EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-03-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2016059

EBAZPENA, 2016ko martxoaren 15ekoa, Euskal Herriko Unibertsitateko Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren Arloko errektoreordearena, honako hau argitaratzekoa: Graduko eta Lehenengo eta Bigarren Zikloko Ikasketen Gestiorako 2016-2017 ikasturteko Arautegia.

Xedapenaren data: 2016-03-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201601322
Maila: Ebazpena
Unibertsitateak, bere ahalmenaz baliatuta, arau eta prozedurak ezarri behar ditu bere gestioaren arlo desberdinetako zereginak tramitatu ahal izateko.
Proposamen honen bidez oinarrizko arau batzuk zehaztu nahi dira Graduko eta 1. eta 2. zikloetako ikasketak kudeatzeko, erreferentzia izan daitezen Zerbitzu Zentralentzat eta ikastegi eta sailentzat, eta ikasleen eskubideak berma daitezen.
Honekin batera doan proposamena Graduko Batzordeak onetsi zuen 2016ko martxoaren 3an, eta Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2016ko martxoaren 10ean.
Aipaturiko guztia kontuan hartuta, eta otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, 10.2. artikuluan dioena betetzeko (2004-03-12ko EHAA), honako hau
EBAZTEN DUT:
Bakarra.– Agindua ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, alde batetik, Graduko eta Lehenengo eta Bigarren Zikloko Ikasketen Gestiorako Araudia, 2016-2017 ikasturtekoa, 2015eko martzoaren 25eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutakoa ordezkatzen duena, I. eranskinean jasotakoa.
Leioa, 2016ko martxoaren 15a.
EE (2013ko urtarrilaren 30eko Ebazpena, 2013-02-13ko EHAA).
Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren Arloko Errektoreordea,
AMAYA ZÁRRAGA CASTRO.
GRADUKO ETA LEHENENGO ETA BIGARREN ZIKLOKO AKADEMI GESTIORAKO ARAUTEGIA – 2016/2017 IKASTURTEA.
I. KAPITULUA
UNIBERTSITATERA SARTZEA
Ikasleak onartzeko prozedura.
1. artikulua.– 2016-2017 ikasturterako UPV/EHUko graduko ikasketa ofizialetan ikasleak onartzeko prozeduran 2015-2016 ikasturtean UPV/EHUn ikasleak onartzeko prozeduran erabilitako balorazio irizpide berak erabiliko dira, betiere, kontraesanik ez badago legea garatzeko oinarrizko arauetan ezarritakoarekin, eta bat etorrita maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, Hezkuntzari buruzkoak, zehaztutakoarekin eta horretan jasotako ezarpen egutegiari jarraituz (legea abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bidez aldarazi zen).
2. artikulua.– Plazen erreserba.
Ondoko kupoak ezarriko dira gordetako plazak dituzten taldeetarako:
a) Unibertsitateko titulazioa daukaten ikasleentzat: plazen % 2.
b) % 33ko ezintasun-maila edo handiagoa duten ikasleentzat: plazen % 5.
c) Goi mailako kirolarientzat: plazen % 3 (% 5 gehiago Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduaren eta Fisioterapiako Graduaren kasuan).
d) 25 urtetatik gorakoen sarbidea hartzen dutenentzat: plazen % 1.
e) 45 urtetatik gorakoen sarbidea hartzen dutenentzat: plazen % 1.
f) Lan-arloko esperientzia egiaztatuz sartzeko bidea hartzen dutenentzat: plazen % 1.
3. artikulua.– 1.– UPV/EHUn sartzeko eskaera egin nahi duten ikasleek aukera hauetakoren bat erabili beharko dute:
a) Unibertsitatera sartzeko proba UPV/EHUn egin duten ikasleak.
b) Unibertsitatera sartzeko proba UPV/EHUtik kanpo egin duten ikasleak.
c) Lanbide hezkuntzako goi mailako teknikari titulua, arte plastiko edo diseinuko goi mailako teknikari titulua, edo goi mailako kirol teknikari titulua edo baliokidea duten ikasleak.
d) Europako batxilergoko titulua edo nazioarteko batxilergoko titulua duten ikasleak.
e) Europar Batasuneko estatuetako hezkuntza sistemetatik datozen ikasleak edo arlo honetan aplikagarriak diren nazioarteko elkarrekikotasun hitzarmenak dituzten beste estatu batzuetako hezkuntza sistemetatik datozenak, baldin eta betetzen badituzte kasuan kasuko estatuko unibertsitateetara sartzeko eskatzen zaizkien baldintza akademikoak.
f) 25 urtetatik gorakoentzako sarrera proba gainditu duten ikasleak. Proba UPV/EHUn egin dutenek izango dute lehentasuna, eta horien ondoren joango dira proba beste unibertsitate publiko batean egin dutenak. Probak unibertsitate ez publikoetan gainditu dituzten ikasleen eskariak banan bana aztertuko dira.
g) 45 urtetik gorakoentzako proba UPV/EHUn egin duten ikasleak.
h) Lan esperientzia egiaztatuz sartzeko bidea aukeratu duten ikasleak.
i) Unibertsitateko titulazioa daukaten ikasleak.
j) Europar Batasuneko estatuetako hezkuntza sistemetatik datozen ikasleak, baldin eta ez badituzte betetzen beren hezkuntza sistemaren arabera unibertsitatetara sartzeko eskatzen zaizkien baldintza akademikoak, eta Europar Batasunekoak ez diren ikasleak izanik Espainiako sistemara homologatuta Batxilergoko titulua badute.
2.– Honako hauek dira sarrera eskaria egiteko aurkeztu beharreko agiriak:
a) UPV/EHUren web atariaren bidez eginiko aurretiko izen-ematearen gordekina.
b) NANaren edo pasaportearen fotokopia.
c) Honako agirion fotokopia konpultsatua: unibertsitatera sartzeko probako txartela; Lanbide Heziketako ikasketen ziurtagiria, deialdia eta azken nota zehaztuta; unibertsitatean egindako ikasketen ziurtagiria (titulazioa UPV/EHUn 1990aren ostean egin duten ikasleak izan ezik), UHUNek emandako egiaztagiria, edo unibertsitatean sartzeko aukera egiaztatzen duen beste edozein agiri.
d) Ikasle ezinduentzat eta goi mailako kirolarientzat gordetako plazen bidez sartu nahi duten ikasleek egoera hori frogatzen duen dokumentua aurkeztu behar dute, kasuan kasuko administrazioak emana.
Eskariak aurkezteko epeak eta lekuak eta aukera kopurua.
4. artikulua.– UPV/EHUn sartzeko eskariak UPV/EHUren web orriaren bidez egingo dira eta epe bakarra egongo da, 2016ko ekainaren 20tik uztailaren 4ra arte, biak barne, sarbide mota guztietarako eta graduko ikasketak egiteko deialdi guztietarako.
Hirugarren artikuluan zehazten diren agiriak posta ziurtatuaren bidez igorri beharko dira Sarbide Bulegora (1.397 posta-kutxa. 48080 Bilbo), izena emateko epearen barruan. Eskariak behin-behinekoak izango dira 3.2. artikuluan zehaztutako agiriak UPV/EHUn jaso arte.
Sarbideko probaren ezohiko deialdikoa edo lanbide heziketakoa izateagatik ikasleak ez baditu betetzen baldintza akademikoak izena emateko epearen barruan, eskuratzen dituenean bidaliko ditu agiriok unibertsitatera, eta hurrengo onartuen zerrendan sartuko da horrek ematen dizkion eskubideekin.
Unibertsitateko tituludunak ezin izango dira sartu graduko ikasketetan, baldin eta graduko ikasketa horiek ikasleak bukatuta dituen ikasketen ordezko badira eta graduko ikasketen parekoa edo maila handiagokoa bada titulua.
3.1.j) atalean adierazitako ikasleak ez baditu gaindituta unibertsitatera sartzeko probak 1892/2008 Errege Dekretuko 13. artikuluan jasotako baldintzetan, unibertsitatean sartzeko eskaria egin beharko du, eta egin ere, prozesuko aparteko fasean baino ezin izango du egin.
5. artikulua.– Unibertsitateak egoki leritzokeen dokumentazio osagarria eskatu ahal izango du, aurkeztutako eskariak behar bezala ebazteko.
6. artikulua.– Ikasleek, aurretiko izen-emate bakarrean, gehien delarik, zortzi aukera eskatu ahal izango dituzte, matrikulatu nahiko lituzketen ikasketak hautatzeko. Behin onarpen-prozedura hasita, ez da onartuko, inolaz ere, plaza eskarian aldaketarik egitea edo beste titulaziorik gehitzea, eta interesatuak eskarian ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio.
Unibertsitateko ikasketak hasita dauzkaten ikasleak.
7. artikulua.– Unibertsitateko ikasketak hasita dituzten ikasleek prozedura honi jarraiki egin beharko dute eskaria:
a) Unibertsitateko ikasketa ofizialak hasita izanik ikasketa horietan jarraitu edo unibertsitateko beste ikasketa ofizial batzuk hasi nahi dituzten ikasleak (leku-aldaketak).
1.– Ikasle horiek berriz eman ahalko dute izena prozedura orokorrerako ezarritako epe eta datetan, eta sarrera berriko ikasleen izaera bera izango dute. Hau da: sarbide proban lortutako kalifikazioa edo baliokidea hartuko da aintzat. Horretarako, onarpen eskaria aurkeztu beharko dute (izena eman beharko dute) 4. Artikuluan zehaztutako epeei jarraituz.
2.– Era berean, unibertsitateko ikasketak hasita baina amaitu gabe dituzten ikasleek UPV/EHUn sartu nahi badute, baldin eta Estatuko beste unibertsitate batetik edo unibertsitateko ikasketa ofizialetatik edo UPV/EHUko beste ikasketa batzuetatik badatoz, ikastegiko idazkaritzan zuzenean eskatu ahal izango dute leku-aldaketa, 2016ko ekainaren 27tik uztailaren 4ra bitartean. Eskari horiek ikastegiko dekanoak/zuzendariak ebatziko ditu, errektoreak horretarako eskumenak eskuordetuta, irizpide hauei jarraiki:
2.1.– Lehenengo maila osoa edo 60 kreditu gaindituta izatea, baldin eta ikasketa horietarako plaza kopuru mugatua badago eta plaza guztiak ohiko prozeduraren bidez esleitu badira.
2.2.– Iraunkortasun arauak betetzea.
2.3.– Ikastegiko zuzendaritzak leku-aldaketa kopuru jakin bat onartu ahal izango du bateragarri izango dena titulazio horretako lehenengo mailan sartzeko ezarrita dagoen ikasle kopuruarekin, irakats ahalmenarekin eta titulazioa ezartzeko egutegiarekin. Horretarako, ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak zehaztutako irizpide objektiboak erabiliko dira, eta irizpideok ikastegiaren web orrian egon behar dira argitaratuta izena emateko epea hasi baino lehen.
3.– Ikasleak plaza lortuz gero, espediente akademikoa lekuz aldatu beharko da. Tramite hori jatorrizko ikastegiak edo unibertsitateak egin beharko du, interesatuak UPV/EHUn onartu izan dela egiaztatu ondoren.
Leku-aldaketa UPV/EHUn bada ikasketa berberekin jarraitzeko, agortutako deialdiak espediente berrian jasota agertuko dira, baina, edozelan ere, horrelakoetan, ikasleak bermatutako izango ditu bi deialdi.
b) Unibertsitateko ikasketak atzerrian hasi dituzten ikasleak.
Ikasle horiek, betiere lehenengo mailako 30 kreditu baliokidetuta edo aitortuta badituzte, onarpen eskaria egingo behar dute matrikula egin nahi duten ikastegiko idazkaritzan 2016ko ekainaren 27tik uztailaren 4ra bitartean, eskariarekin batera ikaslearen ziurtagiri akademikoa aurkeztuta; eskari horiek dekanoak/zuzendariak ebatziko ditu errektoreak eskumenak eskuordetuta. 412/2014 Errege Dekretuko 30. artikuluari jarraituz, ikastegiko zuzendaritzak leku-aldaketa kopuru jakin bat onartu ahal izango du bateragarri izango dena titulazio horretako lehenengo mailan sartzeko ezarrita dagoen ikasle kopuruarekin, irakats ahalmenarekin eta titulazioa ezartzeko egutegiarekin. Horretarako, ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak zehaztutako irizpide objektiboak erabiliko dira, eta irizpideok ikastegiaren web orrian egon behar dira argitaratuta izena emateko epea hasi baino lehen. Besteak beste, unibertsitateko espedientea hartu beharko da kontuan.
Ikasleek espedientea lekuz aldatzeko eskaera egingo dute, baina izena emateko prozesuan ere parte hartzeko aukera izango dute 2. artikuluan zehaztutako aukeretako bati jarraiki.
c) Hasitako ikasketak egiten jarraitu nahi duten ikasleak.
Ikasketak beste unibertsitate batera edo UPV/EHUko beste ikastegi batera joateko utzi eta berriz ere hartu gura dituzten ikasleek ikastegiko idazkaritzan zuzenean aurkeztu beharko dute eskaria 2016ko ekainaren 27tik uztailaren 4ra bitartean, eta dekanoak/zuzendariak hartuko du eskariari buruzko erabakia.
d) Goi mailako eta errendimendu altuko kirolariak.
Goi mailako eta errendimendu altuko kirolarien espedienteak lekuz aldatzeko eskariak 2016ko ekainaren 27 eta uztailaren 4a bitartean aurkeztu beharko dira matrikula egin nahi deneko ikastegiko idazkaritzan, betiere, leku aldaketaren arrazoia kirola arrazoien ondorioz bizilekuz aldatu behar izana bada eta norberaren ikasketekin aurrera segitu ahal izatea, bat etorrita uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuak, goi mailako eta errendimendu altuko kirolariei buruzkoak, 9. artikuluaren 10 atalean zehaztutakoarekin. Ezarritako epetik kanpo, aplikatuko ahal dira lekualdatzeko eskari hauen baldin eta plaza hutsik eta esleitu gabe badira.
a eta b) ataletan jasotako baldintzen arabera ebatzitako eskarien kasuan, ikastegiak onartutako eskarien berri eman beharko dio Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzari.
Bide horietako batetik onartutako ikasleak (a, b, c edo d) matrikula egin beharko du ikasketak egingo dituen ikastegiko idazkaritzan, onarpen erabakian adierazitako epean. Ezer adierazi ezean, 28. artikuluan zehaztutako epeetan egin beharko du.
