EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-04-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2016063

AGINDUA, 2016ko martxoaren 16koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2016. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programako plazen deialdia egiteko dena.

Xedapenaren data: 2016-03-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201601415
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du gazte-politikaren alorrean. Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, bestalde, gazteen alorreko ekintza zuzenak garatzeko eskumena, besteak beste, esleitu zien Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunei bere 7. artikuluan.
Arau-esparru horretatik abiatuta, eta jardun-arlo horretan inplikaturiko erakundeen eskumenak errespetatuta, Eusko Jaurlaritzak auzolandegiak antolatzeko programa bat kudeatu ohi du Kultura Sailaren bitartez.
Ondorioz, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2016. urteko Auzolandegiak programako plazen deialdia. Agindu honetako I. eranskinean ezarritako oinarriek arautuko dute programa.
2. artikulua.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
3. artikulua.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo berari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 16a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN 2016. URTEKO «AUZOLANDEGIAK» PROGRAMAKO PLAZEN DEIALDIKO OINARRI OROKORRAK
Lehenengoa.– Xedea.
Oinarri hauen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2016. urteko «Auzolandegiak» programako plazen deialdia arautzea.
Bigarrena.– Definizioa.
1.– Hona auzolandegitzat zer hartzen den: hainbat jatorritako gazteek beren borondatez eta eskuzabaltasunez konpromisoa hartzen dute gizarte proiekzioko egitasmo bat eta jarduera osagarriak garatzeko, denbora-tarte jakin batean, eta egitasmo horren bitartez, besteak beste, elkarbizitza, tolerantzia, elkartasuna, parte-hartzea eta kulturartekotasuna sustatzen dira.
2.– Auzolandegietan parte hartzen duten pertsonek ostatua eta mantenu osoa izango dituzte.
3.– Aseguruak. Deialdi honetan eskaintzen diren auzolandegietan parte hartzen duten pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak hitzartutako istripu-aseguruko kontratuetan eta erantzukizun zibilekoetan ezarritako baldintzetan egongo dira aseguratuta.
4.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kirol Zuzendaritza gazteen eta autonomia-erkidegoaren edo auzolandegiaren erakunde antolatzailearen arteko lotura izango da, beste autonomia-erkidego batzuek eta Nazioarteko Boluntario Zerbitzuak (SVI) antolatutako auzolandegien kasuan. Auzolandegiok dagokien araudiari egingo diote men, eta ez da erantzule izango honako auziei dagokienez: behin betiko onartuak, data-aldaketak, txandak bertan behera uztea, ostatu- edo elikadura-motak, lanorduak, astialdiaren antolaketa edo kuota itzultzea.
5.– Auzolandegia dagoen tokirainoko bidaia parte-hartzailearen kontura izango da. Halaber, parte-hartzailearen erantzukizuna izango da, herritartasuna nongoa duen, auzolandegia dagoen atzerriko herrialde batean sartzeko beharrezko dituen dokumentuez hornitzea.
6.– Deialdi honetako partaideek ezin izango dute auzolandegi batean baino gehiagotan parte hartu.
Hirugarrena.– Eskaintzen diren plazei buruzko informazioa.
1.– Deialdi honetan plazak eskaintzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan, Estatuko beste autonomia erkidegoetan eta beste herrialdeetan garatuko diren auzolandegietan.
Eskaintzen diren plazak www.gazteaukera.euskadi.eus atarian kontsulta daitezke, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, O eraikina, 3. solairua, Vitoria-Gasteiz), bai eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde-zerbitzuetan ere (San Prudentzio 18, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia 85, Bilbao; Andia kalea 13, Donostia).
2.– Euskal Autonomia Erkidegoan eskainitako plazetatik, % 10 gordeko dira aniztasun funtzionalen bat dutenek betetzeko, auzolandegiko jarduera-motaren arabera.
3.– Aniztasun funtzionalen bat dutenek laguntzaile bat izango dute auzolandegian dauden bitartean.
