbitzu geltokiekin lotuta, hiriguneetarako sarbiderako aparkalekuei dagokienez Bermeon, Markina-Xemeinen, Lekeition eta Ondarroan eta Gernika-Lumon (ospitalea).
i) Bus zerbitzua tren Gernika eta Muxikako geltokietatik eta Ibarrangelutik Laida/Lagarantz udan.
j) Itsasontzi zerbitzu erregularrak ezartzea, udan behinik behin, Urdaibaiko errekaren bazter biak lortzeko, eta zerbitzua koordinazio intermodaleko beste elementu bat den aldetik.
k) Ibarrolako heliportua hobetzea.
2.– Memoriako 7.4 atalak dakartzan zehaztapenekin eta gogoetekin bat etorriz, «Mugikortasun alternatiboa» izeneko 4. Antolamendu Planoan erreferentzia gisa ezarri da garraio publikoko eredua, sektore eta udal administrazioek garatzeari begira.
III. KAPITULUA
GARRAIO AZPIEGITURAK
1. ATALA
BIDE AZPIEGITURAK
114. artikulua.– Bideen eredua. Helburuak eta jarduketa ildoak.
1.– LPPren ereduak ahalegina egiten du antzeman diren beharrizanen araberako bide azpiegitura ezartzeko, hau da, hala Errepide Sarea nola aparkatzeko zuzkidurei lotuta dauden alderdiak kontuan hartuz.
2.– Lurraldearen Plan Partzialaren helburuak arlo honetan Memoriaren 7.5.2 idatz-zatian ezarrita daude. Halaber, jarduteko ondoko ildo hauek ezarri dira:
a) Alde Funtzionaleko biztangune handienen eta kanpoaldearen arteko konexiorako Iparralde-Hegoalde sare nagusietan oinarritzen den ereduaren inplementazioa; hori BFAren Irisgarritasun Jasangarriko Planean jasota dago.
b) Gainerako korridoreak barruko trafikoetarako erreserbatzea, hau da, demandari egokituz baina fluxu berriak eragiteko moduko erlazioak sustatu gabe; kasuan kasu egokiak izan daitezkeen unean uneko jarduketak gorabehera, horien ingurumeneko ezaugarriak mantenduko dira.
c) Biztanguneetan talde garraioaren bidez bete edo estaliko diren azalerak ezarriko dira.
d) Jarduera industriala duten lurzoruetarako irisgarritasunaren planteamendua ebaztea, hau da, mota horretako lurzoruak ezarri aurretik.
e) Giroko ezaugarri paisajistikoa eta ingurumenekoari dagokionez, garrantzi gutxieneko bideetan ingurumeneko gehieneko zaintza aplikatuko da.
f) LPP honetan definitu den sarean biztanguneetatik, horien dimentsio eta garrantziaren arabera, igarotzen den trafikoa ebaztea.
g) Udalerri guztietan aparkatzeko politiken garapenerako oinarri erkide batzuk ezartzea.
115. artikulua.– Bide azpiegituren tipifikazioa.
1.– Errepide Sarea. LPPk, bere jarduteko proposamenak zehazteari dagokionez, sarea hierarkizatzeko proposamen orokorra egin behar du ikuspegi morfologikotik lurraldearen egituraketa bermatzeko; halaber, sare hori eratzen duten errepideen izaera eta funtzionaltasuna zehaztu behar ditu. Ondoko hierarkizazio hau ezarri da:
a) Sare egituratzailea. Alde Funtzionaleko biztangune nagusietaraino sartzeko eta igarotzeko mugimenduak egiteko egokiak diren korridoreek eratzen dutena da. Ez dago hiriguneekin zuzenean erlazionatuta.
b) Sare banatzailea.
i) Hiri inguruak. Euren kapazitate eta zentraltasunagatik lekuz aldatzeko modu guztietan erabiltzeko egokiak diren ardatz nagusiek eratzen dituzten hiri bideak dira; garraio publikoaren linea nagusiei euskarri egokia emateko elementuak dira.
ii) Hirikoak ez diren inguruak. Multzo honen barruan daude Alde Funtzionaleko buruen eta azpiburuen edo horietatik hurbil daudenen arteko erlazioen bilba eratzen duten errepideak.
c) Sare kapilarra. Lurraldeari irisgarritasunik altuena zuzkitzeko bideek eratzen dutena da:
i) Hiri inguruak. Honen barruan daude hirigunetik kanpo duten berezko luzapenaren ondorioz LPP honetan deskribatu diren errepideetako batekoak diren kaleak.
ii) Hirikoak ez diren inguruak. LPPn sartu den bide sisteman jasotako beste errepide guztiak.
2.– Aparkalekuak. Lurraldearen Plan Partzialak, bere destino nagusiaren arabera, ondoko mota hauek planteatu ditu:
a) Hirigunera edo mugara iristeko aparkalekua. Ibilgailuak hiriguneetan sartzea ekiditearen ondoreetarako, beste garraio mota batzuekin elkar trukatzeko aukerarekin (bizikleta, taxia, mikrobusa...), eta, hala denean, hirigunean egon daudenekiko lehentasuna sustatuz.
b) Aldirietako aparkalekua. Garraio publiko edo ibilgailu konpartitu batekin transbordoa egiten dutenentzat; halaber, zilegi da bizikleta erabiltzaileek ere aldaketa bertan egitea. Doakoa edo ordaintzekoa, eta bigarren kasu horretan talde garraioko prezioa sartuko duten tarifa edo bonoak aplikatzeko aukera egongo da.
c) Txandakako aparkalekua. Erabilera publikokoa, ibilgailuaren egonaldia kontrolatuko duten tarifak aplikatuz. Kategoria horren barruan sar daitezke, aldi berean, hondartzei lotuta daudenak.
d) Egoiliarren aparkalekua. Alde jakin baten bizi diren pertsonek erabiltzeko dena. Salerosketa, erabilera emakida edo alogera araubideak. Definizio honen barruan sar daitezke lehentasunezko erregulazioarekin herri bidean egiten direnak.
116. artikulua.– Eskema eta trazaduraren definizioa.
1.– Errepide Sarea. Eskema honako Lurraldearen Plan Partzial honen ondoreetarako definitu da eta bere barruan sareko esparru guztien arteko konexio irizpideak eta eskema hori espazioan zehatz kokatzeko trazadura bera sartzen dira. Eskemak, bere kasu guztietan, izaera loteslea du eta trazadura bidezko garapenerako plangintzaren bidez era xehakatuan definitzeari lotuta dago.
2.– Aparkalekuak. Lurraldearen Plan Partzialak bere tipologien barruan ondoko hauek ematen ditu: aldirietako aparkalekua; hirigunera edo mugara iristea, eta hondartzei lotutakoak. Uste du gainerako kasuetan plangintza berariaz dela udalen eskumenekoa.
117. artikulua.– Ekintza motak bide azpiegituretan.
1.– Errepide Sarea. Lurraldearen Plan Partzialak proposamen orokorrak eta horien emaitzako jarduketak egiten ditu, ekintza mota jakin batzuetan oinarrituta daudenak:
a) Azpiegitura berrien ezarpena. Horri lotuta azpiegitura berrien betearazpena edo egon daudenen zuzenketak sartzen dira, zertarako-eta Errepide Sareari, hala ezarri diren trafiko fluxuek eskatzen dituzten prestazioen ondorioz nola hirigune guztien arteko elkar eragiketak saihestearen ondorioz, funtzionaltasun berria zuzkitzeko. Eskumenak dituen arlokako administrazioak betearazi behar ditu edo, lantzean behin, udalek aipatu den administrazio horrekin lankidetzan.
b) Errepideen trazaduraren hobekuntza geometrikoak. Errepideetan gaikuntza jarduketak egitea horien prestazioen hobekuntza lortzeko. Eskumenak dituen arlokako administrazioak betearazi behar ditu bere aurreikuspen propioen arabera.
c) Ibilbide alternatiboak sortzea hiriguneetan. Mota honetako jarduketen xedea hiriguneetako alde jakin batzuetan motordun ibilgailuen trafikoa gutxitzea edo ezabatzea da. Udalek burutu behar dituzte.
d) Igarotzeko trafikoetatik askatu diren bideen tratamendua. Jarduketa hauek igarotzeko trafikoetatik askatu diren bideetan burutu behar dira, horien titulartasuna udalei eman zaienean. Tarte ukitu horiek izan ditzaketen ezaugarriek baldintzatuta daude:
i) Hiriaren aldirietan. Gutxieneko jarduketak, ebakidura, mugakideetara iristeko eta abar bezalako unean uneko arazoei aurre egiteko.
ii) Hiriko aldeetan. Gurpilezkoen trafikoaren eta hiriko bizitzaren arteko elkarbizitza hobea, oinezkoen eta bizikletaz ibiltzeko erabilerak sustatuz eta trafiko hori herri garraioetara mugatzera arte iritsiz edo, areago, erabat oinezkoentzat bihurtzera iritsiz.
e) Hiriko tarte eta zeharbideen egokitzapena. Gurpilezkoen trafikoaren eta hiriko bizitzaren arteko elkarbizitza baldintzak hobetzea; eragiketa horiek kasuan kasuko bidearen trafikoa baretzeko neurrien eta bide horien diseinu eta materialen tratamendu partikularizatuaren bidez burutuko dira. Udalek burutu behar dituzte aldez aurretik, hala denean, tarte ukituaren lagapena gertatu ondoren.
f) Motordun ibilgailuentzako bideak ez direnetan transformatzea. Funtzionaltasun gutxiko errepideak, oinezkoentzako eta/edo bizikletaz ibiltzeko izaerara igarotzen direnak. Udalek burutu behar dituzte aldez aurretik, hala denean, tarte ukituaren lagapena gertatu ondoren.
2.– Aparkalekuak. Lurraldearen Plan Partzialak sare baten ezarpena planteatu du; sare horrek, toki ikuspegitik antzematen diren beharrizanak asetu ez ezik, udalez gaindiko estrategia bateko ekintzak betetzen laguntzeko estrategian parte hartu behar du, adibidez ondoko hauek:
– Aldirietako aparkalekuak eta hiriguneetara sartzekoak hondartzetara joateko talde garraioaren geldilekuekin lotzea, intermodalitatea sustatzeko tarifa abantailatsuak ezarriz.
– Hondartzetako aparkalekuak tarifazio altuekin erregulatzea okupazio baxuko ibilgailuentzat.
– Oro har, ibilgailu pribaturik talde garraiora bidaiariak eramateko ekintza guztiak.
118. artikulua.– Bide azpiegituren gaineko ekintzak.
1.– Errepide Sarea. LPPk proposatu duen lurralde ereduaren egokitzapenerako eta 117. artikuluan definitu diren jarduketa mota jakin batzuei dagokienez, ondoko ekintza hauek proposatu dira:
a) Azpiegitura berrien ezarpena.
– BI-631 Bilbo-Bermeo. Sollubeko tunelak eta Bermeoko saihesbidea (betearazpen prozesuan).
– BI-635 Amorebieta-Gernika. Autzaganeko tunela (betearazpen prozesuan).
– BI-633 Berriz-Ondarroa. Berriatuko saihesbidea, Lekeitiorekin konektatzen duen BI-2405 errepidearekiko lotunea barne (betearazpen prozesuan).
– BI-2636 Markina Gipuzkoako mugan. Saihesbidea Markinako hirigunearen hegoaldetik.
– Ipidegiko bidea Mendexara iristeko errepide moduan gaitzea, hau da, BI-4449 errepidearen alternatiba moduan, horrela derrigorrez Lekeitio zeharkatu beharra ekidinez.
