EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-04-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2016061

46/2016 DEKRETUA, martxoaren 15ekoa, Lanbide Heziketako zenbait tituluri dagokien curriculuma ezarri eta lehengo zenbait titulurekin lotutako titulu berriak lortzeko kurtso osagarriak sortzen dituena.

Xedapenaren zenbakia: 201600046
Xedapenaren data: 2016-03-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201601360
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2010/04/06an argitaratutako 2010/03/02ko 201000069 DEKRETUA aldatzen du
  • 2011/12/20an argitaratutako 2011/11/29ko 201100244 DEKRETUA aldatzen du
  • 2012/05/10rean argitaratutako 2012/02/28ko 201200029 DEKRETUA aldatzen du
  • 2013/02/04an argitaratutako 2012/11/27ko 201200250 DEKRETUA aldatzen du
  • 2013/03/11n argitaratutako 2012/11/27ko 201200253 DEKRETUA aldatzen du
  • 2013/06/10rean argitaratutako 2013/04/22ko 201300335 DEKRETUA aldatzen du
  • 2013/07/11n argitaratutako 2013/04/22ko 201300342 DEKRETUA aldatzen du
  • 2013/10/08an argitaratutako 2013/07/02ko 201300375 DEKRETUA aldatzen du

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30 eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsulta egin ondoren.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, Lanbide Heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, bai eta titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.
Ekonomia Jasangarriaren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia Jasangarriaren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak –Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen dituenak–, hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte bestelako ekonomia baten garapena sustatzeko eta bizkortzeko, hau da, ekonomia lehiakorragoa eta berritzaileagoa, produkzio-sektore tradizionalak berritzeko gauza izango dena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarantz bidea egiteko gauza izango dena.
Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, oinarritzat hartzen dira Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako jarraibideak, eta gizarte-intereseko beste zenbait alderdi.
7. artikuluak titulu horien lanbide-profila zehazten du. Lanbide-profil horretan sartuko dira konpetentzia orokorra, konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak, tituluetan sartuta daudenak. Horrenbestez, gutxienez, osatutako lanbide-kualifikazio bat hartuko du barnean titulu bakoitzak, betiere Lanbide Heziketako tituluek eraginkortasunez erantzun diezaieten produkzio-sistemaren beharrei eta herritartasun demokratikoa gauzatzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei.
Bestetik, Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1147/2011 Errege Dekretuaren 8.2 artikuluak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, errege-dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.
Hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskuduntzapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluan ezarritakoari eta hura garatzen duten Lege Organikoei, eta 149.1.30. artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta hori guztia betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egin gabe».
Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak hezkuntza-sistemaren barruan Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako. Dekretu hori otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuak aldatu du, hau da, Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen Dekretua aldatzen duenak.
Haien artean antzekoak diren lanbide-heziketako tituluak sortzeko oinarrizko zenbait arautan ezarritako gutxieneko irakaskuntzek aukera ematen dute Euskal Autonomia Erkidegoan hiru ikasturtetan bi titulu lortzeko, halako tituluetarako curriculumak ezarriz, eta titulu horietan aurreikusitako lanbide-moduluen sekuentziazio egokiaren bidez.
Adierazitakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoan argitara eman dira Lanbide Heziketako goi-mailako zenbait teknikari-tituluren curriculuma ezartzen duten dekretuak, eta, haietan, tituluak antolatzeko eta ezartzeko zehaztasunak jasotzen dira. Titulu horiei dagozkien irakaskuntzak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta pribatuen sarean emango dira. Nolanahi ere, titulu horiek ezarri ondoren, ikusi da zenbait heziketa-ziklotan posible dela hiru ikasturtetan bi titulu lortzea, bi ikasturteetako lanbide-moduluen sekuentziazioa hobetuta.
