EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-03-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2016056

EBAZPENA, 2016ko otsailaren 22koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, proiektu honen ingurumen-inpaktuaren aldeko Adierazpena egiten duena: Asua ibaiaren adarra den errekasto bat bideratzea , Ostatu inguruan, Isurtegi, S.L. enpresak sustatuta, Sondikako udalerrian.

Xedapenaren data: 2016-02-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201601257
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2012ko abenduaren 10ean, Uraren Euskal Agentziak orduko Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzari eskatu zion prestatzea ondoren zehaztuko den proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismen-dokumentua, Proiektuen Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera: Asua ibaiaren adarra den errekasto bat bideratzea, Ostatu inguruan, Isurtegi, S.L. enpresak sustatuta Sondikako udalerrian, (Bizkaia). Ibilgua desbideratu behar da indusketatik datozen lurren eta arroken betelana egiteko.
2013ko martxoaren 7an, kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legearen 8.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritza, Osasun Publikoko Bizkaiko Lurralde Bulegoa, guztiak ere Eusko Jaurlaritzako erakundeak; Nekazaritzako Zuzendaritza Nagusia, Ingurumenaren Zuzendaritza Nagusia, Kulturako Zuzendaritza Nagusia eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia, guztiak ere Bizkaiko Foru Aldundikoak; Airetiko Segurtasunaren Estatuko Agentziaren Aireportu eta Airetiko Nabigazioaren Segurtasuneko Zuzendaritza, IHOBE eta Sondikako Udala.
2013ko uztailaren 16an, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txosten bat eman zuen honi buruz: Sondikako udalerrian, bideratze baten proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterlanaren edukia, zabaltasuna eta xehetasun-maila, Ostatu inguruan eta Isurtegi, S.L. enpresak sustatuta.
2015eko uztailaren 22an, kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei Uraren Euskal Agentziak, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
Uraren Euskal Agentziaren iragarki baten bidez, jendaurrean jartzen da Isurtegi, SL-k aurkeztutako proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Honetan datza aipatu proiektua: indusketatik datozen lurren eta arroken betelana egitea, lau fasetan, Ostatu inguruan, Asua ibaiaren adarra den izenik gabeko erreka baten bi aldeetan, Sondikako udalerrian. Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2015eko azaroaren 2an. Uraren Euskal Agentziak jakinarazi du, jendaurrean jartzeko epea amaitu ondoren, ez dela jaso proiektuarekiko inongo alegaziorik.
2016ko otsailaren 18an, eta ingurumen-organoaren eskakizunak betez, Uraren Euskal Agentziaren eskaera osatu zen, zeinak ingurumen-organoaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiten baitu, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Ebazpen hau emateko, kontuan hartu dira arauarekin bat datozen ingurumen-inpaktuaren azterketa osatzen dituzten informazioak; dokumentu honetan jaso dira: «Artxandan Indusketa-produktuen betetze-lana egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren Azterketa», 2014ko urrikoa. Organo honek egindako ingurumen-inpaktuaren azterketak ez ditu kontuan hartu espediente honetako beste informazio kontrajarri batzuk.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek, beste helburu batzuen artean, bermatu behar dute ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioen azterketa sartzea plangintzaren hasierako faseetan, eta, aukera egokienak hautatze aldera, ingurumenari buruzko ondorioei buruzko analisia, kontuan izanik zenbait jardueren ondoriozko eragin metatzaileak eta sinergiakoak.
Otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren plan eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Aipatu arauaren I B) eranskinaren 2.3 epigrafean dago sartuta Ebazpen honen xede den jarduera (Ibaiak bideratzeko lanak eta ibilguaren aldaketak, egoera naturaleko ibilguan gutxienez 250 metrotan eragiten denean) eta, beraz, ingurumenaren gaineko eraginaren ohiko ebaluazioa beharko du.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du; bertan, planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, eta baita Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera ere.
Ikusirik 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorra; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 196/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko dena; 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, bai eta gainerako arau aplikagarriak ere, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengo.– Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren aldeko Adierazpena egitea: Asua ibaiaren adarra den errekasto bat bideratzea, Ostatu inguruan, Isurtegi, S.L. enpresak sustatuta Sondikako udalerrian.