– Nabarniz-Aulesti konexio berriaren ezarpena.
– Erakunde mailako laguntza neurriak ezartzea Mendexa, Nabarniz eta Aulestiko hiriguneak igarotzeko ibilbide alternatiboak sortzeko.
b) Errepideen trazaduraren hobekuntza geometrikoak.
– BI-635 Amorebieta-Gernika. Autzagane eta Boane arteko trazatuaren aldaketa, dauden guneei ahalik eta gutxien eragiteko.
– BI-2121 Mungia-Gernika. Gerekiz-Muxika trazatuaren aldaketa: Ugarte eta Kurtzero zeharkatzen dituen lekuetan egoera konpontzea eta BI-635 errepidearekiko lotunea hobetzea.
– BI-2235 Gernika-Bermeo. Bizkaiko Errepideei buruzko Lurralde Plan Sektorialean jasotako aurreikuspenak Bilbo-Bermeo lotunea hobetu eta geroko egoera berrira egokitu behar dira, beharrezkoa bada.
– Berriz-Ondarroa saihesbidea lurralde gipuzkoarretik AP-8 errepideraino eta Debako Trenbide Sareraino luzatzeko bideen hobekuntzen azterlanak egitea.
– BI-2636 Markina-LH muga. Trazaduraren unean uneko hobekuntzak Etxebarriako hirigunetik ekialderantz, jarduketa horien barruan proposatu da jarduketa baliokideak egitea alde gipuzkoarrean.
– BI-2224 Gernika-Markina; BI-2238 Gernika-Lekeitio; BI-2713 Gerekiz-Goikogana; BI-3222/BI-3231/BI-3447 Muniketa-Urrutxua-Munitibar-Lekeitio eta BI-3448 Aulesti-Markina. Trazaduren unean uneko aldarazpenak inguruaren ingurumeneko interesek baldintzatuta.
c) Ibilbide alternatiboak sortzea hiriguneetan.
– Gautegiz-Arteaga. Perimetroko hiri bidea, egon dagoen bilbean eusten dena; hirigunearen mendebaldetik doa, EKPAk HPA moduan aintzatetsi duen esparruaren barruan, gaztelura iristea erraztuz eta gaur egungo zeharbidea udalerriaren hiri dinamikarako eta berariaz talde garraioa bertatik igarotzeko berreskuratuz.
– Etxebarria. Hirigintzako udal plangintzatik abiatuta gaur egungo zeharbidearen ibilbide alternatiboa eratzea. Jarduketa hiri lurzoruen eta lurzoru urbanizagarrien mugen barruan egiten da bertatik igarotzen diren trafikoen ukipenak ezabatuz eta hiri dinamikarako eta berariaz talde garraioa bertatik igarotzeko berreskuratuz.
– Erakunde mailako laguntza neurriak ezartzea Gautegiz-Arteaga eta Etxebarria hiriguneak igarotzeko ibilbide alternatiboak sortzeko.
d) Motordun ibilgailuentzako bideak ez direnetan transformatzea.
– Bermeo, Berriatua eta Markina-Xemein; euren saihesbideen amaieren ondorioz.
– Muxika. Gaur egun BI-635 eta BI-2121 errepideek zeharkatzen dituzten hiriguneak, trazadura horiek aldarazi ostean.
– Lekeitio. Mendexako sarbide berria betearazi ostean.
– Gautegiz-Arteaga, Etxebarria eta, hala denean, Oka ibaiaren ezkerreko ertzeko guneak, baldin eta horien kasuan kasuko ibilbide alternatiboak betearazten badira.
e) Hiriko tarteak eta zeharbideak egokitzea.
– Sare banatzaileak eta kapilarrak zeharkatzen dituzten guneak, 3. zk.ko Antolamenduaren Planoan, garraioen azpiegiturak, deritzonean jaso den ereduaren arabera.
– Talde garraioaren zerbitzuaren kalitatea sustatuko duten errepideen baldintzak bermatzea (espazioak geldilekuak egiteko eta, hala denean, errei erreserbatua).
f) Motorezko ibilgailuentzako bideak ez direnetan transformatzea.
– BI-3223 (Gautegiz Arteaga-Muruetagane).
2.– Aparkalekuak. Aparkalekuen inplementazioa LPPk proposatu duen lurralde ereduan ezarri denarekin bateragarria izan dadin jarduteko ondoko irizpide orokor hauek ezarri dira:
a) Hiriguneetara iristeko aparkalekuak.
– Gernika-Lumo, Markina-Xemein, Lekeitio Ondarroa, Bermeo eta Berriatuan, kasuan kasuko saihesbideetatik irisgarritasun erraza dutenak.
– Halaber, aldirietako aparkalekuen funtzioekin, hau da, Institutuko (Gernika-Lumo) eta Bermeoko tren geltokien hurbil daudenen kasuan, eta gauza bera Markina-Xemeinekoan bus espresaren lineen erabiltzaileentzat.
– Lekeitioren kasuan, aldi berean hondartzetako aparkalekuaren funtzioak izango ditu.
– Bizikleten mailegurako sistemen guneak sartuko dira.
b) Aldirietako aparkalekua:
– Talde garraioko sareen intermodalitate puntuei lotuta, Muxikan eta Zugastietan.
– Lanzadera motako talde garraioari lotuta Ibarrangeluren kasuan, zertarako-eta Laga eta Laidako hondartzetan pilaketak arintzeko.
c) Aparkalekuak hondartzetan. Hondartzetan egon daudenen antolamendu berria; kanpoko erabiltzaileei abegi emateko gutxieneko kapazitatea izango dute eta maila ekonomikoan zigortu egingo da horien erabilera iristeko beste alternatibekiko, azken horietakoak ezartzen direnean.
d) Gernika-Lumoko Ospitaleari zerbitzua emateko aparkalekua. Ezarpen berria edo egon dagoenaren zabalkuntza aztertu beharko da, horretarako Gernika-Lumoko erdigunearen irisgarritasunean laguntzeko izan dezakeen potentziala kontuan hartuz; halaber, hondartzetara iristeari dagokionez talde garraioarekiko intermodalitateko puntua izan daiteke.
e) Bizikleten aparkalekua. Hiriguneetara iristeko aparkalekuei, aldirietako eta hondartzerako aparkalekuei elkartuta, bizikleten alogera sistemako ekipamendu nagusiak eta guneak.
3.– Memoriaren 7.5.3 idatzi-zatian egin diren zehaztapenekin eta iruzkinekin bat etorrita, Errepide Sarearen azpiegituraren eskema, eta baita aparkalekuen bilbearen oinarrizko taxuketa ere, Antolamenduaren 3. Planoan, garraioen azpiegiturak, deritzonean definituta geratu dira; horien izaera loteslea da arlokako plangintzako eta udal plangintza orokorreko eta garapenerako plangintzako kasuan kasuko baliabide eta bitartekoekiko.
119. artikulua.– Interes paisajistikoko errepideen tratamendua.
1.– Bidezko azterlanen bidez eta, gutxienez, Antolamenduaren 3. Planoan, garraioen azpiegiturak, deritzonean balio paisajistikoko errepide moduan identifikatzen diren errepideen kasuan, horiei eman behar zaien tratamendua ezarriko da. Bi motako egoerak hartuko dira aintzat:
a) Errepideak berak balore jakin bat zuzkitzen diola paisaiari elementu hori ahalik eta gutxien aldaraziz mantenduz gaur egun dituen ezaugarriekin.
b) Errepideak paisaiaz gozatzeko potentziala hobeto aprobetxatzeko esku hartzeak onartzen ditu, hots, horrekin bere funtzio nagusia aldarazi edo kolokan jarri gabe; aintzat har daiteke bere tratamenduan neurri zehatz batzuen inplementazioari ekitea.
2.– 1.b idatzi-zatian ezarri denarekin bat datozen errepideen kasuan, interes paisajistikoko errepideak diseinatzek irizpideak dira Memoriaren 7.5.3 idatzi-zatian ezarri direnak.
2. ATALA
TRENBIDE SAREA
120. artikulua.– Trenbide eredua. Helburua eta jarduteko ildoak.
1.– Lurraldearen Plan Partzialaren ereduak trenbide bidezko garraioaren erabilera finkatzea eskatzen du, hala bidaiariena nola merkatugaiena, eta horren ondorio den Errepide Sarearen deskarga.
2.– Lurraldearen Plan Partzialak lehendik dagoen Euskotrenek kudeatutako linearekin (zabalera metrikoa) identifikatzen du Gernika-Markinako Eskualde Egiturako Trenbide Azpiegitura.
3.– Hala EAEko Trenbide Sarearen ALPren arlokako aurreikuspeni nola LPPren lurralde ereduaren beraren beharrizanei dagokienez, jarduteko ondoko ildo hauek ezarri dira:
a) Gaur egungo trenbide linearen bikoizketa betearaztea.
b) Trenbidea hiri bilbetan integratzea.
c) Trenbideetako geltokiei lotuta egongo diren interkomunikadore modalak ezartzea.
121. artikulua.– Ekintzak trenbide sarean.
1.– Adierazi diren helburuekin eta jarduketa ildoekin bat, erreferentzia moduan Memoriaren 7.6.3 idatzi-zatian adierazi diren irizpideak hartuta, ondoko hauek dira trenbide azpiegituren gainean proposatzen diren ekintzak arlokako aurreikuspenetan integratzearen ondoreetarako:
a) Bermeo-Amorebieta lineako bikoizketak betearaztea.
b) Bermeoko portuaren trenbidearen irisgarritasuna hobetzea.
c) Trenbide geltokiaren egokitzapena Bermeon.
d) Gernika-Lumoko hirigunean zehar trenbidearen trazadurak eragiten duen hirigintzako hesia ezabatzea, hirigunearen barruko erreformarako beharrezkoa den baldintza moduan.
2.– Lurraldearen Plan Partzialak Trenbide Sarearen bere oinarrizko proposamena du jasota, non-eta Antolamenduaren 3. Planoan, garraioen azpiegiturak, deritzonean.
3. ATALA
PORTUAK ETA KOSTALDEKO AINGURAKETAK
122. artikulua.– Antolamenduaren esparrua.
1.– Honako Lurraldearen Plan Partzial honen lurralde ereduak aintzat hartzen ditu Alde Funtzionaleko portuak, kasuan kasuko Portu Antolamenduaren Plan Berezietan edo hortik ezean erabileraren planetan mugaketen barruan antolatuta daudenak.
2.– Honako Lurraldearen Plan Partzial honen lurralde ereduak aintzat hartzen ditu, halaber, Oka itsasadarrean dauden ainguraketen presentzia, portu esparruetatik kanpo; gaur egun horiek ez daukate erregulaziorik.
123. artikulua.– Helburuak eta jarduketa ildoak.
1.– Egon dagoen lurralde plangintzarekin bat planaren helburua da, arlo honetan, portuak sustatzea eta bultzatzea; bultzatze horren intentsitatea egokia izango da horietako bakoitzaren errealitaterako ondoko erabilera hauetan:
a) Jostetazkoa (Ea).
b) Arrantzakoa eta jostetazkoa (Mundaka, Elantxobe, Lekeitio eta Ondarroa).
c) Merkataritzakoa, arrantzakoa eta jostetazkoa (Bermeo).