Hortaz, lanbide-heziketako ikasleek profil pertsonala zabaldu eta hobetu dezaten eta, hartara, enpresei, enpresa txikiei batez ere, lanbide-arlo jakin bateko kualifikazio zabalagoa duten profesionalak eskaintzeko asmoz, erabaki da lanbide-heziketako bigarren titulu bat epea laburragoan lortzeko aukera ematea. Era horretan, ikasleen denbora optimizatuko da, bai eta horretarako eskuragarri jartzen zaizkien bitartekoak ere. Xede hori betetzeko, antzekoak diren zenbait heziketa-ziklotan, berrantolatu beharra dago lanbide-moduluen sekuentziazioa, honako era honetan: lehen ikasturte komun bat antolatuko da, hiru ikasturtetan bi titulu eskuratu ahal izateko.
Kualifikaziorik onena epe laburragoan lortzea errazteko asmoz, betiere, ikusi da zenbait heziketa-ziklotan ez dela egokia lanbide-moduluen sekuentziazioa berrantolatzea. Halakoetan, beraz, hirugarren ikasturte batean emango dira ziklo horretara bilduko diren tituludunek egin ez dituzten moduluak. Era horretan, Eraikuntza Proiektuetako tituludunek aukera izango dute Obra Zibileko Proiektuetako goi-mailako teknikariaren titulua ere lortzeko, hirugarren ikasturte batean, eta, alderantziz, Obra Zibileko Proiektuetako tituludunek aukera izango dute, hirugarren ikasturte batean, Eraikuntza Proiektuetako goi-mailako teknikariaren titulua ere lortzeko.
Horretaz gainera, modu logikoagoan ordenatuko dira Osasun Larrialdietako eta Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonen Arretako heziketa-zikloetan ematen diren edukiak, ikasleek ikaste-prozesuan duten sekuentzia arrazoizkoagoa izan dadin eta irakasleek bi kurtso horietan esku-hartze orekatuagoa izan dezaten.
Aipatutako xedeekin bat etorriz, eta tituluak aztertu eta arloko eragileen iritzia jaso ondoren, erabaki da zenbait hezikela-ziklotan lanbide-moduluen ikasturte-sekuentziazioa aldatzea eta aipatutako kurtso osagarriak prestatzea, haietan bilduz egin gabeko lanbide-moduluak, hirugarren ikasturte batean bigarren titululazioa lortzeko beharrezkoak direnak.
Dekretu hau bideratzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.
Hori dela-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostena eta gainerako aginduzko txostenak aztertuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2016ko martxoaren 15ean egindako bilkuran proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Aldatzea azaroaren 27ko 253/2012 Dekretuaren I. eranskina, Garraioko eta Logistikako Goi Mailako Teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.
Beste idazkera bat emango zaio azaroaren 27ko 253/2012 Dekreturen I. eranskinari (2013ko martxoaren 11ko EHAA), hiru urtetan bigarren titulua bat lortzeko aukera emateko, Nazioarteko Merkataritzako goi-mailako teknikariaren titulua, hain zuzen ere. Honela idatzita geratzen da eranskin hori:
«AZAROAREN 27KO 253/2012 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
LANBIDE-MODULUEN ZERRENDA, ORDU-ESLEIPENA ETA KURTSOA
Bigarren artikulua.– Aldatzea apirilaren 22ko 335/2013 Dekretuaren I. eranskina, Nazioarteko Merkataritzako goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.
Beste idazkera bat emango zaio apirilaren 22ko 335/2013 Dekreturen I. eranskinari (2013ko ekainaren 10eko EHAA), hiru urtetan bigarren titulua bat lortzeko aukera emateko, Garraioko eta Logistikako goi-mailako teknikariaren titulua, hain zuzen ere. Honela idatzita geratzen da eranskin hori:
«APIRILAREN 22KO 335/2013 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
LANBIDE-MODULUEN ZERRENDA, ORDU-ESLEIPENA ETA KURTSOA
Hirugarren artikulua.– Aldatzea apirilaren 22ko 342/2013 Dekretuaren I. eranskina, Salmentak eta Merkataritza Espazioak Kudeatzeko goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.
