EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-04-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2016071

EBAZPENA, 2016ko apirilaren 14koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, ekintzaileei laguntzeko 2016ko diru-laguntzen deialdia argitaratzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-04-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201601570
Maila: Ebazpena
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2016ko apirilaren 14ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, ekintzaileei laguntzeko 2016ko diru-laguntzen deialdia egitea onartu du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretu bidez onartutako Lanbideren estatutuen 10.2 artikuluaren p) letran xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.
Azaldutako guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ekintzaileei laguntzeko 2016ko diru-laguntzen deialdia argitara ematea. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren bidez onartu zen, 2016ko apirilaren 14ko batzarrean, eta ebazpen honi erantsi zaio.
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 14a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.
ERANSKINA
EKINTZAILEEI LAGUNTZEKO 2016KO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA
Azken urteotan dugun krisi ekonomiko orokorreko egoeran, dinamismo ekintzailea ezinbesteko faktorea da hazkunde ekonomikoa eta aurrerapena bultzatzeko, era horretan enplegu- eta aberastasun-aukera berriak sor daitezen. Horregatik, guztiz beharrezkoa da beren proiektuarekin banaka eta sozialki konprometituta dauden ekintzaileei modu integral batez laguntzea prozesu ekintzailearen fase guztietan.
Euskal gizarteak badaki ekintzaileak izateak zer nolako garrantzia duen: norberaren laneko etorkizuna diseinatzearen eta sortzearen aldeko apustua egiten dute, eta aldi berean, beste pertsona batzuentzako lan-aukerak sortzen dituzte.
Horrelako proiektuek enplegua sortzeko duten ahalmena dela-eta, guztiz beharrezkoa da haiei laguntza integrala ematea.
Ekintzailetzaren bidea ideia sortzearekin batera hasten da, eta hori egoki balioetsi eta landu ondoren, negozio edo enpresa bat abiaraztea ekar dezake, sustatzaileari behar dituen prestakuntza eta laguntza emanez gero; sendotzeko aldi bat beharko da ondoren, harik eta enpresa-ehunean sartzen den arte.
Negozio-ideia sortzeko, aztertzeko eta horren egituratze sistematikoa egiteko lehenengo fase horretan, funtsezkoa da sustatzaileari laguntzea, bideari ekiteko. Izan ere, horri esker, haren ideia baliozkotzat jo ahal izango da edo birmoldatzeko beharra ikusiko da. Aldi berean, sustatzaileak ekintzailetzarekin lotutako gaitasunak eta trebetasunak hartuko ditu, aholkularitza- eta laguntza-jardueren bitartez.
Negozio-ideia zehatz bat duten sustatzaileei laguntza ematea funtsezko une kritiko bat da bide horretan; aipatutako laguntza hori enpresa-jarduera hasteko egin beharreko jarduerak bultzatzeko laguntza eta tutoretzako jardueren bitartez eman daiteke; eta horrek, aldi berean, lagundu egiten du sustatzaileek ekintzailetzarekin lotutako hainbat gaitasun eta trebetasun beregana ditzaten.
Azkenik, euren enpresa-jarduera berriki hasi duten pertsonei ere laguntza eman nahi zaie; horrelakoek oso ongi ezagutzen dute sortu duten negozioa, baina ez dute beharrezko ezagutzarik batzuetan enpresa-jardueretan ohikoak diren izapide eta jarduera guztien gainean.
Hazkunde Adimentsua eta Jakintzan eta Berrikuntzan oinarritutako ekonomia garatzea da Europa 2020 Estrategiaren hiru lehentasunetako bat. Ildo horretatik, laguntzeko baldintza orokorrak zein finantzaketarako sarbidea hobetzea da ekimen nagusietako bat, ideia berritzaileak hazkundea eta enplegua sortzen dituzten produktu eta zerbitzu bihur daitezen bermatzeko.
Hori oinarri hartuta eta 2014-2016 aldirako Enplegua Sustatzeko Programaren barruan –azken horrek ekintzailetza sustatzea du lehentasunezko programa operatiboen artean–, Eusko Jaurlaritzak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua bere erakunde autonomoaren bitartez, laguntza hori sendotu nahi du ekintzaileei aurretik aipatutako aldietan laguntzeko beste tresna baten bidez: hau da, ideia sortzean, bideragarritasun-plan bat eratu eta jarduera hastean eta, azkenik, proiektua hasitakoan, enpresak merkatuan egin beharreko lehen pausoak errazten dituen hasierako laguntzan.
Lanbideren 2013-2016 Plan Estrategikoa (http://www.lanbide.euskadi.eus) 7 ardatzen inguruan egituratuta dago; horietatik, 3. ardatzak lan-aukerak hobetzea ezartzen du Lanbideren jarduera nagusi gisa, eta, enplegua, autoenplegua eta jarduera ekonomikoa sustatzeko programak bultzatzea agertzen da haren helburuen artean.
Gazteei eman behar zaie arreta berezia prozesu horretan. Eurostat-en 2015eko hirugarren hiruhilekoko datuen arabera, 25 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 20,1ekoa da Europar Batasunean. Gure lurraldeari dagokionez, Eustat-en 2015eko hirugarren hiruhilekoko datuen arabera, kolektibo horrek % 32,7ko langabezia-tasa du, eta horren jarduera-tasa % 30,1ekoa da, EAEko jarduera-tasa orokorra % 57,2koa den bitartean.
