EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-03-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2016056

22/2016 DEKRETUA, otsailaren 16koa, zeinen bidez ezartzen baitira koreografia eta interpretazioa espezialitateko dantzako goi-mailako arte irakaskuntzak eta Euskal Autonomia Erkidegorako ikasketa-plana.

Xedapenaren zenbakia: 201600022
Xedapenaren data: 2016-02-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201601248
Maila: Dekretua
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 54. artikulutik 58.era arautzen dira Goi Mailako Arte Irakaskuntzak, zeinen parte baitira Dantzako irakaskuntzak, eta ezartzen du Gobernuari dagokiola zehaztea, Autonomia Erkidegoei eta Arte Irakaskuntzen Kontseilu Gorenari kontsulta egin eta gero, Goi Mailako Arte Irakaskuntzen ikasketen oinarrizko egitura eta edukia.
Manu hori betetzeko eman zen urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututako goi-mailako arte irakaskuntzak antolatu zituena, bai eta maiatzaren 14ko 632/2010 Errege Dekretua ere, 2/2006 Lege Organikoan ezarritako Dantzako goi-mailako arte-irakaskuntzen oinarrizko edukia arautu zuena. 632/2010 Errege Dekretuaren 7. artikuluaren arabera, ikastetxeen proposamena ikusirik, Hezkuntza Administrazioek ezarriko dute ikasketa-plana, bertan zehaztutako gutxienekoetatik gutizko 240 kredituak osatu arte. Halaber, haren 6. artikuluaren arabera, zeharkako konpetentziak, konpetentzia orokorrak eta berariazko konpetentziak eta espezialitate bakoitzerako bertan zehaztutako profil profesionalak bildu beharko dituzte ikasketa-planek.
Maiatzaren 14ko 632/2010 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian zioenez, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren lehenengo xedapen gehigarrian eta aipatu legean araututako hezkuntza-sistemaren antolamendu berria aplikatzeko egutegia ezartzen duen ekainaren 30eko 806/2006 Errege Dekretuaren 23. artikuluan xedatuarekin bat, 2010-2011 ikasturtean hasiko ziren ezartzen, progresiboki, Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzak.
Azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuan xedatuaren arabera, zeinen bidez onartzen baita pertsona desgaituen eskubideen eta horiek gizarteratzearen Lege Orokorraren Testu Bategina, irisgarritasuna sustatzearen arloan indarrean dauden xedapenak bete beharko dira.
Europako Goi Mailako Hezkuntzako Espazioaren proposamenetik taxutzen da koreografia eta interpretazioa espezialitateko dantzako goi-mailako arte irakaskuntzen ikasketa-plana, eta, plan horren arabera, ikasketa-planen oinarria izan behar da ikasleek konpetentziak berenganatzea, ikasketa-metodologia berri bat aplikatzea eta ebaluazio-prozedurak egokitzea. Ondorioz, proposatzen da Europako kredituak (ECTS) izan daitezela ikasketa-emaitzak eta ikasleek eginiko lan-bolumena islatzen dituen neurri-unitatea; era berean, ikasleen mugikortasuna bermatuko da, horrela ahalbidetuz Europako Gehigarria Titulua lortzea.
Dena den, maiatzaren 14ko 632/2010 Errege Dekretuaren arabera, Hezkuntzako Administrazioek ezarriko dute, Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzak eskaintzen dituzten ikastetxeen proposamenak ikusirik, espezialitate bakoitzari dagokion ikasketa-plana. Ezartzen diren ikasketa-planak doitzen zaizkie maiatzaren 14ko 632/2010 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko egitura eta edukiei, eta planotan adierazten da zein den lanean jarduteko oinarrizko prestakuntza eta gutxieneko berariazko prestakuntza.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoan dantzako irakaskuntzak emateko dagoen beharraz oharturik, dantzaren tradizioa egon baitago, uste du egokia dela Koreografia eta Interpretazioko Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzak ezartzea.
Horregatik, orain ezarri eta garatu behar da Koreografia eta Interpretazioa espezialitateko Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzako ikasketa-plana, maiatzaren 14ko 632/2010 Errege Dekretuan xedatuaren arabera, zeinen bidez arautzen baita Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzako oinarrizko edukia.
