EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-03-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2016050

EBAZPENA, 2016ko otsailaren 22koa, HABEren zuzendari nagusiarena, 2016. urteko ohiko deialdiak egiten dituena, HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegietako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleek Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean zedarritutako komunikagaitasun-mailak egiazta ditzaten.

Xedapenaren data: 2016-02-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201601113
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2011/01/31n argitaratutako 2011/01/19ko AGINDUA [201100449]

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 4. artikuluan xedatutako euskararen ezagutza-mailen egiaztapen-sistemaren mugarrien ezarpen-modua garatuz, Kultura sailburuak, 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren bitartez, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluan (HEOK) ezarritako euskararen gaitasun-mailak egiaztatzeko prozedura onartu zuen.
Bestalde, helduen euskalduntzearen araubide akademikoaren baitan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak 2015eko uztailaren 22ko Agindu bidez Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren (HEOC) egitura eta deskribapena onartu zituen: helduen euskalduntzearen ikasprozesua sei mailatan eratua (A1, Hasierako erabiltzailea; A2, Oinarrizko erabiltzailea; B1, Erabiltzaile independentea; B2, Erabiltzaile aurreratua; C1, Erabiltzaile gaitua eta C2, Erabiltzaile aditua); elkarreragin soziodiskurtsiboan ardaztua; hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboan oinarritua; ekintza komunikatibotan definitua, eta euskararen ezaugarri eta egoera soziolinguistikora egokitua. Ikuspegi horiei jarraikiz, Agindu horrek jasotzen ditu mailaz maila zehaztutako helburuak, edukiak (testuinguru soziolinguistikoa, gaiak, testu-generoak, funtzioak, adierazpide testualak, adierazpide linguistikoak, estrategiak...), ildo metodologikoak eta ebaluazio-irizpideak.
Halaber, Agindu horren azken xedapenetatik lehenengoak aldatu egiten du Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19koaren 7. artikulua, ebaluazio-irizpideei dagokiena, hain zuzen ere, Curriculum berrira egokitzeko.
HEOCean ezarritako komunikagaitasun-mailen egiaztapenari dagokienez, 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 11. artikuluak xedatzen du euskaltegietako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleen gaitasun komunikatiboa ziurtagiri batez aitortua izateko, ezinbestekoa izango dutela Curriculumean zehaztutako maila bakoitzari dagokion gaitasun-proba gainditzea. Eta 9. artikuluaren arabera, HABEren zuzendari nagusiari dagokiola gaitasun-proben ohiko deialdiak egitea, urterik urte.
Azkenik, indarrean dagoen Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma ezartzen duen Aginduaren xedapen iragankorretatik hirugarrenak ahalmena ematen dio HABEren zuzendari nagusiari, A1 eta A2 mailak egiaztatzeko oinarriak eta berezitasunak urteroko deialdietara biltzeko, 2011ko urtarrilaren 19ko Agindua egokitu bitartean.
Horrenbestez,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean zedarritutako mailak egiaztatzeko, 2016. urteko ohiko deialdiak egitea, Ebazpen honen I. eta II. eranskinetan jasotako oinarrien eta irizpideen arabera.
Bigarrena.– Egiaztatu beharreko gaitasun-mailaren arabera, HABEren 2016ko ohiko deialdiak egutegi honen baitan ardaztuko dira:
1.– A1 eta A2 gaitasun-mailei dagozkien ziurtagiriak lortzeko jarraibideak hiru garai izango ditu:
a) Lehena: 2016ko ekainaren 30era bitartekoa, 2015-2016 ikasturtean hasi eta 2016ko martxoaren 21etik aurrera amaitzen diren ikastaroetako ikasleak ebaluatzeko.
b) Bigarrena: 2016ko irailaren 30era bitartekoa, 2016ko ekainaren 1etik irailaren 30era bitartekoa, udako ikastaroetako ikasleak ebaluatzeko.
c) Hirugarrena: 2016ko abenduaren 23ra bitartekoa, 2016-2017 ikasturtean hasi eta abenduaren 30a baino lehenago amaitzen diren ikastaroetako ikasleak ebaluatzeko.
2.– B1, B2, C1 eta C2 gaitasun-mailak egiaztatzeko, berriz, ohiko bi deialdi egingo dira: udaberrikoa eta udazkenekoa.
Hirugarrena.– A1 eta A2 gaitasun-mailetako ziurtagiriak emateari begira, ohiko deialdiotarako osatuko den Azterketa Batzordeari, berez aitortuta dituen zereginez gain, ondoren zehazten direnak ere aitortzea:
– Euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek A1 eta A2 gaitasun-mailak helburu dituzten ikastaroetako ikasleei aitortutako emaitzen gaineko aktak jasotzea, aztertzea eta balioestea, horrela dagokionean.
– Deialdi hauen 14. oinarrian aurreikusitako egoeretan izan daitezkeen erreklamazioak erantzutea.
– Balioetsi diren aktetako emaitzak HABEren zuzendari nagusiari jakinaraztea, ziurtagiriak luzatu eta Erregistroan alta eman dakien.
– Garai bakoitzeko ebaluazio-jardueren laginak (tresnak, prozedurak eta emaitzak) aztertzea, egoki ikusten duenean.