Izena emateko eskaria berrestea, plazak esleitzea eta matrikula egitea.
8. artikulua.– Unibertsitatera sartzeko proba euskal barrutian egin duten Batxilergoko ikasleek eskaria egina badute 2016/2017 ikasturtean UPV/EHUn sartzeko, eskari hori berretsi egin beharko dute (berdin uzteko edo aldaketak egiteko) honako toki eta egunetan:
a) Unibertsitatera sartzeko proba ohiko deialdian (2016ko ekainean) gainditu duten ikasleek 2016ko ekainaren 20tik 24ra, biak barne, ahal bada, unibertsitatera sartzeko web gunearen bidez (www.sarrera.ehu.eus) lehenengo aukeran hautatutako ikastegiko idazkaritzan, Sarbide Bulegoan edo campusetako errektoreordetzetan.
b) Unibertsitatera sartzeko proba ezohiko deialdian (2016ko uztailean) gainditu duten ikasleek uztailaren 18tik 22ra, biak barne, zuzenean, Interneten bidez, unibertsitatearen web orrian (www.sarrera.ehu.eus) edo Sarbide Bulegoan edo campusetako errektoreordetzetan.
Eskabidea baieztatu ezean, baliorik gabe geratuko da eta baztertu egingo da UPV/EHUra sartzeko prozeduratik.
9. artikulua.– Plazak mugatzeko baimena duten ikasketetan plazak esleituko dira 412/2014 EDn zehaztutako lehentasunei jarraituz, ikasleak adieraziriko hobespenak errespetatuz eta honako irizpide hauek kontutan harturik:
a) Gordetako zenbait kupotako plazak sarrera orokorreko ikasleei esleituko zaizkie aldez aurretik, salbu eta, aurreko ikasturteetako datuen arabera, plaza horiek guztiak betetzen dituzten titulazioetan. Talde horien eskaririk balego, kasuan kasuko ehunekora arte onartuko dira.
b) Unibertsitateen kontseiluak baimendutako muga gehitu egingo da aurreko ikasturteko urriaren 31 baino lehen baliogabetutako matrikulen kopuru berean. Igoera hori eragindako ikastegiekin erabakiko da, eta plazak sarrera orokorreko ikasleek beteko dituzte, lehentasunen hurrenkera zehatz-mehatz gordez.
10. artikulua.– 1.– Graduko ikasketetara sartzeko eskaerak ikaslearen batez besteko notaren hiru hamartar kontutan hartuta ordenatuko dira, dagokion balorazio irizpidea oinarri hartuta.
2.– Ikasleak unibertsitateko tituluren bat badu, unibertsitateko espedienteko batez besteko nota 1125/2003 EDn zehaztutakoari jarraituz kalkulatuko da: Aurkeztutako ziurtagiri akademikoaren bidez ezinezkoa bada batez besteko nota zehaztea, honetara kalkulatuko da:
Sarbideko kalifikazioak homologatzearren, kalifikazio kuantitatiborik ez dagoenean, ondoko taulako irizpideen arabera zehaztuko da kalifikazio kualitatiboaren zenbatekoa: baliozkotuta: 5,5 (kalifikaziorik gabeko irakasgaietarako); Nahikoa: 5,5; Oso ongi: 7,5; Bikain: 9; Ohorezko matrikula: 10.
Kreditutan egituratuta ez dauden ikasketa planetan honela kalkulatuko da batez besteko nota: Gainditutako irakasgaien batuketa, horietako bakoitza aurreko taularen arabera dagokion kalifikazioaren zenbakiagatik biderkatuta. Batura zati kasuan kasuko titulazioko irakasgaien kopuru osoa egingo da. Lauhileko edo seihileko irakasgaien kasuan, kalifikazioaren balio erdia hartuko da batuketarako eta irakasgaiaren erdia zatitzailean. Karrera amaierako proiektua urte osoko irakasgaitzat hartuko da.
Espedientea kreditutan egituratuta badago, honela kalkulatuko da batez besteko nota: gainditutako kreditu kopuruaren batuketa egingo da, horietako bakoitza aurreko taulako kalifikazioaren balioagatik biderkatuta; batura hori zati gainditutako kreditu kopurua egingo da.
Batez besteko nota kalkulatzean ez dira kontuan hartuko kalifikaziorik ez daukaten kreditu aitortuak.
11. artikulua.– Matrikula egiteko onarpena unibertsitatearen web orrian (www.ehu.eus) argitaratuko da honako data hauetan:
1. onarpena: uztailak 12.
2. onarpena: uztailak 20.
3. onarpena: uztailak 27.
4. onarpena: uztailak 30 (uztaileko azken onarpen honetan sartuko dira Batxilergo eta hezkuntza zikloetako sarrera probaren ezohiko deialdiko ikasleak).
5. onarpena: irailak 8.
6. onarpena: irailak 15.
Unibertsitateak, onarpen prozesuaren garapena ikusirik, onarpen zerrenda gehiago atera ahal izango ditu; horrela eginez gero, aldez aurretik jakinaraziko du denbora nahikoaz.
12. artikulua.– UPV/EHUn matrikula onartu delako jakinarazpen ofiziala UPV/EHUren web orrian argitaratzea izango da.
13. artikulua.– 1.– Ikasleak egingo dituen ikasketak irakasten dituen unibertsitateko ikastegian egingo da matrikula, 26. Artikuluan adierazitako egunetan. Matrikula egiteko, 29. Artikuluan aipatutako dokumentuak aurkeztu beharko dira.
2.– Matrikula esandako egunean eta orduan egiten ez duen ikasleak matrikula egiteko eskubideari uko egiten diola ulertuko da eta, hortaz, galdu egingo du ikasketak egiteko plaza. Ikasleak UPV/EHUn matrikula egiteko nahia adieraziko balu beranduago, eskaerak berriro ordenatu ondoren plaza hutsak dauzkan titulazioren batean sartzeko aukera izanez gero egingo luke matrikula.
Talde batetik baino gehiagotik sartzeko eskariak.
14. artikulua.– 1.– Indarrean dagoen legerian zehaztutakoari jarraituz, sarrera bide batetik baino gehiagotatik egiteko baldintzak betetzen dituzten ikasleak eskaria egitean baliatu beharko dira posibilitate horretaz.
2.– Unibertsitatean sartzeko eskaria bide batetik baino gehiagotatik egin arren, eskaria bakarra izango da.
Onarpenari buruzko errekurtsoak ebazteko irizpideak.
15. artikulua.– Amaitutako onarpen prozesuen aurka jartzen diren errekurtsoak Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeak ebatziko ditu, honako irizpideon arabera:
a) Ikasleek errekurtsoan eskatutako ikasketetan plazak geratzen direnean, onartu egingo zaie eskaria, izena emateko eskarian titulazio hori ipinita eduki zein ez.
b) Errekurtsoa jartzen duen ikasleak onartutako azkenak baino nota hobea izanda ere, eskaria ez zaio onartuko baldin eta titulazio horretako plaza guztiak beteta badaude.
c) Aparteko tratamendua emango zaie arrazoi bereziengatik egindako eskariei, agiri bidez egiaztatzen badira (gaixotasun luzeak, ezintasun fisikoak etab.). Eskariok ebazteko UPV/EHUren Graduko Batzordeari eskatuko zaio iritzia.
Proba bereziak Itzulpengintza eta Interpretazioko Graduan eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduan sartzeko.
16. artikulua.– 1.– 412/2014 Errege Dekretuko 10. artikuluan zehaztutakoaren babesean, proba bereziak ezartzen dira ikasketa hauetan sartzeko: Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua.
2.– Proba horiek gainditzeak ez dakar graduan onartua izatea; izan ere, proba gaindituta izateaz gain, kontuan izango dira eskaria egiteko eta ikasleak hautatu eta onartzeko kapitulu honetan ezarritako gainerako irizpideak.
3.– Proba horiek gainditu arren ikasleak ez badu matrikularik egiten, hurrengo urtean matrikula egin nahi izanez gero berriro egin beharko ditu probak. Era berean, proba hori beste unibertsitate batean gaindituta izan arren, titulazioa Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi nahi dutenek berriro egin beharko dute UPV/EHUn.
4.– Letren Fakultateko eta Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekanoek antolatuko dituzte probak eta epaimahaiak izendatu, Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzarekin koordinazioan.
5.– Proba hauetarako izena emateko epeak: 2016ko apirilaren 20tik 27ra, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradurako, eta 2016ko maiatzaren 13tik 20ra Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradurako.
II. KAPITULUA
IKASKETA DESBERDINAK ALDI BEREAN EGITEA
17. artikulua.– 1.– Ikasketa desberdinak aldi berean egiteko eskariak onartuko dira baldin eta ikasleek gaindituta badaukate hasita daukaten titulazioko lehenengo maila osoa (plan zaharretan) edo 60 kreditu (plan berrietan) eta baldin eta matrikula-epeak behin amaituta bigarren titulazioan plazarik geratzen bada. Plazatan baino eskari gehiago badago, hasitako ikasketetako kalifikazioen arabera ordenatuko dira.
UPV/EHUk berak ikasketa plangintzan edo programazioan horrela zehaztuz gero, posible izango da titulazioko lehenengo mailan hasita egitea ikasketa desberdinak aldi berean.
2.– Ikasketa desberdinak aldi berean egiteko, ikasleak lehendik hasita dauzkan unibertsitateko ikasketen ikaslearen ziurtagiri akademikoa eta unibertsitatera sartzeko probetako txartela aurkeztu beharko ditu (UPV/EHUko ikasleek ez dute dokumentazio hori aurkeztu behar izango) eskariarekin batera. Eskaerak 2016ko irailaren 2tik 7ra bitartean aurkeztu behar dira, biak barne, campusetako errektoreordetzetan edo Sarbide Bulegoan.
3.– Lehenengo ikastarotik gorako ikastaroetarako, ikasketak aldi berean egiteko eskaria, ikasketak berriro hartu nahi diren ikastegiko idazkaritzan aurkeztu beharko da, 2016ko uztailaren 4tik 8ra eta ikastegiko dekano edo zuzendariak ebatziko ditu eskariok, errektoreak eskuordetzan emandako ahalmena erabiliz.
4.– UPV/EHUko graduko ikasle bakoitzak espediente akademiko bat izango du irekita unibertsitatean, ikasketa desberdinak aldi berean egiten ari diren ikasleek izan ezik, artikulu honetan zehaztutakoari jarraituz.
III. KAPITULUA
MATRIKULA ETA PREZIO PUBLIKOAK
Irakasgai berrietan matrikulatzea.
18. artikulua.– Ikasturte bakoitzean graduko titulazioetako ikasleek aurreko mailetan gainditzeke dituzten irakasgai guztietarako egin beharko dute matrikula, eta matrikulan gehienez ere 60 kreditu berri sartu ahal izango dituzte. Guztira, kreditu berriak eta kreditu errepikatuak batuta, ezin da 90ko kreditu kopurua gainditu.
Hautazko irakasgaiak.
19. artikulua.– 1.– Ikasleek ikasturte bakoitzean hautazko irakasgaiak aldatu ahal izango dituzte, nahiz eta aurreko ikasturteetan beroriek suspenditu edo haietara aurkeztu ez. Irakasgai berrietan zerotik hasiko dira kontatzen deialdiak, eta ikasleak egin dituen baina gainditu ez dituen irakasgaietan hurrengo ikasturteetan matrikula egin nahi izanez gero, matrikula hori baldintzapean egongo da, ezinbestekoa izango baita irakasgaia irakats eskaintzan sartuta egotea.
2.– Matrikulan eskaintzen diren hautazko irakasgaietarako muga bat dago bai irakasgai kopuruari bai plaza kopuruari dagokionean, eta muga hori ikasturte bakoitzerako irakats eskaintzan zehaztuko da. Beraz, ez da nahastu behar ikasketa-planetan ageri diren hautazko irakasgaien kopurua, eta ikasturte bakoitzerako eskainitako hautazko irakasgaiena.
3.– Ikasle bakoitzak matrikula egiteko txanda heltzen zaionean aukeratuko ditu hautazkoak, 27. artikuluan matrikulen hurrenkerarako zehaztutako irizpideak erabilita.
4.– Ikastegiek plaza nahikoak bermatu beharko dizkiete ikasle guztiei hautazko irakasgaietan, euren ikasketa-planean euren mailarako ezarrita dauden kreditu guztietan matrikulatu ahal izan daitezen; era berean, automatrikula egitean ikasleek aukeratu ahal izateko adinako kopuruan eskaini beharko dituzte.
Irakasgai osagarriak edo gehiegizko kredituak.
20. artikulua.– Titulazioko kreditu guztiak eginda izan arren, ikasleek aukera izango dute, automatrikularako epea amaitu eta gero, hautazko irakasgaietan matrikulatzeko, 18. artikuluan zehaztutako mugaren barruan, dekanotzak/zuzendaritzak aurretik baimena emanda, eta titulua jasotzeko eskaria egin aurretik.
Era berean, titulazioko kreditu guztiak gaindituta izan arren, UPV/EHUn matrikulatutako ikasleak hautazko kredituak aitortzea eskatu ahal izango du kultur eta kirol ekintzetan, elkartasuneko eta lankidetzako jardueretan eta ikasleen ordezkaritzan aritzeagatik, Graduko Ikasketetan Kredituak Transferitzeko eta Aitortzeko Arautegiak zehaztutako prozedurari eta irizpideei jarraituz, eta, betiere, dekanoak/zuzendariak aldez aurretik baimena emanez, eta, edozelan ere, graduko titulua eskatu aurretik.
Eskolarik gabeko irakasgaiak.