Bestalde, deialdi honek ezin ditu albo batera utzi emakumeen eta gizonen arteko diferentziak eta desberdintasunak lan-merkatuan. Horrela, Eustaten 2015eko hirugarren hiruhilekoko datuek erakusten duten bezala, emakumeen eta gizonen langabezia-tasa berdintsua bada ere, emakumeen jarduera-tasa % 52,1ekoa da, eta gizonena, aldiz, % 62,7koa. Tasa horiek erakusten dute desagerrarazi beharreko aldea dagoela lan-esparrura sartzeko eta bertan irauteko aukeretan.
Kontuan hartu behar da, EAEko estatistika-datuen arabera, emakumezkoek gizonezkoek baino askoz ere enpresa gutxiago sortzen dituztela; izan ere, pertsona ekintzaile finkatuen artean, % 65,6 gizonezkoak dira eta % 34,4 emakumezkoak.
Horiek horrela, deialdi honek bere gain hartzen du Lanbideren 2013-2016 Plan Estrategikoan ezarritako agindua; bertan, bi ekintza-lerro nabarmentzen dira, zeinak deialdi honetan txertatzen baitira:
– E4 -– 1.3 ekintza-lerroa: Programa espezifikoak garatzea gizonen eta emakumeen aukera-berdintasunean aurrera egiteko honako arlo hauetan: enplegurako eta prestakuntzarako sarbidea, familia- eta lan-bizitza uztartzea, baita genero-nortasunaren aniztasunaren kudeaketarekin loturiko bestelako politikak ere.
– P1 – 3.3 ekintza-lerroa: Genero-ikuspegia txertatzea, zeharkako prozesu gisa, Lanbideren jardueran eta gobernantza-ereduan.
Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2016ko apirilaren 14ko saioan, ekintzaileei laguntzeko diru-laguntzen deialdia onartu du, baldintza hauetan:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
1.– Deialdi honen xedea da enpresa-proiektuen sustatzaileei 2016an eman beharreko diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea, hiru laguntza-lerroren bitartez:
a) Ekintzaile izan daitezkeen pertsonei zuzendutako laguntzak dira, enpresa-ideiak sortu, aztertu eta egituratzeko lanak egin ditzaten dedikazio osoan, ekintzailetzako toki-proiektuen esparruan (Enpresa-ideiak garatzeko laguntzak).
b) Tokiko ekintzailetza-proiektuen esparruan, negozio-ideia zehaztua duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jar ditzaten bultzatzeko laguntzak dira (Enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzak).
c) Enpresa-jarduera bati ekin dioten pertsonei jarduera hori sendotzeko laguntzak dira. Enpresa-jarduera bat sendotzeko laguntzak.
2.– Era berean, deialdi honen xede dira aurreko paragrafoko a) eta b) idatzi-zatietan aipatzen diren laguntzen onuradun diren pertsona ekintzaileak hautatu eta horiei laguntza eta/edo tutoretza emateko laguntzak; 3. artikuluan aurreikusitako toki-erakunde laguntzaileek egin beharrekoa da lan hori.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 4.000.000 eurokoa da, eta, horietatik, 2.000.000 euro 2016. urteko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 2017rako konpromiso-kredituan sartuko dira 2.000.000 euro, 32110 – Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren aurrekontuaren erabilera izeneko programan aurreikusitakoaren arabera.
2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa aipatu diren diru-laguntza lerroen artean banatzekoa da, honela:
a) Enpresa-ideia bat garatzeko laguntzak finantzatzeko, II. kapituluan arautuak: 360.000 euro, 2016ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkionak.
Zenbateko hori honela banatuko da:
– 200.000 euro bideratuko dira 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago dituzten gazte ekintzaileentzako laguntzetarako.
– 160.000 euro bideratuko dira 30 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetarako.
b) Negozio-ideia zehaztu bat duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzak finantzatzeko, III. kapituluan arautuak: 410.000 euro; horietatik, 180.000 euro 2016ko ordainketa-krediturako dira, eta, 230.000 euro, 2017ko konpromiso-krediturako.
Zenbateko hori honela banatuko da:
– 231.699 euro –101.699 euro 2016ko ordainketa-krediturako eta 130.000 euro 2017ko konpromiso-aurrekonturako– bideratuko dira 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago dituzten gazte ekintzaileentzako laguntzetarako.
– 178.301 euro –78.301 euro 2016ko ordainketa-krediturako eta 100.000 euro 2017ko konpromiso-aurrekonturako– bideratuko dira 30 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetarako.
c) Enpresa-jarduera bat finkatzeko bideratutako laguntzak finantzatzeko, IV. kapituluan arautuak, 2.900.000 euro; horietatik, 1.300.000 euro 2016ko ordainketa-krediturako dira, eta, 1.600.000 euro, 2017ko konpromiso-krediturako.
Zenbateko hori honela banatuko da:
– 1.450.000 euro (650.000 euro 2016ko ordainketa-krediturako eta 800.000 euro 2017ko konpromiso-aurrekonturako) bideratuko dira 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago dituzten gazte ekintzaileentzako laguntzetarako.
Halaber, zenbateko horretatik, 626.589 euroko kreditu-erreserba ezartzen da emakumeentzat (280.000 euro 2016ko ordainketa-krediturako eta 346.589 euro 2017ko konpromiso-aurrekonturako); erreserba hori agortzen ez bada, soberakina kolektibo horretako gizonentzako laguntzetarako erabiliko da.
– 1.450.000 euro (650.000 euro 2016ko ordainketa-krediturako eta 800.000 euro 2017ko konpromiso-aurrekonturako) bideratuko dira 30 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetarako.