Laugarrena.– Ebazpen honen euskal eta erdal idazkien arteko edozein interpretazio-auziren aurrean, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, euskal idazkiari dagokion irakurketari lehentasuna ematea.
Bosgarrena.– Interesdunei jakinaraztea administrazio-bidea agortzen ez duen Ebazpen honen aurka egiteko, gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren aurrean, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epearen barruan.
Donostia, 2016ko otsailaren 22a.
HABEren zuzendari nagusia,
JOSEBA ERKIZIA ITOITZ.
I. ERANSKINA
OHIKO DEIALDIEN EGIAZTATZE-PROZESUAREN OINARRI OROKORRAK
1. oinarria.– Xedea.
Oinarri hauen xedea da, Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduak xedatutakoaren arabera, euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleek HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOC) zedarritutako gaitasun komunikatiboak egiaztatzeko 2016ko ohiko deialdien zehaztapenak egitea.
2. oinarria.– Deialdietarako oinarrizko esparrua.
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma eta Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Marko Bateratua izango dira azterketariaren hizkuntza-gaitasuna egiaztatzeko oinarri eta barruti, hurrenez hurren.
Horrela, HEOCean ezarritako gaitasun-mailei dagozkien ziurtagiriak lortzera bideratutako ebaluazio jarraituaren jarduerak eta gaitasun-probak HEOCean zedarritutako ebaluazio-irizpideetara eta II. eranskineko edukietara bilduko dira.
3. oinarria.– Gaitasun-mailak egiaztatzeko prozesuetan parte hartzeko baldintzak.
1.– A1 eta A2 gaitasun-mailetako ziurtagiriak lortzeko, ikasleak, aldian-aldiko egutegiaren baitan, ondoren zehazten diren baldintzak bete beharko ditu:
a) Aurrez aurreko ikasjardunean, gutxienez, % 75eko asistentzia izatea; eta autoikaskuntzan, berriz, mintza-saioetan izandako asistentzia, gutxienez, ikastaroaren guztizko ordu teorikoen % 7,5era iristea; hori dena garai bakoitzean euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek Q87 aplikaziora bildutako datuen arabera.
b) Gaitasun-mailaren aurrerapenari dagokionez, ikasleak.
– A1 gaitasun-maila egiaztatzeko: ikastaroaren hasieran, gehienez, A1A0 abiapuntua izatea eta bukaeran, gutxienez, A1A1 (A1 maila) lorpen-maila izatea.
– A2 gaitasun-maila egiaztatzeko: ikastaroaren hasieran, gehienez, A2A1 abiapuntua izatea eta bukaeran, gutxienez, A2A2 (A2 maila) lorpen-maila izatea.
2.– B1, B2, C1 eta C2 mailetako gaitasuna egiaztatzeko, berriz, azterketariak ondoren zehazten diren bi baldintzak bete beharko ditu ohiko bi deialdietan parte hartu ahal izateko:
a) HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologaturen batean matrikulatuta egotea, 2015eko ekainaren 1etik aurrera hasitako ikastaro batean, HEOCaren (2015eko uztailaren 22ko Aginduan onartutakoa) B1, B2 eta C1 mailan nahiz HEOKaren (2000ko urtarrilaren 24ko Aginduan onartutakoa) lehen, bigarren eta hirugarren mailan, eta 2014ko urriaren 1etik aurrera hasitako ikastaro batean HEOCaren C2 mailan zein HEOKaren (2006ko martxoaren 13ko Aginduan onartutakoa) laugarren mailan.
b) Azterketariak 2014ko urriaren 1etik aurrera hasitako ikastaroetan, lau hizkuntza-trebetasunetan, egiaztatu nahi duen mailari dagokion atalasea iritsia izan beharko du euskaltegian edo autoikaskuntzarako zentroan 2016ko martxoaren 21erako B1, B2 eta C1 gaitasun-mailei dagokienez, eta 2016ko apirilaren 4rako C2 gaitasun-mailari dagokionez, lehen deialdian; eta 2016ko irailaren 8rako bigarren deialdiari dagokionez, bietan 4.2 oinarrian zehaztutako kodeetan adierazita. Ondorio horretarako, euskaltegiak Q87 aplikazioan sartu dituen datuak hartuko ditu kontuan HABEk.
Dena dela, euskaltegian matrikulatuta egon eta, ezarritako datarako, dagokion maila gainditu ez duen azterketariak beheragokoan aurkezteko aukera izango du, baldin eta, aurreko puntuan ezarritako epean, gutxienez, azpimaila bat gainditu izan eta euskaltegiak Q87 aplikazioan emaitza hori sartua badu.
4. oinarria.– Euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen egitekoak.
1.– A1 eta A2 mailetako egiaztatze-prozesuan euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentroek ondoren zerrendatzen diren betebeharrak izango dituzte:
a) Matrikulaturik dituzten ikasleen asistentzia-datuak eta lau trebetasunetan dituzten gaitasun-mailak adieraziko dizkiote HABEri, mailaz mailako kodeen bidez, Q87 aplikazio informatikoan ezarritako jarraibideei eta epeei jarraikiz.