21. artikulua.– Desagertzeko bidean dauden ikasketa planetako irakasgaiak, eskolarik gabekoak, honela gestionatuko dira:
a) Plan horietako ikasketak egiten ari diren ikasleek nahitaez egin beharko dute gainditzeke dauzkaten irakasgaietako matrikula, desagertze bidean egonik azken urtera heldu den mailako irakasgaiak direnean.
b) Irakasgai hauetarako deialdiak, oro har, bigarren lauhileko irakasgaiei dagozkienak izango dira. Hala ere, ikastegiak horretarako aukerarik zehaztuta izanez gero, ikasleak lehenengo lauhilekoko ohiko deialdia erabili ahal izango du, baina horren berri eman beharko du ikastegiko idazkaritzan, ikastegiak horretarako zehaztutako epean; idazkaritzak mota horretako ebaluaziorako izendatutako epaimahaiari jakinaraziko dio. Deialdia aurreratu baina azterketa gainditu ez duten ikasleek ikastegiko idazkaritzan esan beharko dute, maiatzaren 15a baino lehen, beste bi deialdietatik zein erabili gura duten. Ikasleak ezer esaten ez badu, ikasturte horretako bigarren deialdi bezala bigarren lauhilekoko ezohiko deialdia erabiliko duela ulertuko da.
c) Irakasgai horien kalifikazio-orriak eta aktak beste irakasgai guztietan erabilitako prozedura berberaren bidez eskuratuko dira.
d) Irakasgai horien ebaluazio probetarako egunak ikastegi bakoitzak jarriko ditu deialdi bakoitzerako, eskolak dauzkaten irakasgaietarako prozedura berbera erabiliz.
Behin betiko matrikula.
22. artikulua.– Ikasleek egindako matrikulak behin-behinekoz onartuko dira. Matrikula behin betikoa izango da egiaztatzen denean ikasleak betetzen dituela eskatu duen titulazioa egiteko behar diren baldintzak. Egiaztapena ikasleak matrikula egin eta 4 hilabeteko epean egingo da. Lau hileko epe hori igarota ikastegiko dekanoak edo zuzendariak ez badu matrikula horren kontrako erabakirik hartzen, matrikula behin betiko onartutzat emango da. Dekano edo zuzendariaren erabakiaren kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari.
Irakasleen matrikula.
23. artikulua.– Unibertsitateko irakasleen araubideari buruzko apirilaren 30eko 898/1985 errege-dekretuko 12. artikuluak hauxe dio: «unibertsitateko irakasle guztiek debekatuta izango dute eurak irakasle dauden ikastegietan ikasle gisa matrikulatzea».
«Hala ere, diplomatu titulua bakarrik daukaten unibertsitate eskoletako irakasle titularrak lizentziaturan matrikulatu ahal izango dira, edo, lizentziatuak izanez gero, doktoregoan, baina errektoreak eman beharko du horretarako beren-beregiko baimena.»
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle-ikertzaileen araubideari buruzko martxoaren 4ko 40/2008 dekretuan ezarritakoarekin bat etorrita, oro har, irakasle kontratatuek ezin izango dute irakaskuntza eskaintzen duteneko fakultate edo eskolan matrikula egin ikasle moduan titulu ofizial bat lortzeko,Hala ere, errektorearen aldez aurreko baimena lorturik, matrikula egin ahal izango dute irakaskuntza ematen duteneko edozein ikastegitan lizentziaturako ikastaroetan, diplomatua direnean edo doktorego programetan lizentziatuak direnean.
Hori berori ezarriko da graduen kasuan.
Matrikula bakarra.
24. artikulua.– 2016/2017 ikasturterako matrikula bakarra izango da bi lauhilekoetarako. Salbuespena da Gradu Amaierako Lanerako matrikula, gradu amaierako lana egin eta defendatzeari buruzko arautegiaren araberakoa baita, eta, horri jarraiki, matrikularako ohiko deialdian edo horretarako zabaldutako beste epe batean egin ahal izango da. Hala ere, hori gorabehera, 37. artikuluan jasotako bigarren matrikulaldia baino ezin izango du egin.
Halaber, ikastegiak matrikula aldatzeko ezohiko epea ezarri ahal izango du, ikasleei lepora ezin dakizkiekeen arrazoiek eragindako kasuetarako. Halakoetan, ikastegiak horren berri eman beharko du bere web orriaren bidez, horretarako epea zein den zehaztuta eta nortzuek alda dezaketen matrikula adierazita.
Ikasleen banaketa nahitaezko irakasgaietako taldeetan.
25. artikulua.– 1.– Matrikulatutako ikasleak nahitaezko irakasgaietako taldeetan banatu ahal izango dira hurrenkera alfabetikoaren arabera, ausaz edo ikaslearen nahiari jarraituz, ikastegiko batzarrak erabakitako irizpidearekin bat etorrita.
2.– Ikaslearen nahiaren arabera egitea erabakiz gero, ikasleek matrikula egitean aukeratu beharko dute taldea, egokitu zaizkion matrikula egun eta orduan lituzkeen aukeren arabera.
3.– Maila edo talde jakin batean matrikulatu ondoren, ikasleak taldez aldatzeko eskaera egin ahal izango du irakasgai jakin batzuetarako, hizkuntzaz aldatzeko hain zuzen ere. Eskabideok ikastegiko zuzendariak edo dekanoak ebatziko ditu, eskura diren baliabideak oinarri hartuta.
Matrikula epeak.
Lehenengo mailako ikasleak.
26. artikulua.– 1. ikastaroko ikasleek, dagokienaren arabera, honako epe hauen arabera egingo dute matrikula:
1. onarpenekoek, uztailaren 13tik 19ra
2. onarpenekoek, uztailaren 21etik 22ra
3. onarpenekoek, uztailaren 28an
4. onarpenekoek, irailaren 5ean eta 6an
5. onarpenekoek, irailaren 9an eta 12an
6. onarpenekoek, irailaren 16an.
Lehenengo mailatik gorako ikasleek.
27. artikulua.– 1.– Matrikula uztailaren 18tik 29ra bitartean egin beharko dute (matrikula uztailean egitea aukeratu duten ikastegien kasuan), edo irailaren 2tik 9ra bitartean (matrikula uztailean egin ezin duten ikastegien kasuan). Ikasleak edo haren ordezkari akreditatuak matrikula egin ez badu adierazitako egun eta orduan, galdu egingo du espedientearen arabera daukan lehentasuna.
2.– Ikasleek, esan bezala, automatrikula egingo dute Internet bidez (horretarako jarriko den ikasgelan edo beste lekuren batean). Ikasle bakoitzak aukeratu ahal izango du bere egun eta orduan eskaintzen diren hautazko eta aukera askeko irakasgaien artean, ikastegian onartutako irakats eskaintzaren arabera betiere.
3.– Matrikula egiteko egun eta orduaren jakinarazpen ofiziala Interneten bidez egingo da, 2016ko uztailaren 15ean edo irailaren 1ean (kasuaren arabera), unibertsitatearen web orrian.
4.– Ikasle bakoitzak matrikula zein egun eta ordutan egin behar duen zehazteko, 2016ko uztailaren 15ean edo irailaren 1ean (kasuaren arabera) unibertsitateak ikasle guztiak ordenatuko ditu espedientean, data horretan azaltzen diren kalifikazioetan oinarrituta: matrikula zenbaki bana emango zaie, eta zenbaki handienak izango du lehentasuna. Ondoko formula hau erabiliko da ikasleak ordenatzeko:
Matrikula ordena: MO = 0,25*A + 2,5*M + 5*F, non:
A = Gainditutako irakasgaien kalifikazioa baloratzen duen koefizientea (espedientearen batez bestekoa).
M = matrikularen urtean izandako errendimendu akademikoa (hurrenkera zehazten den egunean ikasturte horretan ikasleak gaindituta dituen kredituak/ikasturte horretan matrikulatutako kredituak).
F = titulazioaren bukatze maila (hurrenkera zehazten den egunean ikasleak gainditu dituen kredituak/titulazioko kreditu guztiak).
2015/2016 ikasturtean matrikularik egin ez eta ikasketak berriro hartu nahi dituzten ikasleak:
28. artikulua.– Ikasketei berrekin eta 2015/2016 ikasturtean matrikulatu ez diren ikasleek, bai eta lekualdaketa eginda onartuak izan direnek ere, 2016ko irailaren 12tik 16ra bitartean egingo dute matrikula ikastegiko idazkaritzan, salbu eta ikastegiak beste epe bat ezarri badu.
Matrikula egiteko aurkeztu behar diren agiriak.
29. artikulua.– 1.– Lehenengo mailan lehendabiziko aldiz matrikulatzen diren ikasleek, edozein izanda ere titulazioa, honako agiriak aurkeztu behar dituzte:
a) Datu ekonomiko eta estatistikoen inprimakia.
b) NANaren edo pasaportearen fotokopia.
c) Argazki bat, atzean izena eta deiturak idatzita.
d) Matrikularen ordainketa helbideratzeko inprimakia.
e) Matrikulako prezio publikoetatik salbuetsita egoteko edo prezio murriztua ordaintzeko eskubidea egiaztatzen duen agiria, ikasketa-zerbitzuengatik ordaindu beharreko prezioak finkatzeko Eusko Jaurlaritzak onartzen duen aginduaren arabera. Horrez gain, administrazio egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze ziurtagiria.
f) Beka eskaria, horrelakorik eskatuz gero.
g) Gizarte Segurantzan alta emanda egotearen agiriaren fotokopia, eskola asegururako.
2.– Aurrekoaz gain, erabilitako sarbidearen arabera, ikasle bakoitzak honako dokumentuok aurkeztu beharko ditu:
– Unibertsitatera sartzeko probetako ikasleak:
h) Unibertsitatera sartzeko probako kalifikazioko behin betiko txartelaren fotokopia erkatua edo fotokopia eta jatorrizkoa, hautaprobak UPV/EHUn egin dutenek izan ezik.
i) Azken notan ohorezko matrikula lortu duen LOGSEko ikasleak horren ziurtagiria aurkeztu beharko du.
j) Espedientea lekuz aldatzeko (matrikulatuta egon den unibertsitate edo ikastegitik aldatzeko) gastuak ordaindu izanaren agiria, UPV/EHUko ikasleak izan ezik.
k) Unibertsitate ikasketak hasita dituzten ikasleek espedientearen lekualdaketa egin beharko dute.
– Lanbide heziketako ikasleak eta titulazioa daukanak:
l) Ikasketen ziurtagiri pertsonalaren, kalifikazio liburuaren edo kasuan kasuko titulaziora sartzeko bidea ematen duen tituluaren fotokopia erkatua, edo fotokopia eta jatorrizkoa.
m) Unibertsitatera sartzeko probaren atal espezifikoko kalifikazioa alegatuko dutenek agertu beharko dute proba horretako behin betiko kalifikazioaren txartelaren fotokopia erkatua edo fotokopia eta jatorrizkoa, salbu eta hautaprobak UPV/EHUn egin dutenek.
3.– Lehenengo ikastarotik gorako ikastaroetan matrikulatu beharreko ikasleek eta errepikatzaileek honako agiriok aurkeztu behar dituzte, kasuan kasu:
a) Datu ekonomiko eta estatistikoen inprimakia (aurreko ikasturtean matrikulatuta egon ez diren ikasleek besterik).
b) NANaren edo pasaportearen fotokopia.
c) Matrikulako prezio publikoetatik salbuetsita egoteko edo prezio murriztua ordaintzeko eskubidea egiaztatzen duen agiria, ikasketa-zerbitzuengatik ordaindu beharreko prezioak finkatzeko Eusko Jaurlaritzak onartzen duen aginduaren arabera. Horrez gain, administrazio egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze ziurtagiria.
d) Lehen matrikulatuta egon diren unibertsitate edo ikastegitik espedientea lekuz aldatzeko gastuak ordaindu izanaren gordekina (unibertsitate honetako ikastegi batetik bestera edo beste unibertsitate batetik hona aldatutako ikasleentzat besterik ez).
e) Gizarte Segurantzako afiliazio agiria eskola asegururako (beste unibertsitate batetik hona aldatu direnek bakarrik).
f) Beka eskaria, horrelakorik eskatuz gero.
4.– Ikaslea 28 urtetik gorakoa bada, ezinbestekoa izango da banakako aseguru bat izatea, UPV/EHUk hitzartuta daukan «CUM LAUDE» istripu poliza kolektiboa izan daitekeena, edo beste edozein erakunde nahiz enpresak eskainitako beste aseguru bat, baldin eta, gutxienez, UPV/EHUren bitartez eskainitako kontzeptuen gaineko estaldura («CUM LAUDE») bermatzen badu.
Erasmus programako edo antzeko nazioarteko programetako ikasle atzerritarrak.
30. artikulua.– Ikasle hauek ez dute UPV/EHUn matrikularik ordaindu beharko, zeinek bere unibertsitatean ordainduta izango baitu.
Aurkeztu beharreko agiriak honakoak dira:
a) Erasmus ikasle atzerritarrek edo antzekoek UPV/EHUn izena emateko inprimakia (orri horretan koordinatzaileak zehaztu beharko ditu ikasleak egingo dituen irakasgaiak, espedientean alta emateko).
b) Nortasun agiriaren edo pasaportearen fotokopia.
c) Argazki bat.
d) Jatorrizko unibertsitatean egindako matrikularen gordekinaren fotokopia.
e) E-111 dokumentuaren fotokopia edo, ezinezkoa balitz, aseguru indibidualaren erreferentzia.
Sicue-Seneka edo antzeko programen bidez beste unibertsitate batzuetatik datozen ikasleak.
31. artikulua.– Ikasle hauek ez dute UPV/EHUn matrikularik ordaindu beharko, zeinek bere unibertsitatean ordainduta izango baitu.
Aurkeztu beharreko agiriak honakoak dira:
a) Sicue-Seneka edo antzeko programetako ikasleek UPV/EHUn izena emateko inprimakia (orri horretan koordinatzaileak zehaztu beharko ditu ikasleak unibertsitate honetan dagoen bitartean egingo dituen irakasgaiak, bere espedientean alta emateko).
b) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.
c) Argazki bat.
d) Jatorrizko unibertsitatean egindako matrikularen gordekinaren fotokopia.
e) Eskola-aseguruaren ordainagiriaren fotokopia edo, ezinezkoa balitz, aseguru indibidualaren erreferentzia.
Behin-behineko matrikula.
32. artikulua.– Beste unibertsitate batean onartua izateko zain dagoela agiri bidez frogatzen duen pertsonak behin-behineko matrikula egin ahal izango du UPV/EHUn, bertako prezio publikoak behin betiko matrikula egitean ordainduz.
Ikasturtea hasi aurretik, ikaslea behin-behineko matrikula egin duen ikastegira joan beharko da behin betiko matrikula egiteko edo matrikulari uko egiteko. 2016ko irailaren 12a baino lehen ikaslea ez bada behin betiko matrikula egitera joan, unibertsitateak, ofizioz, baliogabetu egingo du matrikula, eta ikasleak galdu egingo du gordeta zaukan plaza. Hori horrela egingo da behar bezala egiaztatutako kasuetan izan ezik.
