EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-04-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2016061

EBAZPENA, 2016ko martxoaren 21ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, Donostiako portuko moduluak erabiltzeko 6. zerrendako ontziei baimena emateko prozedura deialdi publikoaren bidez hastea erabakitzen duena.

Xedapenaren data: 2016-03-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201601369
Maila: Ebazpena
Donostiako portuak (Gipuzkoa) instalazio edo modulu jakin batzuk ditu, dirua irabazteko xedez ustiatzen diren kirolerako edo aisialdirako ontziek erabiltzeko, baina horiek okupatu ahal izateko, lehenengo, portu-administrazioak kasuan kasuko baimena eman behar du.
Pentsatuz ezen, seguru asko, sektorean dagoen eskaerak gainditu egingo duela instalazio horientzat dagoen eskaintza, beharrezkoa da lehia, berdintasuna eta gardentasuna bermatzea moduluak erabiltzeko baimenak emateko prozeduran.
Aurrekoagatik guztiagatik, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 6.e) eta 14.1.m) artikuluek zuzendaritza honi ematen dizkioten ahalmenak baliatuta, honako hau,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako portuko moduluak erabiltzeko 6. zerrendako ontziei baimena emateko prozedura hastea, deialdi publikoaren bidez, ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren oinarrien arabera.
Bigarrena.– Ebazpen honek ez dio bukaera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Garraioetako sailburuordearen edo ebazpena eman duenaren aurrean hilabeteko epean ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 21a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA ALMUDENA RUIZ DE ANGULO DEL CAMPO.
I. ERANSKINA
OINARRIAK
Lehena.- Deialdiaren xedea.
1.- Deialdi honen xedea da Donostiako portuan (arrantza-dartsena) dauden moduluak aldi baterako erabiltzeko baimenak ematea.
2.- Dirua irabazteko xedez ustiatzen diren kirolerako edo aisialdirako ontzien titular direnek aurkeztu ahal izango dute eskaera (6. zerrendako ontziak).
Bigarrena.- Eskainitako moduluak
1.- Hiru (3) modulu eskaintzen dira, honela banatuta:
– modulu bat, 10 x 3,6 metrokoa
– modulu bat, 12 x 4,1 metrokoa
– modulu bat, 12 x 5,5 metrokoa
2.- Moduluen kokapena ebazpen honi atxikitako III. eranskineko planoan azaltzen da.
3.- Administrazioak ahalmena du erabilgarri dauden moduluen kopurua aldatu, murriztu edo handitzeko, baita horien ezaugarriak ere.
Hirugarrena.- Eskabideak.
1.- Ebazpen honetako II. eranskinean jasotako eredu normalizatuan aurkeztu beharko da eskabidea, doan emango dena honako leku honetan: Euskadiko Kirol Portuak, SAren (EKP) bulegoa (La Lasta Kaia 1, 20003 Donostia).
2.- Halaber, Eusko Jaurlaritzaren orrialde elektronikoan ere (www.euskadi.eus) behera kargatu ahal izango da eredua, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren atalean -Garraioak – Garraio azpiegiturak- Portuak – kirol portuak- amarralekuak: «modulua erabiltzeko eskaera».
3.- Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da.
a. Pertsona fisikoek: NANa edo pasaportea edo AIZa.
b. Pertsona juridikoek: eratzeko eskritura edo agiria, estatutuak edo fundazio-akta, kasuaren arabera dagokion erregistroan inskribatuta, eta eskatzailearen izenean egindako ordezkaritza-ahalordea, hori ere dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta.
c. Ekonomia-jardueren gaineko zergako alta eta azken ordainagiria (edo, hori ezean, salbuespen-ziurtagiria).
d. Aisialdi-ontzietarako nabigagarritasun-ziurtagiria, Sustapen Ministerioak emandakoa, eta atxikitako inbentarioa.
e. Segurtasun-ziurtagiria, Sustapen Ministerioak emandakoa.
f. Gailu irrati-elektrikoen errekonozimendu-ziurtagiria, Merkataritza Itsasketako Zuzendaritza Nagusiak emandakoa.
g. Bidaiarien nahitaezko aseguru-poliza, bederatzi plazako edo gehiagoko ontziek nahitaez kontratatu behar dutena, ontzian joango diren pertsonak babesteko, eta azken ordainagiria.
h. Eskaeraren unean indarrean dagoen ontziaren aseguru-kontratua eta azken ordainagiria, araudiak eskatutako estaldurekin (erantzukizun zibileko aseguru derrigorrezkoa, ontzi-hondarrak portutik kentzeko estaldura barne hartzen duena).
