EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-03-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2016051

AGINDUA, 2016ko ekainaren 29koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Basque Center for Macromolecular Design and Engineering - Polymat Fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-02-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201601129
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2016ko otsailaren 15ean, eskabide bat sartu zen Herri Administrazio eta Justizia Sailean, Basque Center for Macromolecular Design and Engineering - Polymat Fundazioaren estatutuen 16. artikuluaren aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Fundazioaren Patronatuak erabaki zuen aldaketa hori egitea 2015eko abenduaren 4an. Espedientean jasotako dokumentazioa erantsi zitzaion eskabide-idazkiari.
Bigarrena.– Fundazioaren estatutuen 16. artikulua aldatuta, erantsi egiten da aukera bat zuzendariorde zientifikoa izendatu ahal izateko, fundazioaren zerbitzura lan egiten duen pertsonal gisa, zuzendari zientifikoari laguntzeko xedez, ikerketa-jardueren antolamendu-eginkizun batzuetarako.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.
Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta honako arau hauetan aurreikusitako eskakizunak bete dira, batez ere: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduko 44. artikuluan, ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaz onartutakoan. Eta aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.
Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Agintzea inskriba dadila Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan Donostiako (Gipuzkoa) Basque Center for Macromolecular Design and Engineering - Polymat Fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa, fundazioaren Patronatuak 2015eko abenduaren 4an erabakitakoa baita; inskripzioan, agindu honen data duela, eta 2016ko urtarrilaren 21ean Jose M.ª Rueda Armengot notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoaren zehaztapenekin bat (protokolo-zenbakia: 69).
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 29a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.