EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-04-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2016064

EBAZPENA, 2016ko martxoaren 31koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, Vitoria-Gasteizko tranbiaren hegoaldeko hedapenaren 1. faseari buruzko informazio-azterlana jendaurrean jartzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-03-31
Hurrenkenaren zenbakia: 201601433
Maila: Ebazpena
2001eko otsailaren 27ko 41/2001 Dekretu bitartez behin betiko onetsi zen Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan Trenbide Sarearen Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planak Vitoria-Gasteizko tranbia hegoalderantz zabaltzea proposatzen du, definitu gabeko eran, tranbiaren hedapen arrazoizkoena dela ulertuta.
Proposatzen den tranbiaren hedapenak Adurza eta San Kristobal auzoek garraio-sistema horren bitartez hiriaren erdigunearekin eta ipar-mendebaldearekin duten lotura hobetzeko aukera ematen du. Halaber, auzo horiek autobus geltoki berriarekin lotzeko aukera ere eskaintzen du eta zerbitzu berria ematen die Unibertsitateari eta haren eraginpeko guneari.
Hori guztia dela eta, informazio-azterlan honen xedea tranbiaren hedapena da, une honetan ustiatzen ari den eta Angulema kalean dagoen linearen hegoaldeko muturretik Arabako Unibertsitateko campusaren ingururaino luzapen lineala eginez.
Dokumentuak informazio-azterlan mailan definitzen ditu Vitoria-Gasteizko tranbia Unibertsitateraino luzatu ahal izateko beharrezkoak diren lanak, tranbiaren luzapenak hiriko egituran izan behar duen bideragarritasuna eta bateragarritasuna bermatuz, lanaren nondik norakoarekin bat etorriko den aurrekontua aurreikusiz, eta izapidetzea aurrera eramateko indarrean dagoen legediak eskatzen dituen gainerako azterlan eta eduki guztiak barne hartuz.
1.340 metro luze den trazatua Angulema kalean hasi eta Florida kaletik luzatuko da, ezkerrera egingo duen biraren bitartez, bidearen iparraldean kokatuz. Ondoren, ADIFen trenbideko trintxera gurutzatuko du, zabaldu egin beharko den Triana kaleko zubitik. Castro Urdiales kaletik jarraituko du Nieves Cano kalerantz eta Martinez de Aragón kalearen lorategi ingurunean amaituko da.
Hainbat tipologia daude aurreikusitako 4 geralekuetarako, hirigunean izan behar duten txertatze motaren arabera. Floridako eta Hegoaldeko geralekuek erdian izango dute nasa, eta Triana kaleko zubikoak eta Unibertsitatekoak albo batean izango dute, hirian dagoen garraio publiko errodatuarekin batera erabili ahal izateko.
Proiektu honen idazketa Garraio Azpiegitura Zuzendaritzako Zerbitzu Teknikoek gainbegiratu dute, ikuspegi teknikotik zuzena dela eta trenbide alorreko araudi berezia betetzen duela egiaztatuz, eta baita Tren Sektoreko Araubidearen 11. artikulutik 16.era bitarteko artikuluetan eta indarrean dauden bestelako lege xedapenetan xedatutakoa ere.
Organo hori eskuduna da Gobernu Kontseilurako erreserbaturik ez dauden Trenbide sareko proiektuen idazketarako eta onespenerako, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 30eko 248/2014 Dekretu bitartez eraldatutako apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.1 b) artikuluan xedatzen dena kontuan izanik.
Tren Sektoreko Araubidearen 10.5 artikuluak ezartzen duenez, behin betiko onespenaren aurretik, informazio-azterlanak jendaurreko informazio prozesua igaro beharko du 30 egun balioduneko epean, trazatuaren ikuskera orokorraren gaineko alegazioak aurkeztu ahal izateko, interes orokorrean eragina duen heinean.
Halaber, otsailaren 27ko Euskadiko Ingurumenaren Babeserako 3/1998 Lege Orokorrak, eta abenduaren 9ko Ingurumen Ebaluaziorako 21/2013 Legearen 36. artikuluak ezartzen dutenez, proiektuaren ingurumen-inpaktuko azterlanak organo erabakitzaileak aplika dezakeen prozedura bera jarraitu beharko du.
Aipatutako xedapenak eta gainerako baterakoak eta aplikazio orokorrekoak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Vitoria-Gasteizko tranbiaren hegoaldeko hedapenaren 1. faseari buruzko informazio-azterlana eta horren ingurumen-inpaktuko azterlana jendaurrean jartzea, ebazpen honen azken argitalpenaren hurrengo egunetik zenbatuko den hogeita hamar egun balioduneko epean, udalek, elkarteek eta norbanakoek horren edukiari dagokionez bidezkoak irizten dizkioten alegazioak aurkeztu ahal ditzaten, interes orokorreko adierazpena, trazatuaren ikuskera orokorra eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa justifikatzen duten abaguneak kontuan izanik.
Aipatutako epe horren barruan, informazio-azterlana jendearen esku egongo da, aztertu ahal izateko, Garraio Azpiegitura Zuzendaritzan, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailean, Vitoria-Gasteizko Donostia-San Sebastián kaleko 1 zenbakian, Vitoria-Gasteizko Udalean eta www.euskadi.eus webgunean, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren atalean.
Eta horren berri ematen da, denek horren berri izan dezaten.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 31.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA ALMUDENA RUIZ DE ANGULO DEL CAMPO.