Ebazpenaren bigarren atalaren 1. puntuan adierazitako garaietan, ikasleari ebaluazio-jarduera zehatzak egingo dizkio irakasleak. Jarduerak eta horien emaitzak jaso eta gorde egingo dituzte euskaltegi edota autoikaskuntzarako zentro homologatuek, ikaslearen komunikagaitasun-mailaren eta aurrerabidearen adierazgarri. Ebaluazio-jarduera hauek trebetasunez trebetasun bideratuko dira. Horretarako, irakurriaren eta entzunaren ulermen-gaitasuna eta mintzamen- zein idazmen-gaitasuna balioetsiko dira ondoren aldian-aldian adierazitako era eta epeetan:
– A1 mailako ikastaroak:
Lehenengo garaian ikasleen ebaluazio-jarduera hauek:
● Lehen jarduera, ebazpena argitaratu eta aste batera egindakoa.
● Bigarrena, ikastaroaren bukaeran egindakoa.
Bigarren garaian ikasleen ebaluazio-jarduera hauek:
● Lehen jarduera, hasierako ebaluazio diagnostikoa egiteko erabilitakoa.
● Bigarrena, ikastaroaren bukaeran egindakoa.
Hirugarren garaian ikasleen ebaluazio-jarduera hauek:
● Lehen jarduera, hasierako ebaluazio diagnostikoa egiteko erabilitakoa.
● Bigarrena, ikastaroaren erdialdean jasotakoa.
● Hirugarrena, ikastaroaren bukaeran egindakoa.
– A2 mailako ikastaroak:
Lehenengo garaian ikasleen ebaluazio-jarduera hauek:
● Lehen jarduera, ebazpena argitaratu eta aste batera egindakoa.
● Bigarrena, ikastaroaren bukaeran egindakoa.
Bigarren garaian ikasleen ebaluazio-jarduera hauek:
● Lehen jarduera, hasierako ebaluazio diagnostikoa egiteko erabilitakoa.
● Bigarrena, ikastaroaren bukaeran egindakoa.
Hirugarren garaian ikasleen ebaluazio-jarduera hauek:
● Lehen jarduera, hasierako ebaluazio diagnostikoa egiteko erabilitakoa.
● Bigarrena, ikastaroaren ordu teorikoen % 33 betetzean jasotakoa.
● Hirugarrena, ikastaroaren ordu teorikoen % 66 betetzean jasotakoa.
● Laugarrena, ikastaroaren bukaeran egindakoa.
Ikasleon ebaluazio-jarduera hauen laginak hurrengo ikasturtearen bukaerara arte gordeko ditu euskaltegiak edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak, HABEk edota Azterketa Batzordeak edozein unetan eskuragarri izan ditzaten.
b) Garai bakoitzaren amaieran, Q87 aplikazio informatikora bildutako datuen arabera 3.1 oinarrian zehaztutako baldintza guztiak betetzen dituzten ikasleen zerrenda igorriko dio HABEk euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentro bakoitzari.
Euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro homologatuetako zuzendariek A1 eta A2 mailako ziurtagiriak eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ikasleen emaitzak mailaz mailako aktetara bildu eta HABEra bidaliko dituzte.
2.– B1, B2, C1 eta C2 mailei dagozkien ohiko egiaztatze-deialdietan euskaltegiak edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak matrikulaturik dituen ikasleen datuak eta horien gaitasun-mailen gutxienekoak adieraziko dizkio HABEri, Q87 aplikazio informatikoaren bidez, deialdien egutegietan adierazitako egunetarako eta ezarritako prozedurei jarraikiz, mailaz mailako kodeetan:
– B1 mailan: B1B1 kodea
– B2 mailan: B2B2 kodea
– C1 mailan: C1C1 kodea
– C2 mailan: C2C2 kodea
5. oinarria.– Deialdien egutegia.
1.– Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hamar laneguneko epean emango ditu argitara HABEk, www.habe.euskadi.eus atariaren bidez, 2016. urteko egiaztatze-prozesuetarako aurreikusitako egutegiak: deialdi bakoitzeko matrikula-epea, egiaztatze-prozesu bakoitzerako onartutakoen zerrenda argitaratzeko data, irakurmen- eta entzumen-probak egiteko egunak, idazmen- eta mintzamen-proben datak eta lekuak, eta proben emaitzak jakinarazteko datak.
2.– HABEk egutegietan aurreikusitako egunak alda ditzake deialdion kudeaketan gerta litezkeen gorabeheren arabera, azterketaldirako matrikula-epeak izan ezik.
3.– Egiaztatze-prozesuan matrikula egin eta gero, egiaztatze-proba egiteko egutegian ezarritako azterketa-data aldatu ahal izateko, inguruabar eragileak eman beharko dira, eta adierazitako egunean azterketariari proba egitea galarazten dion arrazoiak ustekabekoa eta ezinbestekoa beharko du izan. Halaber, azaldutako karia dagokion txosten edo dokumentu zalantzagabeez frogatu beharko da, ezinbestez. HABEk gertaera hori berariaz ontzat emanez gero, proba egiteko eguna aldatzeko aukera eskainiko dio azterketariari. Horrelakoetan, data berriak egiaztatzegintzaren antolaketaren ardatzetara egokitu beharko du, ezinbestez.