Errekasto bat bideratzea da proiektuaren helburua, lurzoru naturaleko lurrez eta harkaitzez osatutako betelanak egin ahal izateko Sondikako udalerriko lursail batean, BI-3741 errepidearen eta Txorierriko korridorearen artean.
Betelanak okupatu beharreko gainazala 20 ha-koa da eta haren bolumena 6.205.203 m
Betelana egiteko, isurketa-basoa egokitu behar da, non ingurumen-alderdi garrantzitsuena ibarbidearen erreka desbideratzea baita, eta eragiten dio egungo ibilguaren 750 m-tara, gutxi gorabehera. Urak perimetro-areka batzuen bidez hustuko dira, betegarriaren ertz bakoitzeko bat; eta haietatik, geroago, ura berriro bideratuko da ibilgua naturalera. Halaber, hondoko draina egingo da ibarbidean, ur-emariak bideratzeko betegarriaren aurrealdera. Haren oinean, harri-lubetazko horma bat egingo da lerradurarik ez gertatzeko.
Betelanek hainbat instalazio ezarri beharra dute; hala nola, kontrolatzeko instalazio osagarri batzuk, dekantazio-putzua duen gurpil-garbitokia, beste dekantazio-putzu bat harri-lubetazko hormaren atzean eta, uraren eta energiaren hornidura-sarea. Halaber, eremura sartzeko bidea aldatu beharko da.
Egunean, 85 kamioi igaroko dira, gutxi gorabehera, betelanak iraun bitartean.
Eragindako gainazaletan, pasaia leheneratzeko lanak egingo dira, birlandatze-lanak barne hartuta.
Sustatzaileak aurreikusitakoaren arabera, betelana lau fasetan gauzatuko da eta fase bakoitza aurrekoaren independentea da; horrela, betegarria itxi eta utz daiteke egokitzat jotako leheneratzeko baldintzetan, fase guztiak ez badira gauzatzen. Hortaz, ibilgua aldatzetik eta landaredia desagertzetik sortutako proiektuaren erasan nagusiak lotuta daude fase bakoitza gauzatzearekin, eta, horietako bat ez bada egiten, ez da sortuko behar ez diren ingurumen-inpakturik.
Betelana amaitutakoan eta, beraz, bideratzea egin eta gero, azkenik kaltetuta gertatu diren gainazal guztietan pasaia leheneratzeko lanak egingo dira, betelanean bertan, baita instalazio laguntzaile, sarbide eta ibaiertz berrietan ere.
Bigarren.– Baldintza hauek jartzea proiektua gauzatzeko –lotesleak dira, otsailaren 27ko 3/1998 Legeak, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko orokorrak, 47.2. artikuluan xedatzen duenaren arabera:
2.A.– Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, zehazki, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.
2.B.– Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
Aldaketa puntualak egin behar badira proiektuan, non obrak egiteko gainerako izapideetan aurreko lerrokadan aipatutakoak baino garrantzi txikiagoa duten, aldaketa horiek ere ingurumenaren ikuspuntutik justifikatu beharko dira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen pleguetan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.
2.C.– Babes- eta zuzenketa-neurriak.
Babes- eta zuzenketa-neurriak betearaziko dira, betiere, proiektuaren sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztutako dokumentuetan jasotakoaren arabera. Horrenbestez, ezarritako neurrien hedadurak eta horiek kontrolatzeko ardura izango duten langileek bermatu behar dute beteko direla ingurumen-inpaktuari buruzko azterketan finkatutako kalitate-helburuak, bai eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen honetan ezarritakoak ere. Honako atal hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira:
Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan erantsi beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide onak ezarriko dira obretan.
Aurrekoaz gain, ondorengo idatzi-zatietan adierazitako neurriak ere gehitu beharko dira.
2.c.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.
Bertako hainbat baso-espezieren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedatutakoa aplikatzeari kalterik egin gabe, honako neurri hauek aplikatuko dira:
2.c.1.1.– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektuaren lursailaren barruan egingo dira. Esparru horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko da obretako makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.