Matrikula ordaintzea.
33. artikulua.– 1.– Ikasleek unibertsitateari ordaindu beharrekoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztuko du ikasturte bakoitzerako.
2.– Prezio murrizpenak edo salbuespenak izateko eskubidea baliatzeko, beharrezkoa da ikasleak matrikula egiteko epearen barruan betetzea eta egiaztatzea horretarako baldintzak.
3.– Ikasle bakoitzak matrikulagatik ordaindu beharreko zenbatekoa matrikula egiteko momentuan kalkulatuko da automatikoki.
4.– Matrikula ordaintzeko erak:
a) Ikasleak unibertsitateari kontu zenbaki bat eman eta ordainketa horra helbideratzea. Matrikularen ordainketa helbideratzeko azken eguna ikasturte bakoitzeko otsailaren 28a izango da.
b) Matrikula egiten duenean ikasleari ematen zaion ordainagiri pertsonalizatuaren bidez, eta Prezioen Aginduan zehaztutako epeetan, ikasleak epeka ordaintzea erabakitzen badu. Matrikula orrian adierazten den banketxeetako batean egin beharko da diru sarrera.
Banketxeak zigilua ipiniko du ordainagirian eta baliozkotu egingo du hala egindako ordainketa. Ikasleak aleetako bat gordeko du, ordaindu izanaren agiri bezala.
c) Kreditu txartelaren bidez.
5.– Ikasleak epeka ordaintzea erabakiz gero, Eusko Jaurlaritzak prezio publikoei buruzko aginduan zehaztutako epeak bete beharko ditu.
6.– Matrikula egitean pertsona batek matrikula ordaintzen ez badu beka baten zain dagoelako, eta gero beken epaimahaiak beka behin-behinekoz ukatzen badio, matrikulako dirua ordaindu beharko du, nahiz eta beka ukatzearen kontrako goranzko errekurtsoa egin.
7.– Ikasketa plana desagertu egin delako egokitu diren irakasgaiek ez dute kosturik izango, prezio publikoen aginduak bestelakorik zehazten ez badu bederen.
8.– Bigarren matrikulaldian eta eskatutako beka ukatzeagatik ordaindu behar denean, matrikula ezin izango da zatika ordaindu.
9.– Ezohiko ebaluazio probaren kalifikazioen zain dauden ikasleek bi epetan ordaindu beharko dituzte beti «behin-behineko» matrikulak, betiere, matrikulan ordaindu beharreko kopurua prezio publikoen aginduan epeka ordaintzeko zehaztutako gutxienekoa baino txikiagoa ez bada. Lehenengo epea behin-behineko matrikularen arabera kalkulatuko da. Ikaslea kalifikatu eta behin betiko matrikula zein izango den jakin ondoren, automatikoki kalkulatuko da bigarren epean ordaindu beharreko diru kopurua.
Matrikula baliogabetzea.
34. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko legearen testu bateratua onartu zuen irailaren 11ko 1/2007 legegintzako dekretuak 34.6 artikuluan dioenaren arabera, nahiz eta ikasleek legeak agindutako epe eta moduan eskatu matrikula baliogabetzea, ez zaio inolaz ere itzuliko ordaindutako dirua.
2.– Matrikularen prezioaren zatiren bat edo ezer ez ordaintzeak espediente akademikoa etetea ekarriko du.
3.– UPV/EHUk ikusiko balu ikasleak ez duela betetzen matrikula egiteko baldintzaren bat, ezetsi egingo du matrikula egiteko eskaria, eta ordaindutako dirua itzuliko dio ikasleari.
4.– Ikasleek matrikula baliogabetu ahalko dute urte bakoitzeko abenduaren 31 arte. Matrikula osoaren baliogabetzea izango da, hau da, ezin izango da baliogabetze partzial bat edo irakasgai solteena egin. Egun horretatik aurrera ez da matrikulen baliogabetzerik onartuko, salbu eta Unibertsitateak berariaz baimendu interesdunak aurrez hala eskatuta.
5.– Matrikula ez ordaintzeagatik espediente akademikoa etenda daukan ikasleak, ordaintzeke daukan kopurua zor izango dio unibertsitateari; erabakia emango da zorduna dela adierazteko eta jakinarazpena egingo zaio.
6.– UPV/EHUrekin zorren bat dutenek ezin izango dute aurrerantzean beste matrikularik egin. Halaber, ez zaie emango titulurik edo ziurtagiririk, ez eta espediente akademikoari buruzko informaziorik ere, eta ezin izango dute espedientea lekuz aldatu. Era berean, ezin izango dituzte UPV/EHUren zerbitzuak erabili.
7.– Ikasleari berriro aktibatuko zaio espediente akademikoa zorra ordaintzen duen unean.
8.– Matrikula baliogabetu duten ikasle berriek berriro eman beharko dute izena, unibertsitatean ikasketak egiten hasi nahi badute.
9.– Ikasle bekadun legez matrikulatzeko, matrikula egiterakoan bete beharko ditu ikasleak beka deialdian eskatzen diren baldintza akademikoak, eta aurretik beka eskaera egina eduki beharko du. Matrikulatzerakoan beka eskaeraren kopia aurkeztu beharko du, matrikulatzeko behar diren gainontzeko agiriekin batera. Bestela, matrikulako prezioak ordaindu beharko ditu, nahiz eta hori ez den izango beka eskatzeko eragozpen.
Hala ere, ikasle batek eskakizun akademikoak betetzeagatik bekadun moduan egin badu matrikula eta ondoren beka ukatu egin bazaio eta ukoa jakin ondoren matrikula baliogabetzea eskatzen badu, ikasle hori ez da zorduntzat hartuko.
Matrikula lehen epean egiten duten ikasle berriek matrikula egiterakoan ez badute beka eskariaren orria, ikasle ez bekadun gisa matrikulatuko dira. Behin beka eskaria eskuratuta, matrikula egin duten ikastegiko idazkaritzan aurkeztu behar dute, matrikula bekadun gisa eguneratzeko.
35. artikulua.– Tasa eta prezio publikoak itzultzea.
Salbuespen hauetan itzuliko dira prezio publikoak:
1.– Matrikula administrazioak bere kabuz baliogabetzen duenean, baldintzaren bat betetzen ez duelako, eta hori zuzentzea ezinezkoa denean.
2.– Ikasleak ordaindutako kopurua indarrean dauden prezioak baino gehiago izan denean, kalkula oker egin delako edo oker kobratu delako, betiere, horren errua ikaslearena izan ez bada.
3.– Ordaindu dutenek eskubidea dutenean ordaintzetik salbuetsita egoteko, beka eskaria onartu zaielako, edo diru laguntza edo salbuespenen baten onuradun direlako, baldin eta eskaria legezko epean eta eran egi badute, ikasturte bakoitzerako prezio publikoen aginduan ezarritakoari jarraiki.
4.– Ikasleari onesten zaizkionean irakasgaiak baliozkotu edo aitortzeko eskariak, aurretik ordaindu baditu.
5.– Matrikula baliogabetu eta diru kopurua itzultzeko eskaria ikasturtea modu ofizialean hasi aurretik egin bada. Eskaria ikastegian aurkeztu behar da.
6.– Ikasturteko edozein unetan, ikasleak ezin badu ikasten jarraitu salbuespenezko, ustekabeko eta behar bezala justifikatutako egoera bat sortu delako, adibidez gaixotasun fisiko edo psikiko luzea; ikaslea bera edo berarekin lehen mailako odolkidetasuna daukan senidea hiltzen bada; ikaslea bera lanean hasten bada eta lanaren ordutegia bateraezina bada ikasketekin; edo egoera horien parekoa den beste edozein sortzen bada ustekabean. Horrelakoetan, eskaria aurkeztu beharko da unibertsitateko erregistroan, Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeari zuzendua; eskariarekin batera egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.
Ohorezko matrikulak.
36. artikulua.– Ohorezko matrikulak prozedura honen arabera gestionatuko dira:
a) Irakasgaietan ohorezko matrikulak eman ahal izango dira, zehatzago: ohorezko matrikula bat hogei ikasleko multzo bakoitzeko edo hogeitik beherako ikasle multzo bakoitzeko. Irakasgai bateko ikasle guztiak zenbatzeko, ez dira kontuan hartuko taldeak eta bakartzat hartuko da akta.
Gradu Amaierako Lanaren kasuan, gehienez ikasleen % 5ari eman ahal izango zaio ohorezko matrikula, kontuan hartuta ikastegiak defentsarako antolatutako aldi bakoitzean guztira, titulazio bakoitzerako, matrikulatu den ikasle kopurua.
b) Ohorezko matrikulagatik ikasleak prezioak murrizteko daukan eskubidea, ikasketa bereko hurrengo matrikulan ezarriko da.
c) Deskontua UPV/EHUko ikasleei bakarrik egingo zaie; ez zaie, beraz, preziorik murriztuko beste unibertsitate batzuetatik etorritako ikasleei, unibertsitateok publikoak nahiz pribatuak izan.
d) Plan zaharretik plan berrira egokitutako irakasgaien kasuan, ohorezko matrikularekin gaindituriko irakasgaiaren ordez ikasleari aitortzen zaion kreditu kopuruaren arabera egingo da murrizpena.
e) Batxilergoko irakasgaietan lorturiko ohorezko matrikulek ez dute murrizketarako eskubiderik ematen. Hala ere, kalifikazio orokorra ohorezko matrikula duten ikasleek matrikula ez ordaintzeko eskubidea izango dute unibertsitatean lehen aldiz matrikulatzean.
Bigarren matrikulaldia.
37. artikulua.– Bigarren lauhilekorako bigarren matrikulaldia zabaltzen duten ikastegiek Ikastegiko Batzarrean onartu beharko dute horretarako erabakia eta idazkaritzetan egingo da, 2017.eko otsailaren 13 baino lehenago. Bigarren matrikulaldia irakasgai hauetarako baino ezin da zabalduko:
a) Aurrebaldintza dituzten irakasgai edo mailetarako.
b) Plaza hutsak geratzen diren hautazko eta aukera askeko irakasgaietarako.
c) Enborreko irakasgaiak eta nahitaezkoak, ikastegiko batzarrak hala onartu badu.
IV. KAPITULUA
IRAKASKUNTZA-IKASKUNTZAREN PLANGINTZA ETA EBALUAZIOA
38. artikulua.– Berdintasuna, irakaskuntzaren baldintzetan eta irakaskuntzaren gestioan.
Ikastegiko zuzendaritza arduratuko da ikastegian ematen diren titulu eta espezialitateen ikasketak berdintasunez gestionatu eta pareko baldintzetan irakats daitezen.
39. artikulua.– Hezkuntza-programa eta irakaskuntza-gidak.
1.– Akademi ikasturterako matrikula epea ireki aurretik, ikastegiak argitaratuko du bere web gunean titulazioen plangintzari buruzko informazioa eta, honen barruan, ikasleak ikasketa eta ikaskuntzan egin beharreko arduraldiaz arituko da ECTS kredituetan, aurreikusitako irakasleak eta irakasgai bakoitzerako eskaini beharreko ordu banaketa zehaztuz. Halaber, ikasleen esku jarri beharko du irakasgai bakoitzeko gida, ikastegian ematen den titulazioetako irakasgai bakoitzerako sailak onartua, bai eta ebaluazio probetako eta irakaskuntzako beste jardueren egutegia ere.
2.– Irakasgaien irakaskuntza gidetan, gutxien dela, hezkuntza helburuak, programa bera, programatutako jarduerak eta ebaluaziorako irizpideak agertuko dira, azken hauen kasuan, hala behar izanez gero, proba bakoitzaren haztapena ere. Hezkuntza helburuek, programatutako jarduerek eta ebaluaziorako irizpideek elkarrekiko koherentzia agertu beharko dute. Irakasgaiaren oinarrizko programa taldeetako irakasle arduradunen artean adostu behar dute. Ados jartzen ez badira, saileko kontseiluak, irakasgaia ematen duten irakasle guztiei entzun ondoren, denek eman beharreko gaiei buruzko erabaki arrazoitua hartuko du, bai eta onartuko diren salbuespenei buruzkoa ere.
Bestalde, ebaluazio metodoa mistoa edo jarraitua denean, zehaztu egin beharko da ikasleak zein bide daukan deialdiari uko egiteko. Ebaluaziorako metodoa azken ebaluazioa denean, deialdiari uko egiteko nahikoa izango da azken probara ez aurkeztea.
Edozein dela ere ebaluazio metodoa, azken proba egitea zehaztu eta proba horrek irakasgaiaren kalifikazio osoaren % 50 baino gehiago balio badu, ikaslea ez bada probara aurkezten deialdiaren uko egin diola ulertuko da eta «Aurkezteke» jarriko zaio.
Horrez gain, ikasleek aukera izango dute deialdiari uko egiteko. Horretarako, eskaria irakasgaiko irakasleari egin beharko diote idatzi bidez eta irakasgaiaren irakaskuntza epe data amaitu baino hilabete bat lehenago gutxienez, irakasgaiaren ikasketen gidaliburuan hala agertuko dena.
3.– Ikastegiak behar besteko aurrekotasunez jasoko dute sailetatik jaso beharreko informazioa.
4.– Ikastegiak ikasgelako jardueren ordutegia argitaratu beharko du (eskola magistralak, mintegiak, ikasgelako praktikak edo ikasgelan egin beharreko beste edozein jarduera) eskola astetan antolaturik. Behar beharrezkoa izango da, nolanahi ere, eskola magistralerako ordutegia zehaztea. Irakaskuntzaren beste mota batzuen programazio zehatza aurreikusi ezin balitz, gutxienez, horien inguruko aurreikuspenak finkatu beharko dira.
5.– Eskoletako zuzendariek eta fakultateko dekanoek, bertako baliabideen heinean, talde bidaiak eta ikasketa bidaiak egitea erraztu eta bultzatuko dute. Bidaiok behar besteko aurrekotasunaz programatuko dira, behar bezala antolatzeko eta beharrezko baimen akademikoak eta balizko laguntzak eskuratzeko.
6.– Argitaratutako programazioaren barruan, programatutako jarduera bakoitzaren ardura izanen duen irakaslearen izena agertuko da.