Koreografia eta Interpretazioa ikasketek pertsonaren garapen osoari laguntzen diote, alde batera utziz sexuaren araberako estereotipoak eta rolak, bai eta bereizkeria mota oro ere, generoaren eraginik gabeko orientazio akademikoa eta profesionala bermatuz. Horretarako, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna bultzatuko da alor guztietan.
Hori dela eta, Euskadiko Eskola Kontseiluari entzunik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean aipatu nahitaezko izapideak beterik, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko otsailaren 16an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea eta ezarpen-esparrua.
Dekretu honen bidez ezartzen da Euskal Autonomia Erkidegorako, Koreografia eta Interpretazioa espezialitateko Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzako ikasketa-plana –Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aurreikusi ziren irakaskuntza horiek–, eta Goi Mailako Hezkuntzako Europako Espazioaren printzipio orokorren arabera eta Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzak ezartzeko urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren arabera ezarri ere.
2. artikulua.– Iraupena, egitura eta hizkuntza-tratamendua.
1.– Lau ikasturte iraungo dute Koreografia eta Interpretazioa espezialitateko dantzako irakaskuntzek: ikasturte bakoitza 60 ECTS kreditukoa, hau da, orotara, 240 ECTS kreditu, kredituak transferitzeko Europako sistemaren arabera. Ikasketa-plana osatzen duten ikasgai eta irakasgai guztien artean banatuko dira kredituak, honela:
a) Oinarrizko prestakuntzak 12 kreditu izango ditu, gutxienez. Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzako oinarrizko edukia arautzeko maiatzaren 14ko 632/2010 Errege Dekretuaren II. eranskinean ageri dira oinarrizko prestakuntzako gutxieneko honi dagozkion ikasgaiak, edukiak eta kredituak. Dekretu honen I. eta II. eranskinetan ageri diren ikasgaiak jasoko dituzte oinarrizko prestakuntzako ikasgaiek, eta ikasketa-planen lehenengo erdian emango dira.
b) Prestakuntza espezializatuak 104 kreditu izango ditu, gutxienez. Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzako oinarrizko edukia arautzeko maiatzaren 14ko 632/2010 Errege Dekretuaren III. eranskinean ageri dira berariazko prestakuntzako gutxieneko honi dagozkion espezialitateko derrigorrezko ikasgaiak, edukiak eta kredituak. Dekretu honen I. eta II. eranskinetan ageri diren ikasgaiak jasoko dituzte espezialitateko derrigorrezko ikasgaiek.
c) Kanpoko praktikek 10 kreditu izango dituzte, gutxienez. Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzako oinarrizko edukia arautzeko maiatzaren 14ko 632/2010 Errege Dekretuaren III. eranskinean ageri dira gutxieneko honi dagozkion irakasgaiak, edukiak eta kredituak.
d) Ikasketen amaierako lanak 7 kreditu izango ditu, gutxienez, eta ikasketa-planen azken fasean egingo da. Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzako oinarrizko edukia arautzeko maiatzaren 14ko 632/2010 Errege Dekretuaren III. eranskinean ageri dira gutxieneko honi dagozkion irakasgaiak, edukiak eta kredituak.
2.– Hauek sartuko ditu ikastetxeak hezkuntza-proiektuan: ikastetxearen nortasuna gorpuzten duten ezaugarriak eta balioak; bere printzipioen araberako hezkuntza-helburuak; beren ezaugarrien arabera, ikasleek eskuratu beharreko oinarrizko konpetentziak; hizkuntzaren, curriculumaren eta antolakuntzaren arloko oinarrizko irizpideak, estrategia-lerro nagusiak eta lehentasunezko jardunak. Honela, uztailaren 23ko 182/2002 Dekretuan xedatuaren araberakoa izango da hizkuntzaren tratamendua –dekretu horretan ezartzen dira Araubide Bereziko Irakaskuntzetako eta Helduen Hezkuntzako irakasleen lanpostuetako hizkuntza-eskakizunak zehazteko irizpideak eta derrigortasun-datak–.
3. artikulua.– Sarbidea.
1.– Irakaskuntza hauetara sartzeko, beharrezkoa izango da batxiler-titulua edo haren baliokidea izatea, edo Unibertsitatera sartzeko hogeita bost urtetik gorakoentzako proba gainditua izatea.
