EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-04-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2016067

AGINDUA, 2016ko apirilaren 6koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, turismo-enpresen modernizazioari eta lehiakortasunaren hobekuntzari laguntzeko 2016ko ekitaldirako programa arautzen duena.

Xedapenaren data: 2016-04-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201601504
Maila: Agindua
Euskal turismoaren lehiakortasuna eta Euskadin ekonomia eta enplegua dinamizatzeko egiten duen ekarpena gauzatzeko ezinbestekoa da enpresa-sarea indartzea; eta horretarako enpresa-estrategia berri bat inplementatu nahi da, turismo-enpresa agente aktibo eta arduratsu gisa azpimarratzen duena, zeinaren emaitzak hainbat gaitan (bezeroarekiko orientazioa, kalitatea eta prestakuntza, balio-kateko posizioa edo bere produktuen, zerbitzuen edo negozio-ereduen berrikuntza) erabilitako estrategien emaitza izango diren; baina era berean administrazioaren estrategia berrien emaitza, enpresei laguntzeko hainbat esparrutan, besteak beste, kalitatea, errentagarritasuna, bezeroarekiko orientazioa, teknologia berrien ezarpena, irisgarritasuna edo ingurumen-kudeaketa, enpresen arteko eta enpresen eta turismo-sistemako gainerako agenteen arteko lankidetza bultzatzea, asmo handiagoko helburu estrategikoei aurre egin ahal izateko sinergiak aprobetxatuz eta eskura dauden baliabideak optimizatuz.
Aurrekoa kontuan izanik, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako Sailaren 2013-2016 Ekintza Planak bere helburuen artean ezartzen du «Turismo-industria indartzea eta kontsolidatzea» (11. zk.), eta horretarako hainbat ekintza biltzen ditu, turismo-sektore lehiakorra garatzen laguntzeko, kalitate-sistema bikainak aplikatzen dituzten, beharrezko prestakuntza duten eta berritzaileak diren eta sarean lan egiten duten enpresez osatutako sektorea, alegia; haien artean, programa honen bidez diruz lagundutako jarduerak daude: turismo kalitatea kudeatzeko programen garapena eta hedapena, irisgarritasuna eta eramangarritasuna (11.1 helburua), baita turismo sektorea modernizatzeko eta berritzeko sustapena (11.3 helburua).
Era berean, eta aurreko guztiarekin bat etorriz, Euskal Turismoaren 2020rako Plan Estrategikoak, datozen urteetan Euskadin aplikatuko ditugun turismo-politikak adierazten eta xehatzen dituen esparrua biltzen duenak, «Berrikuntza» estrategian (E.1), Plan osoarekiko zeharkakoa dena, eta «Enpresa-garapena» estrategian (E.4) bildutako hainbat jardun-ildo ezartzen ditu, lehiakortasunaren ikuspegi osoa, eta bidaiariekiko orientazioa, lankidetza, berrikuntza eta inbertsio sistematikoa gauzatzera bideratuta egongo direnak.
Aurrekoa kontuan hartuz, Agindu honen helburuak honako hauek dira:
Helburu nagusia: egungo turismo-industriako enpresen lehiakortasuna hobetzea.
Helburu espezifikoak:
1.– Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) erabiltzen dituzten enpresen kopurua handitzea, enpresek bezeroekin duten interakzioa eta turismo-negozioen eraginkortasuna hobetzeko.
2.– Merkatuan negozio berritzaileen kopurua handitzea, baita zerbitzu eta produktu berriak eta/edo egun daudenen osagarriak direnak ezartzen eta garatzen dituzten enpresen kopurua ere.
3.– Turismo-eskaintza lehiakorrago batean modernizatze-inbertsioak egiten dituzten enpresen kopurua handitzea.
4.– Irisgarritasun-maila hobetzen duten establezimenduen kopurua handitzea.
5.– Kalitate-kudeaketako eta ingurumen-kudeaketako sistemak ezarrita dituzten enpresen kopurua handitzea.
Aurrekontu txikiagoa dagoenez gero, gero eta garrantzitsuagoa da baliabide publikoak lortu nahi diren helburuak lortzea hobeto bermatuta duten aurrekontuei eustera bideratzea. Horregatik programa berri honek lehiaketa-prozedura ezartzen du laguntzak nola emango diren ezartzeko. Horretarako, irizpide orokor batzuk eta jardun-tipologia bakoitzarentzako irizpide espezifiko batzuk ezartzen dira proiektuak egokiak izateko eta eskatzaileen ahaleginak bideratzeko.
Prozeduraren ikuspuntutik eta administrazio-izapideak errazteko, Agindu honetan erabaki da espedienteen izapidetze elektronikoa egingo dela. Euskal ETEei publikoki laguntzeko programen xede izan diren enpresa onuradunekin egindako kudeaketaren esperientzia kontuan izanik, ikusi da prozedura hori aurrerapen bat dela lortu nahi den enpresen eta erakundeen lehiakortasunaren hobekuntzaren ildotik, eta horrek ez dakar inolako diskriminazio edo kalterik.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onestea, eranskinetan jasotzen diren baldintzen arabera, 2016 ekitaldirako, turismo-enpresen modernizazioari eta lehiakortasunaren hobekuntzari laguntzeko programaren deialdia arautzen duten oinarriak.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honen aurka, Euskadiko Auzitegi Nagusian Administrazioarekiko Auzi Errekurtsoa ezarri ahal izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 6a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
I. ATALBURUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea turismo-enpresen hobekuntza bultzatzea da, honako hau lortzeko: bezeroei eta merkatura bideratutako kalitatezko turismo-eskaintza lehiakorrago baten garapena erraztea; Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) harrera eta ezarpena bultzatzea, enpresen eta bezeroen arteko interakzioa eta turismo-negozioen eraginkortasuna hobetzeko; turismoko enpresa, zerbitzu eta produktu berrien sorkuntza eta ezarpena bultzatzea, merkatuan berritzaileak izanik eta/edo hainbat enpresaren arteko lankidetzatik eta baterako ekimenetik sortu badira, hori guztia gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-iraunkortasunaren irizpideak kontuan izanik.
Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden enpresei honako jardun hauek egin ditzaten lagunduko zaie:
a) Ekimen berritzaileak turismoaren sektorean.
b) Turismo-eskaintzaren modernizazioa, lehiakorragoa izan dadin.
c) Turismo-establezimenduak indarreko irisgarritasun-araudira egokitzea.
d) Euskal Autonomia Erkidegoan dauden eta turismo-sektorean lan egiten duten enpresetan eta establezimenduetan kalitate-kudeaketako eta ingurumen-kudeaketako sistema egiaztagarriak ezartzea.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Aurreko artikuluan adierazitako helburura zuzendutako ekonomia-baliabideek 698,190,96 euro dira eta sorburu hau izango dute: Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako esleitutako aurrekontu-kredituak.
Diruz lagunduko diren jardueretarik bakoitzarentzat erabiliko diren zenbatekoak honako hauek dira:
a) Ekimen berritzaileak turismoaren sektorean: 242.000 euro.
b) Lehiakorrago egiteko, turismo-eskaintza modernizatzea: 398.190,96 euro.
c) Turismo-establezimenduak indarreko irisgarritasun-araudira egokitzea: 30.000 euro.
d) Turismo sektorean jardun eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturiko enpresa eta establezimenduetan, ingurumenaren kudeaketa eta kalitate-kudeaketa ziurtatu dezaketen sistemak ezartzea: 28.000 euro.
Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du diru-kopuru horien zenbatekoa edo hori eguneratzetik ateratzen dena gainditzerik izango, indarreko legerian aurreikusitako kredituak lotzeko edo aurrekontuak aldatzeko erregimenari jarraiki.
3. artikulua.– Definizioak.
Agindu honi begira, honako definizio hauek finkatu dira:
1.– Jatetxeak, tabernak, kafetegiak eta antzeko establezimenduak. Lokalean bertan kontsumitzeko janariak eta edariak ohiko izaeraz eta profesionalki eskaintzen dituzten establezimendu finkoak.
2.– Kongresuak antolatzen dituzten enpresa profesionalak. Kongresuak, azokak, konbentzioak eta antzeko ekitaldiak eta profesionalki kongresu bat egitea eskatzen duen beste edozein jarduerari buruzko aholkularitza, plangintza, antolaketa, zuzendaritza eta kontroleko zerbitzuak eskaintzen dituzten turismo-bitartekaritzako enpresak.
3.– Enpresa. Bere forma juridikoa edozein izanik ere, jarduera ekonomiko bat garatzen duen, hau da, merkatu jakin batean ondasunak jartzen dituen edo zerbitzuak eskaintzen dituen edozein erakunde.
Era berean, enpresa txiki eta ertainak izango dira 250 pertsona baino gutxiago biltzen dituztenak eta 50 milioi euro gainditzen ez duen urteko negozio-bolumena dutenak edo 43 milioi euro gainditzen ez duen urteko balantze orokorra dutenak, eta ETE gisa kalifikatuak izateko nahitaezko baldintzak betetzen dituztenak, 2003ko maiatzaren 6ko Batzordearen Gomendioari jarraiki. Arestian adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko 2003ko maiatzaren 6ko Batzordearen 2003/361/EE Gomendioan (EEAO, L 124, 2003ko maiatzaren 20koa) ezarritakoa hartuko da kontuan, edo hura ordezten edo aldatzen duten xedapenak.
