EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-03-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2016051

EBAZPENA, 2016ko martxoaren 4koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bitartez erabakitzen baita deialdi publikoaren bidez honako prozedura hau hastea: Donostiako portuan behe-denboraldirako amarralekuak erabiltzeko baimenak emateko prozedura.

Xedapenaren data: 2016-03-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201601137
Maila: Ebazpena
Euskadiko Kirol Portua, S.A. enpresak baditu Donostiako portuan profesional ez diren aisia-ontzietarako amarradura-instalazioak; horiek okupatzeko, amarralekuak erabiltzeko baimena edo titulu administratiboa izan behar da aldez aurretik.
Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasunekoak diren kudeaketa ez zentralizatuko portuetan baimen horiek emateko prozedura araututa dago Garraio eta Herri Lanetako sailburuaren 2004ko apirilaren 20ko Aginduan, Euskal Autonomia Erkidegoaren portuetan eta portu-instalazioetan profesional ez diren aisia-ontzien titularrei amarralekuak erabiltzeko aldi baterako baimenak emateko prozedura arautzeko den horretan, hain zuzen. Agindu horren 3. artikuluan zehazten denez, amarralekuak eskuratzeko eskabide-orriak aurkeztu ahal izateko, epea zabalduko du Administrazioak, eskuduna den agintaritzaren ebazpen baten bidez, eta deialdi hori iragarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Aurrekoagatik guztiagatik, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 6.e) eta 14.1.m) artikuluek eta Euskal Autonomia Erkidegoaren portuetan eta portu-instalazioetan, profesional ez diren aisia-ontzien titularrei amarralekuak erabiltzeko aldi baterako baimenak emateko prozedura arautzen duen Garraio eta Herri Lanetako sailburuaren 2004ko apirilaren 20ko Aginduak zuzendaritza honi ematen dizkioten ahalmenak baliatuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hasiera ematea, deialdi publikoaren bitartez, Donostiako portuan behe-denboraldirako (urriaren 1etik maiatzaren 31 arte) amarralekuak erabiltzeko baimenak emateko prozedurari, betiere ebazpen honen I. eranskinean jasotako oinarriekin bat.
Bigarrena.– Ebazpen honek ez dio bukaera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Garraioko sailburuordeari, edo ebazpena eman duenari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 4a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA ALMUDENA RUIZ DE ANGULO DEL CAMPO.
I. eranskina
OINARRIAK
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.
1.– Deialdi honen xedea hauxe da: Donostiako portuan behe-denboraldirako (urriaren 1etik maiatzaren 31 arte) amarralekuak erabiltzeko aldi baterako baimenak ematea.
2.– Profesional ez den aisia-ontzi baten titular den orok aurkez dezake eskabidea.
Bigarrena.– Eskainitako amarralekuak.
1.– Zazpi (7) amarraleku eskaintzen dira, jarraian zehaztutako moduan sailkaturik:
2.– Amarralekuen kokapena ebazpen honi atxikitako III. eranskineko planoan azaltzen dira.
3.– Administrazioak ahalmena du erabilgarri dauden amarralekuen kopurua aldatu, murriztu edo handitzeko, baita horien ezaugarriak ere, betiere antolaketa-planekin bat.
Hirugarrena.– Eskabideak.
1.– Ebazpen honetako II. eranskinean jasotako eredu normalizatuan aurkeztu beharko da eskabidea, doan emango dena honako leku honetan: Euskadiko Kirol Portuak, S.A.ren (EKP) bulegoa (La Lasta Kaia 1, 20003 Donostia).
2.– Halaber, Eusko Jaurlaritzaren orrialde elektronikoan ere (www.euskadi.eus) behera kargatu ahal izango da eredua, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren atalean – Garraioak – Garraio azpiegiturak – Portuak – kirol portuak – amarralekuak: «amarratzeko eskaera».