2.– Eskatutako titulazioa ez duten hemeretzi urtetik gorakoek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak araututako proba bat gainditu beharko dute sartu ahal izateko. Proba horretan, izangaiek hauek egiaztatu beharko dituzte: alde batetik, behar bezain helduak direla batxilergoaren helburuei dagokienez; bestetik, badituztela kasuan kasuko ikasketak emaitza ona lortuz egiteko behar diren ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak.
3.– Gainera, 1. eta 2. ataletan jasotako kasuetan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak arautu berariazko sarrera-proba bat gainditu beharko da, zeinetan baloratuko baitira ikasketa hauek probetxuz agiteko behar diren ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak.
4.– Hezkuntzako sailburuordeak izendatuko du berariazko sarbide-proba ebaluatzeko epaimahaia: lehendakari batek eta, gutxienez, bi bokalek osatuko dute. Izangai-kopurua handia bada, epaimahai bat baino gehiago izendatu ahal izango da.
5.– Proba gainditzeak aukera emango du ikasketa horiek eskaintzen dituen Espainiako estatuko edozein ikastetxetan sartzeko, baldin eta ikastetxe horietan plaza libreak badaude, betiere.
6.– Urtean behin gutxienez, Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzetara sartzeko berariazko sarbide-probaren deialdi bat egingo du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak.
4. artikulua.– Ikasketa-plana.
1.– Maiatzaren 14ko 632/2010 Errege Dekretuan ezarritako ikasgai bakoitzaren ikasketa-plana, irakasgai batean edo gehiagotan. I. eranskinean jasotzen den ikasketa-planak barne hartzen ditu bai derrigorrezko eta hautazko irakasgai bakoitzari dagozkion kredituak, bai zer kurtsotan egin behar diren ere; orotara, 240 ECTS kreditu izango dira.
2.– Honako ordu hauek sartuta daude ikasgai eta irakasgai bakoitzarentzako kredituetan: eskola-orduak –teorikoak edo praktikoak–; ikasketa-orduak; mintegietarako, lanetarako, praktiketarako eta proiektuetarako orduak, eta azterketak eta ebaluazio-probak prestatu eta egiteko eskatutakoak.
3.– Honela banatuko dira Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzen ikasketa-planen 240 ECTS kredituak:
a) Dekretu honen I. eta II. eranskinetan ageri dira oinarrizko prestakuntzako ikasgaiak. Ikasketa-planen lehenengo erdian emango dira.
b) Dekretu honen I. eta II. eranskinetan ageri diren ikasgaiak jasoko dituzte espezialitateko derrigorrezko ikasgaiek.
c) Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzetan, hautazko sei irakasgai ikasi beharko dituzte ikasleek.
d) Praktikek 10 ECTS kreditu izango dituzte.
e) Ikasketen amaierako lanak 7 kreditu izango ditu, eta ikasketa-planen azken fasean egingo da.
4.– Dekretu honen III. eranskinean zehazten dira Koreografia eta Interpretazioa espezialitateko Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzei dagozkien zeharkako konpetentziak.
5.– Dekretu honen IV. eranskinean zehazten dira Koreografia eta Interpretazioa espezialitateko Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzei dagozkien konpetentzia orokorrak.
6.– Dekretu honen V. eranskinean zehazten dira Koreografia eta Interpretazioa espezialitateko Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzei dagozkien berariazko konpetentziak.
7.– Dekretu honen VI. eranskinean zehazten dira Koreografia eta Interpretazioa espezialitateko Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzei dagozkien profil profesionalak.
8.– Kredituen esleipena eta kreditu horiei dagokien gutxi gorabeherako ordu-kopurua dagokio ikasturte bakoitzeko 36 astez, gutxienez, goi-mailako arte-irakaskuntza denbora osoz ikasten diharduten ikasleek egiten dutenari. 30 izango dira kreditu bakoitzaren gutxieneko orduak.
9.– Ikastetxe emaileak ezarriko du, eta publiko egingo, ikasgai bakoitzerako nahitaezko presentziaren kredituen portzentajea.
5. artikulua.– Ibilbideak taxutzea.
1.– 4.3.c artikuluan zehaztu bezala, ikasleek hautazko 6 irakasgai egin beharko dituzte dekretu honen bidez araututako Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzan zehar.
2.– Hautazkoak, ikastetxeko zuzendaritza-taldearen proposamenez, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak onartuko ditu.