4.– Turismo-garraioko enpresak. Pertsonak lekualdatzeko azpiegitura eta ekipo-ondasunak edukita, jarduera nagusi gisa Euskadi barruan interesekoak diren baliabide edota toki desberdinetan ibilbide gidatuak egitea duten enpresak.
5.– Basquetour; Turismoaren Euskal Agentzia, Agencia Vasca de Turismo, S.A. (aurrerantzean Basquetour). Ekonomiaren Garapen eta lehiakortasun Sailari atxikitako sozietate anonimo publikoa, zeinaren xede soziala, besteak beste, euskal turismo-sektorearen lehiakortasuna hobetzeko beharrezkoak diren ekintzak bultzatzea eta abian jartzea eta betearaztea izanik, ekintza horiek Merkataritza eta Turismoko Sailburuordetzak diseinatu eta planifikatuz. 2013. urteaz geroztik, era berean, Espainiako Turismo Kalitatearen Institutuaren ordezkaritza gisa dihardu Euskadin.
6.– Turismo Sektoreko Ekimen Berritzaileen Katalogoa. Basquetourrek egindako gida, Euskadiko turismo-sektorean berritzeko garaian lagungarriak izan daitezkeen hainbat proposamen eskaintzen dituena.
7.– Turismo kalitateko Aholkularien Katalogoa. Basquetourrek landutako katalogoa, Espainiako Turismoko Kalitatearen Q marka ezartzeko prozesuetan enpresei aholkua emateko eta laguntzeko esperientzia eta prestakuntza nahikoa dutela egiaztatzen duten pertsona-zerrenda bat biltzen duena (http:www.basquetour.com).
8.– Bidaia konbinatua. Hurrengo paragrafoan adierazitako elementuetatik gutxienez bi elementu konbinatuz aurretik lotzea da, prezio globala ezarrita salduz edo eskainiz, baldin eskainitako prestazio horrek 24 ordu baino iraupen luzeagoa badu edo gutxienez gaueko egonaldi bat hartzen badu.
Aurreko paragrafoan adierazten diren elementuak honako hauek dira:
– Garraioa,
– Alojamendua,
– Bestelako turismo-zerbitzu batzuk, garraioari edo alojamenduari lotu gabe doazenak, baina bidaia konbinatu horretan funtsezkoak direnak.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Agindu honetan bildutako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte pertsona fisikoek, sozietate zibilek eta enpresek (mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainek), betiere Euskal Autonomia Erkidegoan jardueran aritzeko eskatzen diren legezko baldintzak betetzen badituzte; jarduerek honako tipologia hauetako batean kokatuta egon beharko dute:
a) Turismo-alojamenduko enpresak.
b) Jatetxeak, tabernak, kafetegiak eta antzeko establezimenduak.
c) Bidaia-agentziak.
d) Turismo-garraioko enpresak.
e) Turismo aktiboko enpresak.
f) Kongresuak antolatzen dituzten enpresa profesionalak.
g) Turismo-giden enpresak.
2.– Era berean, Espainiako Turismoko Kalitatearen Q marka lortzeko eta/edo berritzeko 6.d. artikuluan aurreikusitako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte, aurreko tipologiez gain, upategiek, sagardotegiek eta txakolin-upategiek, baldin eta aurreko atalean bildutako betekizunak betetzen badituzte eta bisitagarriak baldin badira.
3.– Aurreko bi paragrafoetan aipatutako erakundeek jarduera egikaritzen egon beharko dute eskaria egiten duten unean, Euskal Autonomia Erkidegoan.
4.– Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dituzten entitateen proiektuak ez dira diruz lagunduko.
5.– Halaber, ezin izango dira agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde laguntzaile edo onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatzen diren egoeretakoren batean dauden pertsonak edo erakundeak.
5. artikulua.– Kanporatutako erakundeak.
1.– Agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradun izatetik kanporatuta geratzen dira aurreko artikuluan adierazi diren ETEaren eta jardueraren definizioarekin bat ez datozenak, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasunaren Araubidearen Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 7. artikuluan adierazitako erakundeak ere.
2.– Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden enpresa edo pertsona eskatzaileak ezin izango dira agindu honetan araututako laguntzetara bildu, eta ezta hartarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) azken xedapenen arteko seigarrenean xedatutakoari jarraiki.
3.– Agindu honek arautzen dituen laguntzak enpresa onuradunei eman eta, hala dagokionean, ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.
6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jardunak.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira eta, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, eskabideak aurkezteko datan jadanik egikaritu diren inbertsioak finantzatzera bideratuko dira, hain zuzen ere, mota honetako inbertsioak:
a) Ekimen berritzaileak turismoaren sektorean.
Honako ekimen hauei emango zaie laguntza:
a.1.–) (IKT) Informazio eta komunikazioko teknologietan oinarritutako soluzioak ezartzea, bai negozioaren kudeaketa eta eragingarritasuna hobetzeko, bai Web 2.0 teknologia erabiliz turismo-produktuak eta/edo -zerbitzuak sustatu, jakinarazi eta merkaturatzeko.
Azpiparagrafo honetan negozioa IKT aplikazio-esparru hauetan hobetzeko irtenbideak ezartzea diruz lagunduko da:
– Negozioaren eraginkortasuna eta kudeaketa hobetzea (adibidez hodeian biltegiratzea, kobrantza eta ordainketa segurua, online prestakuntza, negozioaren kudeaketa integrala, bezeroari zerbitzuen kudeaketa egitea, erreserben kudeaketa, eskaera digitalak eta abar).
– Negozioa interneten posizionatzea (adibidez webguneak eta atari interaktiboa, bezeroarekin batera jarduteko, horretarako sarean dauden komunikazio-kanalak erabiliz).
– 2.0 hedabideetan sustapena eta komunikazioa handitzea (hala nola negozioa dinamizatzea sare sozialetan; sareko publizitatea eta marketina, bereziki merkatu-segmentu espezifiko edo espezializatuetara bideratuta, hartarako kanal eta atari egokiak erabiliz).
– Produktuak eta/edo zerbitzuak zuzenean merkaturatzea eta saltzea erraztea (sareko merkaturatzea webetik bertatik; denda birtuala, nire online denda.).
Azpiparagrafo honentzat gutxienez 3.000 euroko inbertsioa onartuko da.
a.2.– Haririk gabeko konektibitatea hobetzea turismo ostatuetan.
a.2.1.– Azpi-atal honetan diru-laguntza emango dira turismo-ostatuetan hari gabeko sarearen hedapena edo hobekuntza, beren instalazioetarako egokituta, eta establezimenduko edozein lekutatik kalitateko zerbitzu doanik eskaintzea ahalbidetzen duten inbertsioek, baita mugikor libreen erabileraren handiagotzea lagunduko duten inbertsioek. Datozenak, hain zuzen ere:
a) Establezimenduko haririk gabeko konektibitatea zabaldu edo hobetzearekin lotutako inbertsioek eduki hauek izan ditzakete:
– Haririk gabeko sarea zabaltzeko eta kudeatzeko beharrezko hardware eta software azpiegitura-sarea, (sarrera puntuak, switchesak, komunikazio-armairuak, sare-puntuak, kableak, kanalizazioak, etab. kontuan hartuta).
– Haririk gabeko sarea zabaltzeko beharrezko sare elektrikoaren azpiegitura-sarea, (sare-puntu elektrikoak, kablea, kanalizazioa, kaxa elektrikoa, diferentzialak, magnetotermikoak, etab. kontuan hartuta). Haririk gabeko sarea zabaltzeko edo horretarako hertsiki beharrezkoa den sare elektrikoaren azpiegiturak bakarrik jaso ahal izango dute laguntza hau. Ahal den guztietan Power over Ethernet («PoE») bidezko elikadura erabiliko da sarrera-puntuetan eta sare elektrikoaren azpiegituraren erabilera gutxituko da. Ez dira diruz lagunduko lanen gastuak ezta establezimenduan egiten diren egokitzapenak teknikoak ez badira eta haririk gabeko sarea edo interneteko sarbidea zabaltzearen ondorioz eginikoak badira.
– Establezimenduan haririk gabeko konektibitatea zabaltzeko edo hobetzeko diren zerbitzu profesionalak azpikontratatzea. Zerbitzu hauen barne sartzen dira: sarearen estaldura eta neurria ezartzea, sarea zabaltzeko establezimenduan egiten diren egokitzapen teknikoak, parametrizazioa, konfigurazioa eta sarearen eta emandako zerbitzuen egiaztapena, sarearen administratzaileak gaitzeko zerbitzuak eta hirugarrenei azpikontratatu beharreko edozein jarduera, baldin eta haririk gabeko sarea zabaltzeko edo hobetzeko bada edo horrekin lotuta badago.
b) Interneteko sarbide-linea berria kontratatzea edo oraingo sarbidearen ahalmena hobetzea, hari gabeko sarea sustatzeko, Agindu honetan ezarritako epe lagungarriaren barruan hiru hilabeteko zerbitzua ematekoa, gehienez. Sarbide-linea finko edo mugikorra izan ahal izango da.
