EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-03-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2016054

14/2016 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez agintzen baita Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak 2012ko abenduko aparteko ordainsaria berreskuratzeari buruzko erabakia argitaratzea.

Xedapenaren zenbakia: 201600014
Xedapenaren data: 2016-03-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201601201
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/12/30rean argitaratutako 2015/12/23ko 201500009 LEGEA

Gobernu Kontseiluak, 2016ko martxoaren 15ean egindako bilkuran, 2012ko abenduko aparteko ordainsaria berreskuratzeari buruzko erabakia onartu zuen, eta erabaki horrek zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– 2012ko abenduko aparteko ordainsaria berreskuratzeari buruzko erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea. Erabaki hori ebazpen honen eranskin gisa doa.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 15a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 15EKO 14/2016 EBAZPENARENA
ERABAKIA, 2012KO ABENDUKO APARTEKO ORDAINSARIA BERRESKURATZEARI BURUZKOA.
Abenduaren 23ko 9/2015 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituenak, honako hau ezartzen du hamaikagarren xedapen gehigarrian:
«1.– Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren kontura, eta aplikagarria den araudiarekin bat, ohiz kanpoko ordainsari bat ordainduko die Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeetako langileei, Aurrekontu Egonkortasuna eta Lehiakortasuna Bultzatzeko Neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuak ezarritakoari jarraikiz, 2012ko abenduan aparteko paga, berariazko osagarriaren paga gehigarria edo paga gehigarriak kendu zirenean jaso ez zituzten zenbatekoen truke. Ohiz kanpoko ordainsari horren zenbatekoa 2012ko abenduan aparteko pagaren, berariazko osagarriaren paga gehigarriaren edo paga gehigarrien sortzapen aldiko 48 eguni dagokien zati proportzionala izango da, eragindako kolektibo bakoitzaren aplikazio-arauen arabera. 2.– Horretarako, Gobernu Kontseiluak zehaztuko du, Herri Administrazio eta Justizia, eta Ogasun eta Finantza sailek proposatuta, zein zehaztapen, baldintza eta epetan ordainduko zaizkien zenbatekook, aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera, haiek jasotzeko eskubidea zuten langileei; ordainketa horrek, baina, ez du eragingo 2016ko ekitaldirako ezarritako ordainsariak handitzea».
Gobernu Kontseiluaren erabaki honetan, xedapen gehigarri horretan ezarritakoarekin bat etorriz, aparteko ordainsari hori ordaintzea onartu dugu, jaso gabeko zenbatekoen berreskuratzea erabiliz kontzeptu modura, eta erabaki honetan bertan zehazturik dauden aplikazio-arauen eta epeen arabera.
Hortaz, erabaki honetan ezarritakoaren ondorioz ordaindu beharreko zenbatekoak onar daitezen, ezinbestekoa izango da egiaztatzea zenbateko horiek benetan ez zirela jaso 2012ko abenduko aparteko ordainsaria eta ordainsari gehigarriak kentzeko legearen aplikazioaren ondorioz.
Horregatik guztiagatik, Gobernu Kontseiluak, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta gaia eztabaidatu ondoren, honako hau erabaki du:
ERABAKIA:
«Lehenengoa.– 2012ko abenduko aparteko ordainsaria eta ordainsari gehigarria berreskuratzeko zenbatekoen ordainketa onartzea.
Uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretua aplikatuz 2012ko aparteko ordainsaria kendu izanaren ondorioz benetan jaso gabe geratu ziren zenbatekoak 2016ko apirileko nominan ordaintzea onartzea (errege lege-dekretu hura aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzkoa zen). Kontzeptu hau erabiliz egingo da ordainketa hori: "2012ko abenduko aparteko ordainsariaren eta ordainsari gehigarriaren kopuruak berreskuratzea".
Erabaki honetako I. eranskinean jasota dauden jarraibideetan jartzen duen bezala kalkulatuko dira kontzeptu horretan ordaindu beharreko zenbatekoak.
Bigarrena.– Aplikazio-eremua.
Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoa osatzen duten erakundeetako langileei aplikatuko zaie akordio hau, baldin eta 2012ko uztailaren 1etik 2012ko abenduaren 31ra bitartean lanean jardun bazuten, eta 2012ko abenduko aparteko ordainsariaren eta berariazko osagarriaren ordainsari gehigarria edo ordainsari gehigarriak ezabatu izana aplikatu bazitzaien, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretua betez aplikatu ere.
Eta beste hauei ere bai: Jaurlaritzako kideei, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko goi-kargudunei, behin-behineko langileei, eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako, sozietate publikoetako, fundazioetako eta partzuergoetako zuzendaritza-langileei, salbu eta 2012ko abenduko aparteko ordainsariari zegozkion kopuruak hil hartako bertako nominan jaso bazituzten.
Hirugarrena.– "2012ko abenduko aparteko ordainsariaren eta ordainsari gehigarriaren zenbatekoak berreskuratzea" ordaintzea eskatzeko eranskinetan jasota dauden eredua eta jarraibideak onartzea.