Beste idazkera bat emango zaio apirilaren 22ko 342/2013 Dekreturen I. eranskinari (2013ko uztailaren 11ko EHAA), hiru urtetan bigarren titulua bat lortzeko aukera emateko, Marketin eta Publizitateko goi-mailako teknikariaren titulua, hain zuzen ere. Honela idatzita geratzen da eranskin hori:
«APIRILAREN 22KO 342/2013 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
LANBIDE-MODULUEN ZERRENDA, ORDU-ESLEIPENA ETA KURTSOA
Laugarren artikulua.– Aldatzea uztailaren 2ko 375/2013 Dekretuaren I. eranskina, Marketin eta Publizitateko goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.
Beste idazkera bat emango zaio uztailaren 2ko 375/2013 Dekreturen I. eranskinari (2013ko urriaren 8ko EHAA), hiru urtetan bigarren titulua bat lortzeko aukera emateko, Salmentak eta Merkataritza Espazioak Kudeatzeko goi-mailako teknikariaren titulua, hain zuzen ere. Honela idatzita geratzen da eranskin hori:
«UZTAILAREN 2KO 375/2013 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
LANBIDE-MODULUEN ZERRENDA, ORDU-ESLEIPENA ETA KURTSOA
Bosgarren artikulua.– Aldatzea martxoaren 2ko 69/2010 Dekretuaren I. eranskina, Osasun Larrialdietako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.
Beste idazkera bat ematen zaio martxoaren 2ko 69/2010 Dekretuaren I. eranskinari (2010eko apirilaren 6ko EHAA); honela idatzita geratzen da:
«MARTXOAREN 2KO 69/2010 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
LANBIDE-MODULUEN ZERRENDA, ORDU-ESLEIPENA ETA KURTSOA
Seigarren artikulua.– Aldatzea azaroaren 27ko 250/2012 Dekretuaren I. eranskina, Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonei Arreta Egiteko teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.
Beste idazkera bat ematen zaio azaroaren 27ko 250/2012 Dekretuaren I. eranskinari (2013ko urriaren 8ko EHAA); honela idatzita geratzen da:
«AZAROAREN 27KO 250/2012 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
LANBIDE-MODULUEN ZERRENDA, ORDU-ESLEIPENA ETA KURTSOA
Zazpigarren artikulua.– Aldatzea azaroaren 29ko 244/2011 Dekretua, Eraikuntza Proiektuetako goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.
1.– Hirugarren xedapen gehigarria gehitzen zaio azaroaren 29ko 244/2011 Dekretuari (2011ko azaroaren 29ko EHAA); honela dio:
«Hirugarrena.– Kurtso osagarri bat sortzen da Eraikuntza Proiektuetako goi-mailako teknikariaren titulua hirugarren ikasturte batean lortzeko.
1.– Eraikuntza Proiektuetako goi-mailako teknikariaren titulua lortzeko kurtso osagarria sortzen da, dekretu honen VII. eranskinean zehaztuta dagoena.
2.– Kurtso osagarri hori egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da Obra Zibileko Proiektuetako goi-mailako teknikariaren titulazioa egiaztatzea. Eskatutako plazak gehiago baldin badira eskaintzen direnak baino, lehentasuna izango dute titulazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko zentroren batean lortu dutenek.
3.– Eraikuntza Proiektuetako heziketa-zikloa emateko baimendutako zentroek eman ahal izango dute kurtso hori.
4.– Xedapen gehigarri honetako 2. paragrafoan kurtso osagarri hori egiteko beharrezkoa den titulazioari buruz aipatutako betekizunaz gainera, kurtsoan matrikulatzeko eta onartua izateko epeak eta irizpideak lanbide-heziketako irakaskuntza guztietarako urtero ezartzen diren berdinak izango dira.»
