EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-03-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2016057

AGINDUA, 2016ko otsailaren 24koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Goiener, S. Coop. kooperatiba-sozietatea onura publikokoa dela deklaratzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-02-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201601280
Maila: Agindua
AURREKARIAK
1.– 2015eko irailaren 3an, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailean, Goiener, S. Coop. sozietatea onura publikokoa dela deklaratzeko eskaera sartu zen, Juan Esteban Maiza Botanz jaunak sinatuta, kooperatiba horretako artezkaritza batzordeko lehendakari den aldetik. Eskaera hori egitean, adierazi dute otsailaren 2ko 64/1999 Dekretuan adierazitako arauzko betekizunak betetzen dituztela, eta artezkaritza batzordearen 2015eko ekainaren 3ko Erabakia ere aipatu dute.
2.– 2015eko urriaren 6an, iragarkia argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 64/1999 Dekretuaren 9. artikuluko 3. paragrafoa betez, eta jendaurreko informazio-erakustaldia ireki zen, interesdunek espedientea aztertu ahal izateko eta egokitzat jotzen dituzten alegazioak egiteko hogei eguneko epean. Epe hori igaro ostean, ez da alegaziorik aurkeztu.
3.– 2016ko otsailaren 1ean, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eginiko txosten bat sartu zen Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailean, 64/1999 Dekretuaren 7. eta 9. artikuluak betez.
Aurreko egintzei honako hauek aplikatzen zaizkie:
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legeak 137.2 artikuluan dioenez, Euskadiren onuraren sustapenari laguntzen dioten kooperatibak onura publikokotzat aitortuko ditu Eusko Jaurlaritzak, erregelamenduz ezarritako prozedura, araubide eta eskakizunen arabera.
2.– Artikulu hori garatuz, otsailaren 2ko 64/1999 Dekretua onartu zen, onura publikoko kooperatiba-sozietateei dagozkien prozedura eta betekizunen erregelamendua onartu zuena.
3.– Onura publikokoa dela deklaratzeko 64/1999 Dekretuaren 7. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako izapideak bete dira.
4.– Onura publikokoa dela deklaratzeko 64/1999 Dekretuak 5. artikuluan ezartzen dituen betekizunak erakundeak zuzen bete dituela egiaztatu da.
5.– Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak dauka eskumena kooperatiba-sozietate bat onura publikokoa dela deklaratzeko, hala xedatuta dagoelako 64/1999 Dekretuaren 11. artikuluan, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren 4.1.a) artikuluarekin lotuta.
Hori guztia dela eta, aipatutako arauak eta orokorrean ezartzekoak diren gainerakoak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Goiener, S. Coop. kooperatiba-sozietatea onura publikokoa dela deklaratzen da.
Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete egintza hau eman duen organoari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera; hala agintzen da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116. eta 117. artikuluetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera; hala agintzen da Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legaren 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 24a.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.