EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-03-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2016060

EBAZPENA, 2016ko martxoaren 7koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinaren bidez sortzen eta sailkatzen baita gaikuntza nazionala duten Toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostua Sasieta Mankomunitatean.

Xedapenaren data: 2016-03-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201601344
Maila: Ebazpena
2015eko azaroaren 23an, Sasieta Mankomunitatearen Batzar Errektoreak Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatu zion gaikuntza nazionala duten Toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako idazkariaren lanpostua sortzeko eta sailkatzeko.
Horri buruz, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 21eko 7/1985 Legearen (TAOL) 92.bis artikuluak, Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak (TAAIL) emandako idazkeran, ezartzen du badaudela, toki-korporazio guztietan, gaikuntza nazionaleko Toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako administrazio-erantzukizuneko nahitaezko funtzio publikoak –artikulu horretako a) eta b) letretan ezarritakoak–.
Halaber, aipatutako 92.bis artikuluaren laugarren paragrafoan aurreikusten du ezen Gobernuak, errege-dekretu bidez, gaikuntza nazionala duten Toki-administrazioko funtzionarioei gordetako lanpostuak sortu, sailkatu eta ezabatzeko berezitasunak arautuko dituela.
TAOLaren bigarren xedapen gehigarriak, TAAILak emandako idazkeran, ezartzen du ezen, gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioei dagokienez, TAOLaren 92 bis artikuluak eta horrekin bat egiten dutenek aurreikusten dituzten eskumen guztiak erakunde eskudunek izango dituztela, autonomia-erkidegoko arautegiak ezarritakoaren arabera, lurraldean hutsik dauden lanpostuak betetzeko lehiaketetarako deialdiak egiteko eskumena barruan hartuta, bai eta lehiaketa horietan funtzionarioak izendatzeko eskumena ere.
Era berean, TAAILaren zazpigarren xedapen iragankorraren arabera, TAOLren 92.bis artikuluan aurreikusitako araudia indarrean sartu arte, eta lege horretan xedatuari aurkaratzen ez zaion orotarako, indarrean egongo da aipatutako artikuluaren aplikazio-eremuaren barnean hartutako funtzionarioei buruzko araudia. Horrenbestez, egun, bizirik diraute estatu-mailako gaitasuna duten Toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzeko irailaren 18ko 1174/1987 Dekretuko eta estatu-mailako gaitasuna duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeari buruzko uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuko aurreikuspenek.
Horrela, uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren 2. eta 9. artikuluen arabera, autonomia-erkidegoetako bakoitzari dagokio gaikuntza nazionala duten funtzionarioentzat erreserbatuta dauden lanpostuak sailkatzeko eskumena, betiere, legez ezarrita dauden oinarrizko irizpideei jarraituz.
Halaber, uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuak aipatutako 2. artikuluan ezartzen ditu funtzionarioen lanpostu horiek sailkatzeko irizpideak.
Gauzak horrela, prozeduraren instrukzio-aldian, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zitzaion txostena eman zezala Mankomunitatearen eskaera zela eta; 2016ko martxoaren 3an, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak eskatutako txostena jaso du. Horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik aldeko txostena ematen zaio Sasieta Mankomunitateko Idazkari-Kontuhartzaile lanpostua sortzeko eta sailkatzeko eskabideari.
Lanpostu horren sailkapenari dagokionez, jurisprudentziak argitu du 1732/1994 Errege Dekretuaren 2. artikuluaren lanpostuak sailkatzeko biztanleei eta aurrekontuei buruzko baldintzen interpretazioa (Zaragozako Administrazioarekiko Auzien 1. zenbakiko Auzitegiaren 2002ko urriaren 4ko epaia, Aragoiko Justizia Auzitegi Nagusiak 2003ko ekainaren 9an berretsia). Epaiaren arabera, legelariak 2. artikulu hori oso-osorik aplikatu nahi izan balie 6. artikuluan aurreikusten diren entitateei (eskualdeei, metropolialdeei, mankomunitateei eta landa- eta hiri-komunitateei), besterik gabe, 2. artikuluan sartuko zituzkeen. Aipatutako jurisprudentziak, ordea, ulertu du horrelako entitateak sailkatu behar direla 2. artikuluko entitate-motaren batean, baina ez udalak sailkatzeko erabili diren irizpide berberei jarraikiz, udalak ez baitira errege-dekretuaren 6. artikuluak aurreikusten dituen entitateen parekideak, eta, beraz, udaletan lanpostu horiek sailkatzeko balio duten irizpideek ez dute zertan balio beste erakunde batzuetakoak sailkatzeko. Era berean, epaiak eransten du, udaletan ez bezala, erakunde horietan biztanleria ez dela osagai erabakigarria, baizik eta kudeatzen duten aurrekontua eta beren gain hartzen dituzten eskumenak. Irizpide horiek toki-jaurbideari buruzko indarreko lege-xedapenak biltzen dituen testu bateginaren 159.1 artikuluan daude jasota, apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuak onartuta.
Horregatik guztiagatik, Sasieta Mankomunitateak aurkeztutako eskaera ikusi ondoren; Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko aldeko txostenarekin bat; TAOLaren 92 bis artikuluari eta bigarren xedapen gehigarriari jarraituz; 1732/1994 Errege Dekretuaren 2. eta 9. artikuluekin bat; eta Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 10. artikuluaren arabera, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Sasieta Mankomunitateko Idazkaritza lanpostua sortzea, eta hirugarren mailan sailkatzea. Lanpostua Idazkaritza-kontuhartzailetzako azpieskalako gaikuntza nazionala duten Toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta egongo da.
Bigarrena.– Sasieta Mankomunitateak lanpostu hori bere lanpostu-zerrendan gehitu beharko du, lanpostua bete baino lehen.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honek ez dio bukaera ematen administrazio-bideari, eta beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal zaio Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan, eta ez zaio uko egiten errekurtsoa aurkezteko xedez zuzenbidean onartutako edozein bideri.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, herri-administrazio interesdunek ez dute administrazioarekiko errekurtsorik jartzerik izango ebazpen honen aurka. Hala ere, ebazpen hau errekurritu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 29/1998 Legearen 45. eta hurrengo artikuluen arabera. Halaber, aurretiaz eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzari eskatu ahal izango diote ebazpena deuseztatu edo atzera bota dezala, hala xedatuta baitago 29/1998 Legearen 44.1 artikuluan.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 7a.
Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,
ELIXABETE ETXANOBE LANDAJUELA.