2.– VII. eranskina gehitzen zaio azaroaren 29ko 244/2011 Dekretuari (2011ko azaroaren 29ko EHAA); honela dio:
«VII. ERANSKINA
ERAIKUNTZA PROIEKTUETAKO GOI-MAILAKO TEKNIKARIAREN TITULUA HIRUGARREN IKASTURTE BATEAN LORTZEKO KURTSO OSAGARRIA
Zortzigarren artikulua.– Aldatzea otsailaren 28ko 29/2012 Dekretua, Obra Zibileko Proiektuetako goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.
1.– Hirugarren xedapen gehigarria gehitzen zaio otsailaren 28ko 29/2012 Dekretuari (2012ko maiatzaren 10eko EHAA); honela dio:
«Hirugarrena.– Obra Zibileko Proiektuetako goi-mailako teknikariaren titulua hirugarren ikasturte batean lortzeko kurtso osagarria
1.– Obra Zibileko Proiektuetako goi-mailako teknikariaren titulua lortzeko kurtso osagarria sortzen da, dekretu honen VII. eranskinean zehaztuta dagoena.
2.– Kurtso osagarri hori egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da Eraikuntza Proiektuetako goi-mailako teknikariaren titulazioa egiaztatzea. Eskatutako plazak gehiago baldin badira eskaintzen direnak baino, lehentasuna izango dute titulazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko zentroren batean lortu dutenek.
3.– Obra Zibileko Proiektuetako heziketa-zikloa emateko baimendutako zentroek eman ahal izango dute kurtso hori.
4.– Xedapen gehigarri honetako 2. paragrafoan, jasota dago zer titulazio eduki behar den kurtso osagarri hori egiteko. Horretaz gainera, kurtsoan matrikulatzeko eta onartua izateko epeak eta irizpideak lanbide-heziketako irakaskuntza guztietarako urtero ezartzen diren berdinak izango dira.»
2.– VII. eranskina gehitzen zaio otsailaren 28ko 29/2012 Dekretuari (2012ko maiatzaren 10eko EHAA); honela dio:
«VII. ERANSKINA
OBRA ZIBILEKO PROIEKTUETAKO GOI-MAILAKO TEKNIKARIAREN TITULUA HIRUGARREN IKASTURTE BATEAN LORTZEKO KURTSO OSAGARRIA
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aldatutako dekretuen II. eranskinak aldatzea.
Dekretu honetako 1-6 artikuluen bidez I. eranskina aldatu den dekretuetan, II. eranskina ere aldatuko da, kurtsoari eta ordu-esleipenari dagozkien ataletan. Izan ere, atal horiek egokitu behar dira aldatutako I. eranskinen idazkera berrira.
BIGARREN XEDAPEN GEHIAGARRIA.– Aldaketak ezartzea.
1.– Heziketa-zikloaren lehenengo kurtsotik aurrera ezarriko dira 1. artikulutik 6.era bitartean jasotako aldaketak, eta dekretu hau argitaratu eta hurrengo ikasturtean jarriko dira martxan.
2.– 1. artikulutik 6.era bitartean ezarritako heziketa-zikloen lehenengo kurtsoa lanbide-moduluen antolamendu berria ezarri baino lehen egin duten ikasleek, mailaz igotzeko, ordura arte indarrean zeuden baldintzak bete beharko dituzte.
3.– 7. eta 8. artikuluetan jasotako kurtso osagarriak, bestalde, dekretu hau argitaratu eta hurrengo ikasturtean ezarriko dira.
XEDAPEN IRAGANKORRA.– Kurtsoa errepikatzea.
Dekretu honetako 1. artikulutik 6.era bitartean jasotako heziketa-zikloak lanbide-moduluen antolamendu berria ezarri ondoren errepikatu behar dituzten ikasleek lanbide-moduluen antolamendu berria aplikatzetik sortutako baldintzak bete beharko dituzte.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 15a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.