4.– Azterketa-lekua aldatzeko eskabidea posta elektronikoz egingo da www.habe.euskadi.eus atarian finkatutako prozedurei jarraikiz; eskari hori egiteko arrazoiak azalduz eta, betiere, deialdiaren egutegian ezarritako epeetan.
6. oinarria.– Matrikula egiteko izen-ematea, ordaina eta ordainketa.
1.– B1, B2, C1 eta C2 gaitasun-mailak egiaztatzeko gaitasun-proba egiteko izen-ematea www.habe.euskadi.eus atarian egingo da, matrikula-inprimakia betez, horretarako ezarritako epearen barruan.
2.– Matrikularen ordainketa ere epe horretan egin beharko da, interneten bidez edo, bestela, horretarako bidea ematen duten finantza-erakundeetan (Kutxabank, Sabadell Guipuzcoano, Laboral Kutxa, Bankoa, BBVA, Santander, La Caixa), izena ematean eskuratzen den matrikula-inprimakia erabiliz.
3.– Matrikulatze-prozesua osatu dela ulertuko da izen-ematea eta matrikula-ordainketa emandako epearen barruan eginak daudenean. Beraz, izen-ematea edo ordainketa matrikula-epearen barruan ez egin izanak egiaztatze-prozesutik kanpo gelditzea ekarriko du.
4.– Arrazoiak arrazoi, behin matrikula-eskubideak ordainduz gero, ez da dirurik itzuliko, non eta oker bat izan eta maila bereko matrikula birritan egin ez den.
5.– Matrikularen ordainari dagokionez, deialdi bakoitzaren matrikula-epealdia irekitzen denean, HABEk eskaini eta betetzen dituen jardueren prezio publikoak aplikatuko dira, eta horiek finkatzeko aldi bakoitzean indarrean dagoen araudia baliatuko. Unean uneko zenbatekoak www.habe.euskadi.eus atariaren bidez emango ditu ezagutzera HABEk.
6.– Gutxienekoak bete eta maila batera baino gehiagotara aurkeztu nahi duen azterketariak zenbat matrikula, hainbat matrikula-ordain egin beharko ditu. Matrikula bakoitza deialdi bakar baterako izango da. Halaber, 9.4 oinarriaren arabera, bigarren deialdian trebetasun-proba guztiak egin behar ez dituenak ere ezarritako diru-kopurua ordaindu beharko du matrikula gisa.
7.– Matrikula egitearekin batera, oinarri hauetara bildutako irizpide eta jokabide guztiak bere egiten dituela onartu eta aditzera ematen du izena emana duen azterketariak.
7. oinarria.– Onartuen zerrenda.
Matrikula egiteko epea amaitu ondoren, HABEren zuzendari nagusiak argitaratuko du B1, B2, C1 eta C2 gaitasun-mailak egiaztatzeko probetan parte hartzeko onartuen zerrenda eta azterketari bakoitzak www.habe.euskadi.eus atarian ikusi ahal izango du norberari dagokion matrikula zertan den.
8. oinarria.– Berariazko egoerak.
Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 22. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, behar jakinak izan eta egiaztatze-probetan parte hartu nahi duen ikaslearen kasuan, berdintasun-neurriak hartuko dituzte HABEk zein euskaltegiek edo autoikaskuntzarako zentro homologatuek, bakoitzak neurtzen dituen trebetasunen eremuetan, azterketari horren aukerak bermatzeko; betiere, azterketaren edukia indargabetzeke edota eskatu beharreko gaitasun-maila murrizteke.
Gaitasun-proba berariazko behar horietara egokitu ahal izateko, azterketariak azterketaldirako matrikula egiteko garaian, HABEren lurralde-arduradunari egin beharko dio eskaera, eta, duen desgaitasuna agiri ofizialez zuritzeaz gain, eskatzen duen egokitzapena azalduko du (aulki, mahai edo ordenagailu berezia, entzungailuak, braille-sistema, etab.), kasuan kasuko antolaketa-moduaren arabera.
Eskari hauen aurrean, HABEk zein euskaltegiek edo autoikaskuntzarako zentro homologatuek denbora nahiz baliabideak egokituko dizkiote behar bereziak dituen azterketariari, betiere 2006ko ekainaren 9ko ORDEN/PRE/1822/2006 Aginduari edota gaitasun-probok izan egunean indarrean egon daitekeen arautegiari jarraikiz.
9. oinarria.– Gaitasun-proben ezaugarriak, antolamendu-modua, ebaluazio-irizpideak eta atalez ataleko kalifikazioa.
1.– A1 eta A2 mailako komunikagaitasuna balioesteko ebaluazio jarraituaren ebaluazio-jarduerek zein B1, B2, C1, C2 gaitasun-mailak ebaluatzeko prestatutako probek ikaslearen euskarazko gaitasun komunikatiboaren zenbatekoa eta nolakoa neurtuko dute: ikasleak zein azterketariak euskaraz entzundakoa ulertzeko eta irakurritakoa bereganatzeko duen gaitasuna, batetik, eta euskaraz aditzera eman nahi dituen testuak ahoz zein idatziz egiteko duena, bestetik.