Halaber, zenbateko horretatik, 626.589 euroko kreditu-erreserba ezartzen da emakumeentzat (280.000 euro 2016ko ordainketa-krediturako eta 346.589 euro 2017ko konpromiso-aurrekonturako); erreserba hori agortzen ez bada, soberakina kolektibo horretako gizonentzako laguntzetarako erabiliko da.
d) Erakunde laguntzaileek onuradunak hautatzeko eta laguntzeko jarduerak finantzatzeko (deialdi honetako 3. artikuluan aipatua), 330.000 euro; horietatik, 160.000 euro 2016ko ordainketa-krediturako dira, eta, 170.000 euro, 2017ko konpromiso-krediturako.
Zenbateko hori honela banatuko da:
–. 90.000 euro bideratuko dira (2016ko ordainketa-kredituari dagozkionak) II. kapituluan (Enpresa-ideia bat garatzea) jasotako laguntzen onuradun diren sustatzaileak hautatu eta laguntzeko diru-laguntzetarako.
– 240.000 euro bideratuko dira (70.000 euro 2016ko ordainketa-krediturako eta 170.000 euro 2017ko konpromiso-aurrekonturako) III. kapituluan (Enpresa-proiektu berriak abian jartzea) jasotako laguntzen onuradun diren sustatzaileak hautatu eta laguntzeko diru-laguntzetarako.
3.– Diruz laguntzeko lerroak finantzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoei dagokienez, aurreikusitako bi kolektiboetako batean, pertsona ekintzaileentzako laguntzetarako kreditua agortzen ez bada, soberakina beste kolektiborako aurreikusita dauden laguntzak ordaintzeko erabiliko da.
3. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
1.– Deialdi honetako II. eta III. kapituluetan (negozio-ideia bat aztertu eta garatzea, eta enpresa-proiektu berriak abian jartzea) araututako laguntzen onuradunen hautaketa, laguntza eta/edo tutoretza Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, udalerri-elkarteek, mankomunitateek edo kuadrillek (eta horien mendeko erakundeek) egin beharko dute, baldin eta Eskualdeko Enplegu Planak egiteko eta gauzatzeko laguntzen deialdietan parte hartu badute eta aldez aurretik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena jaso badute erakunde laguntzaile gisa jarduteko. Eskualdeko Enplegu Plan horiek honako hauetan daude araututa: 2012ko maiatzaren 9ko Agindua, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena (maiatzaren 23ko EHAAn argitaratua), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2012ko uztailaren 26ko Erabakia (abuztuaren 29ko EHAAn argitaratua, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez).
2.– Nolanahi ere, hartarako gaitasun tekniko nahikoa dutela egiaztatzea baldintza izango da sustatzaileei laguntza eta/edo tutoretza emateko erakunde laguntzaile gisa jardun ahal izateko. Horretarako, ondoren adierazten diren baldintzak bete beharko dira:
– Gutxienez 2 urteko esperientzia izatea pertsona ekintzaileei laguntzeko jardueretan.
– Behar beste langile gaitu izatea sustatzaileei lagundu ahal izateko.
3.– Sustatzaileak hautatu eta haiei laguntza eta tutoretza emateko jarduerez gain, deialdi honen II. eta III. kapituluetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatu eta ordainduko dituzte erakunde horiek.
4.– Erakunde laguntzaileek diru-laguntza jaso ahalko dute pertsona ekintzaileak hautatu eta haiei tutoretza emateagatik, baldin eta pertsona ekintzaile horiek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta diru-laguntza esleitu bazaie. Diru-laguntza horiek 300 eurokoak izango dira enpresa-ideia bat garatzeko proiektuetan, eta 1.000 eurokoak enpresa-jarduera berriak abian jartzeko proiektuen kasuan.
Laguntza horiei deialdi honen V. kapituluan jasotako aurreikuspenak aplikatuko zaizkie, prozeduraren instrukzioari eta ebazpenari buruz 20. artikuluan xedatutakoa eta 21. eta 26. xedatutakoa izan ezik; prozeduraren instrukzioa eta ebazpena artikulu honetan xedatzen dira.
5.– Programa honetan parte hartzeko eta erakunde laguntzaileen izaera lortzeko eskabideak, bai eta dagokion diru-laguntza emateko eskabideak ere, I. eranskinean jasotako eredu ofizialaren arabera aurkeztu beharko dira (http: //www.lanbide.euskadi.eus helbidean eskura daiteke), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegu-bulegoetan. Horretaz gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan xedatutako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
6.– Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
– Ekintzailetza-proiektua, non hauek jasoko baitira: aholkularitza- eta laguntza-prozesuan sustatzaileekin garatuko diren jarduerak; arreta emango zaien pertsonen kopurua; desberdindu egingo dira aholkularitza- eta tutoretza-jarduerak, enpresa-ideia bat garatzeko badira edota enpresa-proiektu berri bat abian jartzeko badira; halaber, jarduera bakoitzeko, zehaztu egingo dira arreta emango zaien 30 urtetik beherako pertsona-kopurua eta 30 urteko edo hortik gorako pertsona-kopurua, datuak sexuaren arabera bereizita. Nolanahi ere, proiektuan aurreikusi behar da emakume ekintzaileen % 40ri arreta ematea.
– Erakunde eskatzailearen ziurtagiria, laguntza-zereginak gauzatzeko gaitasun tekniko eta materialari buruzkoa, esperientzia egiaztatuko duena eta jarduera aurrera eramango duten pertsonak zehazten dituena.
– Proiektuan parte hartuko duten sustatzaileak hautatzeko prozesuaren deskribapena; publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak errespetatu beharko ditu prozesuak, genero-aldagaia barne, hautatutako pertsonen % 40 gutxienez emakumeak izan daitezen ahalegintzeko.
– Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren ziurtagiriak, zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean dagoela egiaztatzen dutenak. Dokumentazio hori ez da aurkeztu behar izango baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari hori egiaztatzeko baimena ematen bazaio, eskaera-inprimakian dagokion laukitxoa markatuta.