3.– Eskaintza koherentea izan beharko da, ikasleei, haiek hala nahi izanez gero, espezializazioko hainbat prestakuntza-ibilbide ikastea ahalbidetzeko gisan.
4.– Ibilbide bat gainditutzat joko da, aurretik eskainitako irakasgai baten barnean jasotako hautazko 4 irakasgaiak egin dituenean ikasleak.
5.– Eskain daitekeen beste edozein ibilbide gorabehera, ikastetxe emaileak lehentasunez eskainiko du euskal erroak dituen dantza tradizionalari buruzko ibilbide bat.
6.– Ibilbide bateko hautazko irakasgaiez gain, beste bati dagokion hautazko bat gutxienez egin beharko du ikasleak.
7.– Dagokion ibilbidea gainditu dela jasota geratuko da Tituluaren Gehigarri Europarrean.
6. artikulua.– Ebaluazioa eta kalifikazio-sistema.
1.– Ikasle bakoitzaren ikasketa-prozesuaren ebaluazioak, zeina irakasgaika bereizia izango baita, aintzat hartuko du horietako bakoitzerako definitutako konpetentzien bereganatze-gradua eta -maila.
2.– Ikasketen amaierako lanaren ebaluazioa eta kalifikazioa bakarra izango da, eta, berau gainditzeko, gaindituak izan beharko dira dagokion ikasketa-plana osatzen duten irakasgai guztiak.
3.– Dekretu honen II. eranskinean zehazten dira Koreografia eta Interpretazioa espezialitateko Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzen irakasgai bakoitzaren ebaluazio-irizpideak, eta ikasturte hasieran jarriko dira jendaurrean. Barne hartuko dituzte horretarako zehazten diren parametroen arabera objektibagarriak eta neurgarriak diren adierazleak.
4.– Irakasgai bati dagozkion kredituak lortzeko, dagozkion ebaluazio-probak gainditu beharko dira.
5.– Kalifikazio numerikoen bidez adieraziko da ikasleak lortzen duen ikasketa-maila, eta bere espediente akademikoan islatuko dira kalifikaziook, ikasturte bakoitzean dagozkien ikasgaiak egin dituzten ikasle guztiekiko, kalifikazio horiek duten banaketa-portzentajearekin batera.
6.– Formula hau aplikatuz aterako da ikasle bakoitzaren espediente akademikoaren batezbestekoa: ikasleak lortutako kredituetako bakoitza hari dagokion kalifikazioaz biderkatuko da, kreditu guztiei dagozkien biderkadurak batu egingo dira, eta lortutako emaitza ikasleak guztira lortutako kreditu kopuruaz zatituko da.
7.– 0tik 10era bitarteko zenbakizko eskala baten arabera kalifikatuko dira ikasketa-planeko irakasgaietako bakoitzean ikasleak lortutako emaitzak; zenbakizko kalifikazioak dezimal bat izango du, eta dagokion kalifikazio kualitatiboa ere gehitu ahal izango zaio. Hau da eskala:
0 - 4.9: Gutxiegi (G)
5.0 - 6.9: Nahiko (N)
7.0 - 8.9: Oso ongi (OO)
9.0 - 10: Bikain (B)
8.– Ikasleek lau deialdi izango dituzte, gehienez, irakasgai bakoitza gainditzeko, eta bi deialdi, gehienez, ikasketen amaierako lana gainditzeko.
9.– Ikasketa-planean barne hartu gabeko prestakuntza-jarduerei dagozkien kredituak aitortzetik lortutako kredituak ez dira numerikoki kalifikatuko, eta ez dute eraginik izango espediente akademikoaren batezbestekoaren gainean.
10.– Lehenengo deialdian 9,0 kalifikazioa edo hobea lortu duten ikasleei eman ahal izango zaie «Ohorezko Matrikula». Hala ere, «Ohorezko Matrikula» ezingo zaio eman dagokion ikasturtean irakasgai batean matrikulatutako ikasleen ehuneko bostari baino gehiagori, eta, baldin eta 20 baino txikiagoa bada matrikulatutako ikasle-kopurua, «Ohorezko Matrikula» bakarra eman ahal izango da.
7. artikulua.– Kurtsoz igarotzea eta ikastetxean jarraitzea.
1.– Ikasleak ezingo dira ikastetxean sei ikasturte baino gehiago egon.