7.– Matrikulaturiko ikasleek talde jakin batean sartzeko eskaria egin ahal izango dute, ikastegi bakoitzak horretarako zehaztutako epean. Eskarien kopurua taldeko plazen kopurua baino handiagoa bada, ikasleak irizpide objektiboen arabera banatuko dira taldeetan. Irizpideok argitara emango dira taldez aldatzeko eskariak egiteko epea hasi baino lehen. Edozelan ere, lehentasuna izango dute 5. eta 6. deialdietako ikasleek.
40. artikulua.– Irakaskuntzaren antolaketarako plana.
1.– Ikastegiko dekanotza edo zuzendaritzak hurrengo ikasturterako irakaslana antolatzeko plana jakinaraziko die zerikusia duten sail guztiei. Sailek, berriz, ikastegi bakoitzean eskolak ematen dituzten irakasle guztien irakaslanen behin betiko esleipena jakinaraziko dio ikastegi bakoitzari, tutoretza-orduak barne. Azken informazio hau lauhileko bakoitza hasi baino lehen argitaratuko da ikastegiaren web gunean.
2.– Ikastegi eta sailaren arteko harremanak errazteko, sailak ordezkari bat izendatuko du irakaskuntza eskaintzen duen ikastegi bakoitzean, ahal bada arduraldi osokoa. Sailak pertsona horren izena jakinaraziko dio ikastegiko zuzendaritzari. Ikastegi bakarrean irakasten duten sailen kasuan, ordezkaria saileko zuzendaria bera izango da. Ikastegi batean baino gehiagotan irakasten duten sailen kasuan, berriz, ordezkari hori sailaren barne arauei jarraiki izendatuko da, baina, ahal dela, ikastegian eskolak eman eta ikastegiari atxikitakoa izango da.
3.– Ikasleek eskubidea dute akademia ikasturtean zehar laguntza eta orientazioa jasotzeko ikasketa prozesuan barrena, xede honetarako tutoretzen bidez.
Ezarritako tutoretza erregimena ikasturte osoan mantendu beharko da, azken deialdia egin eta burutu arte. Tutoretza ordutegiak lauhileko bakoitza hasi baino lehen argitaratuko dira GAUR aplikazioan eta, aldaketarik eginez gero, irakasleak aldaketa ere grabatu beharko du GAUR aplikazioan eta ikastegiko zuzendaritzak edo dekanotzak baimena eman beharko du, gutxien dela, aldaketak indarrean jarri baino 3 eskola egun lehenago argitaratu beharko dira.»
4.– Talde bakoitzeko irakasleak GAUR aplikazioko irakats eskaintzaren moduluan sartuko dira, NAN zenbaki eta guzti, kalifikazio orrietan eta aktetan datu horiek ager daitezen, nahiz eta horrek ez duen eragotziko 47. artikuluaren arabera beharrezkoak izan daitezkeen aldaketa egitea.
41. artikulua.– Koordinazio erregimena.
1.– Graduko tituluetan, titulazioaren koordinazioa eta jarraipena bermatu ahal izateko, ikastegiko batzarrak titulazioko koordinatzailea izendatuko du, bai eta ikastaro edo moduluko koordinatzaileak ere. Mailako edo moduluko koordinatzaileak ikastaro edo moduluko gaitasunen garapenaz arduratuko dira eta ikasketa taldeen koordinazioa, ikaslearen lanaren banaketa orekatua eta hezkuntza prozesuaren hobekuntza jarraiturako proposamena ere, maila edo moduluan zehar jasotako datu eta segurantzetan oinarri hartuta.
2.– Ikastegiak ahaleginduko dira, ordutegiak zehazterakoan, gutxienez, astean bi ordutako tartea beste jarduera mota batzuetan taldeka jardun ahal izateko.
Ikaskuntzaren ebaluazioa.
42. artikulua.– Ebaluazioaren printzipio nagusiak.
Ikasleek berdintasun eta justizia bermez ebaluatuak izateko eskubidea dute, jasotako irakaskuntza mailaren arabera.
43. artikulua.– Ebaluatzeko metodoak.
1.– Ikasleen gaitasunak eta jakintzak ebaluatzeko, ebaluazio etengabearen prozesua, azken ebaluazioaren bidezkoa edo balioespen mistoaren bidezkoa (azken bion konbinazioa) baliatu ahal da, nahiz eta balioespen jarraituranzko joera lehenetsiko den.
Gardentasuna eta ekitatea bermatzearren, sistema bakoitzean edo ebaluazio-tresna bakoitzean erabilitako ebaluaziorako irizpideek agerikoak eta argitaratuak beharko dute izan.
Edozelan ere, ebaluazioa beti izan beharko da aurretik ezarritako eta akademi ikasturte bakoitza hasi baino lehen argitaratutako irizpideen araberakoa.
a) Ebaluazio jarraitua.
Etengabeko ebaluazioa da, irakaskuntza gidetan definitutako prozesu, tresna eta estrategia didaktikoen multzoa, irakaskuntza-ikaskuntzaren prozesuan zehar modu progresiboan aplikatu beharrekoak. Ebaluazio sistema eta tresna hauek askotarikoak izan daitezke oso: jardueretan parte hartzea, praktikak, ahozko eta idatzitako lanak, kasuei buruzko txostenak, proiektuen garapena, problema ireki eta praktikoen ebazpena, irakaskuntza karpeta bat eta bestelako ebaluazio proba; eta, edonola ere, gaitasun espezifiko eta zeharkako guztien garapena bermatu behar da eta irakasgaiaren irakaskuntza gidak agertu beharko ditu.
b) Ebaluazio mistoa.
Irakasgai bat ebaluazio mistoaren bidez kalifikatuko da, baldin eta gutxien dela programaren % 30 etengabeko ebaluazioaren sistemaren bidez ebaluatu bada. Etengabeko ebaluazioa azken proba batek osatuko du, unibertsitatearen akademi egutegian ezarritako epearen barruan egin beharrekoa. Ebaluazio mota bakoitzak haztapena izango du, ebaluatzen duen programaren ehunekoaren araberakoa. Haztapena irakasgaiaren gidan jasota ageri beharko da.
c) Azken ebaluazioa.
Ikasleari, justifikatutako arrazoiengatik (lanari lotutako arrazoiak, genero indarkeriaren biktimak, erditzea, adopzioa, ume harrera edo hiru urtetatik beherako seme-alaba edo minusbaliatutako pertsonak izatea bere kargura; % 33ko ezintasun maila edo handiagoa duten ikasleak; goi-mailako kirolaria; bidaiak edo denbora asko eskatzen duten kultur eta arte-jarduerak; goi mailako beste ikasketa batzuekiko bateragarritasuna; eta mota desberdinetako karguekiko bateragarritasuna: kargu politikoak, sindikalak, ikasleen ordezkaritza, elkarteetakoak, GKEkoak edo beste batzuk) ezin bazaio egin etengabeko ebaluazioa, bukaerako proba bakarra egingo zaio, irakasgaiko jakintzak eta gaitasunak bereganatu dituela egiazta dezan. Proba horrek, egiten den moduan egiten dela, irakasgaiko notaren % 100 balio beharko du.
Irakasgaiaren ezaugarri eta edukiengatik irakasgaiaren beste alderdi batzuk gainditu behar badira, praktikak esaterako, bukaerako probaz gain kontuan hartuko beharko da beste alderdiak gainditu diren ala ez.
2.– Berdintasuna bermatzearren, irakasgai bereko irakaskuntza gidek balioespenerako irizpide komunak ezarriko dituzte ikasle talde ezberdinetan baliatzekoak, urteroko irakaskuntza gidalibururako programazio eta ebaluazio irizpideen onartzea saileko kontseiluaren eginkizuna izanik.
Ezin izango da irakasgaiaren ebaluazioa egin irakasleek behar beste landu ez dituzten gaien inguruan, nahiz eta gaiok irakasgaiaren programan agertu.
3.– Ebaluazio probak, bai eta UPV/EHUra sartzeko probak ere, egokitu beharko dira minusbaliotasunen bat duten ikasleen premietara, eta sailek eta ikastegiek metodologian, egutegian eta eremuetan egin beharreko egokitzapenak egin beharko dituzte.
Egoera hauek aintzat hartzeak ez du inolaz ere probaren edukia aldatzea ekarriko eta eguna ere berbera izan beharko da.
4.– Ebaluazio proben programazioa ezin izango da aldatu, ez bada, proba behar bezala egitea ezinezko bihurtuko lukeen ustekabeko ezintasuna gertatzen. Salbuespenezko egoera hauen aurrean, titulazioetako arduradunek egin beharreko kontsultak eginen dituzte ukitutako irakasle eta ikasleekin, zuzenean edo ordezkarien bitartez, gehien dela, 5 eguneko epean programazio berri bat proposatzeko.
5.– Ebaluazio proba egiteko ordu ofiziala iritsita, lehendabiziko hamabost minututan zehar, dei egindako ikasleei sartzen utziko zaie baldin eta berandu iritsia ezinbesteko arrazoiengatik justifikatzen badute (garraio greba, baldintza meteorologikoa edo bestelakoa). Ezinezkoa bada alegatutako arrazoia momentuan bertan egiaztatzea, gerora eskatu ahal izango zaie ikasleoi egiaztatzea. Halaber, hamabost minutuko tarte horretan ikasleek ezin izango dute azterketa gelatik irten.
Ebaluazio probak egin bitartean, irakasleak edozein unetan eskatu ahal izango dio identifikazioa bertaratutako ikasleari, eta ikasleak ikaslearen txartela, nortasun agiri nazionala, pasaportea edo ebaluatzailearen iritziz akreditaziorako baliagarri izan daitekeen beste edozein agiri erakutsi beharko dio.
Ikasleek, eskatuz gero, ebaluazio probara joan izanaren ziurtagiria jasoko dute.
6.– Nahitaez egin beharreko praktikak dauzkaten graduetan, ikasleak urtean deialdi bakarra izango du praktiketako irakasgaia gainditzeko, baldin eta eskola horiek ematen dituzten ikastegiek euren deialdi-sistema ezartzen ez badute. Bestelako deialdiok, beti ere, helburu akademikoak bete izana bermatu beharko dute.
7.– Unibertsitate ordezkaritzarako organo bilduen bileretara joateagatik edo unibertsitateko arautegietan aurreikusitako arrazoiengatik, programatutako ebaluazio probetara joan ezin diren ikasleek eskubidea izango dute proba hauek egin ahal izateko beste egun eta ordu bat jar dakizkien.
Unibertsitatea arduratuko da bilerarik ez jartzeaz azterketa garaian ez aurreko egunetan.
44. artikulua.– Ezohiko deialdia.
Aparteko deialdietan, zehaztutako ebaluazio sistema ezin denean bete, sistema bat ezarriko da egiaztatzeko ikasleak zein heinean lortu dituen irakasgaiko ezagutzak eta gaitasunak. Izan liteke azken proba bat izatea, irakasgaiaren % 100a hartuko lukeen proba izango dena edo zehaztutako ebaluazio sistemaren emaitzen alderdi nagusiak haztatu. Irakasgaiaren ezaugarri eta edukiengatik irakasgaiaren beste alderdi batzuk gainditu behar badira, zenbait jarduera esaterako, bukaerako probaz gain kontuan hartuko beharko da beste alderdiak gainditu diren ala ez.
45. artikulua.– Ikasketa amaierako ezohiko etsaminak:
Ikastegi bakoitzak zehaztuko du ikasketa amaierako aparteko etsaminari buruzko arautegia, baina, gutxien dela, ondokoa ezarriko da ikasketa guztietarako:
a) Ikasketa amaierako ezohiko azterketa egiteko eskaria egin ahal izango dute ikasketak amaitzeko gehienez ere 30 kreditu falta dutenek. Lehenengo matrikulakoa ez diren kredituak besterik ezin izango da aurreratu, salbu eta gradu amaierako lanerako matrikula bada.
b) Ez zaio aurreko paragrafoan zehaztutakoa ezarriko Gradu Amaierako Lanari (edo plan zaharreko Karrera Amaierako Proiektuari) matrikularako eta defentsarako arau bereziak dituelako, eta, era berean, lan hori ez da kontuan hartuko ikasketak amaitzeko ikasleari falta zaizkion kredituak zenbatzean.
c) Azterketa hori matrikularen arabera irakasgai, talde eta deialdiaren ardura daukaten irakasleek egingo diete eskatzaileei.
46. artikulua.– Ahozko probak eta probak egiteko erregimena.
1.– Ahozko ebaluazio probak, horrelakorik egiten denean, publikoak izango dira eta ikasleek eskubidea izango du ebaluazio proba grabatzea eskatzeko.
2.– Ariketaren batean ikasleak iruzurrik eginez gero, «suspentso» kalifikazioa izango du ariketa horretan, ikasleak izan ditzakeen gainontzeko erantzukizunei kalterik egiteke.
47. artikulua.– 1.– Behin behineko kalifikazioak argitaratzea.
Irakasleek azken proben behin behineko kalifikazioak argitaratuko dituzte, ariketa egin eta 12 egun naturaleko epean, eta unibertsitateak eskura jarritako baliabide informatikoak erabilita. Dena dela, nahi izanez gero, iragarki oholetan ere argitaratu ahal izango dituzte, baina horrela eginez gero, ikasleak identifikatzeko NAN zenbakia baino ezin izango da erabili. Azken ebaluaziokoak ez diren proben kasuan, kalifikazioa argitaratzeko 21 egun naturaleko epea egongo da, proba egin edo aurkeztu den egunetik kontatzen hasita. Era batera zein bestera, argi agertu beharko da argitaratze-data, kalifikazioak berrikustea eskatzeko epea ezartzeari begira.
Berrikusketa pertsonala eta banakakoa izango da eta kalifikazioa ipini duen irakasleak edo irakasgaiko koordinatzaileak eman beharreko ahozko azalpen guztiak emango dizkio ikasleari, eta, behar izanez gero, ikasle minusbaliatuen premia espezifikoetara moldatuta. Ebaluazioa epaimahai bidez egin bada, ikasle ebaluatuak eskubidea izango du ariketak epaimahaiaren aurrean berrikusteko.
Edonola ere, uztaileko deialdiko kalifikazio prozesu osoa hilabete horren barruan egin behar da.
Saileko zuzendariak, deialdi bakoitzaren hasieran, arautegian zehaztutako epeak bete egin behar direla gogoraraziko die irakasle guztiei.
2.– Aktak.