2.– Adierazi den helburuari dagokionez eta lurraldean duen eragina kontuan hartuta, LPPk ondoko jarduketa ildo hauek planteatu ditu:
a) Bermeo eta Ondarroako portuen irisgarritasunari buruzko arazoak ebaztea; halaber, horien inguruan jarduera ekonomikoak egiteko azaleren ustezko beharrizana kontuan hartzea.
b) Itsasontzien kostaldeko portu mugaketen kanpoko ainguraketak egiten diren esparruetan eskumenak dituzten administrazioen arteko lankidetza erabilera horien erregulazioari ekitearen ondoreetarako.
124. artikulua.– Ekintzak portuetan eta kostaldeko ainguraketetan.
1.– Portuaren operatibitatea hobetzearen ondoreetarako:
a) Izaera orokorrarekin, portu mugaketen aurreikuspenen barruan euren kasuan kasuko Portu Antolamenduaren Plan Bereziak edo hortik ezean erabileren planak garatzea.
b) Bermeoko portua. Portuari berari lotuta dauden jarduera ekonomikoen azaleraren kokapena Mungia-Bilbo saihesbidearen inguruan, ahal bada Bermeoko portuaren beraren inguruan.
c) Ondarroako portua. Portuari berari lotuta dauden jarduera ekonomikoen azaleraren kokapena Ondarroa-Berriatua inguruan kokatzea eta portuan bertan egon dauden eraikinetako goiko solairuen aprobetxamenduaren optimizazioa.
d) Barruko jardueren antolamendu berria Mundaka, Elantxobe eta Lekeitioko portuetan, beti ere babestuta dagoen azaleren esparruak ematen dituen aukeren barruan.
2.– Horien inguruetan sortzen den trafikoaren eragina arintzearen ondoreetarako:
a) Bermeoko portua. Merkatugaien trafikoa, ahal bada trenbidez, garraioa kudeatzen duten erakundeek egokitzat joko duten eran hori sustatuz.
b) Ondarroako portua. Hobekuntzak Debarako errepidean, lurralde gipuzkoarrean, errazagoa izan dadin A-8/N-634 errepideen sistemarekiko bere konexioa.
3.– Kostaldeko baldintzak hobetzeko:
a) Itsasontzien itsas ainguratzeak arautu behar dira itsasadarrean eta Oka ibaiaren estuarioan.
b) Oka ibaiaren itsasadarreko urperatzeetan, solidoen ekarpenen eragina kontrolatu behar da.
4.– Lurraldearen Plan Partzialak portuei eta kostaldeko ainguraketei buruzko bere proposamena eta bere eskema Antolamenduaren 3. Planoan, garraioen azpiegiturak, deritzonean definitzen ditu
BOSGARREN TITULUA
OINARRIZKO AZPIEGITUREN SAREA LURRALDE-EREDUAN
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
125. artikulua.– Oinarrizko azpiegituren sistemaren xedea eta ezarpena, lurralde-eredua lortzeko oinarrizko baldintza den aldetik.
LPPk oinarrizko azpiegituren arloan duen funtsezko helburua da Eskualde Egiturari ohiko hiri zerbitzu egokiak eta orekatuak ematea, ezarritako lurralde-eredua zehazten duten irizpideen arabera.
126. artikulua.– Zerbitzuen azpiegituren sistema Lurralde Zatizko Planean.
1.– LPPk honako helburu hauek (Garapen Iraunkorreko EAEko 2002-2020 Ingurune Estrategian planteaturiko Ingurumen Helburuekin bat datozenak) lortzearen mende jartzen du zerbitzu-azpiegituren planifikazioa:
a) Aire, ur eta lurzoru garbiak eta osasuntsuak bermatzea.
b) Baliabide naturalak eta hondakinak arduraz kudeatzea.
c) Natura eta biodibertsitatea babestea.
d) Lurralde Oreka eta Mugikortasuna: ororen ikuspegia.
e) Klimaren aldaketaren gaineko eragina mugatzea.
2.– Lurralde Zatizko Planak jarduteko zortzi taldetan edo eremutan banakatzen ditu zerbitzuen azpiegituren arloko proposamenak:
a) Ur-hornidura.
b) Saneamendua.
c) Hondakinak.
d) Kutsaturiko lurrak.
e) Energiaren sorkuntza.
f) Energia elektrikoaren garraioa eta banaketa.
g) Gasaren garraioa eta banaketa.
h) Telekomunikazioak.
3.– Talde bakoitzaren sareen trazatuei eta grafikoan marrazturiko elementu zehatz eta garrantzitsuen kokapenari dagokienez, eskematikoak direla esan behar da, erabilitako laneko eskalari dagokion moduan. Udal plangintzen eginkizuna mugatzea eta azpiegituren sistema orokor gisa kalifikatzea da, azpiegituren ardura duten erakundeek egingo dituzten geroko azpiegituren burutzapenaren gaineko aurreikuspenekin bat etorriz.
II. KAPITULUA
HORNIDURA, SANEAMENDUA ETA HONDAKIN SOLIDOEN TRATAMENDUA
127. artikulua.– Ur-horniduraren arloko helburuak eta ekintzak.
1.– Lurralde Zati Planaren ereduak banaketa-sareak zentzuz erabiltzea eskatzen du, baita baliabide propioen aprobetxamendua hobetzea ere, Lea-Artibain, eta ur-harpeen eskasia konpontzea Urdaibaiko eremuan.
2.– Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko (EAEko Barne Arroen Eremua) Plan Hidrologikoaren bigarren zikloko (2015-2021) Gai Nagusien Eskematik eratorritako jarduketa-neurriak martxan jartzeari dagokionez, sektoreko ekintzekin eta programekin behar bezalako koordinazioa izateko, eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilbo-Bizkaia eta Busturialdeko Ur Partzuergoek aztertzeko prozesuan dituzten aurreikuspenak aintzat hartuta, honako ekintza hauek ezarri dira LPP honen Memoriako 8.2 atalean bildutako xehetasunarekin:
a) Urdaibaiko eremuan harpenen aldetik dagoen eskasia konpontzea, dela Zadorra sistemarekin lotuta, dela Oitzeko zenbait baliabide sartuta, kasu bakoitzean Gernika-Lumoko eta Bermeoko sistemetan behar diren jarduketekin betiere.
b) Urdaibai hornitzeko LHP idaztea.
c) Baliabide propioen aprobetxamendua optimizatu eta banaketa-sareak arrazionalizatu nahi dira, hornitzeko tokiko sistemen integrazioaren bidez.
3.– Memoriako 8.2 atalean eginiko zehaztapenekin eta gogoetekin bat etorriz, 5.1. Antolamendu Planoan zehaztu da ura hornitzeko azpiegituraren orientatzeko eskema: «Oinarrizko azpiegiturak. Hornidura».
128. artikulua.– Saneamenduaren arloko helburuak eta ekintzak.
1.– Lurralde Zatiko Planaren ereduak Eskualde Egiturako hondakin-ur guztiak araztea eskatzen du, isurketa-gune bakoitzaren kokapenerako eta tamainarako modu egokian.
2.– Sektoreko ekintzekin eta programekin behar bezalako koordinazioa izateko, eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilbo-Bizkaia eta Busturialdeko Ur Partzuergoek aztertzeko prozesuan dituzten aurreikuspenak eta Urdaibaiko Saneamendu Osorako LHP aintzat hartuta, honako ekintza hauek ezarri dira LPP honen Memoriako 8.3 atalean bildutako xehetasunarekin:
a) Hustubideetara eta araztegietara ekarritako emariak gutxitzea, gaikako saneamendu-sistemen bidez.
b) Sistema orokorren inbentarioa, euren edukierak eta lasaierak zein diren jakiteko.
c) Oka, Lea eta Artibai ibaiek euren burua arazteko duten jokabidearen berri izateko azterlanak, baita haien ibaiadar nagusiena ere.
d) Sistema orokorrak indartzeko aurreikuspena LPP honetan proposaturiko hazkunde berriak izan ditzaketen eremuetan.
e) Hondakin-urak berrerabiltzea zenbait erabileratarako.
f) Sare orokorretan sar daitezkeen zonaldeak eta isurketaren arazoari modu autonomoan aurre egin beharreko zonaldeak bereiztea udalerri bakoitzean.
g) Aulestiko eta Munitibarreko aparteko kolektoreak beren HUAekin, baita Ondarroa eta Markina-Xemeingo sistemak bukatzeko egiteke dauden azpiegiturak burutzea ere.
h) Gernika-Lumoko eta Bermeoko sistemak (Sukarrietako ponpaketa barne) Lamiarango HUAn baterako arazketarekin batzeko lana premiaz egitea, eta itsasora isurtzea hustubide berriaren bidez.
i) Ajangiz eta Oka ibaiko eskuinaldetiko isurketak Gernika-Bermeoko sistemara txertatzea.
j) Nabarnizko HUA egitea.
k) Urdaibaiko Saneamenduaren kolektore orokorraren proiektua Muxika-Gernika-Lumoko tartean.
l) Ibarrangelu eta Eako saneamendu proiektuak burutzea.
3.– Memoriako 8.3 atalean eginiko zehaztapenekin eta gogoetekin bat etorriz, 5.2. Antolamendu Planoan zehaztu da ura hornitzeko azpiegituraren orientatzeko eskema: «Oinarrizko azpiegiturak. Saneamendua-Hondakinak».
129. artikulua.– Hondakinen kudeaketaren arloko helburuak eta ekintzak.
1.– LPP honek, egungo sektore plangintza oinarri hartuta (funtsean abenduaren Bizkaiko Hiri Hondakinen Kudeaketaren 2005-2016ko II. Plan Integrala, 16ko 10/2005 Foru Arauaren bidez onetsia), hondakinen tratamenduaren arloan ezarritako helburuak hartzen ditu bere gain.
2.– Lurralde-ereduaren eta sektoreko plangintzarekin eta horren ondoriozko jarduketen arteko koordinazio egokia izateko, honako ekintza hauek ezarri dira, LPP honen Memoriako 8.4 atalean bildutako xehetasunaren arabera:
a) Ahalik eta gehien mugatzea Hiriko Hondakin Solidoak per capita.
b) Errendimendu hobeak hondakinen energi aprobetxamenduaren berrerabilpenean eta birziklapenean, industri jardueretako hondakinak hobeto integratuz.
c) Hondakindegiak suspertzea eta berreskuratzea, ixten direnean; esate baterako, Amorotokoa, dagoeneko itxita dagoena.
d) Nekazaritza eta abeltzaintzako hondakinen goren mailako kontrola egitea.
e) Jokabideak hobetzeko kontzientziazio kanpainak bultzatzea, batez ere landa-eremuetan (berrerabilpena, konposta...).
3.– Memoriako 8.4 atalean eginiko zehaztapenekin eta gogoetekin bat etorriz, 5.2. Antolamendu Planoan zehaztu da ura hornitzeko azpiegituraren eskema: «Oinarrizko azpiegiturak. Saneamendua-Hondakinak».
130. artikulua.– Kutsaturiko lurren arloko helburuak eta ekintzak.
1.– Lur kutsatuen presentziari dagokionez eta Lur Kutsatuen 2007-2012ko Planaren eremuaren baitan, parametroa hirigintza antolakuntzako prozesuetan sartzea planteatu du LPP honek oinarrizko helburutzat.
2.– Udal plangintzak kontuan hartu beharko du lurraren kalitatearen aldagaia. Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioaren barruko eremuetan (irailaren 30eko 165/2008 Dekretuaren bidez onetsia, 2008ko urriaren 24ko EHAA), Eusko Legebiltzarraren lurzorua ez kutsatzeari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritako prozedura aplikatu behar da eta, beraz, Lurraren Kalitateari buruzko Adierazpena exijituko du EAEko ingurumen organoak, lege horretan ezarritako prozeduraren arabera nahi den erabilera aldatu baino lehen. Inbentarioan geroago egin litekeen edozein aldaketa LPP honen barrukotzat hartuko da, eta egungoaren lekua hartuko du, inbentarioa aldatu behar izan gabe.
