EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-03-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2016051

EBAZPENA, 2016ko otsailaren 15ekoa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ezartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko egiaztatze metrologikoko erakundeek erabili beharreko etiketa metrologikoen formatuak eta edukiak.

Xedapenaren data: 2016-02-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201601126
Maila: Ebazpena
Neurketa-tresnen gainean Estatuak egin beharreko kontrol metrologikoa arautzen duen uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretuak –339/2010 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen– I. eranskineko 9. ataletik 15.era ezartzen du nolako formatu eta edukiak izan behar dituzten egiaztatze metrologikoko erakundeek erabili beharreko etiketa metrologikoek.
EAE Euskal Autonomia Erkidegoan, euskara hizkuntza koofiziala da ondorio guztietarako eta, bereziki, ondorio ofizialetarako. Hori dela eta, ebazpen honek testu elebidun batera ezarri eta egokitzen ditu etiketa metrologikoen edukiak, eta testu horixe erabiliko dute egiaztatze metrologikoa egiteko baimendutako erakundeek (EMBE) EAEn jarduten dutenean.
Ondorioz, definitu beharra dago etiketen testu zehatza, ahalik eta argien irakur daitezen.
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritza da ebazpen hau emateko eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoaren arabera (2013-04-24ko EHAA). Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
1.– Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko etiketa metrologikoen formatuak eta edukiak, zeinak egokituko baitira ebazpen honen eranskinetan zehaztutakora.
Agindu honek argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 15a.
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,
AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.
I. ERANSKINA
0.– Erreferentziako Araudia.
32/2014 Legea, abenduaren 22koa, Metrologiari buruzkoa.
889/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Neurketa-tresnen gainean Estatuak egin beharreko kontrol metrologikoa arautzen duena.
339/2010 Errege Dekretua, matxoaren 19koa, aurreko errege dekretua aldatzen duena.
● 1994ko abenduaren 22ko Agindua, Pisatze-tresna ez-automatikoetan EEEk egin beharreko kontrol metrologikoa arautzen duena (1995-01-03ko BOE), eta haren hutsen zuzenketa (1995-02-06ko BOE). (Barne zuzenbidean txertatzen ditu 90/384/EEE Zuzentaraua eta 93/68/EEE Zuzentarauaren bidez egindako aldaketak).
● 1999ko apirilaren 27ko Agindua, Aldizkako egiaztatzeetan eta konpondu nahiz aldatu ondorengoetan pisatze-tresna ez-automatikoetan Estatuak egin beharreko kontrol metrologikoa arautzen duena (99-05-08 BOE).
6/2003 Legea, abenduaren 22koa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena (03-12-30eko EHAA).
● 10/1982 Oinarrizko Legea, azaroaren 24koa, Euskararen Erabilera Normalizatzekoa.
318/1999 Dekretua, abuztuaren 31koa, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duena (1999-10-26ko EHAA, 205. zk.).
1.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da EAEn erabiltzen diren etiketa metrologikoak egokitzea hizkuntza-arloan indarrean den araudira.
2.– Aplikazio-Eremua.
Honako hauek dira ebazpen honen hartzaileak:
● Egiaztatze Metrologikoa egiteko Baimendutako Erakundeak (EMBE), Estatuaren kontrol metrologikoaren menpe dauden neurketa-tresnen aldizkako egiaztatzeei eta konpondu nahiz aldatu ondorengo egiaztatzeei dagokienez.
● Lurralde-ordezkaritzen zerbitzu tekniko eskudunak.
Honako hau izango da aplikazio-eremua:
● Aldizka egiaztatzea eta konpondu nahiz aldatu ondoren egiaztatzea Estatuaren kontrol metrologikoaren fase horien menpe dauden tresnak.
● Pisatze-tresna ez-automatikoen –zubi-baskula motakoen– gehieneko ahalmena mugatzea.
● Legezko metrologiaren menpe ez dauden tresnak.
3.– Erabili beharreko etiketa-ereduen definizioa.
Aurrekariak
889/2006 Errege Dekretuak I. eranskinean definitzen du nolakoak izan behar duten egiaztatze-etiketen ereduek, bai egiaztatzea gainditzen den kasurako, bai gainditzen ez denerako. Ondoren, definitzen da nolakoak behar duten Euskal Autonomia Erkidegoan erabili beharreko eredu elebidunek.
Halaber, definitzen dira nolakoak behar duten pisatze-tresna ez-automatikoen gehieneko ahalmena adierazten duten etiketa elebidunen ereduek, bai eta legezko metrologiarako egokiak ez diren tresnen etiketek ere.
Aldizkako egiaztatzeen eta konpondu edo aldatu ondorengo egiaztatzeen etiketak
3.1.– Egiaztatzea gainditzen denerako etiketa. Etiketa berdea.