Establezimenduek eskaera egiten dutenean, Interneterako sarbideko linea bat izango dute, diru-laguntza eskatutakoaren hari gabeko sareari euskarria emateko, nahiz eta gastu horretarako diru-laguntzarik ez eskatu.
a.2.2.– Proiektuen baldintza teknikoak:
Diruz lagun daitezkeen proiektuek honako baldintza tekniko hauek bete beharko dituzte:
a) Estaldura: hedatutako hari gabeko sareak establezimenduko azaleraren % 90 inguru hartu behar du barruan, gelak eta eremu komunak (itxiak eta irekiak) barne. Hari gabeko sarearen instalazioaren hornitzaileak sinatutako txosten batek baieztatu beharko du establezimenduaren gutxi gorabeherako estaldura-ehunekoa lanak egin ostean.
b) Teknologia:
– Wifi teknologian oinarrituta egongo da hari gabeko sarea; 802.11g edo maila handiagoko estandarra beteko du, eta 2,4 GHz-ko bandan jardungo du gutxienez. Gutxienez -75 dBm-ko seinale/zarata erlazioa (SNR) eskatuko da.
– Sarbide-guneak: sarrera anitzeko antenak, gutxienez 2x2-ko irteera anitzekoa, eta komeni da 3x3-koa edukitzea erabiltzaile-dentsitate handiko eremuetan. Power over Ethernet («POE») duen ataka eduki behar du, eta banda-zabalera kudeatzeko kontrolatzaile adimenduna integratu behar du. Gehienez 50 m
– Sareko elektronikaren elementuak: Kommutadoreek (switches) POE ataka bat eduki behar dute, baita zuntzezko atakak konektatzeko aukera ere. Kommutadoreetatik sarbide-guneetara gehienez 90 metro egotea gomendatzen da, gutxieneko kalitatea duen zerbitzua eskaintzen duen hari gabeko sarea hedatu ahal izateko.
– Kableatu egituratua: datu-sareko kableak, panelen arteko lotura malguak eta sareko ekipoen lotura malguak Unshielded Twisted Pair (UTP) kobrezkoak izango dira, estandar aurreratuenak jasan behar dituzte (CAT 6 edo hortik gorakoa), eta amaieran RJ45 konexioak dituzten entxufe emeak eduki behar dituzte. Hedatutako sareak behar bezalako ziurtagiria edukitzea eskatuko da.
c) Sarearen kudeaketa: erabiltzaileak barneko banda zabalaren kudeaketa adimenduna egitea jaso behar du hedatutako irtenbideak gutxieneko zerbitzu-kalitatea bermatzeko; erabiltzaile bakoitzeko ahalmena mugatzeko aukera eman behar du, baita trafikoa murriztekoa ere, horri esker erabiltzaile bakoitzeko gutxieneko batzuk bermatzeko erabilgarri dagoen banda-zabaleraren gainean.
d) Segurtasuna: datuen konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatzen dituzten segurtasun-protokoloekin (WEP, WPA edo WPA2) konfiguratuta egon behar da hari gabeko sarea. Hari gabeko sarearen euskarrirako sare-ekipoetan segurtasun-mekanismo egokiak ere eman behar dituzte, eta horretarako sarbidean autentifikazioa bermatu.
e) Interneterako sarbide-linea: establezimenduak Interneterako sarbide-linea bat eduki behar du laguntzaren xede den hari gabeko sarearen euskarria emateko; sarearen erabiltzaile bakoitzeko etenik gabe nabigatzeko, posta elektronikoa begiratzeko eta sare sozialetatik argazkiak zein bideoak deskargatu eta bidaltzeko aukera ematen duen kalitateko zerbitzua bermatu behar du establezimenduko bezeroen erdientzat batera gutxi gorabehera, bertako gehieneko edukiera oinarri hartuta.
Azpiparagrafo honentzat gutxienez 3.000 euroko inbertsioa onartuko da.
a.3.– Turismo-negozio eredu berriak sortzea, eta jarduera indibidualak zein kolektiboak burutzea (azken kasu horretan gutxienez turismoko azpisektore ezberdinetako hiru enpresaren artean), hain justu ere turismo-produktu eta/edo -zerbitzu berriak sortzea dakartenak; guztiak ere, jadanik merkatuan direnekiko ezberdinak eta/edo osagarriak.
Negozio-eredu berriak agindu honen 4.1 artikuluan jasotako enpresen tipologian sartu beharko dira.
Gutxienez hiru enpresaren baterako ekimenez sortutako proiektuetarako laguntzen eskaerak banan-banan egin beharko ditu alderdi bakoitzak, eta horietako bakoitzak proiektuan parte hartzen duen zatia aurkeztu beharko du. Laguntzen agindu honetan erakunde onuraduntzat har dadin ezarritako baldintzak bete beharko ditu enpresa bakoitzak, banaka.
Azpiparagrafo honetan hauek lagunduko dira: instalazioak egokitzeko lanak, altzariak eta ekipamendua eskuratzea, irtenbide teknologikoak ezartzea, bai eta produktu, zerbitzu eta/edo negozio berriak garatzeko behar diren inbertsioak eta gastuak ere, agindu honen 8. artikuluan zehaztutakoak izan ezik. Kanpo gelditzen dira sortutako turismoko enpresen, produktuen eta/edo zerbitzuen sustapen eta merkaturatzeari datxezkion gastuak, betiere Web 2.0 teknologiaren bitartez egiten ez badira.
Paragrafo honetan gogorarazi behar dugu «bidaia konbinatu» bat –agindu honen 3. artikuluan zehaztuta– osatzen duten turismoko zerbitzuak eta/edo produktuak bidaia-agentzia baten bitartez merkaturatu behar direla eta turismo-produktu horren publizitatean merkaturatzen duen bidaia-agentziaren ENK jakinarazi behar dela, horrelaxe araututa baitago bidaia-agentziei buruzko maiatzaren 22ko 81/2012 Dekretuaren 1.2 eta 10 artikuluetan.
Azpiparagrafo honentzat gutxienez 4.000 euroko inbertsioa onartuko da.
a.4.– Interesa duten enpresek «Turismo Sektoreko Ekimen Berritzaileen Katalogo» bat dute eskuragarri web-orri honetan: www.euskadi.net/turismo
b) Lehiakorrago egiteko, turismo-eskaintza modernizatzea.
Paragrafo horretan inbertsio hauek diruz lagunduko dira:
b.1.– Turismo ostatuetan- sailkapena igotzeko egindako inbertsioak, gutxienez hauek 60.000 euroko inbertsioa badute onartuta.
b.2.– Taberna, jatetxe, kafetegi eta tankera horretako establezimenduetan, jantokiko zerbitzuak barne, bertan ostatu hartzen ez duten pertsonei irekitako turismo ostatuetan, ekintza hauek gauzatzeko eginiko inbertsioek.
– Establezimenduaren intsonorizazioa.
– Establezimenduaren intsonorizazioa.
– Erabiltzaileen erosotasuna: komunen lan integralak; klimatizazioa, eta terrazak egokitzea eta modernizatzea urte osoan turismorako erabiltzeko.
– Establezimendua garbitzea: ekipamendua eskuratzea.
– Gutxienez 5.000 euroko inbertsioa onartuko da azpiparagrafo honetarako.
– Lokalen eraberritze integralak edota handitzeak, horrelakoetan gutxienez 75.000 euroko inbertsioa onartuko da.
Azpiparagrafo honetan aurreikusitako laguntzak lortu nahi dituzten enpresek egiaztatu beharko dute establezimenduek laguntza-eskaeraren xede den jardueran gutxienez ere 3 urteko antzinatasuna dutela laguntza-eskaera egin zen egunean. Aldi horretan familia-oinordetzagatik egindako titulartasun-aldaketak onartuko dira (odolkidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko 4. mailara arte). enpresa-eskualdaketarako «Berriz Enpresa» programari heldutako eskualdaketak ere onartuko dira (www.berrizenpresa.com); aipatutako programa Eusko Jaurlaritzako Turismoaren arloko eskudun sailak garatu du Euskadiko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberekin lankidetzan. Erakunde publikoek zein pribatuek enpresak eskualdatzeko garatutako beste programa batean jasotakoak ere onartuko dira, halaber.
c) Turismo-establezimenduak indarreko irisgarritasun-araudira egokitzea.
Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen irisgarritasun-araudira egokitzeko 2000ko abenduaren 12a baino lehenago irekitako turismo-establezimenduek behar dituzten egokitze-lanak zein ekipamenduak eskuratzeko eta ezartzeko lanak lagunduko dira (Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legea; Hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen apirilaren 11ko 68/2000 Dekretua, eta otsailaren 19ko 173/2010 Dekretua (BOE, 2010-03-11) (DB-SUA9)).
Ikus Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Etxebizitza Zuzendaritzaren «EAEn irisgarritasunaren alorrean indarrean dagoen araudi teknikoa aplikatzeko gida (2012ko uztaila).
