EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-04-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2016072

EBAZPENA, 2016ko apirilaren 14koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena; honen bidez, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2016rako laguntzen deialdia argitaratzen da. «Lehen Aukera» programa.

Xedapenaren data: 2016-04-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201601600
Maila: Ebazpena
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko administrazio-kontseiluak 2016ko apirilaren 14an egin zuen bileran hartutako erabakiaren bidez, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2016rako diru-laguntzen deialdia onartu du. «Lehen Aukera» programa eta Lanbideren Estatutuen 10.2.p) artikuluan xedatutakoaren arabera (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartua), erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2016rako diru-laguntzen deialdia (Lehen Aukera Programa), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 2016ko apirilaren 14ko batzarrean hartutako erabakiaren bidez onartua (ebazpen honen eranskinean dago jasota).
Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko administrazio-kontseiluaren Akordioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko administrazio-kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aipatutako aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 14a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
ADOLFO ALUSTIZA FERNANDEZ.
ERANSKINA
GAZTE LANGABEAK EUSKAL ENPRESETAN KONTRATATZEKO 2016RAKO LAGUNTZEN DEIALDIA. «LEHEN AUKERA» PROGRAMA
Enplegua suntsitzeko 2007an hasi zen prozesuak, batik bat, gazteen langabezia-tasan modu negatiboan eragin du. Kolektibo honetan egitura-arazo bat dago eta arazo hori areagotu egin da krisiarekin. Ondorioz, biztanleria gazteenari eragiten dio arazo horrek, baita ekonomiaren hazkunde-ahalmenari ere epe luzean.
Gazteen kolektiboa da krisi ekonomikoaren egoerak gehien eragin dion kolektiboetako bat. Beraz, gazteen langabezia murriztea gure gizarteko erronka garrantzitsuenetako bat da eta erronka horri aurre egin behar zaio bai erakunde publikoetatik bai jarduera pribatuaren alorretik. Arazo honen konponbidean arrakasta lortuko da, hein handi batean, inplikatuta dauden erakunde eta sektore guztien laguntzaren zein koordinazioaren arabera, baita egokiak diren neurriak diseinatzean, horiek hartzean eta martxan jartzean ekimen pribatuak duen partaidetzaren arabera ere.
Ildo horri jarraiki, lanik ez duten eta hezkuntzako zein prestakuntzako jardueretan parte hartzen ez duten gazteen kolektiboarentzako neurriak hartzeko beharra dagoela egiaztatu da, gazteak lan-munduan txertatzeko eta horiek lan-munduan kalitatezko enplegu batekin mantentzeko helburuarekin. Kolektibo honetan dagoen heterogeneotasun dela eta, egoera pertsonal eta prestakuntza-maila oso desberdinak baitaude, neurriek hezkuntzaren eta prestakuntzaren hobekuntza nahiz kontratazioaren eta autoenpleguaren sustapena hartu beharko dituzte aintzat.
Lanik ez duten gazte guztientzat eta hezkuntza- edo prestakuntza-sistemetan inolako jarduerarik egiten ez duten gazte guztientzat den Gazteen Enpleguaren Ekimena (Europako Parlamentuko UE 1304/2013 eta Kontseilu Europarraren 2013ko abenduaren 17ko Erregelamenduan araututa dagoena), kolektibo honetako langabeziaren egitura-arazoari aurre egiteko Europar Batasuneko ekimen enblematikoetako bat da. Ekimen honetan, jarduketa-ekimenak eta -gomendioak babesten dira eta, horregatik, Gazteen Bermeari buruzko Kontseiluaren Gomendioa betetzeko tresna finantzarioetako bat bilakatu da.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Europako Enplegu Estrategiaren alde dihardu. Horrela, 2014-2016rako Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Planaren (http://www.euskadi.eus) esparruan (euskal gazteen laneratzea eta enplegua bultzatzea du helburuetako bat) eta 2013-2016rako Lanbideren Plan Estrategikoaren esparruan (pertsonentzako enplegu-aukerak hobetzea da horren helburuetako bat), komenigarria deritzo aipatutako printzipioekin bat datorren laguntza-programa bat bultzatzea gazteak kontratatzeko. Hala, deialdi honen xedea da erraztasunak ematea, 2014 eta 2015eko ekitaldietan izen berarekin burutu zirenena bezalaxe, berriki beren ikasketak amaitu dituzten gaztei lan-munduan txertatzeko lehen aukera emateko; horrela, hezkuntza-bizitzatik bizitza profesionalera errazago igaro daitezen.