3.– Arazo hori Eusko Legebiltzarraren 1/2005 Legeko xedapenen arabera konpondu beharko du, lurzoruaren kutsaduraren prebentziorako eta kutsadura hori ekiditeko, industria-eremuak suspertzeko eragiketak zehazteko orduan eta lege horretan jasotako gainerako egoera guztietan. Horretarako, eta LPP honek erreferentzia gisa duen informazioa alde batera utzita, indarreko eguneratzeari buruzko kontsulta beharko da bere garaian, kasuan kasuko lurren egoerari buruzko aurretiazko txostenak egite aldera.
4.– Memoria honetako 8.5 atalean eginiko gogoetekin bat etorriz, 9 zk.ko Informazio Planoan bildu da lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioa. Kutsatuta egon litezkeen jardueretako lurrak bildu dira, eta hala denean, eguneratu beharreko erreferentzia dira garapenerako plangintzako tresnetarako, arauetan ezarritako azterlanak eta azterketak egite aldera.
III. KAPITULUA
ENERGI HORNIDURA ETA TELEKOMUNIKAZIO ZERBITZUAK
131. artikulua.– Energia-sorkuntzaren arloko helburuak eta ekintzak.
1.– Energia zentzuz erabiltzeko helburu orokorra izanik, Garapen Iraunkorrerako Euskadiko 2020ko Energiaren Estrategian (3E-2020) eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren Ingurumenaren 2003-2010eko Energi Plan Zuzentzailean lortu nahi diren helburuak hartzen ditu bere gain LPPk.
2.– Lurralde-ereduaren eta sektoreko plangintzarekin eta horren ondoriozko jarduketen arteko koordinazio egokia izateko, honako ekintza hauek ezarri dira, LPP honen Memoriako 8.6.1 atalean bildutako xehetasunaren arabera:
a) Energi baliabide berriztagarriak hobetzea instalazioetan, industri fabrikekin edo sistema orokorrekin lotuta izan daitezkeenak, betiere bigarren mailako jarduera bada jarduera nagusiarekiko.
b) Basoko biomasaren energi aprobetxamendua ahalbidetzea, bereziki mugaturiko eremuetako bero energia zuzenean sortzeko modutzat (herri erabilerako eraikinak, auzo berriak, landaguneak...) instalazio txikien bidez, egungo energi iturrien lagungarri edo alternatiba gisa, kasuaren arabera.
3.– Energia sortzeko eta banatzeko instalazioak abiarazteko aukera, hala denean, baloratu egin behar da sortu beharreko paisaia-eraginak eta ingurumen-ukipenak kontuan hartuta. Ildo horretan, administrazio eskudunak jarduketa-ildo orokorrak ezartzea komenigarria dela planteatzen da.
4.– Memoriako 8.6.1 atalean eginiko zehaztapenekin eta gogoetekin bat etorriz, 5.3. Antolamendu Planoan zehaztu da ura hornitzeko azpiegituraren eskema: «Oinarrizko azpiegiturak. Elektrizitatea - Gasa - Telekomunikazioak».
132. artikulua.– Argindarraren garraioaren eta banaketaren arloko helburuak eta ekintzak.
1.– Sare horietako osagaiak antolatzeko xede orokorrarekin –bereziki garraio eta banaketa lineen trazaketa– eta lurraldean sortutako eraginak gutxitu nahian, sareak hobetzeko helburua hartzen du bere gain LPPk argindarraren garraioaren eta banaketaren arloko planaren xedetzat, Eusko Jaurlaritzak sare horien lurralde-antolamenduari dagokionez eginiko azterlaneko programazioarekin bat etorriz.
2.– Honako ekintza hauek ezarri dira, LPP honetako Memoriaren 8.6.2 atalean bildutako xehetasunarekin bat etorriz:
a) Urdaibaiko Energia eta Ingurumen Plan Zuzentzaileak dakartzan ezarpenak garatzea.
i) Transformadore-azpiestazio berriak Gernika-Lumon eta Markina-Xemeinen.
ii) Gerta liteke beste azpiestazio bat behar izatea Muruetan Euskotrenentzat.
iii) Garraio eta banaketa linea berria Gernika-Lumo eta Markina-Xemeingo azpiestazio berrietatik.
iv) Gernika-Lumo-Suskarrietako tentsio ertaineko linea lurperatzea.
v) Linea elektrikoek urbanizazio edo birgaikuntza prozesuetan eragindako hiri inguruko gatazkak konpontzea.
vi) Azpiegiturak eta ingurunea bateragarri egiteko esperientziak indartzea.
b) Azpiestazioak berritzea Bidelek Sareak proiektuaren garapenean, Lea-Artibaiko eremuan.
i) Lekeitio eta Ondarroako azpiestazioak berritzea.
ii) Azpiestazio berria, modularra eta trinkoa, Aulestin eta Lekeition.
3.– Memoriako 8.6.2 atalean eginiko zehaztapenekin eta gogoetekin bat etorriz, 5.3. Antolamendu Planoan zehaztu da ura hornitzeko azpiegituraren eskema: «Oinarrizko azpiegiturak. Elektrizitatea - Gasa - Telekomunikazioak».
133. artikulua.– Gasaren garraioaren eta banaketaren arloko helburuak eta ekintzak.
1.– Horrelako energia motaren erabilera abiarazteko xedearekin, honako hau hartzen du bere gain LPPk gasaren garraioaren eta banaketaren arloko planaren helburutzat: hiri eta industri eremu nagusietan pixkanaka ezartzea bultzatzea.
2.– Honako ekintza hauek ezarri dira, LPP honetako Memoriaren 8.6.3 atalean bildutako xehetasunarekin bat etorriz:
a) Hiri eta industri eremu nagusietan ezartzea Artibain eta Bermeo-Gernika-Lumo-Muxika igarobidean.
b) Hiri birgakuntzak edota azpiegituren berrikuntzak gauzatzeko ekintzen sarearen ezarpenak aprobetxatzea.
c) Sistema orokorrak indartzea LPPn proposaturiko balizko hazkunde berriak seguru asko izango diren eremuetan.
3.– Memoriako 8.6.3 atalean eginiko zehaztapenekin eta gogoetekin bat etorriz, 5.3. Antolamendu Planoan zehaztu da gasaren garraioaren eta banaketaren sarearen eskema: «Oinarrizko azpiegiturak. Elektrizitatea-Gasa-Telekomunikazioak».
134. artikulua.– Telekomunikazio zerbitzuen arloko helburuak eta ekintzak.
1.– LPPk bere egiten du zuntz optikoaren sarea ezartzea bultzatzea telekomunikazio zerbitzuaren arloko planaren helburutzat.
2.– Honako ekintza hauek ezarri dira, LPP honetako Memoriaren 8.7 atalean bildutako xehetasunarekin bat etorriz:
a) Teknologia aurreratuko enbor-azpiegiturak indartzea, eremuko biztanle-gune nagusietarako sarbidea emateko.
b) Gainerako oinarrizko azpiegiturak abiarazteko edota berritzeko programa osagarriak aprobetxatzea, egun dauden operadoreen hiri ezarpenei begira betiere.
3.– Memoriako 8.7 atalean eginiko zehaztapenekin eta gogoetekin bat etorriz, 5.3. Antolamendu Planoan zehaztu da ura hornitzeko azpiegituraren eskema: «Oinarrizko azpiegiturak. Elektrizitatea-Gasa-Telekomunikazioak».
SEIGARREN TITULUA
GERNIKA-MARKINAKO ESKUALDE EGITURAKO BIZTANLERIAREN HIRI KALITATERAKO ETA BIZI KALITATERAKO LURRALDE EKIMENAK
I. KAPITULUA
HIRI BERRIKUNTZAKO ESTRATEGIAK
1. ATALA
XEDAPEN OROKORRAK
135. artikulua.– Definizioa.
1.– Lurraldearen Plan Partzialaren ondoreetarako, «Hiri Berrikuntzako Estrategiak» birmoldatu, suspertu edo birgaitu beharreko eremuetan zehazten eta kokatzen dira, eremuok ez narriatzeko edo suspertu ahal izateko.
2.– 8/2013 Legeak, ekainaren 26koa, hirien birgaikuntza, lehengoratze eta berrikuntzari buruzkoak, eta 233/2013 Errege Dekretuak, apirilaren 5ekoa, etxebizitzen alokairua, eraikinen birgaikuntza eta hiriaren lehengoratze eta berrikuntza sustatzeari buruzko estatu plana, 2013-2016, erregulatu duenak, arlo honetako legezko esparrua zabaldu dute.
2. ATALA
SUSPERTZEA, BIRMOLDATZEA ETA BIRGAITZEA
136. artikulua.– Suspertzeko Eremuak.
1.– «Suspertzeko Eremuak», Lurraldearen Plan Partzial honetan ezarritakoaren arabera, Jarduera Ekonomikoetarako eremu batzuetan esku-hartzeko moduak osatzen ditu, oraingo industria-paisaia egokitzeko nahiz irudia hobetzeko eta Jarduera Ekonomikoaren erabilera mantentzeko sortutakoak; horren helburuak honako hauek dira:
– Finkaturiko lurzoruak hobetzea.
– Barrualdeko egitura-ardatzak sortzea, barruko komunikazioetan hiri-sare autonomoa eta koordinatua eratzeko.
– Industria-eremu zaharkituak suspertzea.
– Okupaturik ez dauden industria-lurzoruak garatzea, bertan tipologia berriak integratzeko; horietan, zenbait alderdi, adibidez, kalitatezko ingurunea, eraikitako espazioen erakarpena eta faktore kualitatiboen nagusitasuna (kuantitatiboei dagokienez), lehentasunezko ezaugarriak izango dira.
– Ingurumen-neurri zuzentzaileak ezartzea.
2.– Honako Lurraldearen Plan Partzial honek Antolamenduaren 2. Planoan, «Asentamendu sistema eta berrikuntzarako estrategiak», identifikatu den «Suspertze espazioak» moduan jaso ditu Gernika-Lumoko erdiko aldean kokatuta dagoen esparru industrial narriatua eta Ondarroa eta Berriatuan Errenterian kokatuta dagoen alde industriala.
3.– «Suspertze espazioen» mugaketa, antolamendua eta horietan esku hartzeko araubidea, izatez ere, udaleko planeamendu orokorreko edo planeamendu bereziko tresna egokiak eremu bakoitzerako ezarritakoak izango dira, eta hori, betiere, Lurraldearen Plan Partzial honek proposaturiko irizpideetara egokitu beharko da.
137. artikulua.– Birmoldatzeko Eremuak.
1.– «Birmoldatzeko Eremuak», Lurraldearen Plan Partzial honetan ezarritakoaren arabera, euren oraingo egoera hobetzeko toki mailako hirigintza-jarduketak behar dituzten zonak dira (erabilera duten zonak); lehentasunezko espazioak hiriguneetan kokaturiko zeharbideak dira, hiri-egituran hobeto integratzeko Planaren indarraldian ordezko ibilbideekin ordeztuko direnak; baita trenbideen integrazio ondoren susperturiko eremuak ere.