7.– Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.
8.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak bere gain hartuko du eskabideak kudeatu eta izapidetzeko ardura, eta Lanbideko zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.
9.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, aztertu egingo dira, eta erakunde laguntzaile gisa jarduteko baimena emango zaie deialdian aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenei –horietako bakoitzak artatu beharreko pertsona-kopurua eta -mota zehaztuz– eta dagokien diru-laguntza emango zaie.
Erakunde laguntzaileek artatuko dituzten pertsonen kopurua eskabidean proposatutakoaren arabera zehaztuko da, betiere deialdi honen II. eta III. kapituluetan sustatzaileei emateko laguntzak estaltzeko aurreikusitako baliabide ekonomikoak ahalbidetzen duten mugaraino, 2. artikuluan araututako baldintzetan. Baldin eta baliabide ekonomiko horiek ez badira aski erakunde laguntzaileek artatu nahi dituzten pertsona guztientzako laguntzak estaltzeko, murriztu egingo da erakunde laguntzaile bakoitzak artatu beharreko pertsona-kopurua, eskatutakoaren araberako proportzioan.
10.– Deialdi honen barruan sustatzaileei aholkularitza emateko erakunde laguntzaile gisa jarduteko baimena, bai eta bertan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko eta ordaintzekoa ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emango da; dagokion lankidetza-hitzarmena sinatu beharko da haren baldintzak zehazteko, betiere II. eranskinean jasotako ereduaren arabera.
Ebazpenean zehaztuko da zenbat pertsona artatuko diren, sexuaren arabera, diru-laguntza lerro eta kolektibo bakoitzeko, bai eta pertsona horiek hautatu eta horiei laguntza edota tutoretza emateagatik erakunde laguntzaileari eman beharreko diru-laguntza ere.
Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori amaitu eta esanbidezko ebazpenik ematen ez bada, diru-laguntza jasotzeko eskabidea ezetsitzat joko da.
Lanbideren web-orrian (http://www.lanbide.euskadi.eus) jakinaraziko dira deialdi hau egikaritzeko laguntzaile gisa jarduteko baimena duten erakundeak, bai eta erakunde bakoitzak zenbat pertsona hartuko dituen ere.
11.– Ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
12.– 30 egun balioduneko epea izango dute erakunde laguntzaileek, ebazpena jakinarazten den unetik zenbatzen hasita, ekintzaileei laguntza edota tutoretza ematen hasteko.
13.– Erakunde laguntzaileei honela ordainduko zaie diru-laguntza:
a) Enpresa-ideia bat garatzen laguntzeko jarduerei dagokienez, ordainketa bakarra egingo da, 300 euro pertsona bakoitzeko, laguntzeko prozesua hasten denean, 2016ko ordainketa-kredituaren kargura.
b) Enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzei dagokienez, bi alditan ordainduko dira:
– Pertsona bakoitzeko 292 euroko lehenengo ordainketa bat, 2016ko ordainketa-kredituaren kargura, laguntzeko prozesua hasten denean.
– Pertsona bakoitzeko 708 euroko bigarren ordainketa bat, 2017ko konpromiso-kredituaren kargura, prozesua osatzen duen eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta hartzen duen pertsona sustatzaile bakoitzeko. Erakunde laguntzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan deialdi honen 13. artikuluaren azken paragrafoak aipatzen duen dokumentazioa aurkezten duenean egingo da bigarren ordainketa hori.
II. KAPITULUA
ENPRESA-IDEIA BAT GARATZEKO LAGUNTZAK, EKINTZAILETZAKO TOKIKO PROIEKTUEN ESPARRUAN
4. artikulua.– Diruz lagun daitekeen jarduera.
1.– Kapitulu honen babespean diru-laguntza jaso ahal izango da negozio-ideia bat aztertu eta garatzeko, edozein jarduera-adarretan eta arduraldi esklusiboko erregimenean, 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten sustatzaileen aldetik, betiere deialdi honen 3. artikuluan aipatutako erakunderen baten laguntzako eta/edo tutoretzako tokiko proiektuetan parte hartzen badute.
2.– Kapitulu honen babespean garatutako jarduerek hiru hilabeteko iraupena izango dute gutxienez.
5. artikulua.– Onuradunak.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira eskabidea aurkezteko unean betekizun hauek betetzen dituzten ekintzaileak:
a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.
b) Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
c) Lehendik alta emanda ez egotea ez Ekonomia Jardueren gaineko Zergan ez eta Langile Autonomoen Araubide Berezian ere.
d) Edozein jarduera-adarretako enpresa- edo negozio-proiektu bat garatzeko ideia bat izatea.
e) Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakundeetako bateko aholkularitza eta laguntza jasotzeko prozesuan sartuta egotea.
f) 2013ko, 2014ko eta 2015eko ekitaldietan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako eta ekintzaileei laguntzeko deialdietan jasota dauden laguntzen onuradun ez izatea. Deialdi horiek Lanbideren zuzendari nagusiaren Ebazpen hauen bidez argitaratu ziren, hurrenez hurren: 2013ko urriaren 17koa (2013-10-18ko EHAA), 2014ko uztailaren 30ekoa (2014-08-25eko EHAA) eta 2015eko uztailaren 23koa (2015-08-27ko EHAA).
2.– Laguntza horien onuradunak izateko, hauxe egiteko konpromisoa hartu behar dute sustatzaileek:
a) Euren enpresa-ideia aztertzeko eta garatzeko zereginetan arduraldi esklusiboan jardutea.
b) Enpresa-ideia bat sortze eta garatze aldera deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek aholkularitza emateko eta laguntzeko finkatutako jarduera guztietara bertaratzea.
c) Helburu bererako beste laguntzarik ez jasotzea.