Horren ondorioz, titulua edo prestakuntza izanik ere beren tituluarekin lotutako lanetan esperientzia gutxi edo batere esperientziarik ez duten gazte langabeak kontratatzeko egiten da deialdi hau.Lan-kontratu mugagabea edo praktiketako kontratua izango da eta, horrela, gazteen enplegagarritasuna bultzatu nahi da, bai eta gazte horien laneratzea ere. Beraz, Lehen Aukera programa honen azken helburua da egungo egora ekonomikoak gogor zigortutako euskal gizartearen parte horren lan-aukerak hobetzea eta bultzatzea, eta euskal ekonomiaren lehiakortasuna, lan-merkatuaren kalitatea hobetzen laguntzea eta gizarte-bazterkeriari aurre egitea. Gizarte-bazterkeriatzat hau jotzen da: «biztanleriaren zenbait segmentuk dagokien gizarteko bizitza sozialean, ekonomikoan eta kulturalean ez parte hartzea, ez dutelako oinarrizko eskubiderik, baliabiderik eta gaitasunik». Hori guztia Europar Batasuneko testuinguruan kontzeptu-gakoa da, Europar Batasuneko biztanle batzuen pobreziako, ahultasuneko eta bazterkeriako egoerei heltzeko garaian.
Deialdi honek ezin ditu alde batera utzi lan-merkatuko emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak eta desberdintasunak. Eustaten 2015eko bigarren hiruhilekoko datuek erakusten duten bezala, emakumeen eta gizonen artean langabeziaren tasa antzekoa bada ere, jardueraren tasan dagoen aldeak (emakumeen % 52,1 ari da lanean, aldiz, gizonen % 62,7) erakusten du emakumeen eta gizonen artean arraila dagoela, eta hori nolabait konpondu egin behar da, lan-arlorako sarbidean eta lan-arloko iraunkortasunari dagokionez.
Beraz, deialdi honek bere egiten du 2013-2016 aldirako Lanbideren Plan Estrategikoan (http://www.lanbide.euskadi.eus) ezarritako agindua eta deialdi honetan sartu behar diren plan horretako bi ekintza-lerro nabarmentzen ditu:
E4-1.3 ekintza-lerroa: gizonek eta emakumeek enplegurako eta prestakuntzarako sarbidean aukera berdinak dituztela, lana eta bizitza pribatua uztartzen direla eta genero identitatearen aniztasuna kudeatzeko bestelako politiketan aurrera egiten dela bermatzeko programa zehatzak garatzea.
P1-3.3 ekintza-lerroa: genero perspektiba Lanbideren jardueran eta gobernantza-ereduan sartzea zeharkako prozesu gisa.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo honetako Administrazio Kontseiluak 2015eko martxoaren 14an egindako batzarrean gazte langabeak euskal enpresen kanpoko lantokietan praktiketan kontratatzeko 2016rako laguntzen deialdia onartu zuen. Hona hemen:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da titulua edo prestakuntza izanik ere beren tituluarekin lotutako lanetan esperientzia gutxi edo batere esperientziarik ez duten gazte langabeak euskal enpresek edo 4. artikuluan aurreikusitako bestelako erakundeek kontratatzeko oinarriak ezartzea eta horretara bideratutako laguntzak arautzea, haien enplegagarritasuna hobetzeko neurri gisa, lanbide-esperientzia lortu eta haien laneratzea sendotzearen bidez.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantziazioa.
1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 7.500.000 eurokoak dira; horietatik 3.785.400 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2016ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 3.714.600 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2017ko aurrekontuetako kreditukoak.
2.– Deialdi honetako finantzaziora bideratutako baliabide ekonomikoak horrela banatuko dira:
– 7.010.000 euro lan-kontratu mugagabeak eta praktiketako kontratuak finantzatzeko. Aurrekontu horretatik 3.785.400 euro 2016ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 3.224.600 euro 2017 ekitaldirako konpromiso-kredituari.
– 490.000 euro 4.3 eta 4.4 artikuluetan ezarritako zentro laguntzaileek lan-eskaintzak jaso, erregistratu eta kudeatzeko, 2017ko konpromiso-kredituaren kargura.
3.– Lanbideren zentro kolaboratzaileek lan-eskaintzak biltzeagatik, erregistratzeagatik eta kudeatzeagatik zentro horiei diru-laguntzak emateko 2017ko ebazpenentzako kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2017. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, betiere Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako; agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusien kargutan egiteko diren gastu-espedienteen aurreratutako tramitazioa araupetu zen.
4.– Deialdi honi esker diruz lagundutako lan-kontratuak, eta eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatzeko jarduerak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu ahal izango dira, 2014-2020ko Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren barruan, edo Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020ko EGF Programa Operatiboaren barruan.