Obra behar duten inbertsioei dagokienez, turismo-jarduera egiteko eraikin oso bat hartzen duten establezimenduei laguntza emango zaie Eraikinen Azterketa Teknikoaren (EAT) txostenean irisgarritasunaren alorrean adierazitako arrazoizko doikuntzetan; aipatutako txostena 241/2012 Dekretua, azaroaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen ikuskapen teknikoa arautzen duena, maiatzaren 20ko 80/2014 Dekretuak aldatua (101 zenbakiko EHAA, 2014ko maiatzaren 30ekoa).
d) Turismoko sektorean jardun eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturiko enpresa eta establezimenduetan, ingurumenaren kudeaketa eta kalitate-kudeaketa ziurtatu dezaketen sistemak ezartzea.
Paragrafo honetan biltzen dira turismoko establezimendu eta zerbitzuetan kalitatearen kudeaketarako (ICTE Espainiako Turismo Kalitaterako Institutuaren Turismo-kalitateko «Q» Marka, ISO 9001) eta ingurumen-kudeaketarako (ISO 14001, EMAS, karbono-aztarna eta energia-auditoretza integrala) erreferentziazko ereduak txertatuta dituztela frogatzen duten ziurtagiriak lortzeko eta berritzeko laguntzak.
Energia-eraginkortasuneko energia-auditoretza integralei dagokienez, berriz, energia primarioko 100 ptb/ urteko baino gutxiagoko kontsumo energetikoa duten turismo-establezimenduetan egindakoek bakarrik izango dute diru-laguntza. Auditoretza garatzeko jarraitu beharreko metodologia UNE-EN 216501 araura zein haren ondorengo aldaketa edo hobekuntzetara doituko da.
ISO ziurtagiriak ENACek ofizialki egiaztatutako enpresa batek edo ENACekin elkarrekiko onespen-akordioa duen enpresa batek eman beharko ditu.
Honako kontzeptu hauek lagundu ahal izango dira diruz:
– Kanpo-aholkularitzen laguntza teknikoa, ziurtagiria/egiaztagiria lortzeko soil-soilik.
– Ziurtagiria/egiaztagiria lortzeko eta berritzeko kanpo-auditorien gastuak.
– Marka erabiltzeko eskubideen kontzeptuko gastuak.
Ez dira barne sartuko gastu hauek: erakundeko langileek eragindakoak; ziurtapenaren/egiaztapenaren mantentze- edo jarraipen-fasearen gastuak, ezta arriskuen eta kontrol kritikoko puntuen azterketarako sistemaren (AKKPA/HACCP) definizioarekin eta ezarpenarekin lotutakoak ere ez.
Eskabidean erantsitako agiriekin batera agindu honen 8.4 artikuluan ezarritako denbora-tartean betetzen dituztela egiaztatzen duten ziurtagiri/egiaztagiri egokiak ere aurkeztu beharko dira laguntza jasotzeko.
7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Laguntzen zenbatekoak honako hauek izango dira:
a) Agindu honen 6.a. artikuluan, turismoaren sektorean ekimen berritzaileentzako bilduta dauden inbertsioak honako ehuneko eta gehieneko zenbateko hauen arabera lagunduko dira diruz:
a.1.– Onartutako inbertsio garbiaren % 25 diruz lagunduko da 9.000 euroko mugarekin, Agindu honen a.1 artikuluan adierazitako inbertsioetan, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan oinarritzen diren tresnak eta soluzioak garatu eta/edo ezartzeko.
a.2.– Onartutako inbertsio garbiaren % 25 (15.000 euroko gehieneko kopurura arte), a.2. zenbakian aipatutako turismo-ostatuetan haririk gabeko konexioa hobetzeko inbertsioak.
a.3.– Onartutako inbertsio garbiaren % 20 diruz lagunduko da, 18.000 euroko mugarekin, Agindu honen 6.a.2. artikuluan adierazitako inbertsioetan, turismo-negozio eredu berrialk sortzeko, edo zerbitzu eta/edo produktu turistikoen eskaintza berriak egiteko; horiek guztiak egun daudenetatik bereizten badira eta horiekiko osagarriak badira.
b) Agindu honen 6.b. artikuluan lehiakortasuna hobetzeko xedez turismo-eskaintza modernizatzeko bilduta dauden inbertsioak honako ehuneko eta gehieneko zenbateko hauen arabera lagunduko dira diruz:
b.1.– Onartutako inbertsio garbiaren % 30, 30.000 euroko mugarekin, b.1 atalean adierazitako inbertsioetan.
b.2.– Onartutako inbertsio garbiaren % 20, 12.000 euroko mugarekin, b.2 atalean adierazitako inbertsioetan, erreforma integralak edota handitzeak ez badira; izan ere, kasu horretan gehieneko diru-laguntza 18.000 euro izango baita.
c) Onartutako inbertsio garbiaren % 30, 15.000 euroko mugarekin, Agindu honen 6.c. artikuluan adierazitako inbertsioetan, establezimenduak Turismoko Irisgarritasun Eredura egokitzeko.
d) Kalitate-kudeaketa eta ingurumen-kudeaketa egiaztatzen duten ziurtagirien lorpena eta berriztapena, Agindu honen 6.d. artikuluan adierazitakoak, honako era honetan lagunduko da diruz:
d.1.– Onartutako gastuaren % 70, 6.600 euroko mugarekin, Espainiako Turismoko Kalitatearen Q markaren ziurtagiria lortzeko. Aholkularien laguntza teknikorako laguntza eskatzen badute, eta aholkulari horiek Basquetourrek egindako Turismo Kalitate Aholkularien Katalogoan erregistratuta ez badaude, diru-laguntza onartutako gastu garbiaren % 45 izango da, eta muga, berriz, 5.500 euro.
d.2.– Onartutako gastu garbiaren % 70, 6.600 euroko mugarekin, ISO 9001 ziurtagiria lortzeko, laguntza eskatzen den enpresa-tipologiarentzat Espainiako Turismoko Kalitatearen Q ziurtagiria ez dagoenean. Hori gertatzen bada, diru-laguntza onartutako gastu garbiaren % 45 izango da, 5.500 euroko mugarekin.
d.3.– Onartutako gastu garbiaren % 45, 5.500 euroko gehienekoarekin, ingurumen-kudeaketa egiaztatzen duen ziurtagiria (ISO 14001 eta EMAS egiaztapena) lortzeko.
d.4.– Onartutako gastu garbiaren % 45, 2.000 euroko mugarekin, Espainiako Turismoko Kalitatearen Q ziurtagiria eta ISO 9001 ziurtagiria berritzeko; bigarren kasu horretan, laguntza eskatzen den enpresa-tipologiarentzat Espainiako Turismoko Kalitatearen Q ziurtagiria ez dagoenean.
d.5.– Onartutako gastu garbiaren % 35, 1.400 euroko mugarekin, ISO 9001 ziurtagiria lortzeko, laguntza eskatzen den enpresa- edo establezimendu-tipologiarentzat Espainiako Turismoko Kalitatearen Q ziurtagiria dagoenean.
d.6.– Onartutako gastu garbiaren % 35, 1.400 euroko mugarekin, ingurumen-kudeaketa egiaztatzen duen ziurtagiria berritzeko.
2.– Aurreko ehunekoak % 5 gehituko dira, Agindu honetan laguntza bakoitzarentzat ezarrita dagoen muga inola ere gainditu gabe, laguntza eskatzen duen enpresak, edo hala dagokionean establezimenduak, gutxienez ere honako zirkunstantzia bat betetzen duela egiaztatzen duenean:
a) Establezimendu baten ardura hartzen duen enpresaburuak «Berriz Enpresa» (www.berrizenpresa.com) izeneko enpresa-eskualdatze programarekin bat egin izana, edo instituzio publiko zein pribatuek antolatutako beste enpresa-eskualdatze programaren batekin. Eusko Jaurlaritzako turismo arloko sailak garatu du aipatutako programa Euskadiko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberen bitartez.
Enpresa eskualdatzeko beste programaren bat izanez gero, enpresa zein lurralde historikotan dagoen, hango Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberak egindako ziurtagiria beharko du. Ziurtagiri horrek jaso behar du negozioaren izen-aldaketa horrek enpresa-eskualdatze izateko baldintzak eta helburuak betetzen dituela.
Laguntza horren portzentajea enpresa eskualdatzeko proiekturako eskaera aurkezten den lehenengo aldian baino ezin izango da handitu.
b) Turismo-sektorerako honako kalitate-ziurtagiri hauetakoren baten jabe izatea: ISO 9001, Espainiako Turismoaren Kalitaterako Institutuak emandako turismo-kalitateko markak, Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak administratutako EFQM errekonozimenduak edo ingurumen-kudeaketako ziurtagiri bat (EMAS, Europar Batasuneko Etiketa Ekologikoa, Ekoscan eta ISO 14001), gehikuntza ezartzen denerako ziurtagiriaren berrikuntza-proiektuak salbu.
c) Basquetour, S.A.k garatutako jardunbide egokien programetako batean parte hartzea eta gainditzea.
d) Prestakuntza-plan bat duela, edo plantillaren % 25 atzerriko hizkuntzetan duten prestakuntza eta/edo lanbide-kualifikazioa hobetzeko beste erakunde batzuek antolatutako ikastaroetara joan bada, edo bestela sektoreko elkarteek emandako prestakuntza- eta kudeaketa-ikastaroetara, horiek guztiak eskaera egin eta ez baldin bada urtebete igaro. Ikastaroetara joan izana eta ikastaroen edukiak egiaztatu beharko dira.
e) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-plan bat ezarrita duela, edota lana eta familiako bizitza bateratzeko plan bat; edo bestela Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak ematen duen gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasunerako erakunde laguntzailea dela egiaztatzen duen ziurtagiria edukitzea.