2.– LPP honen helburua, ordezko ibilbideekin ordeztuko diren hiriguneetako zeharbideetan, askaturiko espazioak hiri-bide bihurtzea da. Horren azken helburua, apurka-apurkako aldatze horren eraginezko hiri-errealitate berriak behar duenean, erdialdeko zonetan motordun trafikoa mugatzea edo ezabatzea da; hain zuzen ere, ahal den neurrian behintzat, lehentasuna emango zaie onezkoei eta bizikletei, eta, batik bat, garraio publikoari; halaber, lurzoruaren tratamendu berezia egingo da, diseinuari, materialei eta zuhaitzak sartzeari dagokienez.
3.– Lurraldearen Plan Partzial honetan zehazturiko «Birmoldatze espazioak» 2. Antolamendu Planoan identifikaturik daude «Asentamendu sistema eta berrikuntzarako estrategiak»).
4.– «Birmoldatze espazioen» mugaketa, antolamendua eta horietan esku hartzeko araubidea udal-planeamendu orokorreko edo planeamendu bereziko tresna egokiak ezarritakoak izango dira, eta hori, betiere, Lurraldearen Plan Partzial honetan proposaturiko irizpideetara egokitu beharko da.
138. artikulua.– Birgaitzeko Eremuak.
1.– «Birgaitzeko Eremuak», Lurraldearen Plan Partzial honetan ezarritakoaren arabera, eraikuntza osoaren (hirigintza eta ekipamenduak barne) tratamendua duten egoitza-eremuak dira, baldin eta bertan esku hartzeko modua eraikitako eta urbanizaturiko ondarea kontserbatzean, babestean eta hobetzean oinarritzen bada, erabilera aldatzea proposatu barik; hala ere, espazio eta zuzkidura berriak sor daitezke, suspertze-ekintza integratzaileak eta baterakoak behar dituen elementu dinamizatzailetzat, osagarritzat eta beharrezkotzat.
2.– Bi esku-hartze mota bereizten dira, Birgaitze Integratua, Eraikitako eta Urbanizaturiko Ondarea Birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko 317/2002 Dekretuak araututakoa, eta Zuzkidura Estrategiarekin zuzen-zuzen lotuta dagoen birgaitzea.
3.– Gernika-Markinako Eskualde Egituran, abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan ezarritakoaren arabera, honako hauek daude Birgaitze Integratuko Eremutzat adierazita hirigune historiko hauek: Bermeokoa, Lekeitiokoa, Mundakakoa eta Ondarroakoa. Elantxobeko hirigune historikoa BIE gisa jaso da.
4.– Eremu hauen arauketa Birgaitze Integratuko Plan Berezien bidez ezartzen da.
5.– Zuzkidura-estrategiarekin zuzenen lotuta dagoen Birgaitzeari dagokionez, Eskualde Egiturako hiriguneetan hauxe lortzeko ahalegina egingo da:
a) Enpresei eman beharreko zerbitzuetarako hirugarren sektoreko erabilerak, batez ere, Eskualde Egiturako erreferentziako eremuetan kokatzea, Gernika-Lumon eta Markina-Xemeinen; baita azpierreferentziako eremuetan ere, Bermeon, Ondarroan eta Lekeition.
b) Hiriguneko merkataritza-erabilerak mantentzea, sustatzea eta birgaitzea, hiriko bizitza garatzen duen elementutzat, batez ere Bermeoko, Lekeitioko, Ondarroako nahiz Markina-Xemeingo hirigune historietan eta Eskualde Egiturako gainerako erreferentziako eremuetan, kasu honetan, Gernika-Lumon.
c) Ostatu- eta ekipamendu-erabilerak sartzea, hiriguneak eta erdigune historikoak suspertzeko, eta bertako ondare eraikia zuhur eta errespetuz ustiatzeko, batik bat Eskualde Egiturako erreferentziako eremuetan, Gernika-Lumon eta Markina-Xemeinen, baita azpierreferentziako eremuetan ere, Bermeon, Ondarroan eta Lekeition, eta bigarren egoitzako ehuneko altua duten udalerrietan ere bai.
II. KAPITULUA
EKIPAMENDUAK LURRALDE IKUSPEGIAN
1. ATALA
XEDAPEN OROKORRAK
139. artikulua.– Kapitulu honetako aurreikuspenen izaera eta irismena.
1.– Kapitulu honetako arauek ekipamendu-sistema osoaren lurralde-egitura zehazten dute, baita berori osatzen duen azpisistema bakoitzaren lurralde-egitura ere (hezkuntza, osasuna, gizarte-ongizatea, kirola eta kultura), Eskualde Egiturarako aukeraturiko lurralde-ereduaren arabera.
2.– Aurreko zenbakian aipaturiko lurralde-egiturak zuzkidura-sistemaren funtzioa bermatzen du, lurraldea egituratzeko elementutzat; gainera, erreferentziako eta koordinazioko lurralde-esparrutzat, jarduketako irizpide eta jarraibide orokorren bidez zehazten da; horiek kasuan kasuko jarduketa sektorialak eta programak jakinarazi behar dituzte (osasuna, hezkuntza, gizarte-ekintza, kultura, kirolak), administrazio guztietan (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, udalak).
140. artikulua.– Ekipamenduen lurralde-egitura.
Ekipamenduak leku nagusi hauetan eta horien eragin-eremu hauetan oinarrituz egituratzen dira lurraldean:
a) Gernika-Lumo: Ajangiz, Arratzu, Elantxobe, Errigoiti, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Morga, Muxika eta Nabarniz udalerriekin.
b) Markina-Xemein: Aulesti, Etxebarria, Markina-Xemein, Munitibar-Arbatzegi Gerrikaitz, eta Ziortza-Bolibar.
c) Bermeo: Bermeo, Busturia, Murueta, Mundaka eta Sukarrieta udalerriekin.
d) Lekeitio: Ea, Ispaster, Lekeitio eta Mendexa, Amoroto eta Gizaburuaga.
e) Ondarroa: Berriatua eta Ondarroa.
2. ATALA
HEZKUNTZAKO EKIPAMENDUA
141. artikulua.– Irizpideak eta jarraibideak.
Arloko ekintza sektorialarekiko beharrezko koordinazioaren ondoreetarako, hezkuntza-ekipamenduen arloan honako jarduketa-irizpide hauek ezarri dira, biztanleriari zerbitzua emateko eta lurraldea egituratzeko elementuak izateko:
a) Haur-hezkuntzako eta lehen hezkuntzako ikastetxe publikoen sarea neurri ahalik eta handienean mantentzea.
b) Araubide bereziko irakaskuntzak sustatzea (hizkuntzak, plastika, helduen hezkuntza, etab.), oraingo ekipamendua berrerabilita eta haur-hezkuntzako zein lehen hezkuntzako ikastetxeen bideragarritasuna ahalbidetuta, horien erabilera araubide bereziko beste irakaskuntza batzuekin bateratuta.
c) Haur-hezkuntzako eskaintza publikoa 0-3 urteko bitartera zabaltzea, landa inguruan bereziki, oraingo instalazioak (gutxiegi erabiltzen direnak) berrerabiliz eta errentagarri bihurtuz.
d) Bigarren hezkuntzako oraingo zonak finkatzea, horietan bigarren hezkuntzako eta derrigorrezko nahiz derrigorrezkoaren osteko hezkuntzako eskaintza publiko osoa bermatuta, gutxieneko aukeragarritasunarekin (gutxienez, Batxilergoko bi modalitate, eta gutxienez bi lanbide-familiako eta bi hizkuntza-ereduko heziketa-zikloak).
e) Oraingo kirol- eta kultura-zuzkiduren integrazio funtzionala ikastetxeekin; eskualdeko erreferentziako bi eremuak (Genika-Lumo eta Markina-Xemein) eta azpierreferentziako hiru eremuak (Bermeo, Lekeitio eta Ondarroa) Eskualde Egiturako gune egituratzaileak izango dira, eta zuzkidura-eskaintza integratua egingo dute (hezkuntza, kirola eta kultura); gainera, oinarrizko kirol- eta kultura-instalazioen (liburutegiak) bultzatze, berritze eta errentagarritasuna sustatuko dituzte, gutxien erabiltzen diren orduetan eta egunetan (astegunetan, goizeko orduetan eta arratsaldeko lehenengo orduetan), baita ikastetxeetako baliabide erabilgarrien hobekuntza ere.
f) Ingurumeneko Prestakuntza Zentroen benetako sare bat egituratzea. Etxalde- eskolak, ingurumeneko hezkuntzarako eskolak eta museoak, ingurumena interpretatzeko zentroak eta ingurumeneko hezkuntzarako baliabideen zentroak Lurraldera iristeko plataformak dira, hots, EAEko alde guztietako jende erabiltzailea sentiberatzeko eta gaitzeko xedea dutenak, ikuspegi moduan ingurumenaren defentsan parte hartze aktiboa edukitzea sustatuz.
g) Hezkuntzako eskaintza espezializatua osatzea nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerei eta/edo jarduera turistikoei lotuta dauden eskolen ezarpenarekin; eskola horiek GMAFren askotarikotasun ekonomikoa sustatzeko eta eredu turistiko berria garatzen duten elementu bezala hartuta. Hala nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzarekin nola landa turismoarekin lotutako prestakuntzako ustezko eskari bati tokia emanez, Markina-Xemeingo lan eskola sustatzea proposatu da.
3. ATALA
OSASUNEKO EKIPAMENDUA
142. artikulua.– Irizpideak eta jarraibideak.
Arloko ekintza sektorialarekiko beharrezko koordinazioaren ondoreetarako, osasun-ekipamenduen arloan honako jarduketa-irizpide hauek ezarri dira, biztanleriari hezkuntza-zerbitzua emateko eta lurraldea egituratzeko elementuak izateko:
a) Osasun-sistemaren oraingo lurralde-antolamendua finkatzea, gizarte- nahiz osasun-beharrizanetara eta aukeraturiko lurralde-eredura egokitzen den neurrian; antolamendua hauxe da:
i) Eskualdeko azpierreferentziako eremuetan (Bermeo, Lekeitio eta Ondarroa) eta Markina-Xemeinen (erreferentziako eremua) osasun- Zentro bana.
ii) Gernika-Lumon (eskualdeko erreferentziako eremua) osasun-zentro bat, anbulatorio eta eguneko ospitalearekin hornituta.
b) Oinarrizko arreta osasun-zonetatik antolatzea, arretarik ohikoenak herritarrei benetan hurbiltzeko gauza diren osasun-zerbitzuak emateko formulak sustatzeko.
c) Gero eta kostu handiagoen agertoki berriari erantzun egokia emateko; hori, izatez ere, biztanleria zahartzeko prozesuaren, zerbitzu-eskari gero eta handiagoaren, osasun-gastua handitzearen eta teknologia sorberrien eraginezkoa da.
d) Bermeo, Gernika-Lumo, Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroako zentro edo azpialde funtzionaletan kokatuta dauden Osasun Zentroek eragiten duten garraio publikoaren eskariari aurre egitea.
4. ATALA
GIZARTE ZERBITZUETAKO EKIPAMENDUA
143. artikulua.– Irizpideak eta jarraibideak.
