EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-03-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2016054

EBAZPENA, 2016ko martxoaren 17koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak hartutako erabaki bat argitara emateko dena. Erabaki horren bitartez, zenbait diru-baliabide esleitzen dira Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan aurreikusitako laguntzak 2016ko ekitaldian finantzatzeko. Agindu horrek oinarri arautzaileak ezartzen ditu, langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen dutenei Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan oinarritutako diru-laguntzak emateko, 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Xedapenaren data: 2016-03-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201601207
Maila: Ebazpena
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2016ko martxoaren 16ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, zenbait diru-baliabide esleitu ditu, zehazki Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan ezarritako diru-laguntzak 2016an finantzatzera bideratuko direnak (agindu horrek oinarri arautzaileak ezartzen ditu, langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen dutenei Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan oinarritutako diru-laguntzak emateko, 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz). Gauzak horrela, Lanbideren Estatutuetako 10.2 artikuluaren p) letran xedatutakoarekin bat (estatutu horiek maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onetsi ziren), Lanbideko zuzendari nagusiak eman behar du argitara erabaki hori.
Azaldutako guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2016ko martxoaren 16ko bilkuran hartutako erabakia (ebazpen honen eranskinean dago jasota), zeinaren bidez zenbait diru-baliabide esleitzen baitira Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan aurreikusitako diru-laguntzak 2016ko ekitaldian finantzatzeko. Agindu horrek oinarri arautzaileak ezartzen ditu, langabezia-prestazioa ordainketa bakar osoko modalitatean jasotzen dutenei Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan oinarritutako diru-laguntzak emateko, 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Bigarrena.– Ebazpen honen bidez jakinarazten den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erabakiak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aipatutako aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 17a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.
ERANSKINA
ERABAKI-PROPOSAMENA, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUKO ADMINISTRAZIO KONTSEILUARENA, ZEINAREN BIDEZ ZENBAIT DIRU-BALIABIDE ESLEITZEN BAITIRA LAN ETA GIZARTE SEGURANTZA MINISTERIOAREN 1994KO APIRILAREN 13KO AGINDUAN AURREIKUSITAKO LAGUNTZAK 2016KO EKITALDIAN FINANTZATZEKO. AGINDU HORREK OINARRI ARAUTZAILEAK EZARTZEN DITU, LANGABEZIA-PRESTAZIOA ORDAINKETA BAKARREKO MODALITATEAN JASOTZEN DUTENEI GIZARTE SEGURANTZAKO KUOTEN ORDAINKETAN OINARRITUTAKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO, 1044/1985 ERREGE DEKRETUAREN 4.2. ARTIKULUAN EZARRITAKOARI JARRAIKIZ
Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduak oinarri arautzaileak ezarri zituen Gizarte Segurantzako kuoten diru-laguntzak emateko, ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Bada, agindu horren helburua da kotizaziopeko langabezia-prestazioa jasotzen dutenen autoenplegua erraztera bideratutako diru-laguntzak arautzea. Diru-laguntza horien bidez, langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzeko eskubidea baliatu dutenei Gizarte Segurantzako kuoten ordainketa egiten zaie, kuota horien egungo balioaren arabera, betiere ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuaren 1. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuak (geroagoko arauen bidez sartutako aldaketak ere kontutan hartuta) ahalmena ematen dio erakunde kudeatzaileari langabezia-prestazioaren zenbatekoa ordainketa bakar batean ordaintzeko, egun duen balioaren arabera, prestazioen onuradun hauei: kooperatibetan edo lan-sozietateetan bazkide-langile edo lan-bazkide gisa –modu egonkorrean– sartu nahi dutenei, eta, % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna izanik, langile autonomo bihurtu nahi dutenei.
Egun, lan-merkatuaren erreformarako premiazko neurriei buruzko otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege Dekretua eta Ekintzaileari laguntzeko eta enpleguaren hazkundea eta sorrera estimulatzeko neurriei buruzko otsailaren 22ko 4/2013 Errege Lege Dekretua onartu ondoren, beste bi talde sartu dira langabezia-prestazioaren % 100eko kapitalizazioaren onuradunen artean: bata, langile autonomo gisa jarduten duten gazteak (30 urtera bitarteko gizonezkoak eta 35 urtera bitarteko emakumezkoak), eta, besta, hogeita hamar urtez azpiko gazteak, diru-zenbatekoa erabiliko dutenak ekarpen bat egiteko merkataritza-erakunde baten kapital sozialean, baldin eta merkataritza erakunde hori sortu berria bada edo ekarpena egin aurreko hamabi hilen barruan sortua bada eta erakunde horretan egiten duten jarduera profesionala mugagabea bada, Gizarte Segurantzan duten erregimena gorabehera.