2.c.1.2.– Tokiko bertako zuhaitz-landaredia naturala ebakitzea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurrez ikusten ez den eremuetan. Horretarako, obrak hasi baino lehen, zehatz-mehatz mugatu eta balizatuko dira obrak gauzatzeko nahitaez ebaki behar ez diren zuhaitzak eta zuhaitz-unadak. Babestu beharreko eremu horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako 2.c.10 idatzi-zatian ezarritako ingurumen-aholkularitzak. Mugen eta balizen ezaugarri eta kokapen zehatzak ebazpen honen 2.c.11 idatzi-zatiko lan-programan jasoko dira.
2.c.1.3.– Kontserbatu beharreko zuhaitz-aleak behar bezala babestuko dira, kolperik jaso ez dezaten, eta sustrai-sisteman kalterik izan ez dezaten. Jarduera horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako 2.c.10 paragrafoan ezarritako ingurumen-aholkularitzak.
2.c.1.4.– Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko kalterik egingo balitz, neurri zuzentzaileak eta guneak oneratzeko neurri egokiak ezarriko dira; aldez aurretik, ebazpen honen 2.c.10 idatzi-zatian adierazten den txostena egingo du ingurumen-aholkularitzak.
2.c.1.5.– Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan kontratistaren instalazio eremuak proiektatzeko, eta hauek ere sartuko dira: obrako materialak eta landare-lurrak behin-behinean biltegiratzeko eremua eta obran sortutako tipologia desberdineko hondakinak kudeatzeko eremua. Eremu horiek inola ere ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (bertako zuhaiztiak, ibaiertzeko landaretza, lehentasunezko intereseko habitatak), ez eta ibilguetatik hurbil dauden lursailetan ere.
Horretarako, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian, obrak hasi aurretik. Muga hori obra-zuzendaritzak baimendu beharko du, eta, aldez aurretik, ebazpen honetako 2.c.10 idatzi-zatian aipatzen den txostena egingo du Ingurumen Aholkularitzak. Ebazpen honen 2.c.11 idatzi-zatiko lan-programan jaso beharko dira instalazio horien ezaugarri eta kokapen zehatzak.
2.c.1.6.– Kontuan izanik betelanaren eremuan dagoen errekaren urak Asua ibaira doazela eta hura dela interes berezia duen eremua arrain hiruarantzarentzat, honetan ezarritakoa bete beharko da: Bizkaiko Lurralde Historikoan Gasterosteus aculeatus Linnæus, 1758 arrain hiruarantzaren Kudeaketa Plana onetsi duen abenduaren 9ko 186/2008 Foru Dekretua, Bizkaiko Foru Aldundiarena.
2.c.1.7.– Proiektuaren ingurunean, ezin da baztertu Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan dauden flora espezieak egotea, esaterako, Ilex aquifolium.
Espezie horietako banakoei eragin diezaiekeen edozein ekintza egin aurretik, Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legean eta Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda arautzeko uztailaren 9ko 167/1996 Dekretuan xedatutakoa hartuko da kontuan, baita, hala badagokio, foru-organo eskudunak ezarritakoa ere.
2.c.1.8.– Fallopia japonica edo antzeko beste landare inbaditzaileak ez zabaltzeko ekintzak burutuko dira. Alde horretatik, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.
2.c.2.– Ibaien ekosistema berreskuratzeko neurriak.
Ur-gaietan eskumena duen organoak ezarriko duena errespetatuta, jabari hidrauliko publikoan eta horren zortasun- eta polizia-guneetan eragina duten obretarako, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira:
2.c.2.1.– Errekaren ibilgua berriak eraikitzean, ibai-ohe irregularra osatuko da, ur-geruza iragazketagatik galtzea eragozteko; eta haren diseinuak ahalbidetuko du uda-garaian ura kontzentratzea, eta uretako fauna eta florarentzat hainbat mikrohabitat sortzea. Halaber, hondo kizkurra eta irregularra sortuko da ibilgua-ohetan, ibaietako faunaren espezie bereizgarriak pasatzen uzteko. Edonola ere, ibilgua berrien ohea leheneratuko da errekak berak zati horrekin bat datorren granulometria hartzen saiatuz.
2.c.2.2.– Ibilgua berrien alboetako ezpondak ahalik eta era naturalenean diseinatuko dira luzera osoan. Horren ondorioz, ezponda horietan ez da jarriko harri-lubetazko edo hormigoizko babes artifizial zurrunak, eta, behar izanez gero, bioingeniaritzako konponbideak ezarriko dira.
2.c.2.3.– Ibaiertzak leheneratuko dira aurkeztutako dokumentuen arabera, zehazki, ingurumenean proiektuak duen eragina ebaluatzeko dokumentazioa. Aurrekoarekin bat etorrita, ibilguaren ertzen diseinuak aukera eman behar du landarezko zerrenda jarraitu bat egoki jartzeko, bai belarrezkoa eta bai zuhaixka eta zuhaitzezkoa, errekastoaren funtzio ekologikoari eusteko beharrezkoa da eta.
2.c.2.4.– Errekastoen bide-zortasunaren aldeak ahalik eta baldintza naturalenetan gelditu behar du, bere eginkizuna oztopatzen duen betelan, itxitura edo bestelako okupaziorik gabe.
2.c.3.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
Aplika daitezkeen prozeduren esparruan, uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:
2.c.3.1.– Harri-lubetazko hormaren atzeko dekantazio-putzua aurreikusitako efluentearen arabera neurtuko da, ur-bolumenari eusteko gaitasuna izateko moduan, behar den denboran dekantazioa behar bezala egiteko. Hura kalkulatzeko, kontuan hartuko da baldintza okerreneko egoera.
2.c.3.2.– Harri-lubetazko hormaren atzeko dekantazio-putzutik datozen isurketek eduki beharko dute dagokien isurketa-baimena, eskumeneko organoak emana, eta horretan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
2.c.3.3.– Ura tratatzeko sistema horiek aldian-aldian garbitu behar dira, tratamendu-sistemaren etekinik onena bermatzeko eta une oro erabilera gaitasun nahikoa eduki dezaten.
2.c.3.4.– Drainatze-sare naturaletik isolatuko dira laneko makinak aparkatzeko azalera eta haiek mantentzeko lanak egiteko eremua. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Horretarako ezarritako gunetik kanpo, ez da baimenduko erregaia kargatu eta deskargatzea, olio aldatzea eta tailerreko jarduerak egitea.
Ebazpen honetako 2.c.11 idatzi-zatian aipatzen den dokumentazioan jasoko dira elementu horien ezaugarriak, kokalekua eta neurri zehatzak.
2.c.3.5.– Obrak eta bete-lanak egitean, ahalik eta material fin gutxien isuri beharko dira drainatze-sarera. Horretarako, proiektuan ezarri diren urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira lehenengo fasean, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.
Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta dagokionean, gune jakin batean isurtzen dela bermatzeko, betiere, uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuz.
Ebazpen honetako 2.c.11 idatzi-zatian aipatzen den lan-programan jasoko dira sistema horien ezaugarriak, kokalekua eta neurri zehatzak.
Halaber, eta bereziki bete-lanen azken faseetan, beharrezko neurriak hartuko dira material xeheak ez isurtzeko betegarriaren mendebaldeko errekara.
Bestalde, hormigoi-upelak garbituko dira berariaz egokitutako eremuetan. Ez da inola ere onartuko ibaiaren ibilguara isurtzea hormigoiaren garbiketako hondarrak. Hormigoiaren hondakinak Ebazpen honen 2.c.6 idatzi-zatian ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.
2.c.3.6.– Lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.
2.c.4.– Airearen kutsadura saihesteko eta hauts-isuriak murrizteko neurriak.
2.c.4.1.– Obrak eta bete-lanak iraun bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek eragindako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta inguruak ureztatzeko.
2.c.4.2.– Obra-guneko irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta.
Ebazpen honetako 2.c.11 puntuan zehaztutako dokumentazioan adieraziko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.
2.c.5.– Zaraten eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
2.c.5.1.– Obrak eta bete-lanak iraun bitartean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
2.c.5.2.– Era berean, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
2.c.5.3.– Beste aldetik, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan, obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita, baina hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.
2.c.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.