Jarduketa-sektorearekin koordinatzeko, eta aukeraturiko lurralde-ereduaren arabera, jarduketa-irizpide hauek ezartzen dira gizarte-zerbitzuko ekipamenduen arloan, horiek biztanleei zerbitzua emateko funtzioa eta lurralde egituratzeko elementutzat duten funtzioa betetzeko:
a) Gizarte-zerbitzuen udalerriz gaindiko oraingo antolamendua finkatzea. Bi eremuotan, Busturialdean eta Lea-Artibain, bertan sartu gabeko udalerriak integratu behar dira (Ajangiz, Bermeo, Ea, Ereño, Nabarniz).
b) Gaur egungo elkarte, adineko pertsonen klub eta etxeen sarea mantentzea eta sendotzea, bereziki mota honetako zerbitzuak ez dituzten udalerrietan, adibidez Ajangiz, Mendata, Morga eta Nabarnizen kasuetan.
c) Adineko pertsonen egoitza-sarea eratu, oraingo leku kopurua handituta, eta halako ekipamendurik ez duen erreferentziako eta azpierreferentziako leku bakoitzean kokatzeari lehentasuna emanez (Gernika-Lumo, Lekeitio eta Markina-Xemein).
d) Biztanleria-segmentu jakinetarako zentro espezifikoen sarea handitzea eta hobetzea (elbarriak, arreta bereziko zentroak, emakumeak); lehentasuna emango zaio horiek eskualdeko erreferentziako eta azpierreferentziako eremuetan kokatzeari.
e) Elkartegintzak gizarte zibilean duen eginkizun garrantzitsua indartzea, horrek indartu egiten baitu sistema; gainera, tokikoarekiko lotura garrantzitsua ematen dio sistemari.
5. ATALA
KIROLEKO ETA KULTURAKO EKIPAMENDUA
144. artikulua.– Irizpideak eta jarraibideak.
Jarduketa sektorialarekiko koordinazio egokiaren ondoreetarako, kirol- eta kultura-ekipamenduen arloan honako irizpide eta jarraibide hauek ezartzen dira, horiek biztanleei zerbitzua emateko funtzioa eta lurralde egituratzeko elementutzat duten funtzioa betetzeko:
a) Kultura- eta kirol-eskaintza publikoaren eraketa sustatzea, eskualde eta azpieskualde mailakoa, adierazitako erreferentziako/azpierreferentziako leku bakoitzean (Gernika-Lumo, Markina-Xemein, Bermeo, Lekeitio eta Ondarroa); horren eskaintza honako ekipamendu hauek osatu beharko dute: kultura-etxea, euskaltegia eta polikiroldegia.
b) Halako ekipamenduen funtzionamendu mankomunatua bultzatzea, baldin eta, sofistikazio maila eta euren kudeaketa euskarritzen duen antolamendua behar izatea aintzat hartuta, Eskualde Egiturako udalerririk gehienen aukeratik kanpo gelditzen badira.
c) Aurreko jarduketa-ildoen garapena honako beharrizan hauetan gauzatzea:
i) Markina-Xemeingo eta Ondarroako kultura-etxea; horiek, funtzionamendu mankomunatuaren bitartez, zerbitzua emango die bere hurbileko inguruneko udalerriei.
ii) Euskaltegi publikoak Bermeon, Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan.
d) Tokiko eskalan eta udal mailan sustatuta, beste jarduera kultural batzuen garapena bideratu behar da. Eragiketa horiek taldean egiten diren jarduerak garatzeko aukera emango duten eta herritarrentzat erreferentziako toki izango diren instalazioen ezarpenaren bidez burutuko dira, adibidez ludotekak, gazteentzako zentroak (gazteguneak) edo bilerak egoteko lokalak.
e) Liburutegien oinarrizko udal sare baten ezarpena mota horretako ekipamenduak ezarriz Amoroto, Arratzu, Errigoiti, Ispaster eta Kortezubin. Ahal den neurrian teknologia berriak aplikatuz instalazio horien funtzionamendu onerako eta ematen den zerbitzuaren kalitatearen gehikuntzarako.
f) Oraingo kirol- eta kultura-zuzkiduren eta ikastetxeen arteko integrazio funtzionala egitea; Eskualde Egiturako gune egituratzaileak eskualdeko erreferentziako eta azpierreferentziako eremuak izango dira eta zuzkidura-eskaintza integratua planteatuko dute (hezkuntza-kirola-kultura).
g) Eskualdearen irudia sustatzea, kultura- eta kirol-eskaintza berezia eginez; Gernika-Lumo, Bermeo eta Markina eskualdeko leku garrantzitsuak izango dira Eskualde Egituran, eta laguntza jasoko dute euren kultura-eskaintza berezian.
h) Udaletako kirol ekipamenduak sustatzea eta berriz ekipatzea. Halaber, iradokizun moduan esaten da egon dauden kirol instalazioei lotuta eliteko kirolerako diren kirol instalazio singularrak instalatu daitezkeela, kasu honetan ostatu azpiegiturarekin batera (Lekeitio).
i) Euskal Herriko kulturari eta tradizioei buruzko gaikako zentroen eta ibilbideen sarea; bertan, lehendik dauden instalazioak eta sortzen diren azpiegitura berriak sartuko dira, eta, horietan, zenbait elementuren gaikako garapena egingo da, adibidez, arrantza, herri-kirolak, gastronomia, etab.
j) Kostaldeko udalerriek lehentasuna izango dute, gazteentzako aterpetxeak instalatzeari dagokionez, horietan eskolatik kanpoko jarduerak egiteko, batez ere itsasoko kirolekoak; horiek baliozkoak izango dira zonako turismo-jarduera dinamizatzeko. LPPtik Ondarroan aterpe berri bat sartzea proposatzen da.
6. ATALA
UDALERRIZ ETA ESKUALDEZ GAINDIKO EKIPAMENDUA.
145. artikulua.– Irizpideak eta zuzentarauak.
1.– LPPk udalez gaindiko izaera singularreko ekipamenduak proposatu ditu, kasu batzuetan baita eskualdez gaindikoak ere, Alde Funtzionalaren potentzial turistikoaren garapenerako garrantzitsuak izan daitezkeelako. Turismo hori jarduera ekonomikoaren eragilea da eta eskaintza turistikoaren biderakuntza egokia eta ingurumenaren eta ondarearen zaintza lortzeko elementuak zuzkituko ditu. Ekipamendu horiek, ahal bada, egin dagoen ondarearen gainean garatuko dira.
2.– Ikuspegi bakar eta integratzaile batetik abiatuta eta eskaintza osagarria finkatzearen ondoreetarako, ondoko ekipamendu singular hauek proposatzen dira:
a) Esparru kultural singularra Urdaibain.
b) Ingurumeneko Hezkuntza Zentroak:
– Harrobi Gorria gaitzea Gautegiz-Arteagan Erreserbako Geodibersitatearen Interpretazio Orokorreko Zentro moduan.
– Ingurumenaren arloko goi mailako hezkuntza zentroa.
– Aieriko inguruaren ingurumeneko interpretazio zentroa (Ondarroa).
c) Ekipamenduak itsasertzean:
– GR 123 bidezidorra «itsasoko bidezidor» moduan gaitzea hondartzetara eta itsasertzeko parkeetara iristeko.
– Jarduera turistikoei eta josteta jarduerei lotuta dauden hondartza eta instalazioetako irisbide eta zerbitzuen zentroa Ibarrangeluko hirigunean.
III. KAPITULUA
KULTURA ONDAREAREN ANTOLAMENDUA
146. artikulua.– Kultura Ondarea (EAEko Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea).
1.– Lurraldearen Plan Partzialak 7/1990 Legeak babesten dituen Kalifikaturiko Kultura Ondareak jaso ditu, EAEko Kultura Ondarea osatzen dutenak, horiek udal-planeamenduetan jaso behar baitira:
2.– Lurralde Plan Partzialak, halaber, ustez garrantzi arkeologikoa duten alde arkeologikoak jasotzen ditu. Alde horiek 10. informazio-planoan markatuta Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeak babestutako kultur ondasunak, eta Antolamenduaren Memoriako 9.3.2 atalean daude jasota.
3.– Halaber, etorkizunean lege horrek edo berori ordezten duen legeak babestu ahal dituenak ere halakotzat hartuko dira, baldin eta LPPn jasota ez badaude.
ZAZPIGARREN TITULUA
UDAL PLANEAMENDUAREN BATERAGARRITASUNA
I. KAPITULUA
PLANEAMENDUEN BATERAGARRITASUN SISTEMAK
1. ATALA
KONTZEPTUA, JUSTIFIKAZIOA ETA EREMUAK
147. artikulua.– Kontzeptua eta justifikazioa.
1.– Planeamenduaren Bateragarritasun Sistema, Lurraldearen Plan Partzial honetan ezarritakoaren arabera, LPPk planeamendu orokorreko xedapenak lurzoru-eremu batzuetan ondo koordinatzea ahalbidetzeko ezarritakoa da; izan ere, horiek, horrela zehaztuta daudelako edo tipologia edo ezaugarri bereziak dituztelako, udalerriz gaindiko eremuan dute eragina eta horrekiko koordinazioa behar dute.
2.– Bateragarritasun Sistemak Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeko 63. eta 92. artikuluetan ezarritakoa bete behar du.
148. artikulua.– Planeamenduaren Bateragarritasun Eremuen Sailkapena.
1.– «Bateragarritasun Eremua», Lurraldearen Plan Partzial honetan ezarritakoaren arabera, egiturazko hirigintza-antolamenduko xedapenen harmonizazioa behar duen azalera da: sailkapena, kalifikazioa eta sistema orokorrak, batez ere komunikaziokoak eta espazio libreak.
2.– Lurraldearen Plan Partzialak honako sailkapen hau ezarri du Planeamenduen Bateragarritasun Eremuei buruz:
a) Bateragarritasun Orokorreko Eremuak: halako eremuetan udalerriz gaindiko hiri-jarraipenak daude, eta horien zona mugakideetan egitura-antolamendua orokorrean koordinatu beharra detektatzen da.
b) Trazatuaren Bateragarritasun Eremuak: eremuotan Lurraldearen Plan Partzialaren proposamen berriek izaera desberdineko sare edo azpiegitura egituratzaileak sartzen dituzte, trazatuaren bateragarritasun xehatua behar dutenak.
149. artikulua.– Bateragarritasun Orokorreko Eremuak.
1.– Eremu hauen bateragarritasuna beharrezkoa denean baino ez da egin behar, baldin eta adierazitako okupazioaren mugako eremuak garatzea erabakitzen bada, eta, horren ondorioz, udal-planeamenduen eremu mugakideen arteko bateragarritasuna ezinbestekoa bada.
2.– Lurraldearen Plan Partzialak Planeamenduen Bateragarritasun Orokorreko baliozko eremu hau dauka jasota:
Gernika-Lumo – Ajangiz.
3.– Halako eremuen antolamenduaren koordinazioa bermatzeko zehaztu den egitura-antolamenduko tresna Planeamenduaren Bateragarritasun Plana da.
150. artikulua.– Trazatuaren Bateragarritasun Eremuak.
1.– Plan Lurraldearen Plan Partzialaren proposamenen eraginez, Trazatuaren Bateragarritasun eremu batzuk ezarri dira, udalerriz gaindiko sareak, ardatzak edo azpiegiturak sartzeari dagozkion eremuen kalterik gabe; horien eskemak lotesleak dira eta Plan honetako dokumentazio grafikoan bateratuta daude.
2.– Lurraldearen Plan Partzialak Trazatuaren Bateragarritasun Eremu hauek ditu jasota:
a) Garraio Azpiegiturak: «Garraio Azpiegiturak» izeneko planoan jasotako bide-tarte berri guztiak, udalerrien arteko eremu mugakideetan.
b) Ordezko Mugikortasuna eta Paisaiaren Irisgarritasuna: Oinezkoen eta bizikleten ordezko sarearen eskema, proposaturiko Ordezko Mugikortasun Sareko azpiegituran jasotakoa, eta paisaia-intereseko ibilbideen eskemak, «Paisaiaren Irisgarritasuna eta Kultura Ondarea» deritzonaren barruan jaso direnak.