2.– A1 eta A2 gaitasun-mailetako agiria eskuratzeko, batetik, ikasleak ikasjardueran izandako asistentziari buruz eranskin honen 3.1 oinarrian zehaztutako gutxienekoak bete beharko ditu
Bestetik, 4.1.a) oinarrian jarritako garaietan egin ebaluazio-jardueretan HEOCean zehaztutako ebaluazio-irizpideen deskriptoreei erreparatuko zaio. Horrela, lortutako gaitasun-mailari dagokionez, ikastaroaren amaierako ebaluazioak adieraziko du ikasleak ikasprozesuan izan duen aurrerapena, betiere, HEOCean zehaztutako ebaluazio-irizpideen arabera, eta gaitasun-mailako agiria eskuratu ahal izateko, irizpideetako balioespen-eskalako tarteko deskripzioan adierazitakoa gainditu beharko du ikasleak.
3.– B1, B2, C1 eta C2 gaitasun-mailen egiaztatze-prozesuari dagokionez, Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuko Ebaluazio Atalak lau trebetasunak neurtzeko probak prestatuko ditu, II. eranskinean zehaztutakoa oinarri hartuz.
Proben aplikazioa ondoren zehaztutako moduan burutuko da:
– B1 mailako gaitasuna egiaztatzeko probetan:
● lehen deialdian: euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentro homologatuek, beren ardurapean, aplikatuko dituzte entzumen-, irakurmen-, idazmen- eta mintzamen-probak, egutegian zehaztutako datetan. Hala ere, mintzamena neurtzeko proba euskaltegian edo autoikaskuntzarako zentro homologatuan egiteko, tokian tokiko ezaugarri eta beharrizanen arabera, azterketarien gutxieneko kopurua beharko da. Gutxienekora heltzen ez bada, azterketariak inguruko beste euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro homologatu batean elkartuko dira Lurralde Batzordeak egin antolamenduari jarraikiz.
● bigarren deialdian: HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuak aplikatuko ditu irakurmen-, idazmen-, entzumen- eta mintzamen-probak, lurraldeka eta lurralde bakoitzean eremu bateratuan, egutegian zehaztutako datetan.
– B2 mailako gaitasuna egiaztatzeko probetan:
● lehen deialdian: HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuak aplikatuko ditu idazmena eta mintzamena neurtzeko probak lurraldeka eta lurralde bakoitzean eremu bateratuan; euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentro homologatuek, berriz, entzumena eta irakurmena neurtzekoak aplikatuko dituzte, beren ardurapean, egutegian zehaztutako datetan.
● bigarren deialdian: HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuak aplikatuko ditu irakurmena, idazmena, entzumena eta mintzamena neurtzeko probak, lurraldeka eta lurralde bakoitzean eremu bateratuan, egutegian zehaztutako datetan.
– C1 eta C2 mailako gaitasuna egiaztatzeko probetan:
● bi deialdietan HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuak aplikatuko ditu idazmena eta mintzamena neurtzeko probak lurraldeka eta lurralde bakoitzean eremu bateratuan, eta euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentro homologatuek entzumena eta irakurmena neurtzekoak aplikatuko dituzte, beren ardurapean, mailaz maila, egutegian zehaztutako datetan.
HABEren Programa Berezietarako atalak euskaltegiko zein autoikaskuntzarako zentroko zuzendarien esku jarriko ditu 2016ko ohiko lehen deialdian B1, B2, C1 eta C2 gaitasun-mailetako entzumen- eta irakurmen-probak, ohiko bigarren deialdian C1 eta C2 gaitasun-mailetako entzumen- eta irakurmen-probak eta lehen deialdiko B1 gaitasun-mailako idazmen- eta mintzamen-probak, egutegian aurreikusitako egunetan, proba bat eguneko eta mailako. Euskaltegiko zuzendariaren ardurapekoa izango da, azterketariei jarri aurretik, jasotako probok isilpean gordetzea.
Euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentro bakoitzak proba-eguna baino bost egun natural lehenago emango dizkio aditzera Lurralde Batzordeari euskaltegian eta autoikaskuntzarako zentroan gauzatuko diren proben antolaketaren nondik norakoak (ordutegia, lekuak eta azterketarien zerrendak), batzorde horrek egokitzapen-beharrik ikusiko balu, hiru eguneko epean euskaltegiari jakinarazi eta egokitzapenak garaiz egin ahal izateko.
4.– Gaitasun-proba gainditutzat emateko, lau trebetasunetan gainditu beharko ditu azterketariak II. eranskinean zehaztutako gutxienekoak. Maila bakoitzeko probak 100 puntu izango ditu guztira, eta gainditzeko, gutxienez, 50 puntu lortu beharko ditu azterketariak.
Ezinbesteko baldintza izango da entzumen- eta irakurmen-proba gainditzea idazmeneko proba zuzendua izateko, eta azkeneko hau gainditzea mintzamen-probetara aurkezteko, ondoren zehaztutako kasuetan izan ezik:
a) Lehen deialdiko B1 mailako probetan: azterketariak lau trebetasunak neurtzeko proba guztiak egingo ditu.
b) Bigarren deialdiko B1 eta B2 mailetako probetan, berriz, irakurmena beharko du gainditua ikasleak idazmen-proba zuzendua izateko, eta azkeneko hau gainditua entzumen- eta mintzamen-probetara aurkezteko.