Hondoa berdea izango du, eta marrak eta karaktereak, berriz, beltzak, betiere II. eranskineko irudiekin bat etorriz.
Kanpoko eragileei –atmosferakoei, urratzaileei nahiz inpaktuei– erresistente zaien material batez egina izango da.
Forma angeluzuzena izango du (60 mm x 70 mm), itsasgarri erakoa, eta askatzean autosuntsituko da.
Azpialdean, zifraz osatutako bi lerro izango ditu inprimatuta, laukien barruan. Bi lerro horietatik, behekoan, ondoz ondoko urteak ageriko dira, zenbaki arabiarretan, eta, goiko lerroan, berriz, urteko 12 hilak, zenbaki erromatarretan.
Tresnak egiaztatzea gainditu duenean erabiliko da etiketa hori, eta hurrengo egiaztatzea gainditu behar dueneko hilabetea eta urtea zulatuko dira, legeria aplikagarriarekin bat etorriz.
Tresna egiaztatuaren toki agerikoan jarriko da; egiaztatzaileak aukeratuko du non.
3.2.– Egiaztatzea gainditzen ez denerako etiketa. Etiketa gorria.
Hondoa gorria izango du, eta marrak eta karaktereak, berriz, beltzak, betiere III. eranskineko aurkezpenarekin bat etorriz.
Kanpoko eragileei –atmosferakoei, urratzaileei nahiz inpaktuei– erresistente zaien material batez egina izango da.
Forma angeluzuzena izango du (60 mm x 70 mm), itsasgarri erakoa, eta askatzean autosuntsituko da.
Tresnak egiaztatzea gainditu ez duenean erabiliko da etiketa hori, harik eta, egin beharreko konponketa edo doitzea egin ondoren, gainditzen duen arte.
Egiaztatzea gainditu ez duen tresnaren toki agerikoan jarriko da; egiaztatzaileak aukeratuko du non.
3.3.– Etiketak hornitzea.
Ebazpen honekin bat etorriz, Egiaztatze Metrologikoa egiteko Baimendutako Erakundearen (EMBE) edo Administrazioaren eskariz inprimatuko dira etiketa berde eta gorriak, hau da, aldizkako egiaztatzeen eta konpondu eta aldatu ondorengo egiaztatzeen etiketak.
a) Pisatze-tresna ez-automatikoen gehieneko ahalmena mugatzeko etiketa.
Hondoa horia izango du, eta marrak eta karaktereak, berriz, beltzak, betiere IV. eranskineko aurkezpenarekin bat etorriz.
Kanpoko eragileei –atmosferakoei, urratzaileei nahiz inpaktuei– erresistente zaien material batez egina izango da.
Forma angeluzuzena izango du (59 mm x 106 mm), itsasgarri erakoa, eta askatzean autosuntsituko da.
Etiketak hornitzen direnean, ez dute ezer inprimatuta izango. Instrukzio honetako 2. atalean aipatzen diren agenteek inprimatuko dituzte.
Gehieneko ahalmena mugatzeko etiketa itsasgarria tresnan jarriko da, karga-plataformatik eta bisorea irakurtzeko lekutik ikusteko moduko toki batean. Bi baldintzak betetzea posible ez bada, bi etiketa jarriko dira.
Legezko metrologiarako egokiak ez diren tresnen etiketa
Hondoa laranja izango du, eta marrak eta karaktereak, berriz, beltzak, betiere V. eranskineko aurkezpenarekin bat etorriz.
Kanpoko eragileei –atmosferakoei, urratzaileei nahiz inpaktuei– erresistente zaien material batez egina izango da.
Forma angeluzuzena izango du (40 mm x 70 mm), itsasgarri erakoa, eta askatzean autosuntsituko da.
Titularrak adierazten badu pisatze-tresna bat ez dela sartzen legezko metrologiaren aplikazio-eremuaren barruan, «tresna hau ez da egokia legezko metrologiarako» dioen etiketa laranja jarri beharko da, horren berri eman beharko zaio dagokion lurralde-ordezkaritzari eta Tresna Identifikatzeko Boletina aurkeztu beharko da, bai eta titularraren deklarazioa ere dagokion datu-basean erregistra dadin.
II. ERANSKINA
EGIAZTATZEA GAINDITZEN DENERAKO ETIKETA
III. ERANSKINA
EGIAZTATZEA GAINDITZEN EZ DENERAKO ETIKETA
IV. ERANSKINA
PISATZE-TRESNA EZ-AUTOMATIKOEN GEHIENEKO AHALMENA MUGATZEKO ETIKETA
V. ERANSKINA
LEGEZKO METROLOGIARAKO EGOKIAK EZ DIREN TRESNEN ETIKETA