4.– Eskaintzen diren plazen zerrenda aldatuz joango da, eskabideak aurkezteko epea irekitzen denetik aurrera plazok ezabatu egingo direlako arian-arian, erreserbatzen diren heinean, eta, bestalde, plaza berriak eskaini litezkeelako.
5.– Auzolandegien programari buruzko informazioa toki hauetan eskura daiteke: www.gazteaukera.euskadi.eus atarian, Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Informazio Zerbitzuetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, O eraikina, 3. solairua, Vitoria-Gasteiz), bai eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde-zerbitzuetan ere (San Prudentzio 18, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia 85, Bilbao; Andia kalea 13, Donostia).
Laugarrena.– Plaza lortzeko betekizunak.
Honako hauek dira deialdi honetako auzolandegietan plaza bat lortzeko betekizunak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri bateko erroldan inskribatuta egotea, oinarri hauek EHAAn argitaratu aurretik.
b) Dagokion auzolandegian lan egiteko eskatzen den adina izatea auzolandegia hasteko egunean.
c) Gazte emantzipatu gabeen kasuan, horien gaineko guraso-agintea edo tutoretza dutenen baimena.
d) Hala dagokionean, auzolandegian parte hartzeko ezaguera espezifikoak izatea.
e) Eskaria eta izen-ematea adierazten den epean eta moduan egin izana.
f) Auzolandegien programan inskripzio-kuota ordaindu izana.
g) Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari eranskin honetako zazpigarren oinarriko bigarren puntuan adierazitako dokumentazioa eranskin honetako zazpigarren oinarriko hirugarren puntuan eskatzen den epearen barruan bidali izana.
h) Deialdi honetan ezin izango dute izena eman, azken hiru urteetan, plaza baten esleipendun izanik auzolandegian parte hartu ez eta aldez aurretik Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari plazari uko egiten diotela jakinarazi ez diotenek.
Bosgarrena.– Izena aurretik emateko eskabideak aurkezteko eta plaza eskatzeko epea.
1.– Auzolandegietan parte hartu nahi dutenek apirilaren 6tik 12ra, biak barne, aurkeztu ahal izango dute izena aurrez emateko eskabidea, Internet bidez.
2.– Aniztasun funtzionala dutenek plaza-eskaria Eusko Jaurlaritzaren bulegoetan egin beharko dute 15 egun naturaleko epean apirilaren 6tik kontatzen hasita.
Seigarrena.– Eskabideak tramitatzea.
Eskabideak tramitatzeko bi prozedura burutuko dira: txanda askekoa bata, eta aniztasun funtzionala dutenentzakoa, bestea.
1.– Txanda askea.
1.1.– Izena aurrez emateko eskabidea.
Auzolandegietan parte hartzeko interesa dutenek izena aurrez emateko eskabidea egin beharko dute Internet bidez, www.gazteaukera.euskadi.eus webgunean auzolandegiei dagokien helbidean dagoen formularioa beteta. Eskabide-zenbakia emango zaie. Eskabidearen eta dagokion zenbakiaren bitartez, beranduago egingo den zozketan parte hartu ahal izango dute.
Interesdun bakoitzak izena aurrez emateko eskabide bakarra egin ahal izango du. Formularioa betetzeko unean akatsen bat gertatuz gero, interesduna Gazteria eta Kirol Zuzendaritzarekin harremanetan jarri beharko da.
Izena aurrez emateko eskabideak baliorik gabe geratuko dira pertsona berak izena aurrez emateko eskabide bat baino gehiago egin duela antzematen bada, eskabideak behar bezala beteta ez badaude edo deialdi honetako auzolandegi batean plaza eskuratzeko baldintzak ez badira betetzen.
1.2.– Zozketa.
Izena aurrez emateko jaso diren eskabideak egiaztatu eta gero, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kiroletako zuzendariaren behin-behineko zerrendaren ebazpena argitaratuko da www.gazteaukera.euskadi.eus webgunean. Bi eguneko epea emango da akatsak zuzentzeko.