Zenbateko horiek zehazteko eta mugak ezartzeko jarraibideak onartzea (I. eranskina), eta onartzea, era berean, ordainketa eskatzeko eredua –"2012ko abenduko aparteko ordainsariaren eta ordainsari gehigarriaren zenbatekoak berreskuratzea"– (II. eranskina).
Laugarrena.– Argitaratzea eta ondorioak.
Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak».
I. ERANSKINA ERABAKIARENA
2012KO ABENDUKO APARTEKO ORDAINSARIAREN ZENBATEKOAK ZEHAZTEKO ETA MUGAK ZEDARRITZEKO JARRAIBIDEAK.
Lehenengoa.– Aplikazio-arauak.
1.– Akordio honen aplikazio-eremuan dauden eta 2012ko uztailaren 1etik 2012ko abenduaren 31ra bitartean lanean jardun zuten langileek abenduko aparteko ordainsaria, berariazko osagarriaren ordainsari gehigarria eta ordainsari gehigarriak 48 eguneko sortzapen-aldi bati dagokion heinean jasoko dituzte, kolektibo bakoitzean kolektibo bakoitzari aplikatu beharreko arauak betez.
Jarraibide hauetan, aurrerantzean, modu laburtuan egingo zaio erreferentzia ordainsari horri: 2012ko abenduko aparteko ordainsaria.
2.– Ordainsarien araubidearen arabera aparteko ordainsaririk ez daukaten langileei edo urtean bi ordainsari baino gehiago jasotzeko eskubidea daukaten langileei zenbateko hau ordainduko zaie: uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretua aplikatzearen ondorioz jaso ez zuten zenbatekoari aurreko paragrafoko kalkulu-arauak aplikatu, eta hortik ateratzen den ehunekoak ematen duen zenbatekoa.
3.– Eta, 2012ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko tarte osoan lanean jardun ez zuela-eta, langileari ez baldin bazegokion 2012ko abenduko aparteko ordainsaria eta ordainsari gehigarriak osorik jasotzea, 1. puntuan jartzen duen bezala kalkulaturiko zenbateko hori hein batean murritzagoa izango da, benetan zenbat denboran lan egin zuen gorabeheran.
4.– Horrela kalkulatutako zenbateko horiek ez dira ordainduko, ordea, baldin eta langileak beste edozein lansari baliokide jaso bazuen, edo 2012ko aparteko ordainsaria zehazteko arauek agindu bezala sortutako beste edozein lansari jaso bazuen, epaiak betetzearren edo beste edozein gorabehera bitarteko dela jasotakoak barne direla.
5.– Eta kontzeptu hori dela-eta dagoeneko zenbatekoren bat ordainduta baldin badago, dena delako zenbateko hori kendu egin beharko da 1. puntuan zehaztu bezala kalkulatutako zenbatekoetatik.
6.– Erabaki hau aplikatuz egiten den kitapenean ezin da gainditu, inola ere, aparteko ordainsari hori kendu izanaren ondorioz jaso ez ziren zenbatekoei dagokien zatia.
Bigarrena.– Kasu bereziak.
1.– Erabaki honen aplikazio-eremuaren barruan dagoen langileari, 2016ko apirilaren 1ean ez badago jardunean edo antzeko egoeran, edo edozein arrazoirengatik lan-harremana amaituta badauka, edo erabaki honen aplikazio-eremuaren barruan dagoen beste erakunde batera aldatuta badago, edo beste entitate edo administrazio batera badago aldatuta, halakoetan, sortzapen-aldian zein erakundetan ziharduen, hark egingo dio ordainketa, ofizioz. Erakunde horrek, horretarako, berariazko nomina bat sortuko du 2012ko abenduko aparteko ordainsarirako.
2.– Dena delako langile hori hil egin bada akordio hau argitaratu baino lehenago, Zuzenbide Zibilaren arabera dauzkan jaraunsleek (oinordekoek) II. eranskinean jasota datorren eskabidea aurkeztu beharko dute, 2016ko apirilaren 15a baino lehenago. Egun horretan oraindik ez badute eskabide-eredu hori aurkeztu, dena delako langile-erregistroan ageri den azken banku-kontuan egingo da ordainketa.
3.– Aurreko lerroetan aipatu ditugun langile horietakoren bati egindako ordainketaren bat itzultzen badio dena delako banketxeak, II. eranskineko banakako eskabidea erabiliz egingo da ordainketa.
Akordio honetan mintzagai ditugun zenbatekoak ordaintzen saiatu, baina ez badu lortzen, ordaindu behar dituen erakundea, orduan, beste zerbait egiten saia daiteke, ordaintzea lortzearren.
4.– Langileak lanean ziharduen organismoa edo erakunde publikoa ezabaturik baldin badago, akordio hau indarrean jartzen denean lanean diharduen erakundean nominez arduratzen den organoaren bidez ordainduko zaizkio zenbateko horiek.
Hirugarrena.– Deskontuak.
1.– 2016rako erabakita dauden hileroko kuotak besterik ez dira deskontatuko eskubide pasiboetarako hileko kuotetatik.
2.– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarako atxikipenetarako eta Gizarte Segurantzako erregimen orokorrerako atxikipenetarako, berriz, aplikatu beharreko arauak hartuko dira kontuan.
Laugarrena.– Eskabide-eredua.
II. eranskinean dago jasota «2012ko abenduko aparteko ordainsariaren eta ordainsari gehigarriaren zenbatekoak berreskuratzea» ordaintzea eskatzeko eredua. Nork aurkeztu behar duen:
a) 2016ko apirilaren 1a baino lehen hildako langileen jaraunsleek, baldin eta ez bazuten dokumentazio hori aurkeztu 2012ko abenduko aparteko ordainsaria berreskuratzeari buruz Gobernu Kontseiluak 2015eko martxoaren 10eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorrita.
b) 2016ko maiatzaren 6an, oraindik, jarraibide hauetan aurreikusitakoarekin bat etorrita 2012ko abenduko aparteko ordainsariari zegokion zenbatekoa, ofizioz, banku-kontuan ordaindu gabe daukaten langileek.