EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-03-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2016049

AGINDUA, 2016ko martxoaren 9koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, praktika sortzaileak bultzatzen dituzten kultura gune independenteei 2016. urtean diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena (Sorgune deialdia).

Xedapenaren data: 2016-03-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201601084
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak ezartzen duenez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio arte eta kultura mailako jardunekin eta horien hedapenarekin loturiko eginkizunak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio 2013ko apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.
Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren iritziz, lerro espezifiko bat abiarazi behar da, hain zuzen ere kultura-edukiak ekoizteko formetan, egituretan eta eran berrikuntza sustatzeko, betiere oinarri hartuta sormena, ikerketa, esperimentazioa eta diziplina-arteko elkarrekintzaren sustapena. Zehazki, berrikuntza bultzatzea da helburua bai ikuspegi artistiko hutsetik, bai ekoizpenaren kudeaketaren ikuspegitik, betiere talentu eta sormen-jardun berriak sustatze aldera. Era horretan, kultura-edukiak sortzeko egiturak berritu, eta artea egiteko era berriak azaleratuko dira, era bereizgarriak, eta, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko arte-sarea aberastu eta sendotuko da. Labur esanda, diru-laguntzak emateko deialdi honen xedea da arte-berrikuntzan espezializatutako zentroak sustatzea eta berrikuntza, diziplinartekotasuna eta alde anitzeko elkarrizketa oinarri dituen sormen- eta ekoizpen-eremu bat bultzatzea, honako hauek abiaburu hartuta: norbanakoaren eta/edo kolektiboaren sormena; trebetasunak eta talentua; ideia eta potentzialtasunen transmisioa; eta ekonomia eta enplegua elikatzen dituzten adierazpenen eta produktuen sormena.
Kultura-arloko estatu-laguntzei buruzko EB Europar Batasunaren araudian aldaketak egin berri dira, 2014ko uztailaren 1etik aurrera honako hau jarri baitzen indarrean: 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187). Erregelamendu horren nobedade nagusietariko bat izan da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren (EBFI) 108. artikuluaren 3. atalean agertzen diren notifikazio beharrik ez daukaten estatu diru-laguntzen kategoriak zabaltzea. Kategoria berrien artean daude ondare eta kulturako diru-laguntzak, eta zehatz-mehatz gune edo espazio artistiko eta kulturalak.
Horregatik, agindu honen bidez araututako diru-laguntzak aipatu 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendura egokituko dira. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz.
Halaber, agindu hau Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak onartu duen eta sailaren web orrian (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/diru-laguntza-plana-2016-2018/) argitaratu den Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren 2016-2018ko urteetako diru-laguntzen plan estrategikoaren barnean dago sartuta.
Ondorioz, hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da kultura gune independenteek aurkezten dituzten jarduera-proiektuei diru-laguntzak emateko arauak ezartzea eta deialdia egitea. Halako kultura guneek, programa espezifikoak antolatuz eta horretarako diru-hornidura, azpiegitura eta egitura egokiak erabiliz, espazio, baliabide eta lankidetza eskaini behar diete pertsonei zein kolektibo sortzaileei, aukera izan dezaten sormen- eta ekoizpen-prozesuei ekiteko, betiere orientabidetzat hartuta adierazpen artistikoen berrikuntza, talentuak hautematea eta bultzatzea, partaidetzazko kudeaketa eta ingurunearekin harremanetan jartzea.
2.– Jarduera-proiektu horiek kultura- edo sormen-sektore bati lotuak izan beharko dute (ikusizko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, dantza, literatura, musika, antzerkia, zirkua, magia, bertsolaritza eta abar).
3.– Beren jarduera-proiektuetarako diru-laguntzak jaso ahal izateko, sormen-guneek baldintza hauek bete beharko dituzte:
– Euskal Autonomia Erkidegoko higiezinak izatea.
– Dagokien jarduera egiteko gaitasuna eta egokitasuna egiaztatzea, aurreko paragrafoan adierazten denaren ildotik. Horretarako, gutxienez, sorkuntza, ekoizpen edo erakusketarako gune egokiak izan beharko ditu, bai eta jarduerak egiteko behar diren baliabide teknikoak ere.
– Higiezina sormen-gune moduan kudeatzeko eta ustiatzeko eskubidea eskatzailearena izatea.
4.– Agindu honen ondorioetarako, honako hauek ez dira sormen-kultura gunetzat joko eta, hortaz, ezingo dute diru-laguntzarik jaso:
– Plataforma digitalak, nahiz eta haien eskura eduki jarduerak egiteko moduko guneak.