Akatsak zuzentzeko epea amaitu eta gero, izena aurrez emandakoen behin-betiko zerrenda argitaratuko da webgune horretan, eta zozketa egingo da.
Zozketa bat egingo da, notario aurrean, jaso eta egiaztatu diren aurreinskripzio-eskabide guztien artean.
Zozketa horretan zenbaki bat aterako da. Zenbaki hori eskabide bati dagokio, eta eskabide horretatik aurrerako guztiei esleituko zaizkie dei bat egiteko eguna eta ordua.
Zozketan ateratako zenbakia hautaketa-ordenako lehenengoarekin bat etorriko da, eta hautaketarako zenbakiak elkarren ondokoak izango dira, harik eta deialdian eskainitako auzolandegietako plaza-kopuruaren bikoitza bete arte.
Izena aurrez emateko eskabide gehiago egongo balitz eskainitako plaza-kopuruaren bikoitza baino, zozketan dei-txandarik eskuratu gabe geratuko liratekeenek ezingo lukete deialdi honetan izena eman.
Izena aurrez emateko eskabideen kopurua deialdian eskainitako plaza-kopuruaren azpitik balego, dei-txanda esleituko zaie eskaera guztiei.
Zozketan hitzordua lortzen duten eskatzaileek sms bat eta e-posta bat jasoko dute eskuratutako hitzorduaren berri emateko: auzolandegiko plaza aukeratzeko eta izena emateko deitu behar duten eguna, ordua eta telefono-zenbakia.
Zozketaren emaitza eta esleitutako eguna eta ordua www.gazteaukera.euskadi.eus webgunean argitaratuko dira. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kirol Zuzendaritzan ere kontsultatu ahal izango dira (Donostia kalea 1, O eraikina, 3. solairua. Vitoria-Gasteiz), bai eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde-zerbitzuetan ere (San Prudentzio 18, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia 85, Bilbao; Andia kalea 13, Donostia).
1.3.– Izena ematea.
Esleitutako egunean eta orduan, telefono-deia egin beharko da une horretan eskuragarri dauden plazen artean bat hautatzeko. Plaza aukeratzeko eta dagokion izen-ematea burutzeko nahikoa denbora emango da. Denbora hori aukera egin gabe agortuko balitz, txanda eta hautatzeko aukera galduko dira.
Eskatzaileak bere aukeren arteko lehentasuna erabakita izan beharko du, deia egin aurretik, plazak agortuta baleude ere, dei bakoitzerako denbora-muga jakina dagoelako.
Plaza aukeratu eta gero, eskatzailea bertan izena emanda geratuko da. Plazari buruzko dokumentazioa Interneten izango du eskuragarri, www.gazteaukera.euskadi.eus webguneko auzolandegien atalean.
Plaza-eskaera egitean, plaza hori desagertu egingo da eskuragarri dauden plazen eskaintzatik, izena emateko kuota ordaintzeko ematen den eperako.
Zozketan deia egiteko esleitu den egunean eta orduan telefono-deia egiten ez duenak txanda galduko du.
Plazak agortzen diren unean, www.gazteaukera.euskadi.eus webgunean jakinaraziko da hori, bai eta izena emateko eskura jarriko den telefonoan ere, eta izena emateko prozesua itxi egingo da.
1.4.– Bete gabeko plazak.
Izen emateko epea amaitzean, plaza hutsik badago, www.gazteaukera.euskadi.eus webgunean jakinaraziko da, eta denbora-tarte bat utziko da interesdunek plaza erreserbatzeko, horretarako jakinaraziko den telefono-zenbakira deituta. Aurreinskripzioa egin arren plazarik lortu ez duten guztiek izango dute parte hartzeko aukera. Plazak erreserbatu ahala, zerrendatik kentzen joango dira.