3.– Eskabidearekin batera Garraio eta Herri Lanetako sailburuaren 2004ko apirilaren 20ko Aginduaren 4.2 artikuluan eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
4.– Ontzi batek eta berorren ekipo propultsatzaileak CE marka badute, ontzi horren titularrak, idazpen-orriaren ordez, inskripzio-ziurtagiria aurkeztu ahal izango du.
Laugarrena.– Eskabideak aurkezteko lekua.
Eskabideak zuzenean aurkeztu ahal izango dira honako leku hauetan: EKPren bulegoa (La Lasta Kaia 1, 20003 Donostia), astelehenetik ostiralera, 09:30etik 17:00era eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara. Horrek ez du eragotziko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluak xedatutakoa.
Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea 2016ko martxoaren 14an hasiko da eta apirilaren 2an amaitu (astelehenetik larunbatera, martxoaren 24n, 25ean eta 28an izan ezik, hau da, Ostegun Santuan, Ostiral Santuan eta Pazko Astelehenean izan ezik).
Seigarrena.– Prozedura.
1.– Baimenak emateko prozedura honako agindu honetan ezarritakoa izango da: Agindua, 2004ko apirilaren 20koa, Garraio eta Herri Lanetako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren portuetan eta portu-instalazioetan, profesional ez diren aisia-ontzien titularrei amarralekuak erabiltzeko aldi baterako baimenak emateko prozedura, hain zuzen ere.
2.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta Portuko Administrazioarekin zorrak dituzten eskatzaileei ezin izango zaie inolaz ere amarralekurik eman.
Zazpigarrena.– Amarralekuak erabiltzeko baimena.
1.– Amarralekua erabiltzeko baimena hiru denboraldirako izango da:
– 2016ko urriaren 1etik 2017ko maiatzaren 31 arte.
– 2017ko urriaren 1etik 2018ko maiatzaren 31 arte.
– 2018ko urriaren 1etik 2019ko maiatzaren 31 arte.
2.– Urtero, ekainaren 1erako amarralekua libre utzi ezean, baimena iraungi egingo da, behar bezala justifikatuta eta Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak onartutako arrazoia salbu.
3.– Urriaren 1etik maiatzaren 31 arteko epean hilabetez jarraian edo bi hilabetez era ez jarraian esleipendunak plaza ez badu okupatzen, amarralekua galduko da, justifikatutako kausaren bat salbu, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak aztertu eta onartu beharko duena.
Zortzigarrena.– Argitalpena.
1.– EKPren Donostiako egoitzaren iragarki-taula (La Lasta Kaia 1, 20003) eta Gipuzkoan gehien saltzen diren bi egunkariak erabiliko dira argitalpenak egiteko, deialdiaren garapenaren inguruko informazio guztia eta deialdiari buruzko argitalpenak, hauek jakinarazpenen ordezkoak izango dira, prozedurari amaiera ematen dioten ebazpenen kasuan salbu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 59.6.b) artikuluan ezarritakoarekin bat.
2.– Prozedura amaitzen duen ebazpenak, Donostiako portuan behe-denboraldirako amarralekuak erabiltzeko emandako baimenak, ezetzak eta itxarote-zerrenda jasoko dituena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Bederatzigarrena.– Datuak babestea.
1.– Izaera Pertsonaleko Datu Pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoaren 5. artikuluan xedatutakoa betetzeko, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak jakinarazten du esleipendunek ematen dituzten datu pertsonalak «Emakidak eta baimenak portuko jabari publikoan» eta «Portuetako tarifak» fitxategietan sartuko direla. Fitxategi horien ardura Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak du. Amarralekuak erabiltzeko aldi baterako baimenak kudeatzea du helburu datu horiek biltzeak eta tratatzeak, eta aipatutako zuzendaritzari bidaliko zaio informazioa.
2.– Datuak ikusteko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta datuen aurka egiteko eskubideak Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren aurrean baliatu ahal izango dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
II. ERANSKINA
AMARRALEKUA ERABILTZEKO ESKAERA
III. ERANSKINA / ANEXO III