3.– Era berean, erakunde onuradunak Basquetour, S.A.k adierazitako metodologia eta jarraibideak kontuan izanik sortutako «Euskadi Gastronomika» eta/edo «Surfing Euskadi» produktu-klubetako, EAEko turismo-sektoreko enpresa-elkarteren bateko eta/edo beren eragin-arean turismo-garapena helburu duten elkarte edo enpresa publiko edo pribaturen bateko kide edo bazkide dela egiaztatzen badu, diru-laguntza beste % 5 handituko da, Agindu honetan laguntza bakoitzarentzat ezarritako gehieneko muga gainditu gabe inola ere.
4.– Erakunde onuradun bera establezimendu bat baino gehiagoko titularra izango balitz, aurreko laguntzen zenbatekoak establezimendu bakoitzari aplikatuko zaizkio.
8. artikulua.– Laguntzen baldintzak.
1.– 2015eko abuztuaren 11tik ondoren laguntza-eskaeraren aurkezpenera arte bukatutako eta justifikatutako proiektuen inbertsioak onartuko dira, Agindu honen 13.1 artikuluan ezarritako epearen barruan.
2.– Eskaera bakarra aurkeztu ahal izango da establezimendu eta deialdi bakoitzeko.
3.– Agindu honen 6 artikuluko a), b), c) eta d) atalak baztertzaileak dira euren artean, hau da, deialdi berean establezimendu bakoitzak horietako bakoitzean aurreikusitako diru-laguntzak baino ezingo ditu eskatu.
4.– Nolanahi ere, inbertsio onargarri gisa inbertsio horren balio garbia zenbatuko da, halakotzat hartuz Balio Erantsiaren Zerga kendu ondoren fakturatutako zenbatekoa.
5.– Diru-laguntzaren eskaeraren xede diren proiektuak benetan egin direla egiaztatzeko, eskaeran fakturen eta ordainketen koadroa beteko da, eta dagozkion fakturak aurkeztu beharko dira. Eskabidea aurkeztu aurrean ordaindutako fakturak onartuko dira.
6.– Instalazio elektrikoak, argiztapena, isolamendua eta girotzea, ur sanitarioaren eta energiaren kontsumoak, eta energia-etiketatzeari lotutako etxetresna elektrikoen eskuraketa xede dituzten edo horiei lotuta dauden inbertsioak, energia-eraginkortasunaren irizpideak kontuan izanik egin beharko dira, eta etxetresna elektrikoen kasuan zorrotzenak izan beharko dute. Era berean, eta hala dagokionean, ingurumen-inpaktuak saihesteko edo gutxitzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko ahalegina egingo da.
7.– Diru-laguntzaren xede den ekipamenduak, altzariek eta tresneriak berriak izan beharko dute, enpresaren/establezimenduaren aktibora bildu beharko dira eta enpresan gutxienez 3 urte, fakturazio dataz geroztik, eman beharko dituzte jardunean.
8.– Diruz lagundutako webguneek eguneratuta egon beharko dute gutxienez ere 3 urteko aldian.
9.– Agindu honen babesean, diru-laguntza ematen den hari gabeko konexio zerbitzua doako eran eskaini beharko da 3 urtetan, gutxienez, instalazioaren eguna kontatzen hasita.
10.– Informatika-ekipamendua, laguntzaren xede den ekimena garatzeko beharrezkoa denean bakarrik lagunduko da diruz, eta hori justifikatu egin beharko da.
11.– Ez dute laguntzarik jasoko diruz laguntzeko jardunari zuzenean lotuta ez dauden gastu-kontzeptuek, eta inola ere honako kasu hauek:
– Lurren, eraikinen, lokalen eta garraio-elementuen erosketa.
– Enpresaren gastu korronteak, baita sukalde- eta jantoki-gastuak ere (baxera, mahai-tresnak, beirateria eta lanabes txikiak).
– Berrikuste- eta mantentze-gastuak.
– Aseguruak, administrazio-baimenengatiko, lizentziengatiko edo antzekoengatiko tasak, edozein zerga edo tributuren ordainketa.
– Konektibitate-gastuak, 6.a.2.1.b. artikuluan aipatutakoak izan ezik.
– Weh orrien eta sare sozialen erregistro gastuak, mantentzea eta alokairua.
– Leasing edo renting eragiten bidez lortutako aktiboak ezta enpresa eskatzaileak fabrikatu, egin edo garatu dituenak ere.
9. artikulua.– Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honen babespean lortutako diru-laguntzak administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako beste edozein diru-laguntzarekiko bateragarriak izango dira.
2.– Diru-laguntzaren zenbatekoak –Estatuko zein nazioarteko beste Administrazio Publikoen edo erakunde pribatu edo publikoen laguntzekin edo diru-laguntzekin batera– ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostua gainditu, eta kasu horretan Agindu honetan emandako laguntza gutxituko da, soberako kopurua kenduta.
3.– Agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 zenbakiko Erregelamenduan (EE) ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte. Hain zuzen ere, Erregelamendu hori Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari dagokio.
Europar Batasunak ezarritakoaren arabera minimis erregelamenduaren arabera enpresa batek gehienez 200.000 euro jaso ditzake 3 zerga-ekitalditan, laguntza eskatu den ekitaldia erreferentziatzat hartuta.
Muga hori gaindituz gero, Programa honi jarraiki emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, soberako kopuruaren arabera
II. ATALBURUA
PROZEDURA
10. artikulua.– Esleitzeko prozedura.
1.– Diru-laguntza jaso ahal izango dute Agindu honetan hautatuak izateko eskatzen dena betetzen duten eskabideek, proiektuak bat baldin badatoz 6. artikuluan jasotzen diren diru-laguntza jaso dezaketen jarduketen tipologiarekin.
2.– Agindu honetan arautzen diren laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, datorren artikuluan adierazten diren balioespen-irizpideak eta ponderazio-faktoreak kontuan izanik, zeinak, ekitatea bermatzeko xedez, Agindu honen 6. artikuluan definitu diren diruz lagun daitezkeen a, b, c eta d jardunetako bakoitzerako modu bereizian adieraziko diren.
3.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketen tipologiaren barruan, espediente batek azpi-atal bat baino gehiagorako eskabidea aurkezten badu, espedientearen azken puntuazioak bere barruan bilduko ditu azpi-ataletako bakoitza baloratzeko lortutako puntuazioak.
4.– Diruz lagun daitezkeen lau jardun-talde edo -tipologietako bakoitzean espedienteak handitik txikira ordenatuko dira lortutako puntuazioaren arabera, puntuaziorik handiena duenak lehentasuna izanik. Puntuazioan berdinketa baldin badago, onartutako inbertsiorik handiena duenak lehentasuna izango du, kalitate-kudeaketako eta ingurumen-kudeaketako sistema egiaztagarriak ezartzeko proiektuen kasuan salbu, kasu horretan onartutako gasturik txikienak izango baitu lehentasuna.
5.– Laguntzak puntuazio horren arabera emanez joango dira, Agindu honen 2. artikuluan aipatzen diren lau esparruetako bakoitzerako aurreikusitako kreditua agortu arte. Baliabide ekonomikoak banatu ondoren atalen batean edo batzuetan agortu gabeko diru-erabilgarritasuna baldin badago, soberakinak banatu egingo dira hala behar duten atalen artean. Ebaluazio-batzordeak proposatuko du banaketa hori.
11. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.
1.– Jardun guztietarako irizpide orokorrak:
1. irizpidea: nolako inpaktua izango duen EAEko enpleguan. Enpresa eskatzaileak EAEn enpleguari eustea edo enplegua sortzea bultzatuko da. Gehieneko puntuazioa 15 puntu izango dira, honako eran banatuta:
– Enplegua gutxitzea: 0.
– Enplegua kontsolidatzea: 10.
– Plantillan % 5etik gorako enplegu-sorkuntza: 15.
2. irizpidea: erakundearen edo enpresaren tamaina. Tamaina txikiagoko enpresek aurkeztutako proiektuak bultzatuko dira: gehieneko puntuazioa 15 puntu izango dira, honako eran banatuta:
– 50 langile baino gehiagoko plantilla: 0.
– 11 eta 49 langile bitarteko plantilla: 5.
– 6 eta 10 langile bitarteko plantilla: 10.
– 1 eta 5 langile bitarteko plantilla: 15.
3. irizpidea: erantzukizun soziala. Erakundeak edo enpresak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sustapenarekin, euskararekin, ingurumenarekin eta irisgarritasun unibertsalarekin hartutako konpromisoa. Gehieneko puntuazioa 3 puntu izango dira, honako eran banatuta:
– Inolako planik edo ziurtagiririk ez izatea: 0.