5.– Emanen diren laguntzen guztizko bolumenak ez du gainditu aipatu kopurua edo horren hazkundetik ateratzen dena, baldin eta indarreko legeriaz bat aurrekontu-aldaketak onartzen badira (eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen); eta hala balitz, zirkunstantzia hori argitara eman beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez eman ere.
3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.
1.– Deialdi honen babesean diruz lagundu ahal izango dira, EAEn dauden lan-zentroetako lanpostuetan jarduteko lan-kontratu mugagabeak eta gutxienez 6 hilabete irauten duten praktiketako kontratuak. Kontratu horiek guztiak, kontratuaren hasieran, deialdi honetako 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten eta 9. artikuluan aurreikusitako prozeduraren bidez hautatutako gazteei egin beharko zaizkie.
Kontratu horiek EHAAn deialdi hau argitaratzen den egunetik 2016ko azaroaren 30era bitartean hasi beharko dira.
2.– Deialdi honen babesean dauden diruz lagundu daitezkeen kontratuak Langileen Estatutuetako aurreikuspenetara egokitu beharko dute, baita aplika daitekeen arauetara ere, eta kasu guztietan baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Kontratuko lanpostuak kontratatutako pertsonaren ikasketa-mailari edo trebakuntzari egokituta egon beharko du.
b) Kontratuak idatziz formalizatu beharko dira, eta berariaz jaso beharko dituzte honako hauek: langilearen titulua, kontratua noiz hasi eta, halakorik balitz, noiz amaituko den, zenbat iraungo duen, eta zein den bete beharreko lanpostua.
c) Urteko ordainketa garbiak kontratuan agertu beharko du eta ezingo dituzte izan hurrengo zenbatekotik beherako kopuruak, titulu akademikoaren arabera:
d) Kontratuak lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izan ahal izango dira; azken kasu horretan, inoiz ez dira izango ezarritako lanaldiaren % 70etik beherakoak.
3.– Diruz lagundu daitezkeen kontratutzat jotzeko, lan-kontratu mugagabeek edo praktiketako kontratuek enplegu-sorrera garbia ekarri behar dute berekin, diruz lagunduko den kontratuaren xede den langilea lanean hasi aurreko 6 hilabeteetan enpresak duen langile kopuruarekiko. Kontratazioaren egunean, kontratu berri horrekin enpresako langileen batez bestekoa igoko da. Kontratazioaren egunean, kontratu berri horrekin enpresako langileen batezbestekoa igoko da.
4.– Honako kontratu hauek, berriz, ezin izango dira diruz lagundu:
a) Enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duenaren ezkontide, oinordeko eta gainerako senide, bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaidetasuna artekoekin egindako kontratuak, ezta sozietate izaera juridikoa duten enpresetako administrazio-organoetakoenak edo zuzendaritzako kideenak direnekin egindakoak ere.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagungarriak diren jarduerei lotuta gauza daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan diruz lagunduak izan direnak.
5.– Era berean, diruz lagundu ahal izango da deialdiaren 4.3 eta 4.4 artikuluek araututako zentro kolaboratzaileek enplegu-eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatzea, haiek, azkenean, eta deialdi honen babesean, diruz lagun daitezkeen kontratuak formalizatuta amaitzen badira.
Lan-eskaintzen bilketatzat jotzen da, zenbait enplegu eskaintzailerekin harremanetan jartzen den prozesuaren bidez, lanpostu bateko edo batzuetako estaldura-beharra identifikatzea eta identifikazio horretatik eskaintzen den profila duen horri dagokion kudeaketa-eskaera lortzea.
Lan-enplegu baten erregistrotzat jotzen da, eskaintzen bilketa-prozesuan lortutako datuak kodetzen diren prozesua eta datu horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sisteman sartzen dira eta, horrela, sisteman enplegu-eskaintza berri bat sortzen da.
Lan-eskaintzen kudeaketatzat jotzen da, prozesu hauek guztiak egitea:
a) Aldez aurretik Lanbideren informazio-sisteman erregistratutako eskaintza bat aztertzea, eta, hala badagokio, osatzea.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda daudenen artetik, une bakoitzean eskatutako lanpostuak betetzeko pertsona egokiak identifikatzea, eskaintza parekatzeko modu desberdinak erabilita.
c) Eskainitako lanpostuetan sartzeko identifikatutako hautagaien prestasuna egiaztatzea.
d) Hautagai bakoitza enpresara bidali ostean, horren emaitza jasotzea. Emaitza jasotzeak hau esan nahi du: bete beharreko lanposturako egokitzapenari edo egokitzapen-ezari dagokionez, bidalitako hautagaiari buruz enpresak zein balorazio egiten duen eta horren arrazoia zein den jakitea.
