EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-04-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2016062

EBAZPENA, 2016ko martxoaren 23koa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, hezkuntza-arloko Elkarrekin Bonuak Programaren 2016ko deialdia egiten duena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2016-03-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201601394
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2014/06/20an argitaratutako 2014/06/17ko 201400110 DEKRETUA

Ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren bidez, Elkarrekin Bonuak Programa arautzen da, hots, bakearen, giza eskubideen, indarkeriarik ezaren eta printzipio demokratikoen sustapena sustatzeko ekimen osagarri bat. Programaren helburu nagusia da elkarte-sarearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza-ekintzak ugaritzea, hain zuzen ere bizikidetza- eta adiskidetze-kultura sendotze aldera.
Programa honen bidez, diru-laguntzak jasoko dituzte bizikidetzaren eta gizarte-topaketaren kultura berri bat bultzatzera bideratutako proiektuek, baldin eta egitasmo horiek batera sustatzen badituzte irabazi-asmorik gabeko elkarteek eta hiru arlo hauekin lotutako erakunde publikoek: hezkuntza, udaletako errealitatea eta herritarren parte-hartzea.
Horren haritik, dekretu horren 5. artikuluan hiru laguntza-ildo biltzen dira, eta horietako bat hezkuntza-arloan garatzen diren proiektuak finantzatzera bideratuta dago. Hain zuzen ere, laguntza-ildo hori gauzatzeko egiten da deialdi hau, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin lankidetzan.
Aipatutako dekretuaren 7. artikuluaren arabera, laguntzak emateko deialdia urtero egingo da, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta deialdiak honakook jasoko ditu: deialdiaren xedea, diru-laguntzaren ildo bakoitzerako zuzkidura, bonuen zenbatekoa, proiektuen erakunde hartzaileek eman beharreko gutxieneko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko tokia eta epea, eskabide-eredu normalizatu bat, diru-laguntzak justifikatzeko epea eta modua eta, hala dagokionean, bide elektronikoak erabiltzeko prozedura eta jarraibideak.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da hezkuntza-arloko Elkarrekin Bonoak Programaren 2016ko deialdia egitea.
2. artikulua.– Denbora-eremua.
Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuak 2016ko ekitaldian garatu beharko dira, eta betiere amaituta egon beharko dute 2015eko abenduaren 31n.
3. artikulua.– Diru-zuzkidura.
Programa honetarako 250.000 euro bideratuko dira. Funts hori honela osatu da: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 100.000 euroko ekarpena egin du, eta Lehendakaritzak, 150.000 eurokoa.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta hartzaileak.
1.– Elkarrekin Bonuak Programaren onuradun izango dira irabazi-asmorik gabeko erakundeak, bake eta bizikidetza gaietan aritzen direnak. Erakundeok Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta behar dute, Euskal Autonomia Erkidegoa izan behar dute jardun-eremu, eta ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuan ezarritako baldintzak bete.
2.– Hezkuntza-arloko proiektuen hartzaileak ikastetxeak izango dira.
5. artikulua.– Bonuen zenbatekoa eta gehieneko muga.
1.– Hezkuntza-arloko bonuak 70 eurokoak izango dira, justifikatutako prestakuntza- edo dinamizatze-zerbitzuko ordu bakoitzeko.
2.– Proiektuen erakunde hartzaileek gutxienez onartutako bonuen % 10 ordaindu beharko diote erakunde onuradunari.
3.– Ikastetxe batek ezingo ditu 5.000 eurotik gorako bonuak metatu.
4.– Laguntzek arau hau bete beharko dute: Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamendua, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa (EBAO, L 352, 2013-12-24). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Muga horretatik beherako diru-laguntzek merkataritzari eragiten ez diotela eta lehiakortasuna faltsutzen ez dutela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa eta aurrez aurrekoa.
1.– Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, erakunde interesdunek bide elektronikoak erabil ditzakete, betiere Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan eta hori garazteko arauetan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/laguntza/2016/elkarrekin-bonuak-hezkuntza/y22-izapide/eu
3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurreko bidea edo bide elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.
4.– Eskabidea egin ondorengo izapideak, bide elektronikoa aukeratuz gero, helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/misgestiones
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.
1.– Eskabideak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira, 2016ko urriaren 14ra bitartean, non eta ez diren funtsak egun hori baino lehen amaitzen. Hala bada, dekretu arautzailearen 5.3 artikuluan ezarritakoa betez, gertaera horren berri emango da, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen bidez, eta atzera botako dira ebazteke dauden diru-laguntza guztiak.
2.– Eskabideak Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira leku hauetan: Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz); Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) bulegoak; lurralde-ordezkaritzak; beste erakunde laguntzaile batzuk. Bestela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideak ere erabil daitezke (30/1992 Legea, Herri-administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
Programa honen erakunde onuradunek aurkeztu beharreko eskabideak inprimaki normalizatuetan egin beharko dira (ebazpen honen eranskinean ageri dira inprimakiok). Eskabideekin batera, ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 10. artikuluan jasotako agiriak aurkeztu beharko dira.
9. artikulua.– Balorazio Batzordea.
Balioespen Batzorde bat eratuko da. Hona kideak:
– Monika Hernando Porres andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, batzordeburu.
– Marian Sanchez Amado, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, idazkari.
– Goizargi Cano Ormazabal, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, batzordekide.
– Fernando Muga Villate, Berritzegune Nagusian Elkarbizitzaren arloko arduraduna, batzordekide.
10. artikulua.– Ebazpenak jakinaraztea.
Ebazpenak hala erakunde onuradunei nola erakunde hartzaileei jakinaraziko zaizkie.
11 artikulua.– Diru-laguntza justifikatzeko epea eta modua.
1.– Diru-laguntza justifikatzeko epea 2016ko abenduaren 31an amaituko da.
2.– Diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek diru-laguntzaren erabilera justifikatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzan, eta, horien artean, betiere honako hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Proiektu bakoitza gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak, programen kopiak, kartel iragarleak, argazkiak eta argitaratutako gainerako material grafikoa, idatzizkoa edo entzunezkoa.
b) Egindako proiektuen memoria xehea, honako datu hauek aipatuta: proiektua zein egunetan gauzatu den; parte hartu duten pertsona onuradunak (sexuaren arabera bereiziak); generoaren ikuspuntua nola txertatu den, eta emaitzei buruzko azken irizpen bat.
c) Ikastetxearen ziurtagiria, proiektuan zenbat pertsonak parte hartu duen jasoko duena.
3.– Justifikazioak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira, betiere eskabide normalizatuaren bitartez, zeinak egon behar duen egoki eta osorik beteta. Eskabide-eredua euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan egongo da eskuratzeko moduan: https://www.euskadi.eus/diru-laguntza/2016/elkarrekin-bonuak-hezkuntza/y22-izapide/es
Halaber, justifikazioak bide elektronikotik aurkeztu ahal izango dira, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan: https://euskadi.eus/misgestiones. Kasu horretan, aurreko zenbakian adierazi agiriak eskaneatuta eta elektronikoki sinaturik aurkeztu beharko dira.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Prozeduraren arloaz ebazpen honetan berariaz arautu gabekoari dagokionez, aplikagarria izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoa (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 23a.
Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,
MÓNICA HERNANDO PORRES.