– Nagusiki prestakuntzara bideratutako eskola edo guneak.
– Helburu nagusia turismoa edo merkataritza duten guneak.
– Gizarteratzera bideratutako guneak, non alde artistikoa osagarria edo instrumentala den.
– Helburu bakarra artekaritza kultura duten guneak.
2. artikulua.– Modalitateak eta diru-baliabideak.
1.– Diru-laguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra 840.000 eurokoa da.
2.– Diru-laguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra era honetan banatuko da deialdi honek dituen bi laguntza-modalitateen artean:
a) 560.000 euro sorkuntzako kultura gune independenteen biurteko jarduera programetarako ( Sorgune biurteko modalitatea).
b) 280.000 euro sorkuntzako kultura gune independenteen urteko jarduera programetarako (Sorgune urteko modalitatea).
3.– Modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, proiektu-proposamenik ez dagoelako edo proiektuek gutxieneko kalitatea ez dutelako modalitateetako bati dagokion zuzkidura agortzen ez bada, Balorazio Batzordeak, arrazoiak emanez, beste modalitaterako diru-laguntzaren zenbatekoa handitzea proposatuko dio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako Sailburuordeari, betiere delako modalitate hori artean erabaki gabe badago. Zenbatekoa handitzearen onarpenaren berri eman beharko da Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.
3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak.
1.– Deialdi honetan diru-laguntza jaso ahal izateko, agindu hau argitaratzen den egunean, Euskadiko Autonomia Erkidegoan helbidea edo sozietate-egoitza duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuek, gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa edukita eta edozein dela ere haien eraketa juridikoa, honako baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Agindu honetako 1.3 ezarritakoa betetzen duten sorkuntzako kultura guneak kudeatzeko edo ustiatzeko titulartasuna izatea. Horretarako, honako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu behar dute agiri bidez:
– Higiezinaren jabetza-titulua izatea, eta gunea erabiltzea, soil-soilik sormen-gune moduan.
– Higiezinaren errentaria izatea, horretarako formalizatutako kontratuaren indarrez, eta higiezina erabiltzea, soil-soilik, sormen-gune moduan.
– Higiezina sormen-gune moduan kudeatzeko eta ustiatzeko eskubidea bere alda lagata izatea, edozein tituluren bidez.
b) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea, sormen-gunean egin beharreko jarduera nagusien epigrafean.
c) Zerga-betebeharrak egunean izatea, baita Gizarte Segurantzakoak ere.
Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, diru-laguntza eskatu duten pertsonek Gizarte Segurantzarekiko baldintzak eta zerga-betebeharrak betetzen dituztela, eta, horretarako, ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak.
2.– Ezingo dituzte deialdi honetako diru-laguntzak jaso:
a) Laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekua dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetatik seigarrena urratuz sexu diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenek barne.
b) Kapital sozialean, fundazio-ondarean edota gobernu-, administrazio- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza handiena administrazio publiko edo instituzional batena edo sektore publikoko entitate batena edo finantza- edo kreditu-entitate batena duten entitate pribatuen eskabideak
c) Titulartasun publikoa duen sorkuntzako kulturagune bateko zerbitzu-kontratu edo zerbitzu publikoen kudeaketa kontratu baten esleipendun moduan eskatzen dutenek
d) Berreskuratzeko agindu baten pean dauden enpresak, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.
e) Krisi egoeran dauden enpresak, betiere Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Erkidegoaren Zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera (DO,C 249, 31.07.2014).).
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko laguntza edo diru-laguntza batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigorren bat ezartzeko prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura bukatu arte ezingo da diru-laguntza onartu, eta hala badagokio, ordaindu. Halaber, jasotako diru-laguntza bere diru-sarreren artean berriz sartu ez izana, itzultze-prozedura bat bukatutakoan, berriz ez sartzeko agintzen duen ebazpen bat eman bada, ezingo da diru-laguntza onartu, eta hala badagokio, ordaindu.
4. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura.
Deialdi honen kargura emango diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira. Beraz, diru-laguntza jasotzeko ezarritako gehienezko muga errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz, onuradun kopuru bat hautatuko da, hain zuzen ere, proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatuko duen kopurua, betiere proiektuen dimentsioari begira.
5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskaerak aurkezteko epea agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabetekoa izango da.