4. artikulua.– Enpresa eta pertsona onuradunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako lan-kontratu mugagabeak eta praktiketako kontratuak egiteagatik diru-laguntzen onuradun izan ahalko dira enpresa pribatuak, haien forma juridikoa edozein izanda ere, hala nola banako enpresaburuak, ondasun-erkidegoak eta sozietate zibilak, elkarteak eta fundazioak, baldin eta artikulu 5. paragrafoan aurreikusitako baldintza orokorrak betetzen badituzte:
a) Egoitza soziala edo fiskala EAEn izatea edo lantokia EAEn egotea.
b) Administrazio publiko batek edo gehiagok % 50eko edo gehiagoko partaidetza zuzena edo zeharkakoa ez izatea.
c) Deialdi honen bidez kontratatuko den eta diru-laguntzaren eskaeraren helburua den lanpostuan enplegurik ez suntsitu izana, kontratazio berriaren aurreko urtean, eta ez suntsitzea diruz lagundutako kontratazioak iraun bitartean.
d) Enpresako Langileen Legezko Ordezkaritzari (LLO) deialdi honen babesean kontratatzeko asmoaren berri ematea, kontratu mota, kontratazio-aldia eta bete beharreko postua adierazita. Enpresak eskaeran berariaz adierazi beharko du LLO baduen ala ez.
e) Europar Batasunak diru-laguntza bat ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren, ez egotea berreskuratze-agindu baten zain.
2.– Lan-kontratu mugagabeak edo praktiketako lan-kontratuak egiteagatiko diru-laguntzei dagokienez, erakunde onuradunaren baldintzatik kanpo gelditzen dira hauek guztiak: erakunde autonomoak eta elkarte publikoak, herri-administrazio baten mendeko elkarteak edo erakundeak eta eskuragarri dauden enpleguetarako aldi baterako lanen enpresak.
3.– Lan-eskaintzak biltzeko, erregistratzeko eta kudeatzeko onuradunak izan ahalko dira, jarduketa horiek egiteko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde kolaboratzaileak diren erakundeak.
Baldintza hori lortzeko, 2015eko urtarrilaren 23ko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren Ebazpenean aurreikusitako prozedura jarraitu beharko da. Ebazpen horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde kolaboratzailea izateko prozedura ezartzen da, lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko.
4.– Halaber, zentro kolaboratzaileak izan ahalko dira, deialdi honi, zehazki, lotutako enplegu-eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko, ondoren agertzen diren erakundeak eta horiek guztiek EAEn egon beharko dute.
a) Unibertsitateak.
b) Lanbide-heziketako ikastetxe publikoak eta itunpeko pribatuak.
c) Lanbide-Euskal Enplegu zerbitzuaren zentro eta erakunde kolaboratzaileak, 2015eko deialdiari dagozkion lanerako prestakuntza eta orientazioa emateko diru-laguntzen onuradun badira.
d) Udalak, mankomunitateak, kuadrillak, tokiko garapenerako agentziak eta Behargintzako zentroak.
«Lehen Aukera» programari lotutako eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko erakunde kolaboratzailea izateko eskaera deialdi honetako I. eranskin gisa ematen den inprimakiaren bidez bete beharko da. Eranskin hori Interneteko helbide honetan eskura daiteke: http://www.lanbide.euskadi.eus
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
Eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko baimena izango duten gehieneko pertsonen kopurua, zentro kolaboratzaile berean, 3 pertsonakoa izango da.
Zentro kolaboratzailea modu eraginkorrean izateko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko langileek ematen duten prestakuntza-ekintza batera, prestakuntza hori egiteko ezartzen diren datetan, erakundeak eskatutako baimena eskuratuko duten pertsona horiek guztiek joan beharko dute eta prestakuntza horri onura atera beharko diote. Lehenago, http://www.lanbide.euskadi.eus webgunean prestakuntza-ekintzen tokiak eta ordutegiak argitaratuko dira, baita ekintza horietan parte hartuko duten erakundeen zerrenda ere.
Ez dute aipatutako prestakuntza-ekintza egin beharrik izango, «Lehen Aukera» programako 2014ko eta 2015eko laguntzen deialdietan enplegu-eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko kolaboratzaile izatea lortu zuten zentroek, betiere, prestakuntza jaso zuen edo zuten eta, ondorioz, aipatutako deialdi horretan, enplegu-eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko jarduerak egiteko baimendutako pertsona hori edo horiek enpresako plantillan mantentzen direla ziurtatzen badute.