– Plan bat edo ziurtagiri bat izatea: 1.
– 2 plan edo ziurtagiri izatea: 2.
– 3 plan edo ziurtagiri edo gehiago izatea: 3.
2.– Merkatuan berritzaileak diren ekimenetarako irizpide espezifikoak:
4.– irizpidea: eskakizun teknologikoa. Agindu honen 6.1.a.1. artikuluan zehaztutako Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan oinarritutako irtenbideak ezartzeko proiektuetan ahalegin teknologikoaren neurria lagunduko da. Gehieneko puntuazioa 12 puntu izango da, honela banatuta:
– IKTen aplikazio-eremu batean ezartzea (adibidez: negozioaren eraginkortasuna eta kudeaketa hobetzea): 3.
– IKTen 2 aplikazio-eremutan ezartzea (adibidez: aurrekoa + Negozioak Interneten duen agerpena handitzea): 6.
– IKTen 3 aplikazio-eremutan ezartzea (adibidez: aurreko biak + 2.0 hedabideetan sustapena eta komunikazioa handitzea): 9.
– IKTen 4 aplikazio-eremuetan ezartzea: 12.
5. irizpidea: proiektuaren eraginaren neurria. Turismo-ostatuetan haririk gabeko konexioa hobetzeko proiektuetan (Agindu honetako 6.a.2 artikuluan zehazten dira), lehentasuna emango zaie leku-kopuru handiena duten establezimenduei, kasu horietan konexioa hedatzearen eraginaren onuradunak gehiago izango direla aurreikusten baita. Gehienez 12 puntu emango dira, eta leku-kopuru handiena duen establezimenduari emango zaizkio; gainerako puntuazioak proportzionalki emango dira. Puntuazioan berdinketa gertatzen bada, onartutako inbertsio handiena duena lehenetsiko da.
6. irizpidea: ekimenak ezartzearen berritasuna eta onurak. Turismo-negozio eredu berriak edo turismoko zerbitzu eta/edo produktu berriak sortzeko proiektuetan –6.1.a.3. artikuluan zehaztuta–, berritzaileenak eta enpresaren lehiakortasunean eta xedean eragin handiena duten eta merkatuan kokapen hobea izatea errazten dutenak lagunduko dira. Gehieneko puntuazioa 12 puntu izango da, honela banatuta:
– Egungo eskariaren beharrei erantzuten die: gehienez 3.
– Lehiarako edo bereizteko abantaila antzeko beste negozio-eredu, zerbitzu eta/edo produktu batzuen aldean: gehienez 3.
– Kostuak murriztea eta/edo sarrerak handitzea ahalbidetzen du: gehienez 3.
– Aukera estrategikoa dakar garatzen den testuinguruan (tokian-tokian, eskualdean, EAEn): gehienez 3.
Baztertu egingo dira gutxienez 6 puntu lortzen ez dituzten turismoko negozio-eredu berriak edo turismoko zerbitzu eta/edo produktu berriak sortzeko proiektuak.
3.– Turismo-eskaintza modernizatzeko irizpide espezifikoak:
7. irizpidea: lokalen antzinatasuna. Enpresa eskatzaileak jardueraren egikaritzan antzinatasun handiagoa egiaztatzen duen establezimenduen modernizazioa bultzatuko da. Gehieneko puntuazioa 15 puntu izango dira, honako eran banatuta:
– 3 eta 5 urte bitarteko antzinatasuna: 3.
– 6 eta 10 urte bitarteko antzinatasuna: 7.
– 11 urtetik gorako antzinatasuna: 15.
4.– Turismo-eskaintza indarreko irisgarritasun-araudira egokitzeko irizpide espezifikoak.
8. irizpidea: inbertsio-maila: kontzeptu horrengatik egindako inbertsioa establezimenduaren azalera erabilgarriarekin lotuta baloratuko da. Puntuazioa 12 puntu izango da gehienez, eta establezimenduaren azalera erabilgarriaren arabera inbertsio handiena egiten duenari emango zaio; gainerako puntuak modu proportzionalean esleituko dira.
5.– Kalitate-kudeaketa eta ingurumen-kudeaketa ziurta dezaketen sistemak ezartzeko irizpide espezifikoak:
9. irizpidea: aurretik laguntzarik eskatu ez duten enpresak edo ziurta daitezkeen aipatutako sistemak ezartzeko Eusko Jaurlaritzak garatutako diru-laguntza programen barruan onuradun gertatu ez diren enpresak lehenetsiko dira. Gehieneko puntuazioa 5 puntu izango da, honela banatuta:
– Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza programen laguntzarik jaso ez izana era horretako ekimenentzat: 5.
– Ziurtagiria berritzea: 3.
6.– Irizpideak ez dira ebaluatuko ez badira egiaztatzen, dokumentu bidez, beharrezko diren eta 13. artikuluan dokumentazio osagarritzat zehaztutako kasuetan edo, gainerako kasuetan, eskabidean horrela eskatzen bada, informazio nahikoa eta arrazoizkoa ematen duen azalpen-memoria baten.
Ebaluazio Batzordeak aurreko paragrafoan zehaztutako irizpide bakoitza baloratuko du; horretarako, batetik, erakundeek eskabidean egiten edo aurkezten duten justifikazioaren egokitasuna eta baliozkotasuna hartuko ditu kontuan, eta bestetik, proiektu bakoitzaren ezaugarriak. Hala, puntuazio bera izango dute erakunde ezberdinek aurkeztutako antzeko proiektuek».
12. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.
1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta Agindu honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuarekin bat etorriz (2012ko martxoaren 9ko 50. zk. EHAA) eta batez ere zuzenketei buruz aipatutako dekretuaren 28.3 artikuluarekin; baita E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (Platea) onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat etorriz.
2.– Eskabidea lortzeko eta hori betetzeko, ondoren adierazten den egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da:
http://www.industria.ejgv.euskadi.net/r44-teletram/es/ (gaztelania)
http://www.industria.ejgv.euskadi.net/r44-teletram/eu/ (euskara)
Kanal elektronikoaren bitartez izapidetzeko zehaztapenak, baita eskabideak, aitorpen arduratsuak eta gainerako ereduak ere, egoitza elektroniko horretan egongo dira eskura. Era berean, eredu horien edukiak deialdiekin batera argitaratuko dira.
Espedientea, errekerimenduak, jakinarazpenak eta Agindu honetan bilduta dauden eskabidearen ondorengo gainerako izapide guztiak, kanal elektronikoaren bitartez, honako helbide honetan egiten dira: http://www.euskadi.net/misgestiones/
3.– Betetako eskabideak, pertsona edo erakunde eskatzailearen sinadura ezagunaz gain, datorren. artikuluak aipatzen duen dokumentazioa gaineratuko du, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren arabera. Sinadura elektronikoaren aurkezpena aurkezteko epetzat hartuko da.
4.– Agindu honi lotuta dauden prozedura guztietan jarduteko ordezkaritza eman ahal izango zaio beste pertsona edo erakunde bati, eta horretarako, laguntza-eskabidea formalizatu baino lehen, gaineratzen den «Izapidetze Telematikorako Akreditazioa» inprimakia (ikus 3. eranskina) bete beharko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo-arloan eskumena duen sailaren lurralde-ordezkaritzaren batean aurkeztu beharko da, honako egoitza elektroniko honetan adierazten den moduan:
http://www.industria.ejgv.euskadi.net/r44-teletram/es/ (gaztelania)
http://www.industria.ejgv.euskadi.net/r44-teletram/eu/ (euskara)
5.– Laguntza-eskabidea, eskatzen den dokumentazioarekin batera, aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Gainera, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardunetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
13. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak lortu nahi dituzten enpresek aurreko artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan eskaera normalizatu bat bete beharko dute formatu elektronikoan, bertan ematen den ereduari jarraikiz, eta eskabideak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik, 09:00etatk, aurkeztu ahal izango dituzte, eta 2016ko maiatzaren 13an, 12:00etan, bukatuko da aurkezteko epea.
2.– Honako hau izango du eskaerak:
– Enpresaren datu orokorrak, bere dimentsioari buruzkoak barne (sexuaren arabera banandutako enplegu-datuak, negozio-bolumena eta urteko balantze orokorra eskaeraren ekitaldiaren aurreko ekitaldiko abenduaren 31n).
– Proiektua aztertzeko beharrezkoa den informazioa (egindako inbertsioaren memoria eta deskribapena).
– Ebaluazio-irizpideak ponderatzeko beharrezkoa den informazioa.
– Fakturen eta ordainketen koadroa, bertan, ordenatuta, erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta egoitza soziala, faktura egin den data, kontzeptua eta zenbatekoa (BEZa gabe) eta ordainketa-data adieraziz.