i. Eskatutako moduluan egongo den itsasontzia gidatzeko eskubidea ematen duen ziurtagiria, eskatzailearen edota ontzia gidatuko duenarena. Pertsona hori nabigatzeko baimenean sartuta egongo da, edota titularrak edo titularkideak idatziz baimenduta.
j. Ontziaren idazpen-orria, ontziaren titular gisa modulua nork eskatzen duen adieraziko duena. Idazpen-orri hori eskaera egin aurreko sei hilabeteen barruan eguneratua egon beharko da. Ontzi baten titularra izanez gero eta ontziak zein bere propultsio-ekipoak CE marka badute, inskripzio-egiaztagiriaren kopia konpultsatua aurkeztuko da.
k. Ontziaren argazkia, 10x15 cm. neurrikoa.
l. Dena delako portuko edo portuko instalazioetako modulua aldi batez erabiltzeko baimena, hala badagokio.
Laugarrena.- Eskabideak aurkezteko lekua.
Eskabideak zuzenean aurkeztu ahal izango dira honako leku hauetan: EKPren bulegoa (La Lasta Kaia 1, 20003 Donostia), astelehenetik ostiralera, 09:30etatik 17:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 13:00era. Horrek ez du eragotziko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluak xedatutakoa.
Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea 2016ko apirilaren 2an hasiko da eta apirilaren 9an amaitu.
Seigarrena.- Prozedura.
1.- Moduluak esleitzeko, zozketa publiko bat egingo da, notario aurrean.
2.- Bederatzigarren oinarriari jarraituz, zozketaren tokia, eguna eta ordua jakinaraziko zaizkie eskatzaileei, nahi badute bertaratu daitezen.
Zazpigarrena.- Betebeharrak.
1.- Deialdian parte hartzeko eskaera egiten duenak alta emanda egon behar du ekonomia-jardueren gaineko zergan; zehazkiago, aisialdirako ontzien alokairuaren atalean.
2.- Eskabideak aurkezteko epea amaituta Portuko Administrazioarekin zorrak dituzten eskatzaileei ezin izango zaie inolaz ere amarralekurik eman.
Zortzigarrena.- Moduluak erabiltzeko baimena.
1.- Moduluak erabiltzeko baimen batek ahala ematen die titular bati eta ontzi bati; besterenezina da, beraz, eta bi urteko iraupena du, baimena ematen den egunetik kontatuta.
2.- Donostiako portua izango da baimena jasotzen duten ontzien basea. Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak edo Euskadiko Kirol Portua SAk kudeaturiko beste porturen batean ontzi berarentzako beste amarraleku baten titular denak uko egin beharko dio amarraleku horri, zozketaren ondoren onuradun suertatuz gero eta esleipena ebatzi baino lehen.
3.- Modulua erabiltzeko baimenak ez du barne hartzen portuan berariaz horretarako dagoen aparkaleku-zerbitzua.
4.- Behin modulua erabiltzeko baimena emanez gero, ontzia 24 orduz edo gehiagoz bere tokian ez dagoen bakoitzean horren jakitun jarri behar da portuko kapitaintza, abiatzeko eguneko 12:00ak baino lehen.
Bederatzigarrena.- Argitalpena.
1.- EKPren Donostiako egoitzaren iragarki-taula (La Lasta Kaia 1, 20003) eta Gipuzkoan gehien saltzen diren bi egunkariak erabiliko dira argitalpenak egiteko, deialdiaren garapenaren inguruko informazio guztia eta deialdiari buruzko argitalpenak. Horiek jakinarazpenen ordezkoak izango dira, prozedurari amaiera ematen dioten ebazpenen kasuan salbu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 59.6.b) artikuluan ezarritakoarekin bat.
2.- Prozedura amaitzen duen ebazpenak, Donostiako portuan amarralekuak erabiltzeko emandako baimenak, ezetzak eta itxarote-zerrenda jasoko dituena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Hamargarrena.- Datuak babestea.
1.- Datu Pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoaren 5. artikuluan xedatutakoa betez, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak jakinarazten du esleipendunek ematen dituzten datu pertsonalak «Emakidak eta baimenak portuko jabari publikoan» eta «Portuetako tarifak» fitxategietan sartuko direla. Fitxategi horien ardura Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak du. Amarralekuak erabiltzeko aldi baterako baimenak kudeatzea dute helburu datu horiek biltzeak eta tratatzeak, eta aipatutako zuzendaritzari bidaliko zaio informazioa.
2.- Datuak ikusteko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta datuen aurka egiteko eskubideak Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren aurrean baliatu ahal izango dira (Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz).
II. ERANSKINA
MODULUA ERABILTZEKO ESKAERA
III. ERANSKINA