6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Sustatzaileei euren enpresa-ideia garatzeko eman beharreko laguntzaren zenbatekoa 1.000 eurokoa izango da pertsona sustatzaile bakoitzeko.
Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, laguntza-prozesua hasteko unean. Horrez gain, beste % 15eko igoera izango du baldin eta sustatzailea emakumezkoa bada.
7. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.
1.– Kapitulu honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak III. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian eskuragarri), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako erakundeen bitartez, betiere horrelakoek ekintzailearen laguntza eta/edo tutoretzako zereginak egiten badituzte. Erakunde horiek egiaztatu egingo dute eskatzaileek bete egiten dituztela diru-laguntzak emateko beharrezkoak diren baldintzak eta betekizunak.
2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) NANaren fotokopia edo nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.
b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.
c) Erakunde laguntzailearen ziurtagiria, eskatzaileak laguntza eta/edo tutoretzako programan parte hartzen duela egiaztatzen duena; laguntza eta/edo tutoretzako planean aurreikusitako jarduerak jasoko dira bertan.
d) Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren ziurtagiriak, zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean dagoela egiaztatzen dutenak. Dokumentazio hori ez da aurkeztu behar izango baldin eta interesdunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari hori egiaztatzeko baimena ematen badio, eskaera-inprimakian dagokion laukitxoa markatuta.
3.– Kapitulu honetan araututako laguntzen eskabideak aurkezteko 7 egun balioduneko epea egongo da, laguntzeko prozesua hasi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.
8. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.
Kapitulu honetan aurrez ikusitako laguntza ordainketa bakarrean ordainduko zaie onuradunei, laguntza eman eta gero, 3. artikuluan aurrez ikusitako erakunde laguntzaileen aldetik.
III. KAPITULUA
EKINTZAILETZAKO TOKI-PROIEKTUEN ESPARRUAN, ENPRESA-JARDUERA BERRIAK ABIAN JARTZEA SUSTATZEKO LAGUNTZAK
9. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Kapitulu honen babespean, diruz lagundu ahal izango da 10. artikuluan aurrez ikusitako betekizunak betetzen dituzten sustatzaileek enpresa- edo negozio-proiektu bat abian jartzeko beharrezkoak diren jarduerak garatzea, arduraldi esklusiboko erregimenean; jarduera horiek deialdi honen 3. artikuluan aipatutako erakunde laguntzaileetako baten laguntza eta tutoretza izan beharko dituzte.
2.– Kapitulu honen babespean garatzen diren jarduerek hiru hilabeteko iraupena izango dute.
10. artikulua.– Onuradunak.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira laguntza-prozesua hasteko unean eta eskabidea aurkeztekoan betekizun hauek betetzen dituzten ekintzaileak.
a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.
b) Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
c) Enpresa edo negozio berri bat ezartzeko bideragarritasun-plan bat izatea, dagokion erakunde laguntzaileak laguntza-fasean baliozkotua.
d) Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakundeetako baten aholkularitza eta laguntza jasotzeko prozesuan sartuta egotea.
e) Enpresa-jarduerak EAEn izan beharko du egoitza soziala eta fiskala, baita lantokia ere.
f) 2013ko, 2014ko eta 2015eko ekitaldietan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako eta ekintzaileei laguntzeko deialdietan jasota dauden laguntzen onuradun ez izatea jarduera berri bat abian jartzeko. Deialdi horiek Lanbideren zuzendari nagusiaren Ebazpen hauen bidez argitaratu ziren, hurrenez hurren: 2013ko urriaren 17koa (2013-10-18ko EHAA), 2014ko uztailaren 30ekoa (2014-08-25eko EHAA) eta 2015eko uztailaren 23koa (2015-08-27ko EHAA).
2.– Laguntza horien onuradun izateko, sustatzaileek konpromiso hauek hartu beharko dituzte:
a) Enpresa edo negozioa abian jartzen soilik aritzea.
b) Deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek enpresa edo negozioa ezartzeko zehaztutako aholkularitzako eta laguntzako jarduera guztietara joatea.
c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematea, gehienez 3 hilabeteko epean, negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza eta laguntzako prozesua amaitzen denetik zenbatzen hasita.
Epe horretan ekintzaileek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematen ez badute, diru-laguntzaren bigarren ordainketa jasotzeko eskubidea galduko dute.
d) Helburu bererako beste laguntzarik ez jasotzea.
11. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Sustatzaileei 1.500 euroko diru-laguntza emango zaie enpresa-proiektu berriak abian jartzeko.
Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, laguntza-prozesua hasteko unean. Horrez gain, beste % 15eko igoera izango du baldin eta sustatzailea emakumezkoa bada.
12. artikulua.– Eskaerak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.
1.– Kapitulu honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak III. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako erakundeen bitartez, betiere horiek ekintzailearen laguntza eta/edo tutoretzako zereginak egiten badituzte. Erakunde horiek egiaztatu egingo dute eskatzaileek bete egiten dituztela diru-laguntzak emateko beharrezkoak diren baldintzak eta betekizunak.
2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) NANaren fotokopia edo nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.
b) EAEn erroldatuta dagoela ziurtatzen duen agiria, edo errolda-datua elektronikoki egiaztatzeko baimena.
c) Erakunde laguntzailearen ziurtagiria, eskatzaileak laguntza- eta/edo tutoretza-programan parte hartzen duela egiaztatzen duena. Ziurtagiri horretan jasoko dira laguntza- eta/edo tutoretza-planean aurrez ikusitako jarduerak.
d) Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren ziurtagiriak, zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean dagoela egiaztatzen dutenak. Dokumentazio hori ez da aurkeztu behar izango baldin eta interesdunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari hori egiaztatzeko baimena ematen badio, eskaera-inprimakian dagokion laukitxoa markatuta.