3.– Trazatuetan Plan honetan zehazturiko eskemak ezarritako jarraitasuna bermatzeko, antolamendu xehatua inplikaturiko udalerriek egin behar dute, elkarrekin bateraturiko antolamendu-tresna egokiak batera edo aldi berean tramitatuz, kasuan kasuko udal-planeamenduetan trazatuak dagoeneko bateratuta dituzten (antolamendu xehatua jasota) azpiegituren kasuan izan ezik.
2. ATALA
BATERAGARRITASUN PLANA
151. artikulua.– Definizioa.
1.– Bateragarritasun Plana egitura-antolamenduko plana da; udal-mugarte batzuen zona mugakideetako hiri-garapenaren ezaugarrien eta beharrizanen eraginez eraginpeko plan orokorren egitura-antolamendua koordinatu behar denean egin behar da bateragarritasun-plana.
2.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeko 63. eta 92. artikuluetan adierazitakoaren arabera egingo da.
152. artikulua.– Formulazioa, Tramitazioa eta Onespena.
1.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeko 63. eta 92. artikuluetan adierazitakoaren arabera formulatu, tramitatu eta onetsiko da.
II. ERANSKINA, MARTXOAREN 1EKO 31/2016 DEKRETUARENA
UZTAILAREN 22KO 183/2003 DEKRETUKO 15. ARTIKULUAK EZARRI DUENAREN ONDOREETARAKO ADIERAZPENA; DEKRETU HORREN BIDEZ INGURUMENAREN ERAGINAREN GAINEKO EBALUAZIO BATERATUAREN PROZEDURA ERREGULATU DA GERNIKA - MARKINA ALDE FUNTZIONALAREN LURRALDE PLAN PARTZIALARI DAGOKIONEZ
1.– Organo Substantiboaren amaierako adierazpena.
Lurralde Plan Partzialek Lurraldearen Antolamendu Gidalerroak garatzen dituzte horiek mugatzen dituzten udalez gaindiko alde edo esparruetan eta Gidalerroek ezartzen dituzten antolamenduaren berariazko irizpideak zehazten dituzte horietariko bakoitzerako. Europar Batasunak Antolamendurako plan eta egitarauen ingurumeneko ebaluazioaren garrantzia aintzatetsi zuen Europako Parlamentuaren ingurumeneko plan eta egitarau jakin batzuen eraginen ebaluazioari buruzko 2001/42CE Zuzentarauaren garapenarekin.
Plan eta egitarau hauen ebaluazioa funtsezkoa da, horietan ezartzen direlako udalez gaindiko edo udal mailako aldeetan ustez ingurumenari dagokionez garrantzirik gehien izango duten azpiegitura eta proiektu handien kokapena ezartzeko erabaki estrategikoak, eta hori horrela da Ingurumenaren Eraginaren Gaineko Ebaluazio Bateratuaren Prozedura erregulatzen duen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan ezarri denarekin bat.
Gernika - Markina Alde Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialak prozedura hori bete du; prozedura horretan jendaurreko kontsulten prozesua bete da eta lurraldearen osagai guztien kudeaketan inplikatuta dauden administrazioko eragileen ekarpenak egin dira, eta baita Alde Funtzionaleko toki antolakuntzen eta herritarrenak ere.
Gernika - Markina Alde Funtzionalaren etorkizunerako lurralde ereduak 16 urteko denbora-horizontea du eta biztanleria, enplegua, lurzoruaren okupazioa eta garapen perspektibei buruzko aurreikuspena egiten du.
LPPren proposamenen oinarria lurraldearen diagnostiko objektiboa da; diagnostiko hori irizpide analitiko eta teknikoak betez egiten da eta bere helburua oinarri objektiboen gainean Alde Funtzionala eta udalerrien eskalako erabakiak hartzea eta lurralde politikak ezartzea da, ondore horietarako informazio, diagnostiko eta jarduteko estrategien formulazioen fasetan elkarren arteko elikatzea ezarriz.
1.1.– Ingurumeneko alderdiak lurralde ereduan integratzea.
LPPren idazkuntzaren prozesuan ingurumeneko izaerako helburuak, konpromisoak, administrazio xedapenak eta legeria, bitarteko naturalen kontserbaziokoak edo garapen jasangarria sustatzeko ondoko hauek hartu dira aintzat:
– 92/43/CEE Zuzentaraua, edo Habitaten Zuzentaraua.
– 147/2009/CE Zuzentaraua, edo Hegaztien Zuzentaraua.
– Garapen Iraunkorreko Euskal Estrategia.
– EAEko Korridore Ekologikoen Sarea.
– Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoa.
– Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketarako Plan Artezkaria.
– Kontserbazio Bereziko Aldeen kontserbazio neurriak.
– EAEko Kostaldea Babesteko eta Antolatzeko Arlokako Lurralde Plana.
– EAEko Hezeguneen Arlokako Lurralde Plana.
– EAEko Ibai eta Errekastoen Antolamendurako Arlokako Lurralde Plana.
– Espezie Mehatxatuen Kudeaketa Planak.
1.1.1 .– Helburuak.
Proposatu den lurralde ereduaren funtsezko oinarriak hauek dira:
• Gernika-Markinako Alde Funtzionalaren berezko eta identitatezko baloreak kontserbatzea eta sustatzea, ingurumenaren orekarako eta euskal gizarte osorako funtsezko elementuak direlako.
• Bitarteko naturalen eta baserriaren bideragarritasunaren babes aktiboa bermatzea, paisaiaren kalitatearen bermatzaileak direlako.
• Lurraldean kudeaketa zuhurrean finkatzen den urbanizazio eredua sustatzea:
– Lurzoruaren kontsumoa mugatzea.
– Ezargune tradizionalak zaintzea eta jagotea.
– Ubideen eta kostaldeko esparruen inguruetako paisaia lehengoratzea.
– Hazkuntza mugatzea landagune berrien erakuntza edo antolamenduarekin.
– Etxebizitza babestua egiteko lurzoruaren sustapena.
– Bigarren etxebizitzen hazkuntza mugatzea.
– Birgaitzeko esparruen mugaketa.
– Ekipamenduak era mankomunatuan antolatzea.
• Lurralde ereduaren eta mugikortasun eta garraio ereduen integrazioa, hala hirietako hazkuntza prozesuetan nola birgaikuntza prozesuetan.
• Alde Funtzionaleko lehiakortasun ekonomikoko funtseko elementuak sendotzea.
– Baserriaren zereginaren modernizaziotik abiatuta nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera mistoa.
– Kostaldeko guneen eta landaturismoaren ostalaritzako eskaintza areagotuz kalitatezko turismoa sustatzea.
Gernika-Markinako Alde Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialak ingurumenaren arloan dituen helburuak eta estrategiak hauek dira:
1) Inguru fisikoko lurzoruen kontserbazioa, hobekuntza eta, hala denean, lehengoratzea eta horien barruan sartzen da esparru natural babestuen eta berariazko balore naturala duten beste esparru batzuen arteko konexioa bermatzea.
2) Hala denean, azaleko eta lurpeko uren kalitate mailak mantentzea eta lehengoratzea, ur horiek modu integratuan aintzat hartuz bitarteko natural eta ingurumeneko balore moduan duten dimentsioa.
3) Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako jarduerak mantentzea eta sustatzea, hala landa esparruaren bizitzarako sektore ekonomiko erabakigarri moduan nola bitarteko naturalen maneiuaren eta paisaiaren kontserbazioaren eta kudeaketaren arloan eta lurraldearen identitatea zaintzen burutzen dituen funtzioengatik.
4) Basogintza ekoizkorraren jarduera arrazionalizatzea eta hobetzea, landa esparruaren ekonomiaren eta lurzoruaren erabileraren osagai nagusietakoa delako.
5) Lurraldearen arrisku naturalen minimizazioa, berariaz landuz edo zainduz higaduraren prozesuen kontrola eta murrizketa eta akuifero zaurgarriak dituzten aldeetan eta ustezko uholde arriskua duten guneetan lurzoruaren erabilerak era egokian erregulatuz.
6) Esparru natural eta landa esparruen irisgarritasun publikoa sustatzea.
1.1.2.– Proposamena.
Planteatu diren helburu horiekin bat Gernika- Markinako AFren LPPren proposamenak formulatu dira, era honetan laburtzen direnak:
1.– Inguru fisikoaren antolamendua.
Antolamenduaren kategoriak horien balore naturalaren eta erabilera-bokazioaren arabera ezarri dira. Kategoria horien erregulazioa, kasu batzuetan, LAGetan ezarri diren erabileretan jarritako matrizearen bidez egiten da eta, beste kasu batzuetan, indarreko arautegi propioen edo berariazko legerien bidez egiten da.
Esparru beraren gainean iturri desberdinetako arautegiak gertatzen direla kontuan hartuta eta, hori ez ezik, kontuan hartuta lurraldean ingurumeneko dinamika edo prozesu desberdinak daudela abian, inguru fisikoaren antolamenduaren integrazioaren barruan sartzen dira:
• Baldintza gainjarriak, lurraldearen alde homogeneoekin bat datozenak eta lurraldearen beraren arrisku jakin batzuen aurrean sentsibilitate bera dutenean.
• Inguru fisikoaren osagai nabarmenak, izaera irekiarekin ingurumen, natura edo ekologikoari dagokienez balore altuko intereseko guneak mugatzen edo ezartzen dituztenak, edo gai berezi batzuetan garrantzia dutenak eta euren singulartasun horren ondorioz Alde Funtzionalaren ondare naturalean integratzen direnak.
• Ingurumena hobetzeko jarduketak, horiekin inguru fisikoaren ezaugarriak hobetzea lortu nahi da.
LPPk, aldi berean, esparru natural eta landa esparruen irisgarritasun publikoa sustatzea lortu nahi du ondoko hauen bidez:
– Interes paisajistikoko aldeen babesa.
– Interes paisajistikoko ibilbideen sare baten sorkuntza.
– Lea, Oka eta Artibai ibaien bitarteko paisajistikoen balorea azaleratzea.
– Eraikin, azpiegitura eta jardueren integrazio paisajistikoa.
– Baserrien mantenua eta elementu horien inguruen kontserbazioa.
2.– Ezarguneen sistema eta jarduera ekonomikoa.
LPPk, egoitzazko ezarguneei eta jarduera ekonomikoei buruzko bere proposamenekin, oreka espaziala eta sektoriala lortu nahi ditu eta, horrela, Alde Funtzionalaren multzoak egoitzazko eta enpleguaren arloko eskaintza nahikoa izatea, beti ere ondoko irizpide orokor hauek betez:
• Lurzoruaren errekurtsoaren kontsumoa mugatzea; horretarako ezarri du beharrizanak asetzeari dagokionez lehentasuna ondare eraikinaren optimizazioak izango duela.
• Eredu mistoa sustatzea, espazioan integratuta dauden jarduera ekonomikoarekin eta egoitzazkoarekin.
• Biztanle kopurua eta lurralde oreka mantentzea.
• Inguru fisikoaren kontserbazioa.
• Irisgarritasuna garraio publikoari eta mugikortasun era alternatiboei lotuta egotea.
• Potentzialtasun turistikoa eta bigarren etxebizitzaren erregulazioa.
Halaber «okupazioarekiko mugako esparruak» izenekoak definitu dira; esparru horiek udal plangintzako agirietatik hurrengo hamasei urteetan proposatu diren hirigintzako egoitzazko garapen berriak edo jarduera ekonomikoak edukitzeko moduko azalerak dira. Horientzat LPPk baldintza eta egokitasunari lotutako irizpide batzuk ezarri ditu.
