EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-03-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2016057

192/2016 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, deialdia egiten da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Barrualde-Galdakaoko Erakunde Sanitario Integratuko pertsonal fakultatiboaren (BAME) osasun-prestakuntza espezializatuaren Ikasketa buruaren eginkizunak lehiaketa bidez betetzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201600192
Xedapenaren data: 2016-02-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201601278
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)
Barrualde-Galdakaoko Erakunde Sanitario Integratuko pertsonal fakultatiboaren (BAME) osasun-prestakuntza espezializatuko ikasketa-buruaren eginkizunak betetzeko beharra egonda, deialdi honetan aplikatu behar dira, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-prestakuntza espezializatuaren sistema antolatzeko den martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuaren 12tik 18ra bitarteko artikuluak, eta, bestetik, dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa. Deialdian aurreikusitakoaren arabera, aipatutako dekretuaren 18.3 eta 24.3.b) artikuluetan eta laugarren xedapen iragankorrean aurreikusitako ordainsari indibidualak aurrekontuen legeak jasotzen dituen baliabideei jarraiki dagozkien ordainsari-kontzeptuan gauzatu ahal izango dira. Ordainsariok, zehatz eta eraginkortasunez gauzatuko dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ente Publikoko Zuzendaritza Nagusiak erabakia ezartzeko emandako ebazpenean zehazten duen egunetik aurrera.
Honako lau xedapen hauei jarraikiz, hau da, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen hirugarren arau komuneko 28 artikuluan ezarritakoa, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua, azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren martxoaren 6ko 34/2012 Dekretua, zuzendaritza nagusi honek erabaki du deialdi publikoaren deialdia iragartzea, ondoren jasota dauden oinarri hauen arabera:
OINARRIAK
1.– Xedea.
Deialdi honen xedea da Barrualde-Galdakaoko Erakunde Sanitario Integratuko pertsonal fakultatiboaren (BAME) osasun-prestakuntza espezializatuko Ikasketako Buruzagitzaren eginkizunak betetzea; hain zuzen, lanpostu bati berariaz esleituta ez daudenak. Martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, gutxieneko dedikazioa lanaldiaren % 10 izango dela ezartzen da. Deialdi honen xede diren Ikasketa Buruzagitzaren eginkizunetara dedikatzeko erregimena bere lanaldiaren % 30 izango da.
2.– Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:
● Osakidetzako Fakultatibo espezialista mediku-teknikari gisa, plazadun pertsonal finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratuduna).
– Gutxienez lau urteko esperientzia A1 lanbide-taldean.
– Zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran egotea.
3.– Merezimenduen baremoa (gehienez, 100 puntu).
Merezimenduen balorazioak bi fase izango ditu:
A) Proiektua eta bere defentsa (gehienez, 50 puntu).
Hautaketako Batzordearen aurrean, proiektu-memoriaren jendaurreko azalpen esplikatzailea egitea izango da, kasuan kasuko ikasketako buruzagitzaren kudeaketari buruzkoa, eta hautagaiekin elkarrizketa bat egitea.
B) Merezimenduen balorazioa (gehienez, 50 puntu). Puntuazioa honela banatuko da:
● Esperientzia giza taldeen kudeaketan (gehienez, 10 puntu).
● Dagokion espezialitatean atalburu gisa zerbitzua eman duen hilabete bakoitzeko: 0,0750 puntu.
● Dagokion espezialitatean zerbitzuburu gisa zerbitzua eman duen hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.
● Zuzendari gerente, zuzendari mediko edo zuzendariorde mediko gisa jardun duen hilabete bakoitzeko: 0,1250 puntu.
Kontuan hartuko dira, laneko esperientzia gisa, Osakidetzako, Gizarte Segurantzako eta autonomia erkidegoetako osasun-zerbitzuetako edo edozein administrazio publikotako zerbitzu-erakundeetan emandako zerbitzuak, bai eta Europar Batasuneko gainontzeko estatuetako sare publikoko osasun-zerbitzuetan emandakoak ere.
Guztizkotik, lan egindako egun naturalak oinarri izanik egin den horretatik, hilabetera iristen ez diren egunei balioa kenduko zaie. Hilabetea osatzeko, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da.