B1 mailan, 2016ko lehen deialdian, entzumen-, irakurmen- eta mintzamen-probak gainditu eta idazmen-proba gainditzen ez dutenek, bigarren deialdian matrikulatzen badira, idazmen-proba bakarrik egin beharko dute; eta lehen deialdian entzumen-, irakurmen- eta idazmen-proba gainditu eta mintzamen-proba gainditzen ez dutenek, bigarren deialdian matrikulatzen badira, mintzamen-proba bakarrik egin beharko dute. B2, C1 eta C2 mailetan, berriz, idazmen-proba gainditu, baina mintzamen-proba gainditzen ez dutenek, bigarren deialdian matrikulatzen badira, mintzamen-proba bakarrik egin beharko dute dagokion maila egiaztatzeari begira. Gainditutako trebetasunen emaitzak 2016ko bigarren deialdirako bakarrik gordeko dira.
C2 mailako proiektua euskaltegiak ontzat eman ondoren (Q87n, C2C2 kodeaz), hurrengo bi urteetako lau deialdietan baliatu ahal izango du azterketariak, gaitasun-maila hori egiaztatu ahal izateko. Deialdi horien ondoren, iraungi egingo zaio euskaltegiak proiektuari aitortutako balioa, eta, ondorioz, HABEk baja emango dio ofizioz Q87n.
5.– Egiaztatze-prozesua bideratzeko jardunak, gailu elektronikoek (telefono, ordenagailu, argazki-kamera, MP3 grabagailu, haririk gabeko entzungailu, irakur-tresnadun ordulariak eta entzungai edo ikusgai diren edukietara sarbidea eskaintzen duten betaurrekoek...) eskain dezaketen edukietarako sarbiderik izan gabe daude aurreikusita eta Interneterako konexiorik gabe.
6.– Idazmen-probetan, irakurgarria izango da idazketa eta ulergarria kaligrafia. Mintzamenekoetan, berriz, argi ahoskatuko da eta zuzen ebakiko dira hitzak.
10. oinarria.– B1, B2, C1 eta C2 mailako gaitasun-proben zuzenketa-prozesua.
1.– Hizkuntza-arauak eta euskalkiak.
Lau hizkuntza-trebetasunak neurtzeko azterketariek egindako probek Euskaltzaindiak indarrean dituen arauak beteko dituzte, eta, betiere, euskara-eredu landu eta jantzian emanak etorriko dira.
Ahozkotasuna neurtzeko probetan, azterketariak bere euskalkia erabiltzeko gaitasuna eta jariotasuna erakuts dezake, betiere, egitekoaren testuinguruari hala badagokio. Honelakoetan, aztertzaileek azterketarion gaitasun- eta jariotasun-maila hori aintzat hartu eta balioetsiko dute azken emaitza jartzean.
2.– Izengabetasuna.
Gaitasun-probak norenak diren jakin gabe zuzenduko dituzte aztertzaileek zein tutoreek, zuzenketa izengabea bermatzeko. Irakasleak ezin izango du berak izandako ikasleen gaitasun-probarik zuzendu. Horrelakorik gertatuz gero, aztertzaileak berak laga beharko du zeregin hori azterketaldiaren antolaketa-garaian.
3.– Irakurmen- eta entzumen-proben zuzenketa.
Gaitasun-probaren atal hauen zuzenketa izendatutako aztertzaileen artean egingo da eta emaitzak akta batera bilduko dituzte kalifikazio-proposamen gisa.
Euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro homologatu bakoitzak dagokion Epaimahaiari bidaliko dizkio aktok, HABEk berariaz jarritako datutegiaren bitartez, deialdien egutegian horretarako ezarritako epearen barruan.
Azterketok, euskaltegian edo autoikaskuntzarako zentro homologatuan egiten direnean, egin diren zentroan gordeko dira.
4.– Idazmen-probaren zuzenketa.
a) Idazmen-proba, gutxienez, bina aztertzailek zuzenduko dute, eta irizpen arrazoitua emango dute adostutako kalifikazio-fitxan. Informazioa berariazko fitxa digital batera bilduko da, bertan jarritako kalifikazioak azterketariak argi eta egoki ulertzeko moduan.
b) Idazmen-proban eskatutako hitz-kopuruaren gutxienekoari dagokionez, aztertzaileak irizpideok beteko ditu eta ondoriozko kalifikazioa emango:
– Azterketariak eskatutako hitz-kopurua idatzi eta mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15-30 puntu bitartean emango zaizkio.
– Eskatutako hitz-kopurura iristeko % 10 edo gutxiago falta izan bazaio, baina mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15 puntu emango zaizkio, baldin eta azterketariak gutxienez ONGI kalifikazioa lortu badu atal guztietan, 2011ko urtarrilaren 19ko Kultura sailburuaren Aginduaren 7. artikuluan (2015eko uztailaren 22ko Aginduak emandako idazketan) xedatutako irizpideen arabera eta II. eranskinera bildutako mailari dagozkion gutxienekoetan.
– Eskatutako hitz-kopurura iristeko % 10 baino gehiago falta bazaio, 5 puntu emango zaizkio.
c) Aztertzaileak idazmen-proba zuzendu ondoren, jarraibide hauei lotuko zaizkie:
– Bi aztertzaileen kalifikazioak proba gainditzeko behar diren gutxienekoak baino handiagoak direnean, epaimahaiari bi aztertzaileek adosturiko emaitza proposatuko zaio, eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango da irizpen arrazoitua.