Prestakuntza-ekintzak amaitutakoan, Lanbide-Euskal Enpleguaren Zerbitzuko zuzendari nagusiak adierazitako baldintzak betetzen dituzten erakundeei, deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, zentro kolaboratzailea izateko ebazpena emango du.
5.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen enpresa eta erakunde onuradunek baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egotea.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko tributu-betebehar eta Gizarte Segurantzarekiko betebehar horiek egunean dituztela, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, hala xedatzen baitu azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluak.
b) Erakunde eskatzailearen xedeak eta helburuak, onarpen- edo sarbide-sistema, funtzionamendua, ibilbidea, jarduketa, antolamendua edo estatutuak gizonen eta emakumeen tratu- nahiz aukera-berdintasunaren printzipioaren araberakoak izatea.
c) Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez jaso izana, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ez jaso izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.
d) Ez egotea Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13an artikuluan diru-laguntzak eskuratzeari dagokionez aurreikusitako ezein debeku-egoeratan.
6.– Enpresa eta erakunde onuradunei diru-laguntzak onartzeko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzultze- edo zigor-prozedura guztiak amaituta egotea.
5. artikulua.– Deialdi honen babesean kontratatuko gazteek bete beharreko baldintzak.
1.– Deialdi honen xedea da 16 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago duten gazteak kontratatzea, eta, horretarako, honako baldintza hauek bete beharko badituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan izatea bizilekua.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea eta kontratua egiterakoan langabea izatea.
c) Honako multzo hauetakoren batean zehaztutako titulu bat izatea:
– Lizentziatura edo unibertsitateko gradua, Ingeniaritza, Arkitektura.
– Unibertsitateko diplomatura, Ingeniaritza teknikoa, Arkitektura teknikoa.
– Lanbide Heziketa arautuko eta berariazko lanbide-heziketako goi-mailako edo erdi-mailako teknikaria; teknikari laguntzailearen (LH1) eta teknikari espezialistaren (LH2) tituluak horien baliokideak izango dira.
– Aurrekoen baliokide gisa ofizialki aitortutako beste titulazio batzuk.
– Profesionaltasun ziurtagiria.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, bere bulegoen edo zentro kolaboratzaileen bidez, deialdi honen 9. artikuluan araututako hautaketa-prozesua burutzerakoan, lehentasuna emango zaie Gazte Bermea Sistemaren datu-basean identifikatuta dauden eta aurretik Gazte Bermea Sistemara sartzeko eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzen dutenei. Sistema hori 18/2014 Legeak arautzen du (18/2014 Legea, urriaren 15ekoa, Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituena), 25/2015 Legeak emandako idazkeran (25/2015 Legea, uztailaren 28koa, bigarren aukerako mekanismoarena, finantza-kargaren murrizketarena eta gizarte arloko bestelako neurriena).
3.– Lehen Aukera programaren 2014ko eta 2015eko deialdietan praktiketako kontraturen bat lortu dutenek, programa honetan lan-kontratu mugagaberako baino ezin izango dute parte hartu.
6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1.– Kontratu bakoitzeko diruz lagundutako zenbatekoa titulazio akademikoaren arabera zehaztuko da, era honetara:
Zenbateko horiek % 10 handituko dira, praktiketako kontratuak gutxienez 12 hilabete iraunez gero.
2.– Aipatutako diruz lagundutako zenbateko guztiak % 10 handituko dira, emakumeak gutxien ordezkatuta dauden arloetan emakumeak kontratatzen badira.
Arlo horiek taula batean jasoko dira eta taula Lanbideren webgunean jarriko da (http://www.lanbide.euskadi.eus), deialdia argitaratzen den egun berean.
3.– Aipatutako diru-laguntzen zenbatekoak lanaldi osoko kontratuei dagozkie. Denbora partzialeko kontratuetan, zenbatekoak lanaldiaren arabera doituko dira.
4.– Era berean, deialdiaren 4.3 eta 4.4 artikuluan aipatzen diren erakunde kolaboratzaileek honako hau jasoko dute diruz lagundutako kontratu bakoitzeko deialdi honen babesean, kasuan kasuko eskaintza bildu, erregistratu eta kudeatzearen ondorioz:
– 120 euro, eskaintza bildu eta erregistratu duen erakunde kolaboratzailea.
– 80 euro, eskaintza kudeatu duen erakunde kolaboratzailea.
Zentroak % 10 gehiago jasoko du, deialdi honen arabera diruz laguntzekoa den kontratua erdiesten duten 20ko enplegu-eskaintza lortzen dituen aldiro.
7. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea, tokia eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Deialdi honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (II. eta III. eranskinak), eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango da hori: http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurraldeetako enplegu-bulegoetan.