2.– Aniztasun funtzionala duten pertsonentzako txanda.
2.1.– Plaza-eskaera.
Aniztasun funtzionala duten lagunek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko bulegoetan bertaratuta eskatu beharko dute plaza.
Gazteria eta Kirol Zuzendaritza:
Donostia kalea 1, O eraikina, 3. solairua
01010 Vitoria-Gasteiz
Telefonoak: 945 01 95 01 - 945 01 95 36
Bizkaiko Lurralde Zerbitzua:
Kale Nagusia 85
48011 Bilbao
Telefonoa: 94 403 16 53
Gipuzkoako Lurralde Zerbitzua:
Andia kalea 13
20004 Donostia
Telefonoa: 943 02 29 64
Pertsona bakoitzak plaza bat hautatu ahal izango du. Eskaintza handiegia izanez gero, zozketaren kariaz, eskaera-zenbaki bat esleituko zaio.
2.2.– Zozketa eta plazaren erreserba.
Auzolandegia aniztasun funtzionala duten bi lagunek edo gutxiagok eskatu badute, plaza zuzenean erreserbatuko zaie, izena emateko ezarritako epea bete eta gero.
Auzolandegi batean edo gehiagotan plaza-kopurua baino eskaera gehiago egonez gero, zozketa egingo da. Zozketan zehaztuko da eskabideen zein hurrenkeraren arabera hautatu ahal izango diren plazak. Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak ateratako hurrenkeraren arabera egingo ditu deiak, eta interesdunek hurrenkera horren arabera hautatuko dute plaza.
Plazak agortzen diren unean edo eskatzaile guztiei hautua egiteko aukera eman zaienean, www.gazteaukera.euskadi.eus webgunean emango da horren berri, eta izena emateko prozesua itxi egingo da.
Zozketaren emaitza, esleitutako plazaren erreserba barne, www.gazteaukera.euskadi.eus webgunean argitaratuko dira. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kirol Zuzendaritzan ere kontsultatu ahal izango dira (Donostia kalea 1, O eraikina, 3. solairua. Vitoria-Gasteiz), bai eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde-zerbitzuetan ere (San Prudentzio 18, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia 85, Bilbao; Andia kalea 13, Donostia). Zerrendan eskaera-zenbakiak eta zozketatik ateratako plaza erreserbatuak agertuko dira.
Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak telefono-dei eta posta elektroniko bidez konfirmatuko ditu, bai zozketen emaitza, bai hautatutako plazaren edo plazen erreserba eginda dagoen ala ez.
Zazpigarrena.– Inskripzioen tramitazioa eta plazen esleipena.
1.– Izena emateko kuota ordaintzea.
Plazaren eskabidea txanda askean egin duen interesdunak dagokion inskripzio-kuota ordaindu beharko du, egun natural bateko epean, plaza hautatu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Behin kuota ordainduz gero, plaza erreserbatuta gelditzen da eskatzailearen izenean.
Aniztasun funtzionala dutenen kasuan, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak eskatutako dokumentazioa bidali eta plazaren erreserba konfirmatu eta hurrengo bi egun naturalen barruan egingo da ordainketa.
Euskadin, 110 euroko kuota ezarriko da. Hori xedatzen duen araua da 2015eko apirilaren 1eko Agindua, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Auzolandegiak egitasmoan izena emateko kuotaren prezio publikoa ezartzekoa.
Gainerako autonomia erkidegoetan, horietako bakoitzean unean bertan indarrean dagoen izena emateko kuota ordainduko da.
Beste herrialde batzuetako auzolandegiek Euskal Autonomia Erkidegoari ez dagokion diru-sarrera osagarria ezartzen dute (aparteko kuotak). Boluntarioak auzolandegira heltzen den egunean bertan esku-dirutan ordaindu behar ditu kuota horiek.