– Bi aztertzaileen kalifikazioak proba gainditzeko behar diren gutxienekoetara iristen ez direnean, epaimahaiari bi aztertzaileek adosturiko emaitza proposatuko zaio, eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango da irizpen arrazoitua.
– Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz edo tutorea ohartzen bada kalifikazio-proposamena ez dela egokitzen mailako irizpideetara, hirugarren zuzenketa bideratuko da tutorearen eskutik. Horrelakoetan, tutoreak ofizioz ebaluatuko ditu probak, aztertzaileei emango die horren berri, eta irizpen arrazoitu propioa proposatuko dio Epaimahaiari.
d) Idazmen-proba berariazko aplikazio informatikoen bidez banatuko zaie aztertzaile zein tutoreei euskarri digitalean.
5.– Mintzamen-probaren zuzenketa.
a) Mintzamen-proba bina aztertzailek bideratu eta zuzenduko dute, eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango dute irizpen arrazoitua. Informazioa berariazko fitxa digital batera bilduko da, bertan jarritako kalifikazioak azterketariak argi eta egoki ulertzeko moduan.
b) Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz, bigarren zuzenketa bideratuko da tutorearen eskutik. Tutoreak irizpen propioa eman eta gero, jarritako emaitzen proposamena Epaimahaiaren eskura jarriko du.
c) Mintzamen-proba guztiak grabatu egingo dira, zuzenketa-prozesuaren euskarri eta ikerketa-helburu zein aztertzaileen trebakuntzarako.
11. oinarria.– Egiaztatze-prozesuaren emaitzak onartzea.
Azterketa Batzordeak, A1 eta A2 gaitasun-mailei dagokienez, euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek ebaluazio jarraituaren ondorioz ikasleei jarritako emaitza-proposamenen aktak, 3.1 eta 4.1.a) oinarrien arabera aztertu eta, horrela dagokionean, balioetsi egingo ditu.
B1, B2, C1 eta C2 gaitasun-mailetako probei dagokienez, berriz, aztertzaile eta tutoreek egindako balorazioak mailaz mailako Epaimahaiek aztertuko dituzte eta probei dagozkien emaitzak onartu eta Azterketa Batzordeari igorriko dizkiote.
Jarraian, Azterketa Batzordeak emaitza guztiak HABEren zuzendari nagusiari aurkeztuko dizkio 2011ko urtarrilaren 19ko Kultura Sailburuaren Aginduaren 13. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
12. oinarria.– Egiaztatze-prozesuen emaitzak argitaratzea.
HABEk egiaztatze-prozesuen emaitzak argitaratuko ditu www.habe.euskadi.eus atarian, mailaz maila, egutegian zehaztutako datetan, eta B1, B2, C1 eta C2 gaitasun-mailei dagokienez, trebetasunez trebetasun adieraziko dira emaitzok.
13. oinarria.– Ziurtagiriak.
Ebaluazio jarraituaren ebaluazio-jardueren bidez edo gaitasun-probak gaindituz mailaren bat egiaztatu duenak dagokion ziurtagiria eskuratzeko eskaria www.habe.euskadi.eus atariaren bitartez egin behar du. HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuak eskabidean eman helbidera igorriko dio dagokion ziurtagiria edo duplikatua, finantza-erakundeen bidez edo Internet erabiliz, dagokion tasa ordaindua duela frogatu ondoren.
Maila bakoitzeko agiria eskuratzeagatik, eskari-egunean indarrean dagoen tasa ordaindu beharko da, mailaren egiaztapena aurreko urteetan egin bada ere. Agirien eta duplikatuen tasen unean uneko zenbatekoak www.habe.euskadi.eus atariaren bidez jakinaraziko ditu HABEk.
14. oinarria.– Erreklamazioak eta gora jotzeak.
Deialdi hauetako egiaztatze-prozesuko interesdunak uste badu prozeduran, puntuazioen zenbatzean edo emaitzetan errakuntzarik gertatu dela, erreklamazioa jar dezake dagokion Epaimahaiaren aurrean, edo Azterketa Batzordearen aurrean A1 eta A2 gaitasun mailetako prozesuari dagokionetan; betiere, jarraian azaltzen diren datu zein agiriak aurkezten baditu:
– Erreklamatzailearen izen-deiturak eta jakinarazpenetarako helbidea.
– Nortasun-agiriaren zenbakia.
– Egiten duen eskaera edo erreklamazioa.
– Gertaera edo errakuntza hori izan dela erakusten duten agiriak edo frogak.
– Lurraldea, lekua, data eta egiaztatze-maila.
– Erreklamaziogilearen izenpea.
Erreklamazioak hiru eguneko epean aurkeztu beharko dira, onartuei buruzko erabakia hartu edota proben emaitzak ezagutzera eman eta biharamunetik kontatzen hasita; erreklamazioak, probak egin aurretik eta emaitza orokorrak onartu baino lehen ebatziko dira, hurrenez hurren.
