EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-03-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2016054

AGINDUA, 2016ko martxoaren 11koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, «Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren bosgarren edizioaren deialdia egiten duena.

Organo emailea: OGASUN ETA FINANTZA SAILA
Xedapenaren data: 2016-03-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201601211
Maila: Agindua
Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak «Non Ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren V. edizioa jarri nahi du abian. Europa euskal gazteriari hurbiltzea da ekimenaren asmoa, eta, horretarako, Europak haien ingurunearen garapenean nola lagundu duen argazki batean irudikatzera gonbidatzen ditu euskal gazteak.
Lehiaketa Facebook plataformaren bitartez egingo da oso-osorik. Bertan, interesa duten gazteek, beren argazkiak argitara ditzakete eta horrela Europari buruz daukaten ikuspegia gainerako gazteekin konpartitu dezakete sormenaren bidez. Gainera, beste parte-hartzaileen argazkiak zer iruditu zaizkien ere adierazteko aukera izango dute.
Lehiaketaren aurreko edizioak oso arrakastatsuak izan dira, eta agerian geratu da erkidego mailan komunikaziorako jardunbide egokia izan dela, ekimenaren helburuak lortzeko; hau da, batez ere, euskal gazteei Eskualde Garapenerako Europar Funtsen (EGEF) berri emateko.
Lehiaketaren V. edizioaren helburua, beraz, aurreko urteetan egindako komunikazio-ekintzei jarraipena ematea da, eta, zehazki, helburu hauek lortzea:
– EAEk EGEF Funtsaren garapenean duen parte-hartzeari buruzko informazioa ematea Euskal Autonomia Erkidegoko gazteei. Gure autonomia-erkidegoaren garapen ekonomikoari bultzada ematen dioten inbertsio-jarduerak, proiektuak eta egindako ekimenak finantzatzen ditu funts horrek.
– Europarekin loturiko alderdietan eta gaietan gazteen interesa piztea, hurbilekoa zaien hizkuntza teknologikoa erabiliz.
– Gizarte-sareen erabilera finkatzea gazteen artean, Europaren berri eta Europako egituraren berri zabaltzeko, hedabide diren aldetik.
– Mezu publikoen hedapenean erreferentzia bihurtzea, komunikazio-jardueretan elementu berritzaileak gehituz.
Hori dela eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan xedatutakoaren babesean, eta Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 192/2013 Dekretuaren 3.1 artikuluak emandako eskumena erabiliz, eta abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren (Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) 9.1.l) artikuluan xedatutakoaren arabera,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
«Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren bosgarren edizioaren deialdia egitea, agindu honen eranskinean onartu eta zehazten diren oinarrien arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honetan xedatutakoari dagokionez, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta aplikatzekoak diren gainerako araudietan ezarritakoa aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute interesdunek Ogasun eta Finantzetako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116. eta 117. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 11.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.