3.– Mugikortasuna.
LPP honetan proposatu den mugikortasunaren ereduak garraio mota guztien erabilera arrazionalizatu eta integratu nahi du, eta intermodalitatea hobetu, beti ere amaierako helburu moduan eragingarritasunaren ikuspegitik egokienak diren lekualdaketetan horien erabilera erraztuz.
Horrela, alde batetik, motorrik gabeko mugikortasuna sustatu nahi da eta, bestetik, garraio publikoa. Azken finean Alde Funtzionalaren eta kanpoaldearen arteko konexioa lortu nahi da baina, hori ez ezik, motorrik gabeko mugikortasunaren, garraio publikoaren eta garraioko azpiegitura guztien bidez herrien arteko komunikazioa sendotu nahi da.
4.– Oinarrizko azpiegiturak.
LPPk administrazio sektorial guztien etorkizuneko aurreikuspenak jaso ditu eta, unean-unean horiek izaera orokorrarekin ezartzen diren lurralde ereduaren eskakizunekin osatzen dira eta horien arabera egokitzen dira ostean administrazio sektorialek eurek zehaztu eta gara ditzaten.
5.– Hiriak berritzeko estrategiak.
LAGetan ezarri denarekin bat ezarri dira, esparru mota desberdinen arabera:
• Lehengoratze esparruak, paisaia industrialaren irudia hobetzeko eta egokitzeko.
• Birmoldatu behar diren esparruak, gaur egungo baldintzak hobetzearen ondoreetarako erabiltzen ari diren toki mailako hirigintzako jarduketak behar dituzten aldeak.
• Birgaikuntza aldeak; horien barruan birgaikuntza integratua eta zuzkiduren estrategiako birgaikuntza bereizten dira.
6.– Ekipamenduak.
LAGek ezarri dituen proposamenekin bat datozenak eman dira ondoko ekipamendu hauetan: hezkuntza; osasuna; gizartea; kirolak eta kultura, hala udalez gaindikoetan nola eskualdez gaindikoetan, eta baita kostaldeko ekipamenduetan ere.
1.2.– Tramitazioa eta partaidetza. Ingurumenaren Eraginaren Gaineko Ebaluazio Bateratuaren Azterlanean kontsulten eta jendaurreko informazioaren emaitzak aintzat hartzea
Lurraldearen Antolamendu eta Biodibertsitate Sailburuordetzak, 2007ko uztailaren 31ko Ebazpenaren bidez, Gernika – Markinako LPPren Ingurumenaren Gaineko Eraginaren Aurretiazko Txostena (IGEAT) jaulki zuen, eta ezarri zituen alderdi batzuk eta beste aldarazpen batzuk 2011ko abenduan idatzi zen Gernika – Markina Alde Funtzionalaren LPPren Ingurumenaren Eraginaren Gaineko Ebaluazio Bateratuaren Azterlanean jasota geratu ziren.
2011ko abenduaren 27an, Foru Erabakiaren bidez, LPPren hasierako onespenari ekin zitzaion eta ostean jendaurreko informazioaren eta administrazio interesdunen entzunaldiaren tramitea hasi zen. Tramite horretan lurralde herri administrazioek aurkeztu zituzten alegazioen laurogei idazki aurkeztu ziren. Alegazio horiek, euren jatorriaren arabera, era honetan multzokatu daitezke: alderdi politikoen zortzi, sozietate publikoen lau, sindikatuen bat, elkarteen zortzi eta partikularren zortzi; halaber, udalerrien mankomunitateen bi aurkeztu ziren, gobernu zentralaren administrazioaren hiru, Foru Aldundiaren bi eta Alde Funtzionaleko udalen berrogeita hiru. Alegazioen onespen partzialaren eta informazioaren eta administrazio interesdunen entzunaldiaren tramiteen aldian jaulki ziren txostenen emaitzako aldarazpenak LPPren testu bateginean jasota daude; horren testua behin-behinean onetsi zen 2014ko ekainaren 20ko Foru Erabakiaren bidez.
Ingurumen Sailburuordetzaren 2014ko irailaren 15eko Ebazpenaren bidez formulatu zen ingurumenaren eraginaren gaineko behin betiko txostenak ingurumeneko alderdiei buruzko zehaztapen eta aintzatespen batzuk jaso dira eta horiek LPPren eta IEGAB azterlanaren behin betiko agirian jasota daude. Ondoko hauei buruzkoak dira:
I.– Ingurumenaren eraginaren gaineko ebaluazio bateratuaren azterlana.
1.– Zehaztu da kudeaketa plan bat duten Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoko landaretza eta faunako espezieetarako interes berezikoak diren aldeen mugaketa bidezko Planean jasota dagoena dela.
2.– «Inguru Fisikoko Osagai Nabarmenak» deritzonaren agiria integratzen duten landaretza mehatxatuko zerrenden barrukoak dira Narcissus bulbocodium eta Trichomanes speciosum espezieak.
3.– LPPren IEGAB azterlanean proposatu diren sortarazitako eraginen analisian «lur kutsatuak» aldagaia sartu da.
4.– Ezarri da ezinezkoa dela Natura 2000 Sarearen gaineko ustezko eraginak osorik baztertzea LPP baten eskalara eta neurri zuzentzaileen artean sartu da GMAFren LPPn planteatu diren proposamen guztiak garatuko dituzten plan edo proiektuen ingurumeneko ebaluazioko agiri guztiek Natura Sarearen gaineko ustezko eraginen ebaluazio xehakatua eduki behar dutela.
II.– Lurralde Plan Partziala.
1.– LPPren Antolamenduaren Memoriaren barruan epigrafe berri bat sartu da, hain zuzen ere Ingurumeneko Euskal Estrategiaren aintzatespenaren ondorioz LPPn ezarri diren zehaztapenen deskripzioari buruzkoa. Halaber, Ingurumeneko Programa Markoari (2011-2014) buruzko berariazko aipamena sartu da.
2.– LPP eratzen duten agirietan eta kartografian kudeaketa plana onetsi gabe duten fauna mehatxatuko ondoko espezie hauei lotuta dauden interes bereziko aldeak sartu dira: kobetako saguzarra (Miniopterus schreibersii), ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum), ferra-saguzar mediterraniarra (Rhinolophus euryale), Geoffroy saguzarra (Myotis emarginatus), txori zezen arrunta (Botaurus stellaris), benarriz gorrizta (Locustella luscinioides), ur-benarriza (Acrocephalus paludícola), benarriz arrunta (Acrocephalus schoenobaenus), zikoina beltza (Ciconia nigra), mokozabal arrunta (Platalea leucorodia), kolaka (Alosa alosa), Schreiber muskerra (Lacertaschreiberi) eta baso-igel iberiarra (Rana ibérica).
III.– Beste alderdi batzuk.
1.– Biosferaren Urdaiabaiko Erreserbako (BIE) EKPAk agintzen duen lurzoru urbanizaezinaren erregulazioari dagokionez LPPk ezarri du ekipamenduen eta ezarguneen proposamenak LPPn identifikatu direnak izango direla, eta baita azpiegituren eskemak ere; dena dela, horien zehaztapen espaziala eta behin betiko trazadura BIEko EKPAk bertako lurzoru urbanizaezinaren garapen erako bitartekoen bidez ezarri duenarekin bat etorriko da.
2.– Berariaz inkorporatu da IEGABAn proposatu diren okupazioko mugen esparru guztietako alternatibak ingurumenaren arlotik azaltzen eta aztertzen dituen atal bat eta Ajangiz eta Mendata arteko jarduera ekonomikoetarako erreserba estrategikoa.
1.3.– Hautatu den alternatibaren justifikazioa.
LPPren tramitazio konplexuaren ondorioz aldaketa batzuk gertatu dira aurrerakuntza, hasierako onespena eta behin-behineko onespenaren fase guztiei buruzko agirien artean. Dena dela, argitu behar da aldarazpen horiek ez dutela, inola ere, Planak proposatu duen lurralde eredua definitzen duten irizpideen aldaketarik eragin eta aldarazpen guztiek era egokian gainditu dutela ingurumeneko eraginaren ebaluazioaren prozesua. Garapen berrien esparruen proposamen batzuen aldarazpena justifikatzen duten zioen ardatzak ondoko hauek dira:
• Uholde arriskuen errekurrentzia aldien mugaketa eguneratu berria.
• Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate eta Ingurumenaren Plangintzako Zuzendaritzaren txostenak, proposamen batzuen ingurumeneko arriskuari buruzko alerta azaltzen zutenak.
• Jendaurreko erakusketaren fasean udal eta interesdun batzuek proposamenei lotuta igorri zituzten alegazioak. Halaber, udal batzuk euren plangintzen aldarazpenak onetsi dituzte eta horiek eraginak dituzte LPPren proposamen zehatzetan.
Alternatiba guztien deskripzioa, horien ingurumeneko ebaluazioa eta justifikazioa IITren 5. kapituluan daude. 5.2 idatzi-zatian ebaluatu diren alternatiba guztiak, hierarkizazioa eta proposamenen aldarazpena eta amaierako alternatibaren hautespena eragin duten zioen justifikazioa aurkezten dira eta 5.3 idatzi-zatian amaierako proposamenean ezabatu diren proposamenak aurkezten dira.
IITren garapenaren fasean egin zen lurraldearen diagnostikoan eta ingurumeneko eraginen ebaluazioan inguru fisiko, inguru natural eta gizakiaren inguruaren gakoak diren osagaiak identifikatu ziren, eta baita Planak proposatzen dituen jardueren garapenak sor ditzakeen eraginak ere. Eragin horiek, hala positiboek nola negatiboek, aurrearretazko neurri batzuk eta neurri zuzentzaile batzuk beharko dituzte, eta baita LPPren eraginak gainikusteko programaren garapenaren bidez burutuko den jarraipena ere, hain zuzen ere ingurumeneko adierazleen sistema baten oinarrituta egongo dena eta aipatu den IITan integratuko dena.
Analisi horren ondorioz hasierako proposamen batzuk baztertu egin ziren euren eragina kritikoa eta Planaren helburu orokorrekiko bateraezina zela uste izan zelako garapen iraunkorraren ikuspegitik, beti ere Gernika - Markina Alde Funtzionalaren testuinguruaren barruan.
Hasieratik egin diren LPPren formulazio berri guztien ostean eta IITren aurreko bertsioetako emaitzako aurrearretazko neurriak eta neurri zuzentzaileak aintzat hartu ondoren, LPPn ezarri diren proposamenetatik bakarra ere ez da ingurumenari dagokionez bateraezintzat jo.
2.– Planaren aplikazioaren ingurumenaren gaineko eraginen jarraipenerako hartu diren neurriak.
Planak ingurumenean dituen eraginen jarraipenerako neurri moduan Ingurumenaren Eraginaren Gaineko Ebaluazio Bateratuaren agiriak Planaren Eraginak Gainikusteko Programa bat inkorporatu du. Programa hori ingurumeneko adierazleen sistema baten oinarrituta dago eta organo substantiboak betearazteko modukoa da, eta Plana berrikusteko epeekin era koordinatuan burutuko da.
3.– Laburpen ez-teknikoa.
Kontuan hartuta hala honako agiri honen nola Laburpen Agiriaren zehaztapena eta edukia herritar/interesdun guztien eskura daudela, uste izan da ez dela beharrezkoa laburpen ez- tekniko bat sartzea.