3.– Kapitulu honetan araututako laguntzen eskabideak aurkezteko 7 egun balioduneko epea egongo da, laguntzeko prozesua hasi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.
13. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.
Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakunde laguntzaileek honela ordainduko dizkiete diru-laguntzak onuradunei:
– Lehenengo ordainketa: emandako diru-laguntzaren % 43,9, 2016ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kargura, diru-laguntza eman ostean eta bideragarritasun-plana eratu eta enpresa-proiektua ezartzeko aholkularitza-prozesua hasi eta gero.
– Bigarren ordainketa: gainerako % 56,1a, 2017ko konpromiso-kredituaren kargura, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan (EJZ) alta eman eta gero; ordainketa hori egiteko, lehenengo, erakunde laguntzaileari aurkeztu beharko dio, gehienez ere hiru hilabeteko epean laguntza-prozesua amaitu zenetik, EJZn alta eman izanaren kopia, eginiko jarduerak zehaztuko dituen azken memoriarekin batera.
IV. KAPITULUA
ENPRESA-JARDUERA BAT HASI ONDOREN, PROIEKTUA SENDOTZEKO LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZAK
14. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Deialdi honen babespean diru-laguntza jaso ahal izango da enpresa sortu berri baten proiektua sendotzeko beharrezko diren sustapen-, funtzionamendu- eta kudeaketa-gastuak ordaintzeko:
– Langile Autonomoen Araubide Berezian norbere konturako langile gisa eginiko kotizazioaren ordainketari dagozkion kuotak, edo, hala badagokio, Gizarte Segurantzakoak edo nahitaezko mutualitate profesionalari dagozkionak.
– Proiektuari lotutako komunikazio-gastuak: publizitate- eta merchandising-kanpainak, saltoki eta ibilgailuen errotuluak, errotuluen argiztapena eta diseinua, inprimaketa eta publizitatea eskuz banatzea.
– Web orrien eta sare sozialen diseinua, publizitate bannerrak beste enpresa baten web orrian, web orrialdeen mantentze-lanak, web orrian pluginak sartzearekin loturiko gastuak eta Facebook sustatzeko zerbitzuen kostua.
– Aholkularitza (zerga-, lan-, kontabilitate- edo administrazio-arloan, liburu-edukitzailetzarekin eta eguneroko zerga- eta kontabilitate-arloko betebeharrekin loturikoak, lan arriskuekin loturikoak, erakusleihoak aldatzeko eta hobetzekoak...) eta coaching-gastuak.
– Ekintzaileak eginiko prestakuntza-ikastaroak, zuzenean enpresa abian eta funtzionamenduan jartzearekin lotura dutenak.
2.– Aurreko paragrafoan adierazitako gastuei dagokienez, diruz lagunduko dira 6 hilabeteko epean egindako gastuak, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. 6 hilabete horiek hartuko dira diruz lagundutako alditzat.
3.– Aholkularitza emateaz eta laguntzeaz ardura daiteke legez eratutako edozein erakunde edo enpresa, haren jardueran sartzen badira diruz lagunduko diren jarduerak.
15. artikulua.– Onuradunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun honako hauek izango dira:
a) Enpresaburuak eta banako profesionalak.
b) Ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak, betiere diru-laguntza norbere izenean eskatzen bada.
Betiere, eskabidea aurkezten duten unetik, honako baldintzak betetzen badituzte:
a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.
b) Alta emanda egotea EJZn (enpresaburua, norbanako profesionala edo ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila, hala badagokio) eta langile autonomoen araubide berezian edo, norberaren konturako langile gisa, kasu bakoitzean Gizarte Segurantzan dagokionean, edo nahitaezko mutualitate profesionalean, 2015eko abuztuaren 28tik deialdi hau EHAAn argitaratzen den datara arteko aldian.
c) Enpresa-jarduerak EAEn izan beharko du egoitza soziala eta fiskala, eta lantokiak ere bertan egon beharko du.
d) 2014ko eta 2015eko ekitaldietako deialdietan laguntza-lerro honen onuradun ez izatea. Deialdi horiek honako ebazpen hauen bidez argitaratu ziren, hurrenez hurren: 2014ko uztailaren 30eko Ebazpena (2014-08-25eko EHAA) eta 2015eko uztailaren 23ko Ebazpena (2015-08-27ko EHAA), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiarenak.
2.– a), b) eta c) idatzi-zatietan jasotako baldintzei eutsi egin beharko zaie, gutxienez, diruz laguntzeko epea amaitu arte.
16. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa:
1.– Kapitulu honetan araututako laguntzaren zenbatekoa 2.500 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko.
Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, eskaera aurkezteko unean. Horrez gain, beste % 15eko igoera izango du baldin eta sustatzailea emakumezkoa bada.
2.– Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituzten kideen kasuan, diru-laguntza ez da inola ere 6.000 eurotik gorakoa izango kide guztientzat. Muga hori aplikatu behar bada, kalkulu hau egingo da bazkide bakoitzak jaso beharreko diru-laguntzan: 6.000 euro zati eskatzaile-kopurua (deialdi honetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte).
17. artikulua.– Eskaerak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.