2.– Izena emateko eskatutako dokumentazioa:
Gazteria eta Kirol Zuzendaritzara bidaliko da ondoko dokumentazioa:
a) Eskaera-orria beteta eta sinatuta.
b) Inskripzio-kuota ordaindu izana egiaztatzen duen agiria.
c) Gazte emantzipatugabeen kasuan, horien gaineko guraso-agintea edo tutoretza dutenen baimena.
d) Aniztasun funtzionalaren ziurtagiria, hala badagokio.
e) Nortasun agiri nazionalaren, pasaportearen edo nortasuna egiaztatzeko antzeko agiri baten fotokopia, edota nortasun datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.
f) Erroldatze-egiaztagiria, Auzolandegiak 2016ko deialdi hau EHAAn argitaratu ondoren egindakoa, edota erroldatze datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.
3.– Dokumentazioa bidaltzeko epea.
Plaza txanda askean eskatu eta hautatu duenak, izena emateko kuota ordaindu eta gero, dagokion dokumentazioa inprimatu beharko du eta Gazteria eta Kirol Zuzendaritzara bidali, behar bezala beteta eta sinatuta, eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera, egun natural bateko epean, plaza aukeratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Aniztasun funtzionala dutenek, ordainketa egin eta dokumentazioa jaso eta gero, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari itzuli beharko diote dokumentazioa, behar bezala beteta eta sinatuta, eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera, lau egun naturaleko epean.
Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
4.– Izen-emateak bertan behera uztea.
Aurreinskripzio-eskabideak baliorik gabe geratuko dira, honako kasu hauetan:
– Aurreinskripzioaren eskabideko datuak eta identifikazio-datuak bat ez badatoz.
– Izena emateko kuota ordaintzeko epea igaro eta ordainketarik egin ez bada.
– Inskripzioari dagokion dokumentazioa aurkezteko epea igaro bada; edota pertsona interesdunak berariaz eta idatziz hala eskatzen badu. Interesdunak idazkian honako datu hauek adierazi beharko ditu: bere izena eta bi abizenak; bere NANaren edo atzerritarraren identifikazio-zenbakiaren zenbakia; zein auzolandegitan utzi nahi duen bertan behera bere izen-ematea eta auzolandegi horren datak; interesdunak sinatu egin beharko du idatzizko eskabidea.
Izen-ematea bertan behera uzteko eskatzeko idazkia Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kiroletako zuzendariari zuzendu behar zaio, eta zazpigarren oinarriko bigarren puntuan aipatutako tokiren batean aurkeztuko da.
5.– Plazak behin betiko esleitzea.
Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak eranskin honetako zazpigarren oinarriko bigarren puntuan adierazitako inskripzio-agiria eta dokumentazioa jaso eta gero, eskatutako plaza esleituko da. Pertsona interesdunari berariaz jakinarazteaz gainera, plazen esleipena jendaurrean jarriko da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kiroletako zuzendariaren ebazpen baten bidez, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, sei hilabeteko epean.
Atzerriko auzolandegietan, plaza esleitu aurretik, dagokion auzolandegiaren tokian tokiko arduradunen oniritzia beharko da, bai eta oniritziaren berariazko jakinarazpena ere.
Plaza lortu duenak auzolandegiari uko egiten badio, idatziz jakinarazi beharko dio Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari lehenbailehen.
Zortzigarrena.– Akatsak zuzentzea.
Izena emateko eskabidea izapidetzea onartzeko eskatzen diren agirietakoren bat faltako balitz edo agiriotan formazko akatsen bat balego, hamar laneguneko epea emango zaio interesdunari, akatsa zuzen dezan edo beharrezkoak diren agiriak aurkez ditzan. Jakinarazpen horretan adieraziko zaio hori egin ezean, ebazpena emango dela eta, ondoren, eskabidea baliogabetutzat joko dela.
Bederatzigarrena.– Deialdiaren tramitazioan argitara eman beharrekoak non jarriko diren.
