EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-04-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2016071

EBAZPENA, 2016ko apirilaren 13koa, Industriako sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Global Lehian programaren diru-laguntzak emateko 2016ko deialdia. Programa horren helburua da banaka nahiz lankidetzan jarduten duten ETEen nazioartekotzeari laguntzea.

Xedapenaren data: 2016-04-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201601568
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2014/04/01ean argitaratutako 2014/03/19ko AGINDUA [201401522]

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko martxoaren 19ko Aginduaren bidez (2014ko apirilaren 1eko EHAA, 63. zk.), banaka nahiz lankidetzan jarduten duten ETEen nazioartekotzeari laguntzeko Global Lehian programa garatzen da. Aipatutako aginduaren 8. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, han iragarritako diru-laguntzak emateko 2016ko ekitaldirako deialdia egin behar da, eta horretarako eman beharreko arau guztiak eman.
Enpresen 2014-2016 Nazioartekotze Plana Eusko Jaurlaritzaren oinarrizko tresna da euskal enpresen nazioartekotzeari laguntzeko eta horretarako planifikazioa egiteko, egungo globalizazio-egoeraren barruan.
Planaren indarraldia 3 urtekoa da, eta haren lehentasunen artean daude enpresei laguntzeko beharrezkoak diren mekanismoak ezartzea eta finantza-bideak erraztea, baliabide publikoen erabilera eraginkorraren bitartez.
Halaber, 2014-2016 Nazioartekotze Planak esku-hartze lerro orokorrak ezarriko ditu, eta, era horretan, bete egingo da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 8.1 artikuluan xedatutakoa. Horretarako, laguntza-programetan zehaztu beharko da zer helburu eta efektu lortu nahi den programa horien bidez, zein izango den helburu horiek gauzatzeko epea eta zenbateko kostuak aurreikusten diren, aurrekontu-egonkortasuna oinarri hartuta, betiere.
Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Global Lehian programa garatzen duen aginduan ezarritako laguntzetarako 2016ko deialdia egitea. Programa horrek helburu du banaka nahiz lankidetzan jarduten duten ETEen nazioartekotzeari laguntzea.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Xede horretarako, guztira, 5.520.000 euro bideratuko dira. Zenbateko hori bi multzotan banatuko da: 1.380.000 euro, ordainketa-kredituetarako, eta 4.140.000 euro, konpromiso-kredituetarako, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko Aurrekontu Orokorretan gai horretarako ezarritako aurrekontu-kredituari jarraituz. Eskualde Garapeneko Europar Funtsak (EGEF) laguntzen du finantzatzen banaka nahiz lankidetzan jarduten duten ETEen nazioartekotzeari laguntzeko Global Lehian Programa, betiere aurrekontuan adierazitako muga hori gainditu gabe.
Etapa bakoitzera, zenbateko hauek bideratuko dira:
– Hasierako etapa: 828.000,00 euro.
– Sendotze-etapa: 3.864.000,00 euro.
– Ezartze-etapa: 828.000,00 euro.
2.– Hiru etapa horietakoren batean aurrekontu-kreditua agortzen ez bada, soberakina beste etapetara aldatu ahal izango da, hurrenkera honi jarraituz:
1. Hasierako etapa.
2. Sendotze-etapa.
3. Ezartze-etapa.
3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta modua.
Eskabidea eta harekin batera aurkeztu beharreko beste edozein agiri era telematikoan bete beharko da, eta honako helbide elektroniko hauetan horretarako ezarritako atalean aurkeztuko da:
http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/es/