2.– Eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dira:
– Aurrez aurre: eskabideak, Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dira.
– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahalko dira, euskadi.eus gunean artikulu honetako 4. atalean adierazitako helbidean.
3.– Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.
4.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak, ziurtagiriak eta gainerako ereduak modu presentzialean zein bitarteko elektronikoz nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en honako helbide honetan daude ikusgai: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/sorgune/y22-izapide/eu/
Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.
5.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.
6.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.
6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa.
a) Pertsona fisikoa izanez gero:
– Eskaera sinatu duenaren identitatea egiaztatzeko agiriak.
b) Pertsona juridikoa izanez gero.
Administrazio honetako erregistroetan dauden erakundeak:
– Eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden eta ez dute erregistro horren agiririk aurkeztu beharko.
Beste administrazioetako erregistroetan dauden erakundeak egiaztatu beharko dute bere nortasun juridikoari dagokion legezko eraketa, ordezkaria den pertsonaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmena honako dokumentazio honen bitartez:
– Sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.
– Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartela.
– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmenaren egiaztagiriak.
2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa. Dokumentazio hau formatu elektronikoan aurkeztu beharko da:
a) Diru-laguntzaren xede den proiektuari dagokion dokumentazioa:
– Proposamena azaltzen duen txostena, beraren interesa eta balioa zehazten dituena, bai eta nola garatuko den argitzen duena ere. Gainera, proposamena zuzen baloratzeko behar diren alderdiak azalduko ditu, agindu honetako 11. artikuluaren 1 eta 2 puntuetan ezarritako irizpideekin bat.
– Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.
– Proiektuaren aurrekontua, partidaka banakatua eta xehatua, aurreikusitako gastu-sarrerak jasoko dituena, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.
– Sormen-gunearen kudeaketaren edo ustiapenaren titulartasuna egiaztatzen duen agiria, 3.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.
– Sormen-guneko baliabide eta azpiegiturei buruzko informazioa, 1.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.
b) Sorkuntzako kultura gunearen ibilbideari dagokion dokumentazioa:
– Sorkuntzako kultura gunearen ibilbidea azaltzen duen txostena.
– 2015eko jardunaldiaren txostenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.
3.– Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak, erabilitako bidea (presentziala edo elektronikoa) edonolakoa dela ere, ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:
a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean. Bestelako kasuetan, ahal bada dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.
b) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.
c) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira..
7. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:
– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.
– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.
– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.
8. artikulua.– Diru-laguntzen kudeaketa.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
9. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
10. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Deialdi honetara aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bakar bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:
– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria.
– Bokalak: agindu honen gaian adituak diren gizon-emakumeen artetik Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatutako 3tik 5era arteko bokal.
– Idazkaria: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat izango da, zuzendariak izendatua. Hitza izango du baina botorik ez.
Era berean, gai zehatzak aztertzeko Balorazio Batzordearen bileretan parte har dezakete bertaratuen gehiengoak onartzen dituen eta jorratu beharreko gaiari buruz jantzita dauden pertsona guztiek, eta hitz egin ere bai, baina botorik ezin izango dute eman.
2.– Balorazio Batzordean izendatutako aditu-profesionalek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honakoak frogatzeko: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezartzen diren abstentziorako kausaren batean ez daudela; isilpekotasuna bermatuko dutela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko, eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egin dela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.
3.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.
4.– Balorazio Batzordearen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da, Batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.
5.– Eskaria egin duten pertsona edo erakunde guztiek izango dute aukera, hala eskatzen badute Euskadi.eus webgunean horretarako dagoen inprimakia erabiliz, beren proiektua batzordearen aurrean defendatzeko. Proiektu bakoitzari ez zaio 15 minutu baino gehiago eskainiko.
6.– Batzordeak, diru-laguntza modalitate bakoitzerako ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, adostasunez ebatzitako ditu Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari aurkeztuko dizkion diru-laguntzak emateko proposamenak.
Proposamen horietan ordezko onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek diru-laguntza eman zaiela jakinarazi eta hamabost eguneko epean horiei uko egitea. Kasu horretan, ordezkoak jasoko duen diru-laguntzaren zenbatekoa hasieran onuradun izendatu zenari eman zaiona bera izango da. Uko-egileari emandako diru-laguntza ordezkoari dagokiona baino handiagoa bada, muga horretaraino murriztuko da laguntza.
7.– Balorazio Batzordeak behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, eskabideak egokiro ebaluatzeko beharrezkoa ikusten duenean.
11. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko-irizpideak.
1.– Balorazio Batzordeak modalitate bakoitzean jasotako eskabideak aztertuko ditu eta jarraian aipatzen diren irizpide eta baremoen arabera ebaluatuko ditu zehazten diren alderdiak. Lehenik, aurkeztutako proiektuak hurrengo irizpideen arabera baloratuko dira:
a) Sorkuntzako kultura gunearen kalitate eta berrikuntza gaitasuna. Kontuan hartuko dira, azpiegitura, baliabide eta zerbitzuaz gain, bertako proiektuen berrikuntza, esperimentazio, berezitasun eta kalitatea. Horrez gain, kontuan hartuko da zentroaren interesa proiektu kultural gisa. Gehienez 20 puntu esleituko dira.
b) Sorkuntzako kultura gunearen interes publikoa. Kontuan hartuko dira sormen-guneak ezarritako baldintzak, sarbideari, erabilerari eta parte hartzeari buruzkoak (deialdi irekia, gonbidapenak...), bai eta onuradun erabiltzaileen dibertsitatea eta kopurua, betiere aintzat hartuz genero berdintasuna eta kultura-artekotasuna. Gehienez 20 puntu esleituko dira.
c) Inguru hurbilarekiko uztardura. Sorkuntzako kultura guneak bere inguru hurbilarekin duen harremana, eskaintzen dituen zerbitzuak eta sortzen duen itzulkin soziala (kohesioa, heziketa, parte-hartzea...) kontuan hartuko dira. Gehienez 20 puntu emango dira.
2.– Aurreko hiru irizpideen balorazioan gutxienez 40 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira. Beste proiektuak baloratuak izango dira, bigarren aldiz, honako irizpide hauen arabera:
d) Proiektuaren diziplinarteko izaera eta informazio eta komunikazio teknologien erabilpena. Gehienez 10 puntu esleituko dira.
e) Kultur agenteen nazioartekotzeko, eta sare eta harremanetan integratzeko ekarpena. Gehienez 10 puntu esleituko dira.
f) Aurrekontuaren egokitasuna, tartean diren enpresa baliabideak eta proiektuaren kalitate-prezio erlazioa. Gehienez 10 puntu esleituko dira.
g) Euskararen erabilpena. Gehienez 10 puntu esleituko dira.
3.– Artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren puntuazio totaletik gutxienez 65 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.
4.– Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, 2.2 artikuluan adierazitako diru-zuzkidura orokorra banatuko da onuradunek balorazio-irizpideei jarraikiz loturiko puntuazioaren arabera, eta laguntzaren kopurua ez da inoiz izango eskatutakoa baino handiagoa, ez eta 23. eta 26. artikuluetan adierazi diren mugak baino handiagoa ere; gainera, diruz lagundutako proiektuei emandako diru-zenbatekoek 4. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute beti.
12. artikulua.– Ebazpena.
1.– Agindu honetan jasotako diru-laguntzei buruzko ebazpenak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango ditu, Balorazio Batzordeak modalitate bakoitzerako egindako proposamena ikusi ondoren. Ebazpenak banaka jakinaraziko dira.
2.– Ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, denek horien berri izan dezaten.
3.– Ebazpen horietan ordezko onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek epearen barruan diru-laguntzei uko egitea, 10. artikuluko 6. idatzi-zatian xedatutakoarekin bat.
4.– Modalitate bakoitzean ematen den ebazpenak ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatuta, horrela dago-eta xedatuta azaroaren 26ko 30/19992 Legearen 114 eta 115 artikuluetan.
5.– Eskaerak ebazteko eta pertsona interesdunei jakinarazteko epeak sei hilabete iraungo du gehienez, agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita. Ebazteko epea amaituta, inolako jakinarazpenik egin gabe, interesdunek eskabidea errefusatutzat jo dezakete, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
13. artikulua.– Bateraezintasunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabil daitezke helburu berbererako, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.
2.– Halere, deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak proiektu bera egiteko edo proiektu beraren zati bat egiteko emandako beste diru-laguntza batzuekin, izan diru-laguntza izendunak edo zuzenak edota musika, dantza, ikus-entzunezko, antzerki, ikusizko arte, liburugintza eta literatura alorretako aginduen babesean emandakoak.
14. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.
b) Diru-laguntza eman zaion xede horretarako erabiltzea.
c) Ogasuna eta Finantzak Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.
d) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Dena den, aldaketak ere egin ahal izango dira, baldin eta aldaketok funtsezkoak ez badira eta ez badute bideragarritasun ekonomikoa eragiten. Aldaketa horiek idatziz jakinaraziko zaizkio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari eta hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da.
e) Diru-laguntza ematen duen organoari Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen diren jakinaraztea.
f) Onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako proiektuen informazio, publizitate, sustapen guztietan eta ondorio horretarako erabiltzen den edozein hedabidetan obrak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren laguntzaz egin direla adierazteko.
g) Agindu honetan diru-laguntza modalitate bakoitzerako ezartzen diren betebehar eta baldintzak betetzea, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diren laguntza eta diru-laguntzak jaso ahal izateko ezartzen direnak ere.
h) Laguntza eskatzen duen pertsona edo erakundea erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren alta eskatu beharko du.
2.– Halaber, onuradunek, Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrak bere 14. artikuluan jasotako betebeharrak izango dituzte.
15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
Agindu honen kargura emandako diru-laguntzak ondorengo kapituluetan modalitate bakoitzerako zehazten den moduan ordainduko dira.
16. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.
1.– Diru-laguntza jasotzen duten pertsona/entitate onuradunek, lagundutako jarduera bukatu eta hiru hilabeteko epean honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, bide presentzialetik edo elektronikotik:
– Lagundutako jarduerari buruzko txosten zehatza, exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena.
– Diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, zinpeko aitorpen bidez, eskaerarekin onartutako aurrekontuaren formularioaren arabera.
Ez da onartuko aldaketa nabarmenik egitea behin betiko exekuzio-aurrekontuaren gastuko kontzeptuetan, onartutako aurrekontuarekiko, baldin eta tartean erabat justifikatutako arrazoirik ez badago eta, betiere emandako diru-laguntzari ezarritako % 70eko muga gainditzen ez bada.
– Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen duten dokumentu guztien zerrenda, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera. Ez dira tiketak onartuko.
– Emandako diru-laguntzaren adinako gastuak, gutxienez, justifikatzen dituzten egiaztagiri eta fakturak. Hala ere, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak laginketa tekniken bidez aukeratuko ditu, artikulu honetako lehenengo paragrafoan ezarritako epearen barruan, aurrekontu osoa justifikatuko duten egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzten pertsona onuradunak.
– Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinetako aleak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.
2.– Justifikazioak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahal izango dira, http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak gunean.
3.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, agindu honetako 5. artikuluan adierazitako helbideetan.
17. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Agindu honetan ezarritako ondorioetarako, honako gastuak lagun daitezke diruz: diruz lagundutako jarduera motari erantzuten diotenak, baldin eta ezinbestekoak badira eta oinarri arautzailea hauetan eta laguntzak emateko ebazpenean ezarritako epearen barruan burutzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kontua ez da izango, sekula ere, merkatuan duten baliotik gorakoa.
2.– Aurkeztutako jarduera-proiektuaren barruan sorturiko honako gastu hauek izango dira diru-laguntza jasotzeko modukoak:
a) Gastu Arruntak:
– Zentroa alokatzeko gastuak.
– Kudeaketa, zuzendaritza-, teknikari-, administrazio-, garbiketa-langile eta abarren gastuak.
– Kontsumoak: argia, ura, telefonoa, gasa eta Internet.
– Gunerako materialak eta ondasun suntsikorrak.
– Beste gastu arrunt batzuk.
b) Aktibitate gastuak:
– Sorkuntzako kultura gunearen gastuak (egoitzak, ostatuak, diru-laguntzak...).
– Prestakuntza gastuak.
– Kolaborazio proiektuen gastuak.
– Erakustaldi edota emanaldi gastuak.
– Lurralde- edo komunitate-proiektuen gastuak.
– Sustapen eta komunikazio gastuak.
– Bestelako aktibitate gastuak.
c) Gunea egokitzeko gastuak eta bertarako ogasun eta ekipo iraunkorrak erosteko gastuak, beti ere kontzeptu horiei dagokien guztizko kopurua aurrekontu osoaren % 10 gainditzen ez badu. Sartzen diren gastuak, gainera, proiektua garatzeko behar-beharrezkoak direla justifikatu beharko da beti:
– Egokitzapen gastuak.
– Ogasun eta ekipo iraunkorra erosteko gastuak.
3.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu:
a) BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan egotzi ahal izango den gastu kopurua, justifikazio-agirien zerga oinarriari dagokiena izango da.
b) Sorkuntzako kultura gunean sartuta dauden proiektuen ekoizpenari loturiko gastuak.