Deialdi honen tramitazioan argitara eman beharrekoak honako toki hauetan jarriko dira jendaurrean: www.gazteaukera.euskadi.eus atarian, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzaren iragarki tauletan (Donostia kalea, 1, O eraikina, 3. solairua, Vitoria-Gasteiz), bai eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde-zerbitzuetan ere (San Prudentzio 18, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia 85, Bilbao; Andia kalea 13, Donostia).
Hamargarrena.– Plazari uko egitea eta inskripzio-kuota itzultzea.
1.– Parte-hartzaileek edozein momentutan uko egin ahal izango diote plazari, auzolandegiak hasi baino lehen. Horretarako, agindu honen II. eranskina bete eta sinatu beharko dute.
2.– Gainera, kuota itzultzeko eskubidea badute, Aginduaren III. eranskina ere bete eta sinatu beharko dute.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko eta atzerriko auzolandegietan izena emateko ordaindu beharreko prezio publikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzeko den irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren 34.6 artikuluan xedatutakoaren arabera itzuli ahalko da, hau da, prezioa ordaintzera behartutakoari egoztekoak ez diren arrazoiengatik jarduera egiterik ez dagoenean, edo zerbitzua ematen ez denean.
4.– Parte ez hartzeko arrazoia Administrazioari egotzi ezin zaionean, honakoak egiaztatu beharko dira:
4.1.– Auzolandegian parte hartzea galarazten duen zergatia honako egoera hauetakoren bat dela:
a) Gazteari auzolandegian parte hartzea galarazten dion gaixotasuna edo istripua.
b) Bigarren mailara arteko odolkide edo ezkontza-ahaide baten gaixotasuna edo heriotza.
c) Ezinbestez, arrazoiak behar bezala justifikatuta.
Beste zergati hauek ez dira aintzat hartuko: zazpigarren oinarriaren 2. puntuan eskatutako dokumentazioa ez igortzea edo epez kanpo igortzea, lana aurkitu izana, ikasketetan emaitza txarrak lortu izana, auzolandegiaren data berberetan egitekoa den beste jarduera-programaren batean plaza lortu izana. Izan ere, egoera horiek prezioa ordaintzera behartuta dagoen pertsonari egoztekoak ez diren arrazoien multzotik kanpo daudela jotzen da.
4.2.– Plazari uko egiteko orria (agindu honen II. eranskinean jasoa), Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kiroletako zuzendariari zuzendua, auzolandegia hasi baino lehenago aurkeztu dela, ondo beteta eta sinatuta. Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean. Plazari uko egiteko orriarekin batera plazari uko egiten dion pertsonaren NANaren edo atzerritarraren identifikazio-zenbakiaren fotokopia ere aurkeztu beharko da.
Plazari uko egiteko orria www.gazteaukera.euskadi.eus gazte-atariko Auzolandegiak atalean egongo da.
4.3.– Gainera, kuota itzultzeko eskatu nahi duenak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2016ko urriaren 31 baino lehenago:
a) Kuotaren itzulketa eskatzeko orria (agindu honen III. eranskinean), ondo beteta eta sinatuta.
b) Auzolandegian parte hartzea galarazten duen gorabeheraren justifikazio frogagarria aurkeztea, hala badagokio, kasuan kasuko erakunde publikoak emana.
c) Hirugarren interesdunaren datuei alta emateko orria (auzolandegian izena eman duena), behar bezala beteta eta sinatuta, hurrengo atarian eskura egongo dena:
http://www.euskadi.eus/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html
d) Auzolandegiak programan izena eman eta ordaindutako kuota itzultzeko eskatzen duen pertsonaren NANaren edo atzerritarraren identifikazio-zenbakiaren fotokopia.
Bai kuota itzultzeko eskatzeko orria bai hirugarren interesdunaren datuei alta emateko orria www.gazteaukera.euskadi.eus gazte-atariko Auzolandegiak atalean eskura egongo dira.