Irakasgaiaren aktetan ikasleak lorturiko behin betiko kalifikazioak agertuko dira. Akta hauek, behar bezala beteta, ikastegiko zuzendaritzara bidaliko ditu irakasleak: idazkari akademikoak irakaslearen sinadura egiaztatu eta argitara emango ditu kalifikazioak, berehala, UPV/EHUko web orrian (web orria ikasleen eskura egongo da). Dena dela, nahi izanez gero, iragarki oholetan ere argitaratu ahal izango dituzte. Hala eginez gero, ikasleak NAN zenbakiaz bakarrik identifikatuko dira. Aktetan akatsik antzemanez gero, zuzenketa egiteko diligentzia egin eta aktari erantsiko zaio.
Irakasleak sinadura elektronikoa erabili nahi badu eta aktan irakasle arduradun bat baino gehiago badago, ados jarri beharko dira akta sinatu behar duten irakasle guztiak, bestela, ezin izango da erabili aukera hori.
3.– Irakasleen arau haustea kalifikazioak ez bidaltzearengatik.
Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzak zehaztapenak bete ez dituzten irakasleen zerrenda bidaliko du kasuan kasuko sailera. Kalifikazioak epearen barruan argitaratzen ez badira, unibertsitateak neurriak hartuko ditu, UPV/EHUko Estatutuei jarraiki. Hori alde batera utzita, ikastegietako zuzendaritzak edo dekanotzak oharra bidali ahalko die eginbehar hori bete ez duten irakasleei. Akta sinatu behar duen irakasleak dena delako arrazoiengatik ezinezkoa badu akta sinatzea, irakasgaiaren ardura daukan sailak ordezko irakasle bat izendatuko du akta sinatzeko, aurreko puntua betetzeari begira.
4.– Ikasle guztiek kalifikazioen doaneko ziurtagiria jaso ahal izango dute, eskatuz gero. Dokumentu horretan jasoko dira ikasleak ikasturte horretan matrikulan izan dituen irakasgaien kalifikazioak, eta ikastegiko idazkaritzak emango du, administratzaileak, ikastegiko koordinatzaileak edo idazkaritzako buruak sinatuta. Dokumentu hori informaziorako baino ez da izango.
48. artikulua.– Kalifikazio sistema bateratua edo epaimahai bidezkoa.
1.– Arautegian jasotakoari eragotzi barik, 1. deialditik 4. deialdira bitartean, irakasgai bateko taldeek irakasle desberdinak dauzkatenean, irakasleok kalifikazio sistema bateratua erabili ahal izango dute. Kasuotan irakasle bakoitzak bere taldeen aktak sinatuko ditu.
2.– Aurreko zenbakian aurreikusitakoa gorabehera, eta kasu berberetarako, ikastegietako arautegiek ebaluazio bateratua ezarri ahal izango dute 1., 2., 3. eta 4. deialdietarako. Ebaluazio bateratu hori kasuan kasuko irakasgaiko hiru irakaslek, edo guztiek, osatutako epaimahaiaren bidez egingo da. Epaimahaiak baldintza hauek bete beharko ditu:
Epaimahaiak irakasgai bereko taldeetako irakasleek osatuko dituzte. Taldeetako irakasleak epaimahaia osatzeko behar diren kideak baino gutxiago direnean, epaimahaia osatuko da ikastegian jakintza arlo horretan kategoria handiena eta antzinatasun handiena duen irakaslearekin.
Epaimahaian talde bakoitzeko irakaslea egon beharko da nahitaez.
Irakasgaia ematen duten irakasleak epaimahaia osatzeko behar diren kideak baino gehiago direnean, honakoek osatuko dute epaimahaia: taldeko irakasleak, eta, gainontzeko taldeetako irakasleen artetik ikastegian jakintza arlo horretan kategoria handiena eta antzinatasun handiena duten irakasleek, epaimahaia osatu arte.
Kategoria handiena eta arloan (edo bestela, administrazioan) antzinatasun handiena daukan irakaslea izango da epaimahaiko buru. Epaimahaiaren osaera ikasturteko lehen hiruhilekoan argitaratuko da.
Kasu hauetan, bai kalifikazioak (sailetako iragarki oholetan argitaratuko dira) bai aktak, talde bakoitzeko irakasleak eta epaimahaiburuak sinatuko dituzte.
3.– Bosgarren, seigarren eta salbuespenezko deialdiko epaimahaiak ikastegiko batzarrak izendatuko ditu ikasturte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan, sailei entzun eta gero. Epaimahaiok hiru irakaslek osatuko dituzte, ahal dela irakasgaiaren jakintza arlokoak eta kontuan izanda irakasgaia zein hizkuntzatan ematen den; probaz gain, epaimahaikideek ikaslearen historiala eta gainerako gorabehera akademikoak hartuko dituzte kontutan. Epaimahaia osatuko duten pertsonen zerrenda ikasturte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan jarriko da jendaurrean.
4.– Lehenengo eta laugarren deialdien artean diren UPV/EHUko ikasleek epaimahai aurreko ebaluazioa eskatu ahal izango dute. Horrelakoetarako osatuko den epaimahaia 5. eta 6. deialdietarako osatutako bera izango da edo 1. eta 4. deialdietarako osaturikoa, ikastegiko arautegian halakorik osatzeko aukera jasota badago. Epaimahai hori berori arituko da aplikatu beharreko arautegian abstentziorako eta kideak arbuiatzeko jaso diren kasuetan.
5.– Iraungitze bidean ari diren ikasketa planetako irakasgaiak epaimahai bidez ebaluatuko dira, irakaskuntzarik ez badute. Bosgarren edo seigarren deialdiko ikasleentzako epaimahaia izendatuta balego (irakaskuntzaren plangintza eta ikasleen ebaluaziorako arauei jarraiki), epaimahai horrek berorrek kalifikatuko ditu desagertuta dauden irakasgai horien probak, ikaslea edozein deialditan egonda ere.
Epaimahai hori osatuta ez badago, ebaluazio probak ikastegiko batzarrak izendatutako epaimahaiek epaituko dituzte, irakasgaia ematen zuten sailen iritzia entzunda. Epaimahaiok saileko hiru irakasleek osatuko dituzte, betiere, kontuan hartuta irakasgaia elebitan ematen zen edo ez.
6.– Epaimahaien erabakien kontra erreklamazioak jarri ahal izango dira, 49.2.b artikuluan zehaztutako prozedurari jarraiki. Ebaluazio proba epaimahaiak berrikusiko du halakoetan.
Azterketa berrikusteko/erreklamaziorako prozedura.
49. artikulua.– Honako prozedura hau beteko da:
a) Behin-behineko kalifikazioak argitaratzea, eta irakasgaiko irakasle arduradunarekin edo koordinatzailearekin kalifikazioa berrikustea.
Behin behineko kalifikazioa argitaratzean, kalifikazioa irakasgaiko irakasle arduradunarekin edo koordinatzailearekin berrikusteko tokia, eguna eta ordua zehaztu beharko da; berrikuspenerako epea, bestalde, gutxienez hiru egun naturalekoa eta gehienez seikoa izango da. Kalifikazioa berrikusten denean, ikasleak bertan egoteko eskubidea izango du; berrikuspenak banan-banan egingo dira eta pertsonalak izango dira. Ikaslea ezin bada joan berrikuspenera arrazoi akademikoengatik edo behar bezala justifikatutako arrazoi pertsonal larriengatik, beste egun batean egiteko eskubidea izango du. Egun hori irakaslearekin adostu beharko du, gorago aipatu den epearen barruan. Azterketak berrikusteko epea amaituta, irakasleak akta ofizialak sinatuko ditu hiru egun naturaleko epean eta ikastegiak berehala argitaratuko ditu.
b) Sailari erreklamazioa aurkezteko era.
Ikaslea ez badago ados berrikuspenarekin, kexa idatzia aurkeztu ahal izango dio saileko zuzendariari sei egun naturaleko epean, aktak argitaratu ziren egunetik hasita.
Xede horretarako izendatutako batzordeak -ezin izango dira kide izan aurreko ebaluazio prozesuan esku hartu duten irakasleak- erreklamazioa aztertuko du eta, taldeko irakaslearen iritzia entzun ondoren eta egoki iritzitako ekintzak egin ostean, eta ikasleari entzun eta gero, erreklamazioari buruzko erabaki arrazoitua hartuko du. Erabakia gehienez ere zortzi egun naturaleko epean hartu beharko du batzordeak, erreklamazioa jarri zen egunetik zenbatzen hasita, eta horren berri emango dei ikasleari, taldeko irakasleari eta ikastegiko idazkaritzari, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak sor ditzan; behar izanez gero, aldatuko egingo da akta, ikastegiko idazkariaren diligentziaren bidez.
Sailak gutxien dela batzorde bat osatuko du jakintza arlo bakoitzerako xede izango duena behin betiko kalifikazioak zuzendu eta berrikusteko jarritako erreklamazioak ebaztea. Batzorde hori hiru irakaslek osatuko dute eta ikastegiko Ikasleen Kontseiluko buruak, eta titularrez gain, ordezkoak ere izendatu beharko dira. Ezin izango da batzordeko kide izan erreklamatutako azterketa zuzendu eta lehenengo kalifikazioa jarri duen irakaslerik. Batzordeburua irakasle iraunkor bat izan behar da. Batzordeak kalifikazioa aldatzea erabakiz gero, kalifikazio berria zehazteko bozketa egingo da batzordean edo, bestela, batez bestekoa egingo da.
c) Ikastegiari erreklamazioa aurkezteko era.
Ikaslea ez badago ados sailari aurkeztutako erreklamazioaren inguruan hartutako erabakiarekin, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dio, idatziz, ikastegiko dekano edo zuzendariari, lau egun naturaleko epean (bermatu egin beharko da epea hori, gutxien dela, bi lanegunekoa dela).
Ikastegi bakoitzean batzorde bat eratuko da, gutxienez honakoek osatua: batzordeko burua, idazkari bat eta irakasle bat. Epaimahai honen bileretara ikastegiko ikasleen kontseiluko burua edo eskuordetutako ikasle bat joango da.
Batzorde horrek, hamar egun naturaleko epean gehienez ere eta behar diren txostenak eskatu ondoren, kasua aztertu eta erabaki arrazoitua hartuko du. Ikasleari eta saileko zuzendariari jakinaraziko diote erabakia, eta zuzendariak, berriz, taldeko irakasleari eta ikastegiko idazkariari helaraziko die, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak sor ditzan. Hala behar izanez gero, aldatu egingo dute akta, ikastegiko idazkariaren diligentziaren bidez. Ezin izango dira izan batzordeko kide ikaslearen kalifikazioan parte hartu duten irakasleak.
Irakasgaitzat hartzen diren karrera amaierako proiektuen edo gradu amaierako lanen kasuan berrikuspena 49.b. artikuluan zehaztutako prozedurari jarraiki egingo da.
Hala ere, karrera amaierako proiektuak edo gradu amaierako lanak aztertzen dituzten epaimahaietan sailetik kanpoko osakideak ere egoten direnez, berrikuspena epaimahaiak egingo du, eta erreklamazioa, lehendabizi, ikastegi batzarraren batzorde eskudunari aurkeztuko zaio.
d) Gorako errekurtsoa.
Ikastegiko batzarraren erabakiaren aurka interesatuak gorako errekurtsoa jarri ahal izango dio errektoreari, jakinarazpena hartu eta hilabeteko epean. Honek, sailean hartarako osaturiko batzordearen eta ikastegiko batzarraren txostenak ikusirik eta beharrezko dituen aholkuak jasorik, erabakia emango du, eta erabaki horrek amaiera emango dio administrazio bideari.
e) Proba berriro egitea.
Ikasleak proba beste proba bat egiteko eskubidea izango du honakoetan:
1.– Azken kalifikazioa jartzeko proba edo probaren zati bat programan ageri ez ziren gaien ingurukoa izan bada edo, programan agertu arren, irakasleak landu ez zituen gaien ingurukoa.
2.– Ezinbestez, baldintza fisiko edo bestelakoengatik ezinezkoa izan denean ikasleentzat proba normaltasunez egitea. Horrelakoetan, irakasleak, atxikita dagoen sailaren oniritziarekin eta ikastegiarekin koordinatuta, egoera aztertuko du eta, behar izanez gero, probak egiteko beste egun bat izendatuko du, har ditzakeen bestelako neurri bereziak baztertu gabe.
3.– Irakasleak venia docendi-rik ez badu.
4.– Probak egin aurretik ikasleek ezagutzen ez zuten ebaluazio-sistema erabili badu irakasleak.
5.– Ikastegiko Erreklamazio Batzordeak hala erabakitzen duenean, azterketaren emaitzak anormalak iruditzen zaizkiolako, suspentsoen kopuru askoz ere handiagoa egon delako arrazoiz espero zitekeena baino irizpide akademikoak kontuan hartuta, hots, titulazioaren testuingurua eta kasuan kasuko irakasgaiak aintzat izanik.
50. artikulua.– 1.– Ikastegiko zuzendaritza edo dekanotzak balioespen-ariketa bakoitza egiteko ordua eta ikasgelaren berri eman beharko du, gutxienik, ariketak hasi baino hilabetea lehenago.
Azterketen datak arrazoi justifikatuengatik aldatzeko proposamenak sailak egingo ditu, eta dekanoak/zuzendariak onartu ikastegiko ikasleen kontseiluaren iritzia entzun ondoren. Aldaketak berehala argitaratuko dira ikastegiko iragarki oholean, betiere aldatutako ebaluazio proba egin baino 15 egun lehenago, gutxien dela.
2.– Enborreko edo nahitaezko irakasgai biren ebaluazio proben datak batera gertatuz gero, irakasgairen bat errepikatzen ari diren ikasleei kalterik ez egiteko, bien artean maila goragokoa den irakasgaiko irakasleek jarriko dute data.
3.– Nahitaezko irakasgai baten eta hautazko irakasgai baten ebaluazio ariketaren datak batera gertatuz gero, hautazko irakasgaiaren eguna aldatu beharko da, baldin eta ikasleak hala eskatuko balu.
4.– Etsamina bat baino gehiago egun berean suertatuz gero, ikasleak ebaluazio-proba eguna baino gutxienez 15 egun natural lehenago eskatu beharko dio irakasleari data aldatzeko.
5.– Ebaluazioko bi ariketa batera direla ulertuko da irakasgaiak maila berekoak izanik hogeita lau ordu baino gutxiagoko tartearekin direnean; edo maila desberdinekoak direnean, biak egun berean eta lau ordu baino gutxiagoko tartearekin direnean.