– Eskabide horretan jasota agertzen den informazioaren egiazkotasunari buruzko erantzukizun-adierazpena. Aipatutako informazioa honako hau da:
a) Erakunde edo pertsona eskatzaileak agindu honetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela.
b) Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatuen aldetik jasotako laguntzak.
c) Azken hiru ekitaldietan enpresak jasotako laguntzak (minimis izaerakoak), laguntza eskatu den urtea azken urtearen erreferentziatzat hartuta.
d) Enpresa eskatzailea zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela adierazten duena.
e) Dirua itzultzeko edo zehapena ezartzeko prozeduretan sartuta dagoela edo ez dagoela edo amaitu dituela adierazten duen aitorpena.
f) Aitorpena, erakunde eskatzaileak ez duela armarik ekoizten, ez merkaturatzen ez eta finantzatzen ere adierazten duena, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren abenduaren 28ko 14/2007 Legean zehaztutakoa betez.
g) Ostalaritza-establezimenduen aitorpena, legeriak eskatzen dituen kartelak jendeak ikusteko moduan jarrita dituela adierazten duena (erreklamazio-orriak daudela adierazten duen kartela eta prezio-zerrenda eguneratua).
h) Aitorpena, honako hau adierazten duena: ordezkatzen duen pertsona edo erakundea ez dutela oso arau-hauste larri batengatik zehatu, eta langileen estatutuko edo hitzarmen aplikagarriko berdintasunari buruzko betebeharrak ez betetzeagatik administrazio-ebazpenaren edo epai judizial irmo baten bitartez kondenatu ez dutela; emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.2 artikuluaren indarrez diru-laguntza eta laguntza publikoen onuradun izateko debekurik jaso ez duela; eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako maiatzaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa betetzen duela, bertan konpromisoa hartuz 4/2005 Legeak Administrazioarekin kontratatzen, hitzarmena egiten edo haren laguntzak jasotzen dituenei ezarritakoa betebeharrak bere gain hartuko dituela.
3.– Eskabideekin batera, dokumentazio honen kopia digitalizatua daramaten fitxategiak aurkeztu beharko dira, justifikazio-kontu gisa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoaren arabera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72.3. artikuluarekin lotuta:
a) Oinarrizko dokumentazioa:
– Enpresa eskatzailearen Identifikazio Fiskalaren Txartela eta eraketa-eskritura salbu eta eskatzailea «enpresaren/erakundearen» ziurtagiri batekin identifikatzen bada; kasu horretan, aipatutako dokumentazioa baimendutako ziurtagirian bertan inplizituki jasota dago.
– Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea, salbu eta eskatzailea «enpresaren/erakun-dearen» ziurtagiri batekin identifikatzen bada.
– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan izandako altak eta bajak egiaztatzeko agiria.
– Eskabidearen xede den inbertsio-proiektuan sartutako aktiboen behin betiko fakturak. Fakturetan nahasteko aukerarik gabe zehaztuko dira zein diren laguntza-eskaeraren helburu diren elementuak eta lanak. Hala ez bada, ez dira kontuan izango.
– Turismo-ostatuko establezimenduetan hari gabeko konektibitatea hobetzeko laguntzen eskaera 6.a.2. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz egin duten enpresek hauek aurkeztu beharko dituzte:
( Enpresa hornitzailearen txostena, lana egin ostean establezimenduko hari gabeko sareak guztira zenbateko estaldura-ehuneko izango duen gutxi gorabehera zehaztuta. Aipatutako txostenean enpresa, sinatzailearen izena eta abizenak zein kargua ere zehaztuko dituzte.
(Sarearen ziurtagiria egiaztatzen duten agiriak (6.a.2.2.b. artikuluan ezarritako baldintza teknologiko guztiak betetzen dituela ziurtatzeko txostenak).
(Interneten sartzeko linearen operadorearen faktura, eskaera aurkeztu aurreko azken fakturazio-aldiari dagokiona; kontratatutako banda-zabalera eta teknologia zehaztuko ditu horrek, 6.a.2.2.e. artikuluan ezarritako «Interneteko sarbide-linea»ren baldintza betetzen duela egiaztatu ahal izateko. Interneteko sarbide-linea ez badago diruz lagun daitekeen aurrekontuan jasota baino ez dituzte agiri horiek aurkeztu beharko.
Baldin eta Interneteko sarbide-linea berria edo oraingo sarbidearen ahalmena hobetzea kontratatzea jasota badago diruz lagun daitekeen aurrekontuan, hornitzaileak emandako faktura aurkeztu beharra egongo da, diruz lagun daitezkeen gainerako gastuentzat bezala.
– Proiektu bateratu bat egin duten enpresek behar bezala formalizatutako dokumentu bat aurkeztu beharko dute, eta bertan adieraziko da parte-hartzaile horiek aurkeztu den proiektua gauzatzeko egin duten lankidetza-akordioa, baita proiektu osoaren aurrekontu xehatua eta alderdi bakoitzak aurrekontuari dagokionez duen parte-hartzea, eskabidean betetako informaziora egokitu beharko dena.
– Hala badagokio, negozioaren familia-oinordetza egiaztatzen duen dokumentazioa edoTurismoko establezimendua kokaturik dagoen Lurralde Historikoko Merkataritza Ganberaren ziurtagiria; enpresa eskualdatzeko programaren baten barruan titularitatea aldatu duela egiaztatu beharko du horrek (6.b artikulua).
– Publikoari irekitako beren jabetzako establezimenduak indarrean dagoen irisgarritasun-araudira egokitzeko laguntza eskatzen duten enpresek establezimendu horietan turismo-jarduera 2000ko abenduaren 11 baino lehenagotik garatzen dela egiaztatu beharko dute, baita eskudun langile teknikoak sinatutako agiria, Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen irisgarritasunari buruzko araudia betetzen dela ziurtatzen duena ere. Agiri hori ez da beharrezkoa izango obrarik ez dakarren ekipamendua eskuratzeko eta/edo ezartzeko kasuetan.
– Eraikinen Azterketa Teknikoaren (EAT) txostena, baldin eta laguntza-eskaera bada eraikin osoa turismo-jarduerarako hartzen duten establezimenduetan instalazioak, irisgarritasuna eta/ edo eraginkortasun energetikoa modernizatzeko eta hobetzeko lanak egiteko. Txosten hori ez da beharrezko izango diru-laguntza altzariak eskuratzeko edo obrarik behar ez duten laguntza teknikoak lortzeko eskatzen bada.
– ISO araudiaren araberako, EMAS, edo Karbono-aztarna eta Energia Ikuskaritza Integralaren ziurtagiria/egiaztapena lortu edo berritu nahi dutenek, bete izana egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute.
– Diru-laguntza kobratzeko, eta pertsona edo erakunde onuradunaren bankuko edo izen sozialeko datuak aurretik eman ez badira edo aldatu nahi izanez gero, informazio hori jakinarazi beharko da, «Hirugarrenaren Alta Erregistroa» kanal telematikoaren bitartez aurkeztuz, Ogasun eta Finantza Sailak ezarritako ereduaren eta prozeduraren arabera (www.ogasun-ejgv.euskadi.net)».
b) Dokumentazio osagarria:
– Hala badagokio, memoria gehigarria edo/eta eskabidean jasotakoaren osagarria den informazioa eta dokumentazioa (ez ordezkatzailea), proiektuaren ulermena hobetzen duena. Azalpen-memoria xehatua, hau da, gauzatzeko laguntza eskatzen den proiektuei buruzko informazio garrantzitsua, ezinbestean laburbildu beharko da horretarako eskabide-orrietan aurreikusitako ataletan.
– Hala badagokio, eskabidea aurkeztu den urtearen aurreko bi urteetako abenduaren 31ko TC2, baita aurreko hilabetekoa ere, edo dokumentazio baliokidea.
– Hala badagokio, EAEko turismoko enpresa-elkarte bateko edota xedetzat bere eragin-eremuaren turismo-garapena duen erakunde publiko-pribatu bateko kidea dela egiaztatzen duen agiri eguneratua.
– Hala badagokio, turismo-sektorerako kalitatearen kudeaketaren ziurtagiriak (ISO 9001, Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak administratutako EFQM errekonozimenduak); edo ingurumen-kudeaketako ziurtagiriak (EMAS, Europar Batasuneko Etiketa Ekologikoa, Ekoscan eta ISO).
– Hala badagokio, enpresaren prestakuntza-plana, edo langileek prestakuntza-ikastaroak egin dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa.
– Hala badagokio, irisgarritasun unibertsala egiaztatzen duen ziurtagiria (UNE 170001-1 araua).
– Turismoko establezimendua kokaturik dagoen lurralde historikoko Merkataritza Ganberaren ziurtagiria, 7.2.a. artikuluan enpresa-eskualdaketarako aipatutako «Berriz Enpresa» programari atxikita egonez gero.
Eskabidean jasotako datuak egiaztatzeko edozein momentutan eska litezke.
Enpresa eskatzaileak erantzukizun-adierazpenean gezurrezko daturen bat jartzen badu, administrazio-zehapenak eta zehapen penalak ezarri ahal izango zaizkio, indarrean dagoen zehapen-araubideari jarraituz.
4.– Dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo arloan eskumena duen Sailaren eskura dauden indarreko dokumentuak ez dira nahitaez aurkeztu beharko. Eskatzaileak dokumentazio hori dagoeneko aurkeztu baldin badu, eskabidean adierazi beharko du zer egunetan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu zuen, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluaren f) idatz-zatian ezarritako baldintzei jarraiki.