18. artikulua.– Azpikontratazioa.
1.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera, diruz lagundutako jardueraren % 75era iritsi ahal izango da, azpikontratu guztien prezioak batuta.
2.– Kontzeptu honetatik kanpo geratzen dira onuradunak diru-laguntza jaso duen jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.
19. artikulua.– Likidazio-ebazpena.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.12 artikuluarekin bat etorriz, diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira edo beste administrazio edo entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, edo helburu berbererako beste edozein diru-sarrera badago, horrek diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, betiere laguntza arautzen duen xedapenak ezarritako gutxieneko betekizunak gordetzen badira. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.
20. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluak xedatutakoaren arabera, hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan edo diru-laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.
c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).
d) Diru-laguntzekin lotutako xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.
2.– Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).
II. KAPITULUA
«SORGUNE BIURTEKOA» MODALITATEA
21. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.
Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak 2016. eta 2017. urtean zehar kultura gune independenteek burututako biurteko jarduera proiektuei daude zuzenduta.
22. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak.
Laguntza hauek eskatu ahal izango dute, 3. artikuluko baldintzak betetzeaz gain deialdi honen xede diren jarduera programen kudeaketan lau urteko ibilbidea baino gehiago dutenek.
23. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Kultura gune independenteen biurteko jarduera proiektuetarako laguntzen zenbatekoa 560.000 eurokoa izango da.
2.– Diru-laguntzak aurkeztutako proiektu edo jarduera bakoitzaren aurrekontu garbiaren (zergak kenduta) % 70era iritsi daitezke, gehienez.
3.– Proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 120.000 eurokoa izango da.
24. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
Deialdi honetako diru-laguntzak honela ordainduko dira:
a) Diru-laguntzaren % 50 esleipen-ebazpena eman ondoren eta handik hamabost egun balioduneko epea igaro ondoren ordainduko da, berariaz uko egiten ez bazaio.
b) Diru-laguntzaren beste % 45, betiere, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera, lehenengo ordainketan emandako diruari dagozkion gastuak (% 50) horrela justifikatu ondoren:
– 2016. urtean lagundutako jarduerari buruzko txosten zehatza, exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena.
– 2016. urtean diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, zinpeko aitorpen bidez, eskaerarekin onartutako aurrekontuaren formularioaren arabera.
– Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen duten dokumentu guztien zerrenda, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.
– Emandako diru-laguntzaren adinako gastuak, gutxienez, justifikatzen dituzten egiaztagiri eta fakturak.
c) Gainerako % 5a, lagundutako jarduera bukatu eta hiru hilabeteko epean eta, betiere, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera eta martxoaren 31 baino lehen, diru-laguntza osoa 16. artikuluan zehaztutako eran justifikatu ondoren.
III. KAPITULUA
«SORGUNE URTEKOA» MODALITATEA
25. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.
Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak 2016. urtean zehar kultura gune independenteek burututako urteko jarduera proiektuei daude zuzenduta.
26. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Kultura gune independenteen urteko jarduera proiektuetarako laguntzen zenbatekoa 280.000 eurokoa izango da.
2.– Diru-laguntzak aurkeztutako proiektu edo jarduera bakoitzaren aurrekontu garbiaren (zergak kenduta) % 70era iritsi daitezke, gehienez.
3.– Proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 60.000 eurokoa izango da.
27. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
Deialdi honetako diru-laguntzak honela ordainduko dira:
a) Diru-laguntzaren % 50 esleipen-ebazpena eman ondoren eta handik hamabost egun balioduneko epea igaro ondoren ordainduko da, berariaz uko egiten ez bazaio.
b) Gainerako % 50a, lagundutako jarduera bukatu eta hiru hilabeteko epean eta, betiere, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera eta martxoaren 31 baino lehen, diru-laguntza osoa 16. artikuluan zehaztutako eran justifikatu ondoren.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Interesdunek eskabideetan emandako datuak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren titulartasuneko fitxategi batean sartuko dira, hala ezarritako baitago Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan. Fitxategiak «Kultura sortzeko eta hedatzeko laguntzak eta diru-laguntzak» du izena, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututa dago eta haren xedea da laguntza-espedienteak kudeatzea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak ditu; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.
Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko araudiarekin bat etorriz, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aurrean. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak ere aztertu eta egiaztatu ahalko ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, bere aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 9a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.