Horrez gain, administrazio-prozedura erkidearen araudian aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
2.– Lan-kontratuak egiteagatiko diru-laguntzaren eskaerarekin batera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:
a) Eskaera sinatzen duen pertsonaren NAN/AIZaren fotokopia, edo haren nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena; eta pertsona juridiko eskatzailearen ordez beste batek sinatzen badu eskaera, sinatzen duen pertsona horren legezko ordezkaritzaren egiaztagiria.
b) Enpresaren identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.
c) Enpresa eratu dela ziurtatzen duten eskritura eguneratuen fotokopia edo, hala badagokio, erakunde eratu dela justifikatzen duen beste edozein dokumentu.
3.– Deialdi honen babesean diruz lagundu daitezkeen kontratuak formalizatuta amaitu diren lan-eskaintzak kudeatu dituzten zentro kolaboratzaileek, diru-laguntzaren eskaerarekin batera, erregistratu eta/edo kudeatu dituzten lan-eskaintzen zerrenda bat aurkeztu beharko dute eta, deialdi honen babesean, lan-eskaintza horietako bakoitzean kontratatutako pertsonak ere agertu beharko dute.
4.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, edo 1. idatzi-zatian adierazitako derrigorrezko agiriak aurkezten ez badira, erakunde interesdunari 10 eguneko epearen barruan okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko zaio; eta, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta horrek administrazio prozedura erkidearen araudian aurreikusitako ondorioak izango ditu.
5.– Eskaerak aurkezteko epea hau izango da:
– Kontratazioagatiko diru-laguntzarako: deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi, eta 2016ko azaroaren 21ean amaituko da.
– Lan-eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatzea diruz laguntzeko: 2017ko urtarrilaren 2tik 27ra arte.
8. artikulua.– Ebazpena emateko organo eskuduna, emate-prozedura eta ebazpena.
1.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.
2.– Eskaerak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta hurrenkera horretan emango zaizkie diru-laguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte. Kreditua zabaltzen ez bada, behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
3.– Eskaerak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren esanbidezko ebazpen bidez onartu edo ukatuko dira.
Kontratuak egiteagatiko diru-laguntzak emateko ebazpenean, honako hauek jasoko dira: enpresa bakoitzari ematen zaion kontratazio-plana, ordaintzeko modua eta diru-laguntzaren zenbatekoa, eta diru-laguntzaren justifikazioa.
4.– Eskaerak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskaera aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, eta epe hori amaitutakoan diru-laguntzaren eskabidea onartutzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpena ematen ez bada.
5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
6.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean diru-laguntza zein enpresak jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein enpresari emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.
9. artikulua.– Programan parte hartuko duten gazteak hautatzeko prozedura.
1.– Hautaketa-prozesua Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez egingo da.
2.– Diru-laguntzak emateko ebazpena jakinarazi ondoren, enpresak, hilabeteko bateko epean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulego batean edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zentro kolaboratzaile batean enplegu-eskaintzaren kudeaketa-eskaera aurkeztuko du eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko eta/edo eskaintzak kudeatzeko.
Deialdi honen ondorioetarako, eskaintzak biltzeko, erregistratzeko eta/edo eskaintzak kudeatzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zentro kolaboratzailetzat joko dira 4.3 eta 4.4 artikuluan aurreikusitakoak eta horien zerrenda http://www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratuko da.
3.– Eskaintza kudeatzeko eskaera bat aurkeztu beharko da estali beharreko lanpostuaren profil bakoitzeko. Eskaera inprimaki normalizatuan aurkeztuko da, IV. eranskinean ezarritako ereduarekin bat. Eskaera horretan, gutxienez, datu hauek adierazi beharko dira: izen-abizenak edo enpresaren egoitza soziala, IFK/IFZ, enplegatzailearen kotizazioaren kontu-kodea (halakorik bada), lantokiaren herria, lanpostuaren izena, lanpostuen kopurua, lanpostuaren deskribapena eta enpresariaren, legezko ordezkariaren edo baimena duen pertsonaren sinadura.
4.– Deialdi honen babesean eskaintzaren kudeaketa-eskaera bakoitza jasotzen duen bulegoak edo zentro kolaboratzaileak erregistratuko du eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekaritza-sisteman identifikatuta geldituko da. Eskaintza erregistratu ondoren, enpresari jakinaraziko zaio eskaintzaren erreferentzia.
5.– Eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozedurak jarraituta kudeatuko dira eta lehentasuna emango zaie Gazteen Berme Sistemako datu-basean identifikatuta dauden pertsonei, 5. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako baldintzetan. Enpresara joango dira eskatutako profil profesionala eta baldintzak betetzen dituzten hautagaiak; izan ere, hautagai horien ondorengo kontratazioa lagunduko da diruz deialdi honen babesean.