1.– Kapitulu honetan aurrez ikusitako laguntzak lortzeko eskaerak IV. eranskinean jasotako eredu ofizialaren bidez aurkeztu beharko dituzte ekintzaileek. Eredu hori honako toki hauetan eskuratu ahal izango da: http://www.lanbide.lanbide.eus web-orrian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegu-bulegoetan. Horretaz gain, administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurrez ikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) NANaren fotokopia edo nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.
b) EAEn erroldatuta dagoela ziurtatzen duen agiria, edo errolda-datua elektronikoki egiaztatzeko baimena.
c) EJZn alta eman izanaren egiaztagiria.
d) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Erregimen Berezian alta eman izanaren egiaztagiria, norberaren kontura lan egiten dutenei dagokien araubide berezian, edo kasuan kasuko mutualitate profesionalean.
e) Hala badagokio, ondasun-erkidegoa edo baltzu zibila eratzearen egiaztagiria.
f) Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren ziurtagiriak, zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean dagoela egiaztatzen dutenak. Dokumentazio hori ez da aurkeztu behar izango baldin eta interesdunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari hori egiaztatzeko baimena ematen badio, eskaera-inprimakian dagokion laukitxoa markatuta.
3.– Eskatzaileak ondasun-erkidego edo sozietate zibil batean sartuta badaude, horietako bazkide bakoitzak, bere izenean, eskabide bat egin beharko du, eta, nolanahi ere, guztiek batera aurkeztu beharko dituzte eskabideak.
4.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
18. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.
1.– Diru-laguntzak honela ordainduko zaizkie onuradunei:
– Lehenengo ordainketa: diru-laguntzaren % 44,8 diru-laguntza ematea onartu ostean, 2016ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kargura.
– Bigarren ordainketa: 2017ko konpromiso-kredituaren kargura, benetan egindako eta egiaztatutako gastuengatik, eta gehienez ere gainerako % 55,2a. Aldez aurretik, egindako gastua justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko dira: sortu berri den enpresa sustatzeko, abian jartzeko eta kudeatzeko gastuei buruzko fakturak (14. artikuluan aurrez ikusitako gastuak). Fakturekin batera, ordainketa egin izana eta zein egunetan egin den justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko dira.
2.– Ondasun-erkidego edo sozietate zibil baten faktura aurkezten bada, entitate hori osatzen duen kide bakoitzari egotziko zaio, betiere bakoitzak duen partaidetza-portzentajearen arabera.
3.– Justifikatutako zenbatekoa emandako diru-laguntza baino txikiagoa bada, diru-laguntza doituko da, eta, hala badagokio, aldea itzuli beharko da.
4.– Egindako gastua justifikatzeko agiriak aldi bakarrean aurkeztuko dira, diruz lagundutako aldiaren hurrengo hilabetea amaitu baino lehen.
V. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZEN XEDAPEN KOMUNAK
19. artikulua.– Diru-laguntzen pertsona eta erakunde onuradunak.
1.– Ezin izango dira deialdi honetan aurrez ikusitako laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aipatzen diren egoeretan dauden pertsonak edo erakundeak, ezta sexu-diskriminazioa egiteagatik diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zehatuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.
2.– Bestalde, onuradunei ez zaie esleitutako laguntzarik ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzengatik zigor-prozedura batean edo diru-laguntzak itzultzeko prozedura batean sartuta badaude, eta prozedura horiek oraindik ere izapidetzen ari badira.
20. artikulua.– Prozedura izapidetzea eta ebaztea.
1.– Prozedura ebazteko organo eskuduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia da, eta eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak dauka, alde batera utzi gabe II. eta III. kapituluetan araututako laguntzak izapidetzeko erakunde laguntzaileei esleitzen zaizkien zereginak, zeinak aipatutako Zuzendaritzarekin lankidetzan egingo baitituzte.
2.– IV. kapituluan aurreikusitako laguntzen eskaerak aurkeztutako ordenaren arabera ebatziko dira, aurrekontu-zuzkidura agortu arte. Aurrekontu-zuzkidura agortuz gero, ebazteko dauden eskabideei ezezkoa emango zaie, eta hori guztia Lanbideren webgunean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jakinaraziko da, Lanbideren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.
3.– Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, eta epe hori amaitutakoan diru-laguntzaren eskabidea onartutzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpena ematen ez bada.
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean diru-laguntza zer onuradunek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer onuraduni emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.
21. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
1.– II. kapituluan aurrez ikusitako laguntzen onuradunek memoria bat aurkeztu beharko dute erakunde laguntzailearen aurrean, laguntza eta/edo tutoretza amaitu eta hurrengo hilabetean. Memoria horretan, hauek zehaztu beharko dira: laguntza jasotzeko aldian enpresa-proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko esparruan egin diren lanak eta proiektuaren bideragarritasunari buruzko txostena. Laguntzeaz eta/edo tutoretzaz arduratutako erakundeak sinatu beharko ditu dokumentu horiek.
2.– III. kapituluan aurreikusitako laguntzen onuradunek Ekonomia Jardueren gaineko Zergan emandako altaren kopia eta amaierako memoria bat –egindako jardueren zehetasunak adieraziz– aurkeztu beharko dizkiote erakunde laguntzaileari, hiru hilabeteko epean, laguntzeko prozesua amaitu den egunetik zenbatzen hasita. Erakunde laguntzaileak baliozkotzat jo beharko du memoria hori, eta memoriaren edukiak lan-plangintzaren eta lortutako emaitzen jarraipena egiteko aukera eman beharko du.
Ekintzaileak ez badu alta ematen Ekonomia Jardueren gaineko Zergan 10.2.c) artikuluan ezarritako epean –3 hilabete, negozioa abian jartzeko tutoretza eta laguntza prozesua amaitu den egunetik zenbatzen hasita–, onetsitako diru-laguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko du, horretarako dagokion espedientea izapidetu ostean.