Interesdunek, halaber, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute HABEren zuzendari nagusiaren aurrean, azterketen behin betiko emaitzak argitaratu eta hurrengo hilabetean, edo, horrela dagokionean, aurkatutako egintza gertatu den egunetik aurrera. Errekurtsoak ebazteko, HABEren zuzendari nagusiak lurralde-arduradunari, mailaz mailako Epaimahaiaren buruari edota Azterketa Batzordeko buruari eska liezaieke errekurtsoaren mamiari buruzko txostena; txosten hori, gehienez, hamar eguneko epean emango dute. Halaber, deialdi hauetan parte hartzen ez duen kanpoko adituren baten irizpena ere eska lezake.
Erreklamazioak zein gora jotzeko errekurtsoak HABEren Donostiako Erregistro Nagusira igorriko dira, honako helbide honetara: Vitoria-Gasteiz kalea 3,6.a, 20018 Donostia. Horretarako, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, 38. artikuluaren 4. paragrafoan ezarritako baliabideak erabili ahal izango dira.
Edozein modutan, erreklamazioek zein gora jotzeko errekurtsoek ez dituzte etengo deialdi hauetan jasotako ohiko prozedurak eta egutegia.
15. oinarria.– Informazioa eta tramitazioa online.
Deialdi hauetan aurreikusitako prozeduren ondoriozko argitaratze eta jakinarazpenak www.habe.euskadi.eus atariaren bidez egingo dira, azterketen gaineko erreklamazioei eta Administrazioarekiko errekurtso eta gora jotzeen ebazpenei dagozkienak izan ezik.
Era berean, azterketariak www.habe.euskadi.eus ataria erabiliz gauzatuko ditu oinarri hauetan horrela xedatutako izapideak.
16. oinarria.– Espedienteak ikusteaz.
B1, B2, C1 eta C2 mailetako egiaztatze-prozesuan idazmen-ataleko eta mintzamen-ataleko kalifikazio-orriak eta azterketariak egindako idazmen-proba ikusgai izango ditu azterketariak www.habe.euskadi.eus atarian, baita bere mintza-saioa entzungai ere.
17. oinarria.– Datu pertsonalen babesa.
Egiaztatze-deialdi hauen kudeaketan horretarako sorturiko fitxategian tratatuko dira datu pertsonalak. HABEren Zuzendaritza Nagusia bera izango da fitxategiaren administrazio-organo arduraduna eta sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko eskubidea Zuzendaritza horren aurrean gauzatu ahal izango da. Fitxategi horretan jasotako datuen erabilera ondoren zehazten dena izango da:
– Deialdi hauetan aurreikusitako prozeduren kudeaketa.
– HABEren Euskararen ezagutza egiaztatzeko agirien erregistroan gordetzea, 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 26. artikuluak dioenari jarraikiz.
– Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratura emandako ziurtagiriak helaraztea, urriaren 16ko 222/2012 Dekretuak agintzen duen moduan, deialdi honetan gaitasun-maila egiaztatzen dutenen datuak. Erregistro horren ardura Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariarena denez, datu horietara jo, datuak aldatu, aurka egin eta ezabatzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zerbitzu zuzendaritzara jo beharko da.
– Maila egiaztatu duten ikasleei zuzendutako diru-laguntzen proposamena egiteko, horretarako deialdia onartzen bada, datuok HABEren zuzendari nagusiaren eskura jartzea.
Egiaztatze-prozesuan parte hartzeko bete beharreko eskabide-orriak datu pertsonalen babesaren gaineko argibideei buruzko klausula jasoko du.
Egiaztatze-deialdian parte hartuko duten administrazio-langileek eta berariaz izendaturiko kideek deialdiaren kudeaketan ezagutzen dituzten datu pertsonalen gaineko sekretua zaindu beharra dute.
Prozesuko argitaratze-faseek publizitate-printzipioari eusteko gutxieneko datu pertsonalak izango dituzte, eta erreklamatzeko epeak igaro arte bakarrik jasoko dituzte. Informazio horrek datuok izaera pertsonala dutela ohartarazten duen klausula bat izango du, alegia, datu pertsonalok datuak babesteko arloan egungo legedia betetzen dutela eta euren helburu bakarra prozedura honen faseari publikotasuna eman eta, hala behar denean, parte-hartzaileei jakinaraztea dela adieraziz. Horretaz gain, informazio-paragrafo bat izango du; bertan, adieraziko da informazioa ez dela jendearen eskurako iturri, eta ezingo direla ez osorik ez partez kopiatu, ez eta informazioa errekuperatzeko inongo sistemaren bidez transmititu eta erregistratu ere, ukituek eurek baimena eman ezean.
Egiaztatze-prozesua amaitu ondoren, lau trebetasunak neurtzeko egin probak prestakuntza eta ikerketarako erabili ahal izango dira, betiere datu pertsonalak bereizi ondoren, indarrean dagoen legediak agintzen duen moduan.
18. oinarria.– Jarduerak isilpean gorde beharra.
Aztertzaile, tutore, maila bakoitzeko epaimahaikide, Lurralde Batzordeetako kide, zein Azterketa Batzordeko kideen betebeharra da isilpean gordetzea, egiaztatzegintzari lotutako ezein eragileri buruz, beren egitekoen jardunean jakindako gertaera, ezagututako dokumentu, kalifikazio-proposamen, izandako eztabaida eta emandako egoerak.