http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/eu/
Espedientera sartzeko eta gainerako izapideak egiteko, helbide hau ere erabili ahal izango da:
http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak/
Eskabide-eredua ebazpen honen 1. eranskinean dago argitaratua.
4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, 09:00etan; amaitu, berriz, 2016ko maiatzaren 18ko 12:00etan amaituko da.
Hasierako etapan, eta nazioartekotze-plana prestatzeko laguntzak eskatu nahi izanez gero, 2016ko uztailaren 4ko 12:00etan bukatuko da plan hori aurkezteko epea.
5. artikulua.– Baldintzak.
Global Lehian Programa garatzen duen Aginduan ezarritako laguntzak jasotzeko, eta agindu horren 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, proiektu bakoitzak gutxieneko puntuazio hau lortu beharko du etapa bakoitzean:
– Hasierako etapa: 35 puntu.
– Sendotze-etapa: 50 puntu.
– Ezartze-etapa: 40 puntu.
6. artikulua.– Balorazio-irizpideen haztapen orokorra.
Global Lehian programa garatzen duen Aginduaren 12. artikuluan aipatzen diren balorazio-irizpideak haztatzeko, ebazpen honetako 2.a eranskinean (banakako enpresak), 2.b eranskinean (lankidetzan aritzen diren enpresak) eta 3. eranskinean zehaztutakoa aplikatuko da.
7. artikulua.– Bidaia-poltsak, eta bezero eta/edo atzerriko hornitzaile izan daitezkeenei gonbidapena egitea.
1.– Bidaia-poltsak:
Global Lehian Programa garatzen duen Aginduan aipatzen diren bidaia-poltsak ebazpen honetako 4. eranskinean daude zehaztuta. Gehienez, bidaia-poltsa kopuru hau onartuko da:
– Hasierako etapa: 7 bidaia-poltsa, aurkeztutako eskabide bakoitzeko.
– Sendotze-etapa: 5 bidaia-poltsa herrialdeko, eta, gehienez, 3 herrialde aurkeztutako eskabide bakoitzeko.
– Ezartze-etapa: 7 bidaia-poltsa, enpresa nagusiaren eta ezarritako enpresaren artean aurkeztutako eskabide bakoitzeko; deialdi honetan, enpresa nagusia edo ezarritako enpresa kokatuta dauden herrialdeak baino ez dira onartuko jatorri-herrialdetzat edo xede-herrialdetzat.
Atzerriko azoketan erakustokiak jarri eta produktuak aurkeztuz gero, bidaia-poltsak ez dira zenbatuko, atal honetan ezarritako gehieneko poltsa-kopuruaren ondorioetarako.
2.– Bezero eta/edo atzerriko hornitzaile izan daitezkeenei gonbidapena egitea.
Sendotze-etapan, gehienez 9 gonbidapen egin ahal izango dira eskabide bakoitzeko, betiere hilabete desberdinetan egiten badira.
Gonbidapen bakoitzeko, ostatu- eta garraio-gastuen muga 600,00 eurokoa izango da, aginduaren 4. artikuluan zehazten denari jarraituz.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Eskabideak aztertzeko, Ebaluazio Organo bat eratuko da, Agustín Arostegi presidente izango duena. Presidentearen ordezko, Iñaki Ezkurrak jardungo du.
Bokalak honako hauek izango dira:
Isabel Rodríguez. Ordezkoa: José David Garcia.
Gonzalo Martínez. Ordezkoa: Amaia Aramburu.
Jesús María Cantón. Ordezkoa: Nekane Torre.
Ebaluazio Organoko idazkaria Gonzalo Martínez izango da.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 13.
Industriako sailburuordea,
JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.
LAGUNTZA-PROGRAMA
GLOBAL LEHIAN 2016
2-a ERANSKINA
AURKEZTUTAKO PROIEKTUA BALORATZEKO IRIZPIDEAK ETA HAZTATZEKO FAKTOREAK –BANAKAKO ENPRESAK
2-b ERANSKINA
AURKEZTUTAKO PROIEKTUA BALORATZEKO IRIZPIDEAK ETA HAZTATZEKO FAKTOREAK – LANKIDETZAN ARITZEN DIREN ENPRESAK
3. ERANSKINA
NAZIOARTEKOTZE-PLANA BALORATZEKO IRIZPIDEAK ETA HAZTATZEKO FAKTOREAK
IV. ERANSKINA
BIDAIA-POLTSAK