5.– Behin gaztea auzolandegian hasita, ezinbestez jarraitzerik ez duenean kuota itzuli ahalko zaio, betiere ondo justifikatutako kasuetan. Halakoetan, gazteak auzolandegian parte hartzen ez duen egunen kopuruari dagokion proportzioan itzuli ahalko zaio dirua, baina egun-kopuru horrek auzolandegiaren txandak orotara irauten duenaren % 50 izan beharko du gutxienez.
6.– Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kiroletako zuzendariak ebazpena emango du kuota itzultzeko eskaera aurkezten den egunetik hasi eta bi (2) hilabeteko epean.
7.– Estatuko beste autonomia erkidegoetako auzolandegietako inskripzio-kuotaren itzulketa erkidegoan erkidegoko araudietan xedatutakoaren arabera egingo da.
Hamaikagarrena.– Jarduera bertan behera uztea.
Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak, ikuspuntu teknikoaren aldetik edo egokitasunaren aldetik beharrezkoa dela deritzonean, bertan behera utzi ahal izango du Euskadiko Autonomia Erkidegoan egin beharreko auzolandegi bat, aldez aurretik Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kiroletako zuzendariak horren aldeko ebazpena eman ondoren.
Hori gertatzen denean, bertan behera utzitako auzolandegian inskribaturiko pertsonak beste auzolandegi batera bideratu ahalko dira, baldin horretarako aukera badago eta beti ere haien borondatez. Bestela, inskripzio-kuota itzultzeko eskubidea izango dute. Halere, ordaindutako kuota berreskuratzea dagokien pertsonek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte urriaren 31 baino lehenago, aurrez aurre Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean:
a) Kuotaren itzulketa eskatzeko orria (agindu honen III. eranskinean), ondo beteta eta sinatuta.
b) Hirugarren interesdunaren datuei alta emateko orria (auzolandegian izena eman duena), behar bezala beteta eta sinatuta, hurrengo atarian eskura egongo dena:
http://www.euskadi.eus/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html
c) NANaren edo atzerritarraren identifikazio-zenbakiaren fotokopia.
Bai kuota itzultzeko eskatzeko orria bai hirugarren interesdunaren datuei alta emateko orria www.gazteaukera.euskadi.eus gazte-atariko Auzolandegiak atalean eskura egongo dira.
Hamabigarrena.– Datu-pertsonalen erabilera.
1.– Auzolandegietan izena emateko beharrezkoa izango da, aurretik, berariazko baimen idatzia aurkeztea, non pertsona interesdunak onespena ematen duen bere datu pertsonalak erabiliak izateko eta eskatutako auzolandegiak kudeatuko dituzten autonomia erkidegoetako administrazioei eta atzerriko elkarteei jakinarazteko, betiere Auzolandegiak programaren kudeaketarako ezinbestekoa baldin bada.
Horrenbestez, Auzolandegiak programan plaza eskatzen duten gazteen datu pertsonalak Eusko Jaurlaritzako Auzolandegiak / Campos de trabajo izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna, eta Auzolandegiak programaren kudeaketarako baino ez du erabiliko.
2.– Gainera, Auzolandegiak programaren deialdian parte hartu eta baimena ematen duten pertsonen datuak Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzaren ardurapekoa den harremanetarako fitxategian sartuko dira. Fitxategiaren helburua Gazteria eta Kirol Zuzendaritzaren kudeaketarekin loturiko informazioa zabaltzea da.
3.– Aipatutako bi fitxategiak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko eta HABEko datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituen 2006ko uztailaren 27ko Aginduari jarraikiz sortu dira (2006ko irailaren 11ko EHAA, 173. zenbakia), eta Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikopean eta otsailaren 25eko 2/2004 Legearen mendean geratuko dira (Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko Legea).
4.– Interesdunak bere datuak ikusi, zuzendu edo ezabatu ahal izango ditu, baita fitxategian ez sartzeko eskatu ere; horretarako, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara idatzi beharko du (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba).