EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-03-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2016056

EBAZPENA, 2016ko martxoaren 17koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoan lana duten langileei lehentasunez zuzendutako enplegurako prestakuntzarako diru-laguntzen 2016ko ekitaldiko deialdiaren aldaketa.

Xedapenaren data: 2016-03-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201601254
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • 2015/12/31n argitaratutako 2015/12/30reko EBAZPENA aldatzen du [201505530]

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2016ko martxoaren 16ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, onartu egin du Euskal Autonomia Erkidegoan lana duten langileei lehentasunez zuzendutako enplegurako prestakuntzarako diru-laguntzen 2016ko ekitaldiko deialdia aldatzea, eta Lanbideren Estatutuetako 10.2 artikuluaren p) letran xedatutakoarekin bat etorriz (estatutu horiek maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onetsi ziren), Lanbideko zuzendari nagusiari dagokio deialdiaren aldaketa argitaratzea.
Azaldutako guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoan lana duten langileei lehentasunez zuzendutako enplegurako prestakuntzarako diru-laguntzen 2016ko ekitaldiko deialdiaren aldaketa. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2016ko martxoaren 16ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onetsi zuen aldaketa hori (erabakia ebazpen honen eranskinean jasota dago).
Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango dituela ondorioak deialdiaren aldaketa onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.
Hirugarrena.– Jakinaraztea deialdiaren aldaketa onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 17a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.
ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN LANA DUTEN LANGILEEI LEHENTASUNEZ ZUZENDUTAKO ENPLEGURAKO PRESTAKUNTZARAKO DIRU-LAGUNTZEN 2016KO EKITALDIKO DEIALDIAREN ALDAKETA.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2015eko abenduaren 30ean onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoan lana duten langileei lehentasunez zuzendutako enplegurako prestakuntzarako diru-laguntzen 2016ko ekitaldiko deialdia. Deialdi hori 2015-12-31ko EHAAn argitaratu zen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2015eko abenduaren 30eko Ebazpenaren bidez.
2016ko otsailaren 1ean, erreklamazio bat aurkeztu zen Merkatuaren Batasunerako Kontseiluaren Idazkaritzan, abenduaren 9ko 20/2013 Legearen, Merkatu-batasuna bermatzeari buruzkoaren, 26. artikuluan aurreikusitako prozeduraren esparruan, ustez urratu egiten direlako diskriminaziorik ezaren eta eraginkortasun nazionalaren printzipioak lege horretako 18.2 eta 20 artikuluetan araututako terminoetan.
Merkatuaren Batasunerako Kontseiluaren Idazkaritzak erreklamazioa tramitatzea onartu zuen, eta prozedurari hasiera eman zion honako izen honekin: Expediente 26/1604 Centros de formación empleo. País Vasco. Prozedura horretan, txosten bana egin dute Idazkaritzak berak eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak. Bi txostenen ondorioa da aztergai den deialdian eskatutako baldintza batek, hau da, erakundea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Erregistroan edo, hala badagokio, Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroan inskribatuta eta/edo egiaztatuta egotearenak, urratu egiten duela abenduaren 9ko 20/2013 Legearen, Merkatu-batasuna bermatzeari buruzkoaren, 20. artikuluan aurreikusitako eraginkortasun nazionalaren printzipioa, eta erakundea –prestakuntza bai modalitate presentzialean bai teleprestakuntza-modalitatean emateko– EAEn kokatuta egotearen baldintza, deialdiaren 2.1 artikuluan araututa dagoena, diskriminaziorik ezaren printzipioaren aurkakoa dela, adierazitako legearen testuko 18.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Bestalde, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak bere txostenean ohartarazten du ezen, agintaritza autonomikoak ez baditu haren ustez diskriminaziorik ezaren eta eraginkortasun nazionalarenaren printzipioak urratzen dituzten baldintzak kentzen, Batzordea legitimatuta dagoela deialdia inpugnatzeko, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren aurrean, abenduaren 9ko 20/2013 Legearen, Merkatu-batasuna bermatzeari buruzkoaren, 27. artikuluaren arabera.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua ez dator bat diru publikoarekin finantzatutako enplegurako prestakuntza profesionalari buruz, eta abenduaren 9ko 20/2013 Legean oinarrituta, txostenetan egiten den interpretazioarekin eta aplikazioarekin. Hala ere, erakunde autonomoaren lehentasuna Euskal Autonomia Erkidegoan lana duten langileei zuzendutako prestakuntzarako eskaintza lehenbailehen abian jartzea denez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2016ko otsailaren 24an hartutako Erabakiaren bidez, ebatzi du deialdia aldatzeko tramiteak hastea txosten horietan adierazitako terminoetara egokitzeko.
Bestalde, sortu berriak diren eta dagokion erregistroan inskribatuta eta/edo egiaztatuta dauden erakundeek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari helarazi diote ez daudela ados proposatutako prestakuntza-planak gauzatzeko ahalmen ekonomiko eta finantzarioari dagokionez jarritako baldintzarekin, deialdiaren 2.2.a) artikuluan aurreikusitako terminoetan, uste dutelako eragotzi egiten diela bertan parte hartzea 2012, 2013 eta 2014 ekitaldietako negozio-bolumena eskatzen den aldetik, eta baldintza hori aldatzea eskatzen dute.
Lanbidek, deialdi honen bitartez, sustatu nahi du prestakuntza-erakundeek laguntzea lana duten langileei enplegurako prestakuntza-zerbitzua eskaintzen, eta bidezkoa da, beraz, baldintza batzuk ezartzea ziurtatzeko erakundeek badutela zerbitzu hori proposamenetan adierazten duten moduan eskaintzeko ahalmena, bai teknikoa, bai ekonomiko eta finantzarioa, eta jarduera-esparru honetan egiaztatutako negozio-bolumen jakin bat eskatzean, beraz, ziurtatu nahi da diru publikoa eraginkortasunez erabiliko dela eta kalitatezko zerbitzua eskainiko dela.
Hala ere, arrazoizkoa iruditzen zaio, deialdi honetan, diru-laguntza eskatzeko aukera ematea, sortu berriak direlako edo aipatutako ekitaldietan jarduerarik izan ez dutelako, baldintza hori aurreikusitako terminoetan egiaztatu ezin duten erakundeei. Horretarako baliatuko den formula da orokorrean baldintza hori egiaztatzetik salbuestea honako kasu honetan: prestakuntza-planaren ezaugarri ekonomikoak direla eta (eskatutako diru-laguntza 10.000 eurotik beherakoa izatea), plan horiek gauzatzeko erakundearen ahalmen ekonomiko eta finantzarioa bermatuta dagoela uler daitekeenean.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomoko Administrazio Kontseiluak, 2016ko martxoaren 16ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, onartu egin du Euskal Autonomia Erkidegoan lana duten langileei lehentasunez zuzendutako enplegurako prestakuntzarako diru-laguntzen 2016ko ekitaldiko deialdia aldatzea. Hauek dira aldaketaren xehetasunak:
Lehenengo artikulua.– Adierazitako deialdiko 2. artikuluaren 1. atala aldatu da, eta azkeneko bi paragrafoak kendu dira. Honela idatzita geratzen da:
«1.– Deialdi honetako diru-laguntzen onuradun izan ahalko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Erregistroan, enplegurako prestakuntza-erakundeen beste edozein erregistro autonomikotan edo Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroan inskribatuta eta/edo egiaztatuta dauden erakundeak.»
Bigarren artikulua.– Adierazitako deialdiko 2.2 artikuluaren a) letra aldatu da. Honela idatzita geratzen da:
«a) Ahalmen ekonomiko eta finantzarioa, eta, horretarako, egiaztatu beharko dute langabeentzat edo langileentzat bideratutako enplegurako prestakuntzari lotuta, 2012, 2013 eta 2014 ekitaldietan (batez beste) eskatutako diru-laguntza baino negozio-bolumen handiagoa izan dutela.
Eskatzailea sozietate-talde batekoa bada, taldearen ahalmen ekonomiko eta finantzarioa hartuko da kontuan, eta halakotzat joko da 1407/2013 Erregelamenduaren (EB) 2.2 artikuluan enpresa bakarraren definizioarekin bat datorrena, edo Merkataritzako Kodearen 42. artikuluan ezarritako sozietate taldearen definizioarekin bat datorrena.
Ez da beharrezko izango baldintza hau egiaztatzea aurkeztutako prestakuntza-planerako eskatutako diru-laguntza 10.000 eurotik beherakoa bada.»
Hirugarren artikulua.– Adierazitako deialdiko 3. artikuluaren 3. atala aldatu da, eta azkeneko paragrafoa kendu da. Honela idatzita geratzen da:
«3.– Diru-laguntza jasotzeko unean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Erregistroan, enplegurako prestakuntza-erakundeen beste edozein erregistro autonomikotan edo Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroan inskribatuta eta/edo egiaztatuta dauden erakundeek aurkeztuko dute prestakuntza-plana.
Planak profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea xede duten prestakuntza-ekintzak jasotzen dituenean, aurreko paragrafoan aipatutako erregistroek akreditatutako erakundeek baino ezingo dute plana aurkeztu.»
Laugarren artikulua.– Adierazitako deialdiko 6 artikuluaren k) letra aldatu da. Honela idatzita geratzen da:
«k) Teleprestakuntza-modalitatean eskaintzen diren profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntzaren kasuan, hala badagokio, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren, Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituenaren, 12 bis artikuluan aipatzen den akordioa edo hitzarmena.»
Bosgarren artikulua.– Eskaerak aurkezteko beste epe bat jartzea erabaki da, eta hamabost egunekoa izango da, erabaki hau argitaratzen duen Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Diru-laguntza eskaera aurkeztu ahal izango dute deialdia onartu eta argitaratu zenean aurkezteko aukerarik ez zuten prestakuntza-erakundeek, hain zuzen ere, deialdiaren 5.2 artikuluan eskaerak aurkezteko jarritako epea amaitzean, hau da, 2016ko otsailaren 1ean, jarraian adierazitako egoeraren batean zeudelako:
a) Ez zeudelako inskribatuta eta/edo egiaztatuta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako erregistro batean, enplegurako prestakuntza-erakundeen beste erregistro autonomiko batean baizik.
b) Ez zeudelako EAEn kokatuta, deialdiaren 2.1 artikuluaren jatorrizko testuan aurreikusitako terminoetan, prestakuntza-ekintzak bai modalitate presentzialean bai teleprestakuntza-modalitatean emateko.
c) Ez zutelako aukerarik ahalmen ekonomiko eta finantzarioaren baldintza egiaztatzeko, deialdiaren 2.2.a) artikuluan jasotako terminoetan, bai erakundeak sortu berriak direlako bai artikulu horretan adierazten diren ekitaldietan enplegurako prestakuntzaren esparruan jarduerarik izan ez zutelako.
Bestalde, eskaera berriz egin ahal izango dute, aurretik aurkeztutakoari uko eginda, deialdiaren 2.2.a) artikuluan aurreikusitako definizioaren arabera, beren ahalmen ekonomiko eta finantzarioa kontuan hartuta 10.000 eurotik beherako diru-laguntza eskatu duten prestakuntza-erakundeek, baldin eta aurkeztutako prestakuntza-plana kopuru horretara arte zabaldu nahi badute.
Nolanahi ere, prestakuntza-erakundeek dagokion erregistroan inskribatuta eta/edo egiaztatuta egon behar zuten deialdiaren 5.2 artikuluan eskaerak aurkezteko aurreikusitako epea amaitu baino lehen, hau da, 2016ko otsailaren 1a baino lehen, eta aurkezten dituzten prestakuntza-planak data horretan egiaztatuta eta inskribatuta zituzten prestakuntza-espezialitateak emateko izan behar dira.
Seigarren artikulua.– Lehendik aurkeztutako eskaerek baliokoak izaten jarraitzen dute planteatu ziren terminoetan. Hala ere, egindako eskaerari uko egin ahal zaio eta beste eskaera bat aurkeztu ahal izango da aurreko artikuluan aurreikusitako 10.000 eurotik beherako prestakuntza-planen kasuan.