● Esperientzia klinikoa (gehienez, 10 puntu).
Fakultatibo espezialista mediku-teknikari gisa emandako zerbitzuko hilabete bakoitzeko, lanbide-talde honetako edozein lanpostu funtzionaletan (0,05 puntu).
Kontuan hartuko dira, laneko esperientzia gisa, Osakidetzako, Gizarte Segurantzako eta autonomia erkidegoetako osasun-zerbitzuetako edo edozein administrazio publikotako zerbitzu-erakundeetan emandako zerbitzuak, bai eta Europar Batasuneko gainontzeko estatuetako sare publikoko osasun-zerbitzuetan emandakoak ere.
Guztizkotik, lan egindako egun naturalak oinarri izanik egin den horretatik, hilabetera iristen ez diren egunei balioa kenduko zaie. Hilabetea osatzeko, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da.
● Irakaskuntza eta ikerkuntzako esperientzia (gehienez, 10 puntu).
● Irakaskuntzako jarduera (gehienez, 5 puntu).
– Katedraduna unibertsitate-fakultatean Osasun Zientzietan (urte bakoitzeko): 0,5 puntu.
– Irakasle titularra unibertsitate-fakultatean Osasun Zientzietan (urte bakoitzeko): 0,25 puntu.
– Irakaskuntza osasun-prestakuntza espezializatuko egoiliarrei (tutore nagusia/ laguntzako tutorea/irakasle kolaboratzailea), Irakaskuntza Unitateko Ikasketaburuaren egiaztagiriarekin (urte bakoitzeko): 0,5 puntu.
– Irakaskuntza egiaztatutako etengabeko prestakuntzan (10 orduko): 0,05 puntu.
● Ikerketako jarduera (gehienez, 5 puntu):
– Doktore-titulua: 1,0000 puntu.
– Ikertzeko nahikotasuna/Diploma ikasketa aurreratuetan 0,7500 puntu.
– Ikerketa-proiektuak (ikertzaile nagusia): 0,2000 puntu proiektuko.
– Ikerketa-proiektuak (ikertzaile laguntzailea): 0,1000 puntu proiektuko.
– Sariak ikerketan: 0,1000 puntu sariko.
– Biomedikuntzaren eremuko patenteak eta ereduak: 0,2000 puntu erregistratutako patente edo eredu bakoitzeko.
● Esperientzia osasun-prestakuntza espezializatua kudeatzean (gehienez, 10 puntu).
Ikasketaburu, tutore nagusi, laguntzako tutore edo irakaskuntzako azpibatzordeko presidente lanetan ibilitako hilabete bakoitzeko: 0,25 puntu.
● Irakaskuntzako Batzordean parte hartzea (gehienez, 10 puntu).
Organoaren presidentearen aktarekin edo egiaztagiriarekin egiaztatutako bilera batera joan izanagatik 0,25 puntu.
4.– Euskararen ezagutza (gehienez, 10 puntu).
Euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzeko den martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera baloratuko da.
5.– Eskaerak egiteko epea eta aurkezteko modua:
Interesdunek haien eskabideak bidaliko dituzte Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Barrualde-Galdakaoko ESIaren Pertsonaleko Zuzendaritzara (Labeaga auzoa, z.g., 48960 Galdakao), 20 egun balioduneko epean, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako eran ere aurkeztu ahal izango dira.
Interesdunek eskabidea, bere datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako «Curriculum Vitae»arekin, Barrualde-Galdakaoko ESIko Pertsonaleko Zuzendaritzara bidali beharko dute. Dokumentazioa honako hauek osatuko dute:
a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
b) Funtzionario edo estatutupeko langile-izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.
c) Deialdia EHAAn argitaratu arte emandako zerbitzuen jatorrizko ziurtagiri eguneratua, dagokion kategoria adierazita.
d) Ikasketako Buruzagitzaren Kudeaketako Proiektu-memoria; deialdi honen xedeko eginkizunena, alegia.
e) Merezimendu baloragarri guztien fotokopia konpultsatua.
CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.
6.– Hautaketako Batzordea.
Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-prestakuntza espezializatuko sistema antolatzeko den 34/2012 Dekretuaren 16.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak izendatuko du Hautaketako Batzordea.