2.c.6.1.– Hondakinei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikagarri diren araudi zehatzetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira obrek iraun bitartean sortutako hondakinak, hau da, obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak, bilgarriak, baztertzen diren lehengaiak eta garbiketa-lanetako soberakinak, baita indusketetatik eratorritakoak ere.
Hondakinak kudeatzeko printzipio hierarkikoekin bat, lehentasuna izango da hondakin orok behar bezala baimendutako balioztatze-prozesu bati jarraitzea. Hurrenkera honetan lehenetsiko da: hondakinak berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balioztatzeko beste modu bat, alde energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzen ez bada ezin dela balioztatu alde teknikotik, ekonomikotik edo ingurumenaren aldetik.
Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.
2.c.6.2.– Proiektua gauzatzerakoan, hondakinak sortzen badira eraikitze- eta eraiste-lanen ondorioz, hondakin horiek Eraikitze- eta eraiste-hondakinen produkzioa eta kudeaketa arautzen dituzten otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
Aipatu 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat; eta I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.
Bestalde, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakin eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Ebazpen honetako 2.c.11 idatzi-zatian aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.
2.c.6.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak hauen arabera kudeatuko dira: Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua; Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen dituen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, eta geroko aldaketak.
Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
Betelaneko materialak eta lurzorua egokitzeko lanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.
2.c.6.4.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren baten ondorioz nahastuz gero, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu baitezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
Lehen aipatu diren ontzi edo ontzikien etiketek argiak, irakurtzeko modukoak eta ezabaezinak izan beharko dute, eta uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen arabera.
2.c.6.5.– Olio erabilia kudeatzeko, hartuko da kontuan Industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua.
Erabilitako olioa, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
2.c.6.6.– Araudi hau errazago betetzeko, lan desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak eduki beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da sortuko kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzeagatik eta makineria mantentzeagatik, ezta hondakinik erreko ere.
Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-poteak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
2.c.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.
2.c.8.– Paisaia babesteko eta lehengoratzeko neurriak.
2.c.8.1.– Proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko aurkeztutako dokumentuei jarraituko zaizkie betelanen paisaia lehengoratzeko proiektuak eta horren barruan dagoen ibilgua berriak birlandatzeko neurriak. Dena dela, sortutako ezpondetan ere beharrezkoa da zuhaitz-estaldura.
Betegarria betetzeko plan bat diseinatu beharko da, non aipatu lana aurrera egin ahala isurtze-azalerak azkar birlandatuko diren, betetzeko fase bakoitzean ahalik eta txikiena izan dadin higadura jasateko eta lurrak arrastatzeko arriskua daukan azalera.
2.c.8.2.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-inpaktuaren azterlanean agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Ingurumen-lehengoratzean, lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko dira, bai eta landare-estalkia izan dezaketen gune guztien landare-berritzea ere.
2.c.8.3.– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako espazioak lehengoratzeko eta birlandatzeko lanak erraztearren.
2.c.8.4.– Ingurua leheneratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak birlandatu.
2.c.9.– Garbiketa eta obraren akabera.
Bideratze-obrak bukatu ondoren, garbiketa-lan zorrotza egingo da, eta proiektuaren eragin-eremuko obra-hondar guztiak kenduko dira. Era berean, proiektuaren eragin-eremua garbitzeko aldiroko kanpainak egin beharko dira jarduera izan bitartean.
2.c.10.– Ingurumen-aholkularitza.
Lanak amaitu bitartean eta berme-aldian, ingurumen-gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan adituak diren aholkulariak izango ditu Lanen Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterketako zehaztapenen arabera. Lanen Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.
2.c.11.– Lan-programaren diseinua.
Obrak hasi aurretik, jarraian datozen idatzi-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du kontratistak.
Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta lanen zuzendariak berariaz onartuko ditu; aurrez, txosten bat egingo du aurreko idatzi-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatu programak:
– Makineriaren parkearen, eta obrako materialen eta lurren eta hondakinen aldi baterako biltegiratzerako eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak.
– Urak bideratzeko eta sedimentuei eusteko aurreikusitako sare eta sistemen kokapenari, ezaugarriei eta neurriei buruzko xehetasunak.
– Kamioien gurpilak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.