6.– Eskaintza bat kudeatu ondoren hautagai gisa bideratu diren pertsonei egindako kontratuak baino ez dira diruz lagunduko.
7.– Kontratu bakoitzaren komunikazio-prozesuan, enpresak nahitaez adierazi beharko du kontratu horri dagokion eskaintzaren erreferentzia.
10. artikulua.– Lan-kontratua amaitzea.
1.– Behin kontratazioa egindakoan, honako kausaren bat dela-eta kontratua amaitzen bada: probaldia ez gainditzeagatik lan-kontratua amaitzea, kontratatutakoak lana borondatez uztea, edo kontratatutako pertsonaren baliaezintasuna edo heriotza, orduan idatziz jakinarazi beharko dio enpresak Lanbideri, kontratua amaitu eta gehienez ere zazpi eguneko epean, Lanbidek azken diru-laguntza kontratatutakoak benetan lan egindako aldira egokitu dezan.
2.– Kontratu-harremana aurreko paragrafoan aurreikusi ez den beste kausaren batengatik amaitu bada, diru-laguntza oso-osorik itzuli beharko da, deialdi honen 17. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
3.– Enpresak beste pertsona bat edo batzuk kontratatu nahi baditu, beste eskabide bat aurkeztu beharko du, deialdi honetan aurreikusitako epean eta eran.
11. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
1.– Diru-laguntzak honela ordainduko zaizkie enpresa kontratatzaileei:
a) Lehenengo, emandako diru-laguntzaren % 54 emango da, aurreikusitako kontratuak formalizatu ostean, formalizazio horretatik 10 egun balioduneko epean dokumentu hauek aurkeztutakoan:
– Egindako kontratuen kopia.
– Senidetasunik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (deialdi honetako 3.4.a) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz).
– Bi txosten «Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena» izenekoak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindakoak (RED sistemaren bidez eskuratuak), kontratatutako pertsonak zerbitzuak ematen dituen enpresaren lan-zentroari buruzkoak; bat, kontratatutako pertsonari enpresan alta eman aurre-aurreko sei hilabeteei dagokiona, eta, bestea, kontratazioaren alta egunari dagokiona.
Ordainketa egin baino lehen, Lanbidek egiaztatuko du Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda dagoela langilea eta plantilla handitu egin dela.
b) Bigarrenik, gainerakoa ordainduko da, % 46, edo justifikazioaren ondorioz dagokion kopurua, eta, betiere, diruz laguntzekoak diren jarduketak justifikatuta, 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.– Erakunde kolaboratzaileek diru-laguntza ordainketa bakarrean jasoko dute, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena eman ondoren.
12. artikulua.– Kontratuak egiteagatiko diru-laguntzaren justifikazioa eta epea.
Kontratuak justifikatzeko, enpresa onuradunak azken memoria bat aurkeztu beharko du, kontratatu dituen pertsonen zerrenda eta kontratuen iraupena jasoko dituena:
Memoria hori aurkezteko epea:
a) Praktiketako kontratuen kasuan, kontratua amaitu eta hilabeteko epea.
b) Lan-kontratu mugagabeen kasuan, hasi eta urtebete igaro ondoren.
Eta edozeinetara ere, 2017ko abenduaren 20a baino lehen.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du diruz lagundutako kontratuen benetako iraupena.
13. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.
1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:
a) Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean justifikatu beharko da bete direla laguntza jasotzeko betebeharrak eta baldintzak.
c) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila, Ogasun eta Finantza Saileko Ekonomi Kontrolerako Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.
Diruz lagun daitezkeen gastuak Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, erakunde onuradunean gastuaren kontabilitate-erregistro bat eraman behar da, kontabilitate-identifikazio bereizi batekin edo kontabilitate-kode egoki batekin.
d) Helburu berberarekin beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea diru-laguntza emateko kontuan izan den edozein baldintzaren aldaketa, baita diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari nabarmenki eragiten dion edozein behin-behinekotasun ere.
f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egiaztatze, segimendu eta kontroleko prozeduretan laguntzea.
g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
h) 2014-2020rako Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren edo 2014-2020ko EGF Programa Operatiboaren esparruan, deialdi honen babesean diruz lagundutako komunikazio-, zabaltze-, edo argitalpen-material eta ekintza guztietan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak elkarrekin finantzatu dituztela adieraztea.