51. artikulua.– 1.– Praktiken memoriak eta lanak aurkezteko data ikasleekin hitzartuko dute irakasleek lanok agintzeko momentuan. Edozelan ere, lanok ebaluatzeko ezarritako datak behar besteko denboraz jarri beharko dira, ikasleak berme guztiekin erabili ahal izan dezan ebaluazio proba egiteko eskubidea.
2.– Euskarri material bakarra duten praktika lan eta memoriak irakasleak gordeko ditu hurrengo ikasturtea amaitu arte. Epe hori igarota, lanok ikasleei itzuliko zaizkie, baldin eta ikasleak eskaria egin badu eta horren inguruko errekurtsorik ebazteke ez badago. Epe hori behin igarota ikasleak lana edo memoria berreskuratzeko eskaririk egin ez badu edo adierazitako epean hartzera joan ez bada, suntsitu egin ahalko da.
Lanok berriz argitaratu edo erreproduzitzeko, osorik edo zati batean, edo beste edozertarako erabiltzeko, ezinbestekoa izango da egilearen baimen ageria.
3.– Ikastegi bakoitzak karrera amaierako proiektu edo ariketak (GRAL) egiteko indarrean daukan arautegia ikastegiko web gunearen bidez iragarriko da.
52. artikulua.– Ebaluazioa hezkuntzara begirakoa izango da eta ikasleari informazio eta orientazio egokia eskaini beharko dio gaitasunen jabetze mailaren inguruan eta ikaskuntza prozesua hobetzeko iradokitzen diren hobekuntzak adieraziko. Ebaluazio proba egin ondoren, saileko irakasleek ebaluazio probako galderen erantzun zuzenak jakinaraziko dituzte, ikasleek ahalik eta etekin handiena atera dezaten egindako probetatik.
53. artikulua.– 1.– Ikasketen egitura, garapen edo ebaluazioaren inguruan jar litezkeen gorabeherak eta arau hausteak ikastegiko zuzendari edo dekanoen aurrean aurkeztuko dira eta haiek organo eskudunei bideratuko dizkiete, hartu beharreko kautela neurriak har ditzaten.
2.– Zuzendari edo dekanoaren eta ikastegiko batzarraren erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio errektoreari eta bere erabakiek agortu egingo dute administrazio bidea.
3.– Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzak aztertuko ditu UPV/EHUko titulazioetako irakasgaietan ikasleek lortutako emaitza akademikoak, emaitza atipikoak izan direlako arrastorik sumatuz gero. Analisi hauetatik abiatuta, behar diren neurriak hartuko dira ikasleen emaitzak emaitza orokorretatik desbideratzen direnean. UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluari eman beharko zaio hartzen diren neurrien berri.
54. artikulua.– Balioespen probak, halakorik egonez gero, egindako ahozko proben grabazioak barne, gutxien dela, hurrengo ikasturtea amaitu arte gorde beharko dira, salbu eta ebazteke dagoen errekurtsoa egonez gero, honelakoetan errekurtsoa ebatzi arte gorde beharko direlarik. Ikastegiak ezarriko ditu proba horiek gordetzeari buruzko arauak.
55. artikulua.– Abuztua baliorik gabea izango da epeak zenbatzeko eta azterketak egiteko.
Epaimahai berezia.
56. artikulua.– 1.– UPV/EHUko ikastegi guztiek izango dute epaimahai berezia. Epaimahaiburua ikastegiko dekanoa edo zuzendaria izango da, baina dekanotza edo zuzendaritza taldeko edozein kideri eskuordetu ahal izango dio eginkizun hori.
2.– Epaimahaiaren buruaz gain, epaimahaiko idazkaria egongo da, hitz egin ahal izango duena baina ez botoa eman. Ikastegiko idazkariak hartuko du bere gain eginkizun hori. Epaimahaian, epaimahaiburu eta idazkariarekin batera, ikastegiko sei irakaslek jardungo dute. Irakasle horiek jakintza arlo desberdinetakoak izango dira, eta ikastegiko batzarrak izendatuko ditu ikasturte bakoitzeko lehen hiruhilekoan. Epaimahai honen bileretara ikastegiko ikasleen kontseiluko burua edo eskuordetutako ikasle bat joango da; hitza izango du, baina ez botorik. Jakintza arlo bateko ordezkaria joan ezin bada epaimahai bereziaren bilerara, beste arlo bateko irakasle batek ordezkatu ahalko du, baina ikastegiko dekano edo zuzendariak horren berri jaso beharko du epaimahaiaren aktari erantsiko zaion agiri baten bitartez.
3.– Titulazio bat baino gehiago irakasten duten ikastegiek epaimahai bana eratu ahal izango dute ikasketa bakoitzerako, baldin eta ikastegiko batzarrak hori erabakitzen badu.
4.– Era berean, Epaimahai Berezi Nagusia osatuko da: errektoreak izendatutako pertsona izango da burua, eta horrez gain bost irakasle izango ditu, zientziaren arlo bakoitzetik bat; epaimahaikideak Gobernu Kontseiluak proposatu eta berretsiko ditu ikasturte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan.
Epaimahai Berezi Nagusiak ikasturtez ikasturte irizpide berberei eusten diela bermatzeko, kideetako bik epaimahaian jarraituko dute hurrengo ikasturtean, eta gainontzekoek ikasturtea amaitzean utziko diote kide izateari.
Akademia antolakuntzako eskumenak dituen errektoreordetzako legelaria edo haren ordezkoa izango da epaimahaiko idazkaria; hitza izango du, baina ez botorik. Epaimahai Berezi Nagusiko kideren batek kasuan kasuko ikastegiko epaimahai berezian jardun badu, ordezkoa izendatu beharko da. Epaimahai honen bileretara Unibertsitateko Ikasle Kontseiluko burua edo eskuordetutako ikasle bat joango da; hitza izango du, baina ez botorik.
5.– Epaimahai horrek ebatziko ditu ikastegietako epaimahai berezien erabakien kontra jarritako erreklamazioak.
57. artikulua.– 1.– Ikasleek ebaluazio berezia eskatu ahal izango dute ikasturte bakoitzeko irailean eta martxoan. Eskaria egiteko azken eguna hilaren 15a izango da kasu bietan. Ikastegietako epaimahai bereziek irailaren 30a edo martxoaren 31 baino lehen hartu beharko dute erabakia, hurrenez hurren.
2.– Erreklamazioak urte bakoitzeko apirilaren edo urriaren 10a baino lehen (deialdiaren arabera) aurkeztu beharko zaizkio Epaimahai Berezi Nagusiari, eta hil beraren 30a baino lehen ebatzi beharko ditu. Erreklamazioa behin ebatzita, eta ikaslea ados ez badago, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio ikasleen arloko eskumenak dituen errektoreordeari. Hilabeteko epea izango du horretarako, Epaimahai Berezi Nagusiak bere erabakia jakinarazten duenetik hasita.
3.– Aipatutako epeak gorabehera, bermatu egin beharko da, beti, ikasleak gutxien dela hiru egun balioduneko epea daukala erreklamazioa edo errekurtsoa jartzeko, kasuan kasuko epaimahai bereziak hartutako erabakiaren jakinarazpena hartu eta biharamunetik kontatzen hasita.
58. artikulua.– 1.– Irakasgaiak ebaluazio bereziaren bidez gainditzeko, ikasleek nahitaez egon behar dute matrikulatuta 2016/2017 ikasturtean.
2.– Ikasleek ebaluazio berezia eskatu ahal izango dute, egokitzat hartzen dituzten alegazioetan oinarrituta -baldin eta ez badituzte agortu irakasgaiaren deialdi guztiak- honako kasuotan:
Titulazioko kreditu guztien % 6ri dagozkion irakasgaien ebaluazio berezia eskatu ahal izango du ikasleak, gehienera, baldin eta titulazioan ebaluazio bereziaren bidez gainditu daitezkeen kredituen % 85 gainditu badu. Salbuespena izango da irakasgai bakarrak titulazioko ECTS kredituen % 6 baino gehiago baditu: horrelakoetan irakasgairako epaimahai berezia eskatu ahal izango du.
Ebaluazio berezia eskatzen duten ikasleek behintzat hiru deialdi izan beharko dituzte erabilita irakasgai horietan, eta baten batean gutxienez 3 puntu lortuta izan.
3.– Ebaluazio berezia egiteko eskaria jaso delarik eta aurreko atalean ezarritako baldintzak betetzen direla baieztatu ondoren, ikastegiko epaimahai bereziak baietsi egingo ditu ondoko baldintzak beteko lituzketen eskari guztiak:
– Gutxien dela, irakasgaiaren 4 deialditara aurkeztu izana.
– Deialdiren batean gutxienez 4ko kalifikazioa lortu izana.
– GRAL salbu, titulazioa amaitzeko geratzen zaion azken irakasgaia izatea.
4.– Gainontzeko kasuetan, non ebaluazio berezia eskatzeko baldintzak bete bai baina 3. paragrafoan adierazi eta ebaluazio bereziaren bidez gainditzea eragiten duten baldintzak biltzen ez diren, ikastegiko epaimahai bereziak honako baldintza hauek baliatuko ditu:
– Ikastegiko batzorde akademikoak onartutako irizpideak, unean uneko akademi ikasturterako matrikula epea baino lehen argitaratuko direnak.
– Sail arduradunaren txostena arrazoitua.
– Kasuan kasuko pertsonaren espedientea, oro harturik.
– Ikaslearen alegazioak, zeinek bere iritziz egoki liratekeen baldintzetan oinarritutako eskaria aurkeztu eta justifikatuta, ebaluazio berezia eskuratzearren.
Inola ere ezin ezingo da eskatu ebaluazio berezia karrera amaierako proiektu edo lanerako eta practicumerako.
59. artikulua.– 1.– Epaimahai berezia balioz eratzeko beharrezkoa izango da kideen erdiak bertan egotea. Dena dela, epaimahaiburua eta idazkaria, edo ordezkoak, beti egon beharko dira.
2.– Erabakia ez bada hartu aho batez eta berdinketa gertatu bada, epaimahaiburuaren kalitateko botoak izango du lehentasuna.
3.– Idazkariak bileraren akta egingo du, kasu bakoitzean hartutako erabaki arrazoitua jasota. Erabakia eskariaren aldekoa edo kontrakoa besterik ezin izango da izan.
4.– Akta helaraziko zaie prozeduran interesatuak diren guztiei.
Epaimahai bereziak eskari egileari helaraziko dion erabakian zehatz jasota egon beharko dira arrazoiak.
60. artikulua.– 1.– Eskaera aztertu baino lehenago, iritzia emateko eskatuko dio ikastegiko epaimahai bereziko buruak irakasgaiaren ardura duen sailari. Iritzi hori idatziz bidali beharko du sailak, arrazoiak emanda, hamar egun naturaleko epean. Epaimahaiko kideren batek irakasten duen irakasgairako egin bada eskaria, ikastegiko dekano edo zuzendariak ordezkoa izendatuko du.
2.– Erabakia hartzerakoan epaimahaiak ikaslearen espediente osoa hartu beharko du kontuan.
61. artikulua.– 1.– Epaimahai bereziak irakasgaia gainditutzat ematea erabaki badu, epaimahaiko idazkariak jakinaren gainean jarriko du ikaslea matrikulatuta dagoen ikastegiko idazkaria. Idazkariak «5,0 - Ebaluazio bereziaz gaindituta» nota sartuko du ikaslearen espedientean.
2.– Epaimahai bereziak irakasgaia gainditutzat ematen badu, ikasleak deialdi bat gastatuko du. Epaimahai bereziak ez badu ematen irakasgaia gainditutzat, ikasleak ez du deialdi hori agortuko.
3.– Espedientea barematzerakoan, ebaluazio bereziaz gainditutako irakasgaiaren balioa 5,0 izango da.
4.– Ikaslearen espediente akademikoan ebaluazio bereziaz gainditutako irakasgaia jasoko da, epaimahaiak erabakia eman zuen datarekin.
V. KAPITULUA
EGOKITZAPENAK ETA BALIOZKOTZEAK
Egokitzapenak (plan zaharretik plan berrira aldatzea).
62. artikulua.– 1.– Espedienteak ikasketa plan betetik bestera egokitzeko, taula batzuen bidez egingo da. Taulotan jasota egongo dira aurreko ikasketa-planean gainditutakoengatik ikasketa-plan berrian ikasleak egokiturik (gainditurik) izango dituen irakasgaiak. Taula hori automatikoki aplikatuko da ikaslea plan berrira sartzean.
2.– Egokitzapenak irakasgaika, irakasgai multzoka edo zikloka egin behar dira. Ezin izango da inola ere irakasgaien zatiak egokitu.
3.– Desagertuko den plan batetik ezarriko den plan berrira egokitzeak ez du ikaslearentzat kosturik sortuko.
4.– Plan berrira sartzean ikaslea deialdi guztiekin hasiko da egokitu gabeko irakasgaietan, kontuan hartu barik zenbat deialdi erabili zituen aurreko planean irakasgai horien baliokideetan. Edozelan ere, iraunkortasun arauetan jasotakoari jarraituz ikasleak ezin badu plan zaharreko ikasketetan jarraitu, ezin izango ditu bere ikasketak plan berrira egokitu.
5.– Aurreko planetik plan berrirako egokitzapena ikasketa berdinen artean egingo da beti. Hala ere, gerta daiteke plan zahar batetik titulazio bat baino gehiago sortzea. Horrelakoetan, matrikula egitean erabaki beharko du ikasleak titulazio berri horietatik zeinetara nahi duen egin egokitzapena.
6.– Egokitzapenak prozedura honen arabera egingo dira:
a) Aurreko ikasturtean matrikulatutako ikasleentzat.
1.– Titulazioa irakasten duen ikastegiak zehaztuko du egutegia.
2.– Ikasle hauek ordenatuko dira 27.4 artikuluan ezarritakoaren arabera. Matrikula zein egun eta ordutan egin behar duten jakiteko, unibertsitateko web orrian begiratu beharko dute.
3.– Egokitzapena prozesu lantsua da, ikaslearen espediente osoa egiaztatu behar baita; beraz, behin eskatuz gero egokitzapena egitea, ikasleak ezin izango du atzera egin.
4.– Askotan, automatrikula egiteko egunean ikasleak kalifikatu barik izango ditu artean irakasgai batzuk. Beraz, une horretan egiten den egokitzapena behin-behinekoa izango da, eta modu automatikoan eguneratuko da ikasleak irakasgai guztiak kalifikatuta dituenean.