– Zuzeneko okupazioa egingo ez den aldeetan dauden ingurumen-intereseko eremuak zehatz-mehatz zehaztea eta balizatzea.
– Hala badagokio, obretako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sor daitezkeen hondakinak kudeatzeko plana, honako hauen arabera: Eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1. artikuluan xedatutakoa, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoa.
2.D.– Ingurumena zaintzeko programa.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da, Ingurumena Zaintzeko Programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.
Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon beharko da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.
2.d.1.– Gorabeheren erregistroa.
Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, bidali egingo zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatu aldaketak.
2.d.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.
Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da eta obrek ez dute izango fase bakoitzerako aurreikusitako gainazala baino eremu handiagoa.
2.d.3.– Uren kalitatearen kontrola.
Oro har, ingurumen urtarrera isurketak egin ditzakeen obra-lekurik izanez gero, 2.d.10 idatzi-zatian aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztapena egingo du, urak isuri aurretik urak bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala ziurtatze aldera. Hauxe ere aztertuko du: ibaira material xeheak isuri ote diren, euri-aldietan batez ere.
Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezko diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten zuloetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urak lur gaineko ur-ibilguetara irits ez daitezen.
Betelana ustiatzeko fasean, kanal perimetralen ura biltzen duen dekantazio-putzuaren isurketaren atzeko errekaren uraren kalitatearen hiru kontrol egingo dira urtean; zehazki, hauek neurtuko dira: pH-a, T, eroankortasuna, oxigeno disolbatua, esekidurako solidoak, olio mineralak eta hidrokarburoak.
2.d.4.– Leheneratze-lanen arrakasta kontrolatzea.
Berme-aldian, jarraipena egingo da aldian-aldian, ikusteko ea ondo doan proiektuak eragindako eremuak lehengoratzeko prozesua eta, batez ere, proiektuak bideratutako ertzak birlandatzea.
2.d.5.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bateratua.
Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.
Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.
.d.5.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.
Ingurumena Zaintzeko Programaren barruko txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari bidaliko zaizkio. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean, emaitzen analisia jasoko da, eta aipamen berezia egingo zaie epe horretan izandako gertakari nagusiei, baita haien kausa eta konponbide posibleei ere.
Kasuan-kasuan aplikatu beharreko araudia betetzeaz gain, proiektuaren sustatzaileak bilduko ditu datuak euskarri egoki batean, bi urtez gutxienez, eta administrazio publikoetako ikuskaritza-zerbitzuen esku utziko ditu.
2.E.– Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, babes- zein zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- zein zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein konpentsatzaileak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.
2.F.– Ebazpen honen aurreko idatzi-zatietan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan.
Aipatuko diren agiriak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko ditu eskumena duen organoak, oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera.
2.f.1.– Ebazpen hau jakinarazten denetik hilabeteko epearen barruan, harri-lubetazko hormaren atzeko dekantazio-putzuaren eta gurpil-garbitokian dagoenaren neurriak egiaztatzeko dokumentazioa, Ebazpen honen c.3.1. bigarren idatzi-zatian adierazitakoaren arabera.
2.f.2.– Ebazpen hau jakinarazten denetik hilabeteko epearen barruan, ezpondak zuhaitzez birlandatzea jasotzen duen lehengoratze-plan bat.
2.f.3.– Obrak hasi baino lehen, ingurumena zaintzeko programaren testu bateratua.
2.f.4.– Obrak amaitu eta bi hilabeteko epean (fase bakoitzekoak), obrak egin bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babesteko eta zuzentzeko neurriak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen 2.d.1 paragrafoan aurreikusitakoaren arabera.
Hirugarren.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, sailkatutako jardueraren lizentzia emateko behar diren neurri zuzentzaileen txostena ordezkatzen du ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen honek, ondorio guztietarako.
Laugarren.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, 2 urteko epea ematea proiektua gauzatzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera. Baldin eta, epea amaitzerako, proiektua ez bada gauzatzen hasia, sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla-eta, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau baliogabetu egingo da. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat.
Bostgarren.– Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak ingurumen-organoari jakinarazi beharko dio, aldez aurretik, noiz hasiko den proiektua gauzatzen.
Seigarren.– Hauxe agintzea: ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau argitaratzeko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 22a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.