Enpresa onuradunen zerrenda Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Erregelamenduaren 115.2 artikuluan aipatutako zerrenda publikoan jasoko da.
i) Diruz lagundutako kontratazioen gaineko dokumentazio guztia gorde eta zaintzea, gutxienez 2023ra arte, deialdi honen ondoriozko konpromiso eta betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatu ahal izateko.
j) Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunari buruzko betebeharrak:
– Probetan edo elkarrizketetan eta lanpostuak hautatzean tratu- eta aukera-berdintasunaren eta emakumeen eta gizonen arteko diskriminazio ezeko printzipioa aplikatzen dela bermatzea.
– Dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntza ez sexista erabili beharko dute, saihestu beharko dute emakumeen irudi diskriminatzaile edo estereotipo sexista oro, eta irudi jakin bat sustatu beharko dute, balio hauek izango dituena: berdintasuna, emakume eta gizonen presentzia orekatu bat, aniztasuna, ardura partekatua, eta rol eta genero identitate plurala.
k) Kontratatutako pertsonen adostasuna lortzea, haien datuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskura jartzeko, eskatutako diru-laguntza kudeatzeko soil-soilik, eta deialdi honen 18. artikuluan xedatutako edukiaren berri ematea.
2.– Era berean, praktiketako kontratu bat amaitzean bete beharko den betebehar espezifiko gisa, enpresak ziurtagiri bat egin behar dio langileari. Hor, honako hauek jaso behar dira, gutxienez:
– Kontratuaren iraupena.
– Betetako lanpostuak, eta bakoitzean egindako zeregin nagusiak.
14. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere esku izango du ikuskapen- eta kontrol-jarduerak egitea, deialdi honen helburuak betetzen direla bermatzeko.
15. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako diru-laguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.
16. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak dira kontzeptu eta helburu berberetarako beste administrazio batzuek edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuek emandako diru-laguntza, laguntza eta diru-sarrerekin; ez ordea, lan-kontratu mugagabeetarako edo praktiketako kontratuetarako legez ezarritako Gizarte Segurantzari egindako kotizazioetako hobariekin edo murrizketekin.
17. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako diru-laguntzak itzultzea.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntza jaso duten erakunde onuradunek ez badituzte betetzen Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan izaera orokorrarekin ezarritako betebeharrak edo Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan jasotakoaren arabera diru-laguntza itzultzera behartzen dituen egoeraren batean badaude, eman zaien diru kopurua eta diru-laguntzak ordaindu zitzaienean aplikatu beharreko legezko interesak itzuli beharko dituzte. Horretarako, aipatu xedapenean eta abenduaren 17ko 698/1981 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura jarraituko da (698/1981 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu). Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren erakunde onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.
3.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan halakorik aurkeztu ez badu edo onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilabetekoa izango da.
4.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, eta diru-laguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat ematen badu, interesdunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko gehieneko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
5.– Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
18. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan, abenduaren 13koan, xedatutakoa betez, deialdi honetan araututako laguntza-eskaerak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, «Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izenekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduaren, 2012ko urriaren 10ekoaren, bidez dago araututa.
Halaber, pertsona interesdunek datu horietara iristeko eskubidea baliatu ahal izango dute, baita datuok zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurkatzeko ere, legeak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009, Vitoria-Gasteiz).
19. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.
1.– Deialdi honetan, gazteak kontratatzeagatik zehaztutako laguntzek bat etorri beharko dute «minimis» laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruz Batzordeak 2013ko abenduaren 18an egindako 1407/2013 (EE) Erregelamenduarekin (DOUE L352, 2013-12-24). Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakarrari «minimis» erako laguntzetan emandako zenbatekoak ezin izango du gainditu 200.000 euroko kopurua hiru ekitaldi fiskalen barruan.
Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» Erregelamendu horren 2.2 artikuluan.
2.– Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako minimis laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du laguntza-eskatzen duenak, honako hau frogatzeko: minimis laguntza berriarekin ez dela gainditzen Erregelamenduan ezarritako muga maximoa.
I. ERANSKINA
LAN-ESKAINTZAK BILDU ETA ERREGISTRATZEKO ENTITATE KOLABORATZAILEA DELAKO AITORPEN-ESKAERA
(«LEHEN AUKERA» PROGRAMA)
II. ERANSKINA
GAZTE LANGABEAK EUSKAL ENPRESETAN KONTRATATZEKO LAGUNTZEN ESKAERA
«LEHEN AUKERA» PROGRAMA
III. ERANSKINA
DIRU-LAGUNTZA ESKAERA ENPLEGU-ESKAINTZAK BILTZEAGATIK ETA ERREGISTRATZEAGATIK EDO KUDEATZEAGATIK (LEHEN AUKERA)
IV. ERANSKINA
«LEHEN AUKERA» ESKAINTZA KUDEATZEKO ESKAERA-ORRI NORMALIZATUA