Eskubide hori baliatzen duten langileek jasoko duten diru-laguntza hauxe izango da: langile autonomo gisa Gizarte Segurantzan dagokien erregimenean duten kuotaren % 50, gutxieneko kotizazio-mailaren arabera kalkulatuta; edo, langileek langabezia-prestazioa jaso duten bitartean Gizarte Segurantzan, dagokion erregimenaren kotizazioetan, egin duten ekarpenaren % 100, baldin eta langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jaso ez bada.
Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu egin zitzaizkion Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak. Geroztik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumen da enpleguko, enplegu-prestakuntzako eta autoenplegua sustatzeko eta enpresak sortzeko programak kudeatzea.
Egun, Euskal Autonomia Erkidegokoan ez dago laguntzak erregulatzeko araudi bat, kotizaziopeko langabezia-prestazioaren % 100 ordainketa bakarrean jaso dutenei autoenpleguko ekimenak martxan jartzen lagunduko diena. Horregatik, horrelako araudi bat landu eta indarrean jarri bitartean, diru-laguntzen programa hau gauzatu behar da, ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzeko.
Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduak indarraldi mugagabea du. Bestalde, laguntza hauek emateko prozeduran, ez da lehiaketaren teknika erabiliko. Esleitutako aurrekontu-kreditua edo haren eguneratzetik sortzen dena izango da laguntzak emateko muga, berariaz hala ezarrita baitago aginduaren lehenengo xedapen iragankorrean.
Hori dela eta, diru-laguntzak emateko prozeduran errespetatu behar den publikotasun-printzipioa betetzeko, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoetan xedatutakoarekin bat, jakinarazi behar da guztira zenbat diru bideratuko den aipatutako agindu horretan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko kredituetarako eta zein izan daitekeen zenbateko hori eguneratzetik sor litekeen zenbatekoa.
Bestalde, diru-laguntza hauek kudeatzen dituen administrazioa aldatu dela kontuan hartuta, publikotasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak errespetatzeko, komeni da laguntzen onuradun izan daitezkeenei informazioa ematea diru-laguntzen prozedurarekin eta aplikatu beharreko erregimen juridikoarekin zerikusia duten alderdi jakin batzuei buruz.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2016ko martxoaren 16ko bilkuran eztabaidatu ondoren, honako erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– 500.000,00 euroko diru-baliabideak esleitzea, 2016an, 3211-Enplegua deritzon programaren kargura, 1994ko apirilaren 13ko Aginduan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko. Izan ere, aipatutako aginduak arautu zuen Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan oinarritutako diru-laguntzak ematea ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuaren 1. artikuluan ezarritako eskubidea baliatzen dutenei, betiere errege-dekretu horren 4.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Laguntzen bolumen osoak ez du gaindituko aipatutako zenbateko hori edo zenbateko hori eguneratzetik ateratzen dena, aurrekontu-aldaketarik onartzen bada indarreko legeekin bat. Eguneratzerik izanez gero, argitara eman behar da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eman ere.
Bigarrena.– Diru-laguntza hauen kudeaketari buruzko honako alderdi hauei buruzko informazioa ematea (alderdi horietan eragina izango baitu Euskal Autonomia Erkidegoko diru-laguntzen antolakuntzari eta erregimen juridikoari buruzko araudiak zuzenean aplikatzeak):
– Ebazpen honetan aipatzen diren diru-laguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira. Deialdi honen eranskinean ageri da eredu hori, eta toki hauetan ere eskuratu ahal izango da: http://www.lanbide.euskadi.eus webgunean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurralde-bulegoetan.
Horretaz gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak hartuko du bere gain eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura, eta erakunde autonomo horren zuzendari nagusiak ebatziko ditu.
– Aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira eskabideak, eta hurrenkera horretan emango zaizkie diru-laguntzak, deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte. Behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
– Ebazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da diru-laguntza eskaera aurkezten den egunaz geroztik, eta, epe hori igarotakoan, ebazpenik eman ez bada, eskaera administrazio-isiltasunaren bidez baietsi dela ulertuko da.
– Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
– Diru-laguntzen programa honen kudeaketan, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta bera garatzen duen erregelamenduan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua) dauden oinarrizko arauak ez ezik, honako xedapen hauetan jasotako diru-laguntzen erregimen juridikoa ere izango da aplikagarria: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, azken horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak.
Hirugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari agintzea erabaki hau argitara eman dezala Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.