Hautaketako Batzordea eratuko da, 6 kidek osatuta: batzordeburua, idazkaria eta 4 batzordekide.
– Barrualde-Galdakaoko ESIaren zuzendari medikoa, Batzordeburua izango dena.
– Euskal Autonomiako Erkidegoko pertsonal fakultatiboaren (BAME) prestakuntza espezializatuko ikasketa-buru bat.
– Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko pertsonal fakultatiboaren (BAME) prestakuntza espezializatuko ikasketa-buru bat.
– Barrualde-Galdakaoko ESIaren irakaskuntza-unitatean izendapena duen egiaztatutako tutore fakultatibo bat.
– Osasun Saileko Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuko burua.
– Barrualde-Galdakaoko ESIko Pertsonaleko zerbitzuburua, Idazkaria izango dena.
Hautaketako Batzordeko saio bakoitzean dagokion akta jasoko da. Aktan, hauek jaso behar dira: hautagaien izenak, baremazio-irizpideak, merezimenduen baremoaren ataletako bakoitzean emandako puntuazioak eta guztira lortutako puntuazioa.
Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-prestakuntza espezializatuko sistema antolatzeko den martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuaren 16.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Hautaketako Batzordeak izendapenaren proposamen bat aurkeztuko dio zentroko gerenteari, eta horrek, proposamena kontuan hartuta, izendatuko du aukeratutako hautagaia. Zentroko zuzendari gerenteak zuzendari nagusiari emango dio izendapenaren berri, jakinaren gainean egon dadin.
7.– Hautatzeko prozedura.
Hautaketako Batzordeak dokumentazioa baloratu behar du, betiere hautagaiek behar den epean eta moduan aurkeztu badute.
Ezingo dira baloratu, inolaz ere, deialdiaren iragarkia EHAAn iragartzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta ziurtatu ez direnak ere.
Hautagaiak baloratutakoan, eta haren arabera, proposamena gora bideratuko da, dagokion izendapena formalizatzeko. Aurretiaz txostena eginda, Baloraziorako Batzordeak betetzeke utzi ahalko du lanpostua, hautagaiek eskatutako baldintzak betetzen ez badituzte.
8.– Prozedura amaitzeko Ebazpena.
Honen bidez hasitako prozedurari amaiera emango zaio (lanpostua esleitzea edo betetzeke uztea) Barrualde-Galdakaoko ESIaren zuzendari gerentearen ebazpenaren bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Ebazpen horrek ondorioak izango ditu iragarkia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean behintzat.
Martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuaren 18.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eremu publikoan, prestakuntza espezializatuko ikasketa-buruak egindako lanen aitorpena, dagokion mailaren aitorpenean adieraziko da karrera profesionalean, aipatutako aginduan ezarrita dagoen moduan, baita hautaketa- eta horniketa-prozesuetan ere.
9.– Ordainsarien eraginkortasuna.
Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-prestakuntza espezializatuaren sistema antolatzeko den martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuaren 18.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, izendapenaren ondorioz sortutako ordainsari indibidualak ez dira inongo ordainketa-kontzeptutan gauzatuko, aipatutako dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz, erabaki hori ezartzeko Osakidetzako zuzendari nagusiak horri dagokion ebazpena ematen duen eta argitaratzen ez den bitartean.
10.– Ikasketa-buruaren errendimenduaren aldian behingo ebaluazioa.
Osasun-lanbideak antolatzeko den azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 10. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, ikasketa-buruei dagozkien eginkizunen jarduerak kudeaketa klinikoen eginkizunen izaera izango dute eta, ondorio zuzen gisa, jarduera eta emaitzen aldian behingo ebaluazioa izango dute.
Hautaketako Batzordea sortzeko prozedura bera jarraituz eratuko den beste batzorde batek burutuko du ebaluazioa lau urtean behin eta, kasua bada, erabakia hartuko du ikasketa-buruak eginkizunak burutzen jarraituko duen berresteko edo, aldiz, eginkizun horiek kentzeko. Ebaluazioak aintzat hartuko du zentro edo unitateko plan estrategikoan eta irakaskuntzaren kalitateko kudeaketako planean jasotako helburuak bete ote diren.
11.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 26a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
JON JOSEBA ETXEBERRIA CRUZ.