3.– Deialdi honen IV. kapituluan jasotako laguntzei dagokienez, 18. artikuluan ezartzen den moduan eta epean justifikatuko dira.
4.– Diru-laguntza aurreikusitako epeen barruan justifikatu ezean, jasotako diru-laguntza guztia itzuli beharko dute onuradunek; horrenbestez, artikulu honetan aurreikusitako epeak amaitzen badira justifikazioa gauzatu gabe, dagokion prozedurari ekingo zaio jasotako zenbatekoak itzuli beharra adierazteko eta ordaintzeke daudenak eskuratzeko eskubidea galdutzat jotzeko.
22. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunen betebeharrak.
Pertsona eta erakunde onuradunaren betebehar izango dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 artikuluan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:
– Frogatzea diru-laguntza emateko edo jasotzeko bete beharreko betekizunak eta baldintzak betetzen dituela, baita jarduera egin izana ere.
– Honako hauen egiaztatze- eta kontrol-jarduketei baiezkoa ematea: erakunde laguntzaileak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
– Helburu berberarekin beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
– Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.
– Diruz lagundutako jardueren helburuari edo izaerari funtsean eragiten dion zerbait bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.jakinaraztea
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
Enpresaren dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.
23. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako diru-laguntza aldatzea, deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.
24. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honen 3.4 artikuluan eta II. eta III. kapituluetan aurreikusitako diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango beste edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk emandako edozein motatako diru-laguntza edo laguntzarekin, baldin eta helburu edo xede berarekin ematen badituzte.
IV. kapituluan aurrez ikusitako laguntzak ez dira bateragarriak beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako bestelako diru-laguntza, laguntza edo sarrerekin, baldin eta laguntza horien xedea autoenplegua sustatzea bada, langabezia-prestazioaren kapitalizazioa izan ezik. Kasu horretan, Gizarte Segurantzako kotizazio-ordainagiriak ezin izango dira diruz lagundutako gastu gisa aurkeztu, baldin eta Lanbidek edo beste administrazio publiko batzuek diruz lagundu badituzte.
25. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako diru-laguntzak itzultzea.
1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badaude deialdi honetan aurreikusitako laguntza jaso duten pertsonak edo erakundeak, edo deialdi honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badute, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du; ebazpen horren bitartez, jasotako kopuruak osorik edo zati batean itzuli behar dituztela adieraziko du, eta kopuru horiei diru-laguntza ordaintzen den unetik aurrerako berandutze-interesak erantsi beharko zaizkie, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, hala xedatuta baitago abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, horrek arautzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra.
2.– II. eta III. kapituluetan aipatutako laguntza eta/edo tutoretzako prozesua aldez aurretik utziz gero, horren zergatia edozein dela ere, hauxe izango da emandako diru-laguntza itzultzeko araubidea:
a) Prozesua hasi eta hilabete igaro aurretik utziz gero, jasotako diru-laguntza osorik itzuli beharko du, eta egin gabe dauden ordainketak ezeztatuko dira, horrelakorik badago.
b) Lehenengo hilabetea igaro ondoren eta laguntza-lana amaitu baino lehen utziz gero prozesua, zenbateko hauek itzuli beharko ditu:
II. kapituluan araututako diru-laguntzaren kasuan, 500 euro itzuliko dira.
III. kapituluan araututako diru-laguntzaren kasuan, itzuli beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, jasotako zenbatekoari 500 euro kenduko zaizkio.
Halaber, ordaindu gabe dagoen diru-laguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko du.
Itzuli beharreko kopuruei aplikatu egingo zaie diru-laguntzaren ordainketaren unetik dagokien berandutze-interesa.
Nolanahi ere, proiektua bertan behera utzi aurretik gauzatutako jarduerei buruzko memoria aurkeztu beharko da. Bestela, diru-laguntza justifikatuta ez dagoela ulertuko da mantentzen den zenbatekoari dagokionez, eta 21.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da. Horren ondorioz, diru-laguntza osoa itzuli beharko da.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntza jaso duen pertsonari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, jakinaraziko dio egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.
4.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan halakorik aurkeztu ez badu edo ez badira onartu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilabetekoa izango da.
5.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritzi, eta diru-laguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
6.– Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
26. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan araututako laguntza-eskabideak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, «Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izenekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko Aginduaren bidez dago araututa.
Halaber, datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte interesdunek, legeak onartzen duen eran; horretarako, idazki bat bidali beharko dute hori jakinaraziz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009, Vitoria-Gasteiz).
27. artikulua.– Diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Diru-laguntzen programa honi honako arau hauetan bildutako diru-laguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Hori guztia honako hauetan xedatutakoa alde batera utzi gabe: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.
I. ERANSKINA
EKINTZAILEEI LAGUNTZEKO DEIALDIAN ERAKUNDE LAGUNTZAILE GISA PARTE HARTZEKO BAIMENAREN ETA DAGOKION DIRU-LAGUNTZAREN ESKABIDEA.
II. ERANSKINA
LANKIDETZA-HITZARMENAREN EREDUA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO TOKIERAKUNDEEKIN SINATU BEHARREKOA, EKINTZAILEEI BABESA EMATEKO 2016KO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA BURUTZEN LAGUNTZEKO
III. ERANSKINA - DIRU-LAGUNTZAREN ESKABIDEA EKINTZAILEEI LAGUNTZEKO LAGUNTZEN DEIALDIA, EKINTZAILETZAKO TOKI-PROIEKTUEN ESPARRUAN
IV. ERANSKINA - DIRU-LAGUNTZAREN ESKABIDEA ENPRESA-JARDUERA HASITA, PROIEKTUA SENDOTZEKO LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZEN DEIALDIA