2.– Dantza-ikasketen bigarren kurtsoko ikasgaietan matrikulatu ahal izateko, lehenengo kurtsoko 40 ECTS kreditu, gutxienez, gainditu beharko da.
3.– Dantza-ikasketen hirugarren kurtsoko irakasgaietan matrikulatu ahal izateko, lehenengo kurtsoko irakasgai guztiak, gutxienez, gainditu beharko dira. Dantza-ikasketen laugarren kurtsoko irakasgaietan matrikulatu ahal izateko, bigarren kurtsoko irakasgai guztiak, gutxienez, gainditu beharko dira.
4.– Kurtso aurreratuago bateko irakasgaietan matrikulatu ahal izateko, aurreko kurtsoan gainditu gabe dituzten irakasgai guztietan ere matrikulatu behar dira ikasturte berean.
5.– Eduki progresiboko bi irakasgaietan matrikulatu ahal izateko ikasturte berean, ikastetxeak matrikula zabaltzea onartu beharko dio ikasleari.
6.– Hautazko irakasgairen bat gainditu ezean, beste hautazko irakasgai bat hautatu ahal izango du hurrengo ikasturtean ikasleak, ikastetxeak eskaintzen dituenetatik, hargatik eragotzi gabe hautazko irakasgai horretan jada erabilitako deialdiak kontatzea.
8. artikulua.– Graziazko deialdia.
1.– Ikasketen antolamenduen hainbat mailatan aurreikusitako baliabide bat da aparteko deialdia edo graziazkoa. Haren helburua da deialdi-kopurua malgutzea aparteko zenbait baldintza gertatzen direnean, honela, ez behin betiko agortzeko ikasketak egiten ari den ikasleak ikastetxean jarraitzea.
2.– Egoera berezietan eta behar bezala justifikatutako arrazoiengatik baimendu ahal izango da graziazko deialdia; ikasleak aurrez eskatu beharko du, eta, Goi Mailako Arte Irakaskuntzetan zehar, bi irakasgaitan (salbuespenez, hirutan) baino ezingo du eskatu, deialdi guztiak agortu eta gero, eta irakasgai bakoitzean behin bakarrik.
3.– Kasu hauetan aurkeztu ahal izango da eskabidea:
a) baldin eta ordura arte gainditutako kredituen % 10 edo gutxiagokoa bada aparteko deialdia eskatzen deneko kreditu kopurua.
b) baldin eta kurtso horretako guztizko kredituen % 20 baino gutxiago badira kurtso batean ikasleak gainditzeke dituen kredituak.
4.– Irakasgaiaren laugarren deialdiko kalifikazioa, edo, hala dagokionean, notaren erreklamazioaren behin betiko ebazpena jakinarazi eta hilabete igaro baino lehen aurkeztuko da graziako deialdiaren eskabidea. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari zuzenduko zaio eskabidea, eta ikastetxeko idazkaritzan aurkeztuko da.
5.– Behar bezala arrazoitutako eskabideari erantsiko zaizkio berau justifikatzen duten arrazoiak egiaztatzeko agiriak (gaixotasuna, lanean hastea, seme-alabak zaintzea edo bestelakoak).
6.– Eskabidea ikusirik, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ebatziko du, ikastetxeko zuzendaritzari kontsulta egin eta gero eta eskatzailearen inguruabar akademikoak eta pertsonalak aintzat hartuta, betiere. Eskabidea egin eta ondorengo bi ikasturteetarako izango du balioa aldeko ebazpenak. Ezarritako epeetan egin beharko du irakasgaiari dagokion matrikula aparteko deialdia onartu zaion ikasleak. Aparteko deialdia ukatuz gero, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, uko-egitea jakinarazten den egunetik aurrera.
9. artikulua.– Matrikula eta deialdia deuseztatzea, ikasleak hala eskaturik.
1.– Ikasturtea hasten den urte naturaleko azken irakasteguna baino lehen, ikasturte osoaren matrikula deuseztatzea eskatu ahal izango du ikasleak. Matrikula deuseztatzeak ekarriko du prezio publiko gisa ordaindu diren zenbatekoak itzultzea, eta matrikulatu ez den ikaslearen kontsiderazio bera izango du ikastetxean jarraitzeari begira.
2.– Ikasturte osoko matrikula ezesten duen ikasleak ikastetxeko ikasle izaera galduko du, eta, beraz, ondorengo kurtso batean matrikulatu nahi izango balu, haren matrikula ikastetxean dagoen plazen mende egongo da.