5.– Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak bete diren automatikoki egiaztatuko da, diru-laguntza eman aurretik; hala ere, ordainketak diru-laguntza eman osteko ekitaldietan egin behar badira, eta diru-laguntza eman denetik hiru hilabete baino gehiago igaro badira, hurrengo ekitaldietan egingo diren lehenengo ordainketa-proposamenen aurretik egiaztatuko da erakunde haiekiko betebeharrak bete direla.
Erakunde eskatzaileak deialdia egin duen erakunde kudeatzaileari baimena eman behar dio zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betekizunak bete dituen zuzenean egiaztatzeko; baimenik ematen ez badio, eskumena duen ogasun-agintaritzak eta Gizarte Segurantzak emandako administrazioko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu erakunde eskatzaile horrek.
6.– Era berean ez da beharrezkoa izango Basquetourrek ematen duen dokumentazioa aurkeztea: Espainiako Turismoko Kalitateko «Q» marka lortu edo berritu dela egiaztatzen duten ziurtagiriak, baita erakunde horrek garatutako jardunbide egokien programaren bat gainditu dela egiaztatzen dutenak ere.
14. artikulua.– Aurkeztutako eskabideen zuzenketa.
1.– Eskabidea guztiz beterik ez bada, edo aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioarekin batera ez badago, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailaren lurralde-ordezkaritzek entitate eskatzaileari 10 eguneko epea emango diote akatsa zuzen dezan edo beharreko dokumentuak bidaltzeko; era berean, hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela adieraziko dio. Epe hori igarota, zuzenketak egin ez badira, eskabidea bertan behera geratu dela adierazteko ebazpena emango da, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. eta 71.1 artikuluetan araututakoari jarraituz (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).
2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira.
3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egun eta ordutan eskaini zaion jakinarazpena jakinarazten den ekintzaren interesdunari, eta zeinetan sartu den hura haren edukira; une horretatik aurrera jakinarazpena gauzatutzat emango da. Jasota baldin badago jakinarazpena eskaini dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, eta izapidea egintzat emango, betiere ofizioz edo hartzaileak eskatuta ez bada konprobatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.
15. artikulua.– Eskabideen azterketa eta ebaluazioa.
1.– Turismo zuzendaritzak izendatutako teknikariek epearen barruan aurkeztu diren eskabideen azterketa eta ebaluazio indibiduala egingo dute, Agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatuz, eta eskabide bakoitza behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta/ edo informazio osagarria eskatu ahal izango diote enpresa eskatzaileari.
2.– Ondoren, aurreko atalean aipatutako teknikariek horretarako sortzen den batzordeari eskabide bakoitzari buruzko txosten tekniko bat bidaliko diote, eta bertan, Aginduan bildutako betekizunak betetzen direla aztertzeaz gain, eskabide bakoitzari dagokion balioespen-irizpideen hasierako ponderazio bat egingo da, eta, hala badagokio, eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoaren kalkulua.
3.– Batzorde bat eratuko da 11. artikuluan aipatutako lehenespen-irizpideen arabera eskabideen ebaluazio bateratua egiteko, eta batzordeak dagozkion ebazpenak bidaliko dizkio organo eskudunari, hala dagokionean laguntzen zenbatekoa adieraziz.
Batzordeak honako kide hauek izango ditu: Basquetourreko ordezkari bat eta Turismo Zuzendaritzatik edota Lurralde Ordezkaritzatik hiru pertsona, hauetariko bat batzordeko idazkaria izango dena, eta botorik izango ez duena, Titularrak ez badaude, ordezkoak izendatu ahal izango dira. Ahaleginak egingo dira batzorde horretan trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izateko. Batzorde horren konposizioa behar bezala jakitera emango da, Ekonomiaren, Garapen eta Lehiakortasuneko web gunean Turismo gunean (www.euskadi.eus/turismo).
Batzordea burujabea izango da erabakiak hartzerakoan, eta erabakiak bozketa-prozedura bidez hartuko dira. Ebaluazio Organoaren funtzionamenduari dagokionez, atal honetan aurreikusi gabe dauden kasu guztietan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan ezarritakoari jarraituko zaio.
Bere eginkizunak betetzeko, osatzen den kide anitzeko organoak, Administrazioaren zerbitzu teknikoei laguntzeko, langile adituen laguntza erabili ahal izango du diru-laguntza jaso duten arlo guztietan.
16. artikulua.– Diru-laguntza ebaztea eta ordaintzea.
1.– Turismo arloko Zuzendaritzak du eskumena erakundeek eskatutako laguntzak eman edo ukatzeko administrazio-ebazpenak eman eta jakinarazteko; sei hileko epea du horretarako, urteko deialdia argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita. Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezake interesdunak turismo arloan eskumena duen Sailburuordetzan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoari jarraiki. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da: http://www.euskadi.net/misgestiones/
2.– Epe hori igaro ondoren inolako ebazpenik eman edo jakinarazi ez bada, laguntza-eskaera ez dela onartu uler dezake erakunde interesdunak, organo eskudunak eskatutako laguntzari dagokionez berariazko ebazpena eman beharrari utzi gabe.
3.– Laguntzak emateko ebazpena erakunde interesdun bakoitzari jakinarazi beharko zaio banan-banan. Horretaz gain, erakunde esleipendunen zerrenda eta emandako laguntzen zerrenda urtero argitaratu ahal izango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
4.– Betiere, onartutako diru-laguntza zehaztuko du ematen den ebazpenak, eta Agindu honetako 17. artikuluan jarritako epea igarotakoan, ordaindu egingo da.
17. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.
1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak aparte utzi gabe; era berean, beste baldintza hauek ere errespetatu beharko dituzte:
a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Zentzu horretan, diru-laguntza ematearen Ebazpena jasotako egunetik hasi eta hamabost eguneko epean, onuradunak diru-laguntzari esanbidez eta idazki bidez uko egiten ez badio, diru-laguntza onartutzat hartuko da.
b) Diru-laguntza eman den xede jakinerako erabiltzea.
c) Helburu berberarekin edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk emandako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu dituela jakinaraztea diru-laguntza eman duen organoari.
d) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein zirkunstantzia objektibo zein subjektibotan aldaketarik badago, aldaketa hori egin baino lehen horren berri ematea.
e) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo arloan eskumena duen Sailak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, jasotako laguntzei dagokienez dituzten eginkizunak betez, eskatzen dieten informazio guztia aurkeztea.
f) Jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez, 4 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioaren egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.
g) Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legearen II. tituluko hizkuntza-eskubideak aipatzen dituen VII. kapituluan jasotako hizkuntza-eskubideak errespetatzea.
h) Administrazioaren laguntzak kontratatzen, adosten edo jasotzen dituzten erakundeei Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak betetzea.
18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan egindako aldaketa orok diru-laguntza hori emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal izango du, betiere diru-laguntzaren onuraduna izateko arau honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira.
Horretarako, Turismo Zuzendaritzak aldaketa egiteko dagokion ebazpena emango du, eta, bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.
19. artikulua.– Ikuskapena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo-arloan eskumena duen sailak egokitzat jotako ikuskaritza eta egiaztapen guztiak egingo ditu, diruz lagundutako jardunen garapenari eta egikaritzeari dagokionez; horrela, erakunde onuradunek eskatzen zaien informazio guztia aurkeztu beharko dute, eta hori guztia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiak egin dezaketen kontrola aparte utzi gabe, betiere bere eginkizunen egikaritzapenean jasotako laguntzei dagokienez.
20. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Erakunde onuradunak diru-laguntza emateko ebazpenean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritakoa betetzen ez badu, aurkeztutako datuak gezurrezkoak badira, dirua diru-laguntza ematea eragin zuen helbururako ez den beste baterako erabili badu, turismo-arloan eskumena duen zuzendaritzak ondorio horretarako irekitako espedientea bideratu eta interesdunari hamabost eguneko epean entzun ondoren, diru-laguntza galduko du eta jasotako dirua gehi dagozkion legezko interesak bi hilabeteko epean Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusira itzuli beharko ditu, bidezkoak diren gainerako ekintzak eragotzi gabe. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan ezarritakoaren arabera.
2.– Ez-betetze espedienteak hasteko eta horien bukaera ebazteko, Turismo Zuzendaritzak du eskumena. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da: http://www.euskadi.net/misgestiones/
21. artikulua.– Datu pertsonalak.
Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi hauetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdien izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, fitxategi batean sartuko dira, eta, hain zuzen, hauxe izango da fitxategi horien xedea: diru-laguntzen deialdiak kudeatzea eta deialdi horietan parte hartzen duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea. Turismo arloan eskumena duen Zuzendaritza da fitxategi horien arduraduna. Datuak eskuratu, zuzendu, kontsultatu eta horien aurka egiteko eskubideak Turismo arloan eskumena duen Zuzendaritza horretan erabili ahal izango dira. Horretarako, Donostia kaleko 1. zenbakira (01010, Vitoria-Gasteiz) jo beharko da.