5.– Aurreko planean kredituak baliokidetzen bidez aitortuta dauzkaten ikasleek berriro aitortzea eskatu beharko dute egokitzapena egiten dutenean. Onarpen hori ikasketa plan berrian ezartzen denaren arabera eta ikastegiko baliozkotze batzordeak ebazten duenaren arabera egingo da.
b) Aurreko ikasturtean matrikulatuta egon ez diren ikasleentzat.
Ikasleok matrikularako hitzordurik izango ez dutenez, ikastegiko idazkaritzara joan beharko dira 28. artikuluan adierazitako datetan eta ikasketa plan berrira egokitzeko eskaria egin.
Egokitzapena eska dezaketen ikasleak.
63. artikulua.– Gobernu kontseiluak 2012-05-16ko bileran onetsitako graduko ikasketetan kredituak transferitu eta onartzeko arautegiak, bere 2. xedapen gehigarrian 1393/2007 EDren aurreko ikasketa-planen egokitzapenaz dioenaren arabera, graduko ikasketen aurreko planak indarrean dauden bitartean, aurretik araututako ikasketak egiten ari diren ikasleek, ikasketa horiek desagertu aurretik eta matrikula egiterakoan, ikasten ari diren titulazioa ordezkatuko duen graduko titulaziora aldatzea eska dezakete, egokitzapen automatikorako prozedurari helduz. Prozedura horretan jaso beharko dira egungo UPV/EHUko titulazioak ordezkatuko dituzten graduko ikasketa-plan berrien proposamenak, 1393/2007 EDko I. eranskineko 10. atalean ezarritakoarekin bat.
Oro har, 1393/2007 EDren aurreko ikasketa planak ikasturtez ikasturte desagertuko dira. Behin maila guztiak desagertuta, hurrengo bi ikasturteetan ebaluazio probarako lau deialdi egingo dira. Ikasleak goian aipatutako deialdiak azterketa gainditu gabe agortu baditu (deialdirik izan badute UPV/EHUn ikasten jarraitzeko arauei jarraiki), eta ikasketekin jarraitu nahi badu, ikasketa plan berrian sartu beharko da, ikasketak egokituta edo kredituak aitortzeko prozedurari jarraituta.
1393/2007 Errege Dekretuaren aurreko ikasketa planetako baliozkotzeak
64. artikulua.– 1.– Baliozkotze eskariak ikastegietako idazkaritzetan egingo dira, horretarako zehaztutako epeetan eta onartuko den prozedurari jarraiki. Ikastegi bakoitzeko Baliozkotze Batzordeak edo haren baliokideak ebatziko ditu abenduaren 1a baino lehen, arrazoiak azalduta.
2.– Erabaki horiei buruzko errekurtsoak UPV/EHUko errektoreari aurkeztu zaizkio, berak ebatz ditzan.
3.– Titulazio bat bertan behera utzi eta gero beste bide batetik titulazio berberera sartzen diren ikasleek baliozkotuta izango dituzte lehen aldiz sartzean gainditu zituzten gaiak.
4.– Ikasleek beste unibertsitate batean egindako aukera askeko kredituak baliozkotu edo egokituko zaizkie, jatorrizko titulazioa desberdina edo berbera den.
1393/2007 Errege Dekretuaren aurreko ikasketa planetako kredituak baliokidetzaz aitortzea.
65. artikulua.– 1.– Ikasketa-planean zehaztuta badago, kreditutzat hartu ahal izango dira titulazioko ikasketak egin bitartean enpresetan egindako praktikak, irakasle batek zuzendutako lan profesionalak, nazioarteko hitzarmen babesean egindako ikasketak, hizkuntzak eta beste jarduera batzuk. Kredituok balio akademikoa izan dezaten, ikastegi bakoitzeko baliozkotze batzordeak baimena eman beharko du, eta irakasle arduradun bat izendatu; horrez gain, ikasleak kreditu horietarako matrikula egin beharko du, eta dagokiona ordaindu.
2.– Enpresetan egindako praktikekin kredituak amortizatu ahal izateko, baliozkotze batzordeak ez ezik, irakasle arduradunak ere onartu beharko ditu aldez aurretik.
3.– Ikasleak ikastegiko dekanoari/zuzendariari zuzenduko dio kredituak aitortzeko eskaria.
4.– Eskariei buruzko erabakia ikastegiko baliozkotze batzordeak emango du, gehienez ere hilabeteko epean; erabakia eman aurretik irakasle arduradunaren iritzia entzungo du. Erabakian honakoak zehaztu beharko ditu:
a) Aitortutako kreditu kopurua.
b) Kreditu motak: enborrekoa, nahitaezkoa, hautazkoa edo aukera askekoa.
c) Zein ziklo eta ikasturteri esleituko zaizkion.
d) Enborreko edo nahitaezko kredituak onartuz gero, ikasketa planeko zein irakasgai amortizatuko diren erabaki beharko da.
5.– Kreditu hauek ez dira kreditu teoriko eta praktikoetan banatuko: denak batera aitortuko dira.
6.– Ikasleari erabakiaren berri emango zaio, eta hark onartu zaizkion kreditu edo irakasgaietan matrikulatu eta ordaindu beharko ditu.
7.– Ikasleak aukera askeko kredituak amortizatzeagatik ordaindu beharreko zenbateko bera ordaindu beharko du titulazioko kredituengatik, prezio publikoei buruzko aginduan bestelakorik zehaztu ezean.
8.– Aitortutako kredituek ez dute kalifikaziorik izango, ez eta izenik ere.
Graduko ikasketa planetako kredituak transferitu eta aitortzea.
66. artikulua.– Graduko ikasketa planetako kredituak transferitu eta aitortzeko, kontuan hartuko da graduko ikasketetan kredituak transferitu eta aitortzeko arautegian xedatutakoa (Gobernu Kontseiluak onartua 2012-05-16an), edo, halakorik gertatuz gero, arautegi hori ordezkatuko duenean xedatutakoa.
VI. KAPITULUA
PRACTICUMA, PRAKTIKA TUTELATUAK ETA GRADU AMAIERAKO LANAK
Gradu amaierako lanetarako matrikula eta ebaluazio probarako deialdiak.
67. artikulua.– Practicuma, praktika gidatu edo integratuak, egonaldiak edo gradu amaierako lanak dira ikasleek lan-mundua ezagutzeko unibertsitateko ikastegietan edo unibertsitatearekin hitzarmena duten guneetan egiten dituzten praktiken multzoa. Praktika horiek enborrekoak edo nahitaezkoak dira, hau da, ikasleak ezinbestez egin behar dituenak titulazioa lortzeko. Hori dela eta, unibertsitateak bermatu egin behar du ikasle guztiek horrelakoak egiteko aukera izatea.
Honako arautegi honetan xedatutakoaz gain, UPV/EHUko ikasleen kanpoko praktika akademikoen araudiari eta Gradu Amaierako Lana Egin eta Defendatzeko arautegiari jarraitu beharko zaie.
68. artikulua.– Ikastegi bakoitzak zehaztuko du zein epetan egin beharko den karrera-amaierako proiekturako edo gradu-amaierako lanerako matrikula, bai eta proiektua aurkeztu eta defendatzeko datak ere. Era berean, ikastegi bakoitzak ezarriko du, bere arautegiaren bidez, karrera amaierako epaimahaiaren (gradu amaierako lanerakoaren) osaera, betiere, kontuan izanda bermatuta egon behar dela ebaluazio epaimahaiak bi hizkuntza ofizialetakoak izango direla; guztia Gradu Amaierako Lana Osatu eta Defentsarako Arautegian ezarritakoari kalterik egiteke.
Azken kalifikazioa karrera amaierako proiektua daukaten titulazioetan.
69. artikulua.– 1.– Ikasketa planaren arabera titulazioa lortzeko nahitaezkoa bada Karrera Amaierako Proiektua egitea, planean zehaztuta egon beharko dira «karrera amaierako nota» lortzeko irizpideak. Izan ere, titulu ofizialaren atzeko aldean nota hori jarri beharko da.
2.– Titulazio bat ikastegi batean baino gehiagotan ematen bada, irizpide berak erabili beharko dituzte guztiek karrera amaierako nota kalkulatzeko.
VII. KAPITULUA
SARI BEREZIAK
70. artikulua.– Lehenengo eta bigarren zikloko edo graduko ikasketa ofizialetako sari bereziak.
1. atala.– UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak (Graduko Batzordeak, eskuordetzaz), gehienez sari berezi bi eman ahal izango ditu ikasturte bakoitzean eta unibertsitateko ikastegietan ematen den titulazio bakoitzeko, espediente akademikorik onena daukaten ikasleentzat.
2. atala.– Karrera-amaierako sari berezia jasotzeko kandidatu izan daitezke sariak ematen diren ikasturtearen aurrekoan titulu ofizialeko ikasketak amaitu dituzten lehen eta bigarren zikloko edo graduko ikasleak.
3. atala.– Sari berezirako proposamena ofizioz egingo du ikastegi bakoitzeko dekanoak/zuzendariak, ikasturte bakoitzerako legez ezarritako azken deialdia amaitu eta gero.
4. atala.– Ikastegi bakoitzeko Batzarrak zehaztuko du sari berezia proposatzeko egoki deritzon prozedura. eta prozedura espezifikorik ezean, ikastegi bakoitzak batzorde bat izendatuko du. Gutxienez unibertsitateko hiru irakaslek osatuko dute, ikastegi horretan ematen diren titulazioei lotutako sailetakoak. Batzordeak espediente akademikoa egiaztatu eta baloratuko du, hurrengo artikuluan zehazten den legez.
5. atala.– Irizpide hauek erabiliko dira espediente onena zein den erabakitzeko:
1.– Titulazioko irakasgaietako kalifikazioak baino ez dira kontuan hartuko. Beraz, ez dira aintzat hartuko ikasleak egindako bestelako ikasketa edo lanak, eta bigarren zikloa besterik ez duten titulazioen kasuan, ez da hartuko kontuan jatorrizko lehen zikloko espediente akademikoa. Ikastegiko batzarrak egoki deritzen irizpideak ezarri ahal izango ditu puntu hau garatzeko.
2.– Ikasketa-planean karrera amaierako proiektua daukaten titulazioetan, ikastegiko batzarrak erabakiko du zelan baloratzen duen. Era berean, ikastegiak erabaki ahal izango du noiz jotzen duen bukatutzat aurreko ikasturtea, baina bakarrik artikulu honetako 2. atalean esaten denari dagokionez.
3.– Espediente akademikoa baloratzeko, ekainaren 10eko 1267/94 errege dekretuko (ekainaren 11ko EBO) I. eranskineko irizpide eta baliokidetzak aplikatuko dira, edo une horretan indarrean dagoen arautegia.
4.– Sari berezirako proposamena hutsik geratuko da titulazio batean baldin eta Ikastegiko Batzarrak ezarritako irizpideei jarraiki, horretarako merezimendurik daukan ikaslerik ez badago. Edozein kasutan, eman gabe geratzen diren sariak ezin izango dira eman ikastegiko beste titulazio batzuetan.
6. atala.– Saridunari egiaztagiria emango zaio, eta bere espediente akademikoan eta Tituluaren Gehigarri Europarrean (TGE) geratuko da jasota.
7. atala.– Diplomaturen eta lizentziaturen kasuan, titulu ofizialean ere jasoko da horren aipamena, eta ikasle sarituak ez du prezio publikorik ordaindu beharko titulua jasotzeko.
Diplomatuak edo lizentziatuak titulua eskatuta baldin bazeukan sari berezia jaso baino lehen, berak eskaria eginez gero, sariaren aipua jasoko da tituluan eta titulu ofiziala eskuratzeko ordaindutako dirua itzuliko zaio.
7. atalean zehaztutakoa ez zaie ezarriko graduko titulua dutenei, aurrerago, beste xedapenen batean, bestelakorik zehaztu ezean.
VIII. KAPITULUA
SALBUESPENEZKO DEIALDIA(GRAZIAKOA)
71. artikulua.– Salbuespenezko deialdietarako eskariak honako irizpide hauen arabera ebatziko dira:
a) Ziklo bakarreko titulazioetan gehien dela salbuespenezko deialdi bat emango da, eta bi zikloko titulazioetan, berriz, deialdi bi, ziklo bakoitzeko bat eta inoiz ere biak ziklo berean. Graduko ikasketetan, salbuespenezko bi deialdi emango dira.
b) Ikasleak gehienez hiru irakasgai izan ditzake gainditzeke salbuespenezko deialdiaz gainditu nahi duen irakasgaiaren zikloan. Kreditutan egituraturiko ikasketa planetan, berriz, ziklo bakoitzean gehienez 36 kreditu izan ditzake gainditzeke. Graduko ikasketetan, ikasleei salbuespenezko deialdia eman ahal izango zaie 1. eta 2. mailako irakasgaietarako, baldin eta maila horietako gehienez ere 30 kreditu badituzte gainditzeke. Salbuespenezko deialdia 3. eta 4. mailako irakasgaietarako eman ahal izateko, ikasleak gehienez ere graduko 60 kreditu izan behar dituzte gainditzeke.
c) Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeak –UPV/EHUko errektoreak eskumenak eskuordetuta– salbuespenezko deialdi bat eman ahal izango dio ikasleari, haren espedientea eta goiko ataletan sartzen ez diren bestelako xehetasunak kontuan hartuta, betiere, behar bezala justifikatuta egonez gero.
d) Ikasleak aukera dezake salbuespenezko deialdia zein deialditan erabiliko duen, eta ikastegiko idazkaritzari jakinarazi beharko dio matrikula egiterakoan.
IX. KAPITULUA
INDARRALDIA ETA ESKUMENAK ESKUORDETZEA
72. artikulua.– 1.– Graduko Batzordeari ahalmena ematen zaio araudi hau garatzeko xedez arau osagarriak eman ditzan eta ikasturtero datak, egutegiak eta eranskinak egunera ditzan, Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordearen proposamenari jarraituz.
2.– Arautegi hau 2016/2017 ikasturtean aplikatuko da.
3.– Arautegi hau nahitaez bete beharko dute UPV/EHUri atxikitako ikastegi guztiek.
4.– Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeari ematen zaio araudi hau ezartzean sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko ahalmena.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen dira arautegi honekin bat ez datozen xedapen guztiak.