3.– Oro har, ikasleak, bere onerako, irakasgaiaren deialdiari uko egitea eskatu ahal izango du irakasgaia ematen amaitu baino hamabost egun lehenago arte, ikastetxeak urteko bere programazio orokorrean edo, hala dagokionean, irakasgaiaren irakas-gidan ezartzen duen egutegiaren arabera, zeina ikastetxeak argitaratuko baitu.
10. artikulua.– Matrikula galtzea eskola presentzialetara huts egiteagatik.
1.– Baldin eta ikasle bat eskoletara joaten ez bada eskola-hilabetez jarraian edo matrikulatuta dagoen irakasgaiei dagozkien irakastordu presentzial guztien % 30 huts egiten badu uneren batean, ikastetxeko zuzendariak, ikasleari entzun eta gero, ikasle horren matrikula deuseztatuko du, hargatik eragotzi gabe artikulu honen 2. atalean xedatua.
2.– Justifikatutako arrazoiengatik huts eginez gero eskoletara, horren berri eman beharko dio interesdunak ikastetxeko zuzendariari, eta, kasu horretan, interesdunak ez du galduko ikasle izaera, non eta ez duen bi hilabetez baino gehiagoz jarraian huts egin eskolara edo ez duen pilatu matrikulatu deneko irakasgaiei dagozkien irakastordu presentzialen % 50eko asistentzia-falta.
3.– Matrikula deuseztatzearen ondorioz, zeina interesdunari idatziz dudarik gabe jakinaraziko baitzaio, ikasleak galduko du, batetik, ikastetxeko ikasle izaera dagokion ikasturtean, eta, bestetik, matrikula gisa ordaindutako prezio publikoa.
4.– Baldin eta lehenengo kurtsoko matrikula bada, ikastetxean berriz sartu ahal izateko, berariazko sarbide-proba bat gainditu beharko du ikasleak. Beste kurtso bateko matrikula bada, aldiz, hurrengo kurtsoetan matrikulatu ahal izateko, plaza libreak egon beharko dira ohiko matrikulazio-aldia amaitu eta gero.
11. artikulua.– Titulazioa.
1.– Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzak gaindituta, Koreografia eta Interpretazioa espezialitateko Dantzako Goi Mailako Titulua eskuratuko da. Ofiziala izango da titulu hori, eta Espainiako Estatuko lurralde osoan izango du balio akademikoa eta profesionala.
2.– Dantzako Goi Mailako Tituluarekin sarbidea izango da graduondoko eta doktoretzako unibertsitateko irakaskuntza ofizialetara, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetan –Unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzen dituena–, eta graduondoko eta doktoretzako arte irakaskuntza ofizialetara, urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetan –maiatzaren 3ko Hezkuntzako 2/2006 Lege Organikoak araututako goi-mailako ikasketen antolakuntza ezarri zuena.
12. artikulua.– Kredituak aitortzea eta transferitzea.
1.– Oro har, lortutako kredituak aitortu ahal izango ditu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, aintzat harturik egindako irakasgaien konpetentzien eta edukien eta egiten ari den ikasketa-planean aurreikusitakoen arteko egokitasuna.
2.– Espedientea autonomia-erkidego batetik bestera bidaliz gero, ikasketa berekin jarraitzeko, lortutako kreditu guztiak aitortuko dira.
3.– Dantzako Goi Mailako Tituluaren espezialitate berri bat hastean, oinarrizko trebakuntzako ikasgaiei dagozkien lortutako kreditu guztiak aitortuko dira.
4.– Ez dira inolaz ere aitortuko egiten ari den ikasketen amaierako lanari esleitutako kredituak.
5.– 6 kredituren aintzatespena jaso ahal izango dute ikasleek kultura-, arte-, kirol-, ikasleen ordezkaritza-, elkartasun- eta lankidetza-esparruetako jardueretan parte hartzeagatik.
6.– Kredituak aitortzen zaizkien irakasgaietarako, jatorrizko ikastetxean lortutako kalifikazioa kontatuko da. Kalifikaziorik ez duen kredituen aitorpena ez da kontuan izango haztapenerako.
7.– Tituluaren gehigarri europarrean islatuko dira transferitutako kredituak.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko otsailaren 16an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.