EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-04-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2016067

53/2016 DEKRETUA, apirilaren 5ekoa, antzinatasuna dela-eta norberaren gauzetarako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko funtzionarioek, estatutupeko langileek eta lan-kontratuko langileek duten baimena ezartzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201600053
Xedapenaren data: 2016-04-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201601495
Maila: Dekretua
Aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren 8. artikuluko lehen atalean, kendu egin zen Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 48.2 artikulua, norberaren gauzetarako antzinatasun-baimenari buruzkoa, hain zuzen. Halaber, aipatutako artikulu beraren hirugarren atalean, hau dago xedatuta: «Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik, etenda eta ondoriorik gabe geldituko dira herri-administrazioek eta euren organismoek eta erakundeek, horiei atxikitakoak zein horien mendekoak izan, funtzionario eta langileentzat sinatutako akordioak, itunak eta hitzarmenak, baldin eta artikulu honetan aurreikusitakora egokitzen ez badira, zehazki gai partikularrengatiko, oporrengatiko baimenei eta norberak hartzeko egun gehigarriei edo antzekoei dagokienez».
Horren ostean, estatuko aurrekontuan aparteko kredituak eta kreditu-gehigarriak bideratzen dituen eta enplegu publikoaren eta ekonomia-sustapenaren alorrean beste hainbat neurri hartzen dituen irailaren 11ko 10/2015 Errege Lege Dekretuaren 2.2 artikuluak Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legea aldatu, eta hamalaugarren xedapen gehigarria gehitu dio, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuarekin bat, honela idatzita: «Seigarren hirurtekoa betetakoan, administrazioak gehienez ere bi egun gehigarri eman ahal izango ditu norberaren kontuetarako. Zortzigarrenetik aurrera betetzen den hirurteko bakoitzeko, gehienez ere beste egun bat gehitu ahal izango da». Eta lehen xedapen gehigarrian, hau dago xedatuta: «Aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren 8. artikuluaren 3. atalak herri-administrazioetako eta haiei lotutako edo haien mendeko organismo eta erakundeetako funtzionario eta lan-kontratudun langileentzako hitzarmen, itun eta akordioei dagokienez ezartzen duen muga errege lege-dekretu honek funtzionario publikoen baimenei eta oporrei emandako testu berriari dagokiola joko da».
Bere eragin-eremuko langileei norberaren gauzetarako antzinatasun-baimenak arautzeko proposamen bat aurkeztu du Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Negoziazio Mahai Orokorrean.
Kontuan hartuta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bateginaren hamahirugarren xedapen gehigarria (irailaren 11ko 10/2015 Errege Lege Dekretuaren bidez sartua), eta Euskal Autonomia Erkidegoko Negoziazio Mahai Orokorraren negoziazioan akordiorik izan ez denez, mahai horren negoziazio-eremuko langileen baimenen erregulazioa homogeneizatzeko xedez, dekretu honen bidez arautzen da antzinatasuna dela-eta norberaren gauzetarako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko funtzionarioek, estatutupeko langileek eta lan-kontratuko langileek duten baimena.
Aintzat hartzen dira Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 5.1 artikuluko a) eta d) letrak, non ezartzen baita Eusko Jaurlaritzari dagokiola funtzio publikoaren alorrean erregelamenduak egiteko ahalmena baliatzea, eta, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak proposatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileei buruzko politika orokorra ezartzea.
Ondorioz, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko apirilaren 5eko bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoko Negoziazio Mahai Orokorrean ordezkatuta dauden langileei aplikatuko zaie; hain zuzen ere, jarraian adierazten diren negoziazioko sektore hauetakoak diren langileei:
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioak.
– Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioak.
– Ertzaintzako langileak.
– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileak.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtzionarioak, betiere, aplikagarri zaien araudiaren esparruan.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lan-kontratuko langileak.
– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko lan-kontratuko irakasle eta hezitzaileak.
– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko lan-kontratuko langileak.
– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko erlijioko lan-kontratuko langileak.
– Segurtasun Saileko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako lan-kontratuko langileak.
2. artikulua.– Norberaren gauzetarako baimena.
1.– Seigarren hirurtekoa betetakoan, langileek bi egun gehigarri izango dituzte norberaren gauzetarako. Beste egun bat gehituko da zortzigarrenetik aurrera betetzen den hirurteko bakoitzeko.
2.– Urte osoan lanaldi osoan aritzen diren langileen kasuan, baimen horren iraupena eguneko 7 ordu eta 30 minutukoa izango da, eta lanean emandako denbora gisa hartuko da.
3.– Artikulu honetan aitortutako baimen hori hartzeko baldintzak sektoreko mahaietan ezarriko dira.
AZKEN XEDAPENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean dekretu hau, eta ondorioak izango ditu 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko apirilaren 5ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.